Kaukasiar kreazko borobila
Bertolt Brecht
Kaukasiar kreazko borobila
Bertolt Brecht
Artezblai, 2006

 

5. JUJEAREN ISTORIOA

 

KANTARIA:

                        Jujearen kondaira entzun orain lagun:

                        Nola jujatzen zuen, nolako juje zen.

                        Bazko-oldar gaitzean duke erori zen;

                        Haur honen aitari bai Abachvili hari

                        Burua moztu zuten ta Azdak herriko

                        Idazleak, ihesle bat atzeman zuen

                        Oihanean ta gorde han bere etxolan.

 

(Trapu zaharrez jantzi eta mozkorra zen AZDAKek eskalez beztitu IHESLARI BAT bere etxolan sartzen laguntzen du.)

 

AZDAK: Ez horrela buha, ez zara zaldi bat arauz. Eta apirilako mukua bezala eskapatzeak ez zaitu laguntzen poliziaren aztaparretarik libratuko. Geldi zaitez, diotsut. (Etxolaren hormetan barna pasatuko balitz bezala trostan darraikan IHESLARIA berriz harrapatzen du.) Jar zaitez eta bil, hara gasna puska bat. (Pilda meta baten azpiko kaixa batetik IHESLARIAk gero goseti irensten duen gasna bat hartzen du.) Aspalditik ez duzu jan ala? (IHESLARIA marmarika ari da.) Zergatik ari zinen horrela lasterka astopulo deabrua? Polizierrak ez zituen ez ikusiko ere.

IHESLARIA: Behar nuen.

AZDAK: Beldurra? (IHESLARIAk so egiten dio, ulertu gabe, betoil.) Kakeria? Izua? Ehem. Ez ezazu herotsik egin jaten duzunean, duke-handi edo urde baten gisara! Ezin dut jasan. Aristokrata alena jasatekoa da Jainkoak sortu duen eran bakarrik. Zu ez. Independentzia izpiritu soilez Merkatuan zartatu den Gorte Goreneko juje batez mintzatzen hauteman dut. Gogoeta ikaragarriak jiten zaizkit jaten ikusten zaitudanean. Zergatik ez duzu hitzik erraten? (Gaizto.) Erakuts iezadazu eskua! Ez al duzu entzuten? Zure eskua erakutsi behar didazu. (Dudaz beterik IHESLARIAk eskua luzatzen dio.) Zuria. Ez zara den-mendrenik ere eskale orduan. Molde gaitz bat, iruzur ibiltari bat! Eta nik ona bazina bezala gordetzen zaitudala. Funtsean, zergatik zabiltza lasterka, lur-jabe zarenean, hala baitzara, ez uka, hobenkeria izerditan daukan zure aurpegian hori irakur baitezaket! (Zutitzen da.) Kanpora! (IHESLARIAk galdurik so egiten dio.) Zeren aiduru zaude, laborari zanpatzaile?

IHESLARIA: Segitua naiz. Otoi ardura osoa eni, zerbait proposatzeko.

AZDAK: Zer nahi duzula, proposamen bat egin? Hauxe kopetaren kopeta! Proposamen bat egiten daut! Ausikia izan denak eriak odoleraino harraskatzen ditu eta xintximariak proposamen bat egiten du. Kanpora, diotsut!

IHESLARIA: Ulertzen zaitut, sinesten. Gau batentzat pagatzen nik ehun mila piastra, ados?

AZDAK: Zer, uste duzu erosten ahal nauzula? Ehun mila piastraren truke? Deus ez den etxalde baten prezioan. Ehun eta berrogeita hamar erran dezagun. Non dira?

IHESLARI: Bistan da ez nerekin. Igorriko, agian, ez duda.

AZDAK: Dudatzen nik franko. Kanpora!

 

(IHESLARIA altxatzen da eta ateratzen trostari. Ahots bat kanpotik.)

 

AHOTSA: Azdak!

 

(IHESLARIA itzulikatzen da, beste aldera doa trostari eta gelditzen da.)

 

AZDAK: (Deika) Ez naiz hor nehorentzat. (Aterantz badoa.) Denetan masailkan oraino Chauva?

CHAUVA POLIZIERRA: (Kanpotik kexu-airez) Azdak berriz ere erbi bat harrapatu duzu. Ez zela horrelakorik gertatuko hitzeman zenidan.

AZDAK: (Larderiatsu) Ez zaitela ulertzen ez dituzun gauzetaz mintza, Chauva. Belardiak, eta bereziki belar txarrak klikatzen dituen kabala landerosa bezain tzarra da erbia, ondorioz kalitzekoa.

CHAUVA: Azdak ez zaitez hain gaiztoa izan nerekin. Ene tokia galduko dut ez baldin bazaitut salatzen. Badakit bihotz ona daukazula.

AZDAK: Ez dut bihotz ona. Zenbat aldiz errepikatu behar dizut pentsalari bat naizela?

CHAUVA: (Abil) Badakit, Azdak. Zuhaurek diozu, goi-mailako izakia zara; halaz, giritino eta ez-jakin naizenez, eskatzen dizut: printzeari erbia ' ebasten zaionean eta polizier naizenez, zer egin behar diot gaiztaginari?

AZDAK: Chauva, Chauva, ahalke behar zenuke! Hor plantatzen zara eta galdatzen didazu, eta ezer ez da galde bat bezain eder denik. Emazte bat bazina bezala, adibidez Nunovna emagaldu hura, eta Nunovna hartan azpia erakusten bazenit, eskatuz: baina zer egin behar dut azpi honekin, hazkatzen nau, irudi duen bezain hobengabea dea? Ez. Nik erbia harrapatzen dut, baina zuk gizona duzu harrapatzen. Gizona Jainkoaren itxurara moldatu da, baina ez erbia, badakizu. Ni erbi-jalea naiz, baina zu gizon-jalea zara Chauva, eta Jainkoak epaituko zaitu. Chauva, bertan etxera eta damu zaitez. Ez, zaude, barnean behar bada badut zerbait zuretzat. (Ikara dagoen IHESLARIAri behako bat botatzen dio.) Ez, funtsean ez, ez da ezer. Etxera eta damu zaitez. (Atea banpez hersten dio. IHESLARIAri.) Harritzen zara ez? Ez zaitudala salatu? Polizier mando horri ez nioke ximitxik ere salatuko, disgustatzen nau. Ez ikara polizier baten aitzinean. Hain zahar eta orain hain lazo. Gasna buka ezazu baina pobre baten antzera, bestela atzemanen zaituztete. Gainera behar ote dizut irakatsi nola egoten den pobre bat? (Jartzera bortxatzen du eta gasna puska eskuan berriz kokatzen dio.) Kaixa, mahaia da. Ukondoak mahaian pausa eta orain gasna azietan bermatzen duzu, edonoiz ebasten ahal balizute bezala: nola izan zaitezke hain segur? Nabela atxiki ezazu igitai txikiegi baten maneran, eta gasnari ez gosetuki so egin, baina kezkati, jada desagertzen ari zaizulako, eder diren gauza guztien pare. (Begiratzen dio ari dela.) Zure atzetik daude, ene alde da hori, baina nolaz nakike ez ote diren zure kontura engainatzen? Tiflisen behin lur-jabe bat urkatu zuten, turko bat. Frogatu ahal izan zien bere laborariak lauetan pikarraitu zituela, eta ez bakarrik bietan hemengo ohituren arabera, eta besteek baino bietan zerga gehiagoz lehertu zituen, bere borondate ona somaezina zen, alta hiltzaile baten gisa dilindatu zuten, turkoa zelako aitzakia soilaz, ekidin-ezina zena, injustizia bat. Pontzio-Pilatus Kredoan bezala, dilinda-hagaren puntan kausitu zen. Hitz batez errateko, ez dut zutan konfiantxarik.

