Mendi ta itxaso
Augustin Zubikarai
Mendi ta itxaso
Augustin Zubikarai
Antzerti, 1983
Mendi ta itxaso
Augustin Zubikarai
Antzerti, 1983
[aurkibidea]

 

II EKITALDIA

 

 

I

 

(Ondartza baten egaleko aitz-artea, erritik kanpora, itxas-ertzean. Atzean, zulo andi bat, antxiņetatik “Ama Birgiņa zuloa” deitzen dautsena.)

 

ibon, ande, lore, garo eta toda

 

ANDE: Unai ez da etorri.

LORE: Etxean ez dautse lagaten gugaz ibilten.

GARO: Baita zera be! Bildurra dauka arek.

IBON: Zeren bildurra?

ANDE: Memelua da ta... emen, ondartzako arri koskorrak ainkak minduteko bildurra.

TODA: Ez da origaitik. Neuk dakit ondo.

ANDE: Zegaitik da ba?

TODA: Zulo orretan Ama Birgiņa ibilten dalako.

IBON: Esango-neuke...!

GARO: Gure aitak esaten dau orrek ez dirala egiak. Amak ostera baietz.

TODA: Gurian be amak esaten dau benetan dala. Bestela zegaitik deituten eutsen danak toki oneri Ama Birgiņa-ren zuloa?

LORE: Eta Manu be ez da etorri.

IBON: Maixuak zigortu dau.

LORE: Zegaitik?

IBON: Bera ta ni berbetan ibili garealako.

GARO: Etatzu libre? Danak esaten dabe, Ibon, zu maixuaren zera... bai, aixe zareala.

IBON: Ni? Nok esaten dau ori? Mekatxis! Niri baiņo koskor geiago iņori atara izan dautsa?

TODA: Bai zera, zugaz olgetan ibilten ei da.

IBON: Ori esaten dauanari, okotsa dindilizka lagako dautsat.

LORE: Berba asko egin eta gero, amagana joan negarrez.

GARO: Gaur be Manu zigortu ta zu ez?

IBON: Biok zigortu gaitu.

LORE: Zetara?

IBON: Ba berreun bidar bakoitzaren izen abizenak idaztera.

TODA: Zelan zagoz ba emen?

IBON: Amaitu dodalako.

LORE: Eta arek ez? Zu baiņo makalagoa da ala?

IBON: Ez baiņa... kakua.

LORE: Zelako kakua? Egin dozu tranparen bat.

TODA: Zu Ibon Papardo ez zara ba ta a Manu Tramana?

IBON: Maixuarentzat ez.

TODA: Zer ba?

IBON: Bakoitzaren apellidua (abizena) nai izaten dabelako.

GARO: Orretara Manu-k gaur be ez dau amaituko. Ez dago orretarako eskubiderik.

LORE: Ez daki bixkor idazten ala?

GARO: Jo! Aren abizena ez dakizu zer dan? Manu Garrogerrikaetxebarriabarrena...

TODA: Errepatxi! Ia kilometro bat.

LORE: Eta zuk?

IBON: Nik? Ibon Ea.

LORE: Eta biok zigor bardiņa?

TODA: Berak be Garro bakarrik ipini bear leuke.

IBON: Maixuak esaten dau orrek ez dauala balio, pekatu bardiņak zigor bardiņa bear dauala, eta abizena ez dala berak asmatua, aitaren eta amaren kontua baiņo.

TODA: Baiņa etorriko da, ez?

LORE: Zein? Manu?

IBON: Nigaitik ez ba dator be...

TODA: Eta Peru?

IBON: Batek ba daki.

LORE: Etorten ez ba da ba dakizu beste mutillak zer esango daben?

IBON: Zer esan?

LORE: Zera! Igarri!

IBON: Zeņegaitik?

LORE: Ori zeuk pentsatu.

IBON: Zer esango dabe ba?

TODA: Nai dozu neuk esatea? Bai?

IBON: Guzurren bat esango dabe.

TODA: Edo ez.

IBON: Zer esango dabe ba?

TODA: Ba... Ibon neskatxiki zareala.

IBON: Ba dakit zegaitik diņozun ori.

TODA: Egia da-ta!

IBON: Ez dozuelako ibili nai nigaz.

            Joatea nai dozue, ez da ala?

LORE: Guk ez baiņa...

IBON: Joango naz, baiņa urrenguan ez etorri nigana ezer eskatuten.

