Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Kutxa, 1999

 

LAUGARREN ESZENA

 

(john mahai ondoan eserita dago eta gaztea ondoan dauka, eskuan kikara bat duela. john eztulka ari da, eztul gogorrean)

 

GAZTEA: Lasai. (Kikara emanez) Hartu pixka bat.

JOHN: Kendu edabe nazkagarri hori! (Zapia atera, musua garbitu eta gorde egin du)

GAZTEA: (Kikara alde batera utzi eta aulkian eseri da) Ez zaizu buruko mina pasatu?

JOHN: Ez dio ardura (Pilula batzuk atera ditu plastikozko gordailu txiki batetik, eta kolpean irentsi ditu)

GAZTEA: Ziur nago ez daukazula ezer.

JOHN: Ez zara nitaz fidatzen?

GAZTEA: Jakina. Baina istorio apainak kontatu behar dizkidazu zutaz fidatzekotan.

JOHN: Zaldien istorioak kontatuko nizkizuke, baina ez zenituzke ulertuko. Badakizu zaldiz ibiltzen? Zaldia da gizakiaren laguna, ez txakurra.

GAZTEA: Nik autoa dut lagun bakarra. Tira, komunera joan behar dut. (Aulkitik jaikiz)

JOHN: Ez duzu asko aguantatzen, gaztea izan arren. Galduko duzu kontakizunaren zati bat.

GAZTEA: Hizketan segituko duzu zeure buruarekin?

JOHN: Ohituta nago.

GAZTEA: Aurrera, bada. (Eseri da eta koadernoa atera du) Clark Gable eta Marylin Monroerekin ibili omen zinen film batean, Renon berton.

JOHN: Mustangoak harrapatzen zebiltzan talde baten istorioa zen. Ezagutzen nituen lagunen antzekoak ziren. Errodeoan ibiltzeko zaharregiak. Noizbehinkako lanak egiten zituzten arrantxoetan, lanik egonez gero.

GAZTEA: Zer moduz Marylinekin?

JOHN: Zer kontatzea nahi duzu? Marylinekin larrutan egin nuela edo? Ba, gutxitan ikusi nuen. Mapes kasinoan bizi ginen denok. Ez zegoen giro, eta Marylin senarrarekin muturtuta zegoen. Gainera, gu goizeko lauretan jaikitzen ginen. Winnemuca Laken ibiltzen ginen, filmeko lekuak prestatzen, zaldiekin lanean. Leo ere gurekin etorri zen, taberna errekara joan zitzaionean.

GAZTEA: Film hura Gableren azkena izan zen.

JOHN: Zaldien eszenak filmatu behar genituen Winnemuca Laken, baina Gable jauna berea egiten setatu zen, eta leher eginda amaitu zuen gixajoak. Handik gutxira bihotzekoak jota hil zela entzun nuen.

GAZTEA: Aspaldian etxera etorri gabe egongo zinen. Ez zenuen aita bisitatzeko asmorik?

JOHN: Bai, eta bisitatu egin nuen. (Edatean garagardoa jausi zaio praken gainera) Kaka zaharra! (Eskuz garbitu du)

GAZTEA: Zorte onekoa da, dena den.

 

(john eskuak poltsikoan sartu eta arakatzen ibili da. Ospitaleko agiria erori zaio)

 

            Zer duzu hori?

JOHN: Ezer ez.

 

(johnek agiria gorde du berriro. Gero patrikan arakatzen segitu du)

 

            Kaka zaharra! Ez ditut aurkitzen!

GAZTEA: Lasai, neuk egingo dut hori.

JOHN: Dadoak, mutil, dadoak. Hustonen dadoak.

 

(johnek kapela kendu du eta praka barnetik aterata dado txiki bi mahai gainera bota ditu)

 

            Bizitza honetan hiru gauza menderatu behar dituzu. Dadoak, emakumeak eta edari kontuak.

GAZTEA: Hemingwayren pertsonaia bat bezala hasi zara.

JOHN: Ezagutu nuen gizona.

