Xuri, gorriak eta..., Daniel Landart
Egan, 1/6-1982

 

Lehen agertaldia

 

(Herriko arkupe batetan gaude. Aldean, eliza, herriko-etxe eta beste zenbait bizitegi ikus daitezke. Arkupean, mahai bat eta kadera edo aulki andana bat ezarriak dira, biltzar toki edo egunetan egiten den bezala. Gilen MANDUKU eta Panpale haundia, jarririk solasean ari dira.)

 

GILEN - PANPALE

 

GILEN: Aski kadera ba ote da bederen?

PANPALE: Ez dakit. Mundua etorri beharra omen da.

GILEN: Gero ere, zutik egonen baitira.

PANPALE: Bai, anitzez hobeago da toki ttipi bat jendeez mukurru ezinez eta barne haundi bat erdi hutsa...

GILEN: Neure mintzaldia, hastetik buru gogoz ikasia dut. Ez dut paper beharrik ukanen...

PANPALE: Hobe, paperetik aritzea marka txarra da. Beha: apezak ere lehen paperik gabe ari zirelarik prediku ederragoak egiten zituzten... Orain paperetik hasiz gero ez dute deus funtsezkorik ateratzen... Paperak biziki garrantzi (inportantzia) haundia du!

GILEN: Zuk ere eskukaldi bat emanen dautazu dudarik gabe? Atxuantgaia zara gero! Herritik kanpo izanen naizenean, zuk beharko nauzu ordainkatu.

PANPALE: Egia, egia. Presentatzea ez da aski. Eta, artetik errateko, ezkontza bat nola egiten den, ba dakizu bederen...?

GILEN: Jakin beharko! Zeren gure Maider, laster ezkonduko zaigu naski.

PANPALE: Eta norekin, ez banaiz kuriosegi?

GILEN: Ez baitakizu? Ez baitakizu? Harritzen naiz...

PANPALE: Maider, Bordelen ikasten ari dena da ez? Gazte horik sortu orduko norabait ba doaz non ez baitugu horien ezagutzeko astirik ere...

GILEN: Bordelen dena bai... Oraingo ustez «Sciences Po» egin nahi luke...

PANPALE: «Sciences Po»... Zer da hori?

GILEN: «Sciences Politiques».

PANPALE: Deabruentxua! «Sciences Po»... Ez dela nornahi izanen zuen alaba! Funtsean, lau haurrideak bat bestea bezain xarmantak dituzue... Eta senargaia, Bordeleko jaun haundi zenbaiten semea hain segur?

GILEN: Ba pentsa! Hala balitz bederen...

PANPALE: Zer da, hippies zenbait?

GILEN: Ja, ja. (Geldi). Gaetan Lapegueren semearekin atxikitzen du...

PANPALE: Mekauen sos! Hauxe berria! Irri egiteko ari zara bai...

GILEN: Ez, ez. Ez dut segur irri egiteko gutiziarik; etxean, ezin bizia dugu..

PANPALE: Eta, marro mutur zuriak zer dio? Arrunt zozotua dateke ondikotz...?

GILEN: Ez omen du deus aditu nahi eta semeari errana dio etxetik kanpo ezarriko duela ez balin badu gure Maider uzten...

PANPALE: Maiderek zer pentsatzen du?

GILEN: Beti erdi nigarrez ari da.

PANPALE: Zer; Beñatek utziko du ala?

GILEN: Ez dira horretarik ari. Lekuak hustuko dituztela diote...

PANPALE: Eta zuri ongi zaizu?

GILEN: Xoxefinak hori aipatu zautalarik, ileak zutzuta jarri zitzaizkidan, iduri hormatuak... Baina gero, anitz gogoeta egin ondoan; zer nahi duzu, Beñat ez da Gaetan bezain basa eta idorra... Izatekoz mutiko xehe eta goxoa da...

PANPALE: Xuria halere...

GILEN: Xuria, xuria, batere ez dakit ori. Nago ez ote den gu baino gorriagoa! (Xoxefina sartzen da.)

 

GILEN - PANPALE - XOXEFINA

 

XOXEFINA: Prest zarete? Jendea abiatua da hona buruz.

GILEN: Hobe, hobe. Etor bitez... Ukanen dute zer adi...

XOXEFINA: Apezaren etxetik ba nator. Arrunt gure alde dugu...

PANPALE: Biba hura, ori! eta Errienta?

XOXEFINA: Errientak ez du boza hemen ematen. Bere sort-herrian kontseiluko omen da.

PANPALE: Zure emazteak jakin duela apezaren biltzen!

XOXEFINA: Zuzen da ez? «Action Catholique Générale Féminine» buruzagi bat naiz gero!

PANPALE: «Action Catholique» ala puñeta, memento honetan, apezaren boza ukaitea da beharrezkoena...

GILEN: Eta Maider beti berdin?

XOXEFINA: Are gaizkiago. Aita-Semek harrigarriko kalapita partida egin omen dute berriz ere.

