Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

LEHENGOAK, PEDRO MARI ETA ZENBAIT SOLDADU EUSKALDUN GEHIAGO, BEREN ARTEAN ISTEBE ARRETXEA TXIROLARIA

 

PEDRO MARI: (Agertokian sartu baino lehen, isilune baten ondoren). Euskalduna naiz, ez disparatu!

BARNETXE: (Harri eta zur). To! Ederra eman ziguk erantzuna!

PEDRO MARI: (Eskuak gora sartuz). Esker mila, anaiak. Mendian lainopetan galdu naiz. Hontan, zuen euskal kanta ederrak entzun ditut eta kantuari jarraiki zuenganatu naiz.

JOANIS: Baina (hizketara joaz), hi ez al haiz Pedro Mari Pagogainakoa?

PEDRO MARI: Eta hi Joanis, Bordaberrikoa?

JOANIS: Hau duk, hau! Besarka dezagun elkar! (Besarka bezate). Baina, nondik eta nola? Hi ere soldadu?

PEDRO MARI: Espainolek preso hartu nintxiotekan Olague-n Ameriketara nihoala eta beren armadan bortxaz sar-arazi. Honetxegatik niok soldadu jantzita, fusil eta guzti.

JOANIS: (Lagunei aurkezpena eginaz). Errazu-ko lagun zahar bat, mutilak! Izpegi-ko mendatean dagoen Pagogaina etxaldeko semea, nerekin kontrabandu lanean ibilia. Betor zatoa neure adiskide onarentzat. (Eman biezaiote). Edan lasai, Pedro Mari. Gero kontatuko dizkiguk hire ibilerak (zatoa eskuz-esku pasa bezate eta denok trago bana egin).

ISTEBE ARRETXEA: (Bere txirolarekin sar bedi beste gudari euskaldun batzuz lagundurik). Zer dela-eta hainbeste iskanbila?

JOANIS: Errazu-ko adiskide hau espainolen lerroetatik gure artera heldu dela-eta.

ISTEBE: Hori ospatu egin behar duk! Betor ardoa eta biba (gora) euskaldunak!

DENOK: Biba! (Berriz ere zatoa pasa bezate eskuz esku).

ISTEBE: (Pedro Mari-ri). Baina jakin nahi diagu nola izan den hori. Mirakulua (miraria) baitirudi hemen beste aldeko euskaldun bat agertzea, orain batipat, gerla zikin honek bereizten gaituelarik.

PEDRO MARI: Kontatuko dizuet, mutilak, hain gogotsu bezarete neure ibilera tristeak jakiteko (jendea Pedro Mari-ren inguruan jar bedi, batzuk tente, besteak eserita edo pikotxean, baina gure mutila estali gabe). Entzun: Neure ogasun guztiak salduta, irten nintzen Pagogaina-ko bordatik (baserritik) Ameriketarako asmoz. Olague-n jakin nuen Espaina eta Frantzia arteko gerla sortu zela eta bertantxe topo egin nituen espainolen lehenbiziko tropak. Bi soldaduk, gezurra eta zikinekin, boltsa ebatsi (ostu, lapurtu) zidaten nere diru guztiekin eta ondoren kapitan batek preso hartu ninduen eta bere granadero konpainiara soldadu eraman, gure Foruak hankapean hartuz. Olague-tik, Iruñea zehar, Huesca-ra eraman gintuzten eta hemen egin genuen hilabetean instruzino pixkabat ikasi nuen. Kapitanari nere kontrako amorrua pasa zitzaion, istimua hartu zidan, mehatxu egin zidan astebeteko kalabozua barkatu eta nik salatu nizkion bi soldadu lapurrak preso hartu zituen, ostutako (ebatsitako) dirua kendu eta neri eman; baina ez ninduen soltatu. Bere soldaduei justizia egitea bidezkoa zeritzaion, baina ni libre uztea ez. Beti lelo berbera errepikatzen zidan gurekin gerla egingo ez bahu, hire anaiekin egin beharko huke. Beraz, ez diagu injustiziarik egiten. Gurekin edo haiekin berdin duk. Huesca-tik Catalunya aldera ekarri gintuzten eta Perthus-eko mendatean leku hartu genuen. Bellegarde deritzan gaztelu fortifikatuan ikusten genuen hiru koloreko bandera frantsesa: etsaia zen. Gaur goizean goiz, gure konpainiako soldadu batzuk, teniente baten agindupean, Frantzia-ko lurretan sartu gara, etsaia bistatzen ote zen eta zein puntotan zegoen jakiteko. Hontan laino trinkoa sartu zen eta mendian galdu ginen. Orduan, bidea bilatu ustetan (mendiko lainotan nere lagunak baino ohituago bainengoen) nere taldetik gehiegi separatu nintzen eta konturatu gabe bakarrik aurkitu nuen nere burua. Bazterrik bazter ibili nintzen mendian ene lagunok topatu nahian, baina, hurbildu beharrean, aldendu egin nintzen nonbait. Hontan, zuen kantu hotsak entzun nituen eta haiei jarraiki zuen artean aurkitu naiz. Orain badakizue nere etorreraren berri.

