Jon gurea, Parisen hatzana
Karlos del Olmo
Jon gurea, Parisen hatzana
Karlos del Olmo
BBK , 1999
Jon gurea, Parisen hatzana
Karlos del Olmo
BBK , 1999
[aurkibidea]

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

Argiak pizten direnean, j. mirande baino ez dago eszenatokian.

 

JON MIRANDE:

            Armal, arma!, mundu oro judizio handira! Zeru eta lur ororen kreadore handiak munduiaren jujatzera rigoroski heldu dira; nola gauden aphaindurik batbederak begira. Egundano ezta izan, ez izanen jagoitik, judizio hain handirik eztare borthitzik; sortu eta sortzekoak, hilez gero pizturik, orok hara behar dute eskusatu gaberik. Anhitz gauza behar dira judizio handian: jujeek duten potestate parte ororen gainian, demandanteak erran dezan bere kausa egiaz, baiatere defendantak bere defensionia; porogatu dateniean nork dukeien zuzena, sentenziaz eman dezaten jujeek nori beria. Egun honetan jujeak dirateke mundu ororen jabiak, baitute ororen gainian potestate handiak, akusariak berak dirateke eta kontzientziak; bekhatu oro publikoki ageriko orduian. Jurista eta theologo, poeta eta doktoriak, prokurador, adbokatu, juje eta notariak? Ordu honetan ageriko klarki haien maliziak eta guti baliako kautela eta parleriak. Baldin erideiten bada gutan falta handia, are duzue handiago zuetan pietatia. Zuetarik giren, othoi, egiguzu grazia; zuen Ama Lur anderia dakigula balia. Gazteen Lurraldeko jainko-jainkosak izango ditut epaile judizio honetan! Zatozte etsai eta adiskide lekukotasun ematera! Zuen esatekoak oro bota, gertu nago-eta emango duzuen epai azkena onartzeko!

 

Eszenatokiko gauzak batetik bestera eramaten hasiko da. Ez omen dago oso konforme. Behin eta berriro aldatuko ditu gauzak, epaiketa gela edo moldatu arte. Modu ironiko eta samin batean jardungo du eta tarteta-marteka etsipenez.

 

JON MIRANDE:

            Bai, jar zaitezte zuen lekuetan jainko-jainkosak! Zatozte zuen lurraldeetatik, erpeetatik, zuloetatik, basoetatik... Gerta zaitezte zuen jarraitzaile zintzo honen gainean batekoek eta bestekoek zer esaten duten entzutera! Entzun eta epaia eman! Heriotz zigorra eman behar baduzue, ez izan errukirik! Prest nago mendi gailurren batean bizia zutik galtzeko! Bizitzekoa bada, beldurrik gabe esan, aurrera egingo dut, inoren aurrean belaunikatu gabe! Nehoiz ez dut autore harrokeriarik izan eta ez naiz haserretu zerbait argitaratu ez didatenean. Irakurleek nire poemak atsegin izan ez dituztenean, jasaten jakin dut! Emakumeen ukoak ere onartu ditut! Akademiko izateari berariaz egin diot uko jasaten ez nautenak ez higuintzearren! Idazlanak nik idatzi bezala argitaratzen nahi ez dizkidatenean, ez argitaratu nahiago dut, neke handia hartzen baitut edozein idazlan ontzen dudanean, batez ere poemetan; hitz bakoitza ongi pisatzen eta hautatzen dut, bai soinuaren aldetik, bai erranahiaren aldetik! Eguneroko bizitzan ere saiatu naiz beste horrenbeste egiten! Inor ez dut atzipetu! Ez nauzue nehoiz etoi izan, askotan alde bat utzi banaute ere! Nolanahi ere den, azken hitza neure nahi nuke, ahal delarik! Baina luzamenduak utzi eta has bitez salatariak beren alorra lantzen! Beste pekaturen bat erantsi beharko diote zerrenda luzeari, behin batean aldarrikatu bainuen galiztar, katalandar, breiztar, flamendar, frystar eta beste minoritate batzuek higikun terrorista eratu behar genuela eta handi-mandi zenbait garbitu laterri handi guztietan. Bai, terrorista zale ere ba omen naiz, baiki! Halere, ene mintzoa orain arte mortuan oihuz dagienarena izan da eta etorkizunean aldatuko ez balitz, hobe nuke behin eta betiko isiltzea.

            Eta nehork egin behar ez dezan, nihaurk zerrendatuko ditut ene hobenak: etorkiz xuberotarra naiz, baina Parisen sortu eta hazia; ia euskaldun berria nauzue eta etxetik nekien zuberoera apurra ontzen eta aberasten hasi nintzenetik, euskara bat bakarra aldarrikatu dut. Abertzalea sentitu arren, beste askok bezala, Frantziako Ministère de Finances delakoan lan egin dut. Poeta, bertsolari sentitzen nintzen arren, buro batean lan egin izan dut. Kristotarra izan nintzen garai batean, gero pagano bihurtuta horrelaxe diraut gaur arte. Bai, Eguberrietan putaz jantzi eta mozkortu naiz. Satan hautatu dut Aita maitetzat. Baina ni kristauak baino erlijiosoagoa naiz, haiek Jainko bat bakarrik adoratzen baitute, eta nik, berriz, neo-pagano eta politeista naizen aldetik, bat baino gehiago. Beraz...

            Ororen gainetik maite dut askatasuna. Gure herriaren askatasuna lortzeko, indarra erabili behar zela zabaldu dut lau haizetara. Hainbat hizkuntza ikasi ditut beste herri txiki batzuetara hurbiltzearren. Bai, aitor dut: idazlea naiz. Idazlanetan ez ditut ene bameko mamu eta irrikak ezkutatu. Ageri-agerian utzi ditut. Ez naiz horien gainean luzatuko, izkiriaturik daude eta. Bai, egia da, idazle madarikatu batzuen olerki eta ipuinak euskaratu ditut, euskaldunen batek bederen irakurriko zituelakoan. Idazterakoan egiazko kultur lanak idatzi nahi nituen, “baserritarrismo” madarikatua euskal idazkuntzatik betikoz kentzeko. Errudun, ezta?

            Bai, agian nahi baino pekatu gehiago agertzen ari dira. Filosofoetan Nietzsche oso maite nuen, bere pentsakizun batzuk neure-neure egin ditut. Bestalde, musikan Wagner eta bere moduko beste batzuk hautatu ditut. Naziak nazi agertu behar gauza orotan! Bai, egia borobila da: lagunak heil-ka agurtzen nituen! Eta? Naziekin ez bazen, behin edo esanda nago bestela Stalinekin lotu behar genuela! Euskaldun fededun horiek are irensten gaitzago lukete, egia esan! Apika, larriagotzat joko dute zenbaitzuek euskal ijitoen euskara ikertu eta poxi bat ikasi izana. Bai, mea culpa! Eta hori guztia arrazista omen naizen arren! Juduak akabatzearen aldeko leloak idatzi ditut. Ez dut damu! Bestalde, ezin uka dezaket, bizia berehala hasi zitzaidan urdekeria handia iruditzen eta, ondorioz, herioa gogoan maiz erabili dut. Suizidioa: giristinoei berariaz debekaturiko hobena. Suizidioaren gaineko gezurrik handiena zergatiko bakarra edo batzuen multzoa dagoelako uste ustela da! Ea zergatik egin zuen galderak badaezpadako erantzunak baino ez ditu izaten. Oso ezaguna da Sisiforen mitoa liburuko esaldia: “Filosofian benetako arazo larri bakarra da, suizidioa, alegia”. Batek bere burua hiltzen duenean badirudi ezen ingurukoak zikintzen dituela, lotsarizko lohi moduko bat botatzen diela eta ezin kentzeko moduan itsasten. Suizidioaren mamu doilorra exortzizatu behar! Filosofiak artean korapilo hori askatzeko gai izan ez bada, zer dela eta ausart daiteke apaiz ezdeus bat ezer esatera? Doala antzarrak ferratzera!

 

Kantari.

 

                        Euskal erria, bai Euskal erria

                        dugu benetan Jainkoaren erria.

                        Euskal errian negoanean ibilketan

                        Apaiz beltzak kua, kua, kua, eleizetan.

 

            Druidatzat jo izan dut ene burua, Druida zuria, halakoxe sentitzen nintzen eta, alta, gogai ilunek askotan mendean izan naute, zuritasunetik urrun. Euskal Herriko klerikalismoak narda ematen dit geroago eta gehiago! Euskaldunon sasi moralismo ustela! Euskal Herria Elizaren diktadura da eta galdua bai galdua horren kontra jazartzen dena! Apaizak, euskaldunak eta euskal abertzaleak izanik ere, euskal arraza irentzen dute. Elizaren semea bai, Elizaren jopu ez! Gainera, aspaldi honetan badirudi, zigor gisan edo, Andere Poesiak behin betiko utzi omen nauela eta ez aurrekoetan bezala tarte baterako! Akelarre deiren bat edo beste egin dut eta ez dizuet esango egin zirenentz; gorderen bat izan dezaket, ezta? Iparraldea maiteago dut hegoa baino eta bakoitzak zemahi uler dezala! Mahometarren profetaren hitzak neure egiteko prest izan naiz, edozein fedek euskaldunen kristautasunak baino gehiago balio duelakoan!

            Haragizko hobenak... nik nahi baino gutxiago eta batzuek onartu baino haboro! Lizuna naiz eletan! Zer egingo diot, bada? Maitasun kontuetan, aitor dut, aludun batekin baino gehiagorekin ibili naiz batera, baina ez dut ezer iraunkorrik ondu! Eskerrak askotan eskua lagun izan dudana... (Kanpaia jotzeko keinua egingo du) Gizartean? Ikusi: euskaldun gehienekin haserre, Ortzeko suak lankideak kiskal zitzala eskatu dut behin baino gehiagotan eta hori ere pekatu larria da, nahiz ezer ez den gertatu eta segur aski ni baino denbora luzeagoan biziko diren! Besterik ezer? A, bai, nolatan ahaztu? Burutik ez omen nago oso ondo! Alegia, eroa naiz! Asko dakite sasi mediku urde horiek nire baitan zer gertatzen den! Gaiztakeria defendatzen dut, bai: onak eta onek zikintzen baitigute lurtar bizi hau: hobe ezdeuseratuko bagenitu!

