Xuri, gorriak eta..., Daniel Landart
Egan, 1/6-1982

 

HIRUGARREN ZATIA

 

(Apezaren etxean gaude. Barne haundi bat, xinple xinplea, laneko mahai, kadera eta beste. Apeza eta Gilen MANDUKU solasean ari dira.)

 

APEZA - GILEN

 

GILEN: Eta noizko litzateke?

APEZA: Hemendik bi aste barne. Atzo eskuratu dut jaun apezpikuaren letra.

GILEN: Arrazoinik ematen du?

APEZA: Ez, ez.

GILEN: Hor, ez da hara ez honatik... Gaetan Lapégue-n joko maltzur eta tzarra garbi eta argi ageri da. Gizon deabru horrek, apezpikutegiko manatariei burua muntatu dieke. Eta haiek gezur eta ele herrakor guziak sinetsi... (Bortitz). Hemendik joatea, jaun erretora, ez zenuke onartu behar!

APEZA: Jaun apezpikuak ongi pizatua duke bere hautua...

GILEN: Hautu hori; Gaetan Lapégue-n mendeku bat da. Besterik ez.

APEZA: Apez berri batek, batasunaren egiten jakinen du.

GILEN: Ez eta ez. Horik guziak estakuru batzuk dira. Zeren ororen buru, zertaz zara hobendun?

APEZA: Neure burua, Gorrien alde sobera erakutsi omen dut...

GILEN: Eta gero zer? Frogarik ba ote da? Prediku aulkitik goraki mintzatu ote zara gure alde? Zerbait idatzi ote duzu Xurien kontra? Ez! Eta beraz, beste guziak ez dira jendeen erran batzuk baizik...

APEZA: Jendeen erranak... ez baitira beti gezurrak...

GILEN: Hori ba dakit. Baina gure arteko nahasmenduetan ez duzu zuk deus ikustekorik. Bestalde, Gaetan Lapégue, etorriko den apez berriaz ongi futitzen da. Zu zaitu hemendik kasatu nahi! Eta baldin bazoaz, usteko du hauzia irabazia duela eta bere sustengatzaileek halaber.

APEZA: Nago ez ote duzun Gaetan Lapégue idorkiegi jujatzen. Eta segur naiz, elkarrekin solastatzen bagina zerbait onik atera litekeela.

GILEN: Zer derasazu Jaun erretora? Elkarrekin solasta?

APEZA: Zergatik ez?

GILEN: Baina zer apez mota zara zu?

APEZA: Bakearen eta zuzentasunaren alde bermatzen naizen Jainko seme bat.

GILEN: Zuzentasuna ez da bera etortzen. Zuzentasuna irabazten da. Bakea aldiz...

APEZA: Ni joan aintzin bake poxi bat nahi nuke herri honetan utzi eta horregatik, zurekin batean, Gaetan Lapégue ere gomitatu dut, hiruak zerbaitetara heltzen bagina, gero, herri guzia apur bat bederen ezti bailiteke.

GILEN: Gaetan Lapégue hona etorri beharra? Ongi entzun ote dut?

APEZA: Bai... Bost orenetan etortzeko errana diot.

GILEN: Ba noa beraz!

APEZA: Zergatik? Kontzientzia ez daukazu trankil?

GILEN: Trankil trankila. Baina...

APEZA: (Moztuz). Nik ere bai. Beraz, guk biok, herri honetako auzapez ohia hementxe bertan igurikatuko dugu.

GILEN: Ba daki hemen naizela?

APEZA: Ikusiko.

GILEN: Segur naiz ez duela egon nahiko.

APEZA: Hari ere, zuri bezala galde bera eginen diot. Eta kontzientzia trankil ez badauka, joanen da. Baina nola, nehork ez duen onartu nahi kontzientzia makur daukanik, kasik segur naiz geldituo dela. Gerokoak gero! Funtsean laster jakinen dugu, norbaiten urratsa entzun dut...

GILEN: Orain, orain komedia haste! ... (Ateko xilintxa entzuten da.)

APEZA: Hor da, ori...

GILEN: (Ordulariari so egiten du.) Xuxen datorrela, xuxen!

 

(Apezak atea irekitzen duelarik, Laurendi agertzen da.)

 

APEZA - GILEN ­ LAURENDI

 

LAURENDI: Jainkoak dautzula arratsalde on, Jaun erretora.

APEZA: Bai, zuri ere, Laurendi.

LAURENDI: Agur Gilen!

GILEN: Agur, agur! (Apeza eta Laurendi xoko batetan dagoz. Gilenek, horien solasaldia ez du segitzen.)

LAURENDI: Gure Klodina hemen dea?

APEZA: Ez.

LAURENDI: Ez baita hemen?

APEZA: Ez, ez.

LAURENDI: Atzo hemen zena?

APEZA: Ez.

LAURENDI: Herenegun?

APEZA: Ez eta ere... Bi hilabete bederen ba du ikustekoa dudala...

LAURENDI: Jes, harritzen nauzu... Elizako oihal xuri eta gainerakoak ez ote ditu gure Klodinak antolatzen?