JOANIS: Hi hago lasai gure artean, Pedro Mari. Gure arrantxotik jango duk eta gurekin lo egin. Guk ez haugu preso hartuko. Ni mintzatuko nauk kapitanarekin. Euskalduna duk, Azkarate-koa, apezgai izatetik militar izatera etorria. Erreboluzionario gogorra duk, baina bihotz oneko gizona.

PEDRO MARI: Milesker, Joanis, zuen harrera onagatik. Eta zuek nola heldu zarete bazter hauetara?

XURIO: (Lasai asko eta umoretsu). Honera ekarri gintuzten eta hemen gaude. Izenez bolontariak gara, «Nafarroako bolontarioak». Izanez, beste kontu bat da. Ehiztaritako hiru konpainia osatzen ditugu euskaldunok eta Mendiri kapitanaren agindupean gaude.

PEDRO MARI: Baina, bolontariak zarete ala ez?

JOANIS: Xurio-k esplikatuko dik hori, berak dakien bezala.

XURIO: Bolontariak deitzen gaituzte eta hala errepikatzen dugu (irribarre maltzur bat eginaz). Hala ezartzen zuen bederen geure herritik atera baino lehen erakutsi ziguten kantak. Mutilak irtetzea ala ateratzea ote zen? Ez dut oroitu nahi. Baigorri-tik irten baino lehentxeago.

 

                «Biba Nafarroako

                Bolontarioak.»

 

Baina, ni, jendarmeek, muga-mugara iristen nintzelarik, atzeman ninduten lepotik. «Bolontario» ote naiz? (Farre algara biziak).

JOANIS: Orain, esplika dezala «aferra» bere gisa Barnetxe-k, hots, Banka-ko jakintsuak.

BATZUK: Mintza dadila, mintza dadila!

BATEK: Bai. hitz egin dezala. Ez zaio arrazoirik faltako, beti bezala.

BARNETXE: (Mutil luze eta flakuxta, sudur luze, belarri handi). Zakurrak kateaz lotuta zaintzen dik etxea. Bere gogoz al zegok han? Alabaina, nahi duelako zaunka eta hozka egiten dik. Hala guk ere.

PEDRO MARI: Nik aditzea nuen zuen eskualdetik bolontari mordoa atera zela.

BARNETXE: Askotxo izan ziren aurrena balontari apuntatu zirenak: bixka ezarleak. Horiek, ordea, han gelditu dira. Norbaiti iruditu zitzaion gure fusilek ez zutela su egingo euskaldunen haragian eta bazter galdu hauetara ekarri gaituzte.

XURIO: Istebe Arretxea lekuko, gaztelau beltz horiek barrenak kiskaltzen zizkidatek. Behiak eta loturak (paketeak) ebasten dizkiguten guardak ere, gaztelauak dituk denak: madarikatuak!

JOANIS: Eta lepotik heltzen duten jendarme ile gorriok, Xurio?

XURIO: Gaztelauak bezelaxe, zer arraio! Egia esateko, atsotitz zaharrak: «Zozoak beleari, ipur beltz».