             Eta gainera, mozkorra: lagun hurko bati behin esan nion legez, edan-ertiari emanago izan naiz batzuetan ele-ertiari baino! Ezin uka! Ene idazlan batzuk koinakaren eraginpean idatzi ditut, ezin ezkutatu, baina, harrapa ezazue zein! Boladaka, arno edateari lotu natzaio, osokiago mozkortzen baitu. Ondorioz, asko lo egin eta gutxi idatzi! Alkohol merkean bilatu ohi dut kontsolamendua... Fidela izan natzaio, oro har, whiskyaren erlijioari. Bestelako lagungarrietara ere jo izan dut goi-arnasa lortzeko koinaka eta txanpaina aski ez zirenean, kif-a, adibidez, oin beltzekin ibilitako lagunei eskatuta... Gaixo ni! Gaixo? Pitoa! A, barkatu epaile jaun-andre ohoretsu horiek horrelakoetan galdu izana!

            Bestalde, parapsikologia ere ikertu dut, bai, eta gogoa inoiz edo behin piztu dit. Baina paganoa izanda, inor ez da harrituko, ezta? Ia umekeria dirudi beste hutsen aldean.

            Nire aurka purrustadaka jardun duten batzuek baino ahalegin handiagoa egin dut euskara batu eta landuaren alde, Euskadi handiago baten aldeko bidean. Alfer-alferrekoak ahalegin oro! Batuak euskalki guztietatik edan behar duela nioen! Kasandra bezala, beti ibili naiz lelo ilun berdinak ehuntzen, etengabe. Agian hori ere auzialdian gogoan izan beharrekoa da. Lagunak bilatu izan ditut tai gabe, idazle taldea, Euskal Pen Club-a osatu nahi... Baina oso zaila da denak askiestea eta Euskal Herriak bortizki erakutsi dit hala dela. Beraz, fite baztertu nuen denak pozik izateko irrika. Onartzen banaute, ondo, bestela, hor konpon! Orain, denon aurrean, gauzatxo bat aitortuko dut: etsipenak nik nahi baino maizago jotzen banau ere, euskal irakurleak bildu nahi nituen ene idazlanetarako! Gaixo bai gaixoa ni!

            Besterik? Tira, bai, Euskadi Handia, Waskoniako konfederazionea eratu gai izan dut, hiriburu Donostia hautatuta. Ulergaitza? Bai, baina, ene arerioetatik nork ez du nehoiz horrelakorik amestu? Eromena? Eldarnioa? Alkoholeria? Pitokeria galanta? Nire famili eta ezagunen aldetik isekak izan ditut, zenbaterainokoak eta Euskal Herri maitea bere kakan uzteko gogoak izaterainokoak. Indarrak eta diruak xahutu ditut: ez nehor eskandaliza, baina Euskadi eragozgarri izan dut ene bizibiderako. Hain maite nituen euskaldunak higuintzen hasten naizela irudi zait! Denak ez, jakina! Euskaldunek ezin anaikorkiago atotsi naute, baina gogoz eta izpirituz oso arrotz aurkitu ditut askotan. Horra hor beste akats bat: edozein gizartetan arrotz aurkitzen naiz. Nihilismoak jota nago eta hori bai pekatu handia! Elizaren aurka jazarri naiz eta izen ona galdu besterik ez dut egin! Asmokiderik ez dut bat ere izan!

            Emakumeak? Matxista zikin horietako bat naiz. Nire egoera hain da larria non horrelako pekatu astun batek ez duen askoz ere gehiago zamatuko! Bai, askotan aluduntzat baino ez ditut hartu, ene hazia isurtzeko tokitzat. Baina, esanak esan, nik Emakumea maite dut! Theresa, Yvette, arreba, ama, Ama Lur, jainkosak... Paganoa naiz eta bizia maite dut. Eta sexua ez ote da biziaren erakusgarririk bikainena? Hori ukatzen dutenak bele beltzak baino ez dira! Nihilista izan arren, irrika batzuek bizi-bizirik diraute ene baita mindu honetan, nahiz batzuetan, eta zuek, jainko-jainkosa paganoek, jakingo bide duzue ene ausardia lotsagabea barkatzen, pitoak berak ez nik nahi beste zutitu! Sorlanetan ere agorraldiz agorraldi nabilkizue gero eta maizago! Biziaren garratzak batzuk gizontzenago ditu; besteak, berriz, gorrotoz eta etsipenez betetzen: hala egin nau ni ere. Halaz ere, guztiak eta bi aurpegira diezazkidakete, alta, ez ditut nire maitasunak eta gorrotoak nehori bortxatu nahi, jakina. Horretan ez dut uste zigorrik ezarriko didazuenik!

            Eta gurasoena? Hori, izatekotan, aldekoa da! Bizi izan ziren artean, seme on izana nintzaien. Bi lan eta hartu behar izan nituen haien artatzeko! Ama hil zenean ia burua galtzeko puntuan jarri nintzen. Gero aita ere eri... Aldeko besteren bat ere esango dut: behin edo dirusaria eskaini didate ene euskal lanak direla eta. Ez nituen jaso nahi izan, ene bizi-zailtasunak problema pertsonala baitira; hainbat gaizto enetzat ez banaiz bestetzuk bezain ongi atera struggle for life garratz horretan... Baina euskal idazle guztiek beren laneginengatik dirusaria jasotzen duten arte, nik ez ere ez dut hartuko. Beharbada inozoegia naiz, askok ez bailuke, eta ez baitu, berdin egingo ordainez, baina... Diruzaletasuna beste edozein bizio bezain erdeinatzenago baitut! Eta guztiarekin ere, inoiz edo behin lagun hurkoren batek zorrak ordaindu dizkit liburudendetan, irabazten nituen apurrez ezin pagatuta nenbilen eta! Pekatua baino, lotsaria! Diru jainkoaren ateoa izan naiz luzaroan, nahita nahiez!

            Ergela izan naiz, eta halaxe diraut: amets ergelak etengabe ehuntzen zituen ehule ergel baino ergelagoa. Baina koldarra eta ergela gainontzeko euskaldun gehienen antzera, bai horixe! Haurkeria da ezinezkoarekin amets egitea, neuk ia beti egin bezala. Bai, horretan zuzen ibiliko zarete zigorra ezartzekotan. Ezin uka dezaket hartu dudan bidea damu izan dudala, baina beranduegi zen beste bat hartzeko!

            Egia esan, lepo eginda egongo dira denak ene pekatu anitzak entzunda. Bertan behera utzi beharko dut zerrendatzea. Baina... Hogeita hamar urte bete nituenerako gorrotoak bere menpekoa ninduen. Gero, uzta ontzen jardun dut, gorabeherak gorabehera. Azkenik, euskal erakundeei barre egiten nien, bai, Urdezkaritza eta abar esaten nien. Konforme! Labur aroz: ez naiz burges dirudun bat izan diletantegoan aritzeko, ez naiz politikari demokrata bat Euskadiren auzia nire gain hartzeko, ez naiz kristiarra egiazko euskaldun izateko, gainera ez dakit pilotan, ez dantzan ere, ez musean ere. Ministerioko lan aspergarria betetzen eta idazlanak paratzen baino ez dut jakin izan: nekez atera nitzakeen gurasoak aurrera ene beharra izan zutenean!

            Eta baten batek esan aurretik, nihaurk esango dut berriro: hizkuntza ez da oro, baizik gure etniaren ezaugarri soil bat (handiena, beharbada) eta etnia dugu salbatu behar oroz lehen. Odol garbiko euskaldunak! Ez, ez dut bat ere damu horrela pentsatzea! Iritziak ezkutatzera behartzen zaituen herrian ez nuke neholaz ere bizi nahiko! Macchiavel argiaren irakaspenak aldarrikatu ditut Frantzia eta Espainia garaitzeko! Mendiko otsoen endako gara: otsoak osk egiten du behar orduan. Osk egiten ez zuten otsoak gizonek hezi zituzten eta zakur bilakatu dira: euskaldunoi ere horixe gertatu zaigu, txakurtu egin gara! Bihotza mingartuegia daukat demokrata hitzontzien kontra, haiengandik goitzarren, pertsegimendu eta joko txar gehiegi jasan behar izan baititut. Urteak joan, urteak etorri, gorrotoa eta damua atzean utzi ditut eta ezin esanezko nazka batek bete nau, gauza eta gizon-emakume ororen aldera. Bizpahiru lagun adiskide egiazko kenduz gero... deuseza!

            Burua makaltzen hasi zait eta ez nuke hoben aipagaberik utzi nahi... Munduaren kontzepzio oso pesimista daukat. Hala ere, neskatxekiko haragizko hartu-emanek pesimismo hori ezaba dezakete, aurrera egiteko ausardia izanez gero. Nik ez dut gizon jokatu eta ondo damu dut txarto egina, bakarrik eta zaharturik ikusten dudalako ene burua! Beti izan naiz gogo urduri eta zalantzatia: zer egingo dugu, bada! Ero argi eta borobilaren ezaugarri guztiak ditut hornigai! Partidu ezin hobea... inorentzat ere ez! Nihilismoa gero eta osoagoa hazi zait barnean, belar txarraren antzera! Sinesmen guztiak galdu ditut eta zalantzak ditut oraingo honetan adiskidetasunaz ere! Ura, hala eta guztiagatik, bere bidetik doa, guk nahita nahiez! Eta guztiarekin ere, idealistatzat jotzen dut ene burua, bai, eta nonahi defendatzeko gertu nago!

            Oraingo honetan baitako guztiak askatu nahi ditut... Sexuarekiko grina bera ere makaldu zait nehoiz, baina indarberritzen zait neskatxa ttiki gozo-gozoen aurrean. Bai. Zertan ezkutatu? Beste harritxo bat ene kontrako balantzan! Nehor gutxik gogoan izan arren, lagun batekin Zuberoako kantu erotiko zenbait hartuta disko bat ateratzekotan ibili ginen, artean gaztaroaren indarrak osorik genituelarik. Bai, etsi egin behar dut: lizunegia, ustelegia naiz druida beltz katoliko horientzat! Theresaren gainean idatzi dudana ez dut odolaz idatzi, Nietzschek esan bezala, ene negarrez baizik... Benetan izan ez dudan haurtxoa dut, ene lumaren haurtxoa. Eta inongo aitak edo amak ez luke nahiko bere haurra baztertutik eta higuindurik ikusi! Paedophilia erotica ala guraso maitasun harroa? Ni ez naiz nor horren argitzeko!