 

(ibon, asarre, ba dua.)

 

 

II

 

ande, lore, garo eta toda

 

ANDE: Asarretu da.

LORE: Itsumustuan joan da.

ANDE: Kenduko jakoz umoreak.

GARO: Ederra bota dautsazu!

TODA: Ez al da egia?

ANDE: Zuk, benetan be, bialdu nai zendun?

LORE: Ez eta bai.

ANDE: Bai ala ez naiago?

LORE: Nik damua lakoxea daukat.

GARO: Niri, bestiak ba lebiz, ardurarik ez.

ANDE: Zuk Peru dozu lagun eta...

GARO: Baita zera be.

ANDE: Ez dakigulakoan!

LORE: Atzo be berak lagundu eutsun eskolako ariketak egiten.

GARO: Ori kontaten dabillena be jausiko da. Txoliņa!

ANDE: Nik ez dot esan kontatearren.

GARO: Zer ba?

ANDE: Eta ni ez naz txoliņa, ba dakizu?

GARO: Zegaitik zabaldu dozu ba?

ANDE: Ba... urten dabelako.

LORE: Zer dauka ze ikusi orrek?

GARO: Ez, baiņa... ba dakizu. Esan bearra.

TODA: Gure aitak esaten dau Peru-ren ama eta zuena lagun andiak dirala.

GARO: Baita zeueneko aita eta ama be! Iņo! Moņetiak ez dautsu urten? Eta ori da dan dana?

ANDE: (Ondartzan zerbait bizllatzen dabela)

            Ene! Begira! Ama Birgiņaren sandalia txikia.

GARO: Zer?

TODA: Zeure pongolak!

ANDE: Auxe ez da izaten ba?

TODA: Ori txirla oskola izaten da.

ANDE: Nok esan dau ori?

TODA: Sor Marta-k esan euskun bein.

ANDE: Asko daki arek itxasoko gauzarik, baserritarra ba da. Baserritarra tirri-tarra, jo popan da errekara, dala, ez zenkien?

TODA: Eta ikasi ba dau?

GARO: Gure aitak esaten dau baserritarrak sekula ez dabela ikasten itxasoko gauzarik.

LORE: Gure amak esaten dau ez pentsateko gu bitsetan biziarren, areik autsetan bizi diranik.

ANDE: (Bere pitxia erakutsiz) Ikusten? Polita ez da ba?

TODA: Ama Birgiņaren sandalia ori? Ume mantokua izan zan ala?

ANDE: Eta ez zan izan ala?

GARO: Baita nik ara emen, Jainkoaren begia billatu.

TODA: jaungoikoa potxolua da orretara!

GARO: Ori esatea pekatu da.

TODA: Zegaitik?

GARO: Burla egitea dalako.

TODA: Begia galdu ba eban?

ANDE: Gure aitak be orrelaxe dala esaten dau. Pitxi orreri Jaungoikoaren begia deitzen dautsela. Gordeta daukaz ainbat orrelako.

TODA: Zetarako?

ANDE: Ez dakit. Guraria izango da.

TODA: Espirituak begirik eukiten dabe?

GARO: Zegaitik diņozu ori?

TODA: Nik esan, itandu.

GARO: Eta Kristo espiritua izan zan?

 

 

III

 

ande, lore, garo, toda, peru, manu eta unai

 

(iru mutillak batera agertzen dira, aitz gaiņe baten, alaitsu.)

 

PERU: (Deika) E! Nun zabize?

LORE: Ba zatoze?

PERU: Zegaitik iges egin dozue?

GARO: Guk? Zuek ez zarielako etorri.

MANU: Eta Ibon?

TODA: Ez dozue bidean billatu?

UNAI: Ez a eta ez beste iņor.

LORE: Oraintxe joan da ba.

            Ez dakizue? Asarretu egin da.

UNAI: Lenengoz: a!

LORE: Ez barrerik egin. Benetan.

UNAI: Zegaitik?

LORE: Toda-k dauka errua.

TODA: Nik? Orain be nik?

LORE: Neskatxiki deituko dautsela esan bearra be!

TODA: Ez al da egia?

PERU: Orretara guri be bai?

TODA: Ez da bardin, danok ibili edo bat bakarra beste guztiekin ibili.

MANU: Nora joan ete da?

GARO: Nunbaiten eskutauta egoteko be gertua!