KANTARIA:

                        Azdakek aterbea eman zion gaixo

                        Zahar ihesleari gau oso batentzat.

                        Urkatzailea, duke handi hura zela

                        Ikasi zuelarik ahalkez erre zen.

                        Polizierrari zion galdatu Nuhkara

                        Eraman zezan bertan tribunaleraio.

 

(Tribunaleko gortean, HIRU GIZON kukubilko daude edaten. Zutabe batean juje arropetan gizon bat dago dilindan. AZDAK loturik sartzen da, CHAUVA gibeletik herrestan datorkiola.)

 

AZDAK: (Goraki oihuka) Duke handi, ebasle handi, urkatzaile handiari ihes egiten lagundu diot! Justiziaren izenean, audientzia publikoan, urrikirik gabeko kondena eskatzen dut!

LEHEN ARMA-GIZONA: Zein da biligarro hori?

AZDAK: Ni naiz ustela, zikina, faltsua, estigmatizatua! Oin-lauz txostena egizu, nola hiri-nagusiraino eskuak loturik ekarria izatea eskatu dudan, duke handia, gaiztagin erraldoia alegia, aterbetu dudalako ustegabetarik, ene txabolan atzeman dudan paper honen bidez nolaz hortaz beranduegi ohartu naizen. (ARMA-GIZONEK dokumentua ikertzen dute. AZDAKek CHAUVAri.) Irakurtzen ez dakite. So egizue: estigmatizatuak berak bere burua akusatzen du! Egizu zure txostena, nola gauaren erdian ene ondotik honaraino herrestatu zaitudan, gauzak argitzeko gisan.

CHAUVA: Guztia mehatxupean, ez da ongi hori, Azdak.

AZDAK: Isil zaitez Chauva, ez duzu ulertzen ahal. Gainetik karrasiaka pasatuko zaizun garai berri baten atarrian gaude, bukatua zara, polizierrak suntsituak izanen dira, pfft. Dena ikertua date, argitua. Orduan nork-berak berea salatu nahiagoko du, arrazoia: herriari ihesik ez dago. Egizu txostena nola Zapataginen Karrikan oihuka ibili naizen. (Gertatua keinu zabalez zinominokatzen du ARMA-GIZONEN aldera ezkelduz.) “Jakin gabe gaiztagin handia eskapatzera utzi dut, zitzika nezazue anaiok!” Horrela gertakariak aintzinatzen ditut.

LEHEN ARMA-GIZONA: Eta zer ihardetsi dizute?

CHAUVA: Harakinen karrikan kontsolatu dute, eta Zapataginen karrikan eritu arte burla egin diote, besterik ez.

AZDAK: Baina zuekin besterik da, burdina bezain gogorrak zaretelako. Anaiok, non da jujea, ikertu behar naute.

LEHEN ARMA-GIZONA: (Dilindan dagoena erakutsiz) Jujea hemen da. Eta aski “anaiok” zure ahotik, belarria minbera dugu gaur.

AZDAK: “Jujea hemen da”. Georgian nehoiz entzun ez den erantzuna da. Hiriko jende, non dago Gobernadore Jaun Agurgarria? (Dilinda-haga erakusten du.) Jaun Agurgarria hemen dago, arrotz. Non dago zergalari-orokorra? Soldadu-biltzailea? Patriarka? Polizia-burua? Hemen, hemen, denak hemen dira, hori nuen zuetarik espero.

BIGARREN ARMA-GIZONA: Aski! Zer nahi zenuen bada, biligarro!

AZDAK: Persian gertatu dena, anaiok, Persian gertatu dena.

BIGARREN ARMA-GIZONA: Eta zer da Persian gertatu?

AZDAK: Duela berrogei urte. Denak urkatuak. Bizirak, zerga-biltzaileak. Ene aitatxik, gizon bitxiak, dena ikusi zuen. Hiru egunez, denetan.

BIGARREN ARMA-GIZONA: Eta nork du gobernatu bizira urkatua izan zenean?

AZDAK: Laborari batek.

BIGARREN ARMA-GIZONA: Eta nork manatu ditu armadak?

AZDAK: Soldadu batek, soldadu batek.

BIGARREN ARMA-GIZONA: Eta nork ordaindu ditu?

AZDAK: Tintatzaile batek, tintatzaile batek ordaindu ditu.

BIGARREN ARMA-GIZONA: Ez zena tapiza-saltzaile bat?

LEHEN ARMA-GIZONA: Eta, zu persiar, zergatik gertatu zen hori guztia?

AZDAK: Zergatik hori guztia gertatu zen? Arrazoi berezi beharrik badea? Zergatik hazkatzen zara anaia? Gerlarengatik! Gerlarengatik aspaldiegitik! Eta justizia eza! Ene aitatxik ekarri zuen han gertatuen inguruko kanta. Nik eta ene adiskide polizierrak abestuko dizuegu. (CHAUVAri.) Soka tinko atxik ezazu, garaia da.

 

(Kantatzen du, CHAUVAk soka atxikitzen duen artean.)

 

                        Semeek zergatik ez dute odolik, gure neskek negarrik ez?

                        Zergatik odola hiltzera doazen aratxek dute bakarrik?

                        Zergatik Urmia lakuko sahatsek baizik ez malkorik goizez?

                        Errege handiak lur berria nahi, laborariak esnearen

                        Sosa eman dio mundua hartzeko etxe-hegatzak errautsiz.

