Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Artezblai, 2005
Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Artezblai, 2005
[aurkibidea]

 

Egia begietan (A)

 

ines itsas ertzean dago, eserita, lucia margotzen ari den koadroarentzat modelo lanetan.

 

LUCIA: Zer dala eta utzi duzue?

INES: Giroa usteltzen ari zen gure artean, oxigeno garbia behar genuelako akaso...

LUCIA: Behin betiko?

INES: Hirugarrena beti izaten da definitiboa, ez da?... Ez duzu zertan errudun sentitu behar, zuk aurkeztu zenidan Koldo baina horrek ez zaitu arduradun egiten. Bukatu duzu?

LUCIA: Oraindik ez. Konponduko duzue, zuok elkarrekin behar duzue egon.

INES: Koldo bezalakoa naizela uste duzu?

LUCIA: Ez ba, esan nahi dut elkarren beharra duzuela, ondo konpontzen zaretela, alegia. Biok zarate oso...

INES: Oso... zer?

LUCIA: Exajeratuak. Ez dakit, ez nago ziur hori ote den hitz aproposa... esan nahi dut muturrekoak, asko exijitzen diozue elkarri... Hori ez da txarra, nik ere gauza bera egiten dut... Mikel ere oso exijentea da. Bada bai.

INES: Ez dut Koldorekin itzultzeko inolako asmorik. Agian aita aterako dut egoitzatik eta pisu bat alokatuko dut. Badago bat dendatik oso hurbil. Herenegun ikusi nuen, azkar ez banabil hartuko du beste norbaitek, lekua primerakoa da... garestiegia, seguru. Lanetik hiru minutura egongo nintzateke... Terrazarik ez du, horixe pena. Leiho ugari ditu, baina oso estuak guztiak. Sekula fijatu gabe nengoen etxe horretan. Bezero batek eman zidan haren berri, narruzko sofa beltza erosi zuen bezeroak. Gusto txarra zuen gizajoak, gero!

LUCIA: Umea eduki nahi zenuela uste nuen...

INES: Dagoeneko ez nago hain ziur. Bukatu duzu?

LUCIA: Oraindik ez. Nekatu egin al zara?

INES: Apur bat. Gero jarraituko dugu?

LUCIA: Nahiago orain.

INES: Ondo da. Pozten naiz margotzen hasi zarelako. Banekien egun hori iritsiko zela noizbait.

LUCIA: Hor eserita ikusi zaitut eta zu margotzeko nahiko indar nuela otu zait... halere, margoak ez du inolako espresiorik... huts egin dut.

INES: (Txantxa giroan) Depresioak jota nagoelako da hori. Badakizu? Edozelako depresioren detonantea beti da zerbaiten edo norbaiten heriotza, horrexegatik dolu aldia besterik ez da. Dolualdia bukatu bezain laster irrifartsu eta espresioan oparo margotu ahal izango nauzu.

LUCIA: Ez da zurea errua, ez. “Margolariak ezingo du inoiz ilunabarraren misterioa eskuratu misterio hori ez badago bere baitan”.

INES: Nondik atera duzu esaldi hori?

LUCIA: Mikelek esan zidan, egiten ari zen itzulpen batetik ateratakoa da, txekiar egile batena nonbait... Talenturik ez dudala esateko modu sotila, ez duzu uste?

INES: Ez esan halakorik, Mikelek konfidantza handia du zugan. Behin zera esan zuen, inork ez zituela margotzen zuk baino hobeto egun euritsuak.

LUCIA: Inoiz ez dit niri halakorik esan.

 

Bat-batean, mikel agertu da luciaren atzeko aldetik. luciak ez du ikusiko, ez eta entzungo ere, mikelen eta inesen arteko solasaldia.

 

MIKEL: Idatzi nizkizun gutunak irakurri zituenetik daki Luciak maite zaitudala. Ez zuen inoiz aitortu, baina badakit irakurri zituela. Irakurri zituen nik hala gertatzea nahi izan nuelako, aurkituko zituen tokian utzi nituelako... Ez nituen apurtu, edo sutara bota.

INES: Sekula ez nituen gutunok jaso.

MIKEL: Ez nuen bidaltzeko adorerik bildu.

INES: Nola dakizu hain ziur irakurri zituela, esan egin al zizun?

MIKEL: Ez ba, ez zidan ezertxo ere esan. Margotzeari utzi zion.

INES: Hori izan zen, beraz, arrazoia...! Nirekin minduta dagoela igarri diot.

MIKEL: Inbidia dizu.

INES: Nik bai berari, seguru nago oso zoriontsu izango zaretela elkarrekin...

LUCIA: Inbidia dizut, Ines.

INES: Zer?

LUCIA: Indartsua zarelako, sendoa zarelako dizut inbidia. Senarrarekin harremana eten duzu eta hala ere, ez dirudi axola dizunik... Mikel nigandik aldenduko balitz hil egingo nintzateke, hil.

INES: Ez du hori egiteko arrazoirik...

 

mikelek mun egiten dio lepo inguruan inesi. ines ez dago eroso eta gainetik kendu nahi du.

