Azken neuronen heriotza
Pako Aristi
Azken neuronen heriotza
Pako Aristi
Artezblai, 2011
Azken neuronen heriotza
Pako Aristi
Artezblai, 2011
[aurkibidea]

 

HIRUGARREN ATALA

 

ertzaina 3 sartzen da. Paisanoz dator, Txe Gebararen kamiseta batekin, eta karpeta bat eskuan. Miopea da, despistaturik dator. Mahai gaineko argazkiak begiratzen ditu, gertutik, hobeto ikusteko, eta berehala atzeraka egiten du.

 

ERTZAINA 3: Zeinek jarri ditu argazki hauek hemen? Zein gustu txarra! Migel Bose, Papito, eta Fredy Mercuri, Pasadito!

 

ertzaina 3-k argazkiak gordetzen ditu eta Aresen eta Patxi Lopezen argazkiak kokatzen ditu.

 

ANDER: Hombre! Azkenean uniformearekin liluratuta ez dagoen zipaio bat!

 

ertzaina 3-k haserre begiratzen dio.

 

ANDER: (Desenkusatuz) Ertzaina normal bat, esan nahi nuen! Txe Gebarak ez dizu batere pegatzen baina!

ERTZAINA 3: Nola ezetz? Nere idoloa da. Hark ere armak hartu zituen, nik bezala!

ANDER: Bai, baina helburu ezberdinak lortzeko!

ERTZAINA 3: Txe Gebara militarra zen, hark ezin zuen bakean bizi.

ANDER: Zuek bezala, ezta?

ERTZAINA 3: Jendea oso oker dago Txe Gebararekin. Pazifista guztiek aldarrikatzen dute, baina berak sortu zuen Kubako ejerzitoa.

 

ertzaina 3 anderri begira-begira geratzen zaio, betaurrekoak jaisten ditu hurbiletik begiratzeko.

 

ERTZAINA 3: Gaur aldatu ditut betaurrekoen kristalak, oraindik ez naiz ohitu.

ANDER: Ni ere ohitu ezinik nabil hemen ikusten ditudan gauzekin!

ERTZAINA 3: Nor zaitugu?

 

Mahaian paper bat dago atxilotuaren datuekin. Han begiratzen du.

 

ERTZAINA 3: Ander Atsegindozala Txapote. (Asaldaturik) Txapote?

ANDER: Agote! Aseginolaza a-go-te!

ERTZAINA 3: Berdin dio, ez al dakizu hitzak autoerreferentzialak direla? (Pedanteki) Roland Barthes.

 

ertzaina 3-k bere karpeta irekitzen du argazki bat begiratzeko. Gero anderri begiratzen dio. Regla bat ateratzen du eta anderren kaskezurra neurtzen du, argazkikoarekin konparatuz.

 

ANDER: Zer naiz, kromagnona ala neanderthala?

ERTZAINA 3: (Izututa, erne) Ez bat eta ez bestea... etako buruzagia! Horixe zara zu! Eta frogak dauzkat!

ANDER: Jode! Eta zu normala zinela pentsatzen nuen!

 

nagusia sartzen da.

 

NAGUSIA: (ertzaina 3-ri) Zer gertatzen da? (anderri) Zu oraindik hemen al zaude?

ANDER: Ederra daukagu honekin! (ertzaina 3-ri buruz)

NAGUSIA: Errespetu piska bat!

ANDER: Hirugarren aldia da errespetua aipatzen duzuela. Eta ni errespetatzen al nauzue? Non da nire errugabetasun...

NAGUSIA: (ertzaina 3 aurkeztuz) Gure informatika aditua da, ez dago disko gogorrik honek irekiko ez duenik. Frogak dauzkala esaten badu, egia izango da.

ERTZAINA 3: (Harro-harro) Eskerrik asko.

NAGUSIA: etari buruz ari zineten, zer gertatu da?

ERTZAINA 3: (Konplizitatez, nagusiak dakiena berak ere badakiela adieraziz) Zer gertatu da? Zelako diskrezioa nagusi! etako azken buruzagia atxilotu duzu eta zu disimulatzen.