                        Gureak herrestan lau haizeetara eraman dituzte beti,

                        Handikiek besta nasai egiteko, soldaduak elkar hiltzen

                        Diren bitartean, general lodiak bata-besteari agur.

                        Ausikitzen dute alargunak zergei zor dien diru apurra.

                        Ezpatak haustear, bataila galdu da baina pagatuak dira.

                        Horrela ote da? Horrela ote da?

CHAUVA: Bai, bai, bai, bai, bai horrela da.

AZDAK: Bururaino entzun nahi ote duzue?

 

(LEHEN ARMA-GIZONA kaskoak bai ihardesten dio.)

 

BIGARREN ARMA-GIZONA: (POLIZIERRAri) Kantua irakatsi dizu?

CHAUVA: Bai. Baina ez dut botzik.

BIGARREN ARMA-GIZONA: Ez. (AZDAKi.) Segi ezazu arren.

AZDAK: Bigarren koplak bakea aipatzen du. (Kantatzen du.) Bulegoak bete dira beharginez, karrikaraino jarririk. Ibaiek ezpondak gainditzen dituzte alor-landak xehekatuz. Galtzerdiak kentzen ez dakiten haiek inperio-buru dira. Zenbatzen ez jakin eta zortzi jaki nasai klikatzen dituzte. Arto-egileak erostun bilatzen, eta gosetuak baino Ez harrapatzen hor. Ehuleek aldiz lankiak traputan uzten. Horrela ote da? Horrela ote da?

CHAUVA: Bai, bai, bai, bai, bai horrela da.

AZDAK: Hara zergatikan semeek ez duten odolik, neskek negarrik. Hara zergatikan hiltzera doazen aratxek baizik baduten Odola, eta bai Urmia lakuko sahatsek goizez malkoa.

LEHEN ARMA-GIZONA: (Isilune baten ondotik) Hori hemen, hirian, kantatu nahi duzu?

AZDAK: Eta zergatik ez?

LEHEN ARMA-GIZONA: Hantxe, argi gorri hura ikusten al duzu? (AZDAK itzulikatzen da. Su baten gorria ageri da zeruan.) Basahiria da. Goiz honetan, Kazbeki printzeak Abaschvili gobernadorearen burua motz arazi duenean, gure tapiza ehuleek “persiar gaitza” atzeman eta eskatu dute Kazbeki printzeak ez ote zuen harek ere jaki gehiegi klikatzen. Eguerditan hiriko jujea urkatu dute. Baina bi piastra tapiza-ehulekal zitzikatu ditugu. Ulertzen?

AZDAK: (Isilik egon ondoren) Ulertzen dut.

 

(Lotsati begiratzen die, deus ez bailitzan alde batera urruntzen da, lurrean jartzen, burua eskuetan datxikala.)

 

LEHEN ARMA-GIZONA: (HIRUGARRENAri, denek edan eta) So egizu ongi orain zer gertatuko den.

 

(Lehen eta bigarren ARMA-GIZONEK AZDAKi atea hersten diote.)

 

CHAUVA: Jaunok, ez dut uste hain gaiztoa denik. Oilo zenbait ebatsi ditu, erbi bat agian hen-hemenka.

BIGARREN ARMA-GIZONA: (AZDAKi buruz doala) Honara etorri zara ur uherretan arrantza aritzeko, ez?

AZDAK: (Begiak altxatuz) Ez dakit funtsean zergatik etorri naizen.

BIGARREN ARMA-GIZONA: Tapiza ehuleekin bat direnetarik ahal zara? (Kopetaz AZDAKek ez.) Eta zer da kanta hori?

AZDAK: Ene aitatxirena da. Gizon zozo eta ez-jakina.

BIGARREN ARMA-GIZONA: Justo. Tintatzaileak zituena soldaduak pagatzen?

AZDAK: Persian zen.

LEHEN ARMA-GIZONA: Eta zer dira duke-handia zeronen eskuz ez urkatu izanaz zure buruaren akusatzeko molde horiek?

AZDAK: Ez ote dizuet erran eskapatzera utzi nuela?

CHAUVA: Lekuko naiz. Eskapatzera utzi du.

 

(ARMA-GIZONEK oihuz lehertzen doan AZDAK urka-bihurreraino herrestatzen dute. Laxatzen dute eta irriz karkailaka zartatzen. AZDAKek ere irri egiten du, besteek baino gorago. Eskuak libratzen dizkiote. Edateari ematen dira. PRINTZE LODIA sartzen da, MUTILA ondotik duela.)

 

LEHEN ARMA-GIZONA: (AZDAKi) Hara hor zure garai berria.

 

(Irriak karkazak.)

 

PRINTZE LODIA: Adiskideok irri egin arazten dizuen zer ote da hemen? Hitz serios baten artekatzea zilegi bekit. Duke-handiaren gobernu gerlazaleak eror arazi dituzte Georgiako printzeek atzo goizean eta haien gobernazaleak eho. Ordu gaitz honetan, gure tapiza ehuleek, betiko nahasmendu sortzaile horiek, oldarrera deitzeko eta gure Ilio Orbeliani kuttuna, denek maite zuten gizona, hiriko jujearen urkatzeko kopeta ukan dute. Tttt. Adiskideok, bakea da Georgian behar duguna, bakea, bakea, bakea. Eta justizia! Juje berria izanen den Bizergan Kazbeki laztana ekartzen dizuet, ene iloba trebea. Diot: populuari da erabakitzea.

LEHEN ARMA-GIZONA: Jujea bozkaz hautatuko dugula erran nahi duzu?

PRINTZE LODIA: Justo. Populuak gizon trebea aukeratzen du. Elkarrekin ikus ezazue lagunok. (ARMA GIZONEK buruak bata-besteari hurbiltzen dituztela.) Lasai, moko-mehe, lekua zurea da. Eta behin duke-handia harrapatuko denean, jendaila-mendaila horren ipurdi milikatzearen beharrik ere ez dugu ukanen.

ARMA-GIZONAK: (Beren artean) Duke-Handia atzeman ez dutelako, kaka larri dabiltza. —Herri-idazle honi zor diogu hori, eskapatzera utzi duelako. —Ez dira oraino arras segur eta “adiskideok” zein “populuari da erabakitzea”-ka ari zaizkigu. —Gaurkoan justizia ere nahi du Georgiarentzat. —Baina arraileria arraileria da, eta arraileria date. —Justiziaz dena dakien Herri-Idazleari eskatuko diogu. E zu trapuil...

AZDAK: Neri mintzo zarete?

LEHEN ARMA-GIZONA: (Segidan) Iloba gogoko ote duzu jujetzat?

AZDAK: Eni didazue galdatzen? Ez didazue bada eni galdatzen?