 

INES: Ez, Mikel, mesedez...

 

mikel atarira abiatu da bizkor, han pilatuta dauden sutarako egurretako bat hartu eta badoa luciarengana, hari kolpe emateko asmo sendoarekin.

 

INES: Mikel, geldi! Ez, ez egin horrelakorik, nahikoa da!!!

 

ines jarri da mikelen aurrean eta hura geraraztea lortu du. mikel lasaitu dela dirudi, burumakur dago orain. Berriro ere inesi begiratu dio.

 

MIKEL: Zer nahi duzu orduan? Esaidazu behingoz, erotuko gara biok bestela. Asper-asper eginda naukazu.

INES: Utzi hori bere tokian.

MIKEL: (...) Barkatu.

INES: Barkatu zuk niri, gertatuko dena gertatuko dela ere.

LUCIA: Zer gertatuko da orain?

INES: (luciari) Nola?

LUCIA: Zer egingo du Koldok bakarrik, zer egingo duzu zuk?

MIKEL: Zergatik galdetu dizu hori? Ez diozu ba esan etxea alokatuko duzula, aita egoitzatik aterako duzula...?

INES: Koldo ondo moldatuko da bakarrik... Aurkituko du laster neska laguna, agian honez gero badu bat...

LUCIA: Horregatik utzi duzu?

MIKEL: Esaiozu ezetz.

INES: Ez.

LUCIA: Eta zuk?

INES: Nik?

MIKEL: Ba al duzu nobiorik?

LUCIA: Ba al duzu ezkutuko nobiorik?

MIKEL: Esaiozu baietz.

INES: Ez ba. Denda pareko kafetegian lan egiten zuen batek behin baino gehiagotan eskatu zidan telefono zenbakia...

LUCIA: A bai?

INES: Luzaro egon zen ni sarean harrapatu nahian... Hogei urteko gaztetxoa.

LUCIA: Ez nuen haren berririk.

MIKEL: Nik ere ez.

INES: Inork ez zuen jakin... Behin bere neska lagunarekin zihoala topo egin genuen kalean. Diosala egin nion baina hark ez zidan aurpegira begiratu ere egin. Handik aurrera kafetegian sartzen nintzen guztietan, ezkutatu egiten zen gizajoa. Patetikoa zen egoera, batez ere ni jelosiak jota nengoelako. Handik gutxira betirako desagertu zen, Madrilera alde egin omen zuen mutilak...

MIKEL: Nik ez dut Madrilera ihes egingo.

INES: Badakit. Zu geldirik egongo zara, ezer egin gabe, ezer esan gabe, mutu, ea norbaitek zure bizitza harrotzen duen zain.

 

Egur zatia hartutako tokian utziko du mikelek eta badoa etxe barrura, buru makur.

 

INES: (Ahots gora) Barkatu, Mikel, ez da zurea errua... Mikel!

 

ines luciaren ondora doa koadroari bistadizoa emateko. luciak erakutsi egin dio.

 

INES: (Harrituta benetan) Hara, zoragarri...!

LUCIA: Egitan?

INES: Lucia, jeniala da! Baina zer dela eta margotu nauzu ume? Distantzia handiegia dago simurrak ikusteko, ala?

LUCIA: Gorde egingo dut.

INES: Ez diozu Mikeli erakutsiko? Festa antolatu behar dugu. Hirira itzuli bezain laster erakustoki baten bila hasiko naiz...

LUCIA: Zuretzat nahiko zenuela uste nuen, alokatuko duzun pisu horretarako...

INES: (Jokuz kanpo) Jakina, oso ideia ona da. Bikaina.

 

mikel arrantza egitetik dator. Poltsa bat dakar eskuan.

 

MIKEL: Oraingo honetan huts egin dut. Bakarra ere ez dut harrapatu. Arraro sentitzen zara halakoetan, itsasoan bakarrik, badirudi uretan ez dagoela ezer, bizi arrastorik ez, haitzak eta area hondoan, besterik gabe... Hartu dudan bakarra lau txapapote ondar izan dira. (Poltsan dakarrena erakusten die emakumeei) Gezurra dirudi baina oraindik ere hor daude.

LUCIA: Eskuak zikin dituzu, ez al zen ba arriskutsua kaka hori ikutzen ibiltzea?

MIKEL: Ez da ezer, ez nuen ba han utziko.

LUCIA: Kaka lekuz aldatzeak ez du arazoa konpontzen... Eskuak garbitu beharko zenituzke...

INES: Begira zure emaztearen lana.

 

luciari eskuetatik hartu dio koadroa eta mikeli erakutsi dio.

 

MIKEL: Autoerretratua, polita.

INES: Autoerretratua? Oker zaude, ni naiz.

MIKEL: A bai? Noiztik ezagutzen duzu Lucia?

INES: Ba ume umetatik, zer ba...? (Konturatu da halako batean) Egia da barren, zu zara, nola ez naiz lehenago konturatu?

LUCIA: (Deseroso) Gorde egingo dut.

