Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Kutxa, 1999

 

BOSTGARREN ESZENA

 

(john eta gaztea mahaira eserita daude. Kartazala eta dirua johnen aldamenean daude)

 

GAZTEA: Ekarri dadoak!

JOHN: Ikusi dituzu.

GAZTEA: Ezinezkoa da.

JOHN: Bota dadoak eta ikusiko duzu.

GAZTEA: (Dadoak botata) Ez da hori lehengoa.

JOHN: Jakina. Horixe da jokoa. Ezin da menderatu.

GAZTEA: Tranparik egiten ez bada.

JOHN: Ez hasi mihia labaintzen.

GAZTEA: Uztailaren laua da eta zortea duzu, nonbait.

JOHN: Praketan isuri zaidan garagardoa.

GAZTEA: Ziur zaude zortea dela? Ezin liteke izan patua, aurrez aurre jarri gaituena?

JOHN: Nahi duzun moduan. Plazer izan dut zurekin jokatuta, baina istorioak amaitu dira. (Alkandorako patrikak haztatuz) Eutsi! (Dadoak emanez) Zuretzat.

GAZTEA: Ez dituzu berriz erabiliko?

JOHN: Zertarako?

GAZTEA: Geroenean.

JOHN: Ez dut uste beharko ditudanik. Ezin duzu zortea behar baino gehiagotan behartu. Batez ere, uztailaren laua joanda gero.

 

(gazteak grabagailua gorde du)

 

GAZTEA: Uztailaren laua joanda, istorio guztiak joango dira.

JOHN: Hori zure kontua da. Esan dizut ez nuela istorio gehiagorik nahi.

GAZTEA: Zu, Leo eta Luciano. Hirurok diru bila ibili eta ibili, eta hirurok huts egin. Leok dirua egin zuen, baina dena galdu zuen. Los Angelesen dibortziatu zen eta Las Vegasko partida hartan sartu zintuen. Lucianok burua galdu zuen. Baina horiek, behintzat, maitasunagatik ari ziren lehian. Zuk dena egin duzu zaldi batengatik.

JOHN: Ez zenuke konprenituko. Batzuetan uste dut zaldi baten atzetik eman dudala bizitza osoa eta beti aurreratzen zitzaidala. Ni haraino heldu orduko, beste leku batean zegoela.

 

(Etenaldia)

 

            Baina orain harrapatu egin dut. (Kartazalari heldu nahian) Tira, telefonoz deitu behar dut.

GAZTEA: (Arinago, kartazala kendu dio) Uztailaren laua ez da amaituko istorio guztiak amaitu arte.

JOHN: Zer? (Haserre) Zertan ari zara?

GAZTEA: Zinean izandakoan istorio ederrak asmatzen dituzu. Baina nirekin alferrik ari zara.

JOHN: Zer?

GAZTEA: Oraindik ez dut aditu entzun nahi nuen istorioa.

 

(Etenaldia)

 

            Beste apustu bat jokatuko dizut.

JOHN: Zer kristo da hori? Jokatuta dago jokatu behar genuen guztia.

GAZTEA: Ez dizut dirua emango ni benetan menderatu arte. Lehen erronka egin didazu, esku-pultsuan irabaziko zenidala. Frogatu egin beharko duzu.

JOHN: Erregelak aldatu dituzu. Hitz eman didazu, eta orain jan. Hori ez da legezkoa.

GAZTEA: Aitak ez zidan legea irakatsi.

JOHN: Irakasteko esan beharko zenion.

GAZTEA: Esan dizut alde egin zigula... Heldu eskuari. Ala beldurrez zaude?

JOHN: Gaztea zara...

GAZTEA: Bistan dago, baina eskarmentu handia daukazu inoren begietara begiratzen, ezta? Aitari ikasi zenion.

