Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

III. EKINTZA

 

MIKA: ... avanti popolo a la victoria...

 

korifeak mundo armairutik ateratzen laguntzen du. mundo barrikadara doa mikarengana. mundok eskuan egurrezko esku bat darama.

 

MUNDO ETA MIKA: ... bandiera rosa, bandiera rosa.

MUNDO: Zer ari gara ospatzen?

MIKA: Etorkizuneko garaipena ospatzen ari gara, zeurea, neurea eta pailazo guztien armadarena. Ikusten al duzu dardarka dagoen tristezia andrea? Beleek seinalea elkarri pasatu diote, barrearen eta bilduko ditugun alai guztien armadaren beldur dira. Zure eta nire adiskide guztien beldur dira..

MUNDO: Kamaradak, ka-ma-ra-dak.

MIKA: Ka-ma-ra-dak.

MUNDO: Hori da, baina ez dut uste etorriko direnik. Urrun bizi dira, Polonian: Polanski, Grotowski, Kransnapolski, Lato...

MIKA: Etorriko ez dira ba!, guztien premia dugu, guda luzea izango da, eta gudari iraultzaile, gudari ausart, eta batez ere, gudari barregarrien premia dugu.

MUNDO: Guda?, zein guda motari buruz ari gara, princcipesa?

MIKA: Zer galdera mota da hori! Tristeziaren kontrako gudaz, seriotasunaren kontrakoaz, atsekabearen kontrakoaz, gudaren kontrako gudaz, zein bestela?

MUNDO: A!, guda hori, ez dakit borrokatzeko gogorik dudan, hain da neketsua borroka... zera, perezoskia sortarazten dit gudak.

MIKA: Zer arraio diozu? Zu gure komandantea zara, gure nagusia eta liderra, gure bandera, gure armarik preziatuena,... nola ez duzula borrokatu nahi, nola perezoskia ematen dizula?, Txantxetan zabiltza ala zer!?

 

mundo eta mika geldirik geratzen dira une batez.

 

KORIFEA: Buztinezko oinak dituen erraldoia eszenatokia zikintzen ari da berriz ere. Idoloa dardarka, erraldoia buruz behera. Latza da bere hitza irensten gizentzen denaren miseria, eutsi goiari gizon!, ez al duzu ikusten zugan konfidantza duela?

MUNDO: Loski loski strabasloski, Trostkiren laguna naiz noski!

                                    Ni naiz barrearen gudari

                                    tristezia eta seriotasunaren ehiztari,

                                    era guztietako bromak dauzkat,

                                    etsipena joan bedi mundutik at!

                                    Mundo pailazo gorria naiz ni,

                                    eta barrea eragiten dut sarri,... zer, hobeto horrela?

MIKA: Akabo tristura,

                                    laster dator barrearen guda,

                                    jalgi hadi, Mundo buruzagi,

                                    zure zain dauzkazu hamaika gudari!!.

                                    ... Mundo, mundua barrez leher dadila, beleak eskasak eta

                                    koldarrak dira. Pailazoak pateretan, pailazoak kartzeletan,

                                    pailazoak fabeletan, eta arima guztietan ere bai, pailazo bat.

 

mundo barrikadan jesartzen da eta une batez bere etsipena erakusten du aurrenekoz.

 

MUNDO: Ilusioa soberan duzu ene begietako Mika, baina borrokaren bidea zuk uste baino latzagoa da, ez daude borrokarako kamaradak soberan, eta argumentuak eskasak dira hainbeste txerrikorta artean. Baina horrela badiozu, aurrera egin beharko,... hasta la victoria siempre!.

 

Barrikadatik aldendu eta belauniko kantatzen dute.

 

MUNDO ETA MIKA: Avanti popolo, a la riscorsa, bandiera rosa...

 

Kantua eteten du korifeak. mundo eta mika geldirik geratzen dira berriro.

 

KORIFEA: Pinoccioren sudurra abiadura uniformeki azeleratuan handitzen, mozorroak gehiegi pisatzen du. Etsipenak boterea hartzen duenean, herrimina eta nostalgia galerazteko pilulak beharrezkoak direnean... nahikoa dugu, amets gehiegi izan ditugu, hain dira zikinak iraultzak... demonio!, esklabu baten moduan naukazue, esklabua legez egun osoan.