LORE: Gu igarian ikusi ta bildurtuko gaitulakoan irrika asteko?

GARO: Ia, etorri Peru. Au Jainkoaren begia ez da ba?

TODA: Oni Unai-k be jakingo dau.

MANU: Eta Peru-k esatea naiago ba dau?

GARO: Orrek ez dau balio. Adarra joten asi zarie.

UNAI: Zelako zarata dabil or barruan?

TODA: Itxasoko zarata.

UNAI: Ez, baiņa or barruan.

TODA: Olatuak ataraten daben zarata.

UNAI: Olatuak beste aldian dabiltz.

TODA: Euren burrunbada izango da.

GARO: Aizea be olgetan ibilten ei da or barruan.

UNAI: Zeiņegaz olgetan?

MANU: Ez egizu bildurrik, Unai.

PERU: Ez zaitez estutu.

MANU: Kalatxoriak be ortxe lo egiten ei dabe. Alakoren bat ibiliko da.

PERU: Ez ikaratu. Ikusten? (Zulo ondora urreratu eta arrika egiten dau barrura)

            Entzuten? Arria sartu da ta zaratatik be ez. Galdu.

TODA: Esaten dabe zulo andia dagola barrura. Sekula iņor -ez dala ausartu barru-barrura joaten.

UNAI: Zegaitik ez?

PERU: Esaten dabe sartu ta sartu eta gero, itxasoa billatzen dala.

UNAI: Zelako itxasoa?

PERU: Guk zer dakigu ba? Bear ba da itxasoaren ondua izango da.

GARO: Berbetan ez dabil iņor?

PERU: Bai zera! Gure berben oiartzuna (ekoa) izango da. Ez dakizue mendian be zelan gertaten dan?

            (Deia) E! Eee!

            Ez dozue igarten? Gure zarata da.

PERU: (Zulo aldera dei luzean) Unai! Unai!

MANU: Entzuten?

            Ai... ai...! ixil baiņa luze entzun da.

UNAI: Benetan?

LORE: Urrun entzun da, bai, sakonean.

UNAI: Orain ez da iņor igarten.

PERU: Ez da egun guztian erantzuten egongo.

            Barriro deituko dot.

UNAI: Nire izenik ez.

PERU: Zegaitik ez?

UNAI: Ez dodalako nai.

PERU: Ez zaitez ain koldarti.

UNAI: Nai ez ba dot, zer?

PERU: (Deika) Garo! Garo! !

            Konturatzen? O,ooo! erantzuten dabe.

UNAI: Norbait bizi da.

PERU: Ezetz ba! Koba askotan be ura ez da egoten?

ANDE: Itxas laiņoa lakoa dator barrutik.

UNAI: Alaxe dator. Lurruna lakoa.

PERU: Gure aitak esaten dau barruko uren izerdia dala.

ANDE: Ene! Begira or aurrean, zelako pitxia.

            Au lengoa baiņo politagoa da.

 

(Artu ta erakusten dabil)

 

TODA: Ori? Ori txirla zarren oskola da.

ANDE: Sekula ikusi dozu ain txirla andirik?

TODA: Urtetan asiko zan.

LORE: Lapa zarra da. Eguzkirik ikusi bako lapa zarra.

            Ikusten Unai?

UNAI: Laga egiozu. Ez egin miņik.

ANDE: Oskol zatarra da ta zelan artuko dau eta nun miņa?

 

(Aitz baten aurka jaurtiten dau)

 

 

IV

 

Lengoak eta abotsa

 

ABOTS: (Barrutik) Ume potozorri! Nok agindu dautsu itxaskiak orrela jaurtiteko? Ez dakizu lapak be bizia eukiten dabenik.

ANDE: Oskola da.

ABOTS: Eta ez dakizu oskol zarretan lapa barrien karea egoten danik?

ANDE: Sorgiņa-zara.

ABOTS: (Barrezka) Sorgiņik ez da bizi itxasoetan.

ANDE: (Iges egiten asten da)

ABOTS: Geldi! Ez alperrik iges egin. Ezin ziņei iņora joan.

ANDE: (Garraxika) Bai, ba nua! Ba nua!

ABOTS: Nora? Zoro! Ama Birgiņaren kobako zaindariak zure biziaren aria eskuetan artu dogu.

            Lapa biurtuko zara, geuk nai dogun arte.

ANDE: Ni lapa ez. Umea naz, neska.

