Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

III

 

haizearen distira eta bizitzaren dardara

gerturatzen ari da

gorputz guztien demokrazia ekarriko duen heriotza

ateak irekitzera zoaz

herdoilduak daude baina

odolezko eta burdinazko sustraiekin

aurora arte jarraituko du orroak

kilkerrek agortu arte egingo dute kanta

entzuten ari diren zakurrak bilakatzen garen bitartean

 

ikusi ilargiaren magaletik azken musuak irristatzen

sabeleko liliak aitaren eskuak amarenak

umeen negarrak hildakoen arnasak

eroen barruko suak eta argitasunak

denbora maitasuna egiten ari da denborarekin

luzatzeko plazeraz bizirauteko

egunak bere buruaz beste egin baino lehen

 

itzalei izenak jarri behar dizkiegu

hildakoenak har ez ditzaten

heriotza itzaletan biluzik etzaten denean

heriotza urik gabeko euria begietan harrapaturik

zuhaitz bati bezala kendu digute azala

zentzumenak sentimenduak zatika

hainbeste urte bizitza imitatzen

ispilu jada zaharkituetan eraikitzen

baina ez gara hildako guztiak egunsentian sartuko

munduan sartu ez garen bezala

 

beldurra heriotza konpartitu ezinaren aurrean

gorputzak ihintzaren urjentziara irekiak

azken gorozkiak zizak txistuak zauriak odolak

azalak azalen kontra

bizitzaz zurrupatu

munduak kanibalak bilakatzen gaituenez goazen elkar irenstera

irrikatutako arintasuna azkenean

bularreko ileak begietan amiltzen

aurora, jarri begiak azalean

 

hilotzak ikusten hasi naiz

ahotsik gabeko gau bat bezala erortzen

dantzan ari dira eskeletoak

enaren azkeneko kantua

igelek kloaketan bilatzen dute

negarrez ari dira malko guztiak bakar batean

heriotzaren korua konposatzen dute

zergatik ez dute aurretik negarrik egin

 

hitz egiten ari den ahots hau ez da gurea

euri asko egin du geroztik

esnatzen ari dira zuhaitzen itzalak

egunsentiarekin bat egiteko

beso erreetako aurora malkoetan desegiten da

beti egongo da espazio bat kanpoko espazioaren ondoren

baina leihoak, non daude leihoak?