Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Kutxa, 2004
Clitemnestra-ren itzulera
Alaitz Olaizola
Kutxa, 2004
[aurkibidea]

 

6. AGERRALDIA

 

(Argiak piztean, berta eta clitemnestra ageri dira eszenategian.

Leihoan daude biak, kalera begira)

 

BERTA: Bufff... Neka-neka eginda dago Clite. Logurak amorratzen.

CLITEMNESTRA: Bai.

BERTA: Atseden hartzeko beharrean gaude Berta.

 

(clitemnestra-ri begiratu nahi ezta) Zuk, zuk lo egitea erabaki al duzu?

 

CLITEMNESTRA: Ez, Berta. Beste egun batzuk pasa nahiko nituzke hemen. Zuen gizarteari buruz, gehiago jakin. Agian, hiria ezagutu. Zurekin luze'hitz egin... Atenasa itzultzen naizenean, emakume berri bat izango naiz, Berta. Lasaiago biziko naiz.

 

(Pentsakor)

 

BERTA: Nik sentitzen dut Clite, baina asko kostatzen zait horrela hitz egiten hasten zarenean ulertzea. Lasaigo biziko zarela diozu... Eta ez dut ulertzen. Zuen gizartea, ez dago emakumeentzat egina. Zuk, hau ezagutu duzu, pribilegiatu bat zara eta eztia probatzetik, berriro lehengora itzulita, nola esan dezakezu, lasaiago biziko zarela?

CLITEMNESTRA: Berta, ahaztu ezazu une batez non bizi zaren eta jarri une batez nire tokian. Besterik eduki ezin duenari, itxaropenak berak ere lasaitasuna ematen dio!

BERTA: Ai Clite, Clite... (Burua astinduz. Asko kostatzen zaio clitemnestra ulertzea) Agian, datozen egunetan, hiria ezagutzera eramaten zaitudanean, iritziz aldatuko duzu. Batek daki!

CLITEMNESTRA: Bai, eta nola mantenduko naiz ba esna? (Kalera begiratzea utzi eta clitemnestra-ri begira)

BERTA: Ama, berehala oheratuko da eta anaia, bere liburuekin gelan sartuko da ziurrenik ere. Beraz, biok lasai-lasai egon gintezke, hementxe, bart gauean bezala berriketan. Behingoz, biok bakar-bakarrik, etxe honetan, azken egunotan, oso zaila dena. Zer diozu?

CLITEMNESTRA: Zuk ez daukazu zertan espa egon behar. Ez zara inora joango.

BERTA: (Buruarekin ezetz eginez) Oso oker zaude, Clite. (Eskutik heldu eta sofara eramango du) Ez zaitut honetan bakarrik utziko. Zuregatik eta, niregatik. Zure esperientzia ahaztu ezina izan dadin, aukera gehiago eman behar zaizkizu eta neure buruari, hau guztia ulertu eta probetxu ateratzeko aukerak eman nahi dizkiot. Hau bion kontua da eta biok batera aurre egingo diogu.

CLITEMNESTRA: Zeusengatik! Bat-batean beste Berta bat dirudizu, calds caghatós-agoa [31].

BERTA: Jesus Clite! Ez dakit zer esan nahi zenuen, baina belarrira, ez da batere ondo egokitzen! (Barrez)

CLITEMNESTRA: A ez? Ba losintxa bat da guretzako. Niri ez didate sekula esan. Hortik atera kontuak.

BERTA: (clitemnestra sofan eseria dago eta berta zutik, sofaren bizkarraldean bermatua) Ene! Neuri ere ez dizkidate ba asko esan bizitza honetan! Zer esan nahi du, ba?

CLITEMNESTRA: Ona eta ederra, Berta. Ona eta ederra.

BERTA: Ha! Ha! Ha! Ikusiko duzu zein ondo pasatuko dugun egun hauetan. Zure presentziara egokitzea, nirea kostatu zait. Baina ikusiko duzu hemendik aurrera zein ondo konponduko garen.

CLITEMNESTRA: Hori jakin izan banu, lehenago esango nizun calos caghatós-a zinela. (Adarra jotzen) Eta, zuk, uste duzu lorik egin gabe horrenbeste egun pasatzeko gai izango garela?

BERTA: Bai horixe! Itxaron hemen.

 

(Korrika batean, etxe barrura joango da)

 

CLITEMNESTRA: (Bere buruari) Hemen daramadan denbora, ez ote naiz behar bezala aprobetxatzen ari? (Pentsakor) Egia da. Hiria ezagutu beharko nuke. Baztar berriak ikusi, jendearekin hitz egin... Gizon eta emakumeekin. Danaori ez diot honetaz ezer kontatuko. Zertarako? Nire doxa jokoan jartzeko? Itzultzen naizenean, behar bezala egokituko naizela badakit. Hemen, hori, ezinezkoa egiten zait. Hain desberdinak dira... Dena da hain desberdina... Esku muturrean erabiltzen duten tresna horrek nola funtzionatzen duen jakin nahiko nuke. Denbora neurtzeko erabiltzen dutela esan zidan Bertak. Gure gnomon [32] edo clepsidra-ren [33] antzik ez dauka. Ez dirudi ez eguzkiarekin ezta urarekin funtzionatzen duenik ere. Sukaldean daukaten kaxa karratu hori zertarako den jakin nahi dut. Nola sartzen den jendea hor barruan, halako toki txikian. Dena, dena jakin nahi dut! Nekez hilko banaiz ere.