            Eromenarena berriro ere? Tira, bai, nihaurk idatzi diet lagunei batzuetan daimonek harrapatzen nautela eta ezin askaturik ibiltzen ohi naizela! Dépresion nerveuse omen! Hain da mehea osasuna eta buru gaixotasuna banatzen dituen muga! Eskerrak sendagailuei! Ala ez? Eroaldiak berak erakargarriak dira oso! Eta eroaldi horietako baten ondoren, euskaraz gehiago ez idaztea deliberatu nuen! Bai, horra eskandalua! Horrela, behintzat, irakurle zenbait izango nituelakoan! Lingua del pane ala lingua del cuore? Elkartezinak dira beti? Idazleak ez du gerokoentzat idatzi behar, irakurleak nahi eta behar ditu bere garaian! Nik horrelakorik ez dudanez gero, zer egin behar dut? Frantsesez edo ingelesez baliteke irakurleren bat edo beste erdiestea. Kristau ez den batek ezin idatz badezake euskaraz, zer egin behar du? Ustearen kontra mintzatu? Gezurtia! Isilik egon? Ez litzateke idazlea izango!

            Urteak joan, urteak etorri mesfidatzenagotuz joan naiz, adiskide batzuekin izan ezik, konfidantza norbaitengan jarri izan dudanean, arima ordainez mila zatitan hautsita itzuli didate. Mina minaren gainean! Gogo makalaldi edo depresio larri horietako batek jota egon ez denak ezin jakin dezake nolako tortura den, horrenbesterainokoa non askok eta askok herioa baino ez dute irtenbide ikusten. Baina minbizia duenari inork ez badio errurik leporatzen, zergatik zapaltzen du gizarteak hainbeste eroa? Agian laster beste bat izango naiz Vicent van Gogh, Virginia Wolf, Jack London, Durero, Maiakovski eta beren burua hil duten artisten gudarostean, batek baino gehiagok artistatzat ez nauen arren. Egia erran, nihaurk ere ez dakit ba ote naizen ala ez!

            Epaile jaun-andreak, kito! Ez dut uste haboro dagoenik! Bai? Ipuin lizun, likits eta zikinak irakurri eta idatzi ditut gustura, benetan! Egia esan, lagunei igorritako gutunetan horrelako gaiak erabili ditut! Bai, gordina naiz mintzoan ere! Zergatik ezkutatu behar dut sexu irrika?, emakumeak ez ezik, haurren ederra ere maite dudala? Ez baita gutxi!

            Harroa edo egoskorra izateaz den bezainbatean, Euskaltzaindian vetoa jarri zidan apaiz beltz horietako batek, La Belle Affitte nazkagarri horrek, eta ondorioz, nik aurkeztu ez nuen kandidatura gibel hartu ez ezik, euskaltzain urgazlea izateari ere utzi nion. Ondo agerian jarri ditut euskaltzale eta abertzale omen direnen faltsukeria eta zabarkeria. Hori ez da, inondik inora, harrokeria, kontrakoa baino... Gure herriak salbatzailegai gehiegi eskuin, ezker eta erdian, eta halaz ere, gure etnia atzera baitoa gero eta gehiago! Salbatzaile asko, baina beren sokakoak lehenengo bide bihurgunean bazter utzita, jakina! Guztiotatik bazter bizi izan naiz, berdin arbuiatu ditut Enbatako demokristau progesistak eta burges ttipiak, etako sasi-terroristak edo Euskaltzaleen Biltzarreko bazkaltzaleak... Harroa? Baliteke... nork esan? Nik, beste askok ez bezala, sekula ez dut adiskidetasunaren eragozpentzat eduki gogaide ez izatea, bestela pentsatzea, irizkide ez izatea! Beti izan naiz lagunen lagun eta adiskideen adiskide... Harrotasun puntu bat izan dut beste gauza batean: arazoak izan ditudanean, ez dut inork jakiterik nahi izan. Nitaz arduratzen ez badira, zertan barreiatu ene problemak? Zainen eriek gaixotegi gogor ifernukora eraman izan nautenean, inor ez zait laguntzera agertu. Denak ez gara berdinak, alta! Behin, elkarlanean egindako liburu batengatiko saria ez nuen hartu nahi izan, behar handiagoa zuen beste batentzat utzi nuen eta. Halaz ere, barkatu baina neurekoia izan naiz gauza batean: liburuak erosteko tenorean. Liburu zaharrik edo berezirik aurkituz gero, niretzat erosten ditut, lagunei eskuratzeko aukerarik eman gabe, ez ote didaten kenduko. Egia esan, gero gogoz prestatzen dizkiet, baina, horra hor hobentxoa... Zer egingo dut, bada? Bapo zarete? Ase? Besterik behar? Naizen-naizenean agertu nauzue. Orain, hizpidea zuena da, jaun-andre salatzaile eta defendatzaileak!

 

Eszenatokira sartuko dira banaka denak eta borobil erdia osatuko.

 

APAIZA:

            Ezer baino lehen, nik ez diot epaimahai honi inolako eskumenik aitortzen, Jaungoikoa baitugu epaile bakar eta gorena. Hala ere, ene egiak azaltzen saiatuko naiz. Zu, seme galdu hori, ez zaitez ibil azken txikikeria horiek esanda beste pekatuen larria ezkutatzen! Eliza amaorde gaizto aurkeztu nahi duzu, elizako batzuek euskarari egin omen dizkioten kalteak zuri egindakotzat jota eta zure pentsamoldearen aurka esan ditugunak euskarari berari egindako erasoak balira bezala. Baina zu ez zara euskara eta euskara ez da zurea! Benetan uste duzu apaiz eta lekaime guztiak agure-atso aldra inozo hutsa garela? Benetan? Zuk eta zutarrek apaizen jakinduriaren erdia ere bazenute! Euskara hizkera santutzat izan dugu elizako askok, baina hori gutxiegi da zuretzat!

PENTSALARIA:

            Txanda gordetzearren, neuk ere jardungo dut salatari, misogino handiuste honek euskararen, euskaldunen eta euskal literaturaren salbatzaile eta aitzindaria izan nahi omen duelako. Bai eta zera ere! Hitler bera epel uzteko moduko nazi hutsa! Druida gora, druida behera! Ustelkeriak! Nolako Euskadi amesten du? Pentsamolde norabide bakarrekoa du idazle delako honek: paganismo antikristau gordina. Horixe da guztia! Zeren nazi porrokatu agertu arren, adorea falta izan baitu ekintzetara igarotzeko! Ahobero galanta, ene ustez! Ustel usaina dario pentsaera horri! Demokrazia gizon honentzat zaldunen berezko goi maila mugatzeko bidea da, herri ahul odol zikinak asmaturiko trikimailua! Natura bera aristokratzat du! Halere, halere... nolatan aldarrika dezake plebeio honek, funtzionario hits eta ezdeus honek noblezia, bera ere askazi zikin batekoa izanda? Horretan maisu Adolf-en antzera jokatzen du. Txakur txiki biren ideologia, ideologia bada!

LAGUNA:

            Zer dio apaiz kuku beltz horrek? Espainian frankisten besotik ibili zarete-eta Euskal Herria eta euskara bera hondatzen? Euskaraz lan egitea, Jonen sexu gordinkeria aitzakia huts erabili duzuenez gero, txerrenaren alde lan egitea izan da zuetariko askorentzat. Eliza Ama amaorde? Bestela egin ote daiteke, ala? Zein amak ez du are maitasun handiagorik erabiltzen seme galdua berreskuratzeko? Zuek, ez!

            Eta sasi ikerle sasi abertzale txepel honek zer dio? Zer dio, bere sokako askok euskara bera bazter uzteko prest badaude iraultzaren eta sozialismoaren izenean? Dena herriarentzat, dena euskarentzat, baina herririk eta euskararik gabe! Hona hemen ezker liberalismoaren erakusgarri bikaina: pentsaerak ere jasaten ez baditu, zelan aldarrika dezake denon berdintasuna?

APAIZA:

            Zer dela eta horrelako gogor erabiltzea Eliza? Azkeneko urteotan berak atera du euskara aurrera hegoaldean zein iparraldean. Euskaldunak fededun dira eta entzungor egiten diete zure buru zirin horri! Baina hor euskarak ez du errurik batere! Mezua bera da barneratzen zaila! Edo zer uste duzu? Gazteleraz edo frantsesez emanda gordinkeria horiek arrakasta izango luketela? Apurren bat bai, agian, endekatuak eta ustelak nonahi direlako, baina zinez diotsut zure hitzak berdin galduko liratekeela lau haizeek eroanda! Eskerrak azkenean euskaltzaina izan ez zarena!

JON MIRANDE:

            Nihaurk egin diot uko euskaltzain izateari! Inork ez nau bota, sartu ez naizenez geroztik!

THERESA:

            Andere Poesiak ukitu eta musukatu badu bere seme kutun hau, nolatan ausartzen zarete horrela epaitzen? Arteak eta ideologiak ez dute zertan elkarrekin joanik... Gizona zigortu eta baztertu dezakezue, baina... zein esku duzue artista kondenatzeko? Madarikatuak zuek madarikatuak!

PENTSALARIA:

            Artea ideologia da eta ideologia arte. Eta idazle honen artea bere ideologia bezain badaezpadakoa da, deus izatekotan! Bizia emateko gertu omen dago hainbat askoren alde! Bai, benetan? Erakutsi bai! Euskal Herrian beste batzuek beren bizia eskaini dute... Zuk, zer egin duzu zuk? Ni ez nauzu psikiatra, baina denak norberaren aurka daudela sinestea gaixotasuna da, eta izen jakina dauka: paranoia! Nik nonbait aurkitu behar banu zure ideologiaren zergatikoa, buru gaixotasunean aurkituko nuke, beste inon baino areago!

APAIZA:

            Beste idazle batzuen lanak kritikatu eta balio gutxikotzat jo dituzu. Konforme! Baina, nork bereganatu ditu irakurleak? Gutxiegi ote dira euskaldunon burmuinak, zure idazkiak ulertzen ez dituztenetik? Ai, harrokeria galanta! Hobena hobenaren gainean, horra hor zure gauza guztien hasiera eta amaiera! Zeure burua baztertu duzu amagandik, Elizak ez baitzintuzke inoiz botako! Baina zein amak jasango lioke semeari beti txarto esaka jardutea haren gainean? Nola hartuko magalean biolentzia eta gudu-zalduntza aldarrikatzen dituena?

JON MIRANDE:

            Euskaldunak? Jan ondo, edan hobeto: horra euskotar eta abertzale hotsezko gehienen jarduna, apaiz eta lekaimeak buru direla! Pentsalari batzuen gainean beste horrenbeste esan liteke, elkarri mokoka baitabiltza zeinek leku hoberik lortuko boterearen itzalean sabela berdintzeko!

