Kaukasiar kreazko borobila
Bertolt Brecht
Kaukasiar kreazko borobila
Bertolt Brecht
Artezblai, 2006

 

1. IBARREKO GATAZKA

 

(Bi herri kolkoziarreko BIZTANLEAK, adineko gizon-emazteak gehienak, baina SOLDADU BATZU ere, bilduak dira borobilean, ardoa hurrupa eta pipan, kaukaziako herri bonbardeatu baten hondamendiaren erdian. Haien artean, hiri-nagusitik etorria, Berrekitzearen Estatu Batzordeko BEREZILARIA.)

 

LABORARISA: (Ezkerretarik bazterrak erakutsiz) Hantxetako muinoetan hiru tanke nazi geldi arazi ditugu, baina sagartze ondoa jada errautsia zen.

ADINEKO LABORARIA: (Eskuinetik) Gure etxalde ederra: zer desmasiak!

TRAKTORE GIDATZAILE GAZTEA: (Ezkerretik) Lagunak, nik diet sua eman.

 

(Isiltasun une bat.)

 

BEREZILARIA: Orain prozedura entzun ezazue: Galinsk ahuntz-hazle kolkozeko ordezkariak Nukhara helduak dira. Kolkoza honek ekialderatago eroanak zituen bere artaldeak, botereen ordenez, Hitlerren tropak aitzinatzen zirela. Berriz ere aran honetan kokatzea pentsatzen du. Hanko ordezkariek herria eta inguruak aztertu dituzte eta suntsiketa mailaz ohartu dira. (ORDEZKARIEK eskuinean buruaz baiezten dute.) Auzoko Rosa Luxembourg kolkozakoek, (Eskuinera.) frutu ekoizleak hauek, proposatzen dute Galinskeko belardi ohiak, belarra zuhur dela egia erran, berreraikitze garaian, frutu eta mahasti landatzeko erabil daitezen. Berreraikitze Batzordearen berezilari gisa, nik neuk eskatzen dut bi herriei, bat jartzea eta beraiek erabakitzea ea Galinskekoek honara etortzerik duten ala ez.

ZAHARRA: (Eskuinean) Beste behin nahi nuke ele denboraren murrizketa arbitrarioa salatu. Guk, Galinskeko kolkozakook, hiru egun eta hiru gau eraman ditugu honaratzeko, eta orain erraten diguzue solasaldiak egun erdia baino ez duela iraun behar.

SOLDADU ZAURITUA: (Ezkerrean) Lagunak, ez dugu gehiago lehen bezainbeste herri, beso zainart eta astirik.

TRAKTORE GIDATZAILE GAZTEA: Ausagailuek murritz behar dute: tabakoa, ardoa eta solas-aroa nola ez.

ZAHARRA: (Eskuinean hasperenka) Fazistak zulora! Noan harira eta azal diezazuedan zergatik nahi dugun gure arana berreskuratu. Arrazoiak anitz dira, baina soilenetik has nadila. Makinee Abakidzee, atera ezazu ahuntz-gasna. (Eskuinean, LABORARISA BATek zare handi batetik oihalean troxatu animaleko gasna jalgitzen du. Txaloak eta irriak.) Tira ezazue, lagunak, tira lasai.

ADINEKO LABORARIA: (Ezkerrean, hotz) Guregan eragiteko dea?

ZAHARRA: (Eskuinean, algara artean) Nola daiteke zuregan eragiteko Sourab, zu araneko ohoinik trebeena? Badakigu gasna hartuko duzula eta ber aldian arana ere bai (Irriak) Zutarik nahi dudan gauza bakarra erantzun argi bat da. Ona ote zaizu gasna hori?

ZAHARRA: (Ezkerrean) Bai, noski.

ZAHARRA: (Eskuinean) Hara. (Karats.) Jakin beharko nuen gasna kontuetan ez zarela hain trebe.

ZAHARRA: (Ezkerrean) Zergatik? Ona kausitzen dudala erraten badizut.

ZAHARRA: (Eskuinean) Ez zaizulako ona gizona! Ez baita lehen zen bezalakoa. Zergatik ez da hala? Gure ahuntzek ez dutelako oraiko belarra lehenagokoa bezain ona harrapatzen. Gasna ez da gasna, belarra ez delako belarra, hara egia. Idatz ezazu hori otoi prozeduran.

ZAHARRA: (Ezkerrean) Baina zuen gasna hauta da.

ZAHARRA: (Eskuinean) Ez da hauta jauna, doi baizik. Alhagia berriek ez dute balio. Gazteak aritzen ahal dira hau eta hura. Erraten dizuet, ez gara han egoten ahal. Goiz-urratzeak berak han ez dira egiazko goiz-urratze usainekoak.

 

(Irriz lehertzen dira zenbait.)