 

lucia etxera doa koadroa eskuan hartuta. mikelek inesi begiratu eta badoa, emaztearen atzetik.

 

INES: Zer moduz, Mikel?

MIKEL: Ondo... primeran. Eta zu?

INES: Ez dakit. Arraro xamar.

 

mikel geldi dago neskari begira.

 

INES: Oraindik ezin izan dut zure azken itzulpena irakurri... Hasi nintzen baina...

MIKEL: Ez dio axola.

INES: Pozik egongo zara, ez da? Kritika ezin hobeak jaso zituen... Hala esan zidaten behintzat.

MIKEL: Bai, hala da... Eskuak garbitzera noa...

INES: Ondo.

 

mikel etxean sartu da. ines bakarrik dago. Sakeleko telefono baten zarata-hotsa entzuten da. inesek badaki telefonoa gertu dagoela nonbait eta bila hasten da hondarretan. Aurkitu du, lurrean botata. Hartu eta belarrira eraman du. Eszenatokiko beste aldean koldo agertu da, bera da deika ari dena.

 

KOLDO: Bai? Lucia? Lucia?

 

ines mutu geratu da.

 

KOLDO: Lucia, neu naiz Koldo. Entzuten didazu? Kobertura arazoak dituzue? Zera, berdin dio... entzuten al didazu? Nik ez dut piperrik aditzen. Inesen bila nabil, agian zuk badakizu non dagoen, deituidazu mesedez. Koldo naiz, deitu mesedez!

 

koldok telefonoa eskegi eta badoa agertu den toki beretik. inesek ere eskegi du berea. Telefonoari begira geratu da, botoiak zanpatu eta hura aztertzen ari da. lucia dator.

 

LUCIA: Zer da hori?

INES: (Serio) Sakeleko telefonoa. Zurea.

LUCIA: Hara, galduta nuelakoan nengoen.

INES: Norbaitek hondarrera gogor jaurti izan balu bezala zegoen ba... Zuk bota duzu?

LUCIA: Gogaituta nauka telefonoak.

INES: (Zorrotz) Azken deia nik egindakoa zen, hona nentorrela esateko egin nuena...

 

lucia inesen ondora iritsi eta telefonoa kendu dio eskutik.

 

LUCIA: Mikelen bila etorri al zara?

INES: Zer diozu...? Lucia!

LUCIA: Zatozen bakoitzean Mikeli begiak piztu egiten zaizkio. Jabetuko zinen honez gero haien dizdiraz. Aldartea ere aldatu egiten zaio, ez dago hain lasai, txiste eskasenak orduan egiten ditu, koitadoak... Ohartu naiz zuk ere igarri diozula.

INES: Lucia...

LUCIA: (Bereari eustiz) Zuk ere maite al duzu?

INES: Lucia nik ez nizuke hori egingo, sekula ez...

LUCIA: Ze erantzun mokordo da hori!

INES: Nik ez dut baina...

LUCIA: (Eten) Esaidazu ez zaudela harekin maiteminduta. Zin egidazu burutik ezabatu duzula, bihotzean ez duzula harendako tokirik, ez diozula inoiz itxaropen tantarik eskeini...

INES: Lucia, absurdoa da esaten ari zaren hori, mesedez! Nahikoa da!

LUCIA: (...) Mikelek maite zaitu.

INES: Lucia, ez...

LUCIA: Zera uste dut...

INES: Ezin dut ulertu zertan ari zaren...

LUCIA: Ondotxo dakizu.

INES: Baliteke...

LUCIA: Baliteke...

INES: ...zu oker egotea. Agian...

LUCIA: Ondotxo dakizu. Ondotxo dakizu.

INES: (Isilunea) Hirira itzuliko naiz, hobe izango da horrela. Lasaiago zaudenean hitz egingo dugu.

LUCIA: Ez dugu ezertaz hitz egin behar.

 

Une horretan mikel agertu da etxe barrutik, bere sakeleko telefonoa eskuan.

 

MIKEL: Koldok deitu dit. Honuntza dator. Oso kezkatuta zegoen, horregatik esan diot gurean zeundela.

 

emakumeek elkarri begiratu diote.

 

MIKEL: Zerbait gertatu al da?

INES: Ezer ere ez.

 

lucia etxean sartu da ezer gaineratu gabe.

 

MIKEL: Koldo zeharo urduri zegoen, hemen zeundela esatearekin lasaituko zela uste izan dut... baina autoa hartu eta bazetorrela esan dit, eta telefonoa eskegi du. Gaizki egin dut?

INES: Ez, oso ondo egin duzu.

 

ines etxe barrurantz doa.

 

MIKEL: Zerbait gertatu da Lucia eta zure artean?

INES: Ezer ere ez, benetan.

MIKEL: Une batez pentsatu dut...

INES: Ez da ezer gertatu, Mikel.

MIKEL: (...) Koldorekin itzuliko zara?

INES: Ez.

 

ines sartu da etxean. mikel kanpoan geratu da bakarrik, pentsakor. Ilun.