GAZTEA: Artzain guztiek ezagutu zuten. Hemingwayren lagunen elkartea sortu beharko lukete artzainek.

JOHN: Artzain artean ibiltzea zuen gogoko. Dena den, nahikoa gazbakoa zen. Barruan gordetzen zituen onenak, liburuetarako.

GAZTEA: Eta zuk zer gordetzen duzu barruan?

JOHN: Kar, kar, kar!!! Hori medikuari galdetu beharko, hilondoan barrenak irekitzen dizkidatenean.

GAZTEA: ...

JOHN: Zer, apustua egingo dugu ala? Kontuak berdintzeko.

GAZTEA: Jokoa ez da errenta, euskaldunok diogunez.

JOHN: Shit! Badakizu zergatik? Irabazteko beldur garelako. Lehen ez zen hala suertatzen, ikusiak ditut nik artzainak asteburu batean hiru hilabetekoa xahutzen, taberna, joko-etxe eta putetxean. Batzuetan leku berean dena.

GAZTEA: Non galdu zuen dirua Lucianok? Putetxean ala?

JOHN: Lucianoren kontua amaituta dago.

GAZTEA: Benetako kontuaz ari naiz.

JOHN: Dadoena kontatzea nahi duzu ala ez?

GAZTEA: (Etsita) Aurrera.

JOHN: Huston zine zuzendariarekin ibilia naiz ni dadoetan. Film hura egiten ibili zenean, dadoetan irabazi nion zaldi beltz hura.

GAZTEA: ...

JOHN: Hauexek dira dadoak.

 

(Dadoak erabili eta erabili, azkenean mahai gainera bota ditu. gazteak dadoak aztertu ditu)

 

GAZTEA: Sei parea. Ez daude zamaturik?

JOHN: Neure urteen zama baino ez dute.

GAZTEA: Hustonen dadoak?

JOHN: Bai mutil. Zaldiarekin batera irabazi nizkion.

GAZTEA: Zaldia ala dadoak?

JOHN: Zaldia irabazi nion Hustoni. Neure buruari agindu nion aitari zaldi bat erregalatuko niola. Zaldi errenaren ordainetan. Eta Hustoni zaldia irabazi nion dadoetan. Kristoren mozkorra harrapatu genuen ospatzeko. Bada, mozkorraldian bertan amets egin nuen, koioteari hortzak erori zitzaizkiola eta akabatu egiten zutela etsaiek. Gero, larrua bizirik kendu eta danborra jotzen hasi ziren. Esnatu orduko, erreserbara egin nuen, zaldia atoan hartuta. Berandu heldu nintzen. Baziren ordu batzuk aita hil zela. Zuhaitz batek harrapatuta, basoan.

 

(Etenaldia)

 

            Mendira jo nuen, Sierra Nevadako mendirik gorenetako batera. Bertan askatu nuen zaldia.

GAZTEA: Uste nuen esango zenidala Hustonen zaldia dela bahituta daukazuna.

JOHN: Ez izan leloa. Badira hogei urte hori gertatu zenetik. Zaldiak ez dira hainbeste bizi.

 

(Mutilak dadoak bota ditu eta sei pare bat atera zaio)

 

GAZTEA: Sei parea berriro. Zamatuta dirudite.

JOHN: Aktoreak joan ziren. Leo Kaliforniar potoloarekin ezkondu zen eta Los Angelesera bizitzera joan zen. Baina ni Renon gelditu nintzen. Hitz eginda nengoen lagun pare batekin eta kasinoen giroan sartu nintzen. Ez naiz mugitu Renotik azken urteotan. Eguzkia maite dut, eta zaldia aldamenean eduki dezaket.

GAZTEA: Nola irabazi zenuen zaldia?

JOHN: Ez nuen irabazi, hori neure dirutik ordainduta dago. Eta zeure diruaz ordainduko dut.

 

(Etenaldia)

 

GAZTEA: Oso maite dituzu zaldiak.

JOHN: Jendea baino leialagoak dira. (Buruari eutsi dio esku batez) Burua lehertzear daukat.

