Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

VI. SEIGARREN JOKALDIA

 

(Eszenak gela zabal bat dirudi; ate bi ditu, ezkerrean bat eta eskubian bestea. Eszenaren erdian ohe bat egonen da eta agian “podium” batean gainean ager daiteke. Ohiala jasotzean pankrazia ageri da eszenan eta asperen artean ohea jazten ari da. Gero, ohean jarririk negarrari ekiten dio pankraziak. zaratiegi sartzen da eszenara).

 

PANKRAZIA: Zaratiegi!

ZARATIEGI: Lasai, Pankrazia!

 

(pankraziak negarrez jarraitzen du zaratiegiren besoetan).

 

ZARATIEGI: Ez da grabea!

PANKRAZIA: Ez hori esan. Badakit zauritu dutela.

ZARATIEGI: Zauritu bai, baina ez da grabea.

PANKRAZIA: Zer gertatu da? Nola gertatu zaio?

ZARATIEGI: Bala bat. Goizaldera, Bilboko baterien egoera ikusten ari zen. Artean, ez zegoen gatazkarik. Aurreko egunen egindako kalteak nehurtu nahirik zebilen. Balkoi batera irten zen Begoņako partean Bilbo hobeto ikusteko.

PANKRAZIA: Berak ez zuen Bilbo eraso nahi.

ZARATIEGI: Badakit. Badakit.

PANKRAZIA: D. Carlos eta bere gortesauak behartu dute Bilbo erasotzera.

ZARATIEGI: Behartu ez, Pankrazia, behartu ez. Desafio egin zioten, eha Zumalakarregi Bilbo hartzeko ez ote zen gauza. Bere militar adorea ukitu zioten.

PANKRAZIA: (Beti ere negarrez)

            Eta zer gertatu zaio? Nola izan da?

ZARATIEGI: Bah, esan dizut. Balkoira irten zen eta nahiz eta egunsentia izan liberalak karlista bat ikusi dutenean tiro egin diote. Eta Zumalakarregi izan behar...! Hala gertatu da zauritua. Ankan zauritu dute. Konortea berehala etorri zaio. Bere eskuekin gelditu nahi zuen hemorragia.

PANKRAZIA: Zer diote medikuek?

ZARATIEGI: Hiru aste barru berriro zaldi gainean izango dela diote medikuek.

PANKRAZIA: Jangoikoak lagun!

ZARATIEGI: Begoņatik Zornozara ekarri dute eta handik Durangora. Laister helduko da honuntz, Zegamara.

 

(pankraziak ohea txukuntzeari ekiten dio berriro).

 

PANKRAZIA: Sendatuko dut eta nirekin gordeko dut...!

ZARATIEGI: Laister da hemen.

 

(Zarata entzuten da kanpoan. pankrazia aterantz doa. medikua sartzen da).

 

MEDIKUA: Heldu gara. Odol asko galdu du.

 

(zaratiegik ixiltzeko keinua egiten dio pankrazia adierariz).

 

MEDIKUA: Bilbotik Zegamara bide luzea izan da. Atsedena behar du. Maindireak behar ditut kura on bat egiteko.

 

(pankraziak maindireak hartzen ditu eskuetan. medikuari eskaintzen dizkio).

 

PANKRAZIA: Tori! Tori maindireak! Non dago Tomas?

MEDIKUA: Hemen dator.

 

(medikua eta zaratiegi kanpora doaz. Berehala sartzen dira ostera eta beren atzetik lau soldadu sartzen dira kamila batetan zumalakarregi dakartelarik).

 

PANKRAZIA: Tomas!

 

(soldaduak buru gainetik sostengatzen dute kamila eta zerbait jeisten dute orain pankraziak Jenerala ikus dezan).

 

ZUMALAKARREGI: Pankrazia!

 

(pankraziak musukatzen du bere senarra eta soldaduak arreta handiz ohe gainean etzaten dute. medikuak pultsoa hartzen dio. Minutu pare bat hartzen ditu ekintza honek).

 

ZUMALAKARREGI: Nekatuta nator.

PANKRAZIA: Zaude lasai... etxean zaude.

ZUMALAKARREGI: Pankrazia!

PANKRAZIA: Bai, Tomas?

ZUMALAKARREGI: Deitu petrikiloari. Berak sendatuko nau.

PANKRAZIA: Segituan dator.

ZARATIEGI: Miņik baduzu?

ZUMALAKARREGI: Miņik ez. Nekea.

 

(medikuak edari bat prestatzen du eta auts batzuk erasten dizkio. zumalakarregiri luzatzen dio edaria).

 

MEDIKUA: Edan zazu hau!

ZUMALAKARREGI: Zer da?

MEDIKUA: Lasaigarri bat. Lo egin behar duzu.

PANKRAZIA: Lo egin ondoren askoz hobeto sentituko zara.

ZUMALAKARREGI: Lo ez baina idatzi egin behar dut. Kartak idatzi.

ZARATIEGI: Zuk esan eta nik idatziko dut. Lo egin ondoren lanari ekinen diogu.

 

(medikua, auspez jarririk, zumalakarregiren soina aztertzen ari da. Isilunea).

 

MEDIKUA: Miņik ba duzu?

ZUMALAKARREGI: Oinazerik ez baina miņa etengabekoa.

MEDIKUA: Eman dizudan botikak lasaituko zaitu.

ZUMALAKARREGI: Petrikiloa etortzea nahi dut.

PANKRAZIA: Berehala etorriko da.

MEDIKUA: (pankraziari)

            Nor da petrikilo hori?

PANKRAZIA: Fede handia du Tomasek berarengan.

MEDIKUA: (Asarre)

            Hemen medikua ni naiz!

ZARATIEGI: Ez dio kalterik egingo bederen.

MEDIKUA: Zer egin behar den garbi dago. Haragia ireki eta bala atera! (Berriro ere medikua auspez jartzen da zumalakarregirengana joanaz).

MEDIKUA: Lo hartu du.

ZARATIEGI: Irten gaitezen. Atseden beharra du.

MEDIKUA: Bai. Goazen guztiok.

PANKRAZIA: Ez. Ni hemen geldituko naiz. Nik zainduko dut bere loa.

MEDIKUA: Hobe zenduke zerorrek ere atseden hartzea. Eman diodan droga oso bortitza da eta denboraldi luze batetan lo egingo du.

 

(Guztiak irtetzen dira. pankrazia, zumalakarregirengana hurbiltzen da eta astiro begiratu ondoren irtetzen da. Eszenako argiak itzaltzen dira).