Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

4

 

Iluntasuna. Urratsen hotsa, norbait arrastaka ariko balitz bezala.

Argiak igotzen dira. Kartzela bateko ziega. Koltxoi bat, konketa bat, leiho bat eta ate bat. presoa dantzan ari da. Derrepentean dantza egiteari uzten dio, norbait begira balu bezala. Arnasestuak. Bizkarra paretan bermatu, eta leihora begira geratzen da.

Berriro hasten da dantzan. Geratu egiten da. Ezin du ongi arnastu.

 

PRESOA: Ahotsak iltzatu dizkidazu. Bazoaz, egunsentia etorriko da, tren bat, gauak, bata bestearen atzetik, isiltasun iraingarri honetan.

 

Ziegan barrena ibiltzen hasten da. Horman marra bat zirriborratzen du hatz erakuslearekin. Argazki bat hartzen du. Itsu baten antzera ukitzen du.

 

PRESOA: Ezin nituen begiak itxi, orain bai, eta ez da ezer gertatzen. (Aterantz) Ate hori, non dira garrasiak?

 

Dantzan hasten da berriro. Dantzan ari den bitartean hitz egiten du.

 

PRESOA: Eztanda bat, ez dut ikusten, ez dut gehiago begiratu nahi, gero lapurtu egiten didate, ahotsa eta hizkuntza, kristal hotz bat, aluan, sua begietan, gero, ezer.

 

Dantza amaitzen du. Begiak ixten ditu. Sarrionandiaren “Ni ez naiz hemengoa” liburuaren pasarte bat errezitatzen du, mekanikoki.

 

PRESOA: “Eguzki errainuak soilik iristen dira, beren laztan ikarati eta iheskorrekin. Hodei sailak iragaiten dira, sabel ilun eta gainalde zuriztarekin. Arin daramatza haizeak, kartzelako hormak ferekatu eta patioan eskegirik dauden arropa batzuk astintzen dituen haize hotz eta gotor berbera. Kristalaren bestaldean geratzen da guztia”.

 

Koltxoian eseri, papera eta puntadun orratz bat hartu, eta idazten saiatzen da.

 

Zauri bat egiten du azalean nahigabe. Odola dario.

 

PRESOA: (Idazten) Inork ez badaki ere. Lau horma, bost, sabaiarekin, azkeneko lerroak. Kristala bularrean arnasketa mozten, eta ahotsak. (Tartea, idazteari uzten dio) Leiho bat eta nire bi begiak, urak nire izerdia darama, urak, tutu herdoilduetan barrena, eta itsasoa, azkenean, ihes egiten du nire izerdiak. (Tartea) Bero dago, hotza ote askatasuna.

 

Orratza eta papera uzten ditu. Ziega zeharkatzen du begi itxiekin. Begiak zabaltzen ditu berriro, indarrez. Dantzan hasten da.

 

PRESOA: Zergatik ezkutatzen zara? Esklabo izan zaitezke, etorkina, paperik gabekoa, puta, drogazalea, ehunka lanbide, ehunka espezializazio, ehunka bidaia mota, milaka kate telebistan, milaka auto, zure zain, zuri begira, eta esklabo izan zaitezke, zuk nahi baduzu, jakina.

 

Argiak jaisten hasten dira.

 

PRESOA: Desagertu egingo zara, tutu herdoilduetan barrena. Eztanda bat. (Tartea) Ahotsak iltzatu dizkidazu. Gero, ezer.

 

Iluntasuna.