Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Yuri Sam. Otoitza
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

7

 

YURI SAM: Naufragio batetik bueltan, orain, gau jaio berri honetan, hainbat gauza daude ahaztu beharrekoak.

KURMA: Oroimena.

KUMALEN: Oroimena.

YURI SAM: Ai Evohé, laztana, belarrira esango dizut, altzariak ez iratzartzearren, ez zela giza axolagabetasun ergela izan, ezta kilkerrak brometan hartzea ere, baizik eta jainko guztiak akatzea. Etorberrien amorruarekin, jainko guztiak akatzea. Hori izan zen zure zeruarekiko zaletasun hura zapuzteko arrazoi bakarra. Baina orduan bizitza ez zen nahiko...

KURMA: Jainko izaten saiatu zinen.

KUMALEN: Jainko izan nahi zenuen.

YURI SAM: Eta momentu honetan, kalabaza gozoak, eta saguzarrak, eta hiltzaile zelatariak, eta traidore miserableak, eta haur inozoak lotan dauden momentu honetan, zurekin amesten dudan heriotza, sekula santan izango ez dudan heriotza hori, sehaskan arnasa hartzen dabil eta guk ozta-ozta entzuten diogu, Evohé. Eta geure buruei jaio ez den heriotza hil ote zaigun galdetzen diegu. Orain, gau jaio berri honetan, bizitzaren gaitz eta sufrimendu guztiak ere faltan ditudan momentu honetan, zera esango dizut, laztana, inoiz ahaztuko ez dudan kantu zahar baten moduan zera esango dizut, Evohé, laztana: heriotz honetan gauza bakarra nahi dudala, bakarrik gauza bat heriotz honetan: izandakoa izan.

 

kurma eta kumalen astiro-astiro hurbildu, eta yuri samen bihotzetik aterako dute bi zinta gorri. Sakrifizioaren odola.

 

KURMA ETA KUMALEN: Izandakoa izan.

YURI SAM: Jakin ezazue bidearen luzeera aldez aurretik erabakita dagoela, abiapuntua eta helmuga puntu zehatzak direla, bi puntuen arteko bidea dela Itaka bakarra, askatasun bakarra.

KURMA: Ez, ez dago Itakarik Itaka itsusiaren gabeziaz osatutako irudi zerutiarra baldin bada.

KUMALEN: Ez dago Itakarik Itakarako bidea emakume emarien bularretan agertzen diren zainak ez badira.

KURMA: Beste Itakarik ez dago, ez al da nahiko?

KUMALEN: Nahiko izan beharko luke.

 

yuri samek aldaretik hartutako errautsaren lehenbiziko eskukada botatzen du.

yuri sam, eskuetatik errautsa ihesi egiten diolarik, aldarearen inguruan mugitzen da.

kurma eta kumalenek atzealdeko totemetatik botatzen dute euren litania, yuri samen erreguaren tarteetan.