St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
Euskaltzaindia, 1992

 

 

Dramatis personae

 

            LANCRE

            MURGI

            AMA

            LAURENCE

            ST. CYRAN

            POUVREAU

            JANSENIO

            ETXAUZ

            BARCOS

            LE MAITRE D’ANDILLY

            RICHELIEU

            AGNES

            ANGELIQUE

            LANCELOT

            SOLDAUAK

 

 

Pertsonaietaz zenbait ohar

 

            Jainkoa Gorderik deritzan obra honetan agertzen diren pertsonaiak benetako izaera historikoa dute guztiak. Zenbait ezaguna da Euskal Herriko historian edo eta Europako kondairan izan zuen eraginagatik; beste zenbait ordea “bigarren mailako” izaki, guztietaz bizpahiru argibide emateari on derizkiogu bai irakurleak eta bai —balizko— zuzendariak obraren kokagune kronolojiko eta dramatikoa aiseago burutu dezaten.

            St. Cyran, deituraz obraren zehar adierazten dena Hauranneko Jean Duvergier Baionarra da. 1581.eko urtean jaioa eta 1643.ean Parisen hila. Familia aberatsekoa, Bertrand Etxauz apezpikuaren eraginaz Lovainan egin zituen ikasketak. Ikasle zen garaietan Jansenio ezagutu zuen eta bien adiskidetasunatik biztu zen “jansenismoa” deritzan mugimendua. Zenbait libururen egile izanik ere bere eragina Pariseko Port Royaleko jarraitzaileen artean mamitu zen batibat eta handik Sorbonako unibertsitatera eta bide batez Frantzia osora eta partikularzki Euskal Herrira. Racine, Montaigne eta bere garaiko intelektual ugariengan arrakasta handia izan zuen baionar abateak.

            Ama, izen honekin Ane Etxeberry Duvergier jaunaren emaztea eta St. Cyranen ama adierazten da. Pierre Lancrek Lapurdin egin zuen prozesuan agertzen da sorginkeriaz susmagarri bezala aipatua, frogarik ezean eta ziurrenik Etxauz kardenalaren eraginaz bere alabarekin batera libre utzia izan zen. Merkatari ospetsuak ziren Baionako Etxeberrytarrak xvign. gizaldiaz gero.

            Laurence (Duvergier D’Hauranne), St. Cyranen arreba. Lancrek prozesatua eta aske utzia.

            Murgy, neska honen izena Lancreren kroniketan agertzen da eta dirudienez sorginkeriaz auzipean egon ondoren Bordeleko juezarekin ihardun zuen salaketa lanetan. Baionatik etxeratxean Lancrek eraman zituen lapurtar ugarien artean aurkitzen zen Murgy.

            Lancre (Pierre de), Lapurdin sorginkeriari buruz ospatu ziren epaiketarik nagusienen buru. Lapurdiko zenbait jauntxoen eskariari bide emanaz Henri ivgnak Bordeleko gorteari eman zion agindua sorginkeriaz inkesta bat burutzeko. Bordeleko auzitegiak Lancre izendatu zuen juez berezi bezala. Aipatzekoa da Lancre jatorriz euskalduna zela amaren partetik.

            Etxauz (Bertrand), Baigorriko semea eta Baionako apezpiku. Henri iv erregearen kapelau zen eta berarengan eragin nabarmena izan zuen. Etxauz honi eskeini zion Axularrek bere liburua. Duvergier eta Etxeberrytarren laguna izaki St. Cyranen babesle izan zen. xvign gizaldiko Euskal Herrian handia izan zen bere itzala.

            Pouvreau (Silvain). Jatorriz gaskoia, Duvergiertarren morroina izan zen eta Baionan iragan zuen garaiean St. Cyranen idazkari. Euskara ikasi ondoren idazle trebe bezala agertu zen eta berea da lehen euskal hiztegia burutzeko eginahala.

            Jansenio (Jansen Kornelio) Ypresko (Holanda) gotzaia eta “Agustinus” liburuaren egilea. St. Cyranekin batera egin zituen bere ikasketak Lovainan. Naiz Holandan jaioa izan Baionan egokitu zen urte batzuen zehar St. Cyranekin batera lanean ihardunaz. Baionako katedraleko eskolako buru izendatua izan zen eta bere izena daraman mugimenduak eragin handia izan zuen bai erlijio eta bai politika arloan.

            Barcos, St. Cyranen iloba da eta euskalduna. Pariseko egonaldietan berarekin izan zuen St. Cyranek eta bere itzalean hezia izan zen. Bere osaba hiltzean St. Cyraneko abategiko abate jauna izendatua izan zen. Idazle eta polemista ospetsua bere obraren parte handi bat argitaratzeke aurkitzen da oraino. Barcosengatik esaten du Lucien Goldman ikerleak xviign gizaldiko pentsalari ospetsuenetakoa dela eta xixgn gizaldiko dialektikaren aintzindari.

            Le Maitre (Antoine), Arnauld-tarren familiakoa eta abokat oso nombratua sasoiko Parisen. 1637.eko urtean konbertiturik St. Cyranen esanetara jarri zen eta bere azkartasuna jasenismoaren defentsan erabiliko zuen aurrerantzean. Patristikako obra asko itzuli zuen eta bera izan zen Port Royaleko gizonezkoen komunitatearen lehen partaidea.

            Richelieu, xviign gizaldiko Frantziaren deseinuen jabe eta eragile izan zen kardenala, St. Cyranen etsairik nagusiena ere bazen. Richelieuren egitasmo politiko zenbait bertan behera bota zituen bestalde St. Cyranen jokabide eta argudioak. Frantziako Kontseiluko buru izatera heldu zen kardenalak ez zion inoiz barkatuko baionarrari Frantzia eta Espainiarekiko gerlari jansenistak egin zioten enbarazua. Frantziako armada espaniarrak Ondarribian bentzitu zuten urte berean (1638) Richelieuk preso hartu zuen St. Cyran.

            Angelique (Marie Angelique de Sainte-Madeleine), Arnauld Antoinen hogei umeetako bat. Port Royal abategiko abatesa. Bera izan zen St. Cyranen jarraitzaleetarik goiztar eta sutsuena.

            Agnes, Arnauld (Agnes de Saint Paul) Angeliqueren ahizpa. Abategi ugari erreformatu zuen Frantziaren zehar.

            Arnauld D’Andilly, abokatu eta politikari ezaguna St. Cyranen baliagarri zibilik baliotsuena. Montaige eta Pascal berarekin ere izan zuen harremanik Port Royaleko egoitzan.

            Lancelot, Port Royaleko “bakartietako” bat. “Bakartiak”, St. Cyranen esanetara eta ideietara konbertiturik Port Royaleko abategian bizi amankomuna egiten zuten gizonezkoak ziren. Lancelot mediku ospetsua izana zen.

 

 

Eszena

 

            Antzokiak zuhurra eta nahiko iluna behar du izan. Argiaz baliatu behar da kasuan kasuko giro eta egoera eszenikoa sortzeko.

            Antzerkiaren parte bat (lehen partea) Baionan kokatzen da, Parisen beste biak. Altzariak ez dira ugariak izanen eta akto batetik bestera iragaitean bigarren mailako aktoreak eta aktoresak berak (soldaduak, mojak, etab...) burutuko dute beraien aldaketa. Jokaldi batetik besterako pasartea argien bidez adieraziko da. Altzariak eta gainontzeko tresnak sinpleak beharko dute izan eta agian oso estilizatuak, bere funtzioa aktorearen denbora eta tokiaren adierazgarri soil izatera mugatzen denez.