UNAI: Iges, iges danok arin.

ABOTS: Koitaduok!

            Ez alperrik alegindu. Ezin dozue.

            Iņor ausartu al da oraiņarte itxasoa eta bere inguruen aurka?

            Ez dozue ikusten? Nai ta be ezin dozue zirkiņik egin. Ezin. Ez daukazue indarrik.

UNAI: Umeak gara! Gure etxeetan ez dakie nun gabiltzan.

ABOTS: Itxasoak bizia ba dauka, baiņa biotzik ez. Ez zenkien?

UNAI: Ez zaite arrotu gugaz!

ABOTS: Zuek gure naia betetera lotuta zagoze. Ikusten ez dozuen katea daukazue inguruan.

            Sartu, sartu danok koba barruan. Zeiņen zain zagoze?

 

(neska mutillak sartu nai ez-ka agertzen dira, alkarri begira)

 

GARO: Dardaraka zagoz, Peru.

PERU: Zu karea baiņo zuriago.

UNAI: Zeugaitik etorri naz, Lore.

LORE: Ia gaixotu be egin naz.

ABOTS: Onean sartu nai ez? Olatu andi bat sortu eragin eta danok marrez eroatea naiago?

(Deika) Lapa! Lapa zarra! Entzuten lapa? (Aurrean dagon aitz andi bateri deika dabil)

            Aitz biurtu ziņan, baiņa oraindik lapa zara! Artu amasa, zabaldu zure egala ta iruntsi, eta zeure barruan gorde, guk agindu arte, zugaitik txarto esan dabe neska koskorra!

ANDE: (Makurtu eta ezezkoak egiten) Ez! Ez! Parkatu! Ni ez!

ABOTS: Okertu, makurtu, nai belauniko negarrez jarri, bardin da. Lapa biurtuko zara, guk nai arte, eta itxasoen kresalaz biziko zara, beste barik, koba onetako misterio lez.

 

(Kobako ezker aldean dagon aitz irudiko lapa zar andia, zabaldu egiten da, aizea eta bitsa jaurtiten lez, eta ande iruntsi, onek garraxika ekiten dautsan artean.)

 

ABOTS: Ikusten?

            Zeiņeri atsegin lanpernak, zeiņeri mutxilloiak, zeiņeri mongoliņoak, zeiņeri txirlak? Danentzako dagoz etxeak.

            Zegaitik ez zarie beste barik sartzen?

UNAI: Ni lenago ilgo naz, sartu baiņo.

 

(beste guztiak jezarri egiten dira, sartu nai ez da, alkarri lotu edo besarkatuten, ikaraz.)

 

ABOTS: Jezarri nai belauniko makurtu, bardin da. Nire agindua emona dago ta beste barri bat arte iņor ez da geratuko nik agintzen dodanik bete barik.

            Manu!

MANU: Ni?

ABOTS: Zu ez zara ba Manu?

MANU: Zelan dakizu? Nundik?

ABOTS: Jakin bearrik ez daukat nor zein dan ezagutzeko.

            Zu lanperna biurtuko zara ta zure atsegiņez beteko dozu kobakoen bizia.

MANU: Ni lanperna? Eta nire ama! Eta nire amuma zarra!

ABOTS: Lanpernak ez al dauke bizirik?

MANU: Ni lanperna ez, ittoko naz-eta!

ABOTS: (Aurreko lanperna irudidun aitzari deika)

            Aittitta lanperna! Itxasoetan bizi dan lanpernarik andiena!

            Luzatu, luzatu zure azal tutua, ta iruntsi, itxasoaren indarretan sinistu nai ez daben mutiltxo au, gizaldien gizaldietan berak eta bere ondorengoak lanpernak lez itxasoaren aurrean makurtuten ikasi dagien!

 

(Aitzetik bera lanperna azala jausten da, eta burutik bera manu estalduta laga)

(Gero ta ikaratiago dagoz beste guztiak. Belauniko jarten dira eta otoitzetan asi)

 

LORE: Itxasoen eskutuko ala. Sinistuten dogu zure indarretan.

BESTEAK: Sinistuten dogu. Parkatu.

TODA: Itxasoen eskutuko ala. Sinistuten dogu zure izakietan.

BESTEAK: Sinistuten dogu. Parkatu.

ABOTS: Bildurraren naigabea da ori.