BIGARREN ARMA-GIZONA: Zergatik ez? Zer nahi irri egitearren!

AZDAK: Zer tripako min duen nahi zenukete ikusi, ongi ulertzen baldin bazaituztet. Hala da? Badukezue hor nonbait hiltzaile bat, hiltzaile trebatu bat, hautagaiak zer dakien egiten erakuts dezan?

HIRUGARREN ARMA-GIZONA: Zaude. Gobernadorearen pulindaren bi medikuak han behean ditugu. Ekar ditzagun.

AZDAK: Geldi, ez da ontsa. Jujea tokitua ez deno ez duzue egiazko hiltzailerik ekarri behar. Astoa izan daiteke, baina tokitua behar du, bestela hain izate minberakoa den deretxoa kolpatua suerta daiteke, barea bezala da, ukamilka erabili behar ez dena, bestela hiltzea segur da. Bi horiek urka ditzakezue, jujerik ez delakoan, deretxoa ez baita zaurituko. Deretxoa hain da mandoa non beti serioski erratekoa den. Adibidez, bere haurrarentzat arto-ogia ebatsi duen emazte bat hertsatzen duenean, eta arropa ez dakarrela edo epaia ematean hazka ari dela, halaz gorputzaren herena agerian duela, erran nahi du azpi gaina hazkatu behar duela, orduan epaia eskandala da eta deretxoa kolpatua. Juje txapel eta arropa batek, horiek gabeko gizonak baino errezago epaituko lukete. Kasurik ez baldin bazaio ematen, deretxoak huxtuan ihes egiten du. Ardo-pitxer baten dastatzeko ez zeniokete zakurrari edan araziko: zergatik? Ardoa galtzen delako.

LEHEN ARMA-GIZONA: Orduan zer proposatzen duzu, zuk trenka-menkalari?

AZDAK: Akusatuarena egiten dizuet. Badakit jada zer erranen den.

 

(Zerbait erraten die belarrietara.)

 

LEHEN ARMA-GIZONA: Zu?

 

(DENAK irri gurintsuaz lehertzen dira.)

 

PRINTZE LODIA: Zer deliberatu duzue?

LEHEN ARMA-GIZONA: Saio baten egitea deliberatu dugu. Gure adiskide maite honek akusatuarena eginen du, eta hara juje-jargi bat hautagaiarentzat.

PRINTZE LODIA: Ez da ohizkoa baina zergatik ez? (ILOBAri.) Urrats soil bat, moko-mehe. Zer irakatsi dizuete, nor heltzen da lehen, korrika dabilena ala emeki doana.

ILOBA: Abilki ibiltzen dena, Arsen osaba.

 

(ILOBA jargian kokatzen da, PRINTZE LODIA haren aztealdean plantatzera doala. Eskaileretan ttottotzen dira ARMA-GIZONAK eta Duke-Handiaren ibilera berezia zinominokatuz AZDAK lasterka sartzen da.)

 

AZDAK: Norbaitek hemen ezagutzen ahal nau? Duke-Handia naiz.

PRINTZE LODIA: Zer dela?

BIGARREN ARMA-GIZONA: Duke-Handia. Egiazki ezagutzen omen du.

PRINTZE LODIA: Ongi.

LEHEN ARMA-GIZONA: Eztabaidak, has daitezela.

AZDAK: Nik entzun erraten gerla abia arazteaz hobendun naizela. Xoxokeria. Erran nik: xoxokeria hutsa. Aki? Aki ez bada, honara nik ekarri abokatuak, nik uste bost ehun. (Keinu zabal bat egiten du gibelera, inguruan abokatu anitz balitu bezala.) Nik gelako alkiak oro behar abokatuentzat.

 

(ARMA-GIZONAK irriz karkailaka ari dira; PRINTZE LODIA halaber.)

 

ILOBA: (ARMA-GIZONEI) Afera trata dezadan nahi duzue? Aitortzekoa dut, batez ere gustuaren ikuspuntutik aski ezohizkoa kausitzen dudala.

LEHEN ARMA-GIZONA: Has zaitez.

PRINTZE LODIA: (Farrez) Xeheka ezazu, moko-mehe.

ILOBA: Oso ondo. Georgiako populua Duke-Handiaren kontra. Akusatu, zer duzu errateko?

AZDAK: Mila gauza. Nihaurk irakurri nonbait naski gerla galdua zela. Kazbeki osaba bezalako abertzaleen aholkuei jarraikiz gerla nik deklaratu. Kazbeki osaba deitzen nik lekuko.

 

(GIZONAK algaraz.)

 

PRINTZE LODIA: (Afable, ARMA-GIZONEI) Deabruen errekitua. Ez.

ILOBA: Eskaera ezeztatua. Ez zaitugu gerla deklaratzeaz akusatuko bistan dena, noiztenka horrelakoak egin behar baititu manatzen duenak, baina gerla gaizki kudeatzeaz.

AZDAK: Ez du potretik. Nik ez batere kudeatu. Kudea arazi baizik. Printzeei kudea arazi nik. Kakaztu haiek noski.

ILOBA: Ez duzu bada ukatuko mana-tresna gorenaren jabe ez zinenik?

AZDAK: Nehondik ez. Beti nik mana-tresna gorena. Sortu orduko amaizuna erasiatzen nik. Komunetan kaka egiten hezia ni. Ordre ematen ohitua ni. Betidanik nik eman funtzionarioei diru-altxorrean ebasteko ordrea. Ofizierrek soldaduak jotzen, bakarrik ordrea nik ematean; lurjabeak laborarien emazteekin oheratzen, bakarrik ordrea nik hedatzean. Kazbeki osabak hemen sabela bakarrik ordrea nik hel araztean.

ARMA-GIZONAK: (Txaloka) Famatua da. Gora Duke-Handia!

PRINTZE LODIA: Moko-mehe, zer ari zara, ihardets iezaiozu! Zurekin nago.

ILOBA: Ihardetsiko diot, auzitegiaren duintasunaren arabera. Akusatu, auzitegiaren duintasuna errespeta ezazu.

AZDAK: Akort. Ordrea nik ematen zuen galdezketaren segitzeko.

ILOBA: Zuk eni ordrerik ez. Beraz printzeek gerlaren deklaratzera bultzatu zaituztela diozu. Nola aitzina dezakezu orduan, printzeek gerla kakaztatu dizutela?

AZDAK: Gizonik aski ez igorri, diru-publikoa desbideratu, zaldi eriak eskaini, eraso garaian bordeletan mozkortzen. Kaz osaba proposatzen dut lekuko.

 

(ARMA-GIZONAK karkazailka.)

 

ILOBA: Entzuten ote duzue baiestapen ikaragarri itsusi hau, herri honetako printzeak ez zirela borrokatu?