 

(berta agertuko da berriro ere. Kafeontzi handi bat eta Coca Cola botila bat dakartza)

 

BERTA: Norekin ari zinen, Clite?

CLITEMNESTRA: (Zutitu egingo da) Neure buruarekin. Dena jakin nahi dut, Berta! Den-dena. (Pozik)

BERTA: (Trasteak mahaitxoaren gainean utziz) Bale neska, lasai. Bat-batean, a ze nolako jakin-mina sartu zaizun. Orain arte ez zintudan horrelako interesarekin ikusi. Lasai, denbora asko daukagu eta.

CLITEMNESTRA: (bertak ekarritakoaz ohartuko da) Ze, panegiria bat egiteko asmotan?

BERTA: Ezta pentsatu ere! Bake-bakean egon behar dugu, Clite. Panegiria hurrengo baterako utziko dugu. Hauek, esna mantentzeko hartuko ditugu. Ikusiko duzu ze edabe goxoak diren.

CLITEMNESTRA: Kykedn-ak? [34] (Harrituta)

BERTA: Ai Clite! Horrela hitz egiten duzunean...

CLITEMNESTRA: Edabe erritualak?

BERTA: Gutxi gora-behera. Esna mantentzeko beharko ditugunak.

CLITEMNESTRA: Ea, eseri eta edan apur bat. (Kafe kikara bat luzatuko dio) Ea. Nora eramango nauzu? Zer erakutsiko didazu?

BERTA: Bihar larunbata da, primeran. Ba... Hiria ezagutu zenezake. Amarekin azokara joan zinenean, zerbait ikusi zenuen, ez? Zuk galdetu eta ni joango naiz azalpenak ematen. Zer diozu?

CLITEMNESTRA: Primeran! Zeusengatik, ikaragarria izango da.

 

(ama sartuko da eta beraiei hurbilduko zaie)

 

AMA: Ze neskak, kafea hartzen?

BERTA: (Mingainari hortzaka egingo dio. Ez dio amari purrustadarik bota nahi) Bai ama. Zuk ez duzu ba hartuko, ezta? Garai honetan hartuta, ezingo duzu lorik egin.

AMA: Berdin dio. Gaur ez daukat oheratzeko batere presarik, alabatxo.

 

(berta zerbait esatera doan unean, clitemnestra-k besoan ikutuko dio eta begiradaz, ezer ez esateko adieraziko dio)

 

AMA: (Beraien ondoan eseriko da) Eta?

CLITEMNESTRA: Hiria ezagutzeko egitasmoa prestatzen ari ginen.

AMA: Ederki. Ni ere, zuekin joango naiz. Galtzerdi berriak erosi nahi ditut.

 

(Ateko txirrina entzungo da)

 

ama: neu noa.

 

(pablo agertuko da)

 

BERTA: (Zutik) pablo!

PABLO: (Estututa) Kaixo Berta. (Esku artean, gozoz betetako poltsatxo bat dakar)

BERTA: Baina ze egiten duzu ordu hauetan hemen?

PABLO: (Larrituta) Zure amak esan dit etortzeko.

 

(Etxe barrutik, pijama soinean duela, eneko agertuko da)

 

ENEKO: Aupa hi! (pablori) Gozo eta guzti etorri haiz! Ondo zegok. Ardo goxoa ekarriko diat sukaldetik. (Sukaldera joango da)

BERTA: (Erabat harrituta dago. Ezin du sinetsi gertatzen ari dena) Baina...

 

(clitemnestra, sofan erdi etzanda, barrez lehertzen dago)

(Berriro ateko txirrina entzungo da. esteban da)

 

AMA: Etorri zara azkenean... Kafea? Gozoak?

ESTEBAN: Ni... Zera... Komuneko bonbila erre berria dela esatera nentorren, baina, aizu, kafe pixka bat hartuko nuke.

 

(berta aho zabalik dago. Hitzik gabe)

 

CLITEMNESTRA: Ezetz esan al duzu? Gaur ez zela panegiria-rik egingo?

 

(Barrez lehertzen, malkoa dariola)

 

BERTA: Zer da hau, ama? Esango al zenidake zer den hau guztia?

