Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

7

 

presoak aurpegia freskatzen du konketako urarekin. Tarte baten ostean...

 

PRESOA: Zeure buruaz egingo duzu barre, azkeneko malkoa isuri ondoren, orduan bakarrik egingo duzu zeure buruaz barre. (Tartea) Badator, egunsentia, azkenekoa.

 

Urrats batzuk entzuten dira. emakume gaztea da. Kartzelako funtzionarioen uniformea darama, grisa goitik behera. Aurpegia zurbilagoa egiten diote kartzelako argi-ilunek. Kolpe batzuk atean. Bi kafe kikara daramatza erretiluan, eta atearen bestaldetik hitz egiten du.

 

EMAKUME GAZTEA: Esna al zaude?

 

Ez du erantzunik jasotzen.

 

EMAKUME GAZTEA: Hor al zaude?

 

Isiltasuna. presoa atera gerturatzen da, astiro.

 

EMAKUME GAZTEA: Kafea ekarri dizut, beroa.

PRESOA: Zer egiten duzu hemen, ireki atea, oraintxe!

EMAKUME GAZTEA: Zuekin zer egin erabakitzen ari dira. (Tartea) Bitartean kafe bat har dezakegu, elkarrekin.

PRESOA: Zure kontzientzia garbitu nahian?

EMAKUME GAZTEA: Badakizu ezin dudala ezer egin.

PRESOA: Badakizu ezin dudala... hitz egin.

EMAKUME GAZTEA: Dena amaitzear badago ere?

PRESOA: Noizbait hasi al da?

EMAKUME GAZTEA: Ez, berriro ez, mesedez, ahal banu oraintxe bertan irekiko nizuke, badakizu.

PRESOA: (Atean kolpeka) Ahal banu? Zer axola zaizu, zu ere hiltzera zoaz!

EMAKUME GAZTEA: Eta dena gezurra bada? Zer gertatuko da gero, dena gezurra bada?

PRESOA: Baliteke, baliteke dena gezurra izatea, gezur handi bat mundu madarikatu honetan, baina ezinezkoa da, ulertzen? Ezinezkoa! Ezin liteke gezurra izan jada gezurra dena, ezin gezur handi baten gainean beste gezur bat eraiki! Ulertzen? Ezinezkoa da! (Tartea) Eta horregatik ez dizut sinisten, kontzientzia garbitu nahi duzu, bakean hil, hil aurretik eskuak garbitu.

EMAKUME GAZTEA: Nahikoa! Nahikoa da, hitzak, hitzak, hitzak! Ez dizut ulertzen, ezin dizut ulertu, ez dizut inoiz ulertu.

PRESOA: Askatasuna kendu didazue, ahotsa, baina hitza ez, hitza ez didazue inoiz kenduko! (Tartea) Horregatik ez didazu ulertu nahi.

EMAKUME GAZTEA: Hitzak, desagertu egiten dira, airean, globo baten antzera, ez dute ezertarako balio, azkeneko orduak bezala. (Tartea) Eta zer nahiago duzu hitzekin desagertu... Ala kafe beroaren zaporearekin?

 

Isiltasuna. emakume gazteak kafea ematen dio presoari atearen “kangrejutik”. presoak amore eman eta ezpainetara darama kafea, gogoz. Bizkarra atearen kontra dutela esertzen dira biak. presoak bi eskuez hartzen du kafe kikara. emakume gazteak zigarro bat pizten du.

 

EMAKUME GAZTEA: Zigarro bat?

 

Ez du erantzunik jasotzen. Isiltasuna.

 

PRESOA: Egunsentiak ikusi dituzu, arratsak, kaleakjendez gainezka. (Tartea) Baliteke gaur bertan maitasuna egin izana.

EMAKUME GAZTEA: (Aztoratuta bezala) Baliteke gaur bertan usteldu izana, sagar bat bezala.

PRESOA: Zer dakizu zuk usteltzeaz? Egunero, zeru zati berdina ikusteaz, zure bizitzaren 7.200 egunez horma berdinetaz inguraturik egotea, begi berdinaren zaintzapean, zer dakizu zuk horretaz?

EMAKUME GAZTEA: Egongela bat, komuna, bi logela, bat txikiagoa, bestea bientzat, sukalde bat, argitsua, balkoi txiki bat, bi landareentzat lekua, eta arropa zintzilikatzeko. Telebista, bideoa, batidora, mikrouhin labea, sehaska bat, dena arrosa, neska izan behar zuen, badaezpada, azpiko arropa, joko urdin bat, eta zapatak, eta galtzerdiak, eta biberoia bi koloretakoa... Eta ni, bi koloretakoa ezkerreko aldea, eskuinekoa. (Tartea) Atearen alde honetan kartzela asko dago oraindik.

 

Isilune luzea.

 

EMAKUME GAZTEA: (Bestaldera begiratzen) Ezin atzera egin. Ezin ateak ireki.

PRESOA: Nahiago eskailerak, ipurdiak, zakilak garbitu, 7.200 egunetan, edozer, borrero izatea baino!

 

emakume gaztea zutitu egiten da, eta ateari hitz egiten dio.

 

EMAKUME GAZTEA: Nik ez dut inor akabatu!

 

presoa zutitu, eta ateari hitz egiten dio.

 

PRESOA: Ez? Eta zer egiten duzu korridoreetan garrasiak entzuten dituzuenean, esan, zer egiten duzu orduan? (Tartea) Ze emakume mota zara?