NAGUSIA: (Harrituta) etako zer? Goizean delinkuentea zen, arratsaldean kale borrokako... Ea froga horiek!

ERTZAINA 3: Morroi hau Txapoteren lehengusua da, Agote. Ander ez dakit zer Agote. Txapote, Agote. Begira zer aurkitu dudan faccebooken.

ERTZAINA 3: (Argazki bat ateratzen du karpetatik) Ander Espainiako selekzioko kamisetarekin. Ikusten duzu hori?

 

anderrek barre algara egiten du.

 

NAGUSIA: Horrek justu kontrakoa demostratzen du, Espainiako selekzioa apoiatzen duela!

ERTZAINA 3: Zu ere engainatu zaitu. Argazki horiek euren gorrotoa disimulatzeko erabiltzen dituzte. Kamuflatzeko! Begira hemen!

 

ertzaina 3-k beste argazki bat ateratzen du: Manifa baten buruan, ander oihal palestinoarekin.

 

NAGUSIA: Baina hori manifa ekologista bat da!

ERTZAINA 3: Disimulatzeko beste amarru bat, borroka sozialetan aurpegia emanez, borroka armatua zuzentzen duela inork pentsa ez dezan.

NAGUSIA: (Urduritzen hasita) Ez dakit, ez dakit...

ANDER: Nik badakit: Honek eroetxetik ihes egin zuen eta zuek denok engainatu zintuzten!

ERTZAINA 3: Hona erabateko froga!

 

Beste argazki bat ateratzen du: hiru etakide daude bertan, kapusaiekin, agiria irakurtzen.

 

ANDER: Itxoin, itxoin!

NAGUSIA: Ez da ikusten nortzuk diren!

ERTZAINA 3: (Beste argazki bat ateratzen du, bertan bi mozorrodunen ondoan ander dago, barrez, kapusaia janztera doala) Eta orain? Horra tregoa deklarazioaren “mackinoffa”!

NAGUSIA: (Txundituta) Harritua uzten nauzu! Miresten zaitut, benetan. Nola lortu duzu?

ANDER: Hori Tolosako ihauterietan egin genuen numero bat da! Broma bat izan zen!

ERTZAINA 3: (nagusiari mintzo, anderri kasurik egin gabe) Nire bistari esker lortu dut materiala!

ANDER: Ez al duzue Kortaturen kantua ezagutzen, En Tolosa, Iñauteriak...

NAGUSIA: Zure bistari esker? Zu ez al zara ba miopea?

ERTZAINA 3: Funtsezkoa ikusezina da begientzat, bihotzeko begiarekin soilik ikus daiteke. E1 principito.

NAGUSIA: Inoiz ez dugu horrelako materialik lortu!

ERTZAINA 3: Lupa bat erabili nuen, 180 gradukoa. Begira, gortina azpian zerbait ahaztu zitzaien estaltzea. “Electricidad Juantxo”. Juantxo horrek dendak non zeuzkan ikertu nuen, eta zortea izan nuen: Tolosan bakarrik. Hortik aurrerakoa ezin dizut esan, Nagusi. Arriskuan jarriko nituzke nire informazio iturriak.

ANDER: Esan nion Maitaneri, lio batean sartuko ginela, baina kasorik ez! Morboa ematen omen zion etarraren uniformeak! (Ahotsa imitatuz) Me chifla la parafernalia gerrillera!

ERTZAINA 3: (nagusiari) Dena dakit! Irratian entzun dut!

NAGUSIA: (Nola joka ez dakiela) Dena dakit, dena dakit! Horrek ez du balio epaile baten aurrean!

ERTZAINA 3: Erruduntasun kuantikoaren froga psikoteknikoa egin diezaiokegu!

NAGUSIA: Barkatu, hori zer da? Hainbeste denbora pasa da Arkauten lizentziatu nintzenetik...