PENTSALARI ABERTZALEA:

            Tira, nork eta zuk zozoari ipurbeltz! Bai, biolentzia aldarrikatu, bai! Baina norena? Jaunena, arrazarena! Herri xeheak ezin baitu erabili! Nor mintzo da zure alde? Lagunik hurkoenak ere ez dira ausartzen zure adiskide agertzen, zer gerta ere! Zugan dena negatiboa edo zalantzagarria da! Zure pentsaera erakargarria da gaitza erakargarri duenarentzat, zure moduko beste endekatu batzuentzat, zeren, horra hor zure miseriarik handiena, endekatuak baztertzen ibili eta azkenean zu zeu haietariko bat bilakatu! Ederra, gero!

JON MIRANDE:

            Ikusi nahi ez duenak ez bekus! Bekatua eta perbertsioa baino ikusten ez dituenak haragikeria baino ez du edirengo! Naziak baino ikusten ez dituenak, nonahi ideologia arbuiagarriak! Nazka nazkaren gainean! Adorea behar da nazi agertzeko oldarrak marxismoa baino ikusten ez duenean begi onez! Balorea bakardadea onartzeko!

LAGUNA:

            Mando Herri honetan ez dago zer eginik, zinez! Non ikusi da, gurean izan ezik, idazleei tupustarriak ezartzen? Non agintzen zaio idazleari zertaz idatzi? Non eragozten dira itzulpenak? Batzuek, honetan beste gauza askotan bezala, geure jatorrizko hertsikeria galgarria besterik ez dugu erakusten. Ez etsi, beraz, laguna! Zuk behin esan bezala, gure herrietako agintari, apaiz, mediku eta gizon landuek, erdal jario ahalkegarriek eraman dute euskara egungo egoera tamalgarrira! Horixe da egia berdaderoa eta ez besterik! Bat egiten dute batekoek zein bestekoek langintza horretan! Neke da basamortuko pizti zakarren artean lanean ekitea! Ez ordea abaildu! Ekin diezaiogun, laguna, pizti basatiak hezi arte. Geroa beti gogoarena, jakintzarena da! Bitartean, itzalpean iraun behar badugu, iraun egingo dugu! Ez dugu amorerik emango, ezta hurrik eman ere!

APAIZA:

            Tira, tira! Ez dakit noren hobena den larriagoa! Pagano errukarri honena edo josulaguna izandako baten ihardespen batzuk! Idazle esaten diozun gizajo hori inmoralista hutsa da, moralaren gainetik ezarri nahi du-eta bere burua! Zer lekarke horrek denok berdin jokatuko bagenu? Zilegi litzateke agure lizunak umetxo gurenekin haragizko pekaturik okazgarrienetan jardutea? Eta jokabide lotsarizko horiek euskaraz lau haizetara zabaldu nahi izatea? Halako jainko aizun batzuen izenean, defendatu nahi omen den herria zapaltzea? Irakaspen ederrak inon ederrik izatekotan!

PENTSALARIA:

            Ni ez naute horrenbeste kezkatzen apaiz hau larritzen duten arazoek! Arrazismoak bai! Nazismoak bai! Larrutan egiteari dagokionez, bat ere banentorke gizon honekin! Baina, edonondik begiratuta ere, zelako Euskal Herria aldarrikatzen du? Euskaldun-euskalduna bai! Baina, nazia? Bere nagusiak, Hilterrek berak, onartuko al luke Euskal Herri euskaldun bat? Ez dut uste, benetan! Harrituta nauka, halere, faxista eta nazi honek lagun eta senideei erakusten dizkien begiruneak eta maitasunak, idazlan batzuetan agertzen duen amoltsutasunak. Kontraesanguratsua da bere burua baztertutakotzat agertzea eta ostean erabateko bazterketa eta zapalkuntza aldarrika ibiltzea.

PSIKIATRA:

            Barkatu, baina gizon honengan ez dago harrigarririk! Ez, behintzat, buru gaixotasunak egunero ikusten ditugunontzat. Depresioak jota egon da eta, bestalde, bestelako sintoma batzuk ditu, artista gehienen antzera. Badakigu oso ona dela ikasteko, hainbat hizkuntza ederto ikasi ditu eta. Normalean horrelako nortasunak ondo egokitzen dira errealitatean, halako alor jakin batean eldarnioak errealitate horien balioak aldarazten dituen arte. Eldarnio horiek behin eta berriro agertzen dira. Ni ez naiz nor bere sexu joerez hitz egiteko, morala, zorionez, ez dut eta lan alorra. Ez duzue ahaztu behar edale porrokatua izan ohi dela boladaka. Gaixo batzuk oso haserrekor izaten dira beren ideiak eta ikuspegiak hizpide erabiliz gero. Bestalde, nortasun paranoideek honelako ezaugarriak izan ditzakete: harrokeria, fidagaiztasuna, buru zurruntasuna, urguilua, egozentrismoa, handigura, hipersentsibilitatea, besteren kritika onartu ezina, bere buruari kritikarik ez egitea, minbera, handiuste, ironiko, epel eta mozorroa izatea, errua sentitzeko ezina... Ezagunak, ezta? Nolanahi ere den, nik ezin dut artista epaitu, ezta gaixoa ere! Nik gizakiari lagundu behar diot! Eta gizakia denez gero, bere ahulezien jatorria ezagututa, eskuzabal jokatu behar dut berarekin!

            xiv. mendean “melancholia” esaten zioten depresioari. Eta egungo berba bera baino zehatzagoa da gaixotasunaren aldirik ilunenak adierazteko. Gaixotasuna gainditzen jakin duten batzuek depresioa gogoaren ekaitz bortitza dela diote. Ia ezari-ezarian nagusituz doa gaixoaren gogoaz. Bet-betan, izpiritua lurrera joaten zaie eta aurri bihurtzen. Eta beren burua hiltzen dutenean, ez da erantzun bakarra izaten. Nekez jardungo dute senide-lagunek iturburu horren xerka.

THERESA:

            Hitz hutsak, azala baino ez! Horixe baino ez dantzut! Artista, pentsalaria eta gizakia bat dira, banaezinak. Ezin duzue atal bakarra onartu besteen kaltetan! Osagai bat kondenatzerakoan, Jon ari zarete osorik zigortzen! Baina... nori egin dio kalte? Nor akabatu du berak? Hitzak, poemak, ipuinak armak ote dira? Esan, bada? Armak ote dira? Ai errukarria poetak baztertzen dituen gizartea! Jonek esan eta idatzi guztietan, ez duzue nabaritzen bakardadea gainditu eta edertasuna aurkitu nahia? Horrelako itsuak zarete denak? Poesiaren eta maitasunaren jainko-jainkosei eskatzen diet mesedez justizia egiteko eta beren seme zapaldu eta gaitzetsia zain dezatela! Seme honen negarrek ito bezate uholde nagusi berri batean euskaldunon jokabide maltzur eta uzkurra! Bera isilaraziko duzue, baliteke, bai! Baina bigarren bat ere etorriko da. Eta hirugarren bat bigarren horren ondoren! Eta zer egingo duzue, orduan? Jonen haziak landare berriak emango ditu euskal soro guztietan! Den-denak botako dituzue sutara? Honek, ezer baino gehiago, isilpeko gurutzada dirudi, benetan! Euskal Herria basamortuen arteko basamortu bihurtuko duzue. Herri guztiak hondakin huts izango dira, aurri hutsa. Euskararen ibaietatik errugabe baten odola isuriko da. Euskara ez da aurrerantzean hobengabea! Geldi ezazue eraso bortitz hau, gauza eder guztien izenean! Aurrerantzean inork ezingo du ezer esan kopetan zuen ezaugarria ez badarama! Entzun zer diotsuedan: harresi ikaragarria jasoko dugu zuen indarrak guganaino hel ez daitezen eta gure babesa eskatu duten guztiak zaintzeko! Hemendik aurrera, zuen eta gure mundua elkar ezinak izango dira! Zuen bi fedeak Piztiaren izena! Gurutzada berria, Inkisizioa!

APAIZA ETA PENTSALARIA:

            Gurutzada? Inkisizioa? Ederra bota duzu, inozo bai inozoak! Betiko argudio hutsalak!

PENTSALARIA:

            Zergatik zara kexu, Theresa! Azken buruan, berak hainbeste aldarrikaturikoa eta eskaturikoa baino ez da jasotzen ari! Zutik hil nahi zuen, arma eskuan zuela! Zertan datoz negarrak? Hori ote da heroi modua? Serioak izan gaitezen! Zure maiteak amets egiten duen Euskadi hori eta gurea eguna eta gauaren parekoak dira: egunsentian eta ilunabarrean baino ez dute elkarren antza! Ez pentsa, zeren, guztiarekin ere, zure Jon bihotzeko hau baztertzen duten jeltzale batzuk guztiz prest dauden bere arraza odolez garbia gogo onez onartzeko. Alta, agerian ezin esan! Nik, bestalde, hainbesteko gorrotoa pizten dion “komunista” endekatu horietako bat baino ez naiz, paria, horietako ukiezin zikin bat!

JON MIRANDE:

            Fundamentalismoa nonahi! Horixe besterik ez dabil egunotan! Zuek ez zarete nor ni salatzeko! Erruduna al naiz bame joera batek egin ditudanak egitera eroan banau? Alkohola erabili badut ene gogoari laguntzeko ohiko egoeran erdiesterik ez dituen irudiak lortzen? Beti sentitu izan dut ondoan, ene barruko itzalpetan zerbait izugarri zegokidala zelatan, ezkutaturik, nitaz jabetzeko prest. Alkoholak inoizka lagundu dit hori dena sorgortzen, izaki beldurgarri horri bidea eteten eta eragozten! Pixkanaka mundua aldatzen hasten zait: gaueko itzalek ilunago dirudite, goizek motelago, ibiltzeak ez nau erakartzen, betbetan larridurak jotzen nau. Horrelakoetan babesik gabe, biluzik geratzen naiz neure baitako galtzagorrien menpeko!

LAGUNA:

            -Nor bere neurriko on-antzeko maindire itsupean ezkutatzen da, Jon, ezberdintasuna ez onartzearren! Beren gustuko lanik egiten ez dutenei lotsagalduka eta jakinkizunetan ahulka darabiltza. Gordinkeria edo faxismoa baino ez dute ahotan batekoek zein bestekoek. Guk geure bidetik jarraitu behar dugu, flakeziarik gabe! Euskarak gatza behar du, oso geza da eta! Baina Peio kirtenek kirtenkeriak bota behar tai gabe! Geuk, behintzat, argiro aldarrikatu dugu: euskararen osasuna, euskararen ondasuna. Batzuek, aldiz, euskara ahul eta dena-beharrekoa gurago dute gai gordinei ez ekitearren!