GAZTEA: (Poltsatik atera du plastikozko poltsa bat, eta handik goxoki bat hartu du) Nahi duzu jengibre pixka bat? Ona da haginetako minarentzat.

JOHN: Buruko mina daukat, ez haginetakoa.

GAZTEA: Dena den, oso ona da garagardoaren kiratsa kentzeko. (Goxoki bat ahoratuz) San Franciscotik ekarri ditut. Badakizu zer egin nuen herenegun? Goizeko hiruretan moteleko ureztagailuak zarataka hasi ziren, eta esnatu egin ninduten. Bada, autoa hartu, gasolina jarri, kafea erosi eta San Franciscora abiatu nintzen. Chinatownera joan bazkaltzera, hondartza aldera kaleko musikariak entzutera, eta berriz ere etxera, ilunabarra jo baino lehen. Autoa eta biok, eta musika, besterik ez. Eta inguruan ziztuan ari diren autoak eta mendia. Eta ispiluan emakumezko aurpegi bat, irribarrez... berriz itzali arte.

JOHN: San Franciscokoa zen?

GAZTEA: San Franciscon ezagutu genuen elkar.

JOHN: Eta ikustera joaten zinen?

GAZTEA: Astean behin baino gehiagotan. Eta beti Chinatownera bazkaltzera, eta beti ibilalditxo bat hondartza aldera, kaleko musikariak entzutera. Amets egitera.

JOHN: Noiz esnatu zinen?

GAZTEA: Iratzarri egin ninduten. Asteburuan lan egiten nuen, baina behin jai eguna eman zidaten bat-batean. Dei egin nion, baina ez zegoen etxean, eta honenbestez, Lake Tahoera joan nintzen arrantzan. Kasinoan topo egin nuen berarekin. Mutiko baten besotik helduta zetorren, irribarretsu.

JOHN: Eta musturrak apurtu zenizkion...

GAZTEA: Ez, ba. Baina telefonoz deitu nionean, zenbakia aldatua zeukan.

JOHN: Eta jarraitu egin zenion.

GAZTEA: Etxez aldatua zen. Lana utzi berria.

JOHN: Eta San Franciscora itzuli zinen ezinbestez.

GAZTEA: San Franciscora itzultzen naiz ahalik eta gehienetan.

JOHN: Joan-etorri egun berean?

GAZTEA: Eguna urratu eta itzali bitartean. Agian ustekabean topatuko dudalakoan.

JOHN: Eta zer esango diozu?

GAZTEA: Ez dakit. Inoiz ez dut honetaz pentsatzen.

 

(Etenaldia)

 

JOHN: Neuk ere andre bati jarraitu nion behin.

GAZTEA: Zer zela eta?

JOHN: Lur jota nengoen, mozkor arraila, eta utzi egin ninduen. Kanpora bidali eta mozkorra kendu arte ez itzultzeko agindu zidan.

GAZTEA: Eta itzuli egin zinen.

JOHN: Hiru mila milia korritu nituen itzuli baino lehen. Zazpi estatu, hamabost herri, dozena bat lanbide, eta hiru auto ene nituen bidean. Baina itzuli egin nintzen.

GAZTEA: Eta zer esan zenion?

JOHN: Ez nekien zer esan. Ez nuen ezer gogoan. Eta orduan zarataka hasi ginen. Eta pistola bat atera eta buruan jarri nion. Ez nekien zer esan, eta han nengoen, pistola batekin eroarena eginez. Tiro bat eman ez nionean! Harrezkero, poliziak agindu bat eman zidan, andrearengandik baztertuta egon behar nuen, juezaren aginduz. Beti jakin behar duzu zer esan behar diozun maite duzunari. Beti, istilutan sartu nahi ez baduzu.

 

(john dadoekin jolasean hasi da. Mahai gainera bota, hartu eta berriz bota ditu)

 

            Begira...

 

(Portreta bat atera du poltsikotik)

 

GAZTEA: Gaztea da eta oso ederra. Nondik atera duzu portreta?

JOHN: Beti daroat aldean.

GAZTEA: Aspaldikoa dirudi.

JOHN: Aspaldian elkar maite izan genuen.

