Hiru jolas gaizto
Xabier Mendiguren
Hiru jolas gaizto
Xabier Mendiguren
Elkar, 1993

 

Jokalari bakarrarentzako
ikusleekiko jolasa III
(Txapelketa)

 

            Oihala igo eta aurreko jolasetako tankeran sartzen da JOKALARIA, txalo artean, irribarretsu, are animatuago ahal baldin bada. Berehala hasiko zaie hizketan sutsu eta gartsuki, lehendabizi oholtzan eta geroxeago ikusleen arteko pasabidean, ikusleei zuzenki mintzatuz, haien ondoan makurtuz, kontu ttikiak esanez eta orohar konfidantza eta hurbiltze ezaugarri diren keinu eta ekintza guzti horiek burutuz, guk hemen zehaztuko ez baditugu ere.

 

ADIBIDEZ: Bueno: iritsi gara hirugarren jolasera. Hauxe izango da hirugarrena eta azkena, baina denetan politena, denetan atseginena. Honek ez du aurrekoak bezalako maliziarik izango, ez. Hemen ere ez zaituztet globo puztuetako hautsez zikinduko, lasai egon zaitezte. Orain egingo duguna diferentea da. Diferentea eta erakargarriagoa. Erakargarriago eta dibertigarriagoa. Oraingo honetan denok hartu behar duzue parte. Bai, denok. Ez batzuk ez gehienok: den-denak. Eta gainera denontzako opari polit bana izango da, erregali bat souvenir gisa etxera eraman ahal izango duzuena, gaurko saio honen oroigarri. Gustatzen zaizue asmoa? Bai? Bueno, ba: berehalaxe hasiko gara.

            Hitz egiteari utzi gabe taulagainera igoko da, eta handik soka luze bat aterako du, eta erdi erdian zapi zuri bat lotuko dio. Hemendik aurrerakoa egiteko kontutan hartu beharreko zenbait aholku: ikusleak eserita dauden aulkiak kentzerik balego, oso komenigarria litzateke mordoxka bat kentzea, ondoren burutuko diren ekintzetarako toki zabal eta erosoagoa uztearren. Sokatirarako, pasabideak malda nabarmenik ez balu bertan egin liteke saioa; bestela, ahal den moduan oholtza gainean. Ondoren egingo diren jolas mota guztietan batzuk irabazle suertatuko dira eta beste batzuk galtzaile. Kontua ez da irabazlea lehenbailehen aurkitzea, jendea poliki-poliki eliminatuz joatea baizik. Hemen zenbait jolas proposatu ditugu, baina zerrenda hori ez da, jakina, halabeharrez jarraitu beharrekoa; dena dela, arreta handiz zaindu beharrekoa zera da: zenbat jolaskide eliminatzen den jolasaldi bakoitzean; azkenerako dozenerdi bat edo geratzea litzateke onena, eta bitartean zenbat eta jolas gehiago eta desberdinagoak tartekatu hainbat hobeto, baldin eta ikusle-jolaskideak aspertzeko zorian jartzen ez badira. JOKALARIA bere animozko hitzez eta berritsukeriaz baliatuko da jolasak bizitasunik gal ez dezan, eta horretan saiatuko da bere ahalmen guztiez. Estreina, esan dugun legez, sokatira saioekin hasiko da.

 