AZDAK: Ez. Printzeek borrokatu bai. Baina borrokatu gerla-hornidurak beren ganatzearen alde.

PRINTZE LODIA: Gehiegi da. Tapiza ehule baten antzera mintzo da asto hau.

AZDAK: Baia? Egia baizik ez ahoskatzen nik!

PRINTZE LODIA: Urka dezagula! Urka dezagula!

LEHEN ARMA-GIZONA: Lasai. Jarrai ezazu, Jaun-goren!

ILOBA: Isilik! Epaia emango dut orain: urka bedi. Lepotik zintzilik. Gerla galdu dute. Epaia errana. Ezaba ezina. Eraman ezazue!

PRINTZE LODIA: (Zainetan) Eraman ezazue! Eraman ezazue! Eraman ezazue!

AZDAK: Hizkera gogor eta zatikatua, publikoan ez erabiltzea aholkatzen dizut bereziki, mutil gazte. Otsoa bezala oihuz ari baldin bazara ez zara zakur-zaindari gisa hartua izaten ahal. Ulertzen?

PRINTZE LODIA: Urka dezagula!

AZDAK: Jendeak ohartzen baldin badira printzeak eta duke-handiak berdin mintzo direla, biak urkatuko dituzte hondarrean. Nola nahiz epaia ezeztatzen dut. Zergatia: gerla galdua, baina ez printzeentzat. Printzeek beren gerla irabazi. Guda-lekura hel arazi ez dituzten zaldien trukean, hiru milioi zortzi ehun eta hiru hogeita hiru mila piastra bildu dituzte.

PRINTZE LODIA: Urka dezagula!

AZDAK: Zortzi milioi berrehun eta berrogei mila piastra, hara hel arazi ez dituzten soldadu-hornidurentzat!

PRINTZE LODIA: Urka dezagula!

AZDAK: Garaile dira ondorioz. Auzitegi honen aitzinean agertzen ez den Georgiak bakarrik galdu du gerla.

PRINTZE LODIA: Uste dut, adiskideak, nahikoa dela. (AZDAKi.) Joaten ahal zara, zu haga-ihizi. (ARMA-GIZONEI.) Pentsatzen dut orain juje berriaren hautaketa baieztatzen ahal duzuela.

LEHEN ARMA-GIZONA: Bai. Jaits ezaguzue jujearen arropa. (Bat-bestearen bizkar gainera hupatuz, zintzilikatuari arropa kentzen diote.) Eta orain (Hobari.) Zu zoaz, alki egokia ipurdi egokiari joan dakion. (AZDAKi.) Zu zatoz, eta jujearen alkian jar zaitez. (AZDAK dudan dago.) Jar zaitez arren. (ARMA-GIZONEK AZDAK alkira bultzatzen dute.) Betidanik jujea errekitu bat izan da, gaurkoan errekitua da juje. (Juje arropaz janzten dute eta buruan botila-zare bat ezartzen.) So egizue nolako juje papuna dugun!

KANTARIA:

                        Gerla zela herrian Handiak ez segur.

                        Arma-gizonek zuten Azdak juje eman.

                        Eta bi urterentzat Azdak jujea zen.

                        Kantaria bere soinulariekin:

                        Sute erraldoi haiek erre bazterretan

                        Eta hiriak odol hiroz itotzean

                        Kakalardoak ziren zulotik atera.

                        Gazteluko atean hiltzailea zetzan

                        Aldarean jainkoen adoratzaile bat

                        Eta juje arropan Azdak idazlea.

 

(AZDAK juje-alkian jarria dago, sagarra bipiltzen duela. CHAUVAk gela xahatzen du. Alde batetik kaidera-ibiltarian INBALIER BAT, akusatu MEDIKUA eta trapuz beztitu MAINGU BAT. Beste aldetik, xantaia leporatzen dioten GIZON GAZTE BAT. ARMA-GIZONA ZAINDARI, arma-gizonen bandera datxikala.)

 

AZDAK: Aferen ugaritasuna kontuan hartuz, egun gorteak aldi berean bi afera jujatuko ditu. Hasi aurretik, hitz bakar bat: hartzaile naiz. (Eskua luzatzen du. XANTAIA-MAISUAk baizik ez dio dirua jalgi eta ematen.) Ene gain dago gortea laidostatzea gatik, hemen diren alderdien kontrako (INBALIERRAri beha.) gaztiguen hartzea. (MEDIKUAri.) Mediku zara, eta zuk (INBALIERRAri.) akusatzen duzu. Medikua zure egoeraren hobendun dea?

INBALIERRA: Bai. Beragatik odol-kolpe bat jasan dut.

AZDAK: Ofiziozko ardura eskasez liteke.

INBALIERRA: Ardura eskasa baino gehiago. Gizon horri dirua prestatu diot ikasketak egin zitzan. Nehoiz ez dit sosik ere itzuli, eta eriak dohainik sendatzen zituela entzun dudanean, odol-kolpea jasan dut.

AZDAK: Zuzen den bezala. (MAINGUAri.) Eta zu, zer ari zara hemen?

MAINGUA: Eria naiz, Zure Grazia.

AZDAK: Dudarik gabe, hanka artatu dizu?

MAINGUA: Ez hanka ona. Errematisma, ezkerrekoan nuen eta eskuinekoa dit ebaki, horregatik maingu nabil orain.

AZDAK: Dohainik zena?

INBALIERRA: Dohainik, bost ehun piastrako ebakuntza bat! Dohainik. “Zerua saritzat” soil baten truke. Eta nik gizon horren ikasketak ordaindu ditudala! (MEDIKUAri.) Eskolan musutruk ebakitzen irakatsi dizute ala?

MEDIKUA: Zure Grazia, egia da ordainketa ebakuntzaren aurretik erdiesteko ohitura dagoela, eria gaiago baita pagatzeko ebakuntza aitzinetik ondotik baino, jendeki ulertzen ahal dena naski. Axolatzen gaituen kasuan uste ukan dut ebakuntza eginen nuela, ene mutilak sosak jada sakelan zeuzkala. Eta horretan naiz engainatu.

INBALIERRA: Engainatu da! Mediku ona ez da engainatzen. Ebaki baino lehen ikertzen du.

AZDAK: Justo. (CHAUVAri.) Ministerio Publikoko Jauna, zer da ondoko afera?

CHAUVA: (Indarrez erraztatzen) Xantaia.

XANTAIA-MAISUA: Gorte gorena, hobengabea naiz. Nahi ukan dut jakin sinpleki, lur-jabearen beraren ahotik ea bere iloba bortxatu zuenez. Arras eztiki ezezko erantzuna eman dit eta sos apur bat, ene osabari musika ikasketak egin arazteko gisan.

