Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

VI. EKINTZA

 

KORIFEA: (Publikoari hitzegiten dio, baina mikak aurreneko aldiz entzuten ditu korifearen hitzak) Epopeia pitzatu eta hutsune infinituan erori da aztarna zikina utziz. Nondik hasi ere ez dakit, hobe laguntzen badidazu gudaritxo, ea gainerakoaz ahaztu egiten garen.

MIKA: (korifeari) Eta zu zein demonio zara?!

KORIFEA: Nola nor naizen ni? Korifea naiz eta hauxe da nire koroa. Gu hemen egongo ez bagina tragedia herren egongo litzateke, eta eszenatokia zaborrez beteta. Hortaz, hobe aditzen badidazu, neskatxo. Hondatutako heroia ahaztu eta garbitu lurra nirekin. Sasoi makalak iraultzarako.

MIKA: Bost axola niri nor zaren, ez dizut lagundu behar, hori ez da nire lana, nire eginbeharra kantatzea da, gogor eta ozen kantatzea, pailazo izatea, bera bezala, etengabe, buru-belarri, jo ta ke. Mundo hil da, gora Mundo!, antzerkiak bere komedianterik trebeena galdu du, beraz, utz nazazu pakean!!

 

mundoren aurrean, belauniko jartzen da mika.

 

KORIFEA: Requiem maisu erorien omenez, gudu martirien aldeko salba bat: Pum! Ez zaitez bigundu, izenik gabeko soldadu hori, borrokarekin jarraitu nahi izanez gero, bakarrik egin beharko duzu. Zure idoloaren odiseak amore eman du desilusioaren aurrean. Bizitza salbatzeko, bizitza eman behar. Alea jacta est, morituri te salutant.

MIKA: (Berriz ere altxatu eta haserre, publikoari hitz eginez) Puta zikinen usaina daukazue, borrokarako potrorik gabeko pailazo patetikook, feriako hitzontzi malapartatuak, asperduraren morroi nazkanteak, sasikume zantarrak, hormigoia bezain grisak, bizkarroiak, beti belauniko, Babiloniako minbizia, beti negarrez eta mukitan blai, ez daukazue nortasunik, ez duzue barrea merezi, ez duzue barrea merezi!!

 

Zerraldo erortzen da lurrera berriz ere panpin bihurturik.

 

KORIFEA: Aurtengo eguzkiak ere ez ditu sagarrondoko fruituak marduldu. (mikarengana hurbildu eta bandera gorria jartzen dio eskuen artean)

 

            Porrotaren dantza, beste bat. Agian ez duzu zuk mundua aldatuko, konformatu zaitez orduan munduak zu ez aldatzearekin. Metroerdi karratuko utopia pirata, hori duk hori benetako borroka: ekaitzari eustea. Zein latza den porrota, ene jainkoa. Tira, garbitzera, gaua erori da eta. Noiz edo noiz denok jantzi behar dugu sonbreru grisa. (Komunarekin hilkutxa bat sortu eta mundo, bertan sarturik dagoela, eszenatokitik ateratzen du arrastaka)

 

                        Argiak eta itzalak

                        ostruken atzazkalak,

                        nork irensten ditu ameslariak?

                        Munduak, munduak.

 

korifea eta mundo desagertu eta mikaren gorputza geratzen da soilik eszenatokiaren erdian, indarge, baina hala ere banderari eutsiz.

 

amaiera