Xuri, gorriak eta..., Daniel Landart
Egan, 1/6-1982

 

Hirugarren agertaldia

 

(Arkupe berean gaude. Arratsaldeko seiak dira. Aulki batetan jarririk. Andere Ida, trikotatzen ari.)

 

IDA

 

IDA: Laster jakinen dugu nork irabaziko duen. Gorriek, agian! Bestela galdua naiz. Ez banu bederen neure burua honenbeste erakutsi... Baina bego. Bego. Orain egina da!

 

(Urrunetik oihu bat entzuten da: «Biba Gorriak!»)

 

IDA: Bai «Biba Gorriak!» zeren sekula Xuriak pasatzen badira, kontseiluko gizonak bera etorriko baitzaizkit berdin ene etxondoko murru ondora trufa baino musika haundiago! (Berriz «Biba Gorriak!») Bai «biba Gorriak» eta «Biba jandarmeak». Diziplina, diziplina, horra horra zer duten eskas gazte bihurri horriek! Gazteek, eta funtsean besteek ere... Alfred Haranetak erran dauzkidanekin, hor bertan preso sartzekoa baita! A! hori segurik sekula ez dut ahantziko. Sekula! Zer afruntua herri guziaren aintzinean. Baina, aldi honetan, bere atxuangoa galduko du! Galduko! Merezi! Merezi! (Geldi).

 

(Urrunetik «Biba Xuriak! » Mutiko gazte bat pasatzera doa.)

 

IDA - PELLO

 

PELLO: Zertan ari zara hor, Andre Ida?

IDA: Otoitzean, haurra, otoitzean.

PELLO: Ongi egiten duzu... Norbait bederen ari dadin...

IDA: Ba zakiat bai, zuetarik ez dugula anitz igurikatu behar! Mezan ibiltzen haiz bederen?

PELLO: Rubian ari ez naizelarik, bai.

IDA: Zer da, rubia meza baino importanteago?

PELLO: Ho, nik Andere Ida, besteek errana egiten dut, he...

IDA: Urrats onen uztea errex duk, bai...

PELLO: Errazu eta, egia dea?

IDA: Zer?

PELLO: Eta ; Gorriak pasatzen baldin badira, apeza eta serorek hemendik joan beharko dutela?

IDA: Bakea emak hortik, mutikoa... Nork erran dauk hori?

PELLO: Lagunek... Bestalde, meza-bezperak ere kenduko dituztela diote...

IDA: Ago ixilik hortik...

PELLO: Ba, ni, egia erran, meza-bezperak kendurik ere, berdin biziko naiz gero...

IDA: Jainkoak gaztigatuko hau, horrela mintzatzen bahaiz! Gezurrak dituk horik guziak!

PELLO: Beraz apeza eta serorak, meza eta bezperak aintzinean bezala izanen badira, ez du balio Gorriak pasa daitezen...

IDA: Bai, balio dik! Gorriak pasatzen badira, laster herrian, jandarmeak ukanen baititugu, eta hik eta heure lagunek, ez duzue gehiago ene etxondoko murrua bustiko!

PELLO: Ikusiko...

IDA: Zer ikusiko? Ez eta ez! Eta zuen tresna itsusiak gorderik atxiki beharko dituzue!

PELLO: Kontentxko zinen eta!...

IDA: Habil hemendik, Luzifer! Habil hemendik eta segidan! Otoitza segi dezadan...

 

(Ida xutiturik Pelloren ondotik abiatzen da, baina horra non, mutikoak apezarekin junt egiten duen.)

 

IDA- PELLO - APEZA

 

APEZA: Pello, andere Idari zer egin diok?

PELLO: Nik, fitsik... Bera da hasi...

IDA: Oraingo gazteak zerbait ba dira bai jaun erretora! Zerbait badira...

APEZA: Zer nahi duzu, adin gaixtoa...

IDA: Adin gaixtoa ez dakit... Deabrua alan ari... Deabrua denetan nagusi!... «Biba Manduku!».

PELLO: Errazu Jaun erretora, egia dea hemendik joan beharko duzula sekula Gorriak pasatzen badira?

APEZA: Denek hik bezala egiten badute, ez duk gehiago hemen apez beharrik izanen... Goizean ere, ez hintzen mezan!

PELLO: Rubian ari naizelarik, ez naiteke mezara etor!

APEZA: Larunbat arratsetakoa ere hor duk...

PELLO: Larunbat arratsetan, ihizin ibiltzen naiz... Konprenitzen duzu?...

IDA: Estakuru guziak on zaizkio, bide zuzenetik ateratzeko. «Gorriak nausitzen ari! Hiuffi!»

