Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

I

 

bizitza arnasten dut

heriotza esan ahal ez izatea da heriotza

zure bila nabil bizitza eta heriotzaren artean

jada ez dakidalako bizidunen eta espektroen artean bereizten

 

arnasten dudan bitartean

bizi nahi izanagatik hausten naiz

hitz egiten ari den ahots hau ez da nirea

zurea izan daiteke biona gurea

ez gaitu inork gauaren etxera gonbidatu

ez gaitu inork munduaren babesera gonbidatu

argilunen biztanleoi

gogoratu gogoratu gogoratu izandako bizitza guztiak

zergatik ahanztura

lili bat magalean

aitaren eskuak amarenak

hiltzera doanaren azken arnasa ume baten negarra

ero baten argitasuna eta barruko suak

denek eman didate gerizpea

 

bakarrik nago gorputzaren ateen aurrean

bakardadea ez dago gehiago bakarrik

ekar iezadazu lili bat bizitza-heriotza

hildakoak bizirik dauden eta suizidak hiltzera doazen jakiteko

gorputz agonikoak buruaren menpe

gorputz etereoak aireari dantza egiten

suari urari haizeari lur madarikatu honi

 

zerbaitek tira egiten dit bizkarretik

eta begiak jartzen dizkit

amaiera posible guztiak asmatzeko

ez dago ezer aurretik idatzia

atomoen anarkia bat gara zergatik jarraitu gezurretan

bizitza kanibalismoa da eta artean

ahotik egiten dit ihes izanak

bizitzari odola zirrikitu batetik bezala

nola estali munduaren zuloak ahoarekin

kanibalismo honen burua eta organoekin etengabe konektatzen

no way ezin atera akabatuta zaude

akabatuta kanporatzen bazara

 

zerbaitek tira egiten dit bizkarretik

plazenta garrasiek ez dute jada balio

nire gorputz hitzez biluztua okertzen dut

gaua oinez zeharkatu bizitza hozkatzeko

zure ahotsaren bila negu luze honen eskuak moztu

izotzak beti zulatzen ditu ahoak birritan

esaten denaren eta izanaren arteko bideak puztuz

itsasoak zeharkatu zenituen nireganatzeko

bizitza eskainia desegiten

orain nire laztanak haizea mozten duten hegal eroriak dira

 

gauak nire odola zurrupatzen du

eskuak hazi egiten dira haizearekin mugitzeko mugitzeko mugitzeko

nire hildakoen bila abiatu naiz

aspaldi abiatu nintzen

baina denborak itoarazi egiten nau umezurtz