 

(johnek kapela kendu eta ttu egin du eskuetara. gazteak jaka kendu eta kokatu egiten da. Biak daude besoak berotuz, jaiki eta eseri, posizioa hartzearren. Aulkiak karranka ari dira, eta biek elkarri begira ekin diote. johnek eskua tinkatu dio, baina ezin dio minutu batez ere eutsi. gazteak aisera darabil, baina ez du guztiz menderatzen, katu-saguen jolasean dabil. Azkenean, john eztulka hasi eta txu egin du ustekabean. Baina ez du amore ematen. Berriz ere, eztulka hasi da. gazteak ez du amore eman nahi, ziria sartu diolakoan. Aldi luze batez john jasan ezinik dago, apustua galdu nahi ezean. Baina gaztea kupidagabea da, eta john muturreraino eraman nahi du. Noizbait, mahaiari kankateko bat eman eta mugitu egin dute. Apustua bertan behera gelditu da. johnek eskua ahora darama, eta patrikatik zapia aterata, ttu egin du zapira: odoleztaturik utzi du. Noizbait, john eta gaztea aulki banatan eseri dira, aurrez aurre begira)

 

JOHN: (Zapiarekin bueltaka) Tuj! Tuj!

GAZTEA: (Kezkatuta) Barka. Ez nizun minik egin nahi.

JOHN: Mina! Zera egingo zenidan!

GAZTEA: Odola egin dizut... (Txeratsu)

JOHN: Bai zera! Kendu... (gaztearen eskua baztertuz)

GAZTEA: Dardarka ari zara.

JOHN: Kendu, ostixe! Bestela akatuko zaitut! (Eztulka) Tuj! Tuj!

 

(mutila baztertu egin da, zapuztuta. Isilik dago)

 

            Nork bidali zaitu hona?

GAZTEA: Neure kabuz etorri naiz.

JOHN: Zer nahi duzu nirekin?

GAZTEA: Kontatu nahi ez duzuna entzun nahi dut.

JOHN: Istorio hori ez didazu aterako. Alde hemendik! Eta eman dadoak!

GAZTEA: (Dadoak mahai gainera botata) Oso egun txarra izan zenuen behin uztailaren lauan, ezta? Zaldia baino askoz ere gehiago galdu zenuen. Leok irakatsi zizun esku-jokoetan eta trikimailuetan. Lucianori ohostu zizkion diruak mendian, taberna jartzeko. Eta zu laguntzaile hartu zintuen. Baina dena galdu zenuten jokoan eta desertura alde egin zenuten, elkarrekin. Gero, hainbat denboraren ondoren, Leok dei egin zizun, laguntza eske. Leorekin ari zinen Las Vegasen, tranpak egiten, eta harrapatu zutenean, isildu egin zinen, zurekin zerikusirik ez balu bezala. Kristoren jipoia eman omen zioten Leori.

JOHN: Leok kontatu dizu? Gezur hutsa da.

GAZTEA: Zuk esaten baduzu...

JOHN: Muturrak apurtuko dizkiot agure txatxu horri.

GAZTEA: Ez, ez dizkiozu muturrak apurtuko.

JOHN: Leorenak egin du, nirekin topatuz gero.

GAZTEA: Leorenak joan den hilean egin zuen, ospitalean. Kaliforniako andrea zeukan berekin, beste inor ez.

 

(Etenaldia)

 

JOHN: Ez dut ulertzen. Zer nahi duzu nirekin?

GAZTEA: Dima nahi duzu. (Dirua emanez) Hartu, zeurea da. Uztailaren lauko oparia. Pozik orain?

JOHN: Ez da oparia, neuk irabazia baizik.

GAZTEA: (Kartak hartu eta karta-jokoa egin du, arin-arin, profesionalek banatzen dituzten moduan banatu ditu kartak, itzulika erabili, jolasean) Gau osoan joka genezakeen, eta beti irabaziko nizun. Kaliforniatik etorri naiz, eta freelance nabil, baina ez kazetari. Ondo ezagutzen naute Las Vegasen, eta badakit ondo jakin zer den katu beltza. Las Vegasen egiten diegu inozoei. (Kartak alde batera utziz) Badut bestelako oparia zuretzat. (Agiri bat atera du patrikatik eta johni erakutsi dio) Ezagutzen duzu, ezta?

JOHN: Hipoteka baten kopia zimurtuta dirudi.

GAZTEA: Hipoteka baten kopia da.

JOHN: Nongo hipoteka?

GAZTEA: Lehen esan dizut. Ostatu bateko hipoteka. Behin familia baten izandako ostatuarena, eta gero galdugordean saldutakoa. Esan dezagun uztailaren lauko oparia dela, diruarekin batera. (Eskua luzatu du eta agiria johni ematekotan dago) Zure izena dauka.