ADIBIDEZ: Aurrena, hasteko, sokatiran jolastuko dugu. Badakizue denok nola jolasten den sokatiran, ezta? Batzuk sokaren mutur batean jarri, besteak bestean eta hasi tiraka, nork nor menderatuko, eginahalak eginez. Gustatzen zaizue, ezta? Ea bada! Jolasean hasiko gara. Lehendabizi, pasabidearen eskuineko aldekoek hartuko dute parte. Ez denak talde batean, ez. Zuen artean bi talde egingo ditugu. Bata, gutxi gora behera, ilara honetaraino, ilara honetarainokoek osatuko duzue, eta bestean, bestean hemendik atzeranzkoek hartuko duzue parte. Ados? Orduan, altxa zaitezte denok eta zatozte hona. Hona bai, hona, lau-laua da zorua eta. Zoruak zelaia eta laua izan behar, ez batzuek ez besteek abantailarik ez izateko. Zatozte bada guztiok. Ea bada: zuek guztiok, aurreko ilaretakoak alde honetan jarriko zarete, bai, nere ezkerretara; eta zuek, atzekoak, nere eskuinetara. Zer: sartzen zarete? Azkeneko lekuan badaezpada potolo samar bat jar ezazue, sokari ondo lotuta, hobeto ibiliko zarete eta. Itxoin! ez ezazue tira! Oraindik ez. Itxoin ezazue nik marrak ezarri arte. Klera bat atera eta hiru marra egin behar dira. Zu (eseritako ikusle bati) bai, zu! eta ondokoa, zatozte hona; zuek izango zarete epaileak. Zuk eskuineko taldearen marra zain ezazu, eta zuk ezkerrekoarena. Talde batek tiraka eta tiraka, indarraren poderioz beste taldea marratik haruntzago eramatea lortzen badu, horixe izango da irabazlea. Denok konforme? Ondo jarri zarete denok? Ea, bada. Nik “tira” esaten dudanean bi taldeetakoek tiraka hasi beharko duzue. Lehenago ez. Aditu duzue? Banoa ba: bat... bi... hiru... tira!

            Bi taldeetakoak tiraka ari diren bitartean, JOKALARIA —ohi duenez— batetik bestera dabil, zirika eta xaxaka, “hori duk eta” eta antzekoak esanaz, talde batek irabazi arte. Borroka berdinxeagoa izan dadin talde ahulenari bere laguntza eskain diezaioke. Borroka bukatutakoan, bi taldeetakoak bazterretan zutik gera daitezke edo bere lekuetara itzuli, baina JOKALARIAk argi eta garbi adieraziko die berriro ere altxatu egin beharko dutela. Lehen eskuinaldekoek hartu badute parte, orain ezkerrekoena da txanda. Lehen besteei bezalaxe arituko zaie hauei ere. Ilara batetik aurrerakoak talde batean jarri eta atzerakoak bestean. Tiraka ere aurrekoak bezalatsu aritu beharko dute, eta JOKALARIAren jarduna berdintsua izango da. Bi talde hauek bukatzean, bat irabazle gertatzean, ikusle guztiei zuzenduz hasiko da hizketan berriro.

 

ADIBIDEZ: Eta orain badakizue zer datorren? Badakit zer ari zareten pentsatzen. Zuek uste duzue bi talde irabazleen arteko finala jokatu behar dugula, ezta? Ez ba. Orduan zer? Bateko irabazlea besteko galtzailearekin eta alderantziz, gurutzatuz? Ezta hori ere. Orain jokatu behar duguna galtzaileen arteko finala da. Zergatik? Hargatik. Zertarako? Oso erraza da erantzuna. Jolas honetan garrantzizkoena ez da irabaztea, ez galtzea baizik. Ulertu duzue? Ez al duzue ikusi “Dantza, dantza, madarikatuak” famatua? Ba, han bezalaxe. Inportanteena ez galtzea da. Galtzen duena, azkenekoa geratzen dena, eliminatuta geratzen da, automatikoki. Eta beste guztiek aurrera segituko dute jolasarekin. Konprenitu didazue? Tira ba. Orduan, zatozte hona bi talde galtzaileak, zuek, horkoak, eta zuek ere bai. Oraingoan bi saio egingo ditugu, profesionalek bezala. Behin alde batean jarrita, eta hurrengoan alderantziz, inork bentajarik izan ez dezan. Konforme? Bi saioen ondoren, enpatea, bana geratzen baldin bazarete irabazteko denborarik gutxiena behar izan duena utziko dugu irabazle. Ea zuek hirurok, etor zaitezte hona. Zuetako inork badu kronometrozko erlojurik? Bueno: orduan zu kronometratzaile ofiziala izango zara. Hasten direnetik irabazi arte zenbat segundu behar dituzten neurtu behar duzu. Akort? Zuek biok berriz epaileak izango zarete. Marra banatan jarri, eta hortik inor pasatzen bada, irabazlea nor den eta guzti hori badakizue, ezta? Bueno... eta bitartean ikusleok animatu egin behar duzue. Zuek, ezkerrekook, zuen ondoan zeudenak animatu behar dituzue “Ezkerra, ezkerra” aldarrika esanez. Ulertzen duzue? Eta eskuinekoak berriz, eskuinean zeudenen alde “Eskuina, eskuina” esanez. Aber: egin proba! Ez, hola ez: fuerteago egin behar duzue: buila eta deiadar, inor izutzeko beldurrik gabe. Ez pentsa gero hemen politikan ari garenik. Hau geografia hutsa da, bestelako esanahirik gabe. Egin proba berriro ere, ea nola ateratzen den oraingoan. Horixe da eta! Holakoxe zarata nahi nuen. Hasi egingo gara orduan. Zuek hemen, eta zuek hor. Jarri zarete? Lotu duzue atzekoek soka gerri inguruan? Denak pronto? Ea bada... nik “tira” esandakoan zuek tiraka hasi eta zuek oihuka. Konforme? Bat... bi... hiru... tira!