GAETAN: Gure hoz hauekin ez dugunaz aski, ez genuen istorio horren beharragorik baizik...

XOXEFINA: Zuk errazu!

 

(Laurendi sartzen da.)

 

HIRUAK ETA LAURENDI

 

LAURENDI: Hemen dea, delako biltzarre famatu hura...?

GILEN: Hemen da bai... Zu ere gure entzutera etorria?

LAURENDI: Aspaldian ez baitugu herrian «toberarik» ukan, eta... ea ba, zenbait irri karkaila egiten ahalko ditugun...

 

(Bi emazte sartzen dira.)

 

GAETAN: Aintzina, aintzina... Jar zaitezte... Ba da toki oraino...

BATEK: Kadera hau maingu da...

PANPALE: Aski duzu beste bat hartzea...

 

(Jende batzuk sartzen dira Gilen eta Panpale aldiz mahai ttipiaren gibelean jartzen.)

 

BESTEAK: Biltzarre hau, Xuriena ala Gorriena da?

GILEN: Gorriena.

BESTEAK: Beraz, bandera gorria non duzue?

LAURENDI: Apezak ekarri beharra die... (Andere Ida sartzen da).

IDA: Ni, baleki bale, neure kaderarekin ba nator... Neure adinean ez bainuke biltzarre guzian zutik egon nahi...

GILEN: Ongi egiten duzu, Andere Ida...

IDA: Oraingo gazte gaizki ikasiek ez baitautzute sekula beren lekua uzten... Ez gara segur horrela usatuak gu... Baina gaurko egunean politezia eta gainerako guziak errekan behera joanak baitira...!

LAURENDI: Arrazoina duzu Andere Ida...

IDA: Nik, ixtantean bi hitz erran nahi bainituzke, orain beretik erria altxaturik behar ote dut egon?

GILEN: Ez, ez. Mintzatzeko mementoan askiko da...

IDA: Hobe... Hobe... Beso hau, preseski, erromatismak janik baitut...

 

(Gaetan LAPEGUE, Alfred HARANETTA, Kaskobeltz, Janamari eta beste hamar bat gizon emazte sartzen dira, albota gaitzean.)

 

GILEN: Haiko gara, naski.

 

(Jende guzia jartzen da; batzuk zutik.)

 

GILEN MANDUKU

 

(Bere mintzaldiaren egiten hasten da.)

 

GILEN: Jaun andereak. Neure mintzaldia hasi aintzin, jakin nahi nuke ea denek euskara konprenitzen duzuen; bestela frantsesez mintza baninteke...

KASKOBELTZ: Emak euskaraz bai, deabru brilili... Zer uste duk ala, ez dakigula hire frantsesaren berri!

GILEN: Jaun andereak; Demokrazian gaudenez gero, denek ba dugu bozetan presentatzeko eskubidea... Horregatik, eta ikusirik aintzineko kontseilu xuriak ez duela deus kasik egin...

BATZUEK: Ho, ho, emeki, emeki...

GILEN: Erabaki dugu presentatzea. Batzuek eta pentsatzen dukezue nork, gezurrak kurri arazi dituzte erranez herri guzia su eta odol ezarri nahi genuela... Horik guziak zuen izi arazteko erranak izan dira...

PANPALE: (Ahopetik) Biziki ongi hasia zara...

GILEN: Gure nahia arras sinplea da. Ez ditugu segur denak uzkaili nahi. Bakarrik zenbait kanbiamendu ekarri, zeren orain arteko kontseiluak afera guziak bazterrera utziak baititu, eta...

GAETAN: Gezurra. Gezur ustela! Etxe berri horik guziak ez ote dituzu ikusten?

GILEN: Etxe horik nork egin ditu? Zuk, ala aterbe baten beharretan zirenek? Besteen izerditik eginiko obrak ez itzazula otoi zeure gain ezar...

GAETAN. Eta bide berri horik? Bide berri horik ez dira hor lekuko?

PANPALE: Zure onetan, bide berri horik ez itzazula sobera aipa, zeren geure etxerakoa segurik... bost urte ba du igurikatzen dugula... Zuek, fitsik ez duzue egin... ele eta bazkari ederrez beste...

IDA: Mintza naiteke? Ala ba duzue oraindik beste zerbait errateko?

GILEN: Bai, ba dugu oraindik anitz gauza errateko eta jaun andereak, gauden otoi, geure zainen jabe. Herriaren onetan mintzo gara, ez eta batzuek besteen apaltzeko. Baina, halere, gauza bitxi zenbait jakin behar dituzue...

KASKOBELTZ: Kasu'mak zer erraten dukan, he!

GILEN: Herriko Etxean, kontu batzuk...

ALFRED: Kontu horietaz, hitz bat gehiago erraten baduk, afera Tribunalean ezartzen diat...

GILEN: Ikusten duzue, egiak nola izi arazten dituen! Bai Jaun-Andereak, herriko etxean kontu faltsuak ba dira!

GAETAN: Diffamation! Diffamation!