 

BEREZILARIA: Ez zaitela kexa, irri egiten baldin badute, halarik ere entelegatzen zaituztete. Lagunak, zergatik maitatzen du batek bere herria? Hara arrazoia: ogiak gustu hobea du, zerua gorago da, airea gozoago da, ahotsak ozenago dira, lurra ibilgarriago. Ez dea hala?

ZAHARRA: (Eskuinean) Aran hau betidanik gurea izan da.

SOLDADUA: Zer da “betidanik”? Deus ez da betidanik inorena. Zuhaur, gazte zinenean, ez zinen zurea, Kazbeki printzeena baino.

ZAHARRA: (Eskuinean) Legearen arabera, ibarra gurea da.

TRAKTORE GIDATZAILE GAZTEA: Dena den legeak ikertzekoak dira, egokiak direa oraino?

ZAHARRA: (Eskuinean) Ulergarria da. Garrantzi gabea al da zein arbola mota dagoen sortu garen etxetik hurbil? Edo zein auzo: garrantzi gabea da? Itzuli nahi dugu, zuek aranetako ebasleak gure kolkozaren ondoan bazaituztegu ere. Orain irri ukaldi on bat egizue.

ZAHARRA: (Ezkerrean karkazailka) Orduan, zergatik ez duzu lasaiki Kato Wachtan agronoma zure “auzoak” aranaz diona behatzen?

LABORARISA: (Eskuinean) Gure aranaz errateko dugun guztia ez dugu errana oraino. Etxeak oro ez dira suntsituak, etxaldeen oinarriak bederen hor dira.

BEREZILARIA: Badakizue, han edo hemen, estatuaren laguntza zor zaizuela.

LABORARISA (Eskuinean) Berezilari laguna, hemen ez gara merkatuan. Ez dizut txapela hartzen ahal “hau egokiago da” ahoskatuz. Bestea hobea da menturaz, baina zurea duzu hobea kausitzen.

TRAKTORE GIDATZAILE GAZTEA: Lurrarekin ez da txapela batekin bezala, laguna, ez gure herrian behintzat.

BEREZILARIA: Ez kexa arren. Lurra lurra da, tresna antzera kontsideratzea komeni zaigu, lur propio batekiko atxikimenduaren estimatzea komeni zaigun eran. Solasaldia jarraiki aitzin, Galinsk kolkozako lagunei zalantzan den aranaz zer egingo duzuen esplikatzea proposatzen dizuet.

ZAHARRA: (Eskuinean) Bai.

ZAHARRA: (Ezkerrean) Mintza bedi Kato!

BEREZILARIA: Agronoma kamarada!

AGRONOMA: (Ezkerrean, zutitzen da; jantzi militarra dakar) Lagunak, iragan neguan, muinoetan borrokatzen ginenean, eztabaidatu dugu, alemanak haizatu ondoan, gure frutatze alorrak hamarrez biderkatuz zein moldez berriz antolatuko genituen. Urtatze plan bat asmatu dut. Gure mendiko aintzirari esker, hiru ehun hektareko eremu hutsa urezta daitezke. Orduan, gure kolkozak, ez bakarrik frutuak, bai eta ere ardoa ekoitz litzake. Baina gure proiektuak ez luke balio, zalantzan dugun Galinskeko arana hartzen balitz baizik. Hara kalkuluak.

 

(BEREZILARIAri txosten bat luzatzen dio.)

 

ZAHARRA: (Eskuinean) Prozeduran idatz ezazu gure kolkozak zaldi-hazteko duen asmoa.

TRAKTORE GIDATZAILE GAZTEA: Lagunak, mendian gordetzera behartuak ginen gau eta egunetan montatu dugu proiektu hau, ez genuen orduen gure fusilen bazkarik ere. Arkatz baten harrapatzea zaila zen.

 

(Txaloak bi aldeetarik.)

 

ZAHARRA: (Eskuinean) Gure eskerrak Rosa Luxembourg kolkozako kidei eta herria zaindu duten guztiei.

 

(Bostekoak nahas eta elkar besarkatzen dira.)

 

LABORARISA: (Ezkerrean) Maiakovski poetak zioen bezala: “sobietar populuaren herriak arrazoinarena ere izan behar du.”

 

(Eskuin aldeko ORDEZKARIAK bermatu dira, salbu zaharra, eta agronomaren marrazkiak aztertzen dituzte, BEREZILARIArekin. Harridura keinuak aditzen dira: “Nolaz bada jautziaren goratasuna hogeita bi metrokoa?”) —“Hemen, harria eroriko da!” —“Funtsean zementoa eta dinamita aski dute!” —“Ura honaraino ekar arazteko abilak dira!”.)

 

LANGILE GAZTEA: (Eskuinean, ESKUINEKO ZAHARRAri) So egizu Alleko, muino arteko pentzeak oro ureztatuko dituzte.