APEZA: Zuen Klodinak? Ba pentsa! Andere Idak egiten ditu horik guziak.

LAURENDI: Baina, baina, ez dut deus konprenitzen.

APEZA: Nik ere ez.

LAURENDI: Beraz, bi hilabete erran duzu...

APEZA: Bi hilabete, gutienez... Zaude, zaude... Biziki gehiago ba du... Ori, bozak geroz ez da hemen izan eta aintzinean ere doi-doia bi edo hiru sar-jalgi...

LAURENDI: Hauxe berria... Tronpatzen zara...

APEZA: Ez. Horretaz segur naiz.

LAURENDI: Ala... Ai, urdea, ai urde zikin andoila lodia! konprenitzen dut bai orain!

APEZA: Hobe! Norbaitek bederen...

LAURENDI: (Oihuz). Ez da egia. Ez da posible... Gezurrez ari zatekeen...

APEZA: Mintza zaitez gizona...

LAURENDI: Gure Klodina...

APEZA: Zure Klodinak zer du bada?

LAURENDI: Alfred Haraneta, azpiz denei kondan ari baitzitzaien...

APEZA: Zer zioen?

LAURENDI: Baizik eta... Baizik eta gure Klodinari Kaskobeltzek, apezak baino hobeki egiten ziola katixima... Orain konprenitzen dut bai, zein katiximataz zen mintzo Alfred kaxkaila hori! Beraz egia zerbait ba da hor? Zer diozu zuk, jaun erretora? Zer diozu?...

APEZA: Nik dakida? Ezti zaitez Laurenti, ezti. Beti ba dira mihi gaixtoak... Baina erran dezakedana da, zure Klodina, aspaldian ez dela hona agertu...

LAURENDI: Ez nuen beste beldurrik. Ai, emazte deabrusa, gezurti nahasia! Dolutuko zain Klodina, dolutuko zain! Eta Kaskobeltz pitrail horri, gure zerri hiltzeko kanit-marrazarekin moztuko dizkiot... moztu beharrak!

APEZA: Ixo, ixo...

LAURENDI: Bai, moztuko dizkiot! (Geldi). Horra, zu baino biziki gazteagoko emazte batekin ezkontea zer den! Horra!

APEZA: Hori, nik ez dakit...

LAURENDI: Beraz, beraz egia daiteke. Gure Klodina eta Kaskobeltz. Deabrua sar balekie! Sekulan hor gaindi harrapatzen baditut...

APEZA: Ezti zaitez...

LAURENDI: Katixima dutea, katixima. Eginen diet bai nik katixima... Neure ihiziko armarekin, biak garbituko ditut. Biak! (Eta atera buruz doa, ordu berean norbaitek jotzen, baina Laurendik segitzen du...) Nik, biak hilen, bai, biak, eta laster! (Laurendi ateratzen delarik, atea irekirik uzten baitu Gaetan Lapégue sartzen da.)

 

GAETAN - APEZA - GILEN

 

GAETAN: Ba da mogimendu etxe honetan. Hiltzailegaiak ere? Non sartu naiz?

APEZA: Arratsalde on, Jauna.

GAETAN: (Gileni ohartuz). Hori ere hemen?

APEZA: Apez etxe batetan denen tokia ba da.

GAETAN: Jaun horrekin bururako duzunean, askiko nauzu deitzea. (Eta kanpora abiatzen da.)

APEZA: Jaun horrekin eta enekin mintzatzeko kontzientzia ez ote duzu trankil?

GAETAN: Trankil, trankila. Baina buruz-buru solastatzeko etorria naiz, ez eta...

APEZA: Jar zaitez halere. Anitz gauza ba dugu elkarri errateko. (Gaetan jartzen da.)

GAETAN: Pentsatzen dut baietz. Alabaina, hamar hilabete ba du ez zarela gure ikusten izan. Alta, lehenago... Funtsean, konprenitzekoa da... Zure alderdia ba duzu...

APEZA: Zure andrearekin noiz-nahi gurutzatzen naiz eta aldi oroz zure berriak galdatzen dizkiot. (Geldi). Bestalde; zure semea ere, nik ezkondua dut.

GAETAN: Ez'zazula otoi ene semerik aipa!

GUILEN: Eta bai, zure semea eta ene alaba aipa ditzagun! Zeren zuregatik...

GAETAN: Ba noa hemendik. (Eta zutitzen da.)

APEZA: Ez! Gauzen argitzeko mementoa orain da. Herri honetarik joan aintzin, bokata egin nahi dut.

GAETAN: Ba zoaz ala?

APEZA: Bai. Jaun apezpikuaren manuz, hemendik bi aste barne lekuak hustu behar ditut, neure herri berrira buruz.

GILEN: (Gaetani buruz). Kontent zara ez? (Gaetanek ez du ihardesten.)