JOANIS: Hil ditezela elkarren artean borrokatzen ilegorriak eta ilebeltzak hala nahi badute. Beren arteko auziak bost axola guri. Haserretzen baldin badira, gu bakean utz gaitzatela. Jainkoak jarri zuen mendian libro euskalduna.

BARNETXE: Horrela duk; baina, ondikotz! loak hartu gintuen, eta esnatu ginelarik, Frantziaren eta Espainiaren mendean aurkitu ginen. Horregatik estutzen gaitu tenezak. Gaitz txarra! Bi suren artean harrapatu gatuzte eta baten etsai izan behar, biena ez izateko. Baina, zer eginen dugu, mutilak; hemen gaude eta hemen egon beharko.

PELLO LARRALDE: (Mandatutik bueltan sar bedi agertokian arnas-estuka. Danborraldi bat jo beza eta ondoren oihu egin). Biba Nazionea!

BARNETXE: Zer esan dik kapitanak?

PELLO: Oraintxe datorrela, eta delako hori preso hartzen baduzue, hementxe eukitzeko bera etorri arte.

PEDRO MARI: (Pello-ri begira atsegintsu). Nor duzue mutiko alai hau?

BARNETXE: (Mutil koskorrari eskua buru gainean ezarriz). Hau, Pello Larralde da, konpainiako danborlaria (danbor-jotzailea), guztiok asko maite dugun Irulegi-ko umezurtz bat; semetzat daukagu.

PELLO: (Barnetxe-ri). Aizu, ez zaitezela ahantz (ahaztu) zure aginduaz, eh?

BARNETXE: Ez, motel, ez; ez nauk ahaztuko! (Lagunengana zuzenduz). Pentsa! Mila bider eskatu zidak fusila disparatzen utz diezaiodala aurreneko gudaldian. Pisuari igarriko balio!

PELLO: Baina, zeuk eutsiko didazu, tontolo! Balaz kargatua egonen da, noski (soldadu guztiek samurkiro eta atseginez begira biezaiote mutikoari, gozoro farre eginaz).

PEDRO MARI: (Eskua sorbalda gainean jarriz Pello-ri). Jostailu txarra duk hori gizonarentzat, Pello. Hobe izanen duk hire bizian atxurrarekin saia eta ez fusilarekin.

 

(Hontan, karrikan, agertokitik kanpora, zarata izugarria entzun bedi: zakurrak zaunka, haurrak garraisika, atekadak, kolpeak eta dehadarrak edonun. Emakume, haur eta gizatalde handiak entzun bitez —ikusten ez direlarik— bastidorez kanpora «Marsellesa» eta «Ça ira» kantatuz. Lagunabarrak oihu egin beza: «Vive le citoyen representant!», «Vive Fabre!», «Vive la Convention Nationale!». Jendetza igarota gero bi dehadar handi entzun bitez eta ondoren atakera doan gudari-talde bat pasatuko da «Marsellesa» ozenki kantatzen dutelarik. Gure baxenabartar gudariak, gizatalde luzeari begira egon bitez, jendearen hotsa emeki itzali artean.)

 

PEDRO MARI: (Gudari saila igarota). Nora doaz soldadu horiek hain mehatxukor?

JOANIS: Perthus-eko lepora lehenik eta gero, diotenez, Espainia menderatzera.

XURIO: Espainian zenbat sartuko diren ez zekiagu, baina bai horietako asko ez direla etxera itzuliko.

PEDRO MARI: Hala uste nik ere: bat baino gehiago beleen janari bihurtuko dituk. Dena den, ez nikek horien larruan egon nahi.

BARNETXE: Baina aurki egonen gaituk.

PEDRO MARI: Euskaldunik bai al da horien artean?

XURIO: Ez, Narbona-ko batalloikoak dituk. Languedoctarrak oro.

PEDRO MARI: Gerla nahi duena, bihoa, baina utz gaitzatela euskaldunok bakean geure Herrian.

 

Pedro Mari, Yon Etxaide
Arturo Campion / Egan, 1/6-1982