            Sokatiran ari diren bitartean JOKALARIA beste zeregin batean ari da. Bazter batetik bi kaxa handi ekarri ditu, eta sokatiran ari diren lekutik gertu ipini. Galtzaileentzako sariak dira: kaxa batean asto-belarri antzeko kapela batzuk daude, galtzaileek, eliminatutako partehartzaile guztiek jantzi behar dutena, eta horrekin egon ikuskizuna amaitu arte. Bestean kartoizko kutxatxo batzuk daude: kontuz ibili behar da hauekin, goiko estalkia zabaldu egiten baita beheraka utziz gero. Mahai moduko batean ezarriko ditu “sari” hauek, talde bat galtzaile suertatzen deneko, berehala eliminatuen artean opari banaketari ekiteko, txalo artean.

 

ADIBIDEZ: Oso ondo, oso oso ondo. Txalo bero bat guztientzat: irabazle eta galtzaileentzat, denek merezi baitute. Eta orain, parte hartzen segitzen duzuen guztiok berriro jolasari ekin baino lehen, galtzaileei, eliminatutakoei sari batzuk banatuko dizkiegu. Jar zaitezte denok ilaran eta pasatu banan-banan mahai aurretik. Bai, holaxe; hasi pasatzen. Tori kapelu hau, eta tori kutxatxo hau. Erne! Adi guztiak! Entzun arretaz, mesedez: kapelu hau buru gainean jarri behar duzue; zertarako dira kapeluak bestela? Ez izan lotsarik: ez da itsusia, eta gainera pixkanaka-pixkanaka jolaskide guzti-guztiek jantzi beharko dute, eliminatu ahala. Broma ttiki bat da, ez pentsa barregarri utzi nahi zaituztegunik. Eta, ixo momentu batean!, kutxatxo hau garrantzitsuagoa da. Har ezazue, eta ez ezazue zabaldu zuen aulkietara iritsi arte. Aditu duzue? Ez ireki eseri arte. Han, tapa altxatu eta hortxe aurkituko dituzue argibide batzuk; argibide horiek kontu handiz irakurri behar dituzue eta bertan esaten duena bete. Aditu duzue? Ados? Segitu egingo dugu beraz banaketarekin: tori, tori zuk ere, hartu...

            Banaketa bukatzean, jolasean segitzen duten guztiak, beste hiru taldeetakoak alegia, agertokira bilduko ditu, eta lehenbizi bikoteka jartzeko aginduko die; ahal izanez gero gizon eta emakumeak osatutako bikoteak; ez halabeharrez baina bai aukera edukiz gero. Horren helburuak ez duela inondik inora sexu kontuekin zerikusirik; haientzat komenigarriago izango dela, besterik ez. JOKALARIA bazterrera doa, eta datorrenean musika alai eta mugiarazle bat entzuten da, kan-kan tankerakoa edo. Horrekin batera, beste kaxa handi batzuk inguratu ditu. Hauetan burkoak, kuxinak eta antzekoak daude. Egin behar dutenerako aginduka hasiko zaie berriro JOKALARIA.