APEZA: Kontent edo ez, nik joan behar dut. Baina, ez naiz hemendik burua apalik abiatuko, ez urguluz betea naizelako, baina uste baitut eta uste neure indar guziaz, herriko boz horietako hara-honatan, ez dudala sudurrik sartu eta hemen gertatzen diren samurgo eta elkar ezin ikusietaz ez naizela apantziarik ere hobendun!

GILEN: Hobendun bakarra zu zara Gaetan!

GAETAN: Zu, ixilik zaude. Zuk dituzu bazter guziak nahasi eta nahasten!

APEZA: Ez zaituztet elkarretaratu, aparka eta oihuka aritzeko, bakarrik bake bide baten bilatzeko. Herritarra bi alderdi dagoz, baina zuek bakoitzak urrats bana egiten baduzue, jakin zazue denen onetan izanen dela. Eta urrats hori, urrats ttipi hori, batak eta besteak, egin dezakezue, horretaz segur naiz! Zeren; ororen buru, ez ote zarete familia bereko?

GAETAN: Familia bereko? Bortxaz bai, familia bereko. Ene semea eta horren alaba, senar-emazte omen dira, Jainkoaren eta legearen aintzinean. Baina nik, hori ez dakit; eta ez dut jakin nahi ere. Ene baimenik gabe ezkondu dira, bizi daitezela ni gabe!

APEZA: Horik ez dira aita familiako on baten hitzak. Are gutiago, kristau batenak.

GAETAN: Arrazoinka arizan nahi baduzu jaun erretora, arrazoinka ariko gara, bihar goiz arte. Eta ez gara deusetara helduko. Beraz, Jaunak, agur!

APEZA: Batasunik egin gabe joanen naiz naski... Agian ene ondokoa ni baino hobea izanen da.

GAETAN: Zoaz lehenik. Gero ikusiko.

GILEN: Horra Jaun erretora, nik errana!

 

(Atean xilintxa. Apeza irekitzera ba doa. Janamari sartzen da.)

 

APEZA - GILEN - GAETAN - JANAMARI

 

JANAMARI: Egun on Jaun erretora. Gaetan hemen dago?

GAETAN: Zer nahi duzu Janamari?

JANAMARI: Hemengo aferak, nola doaz? Ongi, agian...

APEZA: Hastapen bat baizik ez da... Baina ongi egin duzu etortzea. Emazte baten beharretan gineuden.

JANAMARI: Ez zarete gora beraz!

GAETAN: Goazen hemendik, Janamari.

GILEN: Zure senarra iheska dabil.

GAETAN: Iheska ni? Hamabi urtez nitaz behartu zarelarik honen edo harentzako ez zenautan horrelakorik erraten! Aldi bakar bat, zerbait errefusatu ote dautzut? Aldi bakar bat, eginbideei ihes egin ote diet?

APEZA: Uzkizu atzokoak atzoko. Biharraz gaitezen mintza...

GAETAN: Zu bihar hemendik joanen zara eta kito!

JANAMARI: Zer? Apeza hemendik joanen zaigula?

APEZA: Jaun apezpikuak beste herri batetara izendatu nau...

JANAMARI: Entzuten duzu, Gaetan?

GAETAN: Errana nautzun, Janamari, gaizki gobernatzen dena beti harrapatua dela!

APEZA: Apez bat ez da Xurien edo Gorrien mutil. Apez batek Jaikoaren erranen arabera gobernatu behar du!

GAETAN: Frogak hor dira!

GILEN: Zein froga?

GAETAN: Jaun apezpikuak ez du apez saltserorik nahi!

GILEN: Saltsa, zer deitzen duzu, zuk? Prediku aulkitik apez hau zure alde mintzatu balitz edo bozetan pasatu bazina, orduan ongi eginen zuen eta ez zen saltsero bat izanen. Orduan ez. Baina nola ez duen publikoki, bataren edo bestearen alderdirik hartu eta nola ni naizen auzapez jarri apezak pekatu behar! Apeza saltsero! Gizontasun poxi bat, Gaetan! Herriko zozoenak ere garbiki ikusten du zure jukutria.

JANAMARI: Zure gogoko naiz, Gilen. Mil'aldiz gauza bera errana diot baina ez du deus aditu nahi. Bakea behar dugu. Eta gauzen akulatzeko, nik ere saltsa poxi bat muntatu dut...

GAETAN: Zer egin duzu, Janamari?

JANAMARI: Beñat eta Maiderri idatzi diet, baizik eta herriko eta familiako istorioak ahantzi nahi zenituela eta batasuna berriz egin.

GAETAN: Gezurra!

JANAMARI: Errana diet ere barkatzen zeniela eta nahi zutelarik etxera etortzen ahal zirela...

GAETAN: Janamari, ez zenuen horren egiteko dretxorik!

JANAMARI: Berantegi da orain...

GAETAN: Nolaz berantegi? Zer derasazu?

JANAMARI: Gure etxean dira.

GAETAN: Ez dut onartzen!

JANAMARI: Eta ez dira bakarrik...

GAETAN: Nor ekarri dute kontuaren gaineko?

JANAMARI: Beren semea!

GILEN ETA GAETAN: Beren semea?