PENTSALARIA:

            Ez zaitez laguntasunaren izenean bazterrak nahasten hasi! Apaiz horrek kritikatzen badu, berak jakingo du zergatik! Nik hauxe baino ez diot: Jon Mirande jaun naziaren ikuspegia ez dela baliagarria Euskal Herrirako, ez duela bere herria askatuko, zama astunegia dela herri honen ibilbidean! Enparauak hutsalak dira niretzat! Nazismoa eta arrazismoa bestelako kontuak dira, benetan!

LAGUNA:

            Okazterainoko nazka eginda nago arrazismoaren kontu hori dela bitarte! Manikeismo hutsa darie zure hitzei! Kontua ez da Jonek zer predikatzen duen, euskaldun batek nazia eta arrazista dela aitortzea baino. Zelan, bada, euskaldun batek horrelako gauzak esan? Hori esan liteke! Bai, bada, lagun: euskaldunak gordinak dira, lizunak dira, eta naziak, eta arrazistak... Gehienek ez dute aitortzen baina, zer deritzete euskaldunek ijitoei, beltzei... Zer agotei? Zer deritzezue gorriek horrelako idazle “eskuindarrei”? Zer-nolako maitasuna erakusten dio apaiz horrek seme galdu honi! Utikan, arren, utikan!

APAIZA:

            Zeinen erraza den erabateko askatasuna aldarrikatzea, inongo moral araurik ez ezartzea eta gero emaitzen ardurarik ez hartzea! Edo gurago duzue batzuek hainbeste miresten dituzuen frantses sinesgabe horien antzera euskal gazteak beren burua hiltzen hastea, lehengo ekandu on guztiak atzenduta? Ez, ez, mila bider ez! Euskaltzaindiak eta euskal gizarteak ateak itxi behar dizkizuete zuen esan batzuen ale izpirik ere sar ez dadin!

JON MIRANDE:

            Apika druida beltz jauna pozago legoke inkisizio berri bati ekinda, ezta? lago deuna eta Euskadi babes! Eliza ama emagaldua eta Erreputapublika bat eginik! Nork esango! Hori bai lizunkeria!

PENTSALARIA:

            Erreputapublika bai, baina, non bestela lau haizetara zabaldu hire kritika ustelak? Ustelkeria kritikatzeko, ustelkeria handiagoa aldarrikatu du honek gizon honek! Zer eskaintzen digu? Kristautasunaren ordez, paganismoa; kristau demokraziaren partez, borroka armatua eta zapalkuntza; ezkontzaren truke sexu harreman “arriskutsuak”; berdintasunaren ordainez zaldun kasta garbia...

JON MIRANDE:

            Ni ez nauzue neholaz ere tronpatuko! Ondo entzun: zuek ez nauzue ni gaitzesten, zuen beldurrak, zuen mamuak baino, aitortzen ausartzen ez zareten irrika horiek! Itzalpean eta giltzapean gordetzen dituzuen gurari ezkutuak! Horiexen nor bilakatu nauzue! Ontsa da, ni paretik kenduko nauzue, ez nauzue oztoparri izango, baina, zinez uste duzue horrela zuen baitako joerak aienatuko direla? Zuen sinesmen guztiak zalantzan jarri ditut, baina ez nauzue kanpoko etsai erdaldun amorratu horietako bat, zuen odol bereko euskaldun jator eta garbi bat, hizkuntza saindu eta garbi honetaz baliatzen naizen bat baizik! Eta horixe duzue ezin maseatzekoa! Nik erronka egin dizuet, deusezaren amildegiaren aurrean jarri zaituztet! Baina atzera egin duzue! Ez zarete ausartzen lehengo sinesmen eta moral arauak gibel utzirik Euskal Herri berria eraikitzen hastera! Hobe lehengo eta betiko ekandu zaharkitu eta ustelduei eustea, hobe gorpu kiratsuari heltzea, maitasun berriari aurpegi ematea baino! Herri honen arima garbitu eta garai berrirantz abiatzea, gogotsu! Benetan deritzozue herri eta hizkuntza hau nik baino gehiago maite duzuela? Bazenekite zer den erraietan nik pairatu dudana izatea! Baina ez, bertan goxo bizitzea hautatu duzue! Ia erabateko bakardadean bizitzea zer den sentitu bazenute behintzat! Bazenekite zer den sentitzea gogoa eta gorputza banatzen zaizkizula eta zein bere bidetik doala sentitzea! Bazenekite zer den gaixorik zaudela sentitzea eta halaber onartzeari uko egitea, nolako bame urradurak jotzen zaituen goitik behera!

LAGUNA:

            Berrizale eta zahartzaleen artean, batzuk eskizofreniadun, setati agertzen gara, egindako lan eta hartutako neke guztiak hutsaren hurrengo! Euskara hondatzen ez dugunean, Euskal Herria bera izorratzen dugu! Hau marka! Zokoratuta, izurritea bagina legez!

THERESA:

            Ulertu nahi ez duenak nekez ulertuko du! Minaren eremu mortuetan sekulan izan ez denak ezin Gazteen Lurraldea amestu! Iluntasunaren malkoak isuri ez dituen hori nola ausart daiteke zer esaten? Tristurak pozarekin bat egiten duen muga estutik ingurutxoa egin ez duenak zer aurpegira diezaioke geografia hori baino ezagutzen ez duenari? Dotorezia eskatu behar diozue prakak urratuta eta zarpail eginda dauzkan dena beharrekoari? Ez, bada! Zuen miseriak larru gorririk aurkeztu! Zareten-zaretenean agertu! Baina ez, hobe zuen lotsariak erakusten ez badituzue! Lehenago penitentzia egizue eta gero zatozte! Poesiarekin berriketan egin ezazue eta gero etorri!

PSIKIATRA:

            Nik esango nuke buru gaixotasunen ibilbidetik abiatuz gero, nekez atera daitekeela handik. Oso arrunta da gaixoak sendabideari uko egitea edo gaixorik dagoela ez onartzea. Bestela, larriagoa da-eta, menpekotasun harreman bati atxikiko dio medikuarekiko eta eritetxearekiko. Nolanahi ere den, sorgin ingurutxo batean bezala, gizarteak ez badauka gaixotasunaren berri, egoera larriago dezake. Baina, jakinaren gainean egonez gero, azkenean baztertu egingo du, “eroak” ulergaitzak dira eta, aztien parekoak. Gizartea eromenaren beldur da, nahiz eta zientziak berak ez dakien zer den zoramena. Bestalde, gizarte jokabide batzuek, alkoholak barne, gaixo batzuen egoera kolokan jar dezake. Baina, oro har, buru gaixotasuna ez da ikusten, ez da zauri ikusgarri bat, ezin da ukitu, nahiz eta gaixoaren arima odoletan egon, nahiz eta min pairaezinak izan, nahiz eta ingurukoek gaixotasunaren ondorioak argiro jaso. Jonez den bezainbatean, eta ez dut esango jendaurrean zein den diagnosia, hemengo guztiek ondo gogoan izan behar duzue pertsona bakartia dela, gurasoak hil zaizkio eta bakarrik bizi da, bulegoan ez dago pozik, idazle gisa ez du lortu behar beste oihartzun eta osperik, politika alorrean euskaldun askok gaitzetsi dute, gehiegi edaten du, sexu joera...

JON MIRANDE:

            Isilduko ote da ezjakin hanpatu hau? Ni ez nago zu baino gaixoago, aizu! Bakardadea? Neuk aukeratua. Alkohola? Bizi indarra. Bulegoa? Berariaz ene gain hartu nuen zigorra. Ospea? Ospeagatik idazten duen idazlea gezurti hutsa da. Sexu joeraz den bezainbatean, lehenik eta behin ez naiz hemen hasiko larrutan norekin, noiz eta nola egiten dudan esaten, inor ez aspertzeagatik, batez ere eta, bestalde, ohekideek beren izenak gordean izateko eskubidea dutelako. Gainontzeko irrikak? Ene baitako gurari eta grinak argitara atera ditut: gai ote zarete zuek berdin jokatzeko? Zergatik ez ditu apaiz honek bere haragiaren miseriak erakusten aitortzera doazen emakume eta gaztetxoei zirrika aritu beharrean? Eta pentsalari hotz honek? Horretan zuek baino gorago nago! Nire pentsamoldeei traizio ez egitearren, miseriarik gorrienean bizi naiz, prakak urratzen zaizkidala. Eta zuek, jan txakur horiek? Aspaldi-aspaldian esan nuen hobe zela intzirika ibili baino, norberak bere uste eta kontzepzioen kritika egiati bat egin leza. Bere horretan eusten diot!

APAIZA:

            Lelokeriak! Eta zelan ausartzen zara nire gainean horrelako baiespenak egiten? Denak ez gara haragikeriaren jopuak! Guztiak ez gaude, zure antzera, buruan sexua baino ez dugula! Euskara zikinaren bitartez zikinkeriak baino ezin dituzu zabaldu! Zeinen erraza den apaiz guztiak zaku berean sartzea, ardi guztiak berdinak balira legez. Apaiz guztiak ez gara euskararen etxekalteak, apaiz guztiek ez dihardugu Francoren alde. Baina hortik iluminatu honen ideiei Euskaltzaindian aterbe ematera tarte luzea dago! Euskal Herriaren izenean Euskal Herria deserritu! Zuzen eta artez aitortu du, inork behartu gabe! Folklorekeria baino ez dugu egiten: zer eskaintzen duzu, ordainez, paidofilia, jazza, arrazismoa...? Jazza, horra hor: arrazista bat beltzen musikarekin zaletu. Erruki dizut, benetan, gajo halakoa! Kontraesanez kontraesan zoaz, noraezean! Dakusakedanez, askotxo lagundu dizute zure jainko-jainkosa aizun horiek. Iparra galduta zabiltza! Zoaz, zoaz Gazteen Lurralde ametsezko horretara eta amesgaiztoaren erdi-erdian itzartzen zarenean, orduan itzul zaitez hainbeste deitoratzen duzun Eliza amaren altzora!

