Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

8

 

Erakusleihoko argiak itzalita daude. Txapelean duen limosna zenbatzen ari da riga. rigok indarrez botatzen ditu zapatak, norabide guztietan. Barre egiten du, etsita. Bien artean supermerkatuko poltsak daude.

 

RIGO: Bat gutxiago! Beste bat, eta beste bat! Eta azkenekoa!

 

rigok tresnen kutxan duen guztia husten du lurrean, eta urrun botatzen du dena, zapatekin egin duen bezalaxe.

 

RIGO: Inoiz arte!

 

Geratu zaiona bere zorroan sartzen du. rigak dirua zenbatzen jarraitzen du.

 

RIGA: Hamabi, hamabost... 25 euro!

 

rigo laguna alboan duela hpnturatu berri dela dirudi.

 

RIGO: Oraindik horrela? Zeren zain zaude? Bi ordu dira bakarrik, Riga, eta zer dira bi ordu autobusez?

RIGA: (Gorantz begira) Eskerrik asko botoi gorritxo bihotzak biguntzeagatik.

RIGO: (Haserretzen) Billetea ordaintzeko izango da, ezta?

RIGA: Jatetxe batera joango naiz, txik horietako batera, eta untxia eskatuko dut.

RIGO: Ezin diozu zure semeari hori egin, oraintxe bertan jaio daiteke, ez du izenik eta ez du zure jaioterria ezagutuko... (Sutan) Eta zu, zu untxian pentsatzen!

RIGA: Daukaten untxirik lodiena eskatuko dut, bere transgenikoekin eta pentsuekin, eta xanpaina, txin-txin!

RIGO: Riga, ez duzu aitzakiarik: bi ordu!

RIGA: Uhmm, ahoa desegiten ari zait, eta mantel gorria jartzeko eskatuko diet, eta eskuko zapi urdinak eta kristalezko kopak, bat ardoarentzat, bestea xanpainarentzat, hirugarrena ardo zuriarentzat.

RIGO: (Erreguka) Badakit zaila zaizula bueltatzea, urteak dira ez zarela bueltatu, zertara bueltatu zaren jakin nahiko dute. (Tartea) Baina zuk entzungor egin, oso ondo dakizu hori egiten, ez dute denbora asko galderatan ibiltzeko. Eta zure semeak dena ikusiko du bitartean, herriko plaza nagusia, harrizko kaleak, inguruko mendiak eta basoak... (Tartea) Ordu bakar batzuez, baina berdin da: ez da mundu honetatik bere sustraiak ezagutu gabe joango!

 

Tarte luze baten ostean, riga bulko batez zutitzen da eta poltsetan begiratzen du.

 

RIGA: Supermerkatu osoa erosi duzu, ole, odolki bat!

 

rigak odolki bat ateratzen du poltsatik, eta coca-cola lata bat.

 

RIGA: (Ezkerraldera begiratzen) Eta jendetza hori? Banketxearen aurrean, ilara bat ez, bi, bat kredituentzat izango da, bestea koltxoi azpiko dirua sartzeko, ziur, asko dakit nik bankuetaz. (Aurrera begiratzen) Eta elizako atean, eta supermerkatuan! Denak ilaratan. (Eskuinaldera begiratzen) Eta hori ez al da Senegaleko mutila? Herrenka dabilela dirudi...

RIGO: (Eskua txapel moduan) Nik ez dut inor ikusten.

 

rigak zarata handiz zabaltzen du lata, telebistako iragarkietan bezala.

 

RIGA: Nahi?

 

rigok ezetz egiten du buruarekin, bizkarra ematen dio haserre. rigak trago handi batez edaten du, haginkada bat ematen dio odolkiari. Karrotxotik gauzak ateratzen ditu: zapata bat, erradiografiak.

 

RIGA: Opari bat egingo dizut: eskatu zerbait.

RIGO: Opari bat? Niretzat? (Bururatzen zaion lehena) Auto bat, gorria.

 

rigak laborategiko kubeta bat ateratzen du. presoa sartzen da ezkerraldetik, norabiderik gabe doa, begirada galduta. Eszena zeharkatzen du.

 

RIGA: Zorte txarra! Edo ona... Oso ona, deskuiduan, hemendik zu bezalako bat aterako dute, kliniko bat.

RIGO: Klonikoa.

RIGA: Bost axola! Gaixotzen bazara zure beste niari birika bat kendu eta zuri jartzen dizute.

 

rigak berriro sartzen du eskua karrotxoan.

 

RIGA: Auto bat! Zorionak! Zure eguna da gaur, eta gainera txuri-urdina. Tori, futbol derbyrako. (Auskultatzeko tresna berreskuratzen du) Ekartzazu.

 

Erakusleihoa itzalita dagoela jabetzen da.

 

RIGA: Zergatik itzali dituzte argi guztiak?

RIGO: Bakarrik gaudelako, kale honetan. Denak, bizitzaren azken orduetan... Eskatutako desioa betetzen ari direlako.