JANAMARI: Seme eder bat, bost kilokoa! (Gaetari buruz): Dena zu iduria... (Geldi). Loriatuak daude eta pentsatzen dut haien zoriona ez duzula histu nahiko. Edo izatekotz, zerau bozkarioz beteko zarela haur eder eta hardit hori ikustean! (Gaetan gogoetatua dago.)

APEZA: Zer zoriona!

GILEN: Xoxefinak ba daki hor direla?

JANAMARI: Elkarrekin utziak ditut...

GAETAN: Zer, Xoxefina gure etxean?

JANAMARI: Eta zergatik ez?

GAETAN: Hauk kopeta! Herriko etxetik kanpora bota nautenak orain ene etxean nagusi?

GILEN: Ez zaitugu guk botatu, herritarrek dute hautatu.

JANAMARI: Beñaten eta Maiderren partez ba nator zure ikustera. Beren haurra nahi lukete bataiatu eta zu aitatxi izatea galdatzen dautzute...

GAETAN: Sare guziak on zaizkizue ene biltzeko; eta zuek Gorriak nitaz trufatzeko. Ai, zerriak, ez besteak! Desohoratu ondoan, orain ene ondotik, nik bakea egin behar eta zuek ttanttoak kondatu... (Geldi). Eta; EZ erran baneza?

JANAMARI: Ez dezakezu horrelakorik egin, Gaetan. Otoi ez! Begira jadanik, hamar hilabete hau zein luzeak izan diren... Gure etxean ez da gehiago bizirik ez eta bizitzeko gutiziarik...

GAETAN: Noren faltaz?

JANAMARI: Beñat, Maider eta beren semea, larrunbat igandetan bederen hor bagenitu horrek berak kuraia eman liezaguke aste guzirako... Eta nork daki, haurra ez ote dugunez berdin guk atxiki beharko? O, Gaetan... Haur sortu berri bat; gelditzen zaigun semearen lehen haurra! Aingeruño bat etxean, zer bozkarioa!

GAETAN: Zuek, emazteok, harriak ere nigarrez has araz zenitzakete!

JANAMARI: Zure biotza ez da balinba harri bat baino idorragoa?

 

(Haur nigar batzuk entzuten dira eta atean xilintxa.)

 

APEZA: Hor dira. (Eta irekitzera ba doa. Xoxefin agertzen.)

 

BESTEAK - XOXEFINA

 

XOXEFIN: Beha, nor dudan hemen? (Eta haurra erakusten du. Haurra nigarrez ari dela, guziek begiratzen diote.)

GILEN: Hauxe haur ederra!

APEZA: Guti zoriontsu bait ditazke!

XOXEFIN: Irria ere egiten du... Beha... Kilikilikili...

JANAMARI: Ho, zein pollita den!

GILEN: Denak ongi pasa dira naski...?

XOXEFIN: Arras ongi.

APEZA: Bataiatu beharko dut hemendik joan aintzin...

XOXEFIN: Eta nora joan gogo duzu jaun erretora?

APEZA: Bi asteren buruko ba noa, artalde berri batetara buruz.

XOXEFIN: Hauxe berria. Ez da egia!

APEZA: Egia osoa!

XOXEFIN: Oizu, memento onean etorri dira, ori! Guti pena ukanen baitzuten zu joan-ta gero etorri balira...

JANAMARI: (Gaetani buru). Eta zuk Gaetan, ez duzu deus erraten?

GAETAN: Zertaz? Haur horretaz? Hemengo saltsaz? Hor zaudete, itzuli-mitzuli irri faltsu eta begi-keinu, delako batasuna ezin eginez ari! Gero ta hobeki ohartzen naiz, zuek guziok, tripa bereko zaretela eta ni hemen soberakin!

JANAMARI: Ez Gaetan! Ez zara soberakin. Gure bozkarioan parte harrazu, atzoko historioak ahantzirik...

GAETAn: Ez zara ahalge horrela mintzatzeko?

JANAMARI: Bizitzeko gelditzen zaigun denbora laburra sakrifikatu behar ote dugu bozetan ez zarelako pasa? Bozak, iraganak dira orain. Bizi behar dugu eta ahal bezain deskantxuan, ez eta beti gauza berak gogoan ukan!

GAETAN: Eta ohorea, Janamari? Zer egiten duzu ene ohoreaz?

JANAMARI: Zure ohoreak irabaziko du, lehenik, etxean bertan batasuna egiten badugu. Zure ohoreak irabaziko du ere, agurtzen ez dituzunekin solasean hasten bazara. Aldiz zure ohorea gero ta ttipituz joanen da familiako eta herriko batasunari uko egiten badiozu!

GILEN: Zure andreak arrazoin du.

XOXEFIN: Eta nola!

GAETAN: Zuei, ez dautzuet deus galdegin!...

APEZA: Alta ni ere horien gogo bereko naiz...

GAETAN: Ho, zu... Alabaina...