 

ADIBIDEZ: Orain, bikoteak osatu dituzuenez, zer egingo duzue? Dantza? Ez ba. Oraingoan ere ez duzue asmatu. Hauxe da egin behar duzuena: hasteko, bata bestearen bizkar gainean jarri, bai, mando gainean balitz bezala, asto karreretan egiten den moduan. Sorbalda gainean arinena eta azpian indartsuena jartzen baduzue hobe izango duzue, noski. Benga, altxa!, ez geratu horrela! Orain berriz, buruko hauek banatuko dizkizuet: almohada, almohadatxo eta abarrak. Gainekoek hartu: tori, tori zuk ere, jaitsi gabe gero! Eta orain, egin behar duzuena, jolasaren mamia, hau da: elkarrekiko borrokan hasi behar duzue: denok denen kontra, elkar joka, baina kontuz! Burkoez baino ezin dezakezue jo. Beste kolperik ez da onartuko, eta ematen duena deskalifikatu egingo dut. Aditu duzue? Kontua da besteak botatzen saiatzea norbera erori gabe. Erortzen den bikotea eliminaturik geratuko da, eta ohizko sariekin bere lekura itzuli beharko du, ikuskizuna eserita gozatzera. Konforme? Orduan, hasi bada!

            Borrokan hasten direnean, JOKALARIA bazterrera doa eta altuago entzuten da musika, bere martxa, bibrazio eta guzti. JOKALARIA ondoren zaldi gainean dabiltzan bikoteen artean ibiliko da, inork ez dezan tranparik egin, inor ez dadin mugitzeke geldi. Erortzen direnak mahaira eramango ditu, eta han kapeluak ezarri eta kutxatxoak eskura eman ondoren jarlekuetara bidaliko ditu. Jolasaldi honek ezin dezake gehiegi iraun, bikoteak nahiko erraz eliminatzen baitira. Batzuk erori direnean, bazterrera joanda ixilarazi egingo du musika, eta geldiarazi egingo ditu partehartzaileak.

 

ADIBIDEZ: Geldi, geldi, geldi, geldi; kito! Bukatu da; kolpe gehiago ez, faborez. Ederki aritu zarete, primeran, eta aurrera segitzen duzue jolasean. Oraingoan ere bikoteka jardun beharko duzue, baina lehengo bikoteak desegin eta berriak eratu behar dituzue, ahal bada behintzat. Berdin zait neska-mutil edo biak neska edo biak mutil izatea. Nahi duzuen bezala egin dezakezue. Bildu bada, elkartu bikoteka! Ni bitartean musika jartzera noa.

            Bazterrera doa eta musika gozoagoa jartzen du; bals bat edo. Esaterako, Johann Straussen Enperadorearen balsa. Itzuleran beste kaxa bat dakar, ttipiagoa oraingoan. Barruan arrautzak, bikote jolaskideak elkarren parean eta guztiak ilaran jarri ondoren banatuko dituenak.

 

ADIBIDEZ: Ea bada. Orain bikoteetakoak elkarren parean jarri behar duzue. Eta ondo-ondoan, bata besteari begira eta eskua emateko moduan. Holaxe. Eta bikote bat bestearen atzean; ikuslegoaren kontra lerro perpendikularra osatuz. Holaxe. Orduan nik arrautza bat emango diot bikote bakoitzari. Bana. Tori, hartu, hartu zuk ere... Arrautza, batak besteari, bikote bakoitzeko bi lagunek elkarri eman behar diote. Baina, adi! arrautza batak besteari pasatzen dion bakoitzean, bikoteko bi kideek pauso bana eman behar dute atzerantz, elkarrengandik urrunduz. Ulertu duzue? Arrautza batak besteari eman, eta urrats bat biek atzera; besteak batari arrautza itzuli eta beste urrats bat. Noski, gero eta zailago izango da arrautza puskatu gabe ematea, eta arrautza erortzen zaienak eliminatuta geratuko dira. Konforme? Arrautza bikote guztiek batera, nik esandakoan, pasatu behar duzue.