GILEN: Bestalde, auzapez ohoragarri horrek herriko lur batzuk balio ttipienean erosi ditu eta orain tirahala Parisko xahar erretretatuei saltzen ari da, prezio ikaragarrienetan, hemengo laborari guziak ziztor dagozela.

GAETAN: Zer erran dezakezu zuk? Zure bi etxetiarrak hemen balira, nahi nituzke entzun... Haiek garbiki erran bailiezagute zer jauntto zaren zu... Jauntto... ez dakit izen hori merezi duzun ere...!

GILEN: Ni, neuretan nago bederen, zu ez.

GAETAN: Erosiz gero, eneak dira. Eta ene aferetan ez zauzula sudurrik sar!

GILEN: Lur horik Herriarenak ziren... Lur horietaz jabetzeko, kontseilu guziaren ixiltasunaz edo ezazolkeriaz baliatu zara!

GAETAN: Dolutuko zaikizu horik guziak. Dolutuko eta ez guti...

 

(Norbaitek: «Biba Gorriak».)

 

IDA: Jaun andereak, jaun andereak, orratza beti aintzina baitoa eta ene adineko pertsonek goizik etzan behar baitute, bi hitz erran nahi dauzkitzuet lehen-bai-lehen.

KASKOBELTZ: Gure deabrusak zer aterako ote dauku?

IDA: Neure adinean, ixilik egotea hobeki eginen nuke. Baina ezin naiteke eta hona zergatik. Jaun auzapezak ez du bere hitza atxiki eta beraz ene boza gorriei joanen zaie!

GAETAN: Zer nautun hitzemanik?

IDA: Ez ote zara oroitzen? Hiru urte ba du, iluntze guziez, herriko gazte mukutsu horiek ene etxondoko murruari kontra pixegiten dutela. Usaina ez dut aipatzen. Baina sekula leihora agertzen banaiz zenbait erasiren egiteko, beren tresnak erakusten dauzkidate eta zernahi ele itsusi erraten!

EMAZTE GUZIAK: Hohohoho... Jainko maite zeruetakoa!

IDA: Bai, Jaun andereak. Horra zer nuen errateko. Azken hiru urteotan, horrelako jestu itsusiak ikusita, gau guzian gero, ez dezaket begirik hets!

KASKOBELTZ: Guti gose baita oraino ere!

IDA: Jaun auzapezari, hamaika aldiz bederen aipatu diot gauza ahalgegarri hori baina, orantxe zeniotsuna, ele ederraz beste, ez du ezer egin. Alta, herriaren eta gazteen zaintzeko, bizpahiru jendarme ekar arazi balitu, aski izanen zen ordrea eta diziplina poxi baten ezartzeko. Baina ez. Horren egiteko ere ez da kapable izan. Nik segurik, auzapez horretan, konfientzia arrunt galdua dut...

GAETAN: Zer uste duzu ala, bizpahiru jendarme nolanahika ekar araz daitezkeela?

IDA: Nolanahika? Arrazoinak ba dira ez? Eta ez ttipiak!

ALFRED: Errazu Andere Ida, ez du balio orain moko fina ezin eginez aritzea, zeren gazteago zinelarik, zeronek deitzen zenituen herriko gazte ederrenak, eta ez bakarrik pixegiteko!

IDA: Oieiaieiaiei! Zer entzun behar nuen! Gezurti tzarra zu... Oieiaiei! Ni, oraino, birjina izanki-ta! Birjina! Ai, oi, oi, ai! Hatsa, hatsa! (Eta Andere Ida alditxartzen da...)

XOXEFINA: Laster, laster, zoazte apezaren bila!

 

(Orduan, bizpahiru gizonek ahal bezala, polliki polliki ateratzen dute. Gilenek segitzen du.)

 

GILEN: Otoi, otoi, Jaun andereak, gure hitzak izar ditzagun eta ez bortizkiegi mintza!

ALFRED: Nor da hasi?

GILEN: Mintzatzera utz nazazue bederen! Zuen ihardespena gero eginen duzue... Bestela, horrela segituz, nehork ez du deus konprenituko!

GAETAN: Ez dute konprenitzearen beharrik. Behatzea aski dute! Behatzea: gure herrian zer aintzinamendua egina izan den ni auzapez jarriz gero!!! Beste solas guziak, amets eta gezurrak baizik ez dira!

LAURENDI: Biba Xuriak!

GILEN: Amets ala gezurrak diren, hori datorren igandean ikusiko. Azken hitza herritarrek ukanen baitute! (Geldi). Gure herriaren agonia eta heriotzea nahi balin baduzue, bai eta haundi mandien menpeko egon, Xuriei emaiezue boza. Aldiz, herriaren berpiztean, eta berritzean sinesten baduzue, bai eta zuzentasunean, orduan, bozka gure alde!

 

(Xoxefina eta Alfred tirahala esku zartaka hasten dira. Jende guziak segidan zutitzen dira.)

 

OIHALA

 

Xuri, gorriak eta..., Daniel Landart
Egan, 1/6-1982