XOXEFINA: Errazue eta... arrunt ahantzia nuen... Haur honek burua gal arazi daut... Barka... Beñat eta Maider atean daude, sartzeko zuen baimenaren haiduru... (Gaetan salbu, denek): Sar bitez, sar... Baina zer ari zarete kanpoan. Sar, sar... (Orduan Beñat eta Maider sartzen dira, apur bat herabe).

 

BESTEAK - BEÑAT - MAIDER

 

(Denak nahastikatzen dira, esku tinkatze eta potta. Sahets batetan, Gaetan bakarrik dago. Batzuk besteen artean, hitz hauk entzun daitezke): Biba zuek! Goresmenak! Biziki haur ederra duzue! Zorionak! Dena aita iduria! A, ez amatik ere zerbait ba du... O, bai, aho egitea dena amarena. Biba zuek! Luzaz bizi bedi eta zuek ere bai! Guti kontent baitzaratekete... Biba zuek! (Beñat aitarengana buruz hurbiltzen.)

 

BEÑAT: Arratsalde on aita!

GAETAN: Ez dautak beste deus erraten?

BEÑAT: Andre bat eta seme bat ba ditudala...

GAETAN: Hori ba zakiat...

APEZA: Sobera jende ba gara hemen; goazen ondoko barne horretara... freskoagoa da eta edateko zerbait ere ba dateke... Goazen bada...

 

(Denak abiatzen dira, Gaetan salbu. Guziak beste barnera sartuak direlarik Beñatek gibelera egiten du eta bere aitari diotso):

 

BEÑAT: Ez zatoz aita?

 

GAETAN - BEÑAT

 

GAETAN: Ez; eta hirekin nahi niake buruz-buru solastatu...

BEÑAT: Nahi duzun bezala. (Geldi).

GAETAN: Eta?

BEÑAT: Eta... Hemen garela, ori...

GAETAN: Ikusten diat... (Janamari agertzen da.)

 

GAETAN - BERAT - JANAMARI

 

JANAMARI: Zatozte, zuek ere... Etxean mintzatuko zarete...

GAETAN: Ez. Hemen bertan eta segidan zenbait gauza argitu nahi ditugu...

JANAMARI: Zer erranen dute besteek?

GAETAN: Erran bezate nahi dutena...

BEÑAT: Laster etorriko gara bai...

JANAMARI: Ez zaiteztela berriz samurt! (Eta Janamari ba doa.)

 

GAETAN - BERAT

 

BEÑAT: Amak igorri dauku letra luze bat erranez bihotz bihotzetik igurikatzen gintuzuela...

GAETAN: Eta sinetsi duk?

BEÑAT: Zergatik ez?

GAETAN: Amak, hori bere burutik egin dik, niri baimenik galdatu gabe.

BEÑAT: Bizkitartean...

GAETAN: Ez duk hor hara ez honatik. Gauzak ez dituk hik uste duan bezain plomuan. Batere gero.

BEÑAT: Harritzen nauzu...

GAETAN: Ni ez!

BEÑAT: Uste nuen, zure aldetik...

GAETAN: Eta bai... ene aldetik. Nik beti amor eman behar. Eta zuek?... Zuek aldiz burutik pasa guziak egin! Etxeko ohoreaz, ongi futitzen haiz, ez?

BEÑAT: Ene ustez, ez dut sekulan etxeko ohorea zikindu...

GAETAN: A, ez? Baina zer derasak Beñat? Ene etsai handienaren alabarekin ezkont eta oraino eztaiak aintzin haur bat egin...

BEÑAT: Nornahiri gerta dakiokeena da hori...

GAETAN: Ni, ez nauk nornahi. Eta hi ene semea hintzen!

BEÑAT: Orain ez ala?

GAETAN: Ez zakiat batere...

BEÑAT: Baina aita... amarengatik bederen onartu behar duzu... Nik lehen urratsa egin dut: etorri naiz. Zinez bihotz gogorra ukan banu... han egon nintekeen... Han denak ba ditugu orain... Zer uste duzu ala ez dudala sofritu, ez dugula sofritu hamar hilabetez, eta bereziki etxetik kanpo ezarri nauzularik... Neure ohorea orduan non zen? Non? Edozein gaixtagin bezala joan behar ukan dut, zeure burua eta zeure auzapezgoa baizik ez zenituelako ikusten. Zu, zu, bakarrik zu! Iduri eta zu gabe, mundua ez dela berdin itzulikatuko!

GAETAN: Beraz; ongi konprenitzen badut, ni nauk denetaz hobendun?

BEÑAT: Ez dut hori erran nahi. Ez zara denetaz hobendun. Baina, anitz gauzez bai! Eta jakin'azu, aldi honetan ez bagara ados jartzen, gero berantegi izanen dela! Ez gara berriz etorriko... A, ez!

GAETAN: Mehatxuak orain?

BEÑAT: Ez ; baina gauzak ongi karkula itzazu... Zeren amak berak erraten zautan...

GAETAN: Zer erraten zauan?

BEÑAT: Gauzak ez badira ongi itzulikatzen, gurekin Bordelen biziko dela, eta konprenitzen dut; sobera aspertzen da gu gabe.