JOHN: Nondik atera duzu? Badira hogeita bost urte paper puxka horren atzetik nabilela. Ekarri (Jaiki egin da. Mahaia inguratu eta gaztearengana doa. gaztea ere jaiki eta aurrez aurre jarri zaio. Elkarri eutsi, bultzatu, heldu eta borroka txikia egin dute)

GAZTEA: Erregelak, erregelak bete behar dituzu.

JOHN: Eman papera, madarikatua!

GAZTEA: Itxaron... (gazteak gakoa egin dio eta besoa atzean ezarri. john mahai gainean makurtuta dago, aurpegia mahaigainaren kontra behartuta)

JOHN: Tuj! Tuj!

GAZTEA: Barkatu. (john askatuz) Egon lasai, emango dizut agiria. Lehenago, baina, beste istorio bat entzun beharko didazu.

JOHN: (Eseriz) Berdin dio, jadanik uste dut uztailaren bosta dela.

GAZTEA: Ez, uztailaren laua da oraindik. Uztailaren laua izango da istorioak amaitu arte.

JOHN: Istorio guztiak kontatu dizkizut.

GAZTEA: Ez dio axola, neuk kontatuko dizut hurrengoa.

 

(Eseri egin da)

 

            Nire istorioan etxe bat dago eta gizonezko bat. Mendia bezain handia, zango azkarrekoa, lepo gihartsua... Hitz batez, lau seme-alaba ditu eta emaztea aldamenean. Ongi, aldamenean esatea gehiegitxo da, izan ere, inoiz ez da etxean geratzen gizona, abenturero samarra da-eta.

JOHN: Eta horrek zer ikusi du etxearekin?

GAZTEA: Ostatua, hobeto esanda, ze gizon horren emazteak ostatu gisa atondu du, eta otorduak ematen ditu, herri txiki batean dago, artzainez betetako eskualdean, hain zuzen ere.

JOHN: Beraz, gizona artzaina da.

GAZTEA: Izan liteke, baina ez du etsitzen ardiekin, eta herrira jaitsi orduko diru guztia xahutzen du jokoan eta. Egunen batean, ostatua galdu du joko mahaian, eta etxetik alde egin du, urre bila edo. Baina ez du zorte handirik izan, ez mendian ez desertuan.

JOHN: Eta?

GAZTEA: Bada, emazteak hiru seme-alaba atera dituela aurrera, Unibertsitatera ikastera behartuta etabar. Cuatrojulion jaieguna ospatzen dute etxean, amak opil handia egiten du eta.

JOHN: Lehen esan duzu lau seme-alaba zituela gizonak.

GAZTEA: Gazteena etxetik ihes eginda dago, aitaren atzetik ibili nahi zuelako.

JOHN: Mutila da, beraz...

GAZTEA: ...eta alde egin zuen.

JOHN: Segi, segi.

GAZTEA: Orduan, gizonak etxera egin du, damututa edo, emaztearekin onezkoak egitera.. Dagoeneko, seme-alaba guztiak ikasten ari dira eta herritik kanpo bizi dira. Eta hor dago, bestalde, etxetik ihes egindakoa.

JOHN: Inoiz ere itzultzen ez dena.

GAZTEA: Baina beti ere urrutitik harremanetan dabil amarekin. Eta amak enkontrua antolatu du aita-semeen artean. Baina mutilak ez du amore eman nahi eta ez da azaldu. Gizona saiatu da emaztearekin aurrera egiten, baina ez du etsitzen eta berriz alde egin du. Harrezkero, ez dakigu non sartu den. Eta orduan emaztea hiri handira aldatu da bizitzera, eta alborengoak jota hil da. Bitartean, hipoteka ordaintzen jarraitu dute seme-alabek. Agian gizona noizbait etxeratuko zelakoan. Egunen batean, abokatuaren bidez gazteak jakin du gizona eritetxean izan dela, eta handik hara hariak batu eta ikasi ditu gauzatxo batzuk gizonaren gainean. Dirua galdu duela, trailerhome batean bizi dela... Kasinoetan ematen dituela gauak, logabe.

JOHN: Nola amaitzen da istorioa?

GAZTEA: Oraindik ez dakit amaiera.

JOHN: Eta ez dituzu argibide guztiak.

GAZTEA: Zer gehiago behar dut?