 

ertzaina 3 nagusiarengana hurbiltzen da zerbait esplikatzera, baina ez dugu entzuten. nagusiak buruarekin baiezkoa egiten du. Ezer esan gabe, ertzaina 3-k eskuburdinak kentzen dizkio anderri. ertzaina 3 eta nagusia kanpora ateratzen dira. ander bakarrik dago. Ez daki zer egin. Batera begiratu, bestera. Oihu egiten du. Bera ere ateratzen da, ihes egitera doanaren kautela erabiliz.

Segundu batzuetan ez dugu ezer entzuten. Gero oihuak. ertzaina 3-k ander harrapatu du eta berriro dakar. Aulkian jartzen du, eskuburdinak berriro jarriz. Une berean dator nagusia ere.

 

ERTZAINA 3: Ikusi duzu? Errugabea balitz ez luke ihes egin nahiko!

ANDER: (Negarrez hasten da etsipenez) Etxera joan nahi dut!

ERTZAINA 3: Begira, damuaren negarra da! Barrua lehertzeko zorian dauka. Laster aitortuko du dena!

 

anderrek oihu egiten du, ezer esan ezinik.

 

NAGUSIA: (ertzaina 3-ri) Lehen irratian zerbait entzun duzula zenion...

ERTZAINA 3: Ares jaunak hitz egin du. Gaur etako buruzagi nagusia atxilotu dutela, baina egoerak eskatzen duen zuhurtziagatik, ezin duela esan atxiloketa non izan den.

 

nagusiak gora eta behera mugitzen du burua, harrituta, flipatuta, baina morroia agian egia esaten ari ote den susmoarekin.

anderrek burua mugitzen du, baina ezker-eskuin.

 

ANDER: Ez da posible, ezin liteke...

ERTZAINA 3: Ertzainak zoriondu ditu. Esan du oso partaide gutxik zekitela operazioaren berri, bizpahiru pertsonek besterik ez.

NAGUSIA: (Entusiasmatuta) Orduan... egia da!

 

Sakelekoak jotzen du. Bakoitza bere patrikara begira hasten da. nagusiarena da.

 

NAGUSIA: Bai?

 

Oihu egiten du eta lurrera eroritzen zaio telefonoa. Jasotzen du eta agur militarra egiten du, mugikorra eskuin eskuan duela bekokian ipiniz.

Hitz egiteko jaitsi egiten du eskua, telefonoa ahora hurbiltzeko. Gero berriro jasotzen du agur militarra egiteko.

 

NAGUSIA: A... Ares jauna?... Gracias!... Ongi da... Qué...; qué bien, sí! Lan gogorra izan da, sí, sí, muy peligroso, hemos usado las técnicas más avanzadas, nos hemos jugado el... el... lepo (ertzaina 3-k “pellejo” xuxurlatzen dio ondotik), pero por Euskadi lo que sea, y más! ¡Sí, a sus órdenes! ¡Ordene y mande! ¿Protocolo K-356? Alerta máxima? Ongi da... ¿Que tratemos bien al detenido?... Bai, Gora Euskadi! Gora Portugalete!

NAGUSIA: (Urduri ertzaina 3-ri) Azkar, kendu eskuburdinak! Jainkoarren, ez ote zitzaion markarik geratuko!

 

ertzaina 3-k eskuburdinak kentzen dizkio.

 

NAGUSIA: (anderri, konplazentzia guztiarekin) Zer nahi duzu, kafea? Kamomila? Ebakitxo bat?

ANDER: Wiski doble bat zer moduz?

NAGUSIA: (ertzaina 3-ri) Tira, ekarriozu tila bat, berarentzat ere tentsoa izango da eta momentu hau! Pastak ere bai! A, eta K-356 protokolo-agindua zabaldu kuartel osoan! Deitu tanketak, errefuertzoak, helikopteroak!

 

ertzaina 3 ateratzen da.

 

NAGUSIA: (Leun-leun, mirespenez bezala) Zer, estresatuta egongo zara, ezta?

ANDER: Lasai egoteko modukoak zarete ba zuek! Honetara iritsiko nintzenik ez nuen pentsatuko!

NAGUSIA: Normala da, Frantziako santuarioa desagertu zenetik oso estresatuta zabiltzate, vamos, Erasmusak bezala, auskalo Europako zein naziotan, baina beti klandestino, Manu Chaoren kantuan bezala.

