Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

II

 

gauez zabaltzen dira beldurren zirrikituak

zer dakigu beldurraz eta askatasunaz

gure ohe erorietan

argi-itzalen biztanleok

 

gizon-emakumeon angustia

memoriaren mugak zabalegiak direlako

asmatzen dira errealitateak eta usteltzen zentzumenak

gorriz janzten ari dira emakumeak

biluzten doaz gizonak

animaliei aspaldi gogortu zitzaien azala

eta poemek loreak jartzen dizkigute sorbaldetan

 

izatearen eta bizitzaren konjuroa gauaren kontra

airetik zintzilik gaude belar puskak bezala

gauaren zuloetan bizitza usnatzen dugu

askatu aurrez eraikitako harresietatik

bizitza kanibalismo ekintza bat da eta askatasuna

mila aurpegidun munstroa

eta hemen gaude gure minekin bizitza sortzen

heriotza esan heriotza erailtzeko

 

edonon daude harresiak

gure beldurren oihalak

atzera aurrera alboetara begiratzen dugu zerbaiten bila bila bila

harresiak arkitektura zuri bilakatu dira alkandora beltzentzat

beldur gorroto harresiak pribatizatuak publikoak monotonoak

osmosiak sortuak begi-bistakoak eta ikusezinak

eta hemen gaude ustelkeria lurperatzeko

 

zertarako hainbeste bizitza

gero lapurtu egiten badigute

askatasun une asmatuak erosten jaten denbora galtzen

irabazten larrua jotzen saltzen

harresiek bizitza osoa jartzen dute lanean

eskutik doaz utopia eta desengainua

zentzugabea da bizitza baina bere deia

geratzen den zentzuaren oihartzuna da

sarraskien pilaketa metaketa el vacío el vacío

dena da posible baina ezin dugu ezer egin

bakarrik utzi dugu mundua bakartua

 

gasezko lainoak laba lur izoztua zapaltzen dugun azaleraren jaiotza meteoritoak

ekaitz elektrikoak sumendiak uholdeak

eta ez zegoen begirik hura ikusteko

 

gasezko armen iragarpena nazismo finkatua bonba atomikoa

eraso suizidak hondamendi harresiak faxismo postmodernoa

kontenedoretan itotako etorkinak

kutxa infinituak denboran eta espazioan galdua

eta miseriak zure aurpegia erabiltzen du zapi bezala zikinkeria garbitzeko

 

nork asmatu zituen sentimenduari beldur dioten jainkoak

nork ergelkeria sakratu egiten duten erlijioak

nork erakutsi zigun korrika egiten

korri korri korri mingaina kanpoan desirak kanpoan

denborak markatutako harriak

gorrotoak markatutako azala

norentzat jartzen dituzte hesiak desertuetan

norentzat lore jada ihartuak

heriotz liofilizatua zurrupatzailea ate joka el horror el horror

bihar ere ez dira ahoak eskuak oinak begiak geratuko

 

biziraungo dutenen bila zabiltza

erresistentzia azken ekintzan heriotzaren aurre

itzaltzen ari dira gure aurpegiak mozkortzen doaz itzalak

gorputzaren artxipielago madarikatuak

zergatik ez gintuzten airezko egin

lurra arinago zapaltzeko

minaren gainean hegan egiteko

zein gutxi behar dugun kaiolatzeko eta zenbat askatzeko

mintzak organoetan sentimenduetan bihotzean

osmosia tetraplegia sentimentala

 

beloak altxatzeko ausardia

saboteatu bizitza hondamendia baino lehen

bortxatu munduan barneratzeko kodeak

altxatu beloak eta ametsak eta desirak

errealitatearen munstroez gainezka gaudenean

gauaren bizi nahiaren azken borrokan