EMAKUME GAZTEA: Eta ze emakume mota da tiro egiten duena?

PRESOA: (Zailtasunez) Nik tiro egin, ala ni akabatzen utzi. Biziraupena zen, biziraupena, ulertzen?

EMAKUME GAZTEA: Beltza edo zuria, errazegia da, errazegia, tartean zerbait behar zuen, hirugarren aukera bat. (Tartea) Bestaldera begiratu.

PRESOA: Hori ez, inoiz ez. Gu. Gutasuna. Ezin bestaldera begiratu.

EMAKUME GAZTEA: Eta zu?

 

Isiltasuna.

 

PRESOA: Kristal bat bularrean. Ezin dut arnastu.

 

Isiltasun luzea. Biak eszenaren hasieran bezala esertzen dira, indarge. Bakarrizketa gurutzatuak une batez.

 

EMAKUME GAZTEA: Kostaldea, negua, kometa bat, kolore askotakoa. (Tartea) Aitonak gerraz hitz egiten du, eta kometa badoa gora, zeruak irensten du. Goseaz hitz egiten du, ba al dakizu zer den gosea pasatzea?, galdetzen dit. Bonben azpian suntsitu zuten herri batetaz ari da, bera ez zuten bonbek harrapatu. Egun hartan azokara joan nintzen, esaten du, semea eraman nuen nirekin, baina zure amona, etxean geratu zen. Amona ez zen gurekin azokara etorri. Ez nuen gehiago ikusi. (Tartea) Eta kometa gora doa. Ama izozki batekin dator, marrubizkoa, tori, amatxok erosi dizu. Aitak itsasora begiratzen du, zuk ez al duzu izozkirik nahi? Galdetu dio amak, eta aitak beranduago hartuko duela, urrunean zerbait ikusi du. (Tartea) Nire kometa nahi dut, baina izozkia dut esku batean.

PRESOA: Ni naiz desagertzen doan kometa hori. Gainean erortzen zaizkit teilatuak, kaleak, etxeak. (Tartea) Eztanda bat. Gero lapurtu egiten didate, barrutik. Eta ez dago erdibiderik, beltza edo zuria, loturak moztu, denak, borrokatu nahi denean.

EMAKUME GAZTEA: Bidean norbait gurutzatzen zaizun arte. Norbait horrekin zure begirada osatzen duzun arte. Begirada bikoitzarekin, begi erdia bakarrik erabiltzen duzu. Beste erdia besteak jartzen du. (Tartea) Gauza, denbora betetzea da.

 

Leihora gerturatzen da.

 

PRESOA: Eta beldurra, bakardadearen aurrean. (Tartea) Bizitza elkarbanatu, gauarekin. Ahotsik gabe. (Zerurantz begiratzen) Dena mugitzen da, egunsentia dator. (Tartea, itotzen ariko balitz bezala) Itotzen ari naiz.

 

Tartea. emakume gazteak ziegako atea irekitzen du, isiltasunean. presoak bizkarra ematen dio. emakume gaztea ziegan sartzen da. Atea irekita geratzen da.

 

PRESOA: Azkeneko eztanda, behin betikoa. Gero, ezereza (Leihotik begira) Nire azken desira. (Tartea) Musika, musika entzun nahi dut! (Jiratu eta emakume gaztea ikusten du) Zer egiten duzu hemen?

EMAKUME GAZTEA: Ezinezkoa da. Hemen ez dago musikarik.

PRESOA: Garrasiak bakarrik. Ahaztu egin zait, abestea.

EMAKUME GAZTEA: Nik ez dakit abesten...

PRESOA: Beti dago abestiren bat.

 

Anariren Eszeptikoaren akorde batzuk entzuten hasten dira... “Bizitza horrelakoa da... Dudak hobe lagun bezala erabili”. Gerturatzen doaz. Aterik ez dagoenez, bata bestearen bizkarrean bermatzen dira. Amaitzen denean, isiltasuna.

 

EMAKUME GAZTEA: Entzun al duzu?

PRESOA: (Abesten) Hobe duda lagun bezala erabili...

EMAKUME GAZTEA: (Hitzak irensten bezala) Kalea, azkenekoz, ikusi, umeak, jolasean. Olatuen joan-etorria, izozki bat jaten dut, kometa batekin, larrua jo, azkenekoz, marraztu, zigarro bat erre, jendartean nahastu, haizean, irrintzi bat, kalea hausten du.

 

Isiltasuna. presoa ziegatik ateratzen da, lehen idazten hasi den eskutitza eskuan duela. Oso poliki mugitzen da, kalera baino heriotzaren korridorera eramango balute bezala.

 

EMAKUME GAZTEA: Bazoaz...

PRESOA: Banoa.

EMAKUME GAZTEA: Betiko...

PRESOA: Nola begiratzen zaio... askatasunari?

EMAKUME GAZTEA: Pentsatzeari utzi.

PRESOA: Hobe nor zaren jakinda hiltzea.

 

presoa badoa astiro. Atzera egin, jiratu eta aurrez aurre geratzen dira segundo batez. Besarkatu egiten dute elkar. Luze. Argiak jaisten doaz. presoa badoa. Iluntasuna.

 

EMAKUME GAZTEAREN AHOTSA: (Zur eta lur) Hobe, besteek esaten badizute... Nor zaren.