AZDAK: Aha! (MEDIKUAri.) Zuk, alderantziz, mediku, ez duzu nehongo karia mendratzailerik deitzen ahal zure hutsaren arintzeko, ez dea hala?

MEDIKDA: Doidoia, hutsa bizidunen zama dela.

AZDAK: Ez ahal dakizu mediku on batek diru mailako bere arduren zentzua duela? Entzun dut behatz krikatu batengatik mila piastra irabazi zituen mediku bat aipatzen, odol-jarioarekin zeuzkan loturetaz ohartu zelakoan, mediku on bat behar bada ez zen hortaz ohartuko, eta beste behin, keldar-min arrunt batekin izugarriko irabazia egin zuen, artamendu metodiko bat baliatuz. Ez duzu aitzakiarik, mediku. Ouxou bihi-saltzaileak mediku ikasketak egin arazi dizkio bere semeari komertzioa ikas zezan, hain baitira gure mediku eskolak ospetsuak. (XANTAIA-MAISUAri.) Zein da lur-jabearen izena?

CHAUVA: Ez du nahi haren izena ager dadin hemen.

AZDAK: Orduan gaztiguak agertuko ditut. Auzitegiak xantaia bermatzen du eta zu (INBALIERRAri.) mila piastrako isuna ordaintzera kondenatua zara. Bigarren odol-kolpe bat jasaten baldin baduzu medikuak dohainik artatuko zaitu eta beharrean ebakiko. (MAINGUAri.) Zuri alkohol kanfratu botila bat emana izanen zaizu kalte-ordaintzat. (XANTAIA-MAISUAri.) Lur-jabearen izena tribunalak isilean datxikalako zuk zure diru-sarien erdia Ministerio Publikoari emanen dizkiozu, eta gainera medikuntza ikastea aholkatzen dizugu, itxuraz ofizio horretarako gai zarelako. Eta zu, mediku, zure alorreko huts barka-ezinarengatik, kargurik gabe ateratzen zara. Aitzina!

KANTARIA: (Bere soinulariekin)

                        Ongi doana ez da naski dohainikan

                        Kario denak ez du betitik balio

                        Boltsan saltzen den gatu bat da Justizia.

                        Halaz deitzen da norbait, azkenaren azken

                        Edozein diren zeinu haiek seinatzeko.

                        Eta hori Azdakek dohain egiten du.

 

(Bide handiko karabana-sail batetarik jalgitzen da AZDAK, HOSTALERRA eta bizar luzea duen ZAHARRA ondotik dituela. Haien gibelean, CHAUVAk eta MUTIL BATek jujearen alkia herrestatzen dute. ARMA-GIZON BATek zaintza hartzen du, arma-gizonen bandera datxikala.)

 

AZDAK: Hemen jar ezazue. Horrela airea eta zitrointze-oihan horretarik datorkigun haize xirripa apur bat bederen badugu. Justiziarentzat on da hori kanpoan egitea. Haizeak arropak altxatzen dizkio eta pean zer daukan ikus daiteke. Chauva, sobera jan dugu. Ikuskatzeitzuli horiek akigarriak dira. (HOSTALERRAri.) Zure errenaz ari gara?

HOSTALERRA: Zure Grazia, familiaren ohoreaz ari gara. Mendiaz bestaldera sos egitera joana den ene semearen ordez plainitzera nator. Hara hemen bekatua egin duen mutila eta hor ene erren gaizoa.

 

(Errena, EMAZTE OPULANTA aitzinaten da. Begitartea gorderik du.)

 

AZDAK: Hartzaile naiz. (HOSTALERRAk hasperenka dirua ematen dio.) Ongi, egitekoak konponduak dira. Bortxaketa bat dea?

HOSTALERRA: Zure Grazia, mutila zalditegian harrapatu dut, justo gure Ludovica lastoan etzatera zihoala.

AZDAK: Justo, zalditegia. Zaldi izugarri ederrak. Biziki gustatu zait zalditxo beltzorri hura.

HOSTALERRA: Noski, ene semearen ordez, Ludovica bertan kofesatu dudala.

AZDAK: (Sakon) Erraten nuen: gustatu zait.

HOSTALERRA: (Horma) Egiazki? —Ludovicak aitortu dit mutilak bere gogoaren kontra hartu zuela.

AZDAK: Oihala ken ezazu, Ludovica. (Oihala kentzen du.) Ludovica, gortea zoratzen duzu. Konta ezazu nola gertatu zen.

LUDOVICA: (Gogoz errezitatuz) Zamari berriaren ikusteko zalditegian sartzen ari nintzela, mutilak nik deitu gabe, erran zidan: “Bero da egun” eta eskua ezkerreko bularrean pausatu zidan. Ihardetsi nion: “Ez horrelakorik egin”, baina lizunki, ene haztatzen segitu zuen, ene hira sustatzen zuela. Bere xede zikinak zulatu nituenerako ez zen urrun egon. Aitazuna sartu eta zangopilatu ninduenean, obratua zen.

HOSTALERRA: (Azalpenak ematen) Ene semearen ordez.

AZDAK: (MUTILAri) Onartzen ahal duzu zu zarela hasi?

MUTILA: Bai.

AZDAK: Ludovica, gozokiak maite ote dituzu?

LUDOVICA: Bai, eguzki-lore bihikak.

AZDAK: Maite al duzu bainuko urean luzaz geratzea?

LUDOVICA: Oren erdi bat gutxi-gora behera.

AZDAK: Ministerio Publikoko Jauna, pausa ezazu zure nabela, hor lurrean. (CHAUVAk nabela pausatzen du.) Ministerio Publikoaren nabelaren biltzera zoaz Ludovica.

 

(Gerria bihurdikatuz, LUDOVICA nabelerantz doa eta biltzen du.)

 

AZDAK: (Behatz erakusleaz) Ikusi ote duzue? Nola bihurdikatzen den. Hobena duen zatia agertzen da. Bortxaketa bermatua da. Sobera janez, batez ere gozokiak, ur epeleko egonaldi luzeegiz, nagitasunez eta larru eztiegiz, gaizo gizon hau bortxatu duzu. Uste al duzu horrelako ipurdialde oparo batekin ibil zaitekeela, eta tribunalean gainera? Aurretik pentsatu eta arma landerosarekiko eraso bat da. Gorteari, aitaizunak bere semearen ordez hupatzen duen zamari beltzorriaren ematera kondenatua zara, eta orain, Ludovica, selaurura jinen zara enekin, gorteak krimaren lekua azter dezan.