 

(Etenaldia)

 

            Oso maite ninduen, baina ez zen ondo irten, jokoan nenbilelako. Ez ninduen onartzen bere ondoan mozkortuta nengoenean. Eta ondo egiten zuen, demonioa!

GAZTEA: Eta ezin zinen ganoraz ibili hainbeste maite bazenuen?

JOHN: Ezinezkoa. Uztailaren lauan beti mozkortzen naiz.

GAZTEA: Cicatrizagatik?

JOHN: Cicatriz guztiengatik.

GAZTEA: Eta berak zer zioen horretaz?

JOHN: O, bai, berak bestela uste zuen. Lanaren zintzotasunean sinesten zuen. Beragatik balitz, supermerkatuan lan egingo nuen, kutxazain. Gutxieneko soldata.

GAZTEA: Eta?

JOHN: Alferrik zebilen. Behin eta berriro aldegiten nuen, berriz itzultzeko.

GAZTEA: Zergatik?

JOHN: Ikusi dituzu Nevadako mustangoak? Mantsotu eta hainbat urtera, odola nahasten zaie eta mendira jotzen dute. Menderaezinak dira, jaio eta herio. Beti ihesi leku berri batera.

 

(Luzez geratu dira isilik. johnek hurrupada sakonak hartzen ditu. gazteak gero eta tragoxkada txikiagoak egiten ditu)

 

            Noizbait lezioa ikasi eta andrearengana itzuli nintzen, bere ondoan geratzekotan. Ordurako, hilda zegoen. Aita lantxe.

 

(Etenaldia)

 

GAZTEA: Ziur zaude lezioa ikasi zenuela?

JOHN: Nekatuegi nengoen inora joateko. Ez naiz mugitu Renotik azken urteotan. Bi mila egun eta gau joan dira harrezkero. Bi mila egun alderrai nabilela. Bi mila gau lorik egin gabe.

GAZTEA: Nola jasan duzu hainbeste gau lo egin gabe?

JOHN: Hasieran pilulak hartzen nituen lo egiteko. Baina behin ospitalera eraman ninduten, gainezka eginda. Ok eginda nengoen egongelan, telebisioa topera ipinita eta trailerhomeko auzokoek poliziari abisatu zioten.

GAZTEA: Zeure buruaz beste egin nahian edo?

JOHN: Neure buruaz beste egitea posibilitate bat da. Horri esker bizi gara gehienok. (Beste trago bat hartu du, plastikozko gordailu batetik atera dituen pilula batzuekin batera)

GAZTEA: Ez zenuke hori hartu beharko.

JOHN: Lasai. Buruko mina kentzeko dira. Nik ez dut neure buruaz beste egingo. Ez, behintzat, jokatzeko aukerarik daukadan bitartean.

GAZTEA: Nik emango dizut aukera, hortaz.

JOHN: Dadoetan jokatuko dugu errebantxa.

GAZTEA: O.K.

 

(johnek edateko keinua egin du, baina botila hutsik dago. Botilari tanka-tanka egin eta dadoak bota ditu)

 

            Zergatik ez dugu jokoa alde batera utzi? Ezin dugu horrela amaitu uztailaren laua. Jadanik ezagutzen hasia zaitut.

JOHN: Ez, mutiko. Inork ez nau ezagutzen. (Ukabilkada jo du mahai gainean) Inork ez du inor ezagutzen. (Ukabilkada) Inork ez du bere burua ezagutzen.

 

(Etenaldia)

 

            Apustu kontuak oso serioak dira, mutiko. Kontuak kontu, zorrak zor. Apustuari eutsi behar, hitzari bezainbeste.

GAZTEA: Ongi. (Aulkitik jaikiz) Komunera noa. (Mahaira hurbildu eta kartazala hartu du) Badakizu, erregelak.

JOHN: Ez duzu asko aguantatzen gaztea izan arren. Tuj! Tuj! (Dadoekin jolasean) Eskatu dado berriak, hauek zamatuta daude!

 

(gaztea jaiki eta komunera irten da. Argiak amatatu dira)