 

mundok mika eskutik heldu eta eszenatokitik gidatzen du.

 

MUNDO: Nondik hasiko zara? Sabela hutsik daukatenen alde, larritasunaren kartzelan dauden presoen alde, egungo tristeen belaunaldi aspertu eta aspergarriaren alde, isiltasunaren auzoen alde, ospitaleen alde, hilerrien alde,... itsas arteko heriotz zuloaren alde... “por las aguas del estrecho flotan claveles negros”... nondik has gaitezke?, zerk du premia?, premiazkoak ala garrantzizkoak, ezkerraldeak edo eskumaldeak, hegoaldeak ala iparraldeak? Esan iezadazu neskatila, nondik hasiko zinateke?

MIKA: Amatxu maitea, horrenbeste lan al dugu?

 

Barrikadaren hondakinen gainean.

 

MUNDO: Hori eta gehiago, askoz gehiago. Ezin ditugu auzo pobreak ahaztu, lubakiak, aberats gizenak eta pobre lehorrak, altuak altuegiak direlako, baxuak baxuegi, lodiak, argalak, itsusiak zein ederrak, etsipena indartsu dabil bere lekuetan eta mundua nazkaturik dago horrenbeste bueltarekin. Barre gutxi geratzen zaigu, ene begietako Mika, justua baino ez. Porkulo hartzera paradisua!

MIKA: Ez da egia, galtzaile baten moduan zabiltza arrastaka, suge baten moduan narras, ez dago dena galduta, ni, zu, eta zure lagun guztiak bizirik gaude.

MUNDO: Kamaradak, ka-ma-ra-dak, baina urrunegi bizi dira, Polonian...

MIKA: Gertu, urrun, goian, behean, barruan, kanpoan... erasoaren posizioak ez du axola, guda handia eta bakarra da, eta irabaziko dugu.

MUNDO: Nik ez dut argi ikusten, ezta garbi ere, edota trabagarri, trabakor, trabeska, trabesti, trabuco, tripi trafikatzaileak, tragikomedia, trikititrantrantran trikititrantrantran, trikititran trapero soy trikititrantrantran.

 

mika publikorantza doa eta handik hitzegiten du.

 

MIKA: Argi baino argiago zegok, kaguenlaputa! Borroka, guda, algara, barrea, iskanbila, matxinada, errebolta da gure zeregina. Hau serioa da Mundo, barre egin behar dugu, pailazo!.

 

mika berriz ere mundoren alboan jesartzen da barrikadaren hondakinen artean. Hildakoen koruko panpin bat paparretik hartuz, ostikoka hasten zaio.

 

MUNDO: Egia da, barrea kontu serioa da, ni pailazoa naiz eta nire lanbideak begirunea merezi du. Usteak erdi ustel, eta usteak erdi pastel, dagoenean bonbon eta ez dagoenean... patada en los cojones!, zozoak beleari... patada en los cojones!, katuak ahoan daraman sardinari... patada en los cojones! Gora gu ta zutarrak!

MIKA: Iparra galduta zabiltza, noraezean, burua galduta, bigarren mailako mamu baten esanetara!

MUNDO: Hori ez da egia, bihotza, nire lanbidean sartuta nabil buru belarri, sudur-begi, enbor-sustrai, hosto, mosto eta kosto.

MIKA: Zu bai txoriburua zu!, Mondragoneko zoroetxean alistatuko zaitut, Leopoldo Maria Panerorekin batera.

MUNDO: “Es tan bella la ruina”... (Panpina askatu eta egurrezko esku faltsuarekin gurutzeak irudikatzen ditu airean) Agian alienatuta nago munduko proletario gehienak bezala. Agian zapalduta naukate botere politikoek, eta produkzio bideen jabeek, eta magnateek, eta superenpresarioek, bankeroek eta mundu mundialaren nagusiek, eta nbek eta natok fbik, fmik, nbak, jfkk, lsdk, mijuhk, lihgrsk.

            Hala ere, zentzuduna naiz erabat,

            eta hartz baten buztana daukat,

            eme eta adi, ni naiz barrearen buruzagi.

MIKA: Pailazo demagogo eta panfletarioa zara zu, baina pailazo zintzoa ere bai, aitortu behar.