Zer egiten du Estebanek hemen? Eta horrek? (pablogatik)

AMA: Zuretzako festa bat antolatu dut. Bazenekiela uste nuen. Baina bueno, horrela hobeto. Sorpresa! (Musu emango dio alabari. berta, ezin erreakzionatuta geratu da)

 

(anaia agertuko da ardo goxoarekin. Sofaren atzean daude laurak zutik. Telefonoaren ondoan utzi dituzte gozoak eta ardo goxoa. laurak berriketan ari dira, baina ez zaie entzungo. Hitz egiten ari direnaren keinuak egingo dituzte)

(bertak, bere burua sofan botako du. Aurpegia bere eskuez estalia dauka)

 

CLITEMNESTRA: (Barreari ezin eutsita) Ondo al zaude?

BERTA: (Eskuak kenduko ditu aurpegitik eta barre algara batean hasiko da) Ha! Ha! Ha! Hauxe bakarrik falta zitzaigun, Clite! Hauxe bakarrik! Ha! Ha! Ha! Gure ama, mundiala da!

 

(Orain, berta eta clitemnestra dira hitz egiten ari dineraren keinuak egingo dituztenak. Atzean daudenei entzungo zaie)

 

ENEKO: Hartu dut erabakia, ama. Datorren astean Greziara noa pare bat hilabeterako. Lana burutzeko, bertara joatea erabaki dut. Zergatik ez zatoz?

AMA: (semeari musuka) Ai seme. Joango ez naiz ba! Primeran, primeran!

ESTEBAN: Orduan, (amari) zu, Bertaren ama zara eta zu anaia... Eta zu, (pablori) langile bat. Eta neska hori, (clitemnestra seinalatuz) kanpotarra. Kontxo, kontxo, kontxo. Ez da orduan ezer arrarorik gertatzen hemen. Lehenago jakin izan banu... Bai. Urteak dira ez ditudala etxeko bonbilak aldatu eta noski, erretzeko garaia iritsiko zitzaien. Arrazoi duzu andrea. (amari) Zaratak ez ziren horrenbesterainokoak. Hurbildu iezadazu gozo bat, mesedez. (Oso sinpatiko) Aizu. (pablori) Hemen amaitzen duzunean, nire etxetik pasa zintezke.

 

(Keinuka geratuko dira eta berriro, arreta, berta eta clitemnestra-rengan jarriko dugu)

(Sofan erdi etzanak daude. Ezin dute logura jasan. berta, kafea edan eta edan ari da eta clitemnestra-k, botilaren zati handi bat edan du dagoenekoz)

 

CLITEMNESTRA: Berta, niri kykeon honek ez dit logurarik kentzen.

BERTA: Zaude lasai. (Aharrausi eginez)

 

(Pixkanaka, argiak intentsitatea galtzen joango dira. Eszenategia, argi gutxirekin geratuko da)

(Atzekoei entzungo zaie berriketan)

 

PABLO: Zeuk deituko didazu orduan? (estebani) Orain, anaiarekin hasi naiz lanean, baina tartetxoren batean egin dezaket.

ENEKO: Bonbila batzuk berehala aldatuko dizkiok, ez?

PABLO: Asko dituk, ia etxe osokoak. Baina bai, hori berehala egingo zioat. Eta hi, Greziara orduan? Berta ere, hirekin eraman behar al duk?

ENEKO: Ez motel! Nik aldegitean, poztu egingo duk. Ba, azken finean, ni bezalako ipurterre batek zertarako behar dik ba, etxea?

AMA: (bertari) Zerbait esan al didazu? Iruditu egin zait.

BERTA: Ea zerbait esan al didazun.

AMA: (Erdi lotan dago. amak sustoa emango dio) Ze?

BERTA: Ez ama. Ama, noiz joango zara berriro medikuarengana? Geroz eta okerrago entzuten duzu. Badakigu ebakuntza gaizki egin zizutela, baina, ama, geroz eta okerrago zaude.

AMA: Ez ba, alaba. Nahikoa eta gehiegi entzuten dut. Beharrezkoa baino ez. (Begi-keinu bat egingo dio eta taldera itzuliko da)

 

(Atzekoek keinuka jarraituko dute)

(berta, lokartzear dago. clitemnestra, sekulako ahalegina egiten ari da begiak irekita mantentzeko. Baina jada, ezin du)

 

CLITEMNESTRA: Berta...

BERTA: Um...

CLITEMNESTRA: Ez didazula lokartzen utziko?

BERTA: Ez. (Erantzun egingo dio, baina jadanik lotan dago)

CLITEMNESTRA: Berta. Orain badakit zergatik niri.

BERTA: (Lo dago) Um... Nik ere bai.

CLITEMNESTRA: (laguna lotan dagoela jabetu da. bertari hurbilduko zaio eta musu emango dio bekokian) eskerrik asko berta. atsegina izan da zu ezagutzea. (sofan etzan, tapakiaz estali eta lo hartuko du)

 

(Atzean dagoen laukoteari txutxu-mutxuka entzuten diegun bitartean, poliki-poliki, argiak gutxituz joango dira, erabateko iluntasuna egin arte)

 

 

 

[31] Ona eta ederra.

[32] Eguzki kuadrantea.

[33] Urezko erlojua.

[34] Edabe errituala.