PENTSALARIA:

            Gogora etorri zaizkit zalduntzaren gaineko kontu horiek guztiak. Oraindik ere eusten diozu Arturo Erregearen zaldunen antzeko euskal heraldikako blasoidunen zalduntza eratzeari? Banago ez ote duzun harako zaldun espainiar ero horren antzera, zalduntza eleberri gehiegi irentsi eta txarto egosi erraietan! Ala, menturaz, aitorren seme erreka jo eta pobretu horietako bat dela uste du zoro garbi honek? Zuberoako etxe odolgarbi horietako bat haiz hi? O, barka bezate epai jaun-andreek, ez dut-eta konfidantzazko tratamendu hori berriro baliatuko hemen. Zaldun izan nahi duzu eta bidea itxita aurkitu duzu, Jon? Gauzak horrela, gauza bat esango dut zure alde: aukera izanda jelkideen ondoan nahi beste ondasun eskuratzeko, euskal kixotearen bideari ekin zeniola, bere antzera eromenaren haize erroten aurka borrokatzeko. Borroka alferra, baina! Tira, zu bestela ikusten hasi naiz! Horrek, guztiarekin ere, ez ditu zure esan batzuk zuritzen, ezta hurrik eman ere! Poeta zaren aldetik, gauza batzuk barkagarri zaizkizu. Politikaz diharduzunean, arbuiatzeko modukoa zara.

APAIZA:

            Horixe baino ez genuke behar! Orain marxista sasi pentsalari hau ardi galduaren alde! Ene, ene! Euskal kixotea entzun dut? Euskal arlotea esan behar, nik uste! Edozein Peio Kaikuk artezago iritzi emango luke Euskal Herriaz honako idazle buru nahastu honek baino! Nik neuk Euskal Herria eta euskara ditut maite, baina oroz gain Jaungoikoa maite dut eta bere izenean herria eta hizkuntza ukatu behar banitu, ez nintzateke ezbai izango inondik inora! Ustea dut Jon honek inongoa eta inoizkoa ez den Euskal Herria eta euskara bihurtu dituela jainko-jainkosa bere sasi idolo horien ondoan jartzeko!

THERESA:

            Jonek jainko bakarra izan du: halako ikaragarrizko maitasun bat! Eta noiz edo noiz hutsik egin badu, maitasun horrek eraginda izan da, idazlanik onenak, orobat, maitasun horren seme-alabak ere direnez gero! Andere Poesiak bere hego arinez ukitu du maitasun hori hitz eder bihurtzeko, nahiz eta askok edertasun hori ezin ikusia izan, buru elbarri bezain bihotz gogor baitira. Haurrak laket dituela aitortzen duena garbiagoa da joera hori pot eta laztan herabe eta hipokrita atzean irrika ezkutatzen duena baino!

PENTSALARIA:

            Horrela irautekotan, laster aingeruen sexuaren gainean hasiko gara berriketan, hitz jokoa barkatzen badidazue! Ez dut uste epaiketa honetara deitu digutenik maitasuna gora eta maitasuna bera jarduteko! Autu-mautu astunagoak ditugu ebazkizun!

JON MIRANDE:

            Zeharo nazkatuta naute zuen joan-etorri horiek, zinez! Harako errota astoaren antzera gabiltza, nor bere buztanari jarraiki, eta buztana diodanean ez dezala druida beltz honek ez dagoenik ikus! Gure herria maite ukan arren, hala ere maitasun horrek itsutu behar ez gaitu, batzuk bere jaungoikoarekin itsutu diren bezala! Euskaldunak behinola protestante bihurtu izan balira, Euskal Herria bera salbu zegokeen. Baina druida beltz katolikoen menpean geratu behar! Ondorioz, zuen Euskal Herriko alabak frantses eta espainiar endekatuen etxean neskame, euskal semeak atzerriko armadetan, adimenik bizkorrenak apaiztegietan alferrik galdurik, herriari onurarik ez dakarkiotela. Hala ere, horiek denak kontu zaharrak dira! Oroz gain, gauza guztien gainetik, entzun ondo, gizakia dago, gizakiaren nahi eta miseriak ere, zergatik uka!

APAIZA:

            Horrenbeste blasfemia entzunda ez daukat hemen geratzerik! Alde egingo dut! Kito!

PENTSALARIA:

            Egon, gizon! Egon! Laster amaituko da dena, zinez!

APAIZA:

            Lurrean bizi izateko eta zerua irabazteko euskara bide ona da garbia den bitartean. Ez daukat esateko lotsarik edo beldurrik: euskara zikin eta txarra aldi honetatik bertatik lagako nuke, amaren ugatzeko esneaz edoski nuen arren, salbaziorako bidea etengo balit!

PENTSALARIA:

            Tira, tira, ez zara, bada, dotrina erakusten hasiko! Argiro dago gizon hau ez dela zuen sokakoa, nahiz eta nik azken orduko konbertituen sua eta garra nabaritzen dizkiodan! Franco txikitxo horren diktadura ezagutu ez duenez gero, bi estatuak parekidetu ditzake. Baina gauzak ez dira inondik inora horrela jazotzen! Frantziako bulegoan euskara erabiltzea galazo. Konforme, baina, Francoren Espainian baserrian ere ez dago euskara erabiltzerik. Eta zure idatziek Espainian ez lukete inondik inora argirik ezagutuko! Areago: Frantzian libro bizi zara, Espainian bazeunde, espetxerako zintuzkete euskaldun fededun eta gorri horietako batzuen ondoan! Tira, Hitler berritsu erdi-zoro hori!

JON MIRANDE:

            Libro diozu? Gure nazioa Frantzian ere zapalduta dago!

PENTSALARIA:

            Baina nork galarazten dizu euskaraz idaztea edo zure pentsakizunak lau haizetara zabaltzea? Inork ere ez! Bestalde, LePen jaunaren ondoan ibilita, seguru zaude!

JON MIRANDE:

            Zeinen erraza beti gauzen azalean geratzea! Inoiz ere ez sakontzea! Gure etsaiak nortzuk diren ez badakizue, gureak egin du! Euskaldunek ez dugu ezer lortuko herri handietatik, nahiz eta “demokraziak” izan! Beste herri txikiak hartu behar genituzke bidaide handiki guztiak txikitzeko. Eta beste horrenbeste egin zuen ideologia eta fede zaharkitu handi horiekin! Nazien aldeko agertu naizela ezin ukatu. Nik, irlandarren antzera, hauxe baino ez diot “England’s difficulty, Ireland’s oportunity”, alegia, zilegi dugu zangopetzen gaituzten bi estatuen aurka diharduen edonorekin elkartzea. Gordinegia? Eliztarrek historian berdintsu jokatu duzue! Eta zer esan gorrien gainean? Nik zuen gisara jokatzen dut, besterik gabe! Batekoek kontserbadoretzat naute, bestekoek aurrerazaleegitzat! Baina nerau beti bat eta bera! Nik ez dut Euskal Herria herrien Europako ugarte bihurtu nahi, europar on izatea baitugu eskubidetzat! Euskaldunak eta europarrak, izate horrek leporatzen dizkigun eskubide eta eginbide guztien jabe!

PENTSALARIA:

            Zure aburu horiek poesia moduan gorenekoak ez badira, ideologia gisa antzarraren gauerdiko eztularen pareko dira! Ez nekike esaten kixote berria, Arturo berpiztua, Aitorren beraren izpiritua edo bigarren Errolan bat eginda zauden! Ez duzu inoiz lurrik zapaldu behar, ala? Beste kontutxo bat aitortuko dizut: berezi eta bakarra zara euskaldunen artean, bai horixe! Inon lagun sailkatzen sailik izatekotan, zeu eredu!

APAIZA:

            Lelokeria lelokeriaren gainean! Dakiena ikusten du bakoitzak! Jaungoikoak politika kontutxo horiek huskeriatzat ditu! Ez, aldiz, gizon honek fedeaz eta moralaz esandakoak!

LAGUNA:

            Zuek biok baztertu eta zigortu nahi duzuen idazle euskaldun hau adiskide eta bihozkide dut, bai! Eta bihotza hausten zait orain arte eguneroko bizitzan pairatu behar izan duen zigorrari beste bat ezarri gura diozuelako, hots, geroko belaunaldiek bere lanen berri ez izatea, betiko isilaraztea! Bihotz-bihotzez espero dut, itxaropentsu, geroko euskaldunek uzta ederra egingo dutela Jonek idazlanetan ereindako hazi gaitzetsietatik! Unerik mingotsenetan ere, sinesmen guztiak galdutakoan, adiskidetasunean sinesten iraun du, lagunei bere onenak eskaini dizkigu, etsipenez eta alkoholez blai! Orain bezala kakak inguratu izan duenean, beti aurkitu izan du lore bat lagunari eta maiteari eskaintzeko! Jon on puska bat da, apala, bihozbera eta bihotzondo, beti lagun hurkoari mesedeak egiteko prest, zeharo desinteresatua, hitzetan lander eta eginetan eder, beti on egin zale inorengandik ezer espero gabe. Ez da kristau izanen, beharbada, baina zenbat kristau izeneko haren aitzinean lotsagorritu beharra daukatenak! Hala ere, lagun ugari izanda ere, Jonek beti dirudi bakarrik, bere barrena bakardade handi batek hartuta balu legetxe. Baina laguntzat gaituenetarikoetarik inork ez dizue Jon gaitzetsiko!

JON MIRANDE:

            Eskerrik asko, laguna, baina inoiz ez naiz izan orain bezain akitu eta flako! Mundu hau ez dut haboro neure sentitzen! Besteen ondoan egon eta, hala ere, bakarrik sentitu. Bakardade ikaragarri eta mingarria. Idaztea bera, gero eta nekezagoa, agortzailea, behaztopaka doalarik guztiz gelditu arte, ele bakar bat ere paperari itsatsi ezin izateraino. Baudelairek ezin hobeto azaldu zuen batzuetan izaten dudan sentipena: “Eromenaren hegoaren haizea sentitu dut”. Iluntasunezko ekaitza nire baitan! Ezin lorik egin kimikaren laguntzarik gabe! Ez ote dago mundu honetan bestela irauterik? Amaraunean preso dagoen tximeleta naiz. Zenbat eta gehiago higitu, orduan eta harrapatuago eromen honetan. Pentsakizunak itotzen zaizkit burmuin berotu honetan! Nihaur naiz ene buruaren preso! Psikiatra hutsal horiek ezer ez dakite nitaz, pilulek ez naute berpizten, maitasuna, beti bezain urrun...