PELLO: Boza emana duzu, jaun erretora?

APEZA: Bai, goizean emana diat.

PELLO: Gorriei, omen...

APEZA: Hori, ene egitekoa duk...

PELLO: Nik, bozaren emateko aski adin banu, nori emanen niokeen ba dakizu?

APEZA: Nork daki?

IDA: Brigitte Bardot-ri hik berdin!

PELLO: Ez. Zuri. Nik jandarme egin nahi baitut, horrela herrian berean be nuke enplegu zure etxondoko murruaren zaintzen! Piztona nintzakezu ez?

IDA: Trufa hadi trufa; azken hitza nork ukanen duen, ikusiko duk...

PELLO: Bai eta zuk beste zerbait!...

 

(Eta Pello lasterka ba doa. «Biba Gorriak! Xuriak kanpora!»)

 

IDA - APEZA

 

IDA: Ohartzen zara Jaun erretora, gure adinako jendeontzat zer errespetua duten! Ahalgegarriak, ez besteak!

APEZA: Ez dira ez gaixtoak... Espantu poxi bat...

IDA: Ez dakit batere, baina gu segurik ez gara horrela ibiliak denboran...

APEZA: Eztituko da hori ere...

IDA: Ba du beharra... Jandarmeak hemen ukanen ditugunean, gauzak ez baitira batzuek nahi lituzketen bezala iraganen...

APEZA: Eta boz horik?... Egun haundia dugu...

IDA: Bulegoa hetsi dute... Boz kondan ari dira. Agian, agian Gorriek irabaziko dute! Gorrien aldekoa zara, ez? Zu ere...

APEZA: Nik; batasuna egin behar dut.

IDA: Konprenitzen dut bai. Konprenitzen dut. Zuk, bi taldeetakoak nahastikatu dituzu... Hemendik hoberenak, handik hoberenak. Ikusten dut, bai. Zuk, arraultze moleta on bat egin duzu patata ausarkirekin! Ai, zer saltsa! Baina ez naiz zure gogo bereko. Kontseilu batetan, auzapezak du manatzen. Besteen erranak, zinkurina batzuk baizik ez dira. Eta gaurko gure kasuan, Gaetan Lapegue eta Gilen Mandukuren artean behar zen hautatu. Horrelakoetan gizonen nahastikatzea ez da ongi jokatzea!

APEZA: Auzapez batek; xuri ala gorri izan dadin, bere kontseiluan zenbait kontrario ukan ditzan frangotan beharrezkoa da. Horrela, apur bat bederen elkar akulatzen dute...

IDA: Ez eta ez. Zeren orduan horra zer gertatzen den: Xuriek zerbait proposatzen dutelarik, Gorriak beti kontra eta Gorriek zerbait proposatzen dutenean Xuriak aintzinetik kontra! Beren denbora eleketa eta aparka pasatzen dute eta ez dira deusetara heltzen. Eta zaude; beste toki batzuetan berriz; Xuriak, Gorriak baino gorriago agertzen dira eta Gorriak aldiz xuri. Jendeak ez du deus konprenitzen eta kontseiluan muntatzen dute izigarriko kaka. Ho! barkatu, arrunt ahantzia nuen jaun erretorarekin nintzela mintzo. Barkatu, hitz larri hori eskapatzera utzirik...

 

(Boz bat: Gaetan Lapeguen taldeak ...... 130
                Gilen Mandukurenak ..............130
130-na ados Jaunak eta Andereak! Parioa libro!)

 

APEZA: Ez dute naski diferentzia haundirik ukanen...

IDA: Datorren igandean berriz itzuli beharko dugunez ote?...

APEZA: Agian aldi honetan berean bururako dira. Bestela, aste bat gehiago irauten badute, gauzak ez dira hobetuz joanen...

IDA: Eta ene etxondoko murruak ere ukanen du oraino trenpaldi! Funtsean balia bitez, balia! Gero ikusiko...

APEZA: Arrazoina duzu. Gero ikusiko zer gertatuko den eta jendea poxi bat bederen zentzatuko denez. Zeren, geroan ere elkarrekin bizi beharko baitugu...

IDA: Jandarmeak hor ukanen ditugu, ordrearen errespetarazteko!

 

(Gorriek bat gehiago!)

 

APEZA: Andere Ida, utzi behar zaitut. Boz egunean, apez batek barnean egotea hobe du...

IDA: Eta nola... Besteak zioena: arraultze moleta barnean egin eta kuskuak bota kanpora...

APEZA: Bestaldi bat arte, Andere Ida...