            Musika altuxeago jarri, eta jolasari hasiera emango dio JOKALARIAk. Doinuarekin batera, une zehatzetan aginduko die bikoteei arrautzak botatzeko. Bikoteren bati arrautza erori eta puskatzen zaionean, kapelua eta kutxatxoa emanda eserlekura bidaliko ditu JOKALARIAk. Jolasaldi hau ere, noski, ezin gehiegi luzatu. JOKALARIAk ikusi behar du, kopuru osoari behatuz, zein den bukatutzat emateko une egokia, eta orduan musika ixilaraziko du, seinale gisa. Hori egindakoan berriro ere hizketan hasiko zaie geratzen diren partehartzaileei. Jolasean segituko du hauekin. Jolasen zerrenda nahi adina luza daiteke. Guk hemen batzuk zehaztuko ditugu. Hauek elkarrekin duten zerikusia: hemendik aurrera binaka eliminatu beharrean banaka eliminatuko direla jolaskideak. Adibidez, txotxetara jolas daiteke: musika kubarra entzuten dela eta den-denak dantzan ari direla, jolaskide bati txotxa jartzen zaio izter artean; honek beste bati pasatuko dio txotxa, baina horretarako ezin da eskurik erabili: izter artetik izter artera egin behar; inork ezin dio ukorik egin txotxari, eta JOKALARIAk musika geldiarazten duenean txotxarekin gelditzen dena izango da eliminatua, edo inori txotxa erortzen bazaio, hori. Dantzan egin daitekeen beste jolas bat: bikoteka hasi dantzan, dantza lotuan alegia, eta bat utzi bikoterik gabe, edo hobe bi: bata neska eta bestea mutila, eta hauetako bakoitzari ezaugarri bat eman: txapela, kapa edo antzekoren bat; solte dagoen hauetako batek ezaugarria norbaiti eman behar dio eta bikote aldaketa gertatzen da berehala, ezaugarriaren jabe berriak beste bati eman beharko diolarik; eta horrela errepikatuz harik eta musika gelditu eta ezaugarrien uneko jabeak eliminatu arte. Horrelako mila joko asma daiteke. Jolas era hauetako batzuetan indarra behar izaten denez, eta holakoetan andrazkoak gizonezkoak baino errazago eliminatzen direnez, JOKALARIAk egin dezakeena zera da: berak geldiarazten duenez musika, neska eta mutilen zenbatekoa orekatzeko, gizonak eliminatzeko moduan eta unean geldiaraziko du; mutilen aldeko desorekarik baldin balego, beti ere: kopuru beretsuan baleude ez legoke beharrik, eta kontrakorik gertatuko balitz —mutil baino neska gehiago— kontrakoa egin beharko luke, jakina. Beste batzuk gure artean jolasten direnetakoak izan daitezke: zaku karrera eta koskola jokoa, esate baterako eta besteak beste. Lekuan lekuko jolasak izan beharko lukete: antzerki hau Euskal Herrian, Korsikan nahiz Lituanian eman daiteke, baina jolasak bertako folklore eta ohituren arabera moldatuz. Horrelako jolasetan aritzean herri musika dugu egokiena: trikitia, musika-tresna zaharrez jotako doinu herrikoiak eta abar. Jolasaldi hauetako bakoitzean lagun bat edo beste eliminatuko dira, eta bere sariak jasota jarlekuetara itzuli. Jolasak ugari eta laburrak izatea komeni da, erritmo biziaz aldatuz. Bukaera aldera utz daitekeen jostaketa bat aulkiena izan daiteke (X lagun eta X-1 aulki, biribilean jarrita, txaranga-musikak irauten duen bitartean aulki inguruan dantzari). Hau amaitzean dozena erdi bat lagun geratuko lirateke, eta honekin batera jolasaren tankera aldatu, JOKALARIAk geratzen diren partehartzaileei adierazten dienez.

