Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

5

 

margolaria dantzan ari da, ero moduan, gorputzaren atalak espasmoekin bezala mugituz. Mihise bat, aulki bat, ohea, margotzeko materiala, dutxa bat, ate bat. Leihoa ireki eta burua ateratzen du. Garrasika hasten da.

 

MARGOLARIA: Zeri begiratzen diozu! Azkenean, azkenean iritsi da! Amaiera! Denok pikutara! (Bere artean) Kaletik zoazenean bezala, emakume bat ikusten duzu, gorriz jantzita doa, eta maitemindu egiten zara, ume bat bezala! Eta akabatuta zaude.

 

Leihoa ixten du. Mihisearen aurrean jartzen da, hatsanka. Pintzela hartu eta margotu egiten du, ikuslegoari bizkarra emanez. Tarteka, aulkiarekin hitz egiten du, bere emaztea zena hor dagoela uste baitu.

 

MARGOLARIA: Banku batean zaude eserita, gorriz jantzita, zubian, ibaira begira. Eguzkia ur-azalean. Mihisearekin noa kaletik, besapean. Zu bakar-bakarrik zaude eserita, begirada galdua eguzkiaren marran. Hutsik dituzu begiak. Aurpegian itsatsi dizkizutela dirudi, collage batean bezala, collage aurpegia duzu. (Tartea) Goiz hartan eskutitz bat jasotzen dut: ama hil zait. Astebeteko atzerapenarekin jaso dut eskutitza, ziur jada lurperatu dutela, baliteke harrek jan izana.

 

margolariak gero eta energia gehiagorekin marrazten du.

 

MARGOLARIA: Bere koadro bat margotzen dut, beste bat, eta beste bat, begiak desitsasten dizkizut, aurpegitik. Bankuan bilatzen zaitut, ibaiaren gainean, hortxe dago eguzkia, marra ur-azalean, baina zu ez zaude, ez zara inondik azaltzen. (Tartea) Arratsalde batez ikusten zaitut berriro, kafetegi batean. Begiak altxatzen dituzu, nigana, baina ez nauzu ikusten, harantzago zoaz, hiri ziztrin honen arratsera.

 

margolariak gero eta energia gehiagorekin margotzen du.

 

MARGOLARIA: Begiak margotzen ditut, aurpegiak, betaurrekoak, zezen bat adar hori batekin, zatikatuta. Baina ez didazu begiratzen. (Tartea) Beste arratsalde batez nire mihise zuria uzten duzu, bakar-bakarrik, espaloian. Hankak igarotzen dira albotik, zapatak, gorbatak, patata zakuak, danone gorputzak. Ez du inork begiratzen, zuk bakarrik, zure begiak mihise zurian itsasten dira. (Tartea) Ezin duzu mihisea utzi, eskura itsatsi zaizu, eta ihes egiten duzu, lapur miserable bat bezalaxe.

 

Tarte luzea. Pintzeladak.

 

MARGOLARIA: Beste mihise zuri bat eta beste lapurreta bat, garbia, perfektua, ez zara asaldatzen. (Tartea) Atzetik jarraitzen zaitut haietako batean, baina ezin zaitut harrapatu, oinak hanketan itsatsita dituzu, lamia baten antzera. Dena gorputzean itsatsita. Zizelkatu egin balizute bezala.

 

margolaria zutitu eta aulkirantz doa. Eskuak aulkian bermatzen ditu eta makurtu egiten da emazte irudizkoari hitz egiteko. Mihisea erakusten dio.

 

MARGOLARIA: Zer iruditzen zaizu? (Tartea) Hotel batera goaz, pareta zurikoa, altzariak ez dituzu gogoko, dena zuria nahi duzu. Leihotik behera botatzen ditugu altzari guztiak, behera arropak. Altzariez biluzten gara. Kalean, arropa altzarien gainetik, egurrezko panpinak bezala. Kalea zaintzen dute maitasuna egiten dugun bitartean. (Tartea) Ezpainak desitsasten dizkizut, zure bularrak, zure gorputza. Bereizi egiten gara.

 

Ilea laztantzen dio.

 

MARGOLARIA: Gau batez erretratu bat egiten dizut, gorria. Erakusten dizudanean, garrasika hasten zara: begiak erretzen zaizkizu. Koadroa puskatu egiten duzu, bi zatitan, zure begiak bitan. Eta orduantxe esaten didazu, orduantxe. (Tartea) Nirekin ezkondu nahi duzu? (Tarte luzea) Oraindik ere ez dut hitzik. Ordu batzuk eta elkarrekin egongo gara, betiko.

 

margolariak marra bat egiten du aurpegian. Mugimendu mekanikoak. Leihotik begiratzen du. Garrasika hasten da. Gorputz osoa margotzen du. Jarraian, dutxa irekitzen du eta arropa eta guzti sartzen da. Blai eginda dagoenean, dutxatik atera eta aulkiaren aurrean jartzen da.

 

MARGOLARIA: Berriro izango gara elkarrekin, logela zuri batean. Iritsi da unea.

 

Lurrean etzaten da. Zain geratzen da, irribarretsu. Argiak jaisten dira. Iluntasuna eta isiltasuna erabatekoak dira.