GAETAN: Beraz horretara helduak gaituk... Beraz horretara helduak gaituk! Ikusten diat bai. Denboraren buruan, bakar bakarrik hiltzera utz nazakezue?

BEÑAT: Guk segurik ez genuke horrelakorik nahi. Bordelen, istukioak burura orduko, gu, berriz etorriko gara Euskal Herrira. Nonbait bizi beharko gara; etxean edo... Hori, zuk ikus... (Geldi).

GAETAN: Egin dituan guziak barkatuko dauzkiat; hurrengo aldian Gilen Mundukuren kontra presentatzen bahaiz, Xurien izenean!

BEÑAT: Aita! Orain tratu bat proposatzen dautazu?

GAETAN: Har edo utz.

BEÑAT: Hori da zure azken hitza?

GAETAN: Bai. (Janamari agertzen da.)

 

GAETAN - BEÑAT - JANAMARI

 

JANAMARI: Zatozte bada. Zatozte. Bataioko egunaren hautatzen ari gara...

BEÑAT: Ez dakit bataiorik eginen dugunez...

JANAMARI: Nola? Zer derasak?

BEÑAT: Uste nuen aitaren eta gure arteko aferak hobeki kurrituko zirela. Zure letran hitz eder eta goxoak ezartzen zenauzkidan, baina egia besterik da. Aitak, egiazko bake baten ordez tratu bat eskaintzen daut.

GAETAN: Ez duk hori tratu bat. Bakarrik hire eginbidea. Aitari zerbait gertatzen zaionean, semeak mendekatu behar dik!

JANAMARI: Baina zertaz ari zarete? Tratu hori zer da?

BEÑAT: Aitak denak barkatuko dauzkit, hurrengo aldian Mandukuren kontra presentatzen banaiz!

GAETAN: Xurien izenean! Ez ahantz.

JANAMARI: Baina Gaetan, ixtorio horik utz ditzagun beren gisa.

GAETAN: Eta beraz, zer diok?

JANAMARI: Otoi, Gaetan!

BEÑAT: Labur eta argi izanen naiz eta etxetik kasatu aintzin erran naukizun gauza berak errepikatuko dauzkizut. Har edo utz!

JANAMARI: Adio gure batasuna!

GAETAN: Beti heure ideia zoroekin haiz beraz?

BEÑAT: Ene ideiak ez dira zoroak. Eta lehen lehenik, ez dut sekulan onartuko Xurien izenean zerbait egitea. Xuriak; haundi-maundiak edo heien intresen zerbitzariak dira eta jende langilearen etsaiak. Ez dut horietarik izan nahi. Sekula santan! (Geldi).

GAETAN: Beste aldian, Gilen Mandukuri emanen diok heure boza?

BEÑAT: Jadanik errana dautzut Mandukuren eta zure artean ez dela zorigaitzez diferentzia haundirik. Zu, xuria deitzen zara eta izan daiteke xurien intresen aldekoa zarela, erran nahi baitut, diruzaleen mutil bat.

GAETAN: Zer entzun behar dudan!

BEÑAT: Manduku aldiz, ez da egiazko gorria: egiazko gorri batek sistema baliakorra desegin behar baitu; baina Manduku gaizoak ez du hautsi-mautsi bat baizik eskatzen.

GAETAN: Beraz hi; Manduku baino gorriago haiz?

BEÑAT: Bai eta duda-muda izpirik gabe. Funtsean Manduku baino gorriago izatea ez da gauza zaila. Baina, ez naiz edozein gorri.

GAETAN: A, bon...

BEÑAT: Euskal Herria libro ikusi nahi dut, mugaz bi aldeak bateratuak eta arrotz eta barneko xurgatzaileen hatzaparretarik kendua!

 

(Atean, xilintxa gogor jo bedi eta Panpale Haundia lasterketa sartzen da.)

 

GAETAN - BEÑAT - PANPALE

 

PANPALE: Jaun erretora, jaun erretora, zatoz, zatoz. Apeza non da? Jaun erretora... (Apeza agerten da.)

 

HIRUAK ETA APEZA

 

APEZA: Zer da? Zer da? Zer gertatzen da?

PANPALE: Zatoz laster. Zatoz...

APEZA: Nora? Mintza zaitez...

PANPALE: Laurendi, Laurendi...

APEZA: Laurendik zer du? Sobera edan egun ere?

PANPALE: Ez, ez. Baina eskandala gaitza. Jende guzia... bildua... Zatoz...

APEZA: Argitasun gehiago emazu, gizona!

PANPALE: Laurendik, bere Klodina eta Kaskobeltz harrapatu ditu Urrutibordako selauruan, belar meta baten gainean etzanik eta... ari.

APEZA: Zer ari?

PANPALE: Zer ari, zer ari... Ez musean, ez Jauna. Trukean, trukean...

APEZA: Eta?

PANPALE: Eta Laurendik eskuan zuen aitzurrarekin Kaskobeltzi sekulakoa eman dio eta burua arraildu... (Gilen agertzen da.)