 

ADIBIDEZ: Beno, beno, beno, beno. Zenbat lagun gelditzen zarete? Bat... bi... lau... sei! Sei lagun. Dozena erditxo bat. Jada gutxiago falta zaigu bukatzeko, txapelduna nor izango den erabakitzeko. Hemendik aurrera berotuz joango da giroa, honezkero pil-pilean badago ere. Ai, ai, ai! Asko jolastu duzue, ezta? Eta gogor gainera. Nekatu ere egingo zineten, ezta? Noski: korrika eta zalapartaka, batetik bestera, ez da harritzekoa. Orain beste jostaketa mota bat behar genuke: patxadatsuagoa, geldiagoa, lasaiagoa. Baina ez pentsa jolas aspergarrietan jarriko zaituztedanik, xake eta antzekoetan; ezta pentsatu ere. Gauza bat baita ez nekatzea, eta oso bestelakoa aspertzea. Zuek ezin dituzue zuen ikusleak aspertu. Ez dakit zuek sekulan jolastu duzuen, baina guk bai. Izaten zen umetan, eta hazixeagotan ere bai, oso gustora jolasten genuen zera bat; kilikagarria zen benetan, gauez jolasteko batez ere. Poxpoloaren jokoaz ari naiz; ez dakizue? Batek poxpolo bat pizten du, eta ondokoari pasatzen dio; eta honek ondokoari, eta horren ondokoak bere ondokoari, eta hala norbaiti poxpoloa erori edo itzaltzen zaion arte. Orduan, poxpoloa erori zaionak prenda bat bete behar du, edo arropako jantzi bat kendu. Horretara jolastuko dugu; nahi duzue? Poxpoloa itzaltzen zaiona eliminatuta geratzen da eta jazki bat kendu beharko du, baina ez berak nahi duena, besteek esaten diotena baizik. Eta ezin izango da bi aldiz arropa bera eskatu; Ados?

            Bazterrera doa eta musika goxo, epela entzungo dugu aurrerantzean, poxpoloenak dirauen bitartean: Love Storykoa edo Pink Panther-ena eta antzekoak. Argibideak ematen segitzen du JOKALARIAk.

 

ADIBIDEZ: Gustatzen zaizue musika? Bueno: orduan jar zaitezte jolasteko moduan. Egia esan, erarik egokiena borobil bat osatzea litzateke, baina orduan ikusleek ez zintuzkete ikusiko. Zera egingo dugu: hemen aurrean, aulki banatan eserita jarriko zarete, denak ilaran ikusleei begira, eta poxpoloa izkina bateraino iristen denean izkina horretakoak altxatu eta beste izkinakoari eman beharko dio; hartara gure ikusleek ongi asko ikusi ahal izango zaituztete. Okei?

            Bazterrera joan berriro eta agertoki osoa argitzen zuten foko gehienak itzali egiten dira. Geratzen direnek erdian eseritako partehartzaileak argitzen dituzte, goitik beherako argi gorrixka batez. Efektua aski tetrikoa gertatzen da, itzal-argi jokorako aproposa. JOKALARIAk itzultzean poxpoloak ateratzen ditu, eta kaxa utzi haietako bati, pizteko. Ahal izanez gero, komenigarri litzateke poxpolo hauek ohizkoak baino handiagoak izatea, eta denbora gehixeago irautea itzali aurretik. Jolasean ari diren bitartean, atzera eta aurrera ibiliko zaie JOKALARIA, jokoari emozioa eman nahian, partehartzaileak urduri jartzeko asmoz.

 

ADIBIDEZ: Ai, ai, ai, kontuz, kontuz, erori egingo zaizu eta. Ui! Eskerrak. Aber zu, ai, ai, ze larri ikusten zaitudan, hor hor hor... uff, a ze eskapada egin duzun! Ene! Kontuz hor, kontuz hor: erre egingo zara, erre... Eta abar. Baten bati erortzen zaionean edo itzali, zutik jarriko du, eta beste partehartzaileek elkarrekiko hizketan zein arropa kendu beharko duen erabakiko dute. JOKALARIA beti bezala zirika arituko da arropa intimoren bat izan dadin. ‘

 

ADIBIDEZ: Ez, ez, alkandora ez, horrek ez du graziarik. Sostena ken dezala, sostena bai; gainera oso bular politak ditu honek, ikusiko duzue...

