Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

9

 

margolariak lurrean etzanda jarraitzen du, hasperen egiten du, esnatzen ari dela dirudi. Seigarren eszenan zeuden margo tresnak eta aulkia ikusten ditugu, ez da deus aldatu.

 

MARGOLARIA: Eta hildakoak? (Tartea) Hotz zegoen, baso bat, behe-iainoz inguratuta. (Tartea) Non zaude? Zergatik ezkutatzen zara?

 

Lurrean esertzen da. Inguruan begiratzen du. Bere gorputza ukitzen du atalez atal.

 

MARGOLARIA: A ze bakea hildakoen munduan!

 

Astiro zutitzen da eta aurpegia aldatzen du. Zerbait ikusi duela dirudi.

 

MARGOLARIA: Zerbaitek urratzen du bakea. (Galduta) Korridorean barrena dator hiltzailea, hiltzailea dator!, esaten diot erizainari, bigarrengo solairura, baina erizainak ez dit kasurik egiten. Erretzaileen gelan sartzen da, labana bat hartzen du, bat gutxiago. Norbaitek bere buruaz beste egiten du, leihotik behera. Beste bat gutxiago. Krimen garbia! Istripuetan hiltzen direnak, heriotza garbiagoak. (Tartea) Eta aurrera doa hiltzailea, nire solairura, nire logelan sartu nahi du!, esaten diot erizainari, baina jaramonik ez. Uholdeak, lurrikarak, milaka hildako, krimen garbiak, aho gutxiago janaria eskatzeko, protesta egiteko. Eta botoi gorriarekin, pikutara gainontzeko guztiak!

 

Bere onera bueltatu eta ingura begiratzen hasten da. Bat-batean bere koadroa ikusten du, eta zur eta lur begiratzen du, sinesgogor. Koadroa ukitzen hasten da, bertako pintzelak hartzen. Mundutarrak ez balira bezala begiratzen ditu.

 

MARGOLARIA: (Koadroari) Zer egiten duzue hemen? (Paretaren kontra botatzen ditu) Kanpora! (Aulkira begira) Baina, non zaude? (Tartea) Zer da gezur handi hau?

 

margolaria erantzun baten zain geratzen da. presoa, margolariaren alaba, sartzen da, zalantzati. Eskutitza eskuan dakar, ez daki barrura egin. Aita begiratzen du hutsik dagoen aulkian esertzen den bitartean. margolariak ez du alaba ikusten, begiratu egiten du, baina ez du ikusten.

 

PRESOA: (Ingurunea miatzen) Margo usaina dago... oraindik.

MARGOLARIA: (Begirada galduta) Eta beti hilik egon banaiz? (Tartea) Hildakoen memoria, bizirik gaudenona, ez al dira berdinak? Ez al dira gurutzatzen? Zu eta biok bezala, korridorea zeharkatzen zuen hiltzaileak bezala, baina inork ez zidan jaramonik egin.

PRESOA: Non dago?

 

Erantzunaren zain geratzen da. Alperrik.

 

PRESOA: Ez dio axolarik, jada ez du ezerk axola. (Eskutitza lurrean uzten du, aitarengana gerturatzen du oinarekin arrastaka) Nire isiltasuna estal dezan.

MARGOLARIA: Idatzita zegoen. Zure edertasuna, bular bat alde batera, begiak aurpegitik ateratzen, collage batean, denboratik at.

PRESOA: Ez dago denborarik, ez etorkizunik, ez iraganik, ez zegoen hirugarren aukerarik. Galde iezadazu orain, ulertzen baduzu, ulermen antzurik geratzen bazaizu.

MARGOLARIA: Normal begiratu behar duzu, esaten zidaten, berriro ulertu ahal izateko. Besteen norabide berdinean, esaten zidaten, tori, sartu ahoan, zure koordenadentzat, zure kontzientziarentzat.

PRESOA: Kontzientzia, bost pareten artean usteltzen.

MARGOLARIA: Hil zinela esan zidaten! Lau pareten artean, zure izena oihukatu ez nezan, zure izena gauean bilatu ez nezan. (Tartea) Baina orain ezin atzera egin!

PRESOA: Ezin nuen atzera egin. Nola ulertuko zenuten, ni izan behar nuen. (Tartea) Eztanda bat. Segundo bat. Gero, ezer.

 

margolaria zutitu egiten da, badirudi alaba ikusi duela baina berera jarraitzen du.

 

MARGOLARIA: (Aulkiari) Non zaude? Zergatik ezkutatzen zara? Eta leihoak, non daude leihoak?

 

presoa zutitu egiten da, astiro aitarengana gerturatzen joaten da.

 

PRESOA: Leiho, zuriak, beltzak. Ez zegoen hirugarrengo aukerarik. (Pausa) Zu eta bera. Edo ni.

 

presoak musu ematen dio aitari, masailean. margolariak hatzak ukitzen dizkio, eraztun baten bila bezala. Segundo batzuk geratzen dira horrela. presoa badoa horman marra irudizko bat marraztuz. margolariak alde guztietara begiratzen du, ezertaz konturatu gabe.

 

MARGOLARIA: Non zaude? Zergatik kendu dizkidate leiho guztiak? (Tartea) Eta pareta zuriak?

 

Argiak jaisten dira. Iluntasuna.