PERU: Itxasoen eskutuko ala. Zure indarren aurrean bildurtuten gara. Zure esanetara gertu gagoz.

BESTEAK: Gertu gagoz. Parkatu.

ABOTS: Oraindik maitasunik ez dozue agertu, bildurra baiņo.

PERU: Dardaraka eta bildurretan zer maitatu leike?

ABOTS: Nire eroapena asarretu eta irakiten jarri baiņo len, sartu zaiteze. Ezagutu itxasoaren eskutuak. Ezagutu, zuek eta zuen ondorengoak itxasoari lotsa euki dagien.

            (danak sartzen asten dira)

            (unai-ri) Geldi zu, Unai.

UNAI: Zegaitik?

ABOTS: Geldi esan dot.

UNAI: Lagunekin joan nai dot.

ABOTS: Agindurik ez ukatu.

UNAI: Nire lagunen zoria nai dot.

ABOTS: Aitz biurtutea nai dozu?

UNAI: Ez. Baiņa nire adiskideak dira danak. Eurekin nabil. Zetarako aldendu?

ABOTS: Edo olatu amorratu naiago?

UNAI: Jausi bear naz. Ezin naz zutik egon. Lagunak doazan tokira nai dot. Eurekin nai dot.

ABOTS: Bildurtiegi zarealako, sekula ez dozu jakingo zuk itxas-indarren eskuturik eta birtuterik.

            Geldi zaitez emen, atean, edo emendik kanpora egizu nai dozuna, barruan ez.

 

 

V

 

unai bakarrik

 

(Unetxo baten negarrari ezin eutsita egoten da.)

 

UNAI: Ene ba da! Zer esango dabe etxean?

            Eta lagunak eta euren etxetan?

            Ez dakie etorri gareanik be ta! (Bat-batez) Ba noa! Jo! Bideak urak artuta. Beste alderdia be bai...

            Itxasoa gora dator. Len baiņo gorago dago orain. Noraiņo elduten ete da?

            Eta igarian be ez dakit.

            (Deika) Laguntza! Laguntza! Laguntzaaa! ! Ittotasuna daukat. Ezin naz egon be. Ene!

 

(“Lapa-aitza”ren oskola joten asten da. Eskuekaz lenengo. Gero arri bategaz.)

 

            Or zagoz Ande?

            Entzun! Urten ortik Ande. Ortxe ez zagoz ba?

 

(“Lapa” egal batetik, zabaltzen asi dala igarri ondoren, ur purrustada batek urten eta barriro itxi egiten da.)

 

            Bizi zara, Ande?

            Zegaitik ez dozu iges egiten, eta nigana etorri? Lagundu egidazu.

            Jo! Zabaltzen asi ta barriro eskutatu. Eta aiztorik be ez daukat, egaletik sartu ta zabaldu eragiteko.

            (“Lanperna” aitzera urreratuz)

            Eta zu Manu?

            Ez dago barruan inor? Eta or ba zagoz, zegaitik urten ez? Ezin? Pla-pla pla jotea nai?

 

(Ur purrustada bat jaurtiten dau goitik.)

 

            Ene ba! Zer da au? Bizi zareala? Manu zara ala iruntsi zaitun lanperna?

            Iņo! Izerditan nago. Bustita be bai.

 

(Lanpernaren azala jo ta jo)

 

            Manu! Manu! Entzuten?

            Amesetan nabillela uste dozu? Zegaitik ez dozu bizi zareala erakusten?

 

(Koba zulora urreratzen da.)

 

            Zegaitik besteak barrura ta ni kanpora?

            Estutasunak itto bear nau. Arnasarik be ezin dot artu. Ene!

 

(Koba barrura deika)

 

            Peru! Peru!!

            Ibon! Ibon!!

            Ezelako zaratarik be ez.

            Garo! Garoo!!!

            Lore! Loreee!!!

            Ezer be ez da entzuten.

            Iņok be ez dau erantzuten.

            Ezin leikez ba urrun egon.

            Toba!

 

(Negarrez jezarten da)

 

            Besterik ezean, makilla luze bat ba neuke, aitz gaiņean alkondara ipinteko, baten batek ikusteko be!

            Jo! Baiņa zer egin dot nik? Zer egin dot nik?

 

(Barrrro arri bategaz “Lapa” eta “Lanperna” joten ekiten dautso, gero ta negar zotin geiagoz.)