 

(ARMA-GIZONEK, alde batetik bestera, Georgiako bide handietan zehar AZDAK bere juje-alkian jarririk garraiatzen dute. Haren gibeletik, urkahaga daroan CHAUVA eta zaldi txiki beltzorria tiratzen duen MUTIL BAT.)

 

KANTARIA: (Bere soinulariekin.)

                        Handikiak zireno kexu aharratzen

                        Txikiak pozik, hainbat iruzur itsusi

                        Eta tratu-likitsik ez zuten jasaten.

                        Jende olde pobreen juje egokia,

                        Azdak bazoan beti herririkan herri

                        Pizu faltsu ederrez kalixtroa betez.

 

                        Eta aberatseri hartzen zuen dena

                        Eta bere trakako pobreei ematen

                        Eta ezko-negarra zen haren seinalea.

                        Baliorik ez zuen juje egokia

                        Azdak bazoan ama Georgi lurretan

                        Bere trakako jendez gerizaturikan.

 

(Herroka txikia urruntzen da.)

 

                        Lagun urkoarekin kexatzen bazara

                        Aizkora har ezazu, ongi zorroztua,

                        Baztertuz bertso hitsak eta hitz ilunak!

                        Zertarako dira prediku antzuak

                        So egizu aizkora, mirakuilutsu da

                        Eta Azdakek usu hortan sinesten du.

 

(Ostatu batean plantatua da AZDAKen juje-alkia. CHAUVAk ardoa ematen dion AZDAKen aitzinean HIRU LABORARI ABERATS ikusten dira. Zoko batean, LABORARISA ZAHAR BAT. Atearen irekiduratik eta kanpotik, HERRITARREK ikuskizuna jarraitzen dute. ARMA-GIZON BATek zaintza hartzen du, arma-gizonen bandera datxikala.)

 

AZDAK: Ministerio Publikoko Jaunak du hitza.

CHAUVA: Behi bati dagokio. Akusatu andereak bere behitegian Sourou laborari aberatsaren behia preso atxikitzen du, azken bost aste hauetan. Bestalde, larre baten aferma-sariaren ordaintzera gonbidatzen zuen bitartean Chouteff laborari aberatsari ebatsi xingarazpia eta hil behiak atzeman zaizkio.

LABORARI ABERATSAK: Neure xingar azpia da, Zure Grazia. —Neure larrea da, Zure Grazia.

AZDAK: Amatto, zer duzu horiei gehitzeko?

LABORARISA: Zure Grazia, duela bost aste, neure atean jo dute, gauez goizaldera, eta kanpoan bazen gizon bizardun bat behi batekin, eta erraten zidan: “Emazte gaizoa, Don Brigantin naiz, mirakuilu egilea, eta zure semea gerlan zendu denaz gero, behi hau ekartzen dizut oroitza gisa. Arta ezazu ongi”.

LABORARI ABERATSAK: Irakli briganta, Zure Grazia! —Bere koinatua, Zure Grazia! —Kabala ebaslea, su emailea! —Burua moztu behar zaio!

 

(Kanpotik emazte oihu bat altxatzen da. Irakli BRIGANTA sartzen da, animaleko aizkora datxikala.)

 

LABORARI ABERATSAK: Irakli!

 

(Zeinatzen dira.)

 

BRIGANTA: Arrastiri on maiteak! Ardo-baso bat!

AZDAK: Ministerio publikoko Jauna, ekar ezazu ardo-pitxer bat bisitatzailearentzat. Eta, nor zaitugu?

BRIGANTA: Fraile ibiltari bat naiz, Zure Grazia, eta emaitza urrikaltsu horrengatik eskertzen zaituztet. (CHAUVAk ekarri godaleta husten du.) Beste bat!

AZDAK: Ni, Azdak naiz. (Zutitzen eta makurtzen da, BRIGANTA halaber makurtzen da.) Gorteak ongi etorria luzatzen dio fraile arrotzari. Errazu segida, amatto.

LAEORARISA: Zure Grazia, lehen gauean, ez nekien oraino Don Brigantinek mirakuiluak egin zitzakeela, behia baizik ez zegoen. Baina zenbait egun beranduago, laborari aberatsaren mutilak etorri dira ilunbez eta behia berriz hartu nahi izan didate. Orduan itzulierdia egin dute ene ate aitzinean, behirik gabe baina buru-gainetan ukamilak bezain lodi ziren uspelekin. Orduan ikasi dut Don Brigantinek haien bihotzak aldatu eta on bilakatu zituela.

 

(BRIGANTAk ahoak eman ahala irri egiten du.)

 

LEHEN LABORARI ABERATSA: Nik badakit nork dituen alda arazi.

AZDAK: Ongi da. Geroxeago erranen diguzu. Segi!

LABORARISA: Zure Grazia, jarraian on bihurtu dena Chouteff laborari aberatsa izan da, egiazko deabrua, denek badakite. Baina Don Brigantinen botereaz ene larre txikiaren aferma-saria bertan behera uztera heldu da.

BIGARREN LABORARI ABERATSA: Ene behiak alhan sangreatuak izan zirelako.

 

(BRIGANTA irriz.)

 

LABORARISA: (AZDAKen keinu baten ondotik) Eta gero xingar-azpia, goiz batez leihotik hegalka sartu da. Errainetan jo nau, mainguka nabil oraino, so egizu Zure Grazia. (Urrats batzu egiten ditu. BRIGANTA irriz karkailaka.) Zure Grazia, eskatzen dizut: noiz bada ekarri zaio xingar-azpia emazte zahar pobre bati, non ez den mirakuiluz?

 

(BRIGANTA negarrez hasten da.)

 

AZDAK: (Alkitik altxatuz) Amatto, hara gortearen bihotzaren mineraino doan gai bat. Jar zaitez arren.

 

(LABORARISA dudaz baina jartzen da JUJEAren alkian. AZDAK lurrean ttottotzen, ardo-baso bat eskuan.)

 

AZDAK:

                        Amatto Georgiako ama dolorosa

                        Deituko zaitut, ama joa, esperantzaz

                        Beterikoa, negar egiten duena

                        Behi bat ukaitean. Joa ez denean

                        Harritzen dena, urrikal zakizkit.

 

(LABORARI ABERATSEI oihuka:)

 

            Aitor ezazue ez duzuela mirakuiluetan sinesten, fedegabe alenak! Zuetarik bakoitza fedegabekeriaz bost ehun piastra ordaintzera kondenatua da. Kanpora! (LABORARI ABERATSAK desagertzen dira.) Eta zuk amatto, eta zuk gizon saindu, Azdak eta Ministerio Publikoarekin batera huts ezazue ardo-pitxer bat.

KANTARIA: (Bere soinulariekin.)