ANDER: Nahiago nuen Barrikadarena, mucha policía poca diversión!

NAGUSIA: Baina ikusi duzu ez garela hain txarrak. Kontaidazu! Zenbat etxetan bizi izan zara? Nolakoa da klandestino bizitza? Zer bazkari prestatzen duzue? Ene! Zenbat abentura izango dituzun kontatzeko!

ANDER: Aizu! Ni ez nintzen gaur arte inoiz kuartel batean egon. Baina zuk ere ez duzu inoiz etakide bat begien aurrean ikusi, ezta?

 

nagusia serio jartzen da. ertzaina 3 dator bandejarekin. Mahaian uzten dio anderri (ertzaina 3 miopea denez, hemen egin daiteke gag bat).

nagusiak mahai gaineko argazkiak ikusten ditu.

 

NAGUSIA: (Haserre) Zeinek jarri ditu argazki horiek?

ERTZAINA 3: Baina nagusi, egunero ematen diguzu txapa argazki horiek jartzeko!

NAGUSIA: Fuera, fuera! Egoera aldatu egin da. Historia egingo dugu, liburuetan agertuko gara, baina ez bi horiek, gu baizik!

 

nagusiak argazkiak eskuaz jota lurrera botatzen ditu, eta beste argazki batzuk ateratzen ditu kajoitik, Zapatero, Otegi, nagusi bera, eta Urkullu. Lau argazkiak panel batean edo kartulina batean jartzen ditu, laurak elkarren ondoan, ikusleei erakutsiz.

 

NAGUSIA: Gu izango gara Euskadira bakea ekarri zutenak!

ERTZAINA 3: Baina... Urkulluk zer egin du ba?

NAGUSIA: Ezer ez, baina bera izango da hurrengo lehendakaria! Eta zu ere... as... aszenduturik... Nola demontre esaten da hori?

ERTZAINA 3: Igogailaturik, Nagusi!

NAGUSIA: Seguru?

ERTZAINA 3: Horrek berdin dio: Botererik handiena boterea ez desiratzea da. Maquiavelo.

ANDER: Mojek diote Jesusekin ezkondu zirela, horregatik ari dira beti kristoa montatzen.

ERTZAINA 3: Zertara dator hori? Ez dauka graziarik!

ANDER: Hemen ezerk ez dauka graziarik! Total, beste zentzugabekeria batek ez zaituzte harrituko!

NAGUSIA: Emozio asko izan dira denbora gutxian, nekatuta gaude denok.

ANDER: Nekatuta zuen neuronak daude. Ni hemen goizetik entzuten ari naizenak entzun bazenituzte... ez daukazue neurona bakar bat ere bizirik!

 

Audioa: entzuten dira sirena hotsak, helikopteroaren zarata... ertzaina 3 begiratzera doa.

Gero barrura dator larri.

 

ERTZAINA 3: Iritsi dira errefuertzoak... eta baita kazetariak ere. Atarian daude, 40 bai gutxienez.

NAGUSIA: Itxoin dezatela. Ez al dira egoten egun osoan Belen Estebanen etxe aurrean? Guk Ander Aseginolaza Agote daukagu, Txapoteren lehengusua, etako azken buruzagia, biharko egunkari guztien portada, telediarioetako lehen albistea... (anderri begiratzen dio, gero ertzaina 3-ri esaten dio, ander seinalatuz) Tira, txukundu ezazu pixka bat, orraztu, patillak lisatu... Kajoian duzu torturatuentzako makillaje poltsa! A, eta moztu iezaiozu geratzen zaion motots zikin hori!

ANDER: Ez, hirugarrena ez, mesedez! Ez daukat besterik!

 

ertzaina 3-k guraizak hartu eta zast mozten dio.

Usaintzen du eta ia atzeraka erortzen da. Jende artera botatzen du.

 

ERTZAINA 3: (Bere burua apainduz, nagusiari) Argazkietan agertzeko moduan al nago?

ANDER: Badira aurpegiak salbaziorik ez daukatenak!