JOHN: (Zutik jarrita, nekez) Gizona tabernan dago leitzen, gaztea hurbildu zaionean. Presaka gorde du papera. Sendagilearen agiria da ...eta berri txarrak eman dizkio... agian, egun gutxiren kontua izango dela ...desertuan harrapatutako minbizia... Cicatriz egin berria diote, zirujau batek ebakitako zatia ospitalean probak egitean.

 

(Etenaldia)

 

            Tuj! Tuj! Tuj!

GAZTEA: Ongi zaude?

JOHN: Eta orain zer? Ezin dugu berriz jokatu.

GAZTEA: Jokoa amaitu da, baina istorioak ez.

JOHN: Tuj! Tuj! Tuj! Eman eskua...

GAZTEA: Ez dugu berriz jokatuko...

JOHN: Eskua emateko, iaus!

 

(john erortzear dago eta. gazteari heldu dio sostengu gisa. Eskua bihotz ondoan ezarri dio)

 

GAZTEA: ...

JOHN: Orain zeu zara ulertzen ez duena. Uztailaren laua da, akordatzen zara? Eta istorio guztiak kontatu behar ditugu.

GAZTEA: Aurrera, bada.

JOHN: Herri txiki batean egin zuen emaztearen ezagupidea gizonak. Bazekien dantzan eta zaldiak mantsotzen. Elkarrekin ihes egin zuten. Cuatrojulion ezkondu ziren, eta bolanderak ikusi zituzten. Mendebalde osoan piztuta bolanderak. Lau seme-alaba izan zituzten, eta txikiena bihurriena zen. Istorioak kontatzen zizkion altzoan, artzain kontuak eta beste. Andrea triste zebilen eta gizonak zoritxarra baino ez zion ekartzen. Zaldia noiz irabaziko, horrela zebilen gizona, aitari opari eman eta bakeak egiteko. Behin ostatua galdu zuen jokoan eta mozkortuta azaldu zen etxera. Istilu ikaragarria izan zuen andrearekin eta arturratzearekin batera bizimodu hobea egitera abiatu zen. Eta beti bidaltzen zion dirua emazteari, hipoteka ordaintzekotan.

GAZTEA: Andreak bankuan gordetzen zuen.

JOHN: Beti galdetzen zien seme-alabengatik.

GAZTEA: Behin ere ez zituen ikusi. Ezta Nevadara hurbildu zenean ere, filme bat egitera.

JOHN: Argazkiak bidaltzen zizkien.

GAZTEA: Amak erakusten zizkien, urrutiko senide batenak bailiran.

JOHN: Beste bizitza bat hasi zuen, desertuan. Arrasto guztiak ezabatu zituen, bere burua galtzera. Izena aldatu zuen. Andrea gaixotu eta hil zenean, abokatu baten berria jaso zuen, beranduegi jaso ere... Tuj! Tuj! Tuj!

GAZTEA: Zer duzu? (Paparretik helduz)

JOHN: Tuj! Tuj! Tuj!

GAZTEA: Ez! Oraindik ere gauza asko kontatu behar dizkidazu!

JOHN: Atera nazazu kanpora, bolanderak ikusi nahi ditut.

GAZTEA: Ez, uztailaren laua amaitu da.

JOHN: Ez. Bihar ere cuatrojulio izango da niretzat, egunero legez.

GAZTEA: Egon! (johni lagunduz) Eutsi. (Ate ondora hurbildu dira biak eta gazteak atea ireki du. Musika, suziriak, eta zaratak, denak batera aditzen dira)

JOHN: (Kanpora irtenez) Gau giro ederra dago.

GAZTEA: Itxaron! Zurekin noa.

JOHN: Zeruari begiratu bat egingo diot.

GAZTEA: Sutautsez zikinduta dago...

JOHN: Bai, orbainaz betea.

 

(Suziri hotsak gero eta nabarmenago, flash arinak eta zaratatsuak, taberna guztiz argiztatzen dutenak)

 

GAZTEA: Heldu besotik!

 

(johnek estropezu egiten du, belauniko, baina berriz jaiki da, kapela egokituz. Astiro-astiro doaz kanpora)

 

JOHN: Gora uztailaren laua!

GAZTEA: Gora uztailaren laua...

 

(biak kanpora irten dira. Poliki-poliki, tabernako argiak amatatu egin dira)