                        Asetzen duen ogi mamia bezala

                        Deretxoaren lur-huts haietarik dator.

                        Eta soilek, bai eta deus gutxi zirenek

                        Esku hutsak zikintzen ahal zuen norbait

                        Bazuten azkenean, Azdak hura zela.

 

                        Zazpi ehun ta hogei egunez zituen

                        Balantza okerrean auhenak pizatu

                        Eta ahotik aho mintzatu zen abil.

                        Bere juje alkian ederki jarririk,

                        Urka-hagaren maldan, Azdak handi harek

                        Erabaki zorrotzak hedatzen zituen.

KANTARIA: Nahasmena eten zen, dukea itzuli, Gobernadorearen emaztea eta Auzitegia bazen, jende anitz hil zen, Basa-hiria erre ta Azdak izutu.

 

(Tribunaleko gortean dago berriro AZDAKen juje-alkia. AZDAK, CHAUVAri mintzo zaiola, lurrean eseria dago, ozkia konpontzen. Harrabots ikaragarria, kanpoan. Hormaren atzealdean, pika-lantza baten puntan, PRINTZE LODIAren burua pasatzen da.)

 

AZDAK: Chauva, oraidanik zure esklabu egunak kontatuak dira, behar bada minutuak berak. Ahal bezain luzaz ene ondoan atxiki zaitut, muturra odolestatu dizun arrazoiaren burdinezko zaldi-ahokoarekin, argumentu arrazionalekin nahasi zaitut eta logikaren laguntzaz gaizki tratatu. Naturaz, ahuletarik zara eta argumentu bat aurtikitzen zaizunean bidenabar, asetzeraino irentsi behar duzu, besterik ezin duzulako. Zure natura da, izaki goren baten esku-azala milikatu beharra daukazu, edozein izaki goren izan daiteke, eta gaurkoan aske zara, apalak eta likitsak diren zure jaidura txarrak eta zapeta zolak jendeaurpegietan zapaltzea irakasten dizun zure sudur paregabea segitzen ahalko dituzu berriz. Nahasmenduaren eta desordrearen garaiak joanak baitira, eta elkarrekiko denbora zoragarriak gogoan beste behin abestuko dugu kaosaren kantan agertu zaidan garai erraldoia ez baita oraino hor; jar zaitez eta ez otoi musika musuika. Ez beldurtu, entzungarria da, gustukoa den errepika bat badu. (Kantatzen du.)

 

                        Arreba, burua gorde ezazu, anaia nabel

                        Zorrotza bila ezazu, denbora erotu baita;

                        Jende handiak auhenka entzuten dira hortxetan

                        Jende has pobreak aldiz bozkarioz oihukari.

                        Hiriak dio: handiak haizatzen utz gaitzazue.

                        Ministeritzak erreak dira, bortxa-lan zerrendak.

                        Jaunak uztartu dituzte destera astunen menpe.

                        Sekula ateratzen ez zirenak argira datoz.

                        Zur-beltzezko enborrak hor erdiz-erdi hautsi dira.

                        Oheak egiterako zantala ezpalkatzen da.

                        Ogirik ez zuenak gaur selauru beteak ditu.

                        Bihi-amoinan zoanak egun berak banatzen du.

CHAUVA: O, o, o, o.

AZDAK: Zeren zai zaude, jeneral jauna? Otoi, mesedez, otoi, ordrea ezar iezaguzu!

                        Jaunkilotaren semeak ez dira jada ezagutzen;

                        Nausiaren haurra bere esklabuaren seme da.

                        Selauruetan geriza bila dabiltz handikiak.

                        Ohean dago jagoitik kanpoan lo zegoena.

                        Arraunka ibiltzen zenak egun baditu untziak;

                        Jabeak ondotik beti baina ez dira haienak.

                        Nausiek igorri dituzte bost gizon. Eta diote:

                        Zoazte orain zihaurek, gu aldiz helduak gara.

CHAUVA: O, o, o, o.

AZDAK: Zeren zai zaude, jeneral jauna? Otoi, mesedez, otoi, ordrea ezar iezaguzu! Bai, hara zer gertatuko bide zen gure artean, ordre nahia luzeegi baztertu balitz. Baina orain, naizen aratxe honek bizia salbatu dion duke-handia hiri-nagusira itzultzen da, eta persiarrek armada bat paratu diote ordrea ezar dezan. Basa-hiria sutan dago. Zoaz eta ekar iezadazu esertzeko baliatu dudan liburu lodi hura. (CHAUVAk alkiako liburua hartzen du, AZDAKek irekitzen.) Kodea da eta beti erabili dudalako lekuko zara.

CHAUVA: Bai, gainean jartzeko.

AZDAK: Gaurkoan, barnera so egiten ahal nioke ea zer gaztigu eman diezadaketen. Herrestekin begiak hertsi ditudalako garesti ordainduko duket. Pobrezia bere zango meharretan bermatzen lagundu dut eta mozkor gisa dilingo urkatuko naute; aberatsen sakelak miazkatu ditut eta ez da ongi. Eta ez naiz nehon gordetzen ahal, hainbestetan besteak lagundurik denek ezagutzen nautelako.

CHAUVA: Badatoz.

AZDAK: (Altxatzen da, ihizi izutua bezala eta urrats dudakorraz bere alkira zuzentzen) Bukaera da. Baina ez diet beren arima handitasunaren erakusteko plazerrik utziko. Urrikal zaitezen belauniko otoizten zaitut, ez zaitez orain joan, tua darit ezpainetarik. Herio antsia daukat.

 

(NATELLA ABASCHVILI, gobernadorearen EMAZTEA, laguntzaile eta ARMAGIZON BATekin sartzen da.)

 

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: Chalva, zer da kreatura bitxi hori?

AZDAK: Ezkina-leuntzaile bat, Zure Grazia, zure zerbitzuan dagoen bat.

LAGUNTZAILEA: Natella Abaschvili, gobernadore zenaren emaztea sartu berri da eta bi urte dituen Mikel Abaschvili semea bilatzen du. Jakin du haurra bere sehi ohi batek mendietan barna eroan zuela.

AZDAK: Sorkun-Handiko zaren zure ordreen arabera, itzulia izanen zaizu.

LAGUNTZAILEA: Ba omen dabil haurra berea bailitzan.

AZDAK: Burua moztuko zaio, Sorkun-Handikoa zu, zure manuetara.

LAGUNTZAILEA: Besterik ez.

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: (Badoala) Gizon hau ez zait gustatzen.

AZDAK: (Sakonki makurtuz ateraino segitzen duela) Sorkun-Handikoa zu, dena konponduko dugu. Zure manuetara.