PSIKIATRA:

            Munduko gauza guztiekiko arroztasuna duzue buru gaixotasunik larrienetariko batzuen ezaugarririk behinena! Harrotasuna eta fidagaiztasuna ere ohiko osagaiak izan ohi dira! Eldarnioak iraunkor bihurtzen dira. Ez dakit Jonena eldarnioa, poesia ala ideologia hutsa den. Baina bere alde esatea daukat ezen drogazaleek, alkoholikoek, nortasun asozialek eta buru gaixoek baztertu sorta zabala osatzen dutela, ezaugarrikide direlarik ohiko gizarte “arruntari” zelan edo alan aurpegi eman izana. Joni bizkarreratu zaizkion batzuen aurrean, derrigorrezkoa dut esatea gure gizartean normalean edertasuna zatarrari kontrajartzen zaiola, baina nonbait erabilgarritasunaren aurkakoa ere badela, ederra askotan hutsalaren, balio gutxikoaren parekidetzat baitugu. Ez ote da hori Jonekin jazotarikoa? Edertasun berezia berea, baina edertasuna, azken buruan. Ez da ahaztu behar artista gehienak megalomano samarrak direla eta hori handizalekeria, handitasunaren lilura edo mania baino ez da. Megalomania duen pertsonak bere gaitasun fisikoak (gorpuzkera, indarra, sexu ahalmena) eta adimenekoak neurriz gora balioztatzeko joera du. Jokabide bitxia edo barregarria duten gezurrezko nortasunak sor ditzake megalomanoak beregan.

JON MIRANDE:

            Depresioa ez bada, estresa, eta horiek ez direnean, megalomania, artista guztiak halakoxeak omen direlako. Eta sendalari esaten diote beren buruari! Hamaika entzuteko jaioak gara, benetan! Ortzi Jaunak zain nazala zure modukoetatik! Ulerkor agertzen zarete gaixoen arazoekiko, baina ez duzue tutik ere ulertzen. Botiken laguntza izango ez bazenute, belagilerik xumeenak ere irabaziko lizueke! Etsipenaren beltza ezagutu behar duzue zuen gaixoekin bat egiteko! Alkoholaren eta drogen paradisu eta ifernuak bizi behar dituzue! Maite dituzuenen galerak sortzen dituen zauriei darizkien odola eta zornea edan! Zokoraturik egotearen bakardade gaindiezina dastatu! Miseriarik gorrienaz elikatu! Porrotak orpoz orpo jarraitzen dizula jakin! Hori dena barneratzen hasten zaretenean, orduantxe egongo zarete hobendunenganantz joateko gertu!

            Kaletik noala zatika hondatzen noa, hondarrak uzten ditut nonahi, ia nire baitako ezer ez geratzeraino! Azkenean haizeak airean eroango duen orbelaren pare izango naiz! Errauts zurrunbiloaren antzera galduko naiz eta inor ez da konturatuko!

APAIZA:

            Ez du merezi hau luzatzerik! Gizon hau etsipenak jota dago inork jaramonik egiten ez diolako, bere jainko-jainkosek, begi bistan dago, inolako babesik eta gozotasunik ematen ez diotelako. Beraz, zertan luzamendutan ibili? Tira! Utzi alde batera sasi sinesmen eta asmo aizun horiek eta itzul zaitez Ama Elizaren altzora! Adiskide zaitez gainontzeko euskaldunekin, beso zabal daude zure zain! Pozik hartuko zaituzte! Segur aski Euskaltzaindian bertan ateak berriro zabalduko dizkizute! Zulako poeta batek gai ederrak izango ditu esku artean erabiltzeko, denontzako atseginak!

JON MIRANDE:

            Pairatu dudan guztia pairatu eta gero, uste duzu, seriotan, hainbat urtetan aldarrikatu dudana alde batera botako dudala berriz ere zuen artera itzultzeko? Barregarria ez ezik, hutsala ere da asmo hori. Nik jasan ditudan oinazeak izanik, hobekuntzarik mendreena ere asko da, arinaldirik ekarriz gero. Halako neurri batetik aurrera, giza arimak hondoa ukitzen du: aurrerago jarraitzerik ez dago, ez dago min gehiago jasaterik! Arima sorgortzen da! Horrelaxe nago ni! Adimena argi, arima ilun. Iduri zait herio ginak bizi grina gaindituko duela ene baita ilun honetan. Ingurua itogarri bihurtu zait eta arnas estualdi etengabe hau gainditzeko Gazteen Lurraldeko aire garbia behar dut.

            Eroak bizi hildakoak dira. eta, ondorioz, gainontzeko biziek ezin dituzte jasan. Horixe gertatzen zait niri ere, elkarren arrotzak gara denak. Egia esango banie ingurukoei, ulertuko ote lukete zer den nabaritzea burmuina pentsatzeko organoa barik bihurtu dela norberaren sufrimenduaren alor eta ñabardura guztiak minututik minutura biltzen dituen tresna? Noren jopu da ene gogoa? Hormonena, etsipenarena, deusezarena? Joaldiak laino trinko, itsaskor eta pozoitsu gisa datozkio bila ene izpirituari. Eta ia itotzen nautenean, laguntza itxaropen guztiak galtzen ditut, zinez! Oinazea hunkigaitza da eta badakizu jakin ez dena arinaldirik izango, ez egunbetegarrenean, ez ordubetegarrenean, hilabetegarrenean edo minutubetegarrenean! Erabatekoa da!

PENTSALARIA:

            Humanista naizen aldetik, ezin dut gizaki bat bere ideiak direla bitarte baztertu, bat etorri ez arren. Areago esango nuke: begiko zaitut hainbat eta hainbat gauzatan eta ezin defenda ditzaket zapalduak, zu zapaldurik zapalduena ere babestu gabe. Baina, gurekin batera ibiltzeko prest zaude? Itsasontzi bera eskifatu nahi duzu? Lehor bera erdietsi nahi dugu denok? Prest zaude itsasontzian gutxieneko diziplina bati men egiteko?

JON MIRANDE (pentsalariari).

            Gorde ezazu zuen urrikalmendu aizun hori behar handiagoa duenarentzat. Ni ez nauzu kristaua, beraz ez daukat zertan pekatuak barkaturik! Aipatu duzun itsaso horretan naufragoa naiz eta ez didazu ukatuko neure enbor satsuaren gainean itsasoko jainkoek eroan nahi nauten lehorrera edo hondora joateko eskubidea ere, ezta? Zoazte zuek denak itsasontzi azal dirdiratsu eta barru ustel horretan Itakarantz! Zoazte, inongo Itakarik ez dela ikus dezazueneino! Neskatxen Uhartera helduko naiz, ala ez, nork jakin, bestalde?

            Gogoa torturarik torturara dabilkit tairik gabe. Minak baino, etsipenak larritzen nau osotoro. Eta gizarteari aurpegi ona erakutsi behar, ene baita hautsita dagoela nabari ez dezaten?

THERESA:

            Ez jaramonik egin horien bion eskaintzei, menpeko egin nahi zaituzte eta! Euren ondoan Uliseren antzera galduko zara betiko! Inork ezin zaitu behartu, Jon. Zeurea da erabakimena. Inork ezin zaitu mundu honetan giltzapetu, ezta gure Gazteen Lurraldera erakarri ere zeuk nahi izan ezean. Haurtzarotik mundu hitsa baino ez duzu ezagutu. Pozaldiak ere oso bakan. Gure aldeko munduan ukanen duzu honetan ukatu dizuten guztia. Inoiz ez behar beste sosik. Eskolan behintzat pozik ibili zinen: ikastea gogokoa izan duzu beti. Gure altzoan betiko izango zara ikasle, liburuetan zein haragietan! Jakingura izan zara beti, zatoz bestaldea ezagutzera, ezin asezko jakingaiak edirengo dituzu eta! Miseria eta estuasun guztietatik libro! Begi berde hori, zatoz goroldiaren hirira! Zu ere aztia izan zara, gaztetatik erabili baituzu eleen liluramendua emakumeok zure barne edertasuna ikusi eta zutaz maitemin gaitezen. Gure artean Druiden Eliza Paganoak ez du inongo debekurik izango. Bizitzan bila eta bila jardun duzu eguneroko munduaren atzealdean omen dagoen benetako mundu ezkutuaren mamia aurkitzearren. Zatoz eta uki ezazu! Zeru-lurretan gauza gehiago, filosofiak usten duen baino. Lo egin behar duzu, laztana. atsedena hartu! Eguzki errainuek zure larru gosetua epelduko dute zelai mugagabeetan, lore lurrintsuen artean!

JON MIRANDE:

 

Oso unaturik dirudi. Ametsean edo eldarnioan murgilduta legetxe.

 

            Burua gero eta nahasiago dut. Hau burukomin latza! Ama... aita... non zarete? Non da arrebatxoa? Zergatik ez dator nirekin jolastera? Parkera atera nahi dut jolastera! Zinemara joan gaitezen, Txarlot delako horren filmea ikustera. Parisko karrikak, museoak, arte erakusketak, zahar liburudendak... A, paper zaharren usain sarkorra! Paris, ifernua eta paradisua bat eginik! Ama, non zaude? Theresa, ezin haut ikusi! Andima, Ivette... Zergatik utzi nauzue bakarrik! Non ere baitzarete, ager zaitezte ene aurrera! Ez nazazue bakarrik utz desordu honetan! Abioiak datoz, botxeak! Goazen ama, gordetokira, ez zaitez atzean gera! Mayi, elkar ikusiko dugu lizeotik atera ondoren? Zergatik jarraitzen zaio beti atseginari mina eta ez alderantziz, maiz minaren ondoren min handiago baitatorkigu? Dantza egin dezagun Isabela! Dantza gaitezen Theresa! Sirena hotsa berriro! Ez eta ez! Ez dut berriro eroetxera joan nahi! Bakean utzi! Lo eginda osatuko naiz. Bestela pattarrak aterako nau aurrera! Euskaltzaindia? Druida beltzen akelarrea esan nahiko duzu! Ez, bada, gero inork ez dit-eta jaramonik egingo! Amsterdameko puten ondoan etzan nahi dut eta betiko atseden hartu! Entzun: otso beltzak bila datozkit! Entzun ditzaket, urkamendiko bele beltzak lagun datoz! Ohtzi, Thor, belagileak... Inork ezin ditu gerarazi? Denek alde egin duzue mundu honetatik ni bakarrik utzita? Zuek ere uko egin diozue lur hau zeuenganatzeari? Aurki joango natzaizue Argiaren Lurraldera! Liburuetako istorioek ere ez dakarkidate bakerik! Ez dira haboro gordeleku lasaia!