APEZA: Hauxe berria!

 

LAUAK ETA GILEN

 

GILEN: Zer gertatzen dela?

PANPALE: Laurendik Kaskobeltzi burua arraildu. Mututua dago, orain... Ponpierak jandarmeak, medikuak, denak bidean dira ...

GILEN: Goazen ikustera...

PANPALE: Klodinak aldiz, gorputz guzia uspalkatua du... eta isterrean animaleko jaki bat.

APEZA: Isterrean?

PANPALE: Bai, Jauna. Laurendik kanibet ukaldi bat isterrean eman dio! Hementxet ori (erakusten dio). Odola zurrupitan heldu zaio...

APEZA: Nolaz ikusi duzu pikoa hain gora duela?

PANPALE: Baina, Jauna, larrugorri dira, biak...

APEZA: Larrugorri? Jainko ona!

PANPALE: Zer uste duzu ala bestiturik egiten direla gauza horik?

 

(Ponpieren auto tuta entzuten da.)

 

GILEN: Ponpierrak hor dira. Goazen gu ere.

PANPALE: Jaun erretora, oliadurak bar itzazu baleki bale... (Gilen eta Panpale ateratzen dira. Apeza beste barnera doa. Orduan, Xoxefin, Maider eta haurra agertzen dira.)

JANAMARI: Gaizo Klodina!

GAETAN: Gaizo ona...

XOXEFIN: Zer dela? Zer dela?

JANAMARI: Berri hitsak, ori, berri hitsak. Kanpoan jakinen ditugu xehetasunak. (Eta abiatzen da. Apeza sar bedi.)

APEZA: Sarri arte. Segidan nator. Hemen bertan igurika nazazue. (Eta ba doa.)

XOXEFIN: Zer ariko gara hemen? Goazen geure etxeetara. Zuen arribada (etorpena) goxoki ospa dezagun...

 

(Hiru emazteak eta haurra abiatzen dira.)

 

MAIDER: Zein etxetara goaz gu, Beñat?

BEÑAT: Ez dakit oraino.

JANAMARI: Gurera, ez?

XOXEFIN: Azkenean, zuek, hemen bertan egoten ahalko zarete. Etxe hau ere hutsa izanen baita laster...

BEÑAT: Hutsa? Nolaz?

XOXEFIN: Apeza tokiz aldatzen baitute, hire aitari plazer egiteko...

GAETAN: Zer derasazu zuk?

BEÑAT: Aita zer da istorio berri hau?

GAETAN: Nik ez dakit? Apezen hara honatetan ez diat deus ikustekorik!...

BEÑAT: Ha... Horra ondorioak! Semea etxetik kanpo, apeza heritik kanpo... Zure parren betetzeko zer ez zenezake egin zuk? (Geldi). Maider, zoaz zeure ait'amen etxera!

MAIDER: Ongi da. Laster arte beraz.

XOXEFIN: Gu ere ba goaz. Agur! ... (Bi emazteak eta haurra ateratzen dira.)

JANAMARI: Bataioa, igandean beraz. Ibil polliki...

 

GAETAN - JANAMARI - BEÑAT

 

JANAMARI: Horien aintzinean ez dautzut gogoan dudana erran, Gaetan. Baina, orain adi nazazu. Aski ba dut, aski, zure ohore-kolpatu, herriko-boz eta gainerako guziez. Zuk, kanpokoa baizik ez duzu ikusten; baina ni, familia barnean nahi nuke goxotasun apur bat. Beñaten itzulian, zoriontsu izaten ahal garelarik, zergatik eska, egin ez dezakeena?

GAETAN: Ez da hor, egin ez dezakeenik!

BEÑAT: Baina, aita...

GAETAN: Eta semea zure senarra baino maiteago baduzu, zoaz etxetik, zu ere!

JANAMARI: Gaetan, ez zaude ongi...

GAETAN: Arras ongi. Eta balin bazoaz; eskaini dautzudan urreria utziko duzu den tokian!

JANAMARI: Ez naiz urreriaz biziki axolatua, baina otoi, geroari pentsa dezagun... zure onetan mintzo naiz.

GAETAN: Nik ba dakit zer egin!

JANAMARI: Horrela denez geroz, neure semeari jarraikiko natzaio. (Geldi). Ez nuen uste herriko bozak eta zure ohorea familia baino maiteago zenituela!

 

GAETAN - BEÑAT - JANAMARI - APEZA

 

APEZA: Hauxe gertakaria! Jainko maite zeruetakoa, zerbait ba da bai hori! Zerbait ba da!

JANAMARI: Biziki kolpatuak dira?

APEZA: Kolpatuak, kolpatuak sendatuko dira bederen...! Hospitalera eraman dituzte... Baina Laurendi, Laurendi...

GAETAN: Laurendik zer du?

APEZA: Laurendik jandarmeak ikusi dituelarik lasterka ihesari eman du. Jandarmeek segitu dute, eta azkenean ohartu delarik kasik hatzemana zutela, Uhaldeko ziternaren barnera bota du bere burua eta han... ito!