            Halatsu. Tarte hauetan argi gehiago piz daiteke eta musika bajuxeago entzun. Ondoren bi sariak eman eta esertzera bidaliko ditu. Horrela arituko dira, bata eta bestea eliminatuz, bi lagun baino geratzen ez diren arte. Orduan JOKALARIAk eten egingo du poxpoloena, musika, argi eta beste ezaugarriekin batera, eta jolasaren amaiera, azken zatia, nolakoa izango den azaltzen hasiko da, bi horiei besotik helduta.

 

ADIBIDEZ: Ederki. Bi lagun besterik ez dira geratu. Bi lagun. Onenak. Trebeenak. Ausartenak. Nola duzu zuk izena? Eta zuk? Ederki, X eta Y. Zuek zarete txapelketa bitxi honetako finalera iritsi zaretenak. Tira! hau ez da olinpiada; jolasa baino ez da, noski. Halere, ahalik ongien pasatzen saiatu garen jolasa. Hasierako jolasak indarrezkoak baziren, gero eta gehiago trebetasuna behar izan da, abilezia edo. Nolabait esatearren, aurrera egin ahala jolas intelektualagoan aritu gara, poxpoloenari intelektual esan badakioke. Baina dudarik ez dago azken hau kilikagarriago izan dela. Eta bukaera are kilikagarriago izango da. Aurrekoak eros pittin bat baldin bazuen nahastuta, hemen odolaren erakartasuna aprobetxatuko dugu. Ez izutu: ez dut inor hilko! Jolasa besterik ez da: imintzioa egingo dugu. Honako hau ikusten duzue? (errebolber handi samar bat atera du galtzarbetik) Polita, ezta? Benetan ederra. Tamalez, holako objetu ederrak gaiztakeriarako erabili ohi dira, arterako baino gehiago. Ez beti. Zuek entzun duzue inoiz zer den Erruleta Errusiarra? Bai? Zuek ez? Bueno: ez dakitenentzat azaldu egingo dut. Ez da kasino joko bat, hori hasteko. Begira: errebolber bat hartzen da, honako hau bezalakoa, eta bere danborra askatzen da. Zenbat bala dago barruan? Bat ere ez. Baina, nik txalekoko patrikatik holako bat atera, eta sartu egiten dut. Ikusi duzue? Non dago bala? Lehen zuloan... bigarrenean? Orain nik danborrari jira eta bira ematen diot, eta inork ez daki non geratu den bala hori. Ikusten duzue? Adi egon bada, oraintxe hasten baita benetako jokoa. Partehartzaileek tiro egin behar dute, banan-banan. Nori? Bere buruari. Baina ez izutu, fogeozko balak dira eta.

            Hori esatean ikusleei apuntatu eta gatuari eragiten hasten da, harik eta tiroa atera arte. Ikusleen artean gerta litezkeen izu agerpenen aurrean barrezka hasiko da, hizketan segitzen duela.

 

ADIBIDEZ: Ikusten? Fogeozko balak besterik ez. Oso izukorrak zarete. Ez duzue horren beldurtiak izan behar. Zuek biok, X eta Y, ez zarete oilakume horiek bezain beldurtiak, ezta? Ez horixe. Zuek behar bezalako kemena duzue.

            Berriro sartzen du bala bat edo beste danborrean, eta aurrera segitzen du bere jardunean.

 

ADIBIDEZ: Orduan, zuek egin behar duzuena zera da: hartu batek eta tiro bere buruari, hartu besteak eta tiro berriro, lokietan beti ere.

            Hori esatean, errebolber zuloa bere bi lokietan, ezkerrekoan eta eskuinekoan, jartzen du, txandaka, nola egin behar duten azaltzeko, gatuari eraginez. Bala tokatzen zaionean erori egingo da hil balitz bezala, eta aldi batez zoru gainean egongo da geldirik, ikusleak larritu arte. Orduan altxatu egingo da, ezertxo ere gertatu ez balitz bezala.

 

ADIBIDEZ: Ez da ezer izan, jolas bat besterik ez. Ez dizuet lehen ere esan balak fogeozkoak zirela? Tira ba; badakizue nola egin behar duzuen: txandaka, batak bestearen atzetik. Baina, itxoin ezazue, inguru egokia behar baita joko honetarako.