 

epaileak joango dira. Argi bakarra mirande gainean. Mahleren “Lurraren kanta” aditzen da.

 

            A! Mahler! Hi ere beste lurraldera ihesi joana! Baudelaire, idoroko al haut nehoiz? Maitasuna etengabe dabilkit ihesi! Eta orain, poesiaren elikagaiaren faltan, arima ahuleziaren ahuleziaz hiltzen ari zait! Dena beharrekoa izan naiz, eta irauten jakin dut, baina Poesia bera eskuetatik doakidanean... Zaharra eta berria, lehena eta oraina, den-dena nahaspilatzen da: gauzarik zaharrenak eta berrienak maite izan ditut, literaturan, musikan, jendearengan, politikan... Azkenean, inongoa eta inoizkoa ez den tokira joan beharrean nago, zamarik gabe iraungo badut! Baina epaiketa hau...! Noiz zer esango dute?

            Pentsatzen dudanean euskaldun zital berekoi, diruzaleei neure konfidantza eman niela eta haien alde lan egin dudala, saminez eta gorrotoz betetzen naiz. Hain bihozgabe eta koldar den herri batek ez du bizitzea merezi; zoritxar handitzat daukat euskaldun jaio bainintzen!

            Zein gorrotagarri den gehien maite duzun lanbidea eskuratu nahi izatea eta lortutakoan, katea astuna bilakatzen dela ikustea! Horixe gertatu baitzitzaidan Ministerioan: itzulpengintza nazkagarria izateraino ere heltzen zen giro hits eta itogarri hartan eta lansaria, bestalde, urria, gurasoen estualdia ozta-ozta amini bat arintzeko gisakoa. Ez ote dira nehoiz bulegoko atso mutxurdinen hitz jarioak etengo? Ea noiz heltzen diren seiak, kalera atera eta Andimarekin elkartzeko!

 

Eskuan paper batzuk edukiko balitu bezala.

 

            Idazki hau ere ezin didate-eta argitaratu? Ene, Theresa maitea, zure istorioa ez da bakarrik egongo apalategian hautsa biltzen. Beste idazki andana bat itzuli didate urde halakoek! Norentzat idatzi behar dut, bada?

 

Mahai gainean jarrita.

 

            Zuen hiru koloreko zapia Rennesen, Tolosan, Baionan eta Perpignanen ikusten deino, aurka izango gaituzue, zapaltzaile zikin horiek! Franco bera baino txarragoak zarete frantses itsu urdeak!... Baina, zertan ari naiz mahai gainean?

 

Nekez jaitsiko da mahai gainetik.

 

            Eskale ibili beharko dut Paris puta eder eta zaharraren kale erabilietan sos batzuen bildu eta haragi higaturen batean pena, zome eta isuri guztiez barrenak hustutzeko, ea bizi zaharra ere horiekin batera doan eta berri batera jaiotzen naizen! Mayi, ez al didazu beste ipuinik esan behar? Non da zure larru freskoa?... Theresa, Theresa, ezkuta zaitez, Isabela dator eta!... Euskal Biltzarra, euskal bizarra, zahar txolinduen bizarren biltzarra!... Otsoak dabiltza kanpoan, elur zurian! Otso gosetuak ene idazlanetako maitasuna eta sexua paperaren elurretan ihizi eta jan nahian, ezin aserik! Zatozte, bada, zatozte, eta nihaur jan nazazue ene idazlanen partez! Psikastenia dela eta atsedena hartzea: atsedena hildakoan hartzen duk, ez bizirik hagoen bitartean, lagun!... Zeinen luze diren gaueko orduak loak ihes egiten dizunean eta inondik inora ametsen ahantzaldia erdiestea galarazten dizunean! Sirena hotsak! Hegazkinak! Zato amatxo! Goazen!

 

Musika aditzen balego bezala.

 

            Bai, neuk ere maiz ibilia dinat bihotz hautsien bulebarra, nekatu arte, harlauzei dirdira ateratzeraino, zapata zolak zulatzeraino! Baina inoiz ez hintzen beharreko tenorean agertu!... Euskal Herria ama aizunak bere altzotik bota ninduenean, Bretainia amaordeak, alta, beso zabal hartu bere epelean!

 

Breizieraz kantari.

 

                        ”Guerhiez Vari, Hun Mam tiner

                        Intron a Grenenan

                        E peb l’h, peb amzer

                        Goamet ni doh en tan”

 

            Bizitzak aurrera egin ahala, nire antzera miseriarik gorrienean bizi edo hil diren adiskide batzuen konpainia, benetakoa ala ametsezkoa, baino ez zait geratu. Zergatik ni epaitu eta ez euskaltzale epel horiek, gulakoak beharrizanik handienean bizitzera behartu baikaituzte? Inoiz ez dute zigorrik jasoko? Egia esan, inon justiziarik izatekotan, jakin badakit Gazteen Lurraldean baino ez dela izango. Ia lotura guztiak hautsi ditut hemengoekiko: azkena baino ez dut eten behar, bizitza likits honi lotuta nauen zilbor hestea... Louise, ez zekinat maite haudan, baina, ia ondoan geratu zaidan emakumezko bakarra dun!... Pariseko emagaldu euskaldunekin plazer handiagoa hartu dut gainontzeko euskaldunekin baino. Eta plazerra diodanean, era bitakoa esan nahi dut: larruarena eta hizkuntzarena. Haiek eta ni gizartearen azken mailetaraino heldu gara, ifernua ezagutu dugu, estoldak, ur zikin eta kaka guztiak daramatzaten bideak!

            Eroetxea: lotan ez bazaude, sala handi batera bilduko zaituzte zu bezain txarto edo txarrago dagoen dozena bat gaixorekin, norberaren larria denona bihur dadin eta ororen buruak zapal ditzan. Eta talde terapian jasan beharreko lelokeria eta zentzugabekeriak? Hori dena nahikoa zioa da herioa bera hautatzeko horra berriro ere itzultzea baino. Eta esku lanen bidezko “terapia”? Atzeratutzat jotzen ote naute? Ordain hori baino ez dut espero behar gizartetik? Nire buru makalaldi hauek itzultzeko isuria dute, inork gonbidatu ez dituen bazkaldarrak dira. Idazle gisa izan dudan porrota gogoraraztera etorritako mamuak? Gorgona krudela, odoltzale hori... zertan habil nire gogo agorrarekin?

            Danterekin batera esan behar dut biziaren bide erdian, oihan beltz ilun batera heldu naizela, eskuineko bidea betiko galduta. Aresti, lagun bilbotar hori, poeta! Itzulbidea erakutsiko ote didak? Non hago, Gabriel, hi ere ez haiz honaino helduko? Hire berbez esateko, hire ametsaren bazterrean bertan negok.

 

                        Egun honetan nire gogoak

                        utzi nai baitu mendia,

                        MALDAN BEHERA DOA AGURO

                        NIRE GORPUTZ BILUZIA.

 

                        Honera etorri baino leen ongi

                        ezautu nuen herria;

                        txiki-denporan eduki nuen

                        han ene bizitegia.

                        Ama maiteak emaro niri

                        ematen zidan ditia:

                        MALDAN BEHERA DOA AGURO

                        NIRE GORPUTZ BILUZIA.

 

                        Honera ekarri nauen handikan

                        nire tristura handia,

                        gizon doilorrek egin zidaten

                        bidegabe itsusia.

                        Orain zikina, zitala banaiz

                        orduan nintzen garbia:

                        MALDAN BEHERA DOA AGURO

                        NIRE GORPUTZ BILUZIA.

 

                        Mendi gailurrak ikusi zidan

                        arduraz penitentzia,

                        haranerantza ibiliteko

                        eman zidan lizentzia;

                        hari entzunik dirudit orain

                        hegaztina kantaria:

                        MALDAN BEHERA DOA AGURO

                        NIRE GORPUTZ BILUZIA.

 

            Gabriel, Gabriel, nik ere, hire antzera harri izan nikek, baina oraindik ere odola zebilek ene zain alkoholeztatuetatik!

 

Mahaira doa. Burua argiago duela dirudi. “A Thérese” entzuten da.

 

            Inoiz ez naiz “maioria handiaren” aurrean belaunikatu. Antzoki triste hau utziko dut, beraz, baina pentsa dezakezue zer sentimendurekin: lehenago nik bezala pentsatzen ez duten euskaltzaleok maite eta estimatzen banituen, euskaldunak zirelako, orain, ene zentsuratzaile eta laidostzaileen joko itsusien aitzinean, gorrota hasi da ene bihotzean kabitzen. Eta etsipena. Agur, bada! Esan gabe doa halaz eta guztiz ere ez dudala ene euskal-zuberotar odola ukatzen: euskaldun jarraituko dut eneen artean. Ai! Zeinen herri barregarria gurea... Euskara eta euskaldunak maite nituelako —puntu guztietan haiekin aburu bateko ez banintzen ere— eta zer edo zer kausa horren alde hamabost urtez lan egitera saiatu naizelako, iraindu, arbuiatu eta belztu naute edo, onenean, bertan behera utzi naute. Inozoegi izan naiz orain arte!

            Uste baitugu izena jakinez gero, gauzaren izana ere ezagutzen dugula... Handiuste halakoa gizakia! Baina, zer dizue beti ondoan, zelatan daramadan begirale isil eta ankerra nabaritu ez baduzue, ez badakizue zer den ikustea berak ez duela batere sofritzen, hortxe dagoela, zuri begira, eskurik luzatu gabe txarren-txarren zaudenean.

            Euskal Herriak ez du nire ideien eta nire gorputzaren beharrik, zer egin behar dut, bada? Zer?

            Bizi poza galdu dut eta burumakur, erabat gogogabeturik egoten baino ez dakit maite ditudanengandik bereizita egotearen garraztasuna heldu zitzaidanetik. Badirudi Ortzik berak abandonatu nauela! Besteen nahia egin bedi, zeruan bezala lurrean ere!

 

Wagneren Walkirien kabalgata entzuten hasten da. mirande mahaira doa eta pilula guztiak hartuko ditu pattarraz lagunduta. Pixkanaka burua makurtzen joango da eta mahai gainean etzango da, hilotz. Argia ia guztiz itzaliko da. theresa agertuko da eta jonenganaino helduko.

 

THERESA:

            Ego te absolvo in nomine Ortzi et Mari et Aker Beltz.

 

Ezpainetan pot eman eta eskutik oratuko dio. Besarkaturik abiatuko dira Gazteen Lurraldera. Orff-en Carmina Buranaren lehenengo aireak adituko dira gero eta ozenago.

 

amaiera