IDA: Ez adiorik jaun erretora eta barkatu oraino ere oixtian eskapatzera utzi hitz larriaz... (Apeza badoa.)

IDA: On dute bai, horiek ere, artetan bederen, zenbait hitz gordinen entzutea... Zer mila sorgin!...

 

(Ida berriz trikotatzen hasten da. Bozak gero ta gorago: Manduku talde osoa, Manduku, Manduku, Lapégue, Manduku, Lapégue...)

        Bozen irabazteko, saindu berezi bat otoiztu behar ote da? Ez dakit, ori... Zein ote? San Bladi? Ja, ja. San Bladi, abereen aldekoa da. Gaetan Lapégue maraxala izanki-ta... Ez, ez. San Bladi, bego abere ta maraxalen zaintzeko... Alta; Saindu Gorririk ba denez, ez dut nehoiz entzun...

 

(«Manduku, Manduku. Manduku, Lapégue, Manduku, Manduku, «Biba Gorriak»)

        Nik ere, apezak bezala, etxean sartzea hobe dut naski... Nehork ez daki, partida nola bururako den... Ba noa... Baina abiatu aintzin: «Biba Gorriak eta biba Jandarmeak!»

 

(Ida kanporatzen delarik bozak gero ta gorago nabaritzen dira: «Manduku, Manduku, Lapégue, Manduku, Manduku, Manduku, Lapégue, Manduku, Manduku, gero ta lasterrago, Manduku, Manduku, Lapégue, Manduku —gero ta emekiago— Manduku, Manduku, Manduku, Manduku... MANDUKU! Orduan, Laurendi gorribelztua agertzen da.)

 

LAURENDI

 

LAURENDI: Biba Gorriak! Biba Gorriak! Errana nautzuen nik! Errana nik... Gorriek irabazi... Fuera Xuriak... Fuera! Orain orain libertatea! Libertatea, denetako eta denentzako... Biba Gorriak!

 

(Jende andana bat agertzen da eta taulagain erditik pasatzen...)

 

PANPALE: Jaun auzapezaren partez; Gorrien alde boza eman duzuen guziok gomitatuak zarete xanpañaren edatera.

BATZUEK: Non? Non?

PANPALE: Auzapezaren etxean?

BATZUEK: Bota xanpaña!

XOXEFIN: Apezaren bila ba noa...

PANPALE: Uste duzu etorri nahiko duela?

X0XEFIN: Etorri beharko du. Ez ote dakizu apezak beti irabazdunekin dabiltzala?

 

(Jende guzia kanpora doa. Goetan Lapégue agertzen da eta bakar bakarrik arkupe aintzinean.)

 

GAETAN

 

GAETAN: Hamabi urtez herriko auzapez izan ondoan, hamabi urtez, herritar guziei laguntza eta kontseilu eman ondoan, horra non, bakar bakarrik gelditzen naizen... Ohoin edo ebasle bat bezala. Neure andreak berak ez nau sustengatu. Semeak are gutiago. Funtsean, semea ez dut aipatu nahi ere. Neure gogotik, behin betiko kendua dut. Hila! Bai, ene bi semeak hilak dira. (Geldi). Manduku, oi, Manduku, irabazi duk... Baina kasu emak! Denbora anitz, denbora guzia ukanen diat hire urratsen kondatzeko; eta behaztopatuko haizenean, jakin'zak, lehena izanen naizela hire ehortzeko! Barkamenik ez diat ukanen. Sekulan, sekula santan! Ez hiretzat, ez eta hire alabarentzat. Eta ene semea, egun batez, hire alabarekin ezkontzen bada, ekonduko duk ene baimenik gabe, ezkonduko duk ixilik eta gordeka... Eta, haurrak egiten badituzte... ez ditiat ezagutu nahiko ere... (Zenbait urrats egiten ditu). Eta zu jaun erretora, eta zu jaun erretora, gizon ttipi agertu zarenez gero, jakinen duzu zuk ere, ene erroak noraino heltzen diren. Jakinen duzu bai, urte bat barne, hortxetan hara abiatuko zarenean... Aski gaizki eginik ba duzu hemen gaindi... Aski! Apez bat, sortzez xuria da eta xuria egon behar du hiltzeraino! Hainbat gaixto bestela. Eta zuk, jaun erretora, hitza ez duzu atxiki! Zoaz, zoaz beraz eta lehen bai lehen! Ikusiko duzue, ikusiko duzue bai, herri honetako legea, oraindik nik dudala egiten eta nik bakarrik!

 

OIHALA

 

Xuri, gorriak eta..., Daniel Landart
Egan, 1/6-1982