Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

3

 

Hasierako arrautza ikusten dugu.

kazetaria arrautzatik irten berria da. Toallarekin estali du gorputza. Telefonoaren hotsa, irratiko ahotsak eta telebisten zarata nahastu egiten dira. kazetariak ez daki zer egin. Telebistako urrutiko agintea hartu eta bolumena jasotzen du. Telefonoak jotzen jarraitzen du. Porru bat egiten hasten da, urduri.

 

TELEBISTAKO AHOTSA: ...Oraintxe konfirmatu digute berria Pentagonotik: atzekoz aurrerako kontaketa hasi da, dena amaitzeko hamabi ordu besterik ez dira geratzen...

 

kazetariak arrautzan berriro sartzeko imintzioa egiten du. Atzera egin, eta porrua egiten jarraitzen du. Telefonoak setatsu jotzen du. Erantzun egiten du, etsita.

 

KAZETARIA: (Atsegin itxura) Zuzenean? Datuak kontrastatzen ari naiz... (Telefonoa urrundu behar du botatzen dioten garrasiarengatik) Bai, jakina!

 

kazetariak gogoz erretzen du. Alderik alde zeharkatzen du eszena. Telebistaren bolumena jasotzen du.

 

TELEBISTA: ... Aterpe nuklear guztiak gainezka daude. Etxeetan geratzeko gomendioa luzatu dute...

 

kazetariak ordenadorean idazten du telebistak dioena.

 

KAZETARIA: (Errepikatzen) Aterpe nuklearrak gainezka... Hamabi ordu... (Idazteari uzten dio) Ziur integrista bat izan dela! Bonba nuklearra aktibatu, di-da, eta akabo! (Tartea) Amaiera, zenbatetan iragarri dute? (Telebista jaisten du aginteaz eta musika igo) Tori eztanda! Tori amaiera! (Ustezko entzuleei) Denok pikutara!

 

Geldi-geldirik geratzen da. Isiltasuna. Telefonoak setatsu jotzen du berriro Zalantza une baten ondoren, erantzun egiten du.

 

KAZETARIA: Ama! (...) Heriotza azkarra izango da, bai. (...) Eta zertarako nahi duzu orain bisoi bat? (...) Baina nola geratuko da Nazioarteko burtsa zure diruarekin! (...) Ez negarrik egin ama, gainera orain ez nuke hegaldirik aurkituko. (...) Bai, zure argazkia begiratuko dut. (...) Ez, oraindik ez dut ile urdinik, eta bizarra aspaldi moztu nuen. (...) Ama, barkatu beste telefonotik deitzen didate. (Telefonoaren hotsa imitatzen du) Ring-ring-ring! Beranduago deituko dizut, bai bai, muxuak, agur agur...

 

Porroa erretzen du. Telefonoak berriro jotzen du. kazetariak paretaren kontra botatzen du, hari eta guzti.

 

KAZETARIA: Pikutara!

 

Telefonoa zisku egina geratu den arren, jotzen jarraitzen du. Erantzun egiten du.

 

KAZETARIA: (Zur eta lur) Zuzenean? Jakina prest nagoela...

 

kazetaria ordenagailuaren aurrean eseri, eta pantailatik irakurtzen du, urduri.

 

KAZETARIA: Barrura! (Albistegietako doinuaz) Aterpe nuklearrak gainezka daude... Eta agintariek etxean geratzeko gomendioa luzatu dute... Kalean nago une honetan, eta entzuten duzuenez, normaltasuna nagusi da, jendea lasai dago azkeneko orduak antolatzen...

 

kazetariak leihoa zabaldu eta telefonoa leihotik ateratzen du. Sekulako iskanbila entzuten da: autoen klaxonak, jendea garrasika... Berehala ixten du leihoa.

 

KAZETARIA: Badirudi arazo teknikoak ditugula, beranduago saiatuko gara berriro. Hauxe da dena hemendik, kaletik zuzen-zuzenean, Zuzenean kaletik irratsaioarentzat. (Doinu normala berreskuratuz) Eskerrik asko, bai. (...) Ez, oraindik ez dakit zer egingo dudan. (...) Bakarrik? Ez, jakina, nola igaroko ditut bakarrik azkeneko orduak, hori munduan bakarrik daudenek bakarrik egiten dute. (...) Beste muxu bat.

 

kazetariak telefonoa eteten du. Telebista eta irrati guztiak itzaltzen ditu. Erretzen amaitzen du. Zutik geratzen da, zurbil, zirkinik ere egin gabe.