Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

PEDRO MARI ETA MARTIN JOXE

 

(Agerraldi honen bitartean, agertokiaren atzeko adetik, espainar gudariak iragan bitez alde batetik bestera, gaizki jantziak, zikinak eta itxura txarrekoak eskuarki. Hauetako bi, bizpahiru edo hiruzpalau aldiz igaroko dira Pedro Mari-ri begira zenbait keinu edo jestu adierazkor eginaz. Errege-ordekoa eta gudalburu batzuk igaroko dira eskuin aldetik ezker aldera, Pedro Mari-k bere lagunari haien nortasunaz galde egiten dionean.)

 

PEDRO MARI: Hauxe halabeharra, Martin Joxe! Oraintxe nindukan joatekoa hire etxera despeditzeko.

MARTIN JOXE: (28/30 urte. Errazuarra da, baina urtebete darama ezkondurik Olague-n bertako alaba batekin. Pedro Mariren ahaide egiten da, bestengusu edo zerbait halatsu. Ezkondu aurretik kontrabanduan ibiltzen zen Errazu-tik Baigorri-ra eskuarki eta zenbait aldiz Pedro Mari-k lagundu zion lan hontan urte pare batean. Horietako ibilaldi batean ezagutu zuen Pedro Mari-k Baigorri-n bere Kattalin Eiharaldeko. Martin Joxe, atxurra bizkarrean, sorora lanera doa. Artzanora ere eraman dezake berarekin, arratsean ardiak bildu behar baititu). Kaixo Pedro Mari, ba al hoa?

PEDRO MARI: Bai, azkenean banatxiak, hemen gauza onik ez zegok-eta. Lehenago joan behar nian. Baina badakik, bi gauzek lotzen nindutekan: Kattalin-ek eta amonak. Bi lokarriok puskatu dituk eta baniak.

MARTIN JOXE: Ongi egiten duk. Ameriketan lana eta bakea aurkituko dituk eta dirua egin ahal izango duk. Nerau ere pozik joango nidukek hemen datorkiguna ikusita. Zein kaitan (portutan) itsasoratzen haiz?

PEDRO MARI: Buenos Aires-era joateko non nahi har daitekek, baina nik Txile-ra joan nahi diat, han lagunak baitzeuzkat eta berek lagunduko zidatek lehendabiziko pausoak ematen. Txilerako ontziak berriz Bordeletik eta Kadiz-etik bakarrik ateratzen omen dituk. Bake denboran Bordele-tik joango nindukek, hurbilago baitzegok, baina gaurko egoeran Kadiz-era jo beharra zeukat.

MARTIN JOXE: Gerla gainean diagu eta ikusten duanez herria soldaduz bete zaiguk. Ez zegok oraintxe giro.

PEDRO MARI: Frantziako mugetara ote zihoaztik?

MARTIN JOXE: Bai, Frantziako muga defendatzea lehenik eta gero, diotenez, Frantzia konkistatzera Pariseko tronuan erregea jartzeko.

PEDRO MARI: Hori al diote? Bitxi da, zeren frantsesek diotenez Errepublika Madrilera eraman behar omen ditek eta ez omen duk fraide eta inkisidorerik bizirik geldituko Espainia guztian.

MARTIN JOXE: Bakoitzak bere gisa hitz egiten dik. Geroak esango nork duen arrazoi. Dena dela, soldaduok bartarratsean heldu zituan Olague-ra. Logroño-tik bi ekitalditan etorriak dituk noski eta nekatu xamarrak beraz. Hemen errejimendu bat kokatu duk, baina Iruñean eta inguruetan gehiago omen daude Nafarroa eta Frantzia arteko mugetara ateratzeko prest. Hemengoak Baztan-era zihoaztik.

PEDRO MARI: (Soldaduei begira). Jende narratsa eta traza txarrekoa.

MARTIN JOXE: Halakoa ohi duk koko jendea, gaztelaua. Argi ibili horiekin Gaztelako lurraldetan zehar hoanean.

PEDRO MARI: Eta horiek nortzuk dituk? (Errege-ordezkoagatik eta gudalburuagatik). Buruzagitakoak ziruditek.

MARTIN JOXE: Bai, errege-mandataria (ordezkaria) eta errejimenduko koronela. Sekula ez diat ikusi gure Nafarroa soldadu arrotzez zapaldurik. Frantsesei ateak itxi beharrez, gaztelauak sartu zaizkiguk. Nahiz batak, nahiz besteak kaltea eta ondamena besterik ez zigutek ekarriko.

PEDRO MARI: Hi behin batez Gaztelako lurretan zehar ibilia haiz. Esplikatuko al didak zer moduzko parajeak diren haiek?

MARTIN JOXE: Tristeak, motel, tristeak. Mendi soilak, haitz gorriak, lerradi (pinudi) ilunak eta ordeka nabar azkengabeak, lur idor eta autsez beteak. Gizonak, argalak, zarpatsuak, iletsuak eta kolore maxkarrak. Haien ezpainetan ez duk farre-antxik somatuko, ez eta haien eztarrietan kanta alairik; dena duk han goibel eta ilun, dena tristura jario.

PEDRO MARI: Eta ostatuz nola zegok?

MARTIN JOXE: Hango ostatuak txerritokiak dituk hemengoen aldean. Bazirudik erratza (eskoba) urtean behin pasatzen dutela gehieneko eta janariak ere pertsonarentzat baino txerrientzat egina hobeto zirudik. Ostalariak axolakabeak dituk, neskameak txima-jario, zatar eta narratsak. Ez duk hemengo ostatuetan bezela jenderik biltzen jai arratsaldea igarotzeko, baina zamalzainak etortzen badira, ospa! kalera denok haiei tokia egiteko. Logela armiarma sarez eta bestelako zikinkeriez mukuru eta ohean maindirerik ez. Gainera, euskaldunentzat burla eta destaina, gatelaniaz ongi ez badakik behintzat. Gogora hadi «Erdal herriko bizimodua» deritzan gure kanta zaharrak dioenaz:

 

                Hango sukal bazterrak ikustekoak:

                Laratzikan batere, falta auspoak;

                Alki sendoak:

                Hiru edo lau harri kintalekoak;

                Hango zokoak:

                Ezkonduz geroztikan garbitzekoak.

 

PEDRO MARI: Zer egingo zaio? Ameriketara joateko hortik pasa beharra zegok.

MARTIN JOXE: Bai, Pedro Mari, segi ezak beldurrik gabe. Hire bizitzan lanak eta nekeak pasa beharko dituk, baina merezi dik aberastuta etxeratzekotan... Baina, presaka nabilek, Pedro Mari eta utzi beharko haut. Soroan bazeukat zer-eginik franko, egur pittin bat ere moztu nahi nikek eta arratsean artaldea bildu.

PEDRO MARI: Nik ere pixka bat zuzpertzeko otordu koxkor bat egin eta abiatu beharko diat.

MARTIN JOXE: (Sorbaldako sendo batzuk elkarri emanaz). Agur, bada, Pedro Mari; ongi joan eta ea Amerika hortatik ontzako urrez mukuru etortzen haizen urte asko baino lehen

 

(bihoa emeki emeki).

 

PEDRO MARI: Ahaleginak egingo dizkiat. Lanerako gogoa eta sasoia bazeukat. Gainerakoa berez etorriko duk. Ongi bizi Martin Joxe eta noizpait —hogei edo hogeitamar urte barru?— elkar ikusi arte.

 

Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982