            Bazterrera doa eta berriro ere argi gehienak itzali egingo dira, erdi-erdian goitik behera datorren argi zuria izan ezik. JOKALARIAk mahai bat ekarriko du, argipean jarri, eta bi alboetan esertzeko aginduko die geratzen diren bi partehartzaileei, bata besteari begira. Tiroa ateratzen zaiona galtzaile izango dela esaten die, eta bestea berriz txapelduna. Aurrena elkarren artean apostuak egiteko esango die ikusleei txantxetan, eta ondoren ixiltasun osoa eskatuko die, kontzentrazioaren izenean. Berriro ere kargatu egingo du errebolberra, jokoa burutzeko, jolaskideei mintzatuz.

 

ADIBIDEZ: Ea bada: denak ixilik daudela, karga dezagun azkeneko aldiz gure errebolber hau: bala erabakitzailea sartu, danborra jiratu, eta erruleta errusiarrean jokatu. Martxan dago jokoa, dantzan dabil herioa.

            Nola edo hala bi partehartzaileak urduri jartzen ahaleginduko da JOKALARIA, hitzez, hotsez, keinuz eta abarrez baliatuz. Partehartzaileek txantxetan hartuko balute, erruleta errusiarra oso serioa dela esango lieke. Baten bat beldurtuko balitz, jolasa besterik ez dela errepikatuko lioke, lasaitzearren. Hala ere, esan dezagun beste behin, helburua tentsioa nabarmenaraztea litzateke. Azkenean, noski, tiro bat entzungo da. JOKALARIAk zera egin lezake: erruleta hastekotan denean, beste fogeo mota bateko bala jarri, kea sortarazten dutenetakoa hain zuzen ere. Hartara, tiro entzutean eta ke pixka bat ateratzean beharbada izutu egingo litzateke zenbait ikusle. Dena dela, berehala geratuko litzateke begi bistan ez zaiola inori ezer txarrik gertatu. JOKALARIAk bi partehartzaileei eskuak hartu, altxatu eta txalo beroa eskatzen die ikusleei. Ondoren, bigarren geratu denari ohizko bi sariak emango dizkio.

 

ADIBIDEZ: Eta zu, jokalari trebe hori, bigarren geratu zara baina lehenbizikoak hainbat meritu egin duzu. Hura bezain ona izan zara ia-ia. Alabaina, arauak beti arau, eta zu irabazle izan ez zarenez, torizu kapela handi eta eder hau, eta tori kutxatxoa ere, eta har ezazu ikusle guzti hauen txalo zartada bero eta maitakorra. Eta hemen dugu, hemen, gau honetako irabazlea, irabazle handia, jokalari trebe, kirolari fin, gizon (edo emakume) aparta. Txapeldunetan txapelduna. Harentzat sari berezia dugu gordeta; eta saria emango dizutenak ikusleak berak baino ez dira. Ea ikusleok, gure jolas honi eta jai osoari bukaera ederra eman diezaiogun: bota ezazue zuen erregalia, bota eta agur!

            Eliminatu guztiei emandako kutxatxoetan zer zegoen esateko unea iritsi zaigu. Estalkia altxatu eta tomate bat aurkitu dute ikusleek, bigun samarra aukeran. Estalki hori altxatzean, horren barruko aldean paper itsatsi bat dago ohar honekin:

            “Tomate hau da txapelketa honetako irabazlearentzako saria. Ez ezazu oraindik bota. Jolasa amaitzen denean eta txapeldun bat geratzen denean, aurkezleak azken momentuan esango du noiz bota behar duzuen zuen oparia. Une horretantxe bota beharko duzu airean, irabazle horri apuntatuz, hemen daukazun tomatea. Apunteria hona izan eta eskerrik asko”.

            Jakina, erregaliak botatzeko agindua ematean, JOKALARIA ezkutatu egingo da azkar asko, bere gainean tomaterik edo beste jaurtigailurik eror ez dadin. Tomateak erori direnean, argiak itzali egingo dira, eta oihala pixkanaka erori; guzti honekin,

 

antzerki hau amaitu da