 

 

VI

 

unai eta ibon

 

IBON: (Barrutik) Manu! Manu!

UNAI: Nor zara?

IBON: Ezagutzen ez?

UNAI: Gu salbatzera zatoz?

IBON: Ez bildurtu. Laster asiko da ura beratzen.

            (Aitz-gain baten agertzen da.) Ene! Manu ziņala pentsatu dot. Unai zara, ez?

UNAI: Baiņa nun zagoz?

IBON: Emen, goian.

UNAI: Jo! Au izan da bildurra, Kristina Kolon.

            Ura be gora dator. Noiz arte?

IBON: Ez. Ba dua berantz.

UNAI: Jatxi zaite.

IBON: Ezin nei oraindik.

UNAI: Laprast egiteko bildurra?

IBON: Koskarik ez dot ikusten.

UNAI: Neuk eutsiko dautsut.

IBON: Bustia dago ta txirrist egin lei.

UNAI: Kristo! Geiago ez.

IBON: Zer?

UNAI: Ez nazuela geiago atrapako.

IBON: Neu be ez.

UNAI: Nok esan dautsu emen gengozala?

IBON: Zu baiņo lenago etorrita egon naz.

UNAI: Eta nun zebizen?

IBON: Ni, Unai, ez asarretu, e?, neskak ez nabe ikusi nai.

UNAI: Koplak.

IBON: Egia. Nik ba dakit Lore zeugaz ibilten dala, ba dakizu ezta?, baiņa besteak be naiago dabe ni barik ibili.

UNAI: Olgetan egiten dabe.

IBON: Ni, ba dakizu?, neskatxiki deituko daustela ta euren artetik bialdu egin nabe.

UNAI: Eta nora joan zara?

IBON: Egi-egia esango dautsut, e? Beste lagunak zerbait igaro jatala ez igartearren, ementxe aitzetan ibili naz eskutauta.

UNAI: Ointxe be neskak zaintzen zu.

IBON: Ez. Begira. Garo be Peru-ren atzetik dabil. Ba dakizu?

UNAI: Danok lagunak ez gara ba?

IBON: Bai, baiņa, ba dakizu, batzuk beste zerbait.

UNAI: Onezkero gurean keixu ibiliko dira nun ete nabillen.

IBON: Gurean ez dautse ainbeste ardurarik.

            Zelan joan dira danak barrura eta zu geratu?

UNAI: Ia, ez dakit zer esan be.

IBON: Bildurtuta?

UNAI: Abotsa entzuten zan.

IBON: Nun?

UNAI: Barruan.

IBON: Baita zera be.

UNAI: Besteak, nai ez da be, sartu egin dira. Txupoia lako aizea etorri da, eta tengadaka lez eroan.

IBON: Olatuak beratzen diranean, ez dakizu?, or barruan dagon zuloa arnas amen asten ei da, eta ango utsuneak txistua lako aize luzea ataraten dau.

UNAI: Zelan dakizu?

IBON: Gure aitagaz egonda nagolako.

UNAI: Orretara ba dakizu or barruan neskarraiņak (sirenak) bizi dirala be.

IBON: jakingo ez dot ba?

UNAI: Inoiz ikusi dozuz?

IBON: Gu etorri giņan baten neska batzuk ebiltzan jantziak erasten.

UNAI: Neska arrainak?

IBON: Txilioka asi ziran eta kanpora bialdu ginduezan.

UNAI: Zelakuak ziran?

IBON: Geu lakoxeak, Gero gona utsik igari egitera etorri ziran.

UNAI: Kutxillorik ba daukazu?

IBON: Zetarako?

UNAI: Aitz andi onen atzean lapa biurtuta geratu da Ande laguna.

IBON: Nok esan dau ori?

UNAI: Geuk ikusi.

IBON: Dardaraka, begiak be saltoka darabizuz, Unai.

            Ba dakizu? Lapa-aitz deituten dautse orreri, lapaz beteta egoten dalako, baiņa txikiak. Ez dakizu zure kontu ori ona ez urreratzearren umeei esaten dautsen guzurrezko ipuņa dala?

            (Kutxilloagaz lapak ataraten) Begira. Bat, kanpora. Bestea, kanpora.

UNAI: Ura be jaurti dau zulotik len.

IBON: Askok botaten dabe. Zuen aita dendari dana, gurea lakoxe arrantzalea ba litz, jakingo zenduke.

UNAI: Eta lanperna?

