Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

10

 

Egunsentia.

Pertsonaia guztiak eszenatokian daude, rigo, riga, kazetaria, presoa, emakume gaztea eta margolaria. Bakoitzak espazio bat hartzen du.

rigok arrosaren petaloak jaten ditu hitz egiten duen bitartean.

presoak alderik alde zeharkatzen du eszena, erakuslearekin marrazten duen bitartean. Dantzan hasten da.

kazetaria eserita dago. margolariak, etzanda, alabaren behatza ukitzerakoan egin duen mugimendua errepikatzen du.

Dantzatzeari utzi eta hizketan hasten da presoa. Aurrerantzean, pertsonaiek bakarrizketa gurutzatuetan hitz egingo dute. Amaitze aldera, ahotsak pilatzen joango dira, oso astiro.

Musika igotzen eta jaisten joango da.

 

PRESOA: Ni naiz desagertzen doan kometa. Zerbaitek tira egiten dit, beheraka. (Tartea) Eztanda bat. Segundo bat. Hobe nor zaren jakin gabe hiltzea, askoz hobeto.

 

kazetariak aizto bat ateratzen du eta bere gorputza ferekatzen doa, gora eta behera. rigok petaloak jaten jarraitzen du.

 

RIGO: Nire ezkontza da gaur. Gonbidatu asko dago, herri guztia. Denak nire zain, urduri. Egunik zoriontsuena da. (Tartea) Aita nor den jakitea, ez zait inporta, Riga... Sexuak ez du garrantzirik. Haragi hutsa... Hobe betunaren usaina. (Tartea) Ez dabil inor kalean. Nire etxeko paretak. Erori egin dira. Zulo bat geratzen da, baina ez da burua sartzen. Hanka bat harrapatuta dago, bestea kanpoan, espaloian itsatsita. Zapatak, nonahi. (Tartea) Aho bat, zurea, ardoz perfumatuta. Azken desira, ardoan igeri, gorriz estali. (Barrez hasten da, ero moduan) Barrea eskuetan, belarrietan... Eta zure sabelean.

KAZETARIA: Primeran, badakit. Lan bat daukat, etxe bat, auto bat, emazte zoragarri bat, bi ume, are zoragarriagoak. Dena perfektua. Telebista inteligente bat nahi dut, nire buruarekin konektatzeko. Internet, nire burua, telebistak desiratzen duena, nire buruarekin konektatzen du, eta egina, nire buruaren kanal guztiak telebistan. Horrelako telebista bat nahi dut. (Tartea) Mundua aldatu nahi nuen, eta telebista bat erosi nuen.

RIGA: Begiak ixten zaizkit... Bost urte ditut, esnatu egiten naiz, amaren magalean nago, tren batean. Eserlekuek zahar usaina dute. Gortina gorriak. Gizon bat, gure aurrean eserita. Ama begiratzen du. Arropa gutxi darama amak, azala leuna du, irristakorra. Loak hartu egiten naiz. (Tartea) Esnatzerakoan, ama ez dago, gizona ere ez. Trena geratu egiten da. Gortinek zahar usaina dute. Trenetik jaisten naiz. Jende asko dabil, alde batetik, bestetik, korrika. Ama ikusi dut, baina berak ez nau ikusten. Korrika noa. Hanka asko dago. Zapatak. Ezin aurrera egin. Hotz dago. Treneko gortinak berotzen dit, eskuak, gorputz osoa, eta loak hartu egiten naiz.

 

rigak bufanda gorriarekin estaltzen du tripa.

 

MARGOLARIA: Non zaude? Utzidazu zure gorputza azkenekoz besarkatzen, esadazu non aurkituko garen, nola ahaztu, usain bat, fereka bat. Nola gogoratu, betiko.

 

emakume gaztea bere ilea mozten hasten da guraizeekin.

 

EMAKUME GAZTEA: Ate bat, ez dut zeharkatu nahi. Plater bat, lurrera. Hitzak, lurrera. Oinak lurrean arrastaka, korridore luzean zehar. Atea zabaltzeko eskatzen didate. Giltzak itsatsita ditut eskuetan, nire behatzak dira. Atea zabaltzen dut. Behatzik gabe geratzen naiz. Nola egin maitasuna behatzik gabe. (Tartea) Hobe begirada bikoitzez begiratzea, edo hirukoitza, ume batekin kaletik pentsatu gabe joan.

 

emakume gazteak ilea mozten jarraitzen du. kazetaria moztu egin da, odol pixka bat dario azaletik. Hemendik aurrera ahotsak geldotzen eta pilatzen joango dira bata bestearen gainean. Metamorfosi moduko bat gertatzen ariko balitz bezala.

 

KAZETARIA: Primeran, badakizu. Lan bat daukazu, etxe bat, auto bat, emazte zoragarri bat, bi ume, are zoragarriagoak. Dena perfektua. Telebista inteligente bat nahi duzu, zure buruarekin konektatzeko. Internet, zure burua, telebistak desiratzen duena, zure buruarekin konektatzen du, eta egina, zure buruaren kanal guztiak telebistan. Horrelako telebista bat nahi duzu. (Tartea) Mundua aldatu nahi zenuen, eta telebista bat erosi zenuen.

 

Esaldia amaitzerako, kazetariak aiztoa botatzen du, eta haren atzetik doa. Estrapozu egiten du.

 

RIGO: Utzidazu azkeneko maitasun hitza esaten.

PRESOA: Utzidazu egunsentia ikusten! Amets bat berreskuratzen. Garrasi bat. Ezin dut.

EMAKUME GAZTEA: Utzidazu, etorkizun bat irudikatzen...

RIGA: (Umeari) Utzidazu zuretzat... izen bat asmatzen.

KAZETARIA: (Garrasi egin nahian) Utzidazu egiak esaten.

 

kazetaria eszenatokiaren alde batetik desagertzen da.

 

MARGOLARIA: Beltz dago dena, zuria, jaiotza bat.

 

rigak gorputz osoan korapilatzen du bufanda. rigok petalo guztiak jan ditu.

 

RIGA: Utzidazu... (umeari) Zure aurpegia ikusten.

RIGO: (rigari isiltzeko keinua egiten) Entzun al duzu? Gerturatzen ari da. Ihintza, egunsentiaren negarra, arrosa batean.

 

Isiltasuna.

 

RIGA: Eguzkia... Desagertzen.

 

Isiltasun luzea.

Bakoitzak leku desberdin batean kokatzen du argiaren sorburua.

Erabateko iluntasuna.

Azpitik, uraren hotsa.