JANAMARI: Ito?

GAETAN: Gaizo gizona!

APEZA: Bai, zinez... (Hil zainuak hasten dira.)

JANAMARI: Ponpierrek ez dutea berriz piztu ahal?

APEZA: Jadanik joanak ziren!

JANAMARI: To, to, to, ez genuen beste beharragorik aferen argitzeko!

APEZA: Gaizo Laurendi! Zer heriotzeak hatzeman duen! Gaizoa!

GAETAN: (Biziki fier). Errana nautzuen nik; Gorriak kontseiluan sartu orduko, istorio eta eskandala haundienak gertatuko zirela herri hontan! Errana nautzuen! Horra frogak! Laster eta garbi!

BEÑAT: Baina aita, gertakari hauek ez dute deus ikustekorik herriko kontseiluarekin. Zergatik nahi dituzu beti gauza guziak nahastikatu?

GAETAN: Hamabi urte auzapez egon naizen denboran ez duk horrelakorik hemen gertatu.

BEÑAT: Horrek ez du deus erran nahi.

GAETAN: Ez duela deus erran nahi? Aise mintzo haiz hi. Auzapez banintz, oraintxe ere, bakean eta zorionean egonen gintuan eta Laurendi bizi izanen zuan! Mandukuk piztu dik sua eta zuk jaun erretora, ufatu... Hor duzue orain, nahi zenuten saltsa!

APEZA: Zuk, apezpikutegian montatu dukezun saltsak usain tzarragoa du, hemengo senar-emazte hauen goiti-beheitienek baino... eta Mandukuk ez du hor deus ikustekorik.

GAETAN: Nik ez dut zure aferan sudurrik sartu...

JANAMARI: Neronek entzun zaitut apezpikutegiko norbaiti telefonatzen...

GAETAN: Janamari, zaude ixilik!

BEÑAT: Ahalgegarri da apez honi gertatzen zaiona. Zeren ez du balio hala ez denaren erratea eta horren besteei sinets araztea. Apez hau ez da zu baino gorriagoa. Funtsean, gorri hitz horrek zer erran nahi du zure gogoan?

GAETAN: Eta hirean?

BEÑAT: Jadanik errana dautzut. Nago ongi konprenitu nauzun.

GAETAN: Ez nauk beste bat baino zozoagoa.

BEÑAT: Hori ba dakit. Gauza batzuen errepikatzeak halere ez du gaizkirik egiten. Apez hau; jende xehearen onetan Euskal Herriaren beregaintasunaren alde mintzatu balitz, orduan bai gauzek beste itxura bat hartuko zuten. Baina zer egin du? Behar-bada Mandukuren alde boza eman eta gero zer? Mandukuk, herriko hara-honetan zure bide bertsua segitzen du, ez ditu segur denak azpikoz-goiti ezarri. Etxe loratuen zein gehiagoka bat munta, han edo hemen bizpahirur «stop» ezar... Halere, herriko kantonierren irabazia goititu du; baina Euskal Herriaren nortasunari buruz zu bezainbat ba da, biak bat bestea bezain azkar: deusen ez egiteko!

GAETAN: Abokat egin nahi duala; juge izateko ere ez hintzateke txarra!

BEÑAT: Frantseskeria eta problema faltsuak ezin trenkatuz galdu eta galtzen duzue zeuen denbora, anartean gure egiazko buru-hauste eta griñak nahitara baztertzen dituzuela gauzen errora ez joan nahiz. Frantses gobernuko gizon eta manatari haundiei irri pollit eta begi kainuka ari zatzaizkiete, zuek Xuriak; eta Gorriak ere funtsean Frantses mito berari jarraikitzen zaizkio, memento berean, gure Herria, menperatua eta zatitua, hiltzen ari daukutelarik!

APEZA: Zorigaitzez...

BEÑAT: Gure seme sortu berriari esker, familiako batasuna bederen egin nahi izan dut baina ez gara naski deusetara heldu...

JANAMARI: Gaetan, zerbait errazu, otoi! (Gaetan ixilik dago.)

BEÑAT: Apez hau herri honetarik joanen da; eta gu aldiz, biziko gara bakoitza geure alde...

JANAMARI: Beñat...!

BEÑAT: Politika bidea; gertatzen zaigunaren aldean, oraindik biziki zailagoa da eta arrisku haundiz betea. Euskadiko zeru gaina lano beltzez estalia dago, urrunean ortzi ilun burrunbatsuak nabaritzen dira eta ximistak ditugu argi; lurrean aldiz gure langile lagun borrokalarien odola ixurtzen ari... Baina barazuz eta erautsien ondotik, egun batez halere, Euskal eguzki bat berriz agertuko da. Orduan, ere goiti-beheitiño batzuk izanen dira. Orduan ere, hautu garbi bat egin beharko! Agian hartu bidea, ez dut sekulan ukatuko!

 

1973/XII/11n
Mugerren

 

Xuri, gorriak eta..., Daniel Landart
Egan, 1/6-1982