IBON: Nun?

UNAI: Emen aurrean. Ikusten? Pla-pla-pla jota zelako biguna dagon?

IBON: Ene ba! Lanpernak, an, aitzak amaitzen diran tokian, azpiko zuloetan egoten dira ta ez emen goietan.

UNAI: Eta azal au?

IBON: Nungo azala?

UNAI: Ikusten zelan zatitzen dan?

IBON: Ori aitzeko orbela dala, ez dakizu?

UNAI: Eta Manu? Lanperna biurtu zan Manu?

IBON: Nok ikusi dau ori?

UNAI: Geuk, benetan.

IBON: Ez neuke sinistuko... maixuak esan da be.

 

(Aize soiņu luzea, txistuka, dator barrutik.

Ikaratu egiten da unai eta igeska asi.)

 

IBON: Nora zuaz?

UNAI: Edonora. Guazen emendik.

IBON: Ondo zagoz? Aitzetan ibilten ez dakizu zuk.

UNAI: Eta txistu ori?

IBON: Aizearena.

UNAI: Neska arraiņen aizea?

IBON: Barruko aizea. Jo-ba! Onera etorriko ba ziņa ni lez sarri... Gaiņera, ointxe lez, marea beratzen asten danean entzuten da sarri. Esaten dabe barruan dogozan zuloetatik agertzen dala.

UNAI: Nik gero ta bildur geiago daukat. Begira, ikusi zelan datozan!

IBON: Zer etorri?

UNAI: Arraiņak edo ez dakit zer.

IBON: Ez zaitez kaka larritan asi.

UNAI: Ez dozuz ikusten, ala?

IBON: Ez dozu esan, ba, gure lagunak barruan dagozala?

UNAI: Orreik ez dira, edo sorgindu egin dituez.

IBON: Zuek ez dozue balio gugaz ibilteko.

UNAI: Balio ez?

IBON: Aitzetan ibilteko ez beintzat. Zuk fantasmen liburu geiegi irakurten dozuz.

UNAI: Kaka gurea daukat.

IBON: Eutsi, bestiak lez.

UNAI: Ezin.

IBON: Oraindik ezin lei iņora joan. Nesken aurrean ez zara kukulumutxu jarriko, ezta?

 

 

VII

 

danak

 

(Txistuka eta uu-uuka datoz, koba barrutik, len sartu ziranak. arrain eta itxaski jantziekin datoz. lapa eta lanperna aurretik. Gero beste arrain jantzidunak. Kantari. Aurrez abotsa entzungo da.)

 

ABOTS: Jaunak! Andreak! Ez ikaratu.

            Itxasoetan ikaragarrizko iraultza sortu da. Urak geiegi berotu dira eta bertako arraiņak ezin bizita igesi datoz. Arrain gaiztoak agertu dira, txarta-txartaka, irakiten lez. Eta arrain txikiak eta txikiak ez diranak be igesi egin dabe, al izan daben moduan, aitz artetatik, eta emen datoz, ur epelagoetara joan nairik, danak marrez.

            Ez iņor bildurtu. Berbetan ez dakie baiņa bai kantaten. Eta urik barik bizi ezin diran lez, ariņeketa baten igaroko dira. Alaz eta euren ezaugarriak emongo dautsuez, urrengoan baketan laga dagizuezan itxasoetan.)

ARRAIŅAK: (Agertu ala, kantari. Itzak erakusten dabe zelan abestu.)

 

                        Ni naz LANPERNA eta

                        ni naz LAPA zarra,

                        bai ta ni TRAMANA edo

                        batzuntzat MUXARRA.

                        Ni barriz AKULIA,

                        au ITARGI arraiņa,

                        itxasotik igeska

                        danok arrastaka.

 

                        TRAMANA da zatarra,

                        plakatxa MUXARRA,

                        zu barriz LAPA zarra

                        zapal ta igarra.

                        ITARGI arraiņari

                        ez iņok ziririk,

                        bestela AKULIAK

                        pikoka atzetik.

 

(Uu-uuka joaten asten dira, aurrez salto batzuk egin ondoren. Bidean itargi arraiņak bere jantzia kendu eta unai-ri.)

 

            —Zer da Unai? Gure entsaiua atsegin? Urrengoan obeto, zeu zuzendari zareala. Baiņa zer daukazu izterretik bera? Arraiņentzako janaria?

 

(oiala bixkor)