ZAHARRA: (Eskuinean) Ez diot so eginen. Banekien proiektua egokia zatekeela. Nehork ez nau pistola papoan pausatuz bortxatuko.

SOLDADUA: (Ezkerrean) Arkatza baizik ez dizute papoan pausatu nahi.

 

(Irriak.)

 

ZAHARRA: (Eskuinean, zutitzen da, hits, marrazkien ikustera joateko) Aran ebasle horiek ongi badakite bai herri honetan makinei eta proiektuei ihardokitzen ez dakigula.

LABORARISA: (Eskuinean) Alleko Berechvili, proiektu berriei dagokienez, zu zarela ikaragarriena ezaguna da.

BEREZILARIA: Eta ene prozedura zertan da? Idatz dezaket zuen kolkozan proiektu horren egiastatzeko aranaren eskutik uztea gomendatzen duzuela.

LABORARISA: (Eskuinean) Nik gomendatuko dut, eta zuk Alleko?

ZAHARRA: (Eskuinean, marrazkiei beha) Marrazki horien ale batzuk gurekin eroateko baimena eman diezaguzun proposatuko nuke.

LABORARISA: (Eskuinean) Jartzen ahal gara beraz. Marrazkiak bere eta eztabaidan ari den ber, afera konpondua bezala da. Ezagutzen dut. Berdin ari da gureetako besteekin.

 

(ORDEZKARIAk irriz elkarri besarka.)

 

ZAHARRA: (Ezkerrean) Biba Galinsk kolkoza, eta zorionak zuen zaldihazkuntza berriari!

LABORARISA: (Ezkerrean) Lagunak, berezialariaren eta Galinsk kolkozako ordezkariaren etortzearen ospatzeko, gure arazoaz ari den antzerki baten eskaintzea asmatu dugu, Arkadi Tscheidsee kantariaren laguntzarekin.

 

(Txaloak, TRAKTORE-GIDARI GAZTEA KANTARIAren bilajoan da.)

 

LABORARISA: (Eskuinean) Lagunak, aran batez ordaintzen dizuegun antzerkiak ona izan beharko du alajainkoa.

LABORARISA: (Ezkerrean) Arkadi Tscheidseek hogeita bat mila bertso gogoz dakizki.

ZAHARRA: (Ezkerrean) Antzerkia landu dugu harekin. Ez da errez haren gure artean ukaitea. Zuk, lagun, Plangintzaren Batzordean behar zenuke indar egin kantari hau iparrean ardurago entzun dezagun.

BEREZILARIA: Egia erran, arazo ekonomikoetaz axolatzen gara gu.

ZAHARRA: (Ezkerrean, farrez) Ordena jartzen duzu mahastien eta traktoreen banaketa berrian, zergatik ez kantuetan?

 

(TRAKTORE GIDARI GAZTEAren gibeletik, ARKADI TSCHEIDSEE KANTARIA agertzen da eta gizon azkar bezain xinplea jende-borobilean sartzen da.)

 

(Beren tresnekin MUSIKARIAK ondotik ditu. Eskuak joz agurtzen dira artistak.)

 

TRAKTORE-GIDARI GAZTEA: Arkadi, hara berezilari kamarada.

 

(KANTARIAk ikus-entzuleak agurtzen ditu.)

 

LABORARISA: (Eskuinean) Pozten naiz zure ezagutzeaz. Eskolan jada zure kantuak aipatzen genituen.

KANTARIA: Aldion, kantuekiko antzerki bat da eta kasik kolkozako kide guztiak ari dira. Ohiturazko maskarak ekarri ditugu.

ZAHARRA: (Eskuinean) Leienda zaharretarik bat izanen da?

KANTARIA: Izugarri zaharra. Kreazko Borobila deitzen da eta txinatarrengandik jaso dugu. Aldaketa txikiz horniturik eskainiko dizuegu, bistan dena. Youra, maskak erakuts itzazu. Guretzat ohore bat da, kamaradak, eraman duzuen eztabaida gogorretik landa zuen ausatzea. Gure ustez, traktore sobietarren maldan poeta zaharraren ahotsaren oiharra ona kausituko duzue. Huts bat da, ardo ezberdinen nahastea, baina ez atzoko eta gaurko zuhurtziak hain ederki ezkontzen direnean. Agian ipuina hasi aurretik jatera emango diguzue. Lagungarri daiteke.

AHOTSAK: Bai noski. Zatozte denak batzokira.

 

(Jatera doatzi denak animatuak. Doazela, BEREZILARIA KANTARIArengana inguratzen da.)

 

BEREZILARIA: Arkadi, zenbat denbora iraunen du istorioak? Tiflisen beharra naiz sarri.

KANTARIA: (Zeharka) Egiaz, bi istorio dira. Oren zenbait.

BEREZILARIAK: (Ahapez) Laburrago ez zenezake?

KANTARIA: Ez.