MUNDO: Nire iraultza ez da txantxa, ez da panfletoa, nire diskurtsoa ez da demagogikoa, zuzena, zehatza eta zorrotza da, haizkora bezain zorrotza, iraultzaile baten gezia baino zuzenagoa, loski loski strabasloski... Trostkiren laguna naiz noski.

 

mundo eta mika izozturik geratzen dira korifeak lurrean dautzan panpinak jasotzen dituen bitartean.

 

KORIFEA: Segi hor, segi hor... profesional itzela zara, gazteriaren bultzadari eusten, zein fuerte datozen gazteak ama birgina! Ea nola konpontzen zaren neskatilak alde egiten duenean, eszenatokia etsipenez beteta utziko didazu ziur aski, hutsik eta nazkagarri.

MUNDO: Honezkero erabakita dago.

MIKA: Erabakita zegok.

MUNDO: Borroka egingo dugu.

MIKA: Borroka egingo dugu.

MUNDO: Hasta la victoria.

MIKA: Hasta la victoria siempre.

MUNDO: Beti, beti... ia beti. Viva er Beti.

MIKA: Nola ia beti, hasta la victoria siempre eta kitto!

MUNDO: Takito, takito, takito de queso.

MIKA: Oraindik ez zaude konbentzituta e?

MUNDO: Pixka bat, apur bat, pittin bat, zertxobait eta soilik batzutan.

MIKA: Ai! pailazo fedegabe hori.

MUNDO: Luzea eta neketsua da fededunen bidea.

MIKA: Ba nik sinesten dut,

                        sinesten duuut,

                        sinesten duuut.

MUNDO: Ba nik ez dut sinisten, aszetikoa naiz, agnostizioa eta katetoa.

MIKA: Eta inkredulua.

MUNDO: Inkrepuskulo.

MIKA: Geurea da garaipena, ziur gainera.

MUNDO: Ondo da, baliteke, lore boltxebike, zer egingo dugu orain?

MIKA: Ez dakit, zuk esan.

MUNDO: Nik eh?, ... umm... ziutatera joan gaitezke.

MIKA: Ziutatera?, soinean duzu antigas maskara?

MUNDO: Ba ez, ezta gogoratu ere.

MIKA: Ba orduan akabo. Ez dago maskararik, ez dago ziutaterik.

MUNDO: Zer egingo dugu?

MIKA: Ez dakidala esan dizut, itxaroten ari gara!

MUNDO: Zer itxaroten?

MIKA: Okurritzen zaigunaren zain gaude, Mundo jauna, itxaronaldiaren besoetan gaude, zerbaiten esperoan.

MUNDO: Egingo dugu dantza?

MIKA: Ezetz!, itxaron baino ez, joder! Prisa mata amigo polaco.

MUNDO: Ba tira, orduan:... un cigarrito p’al pecho, por lo bien que lo hemos hecho.

 

mundo eta mika barrikadan jesartzen dira. mundo patrikatik zigarro bat atera eta erretzen hasten da.

 

KORIFEA: Gudariaren atsedena, Don Kixote abenduan, poeten etxebizitza, armak makutoan. Itxaronaldia, tarte liminala, itsas artea, artea bera, erdiko zauria, alaitasun komunala eta malko bakartiaren arteko gunea eta unea. Tartearen Artea. Bakoitzak berera, nik ez dut muturra sartu nahi, nik ez dut ezer kontatu nahi, niri garbitzea eta harrikoa egitea dagokit, baina lagunok, une batetik bestera, erorpena, porrota, hondamendia.

MIKA: Ei! Ez zenuke erre behar, ez du zurekin bat egiten.

MUNDO: Ez duela nirekin bat egiten?

MIKA: Pailazoek ez dute erretzen.

MUNDO: Zuk ez zenuke kaka egin behar, ez du zurekin bat egiten.

MIKA: Ez duela nirekin bat egiten?

MUNDO: Neskek ez dute kakarik egiten.

MIKA: Nola ezetz, kaka marroi eta usaintxarraduna, munduko azken indioilarra bezala.

MUNDO: Zuk kaka egiten baduzu, nik erre egingo dut.

MIKA: Ez da gauza bera, ez du zentzurik. Iparra galduta zabiltza berriz ere, pailazo!

 

mika, panpinarena eginez, armairuan sartzen da korifearen laguntzaz.