RIGA: (Berera, gauzak ateratzen) Betaurreko batzuk, konsoladore bat, zapi bat, sandalia gorri bat eta beste hori bat. (Sandaliak rigori luzatzen) Heriotzak ez zaitu oin-hutsik harrapatuko!

 

rigori pazientzia amaitzen ari zaio.

 

RIGA: Barrita dietetiko bat, txokolatezkoa! Kalorien erdia, azukrerik gabe, silfide gerria geratuko zait!

RIGO: (Zur eta lur) Eta zertarako behar duzu silfide gerria... (Ausartuko ez balitz bezala) Bestaldean?

RIGA: Odolean azukre gehiegi duzu, sendagilearen hitzak.

RIGO: Jakina, eta ardoa edateko esan dizu, horrela osasuntsu haziko delako. (Tartea, eztanda egiten du) Axolagabe bat zara, Riga, eta nik, nik ez dizut lagunduko! Egunsentia iritsi arte hemen geratuko naizela uste baduzu, oker zabiltza, oso oker. Beti hemen, Kixote eta Panza bezala, zure itzala izan naiz, baina amaitu da, akabo, finito, la fine: orain neu izango naiz Kixote!

 

riga jaten hasten da, lasai asko. rigo ezkerraldera doa, presoarekin gurutzatzen da, elkarri begiratzen diote. Bakoitzak bere bidea jarraitzen du.

 

RIGA: (Mastekatzen) Bi ordu direla esan al duzu?

RIGO: (Hunkituta zutitzen da) Bai! Bi ordu, Riga! (Konbentzitu nahian) Zer dira bi ordu autobusez? Ezer! (Tartea) Orduan, bazoaz?

RIGA: Ez, ez noa.

RIGO: Nola ezetz?

RIGA: Bi ordu erditzeko zorian dagoen emakume batentzat gehiegi direlako. Zer egingo dut honek autobusean atera nahi badu?

RIGO: Txorakeriak: nola jaioko da ume bat autobus batean? Ezinezkoa da, ez du atera nahiko, horrela denen aurrean, motorraren hotsa sumatuko du, bidearen zuloak, eta ez du atera nahiko. (Tartea) Zuk uste baino gehiago daki, Riga, askoz gehiago, eta herrira iristen lagunduko dizu. Eta badaki herrian zu ikusteko irrikan daudela, zuk onartu nahi ez baduzu ere. (Tartea) Eta badaki, badaki, aita nor den galdetu zidatela!

 

Tarte luzea. riga izoztuta bezala geratzen da.

 

RIGA: Eta... Zer esan zenien?

RIGO: Ni ez nintzela, ni ez nintzela ume horren aita, hori bakarrik nekiela.

RIGA: (Gorantz begiratzen du) Oraindik ez dute bonbarik bota. (Urrunera begiratzen du) Eta hango horiek, zeri begira daude?

RIGO: Azken desira eskatzen, izar iheskor bati azken desira eskatzen egongo dira!

 

Azken hau rigari zuzenean so eginez esan du rigok. riga ahozabalka hasten da.

 

RIGA: Logura dut, begiak ixten ari zaizkit.

RIGO: Baina, baina orain ezin duzu lorik egin!

 

rigari begiak ixten zaizkio, astiro, berak nahi ez badu ere.

 

RIGA: Ardo gehiegi edan dut...

RIGO: Riga, esnatu!

 

rigak lo hartzen du. rigok astindu batzuk ematen dizkio esna dadin, alperrik ordea.

 

RIGO: Egunsentia iristen... Eta zuk, eta zuk begiak ixten! Goiz hartan bezala. (Tartea) Kiosko batean zaude eserita, egunkari atzeratuak irakurtzen. Neu ere autobusaren zain nago. Eserleku berean goaz. Herri berera, baina ez dugu elkar ezagutzen; urte asko dira, gehiegi, herria utzi genuela. Eguerdi batean zapata zahar bat jartzen da nire egurrezko aulkitxoan. Zure zapata da. Garbitzeko eskatzen didazu. Espaloi baten bila zabiltza. Nirekin gera zaitezke, esaten dizut, geratu, ez zait inporta espaloi zati bat uztea. (Tartea) Eta ez zait inporta beretzat izen bat asmatzea, aita nor den ez jakitea...

 

rigok arrosa sorta bat ateratzen du.

 

RIGO: (Hunkituta) Eta lore hauek erosi dizkizut...

 

riga ukitzen du behatz batez, lo seko dago. rigok ardo trago bat edaten du, ezpainetatik behera ardo erreka bat erortzen zaio rigaren triparaino. Bertan jartzen du burua. Etzan egiten da.

 

RIGO: Eta ez zait inporta... (Begiak ixten) Zuk beti bestaldera begiratu izana.

 

rigori ere begiak ixten zaizkio. Argiak itzaltzen doaz.