Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Zumalakarregi
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

VIII. ZORTZIGARREN JOKALDIA

 

(Eszenara dakarte zumalakarregi. lau soldaduen artean ohean etzaten dute eta badoaz. Argi gutti dago eszenan. zaratiegi eta pankrazia bakarrik daude jeneralarekin. Amets-txarretan murgildurik dago zumalakarregi. Isilune luzea).

 

ZUMALAKARREGI: (Ametsetan) Eraso! Alde! Alde, Bilbotik!

ZARATIEGI: Kalentura handia du.

PANKRAZIA: (Negar-zotinka)

            Hobe ez baliote balarik kendu... odol-ustu dute.

ZUMALAKARREGI: Eraso!

 

(pankraziak zapi fresko bat jartzen dio kopetan).

 

ZUMALAKARREGI: (Iratzarririk eta ahul). Pankrazia...

PANKRAZIA: Bai, Tomas, hemen nago.

ZUMALAKARREGI: Hotza dut, Pankrazia... Hotza.

PANKRAZIA: Tapaki gehiago ekarriko dut.

ZUMALAKARREGI: Tapakiak ez... etzan zaitez nire alboan. Berotuko naiz horrela.

ZARATIEGI: (pankraziarekin aparteko bat eginez) Medikuarengana noa.

 

(Irtetzen da zaratiegi).

 

ZUMALAKARREGI: Atoz Pankrazia!

PANKRAZIA: Zaude Tomas.

 

(pankrazia zumalakarregiren alboan etzaten da).

 

ZUMALAKARREGI: (Samur)

            Beldurra daukat.

PANKRAZIA: Tomas... hemen nago. Zerk ematen dizu beldurra?

ZUMALAKARREGI: Heriotzeak.

PANKRAZIA: Ez esan horrelakorik.

ZUMALAKARREGI: Hainbeste hil dut nire eskuz eta erabakiaz... Hainbeste heriotze ikusi dut... Beldurra daukat, ordea.

 

(pankraziak besoaz besaarkatzen da).

 

ZUMALAKARREGI: Eleizakoak nahi ditut. Sentitzen dut heriotzea. Laino gris eta hotz baten antzekoa da. Laino aztun eta hotza.

PANKRAZIA: Isildu zaitez... Sendatuko zara.

ZUMALAKARREGI: (Entzun-gor) Eleizakoak... Eleizakoak.

 

(pankrazia, negarrez, jeiki eta eszenatik kanpora doa. medikua sartzen da eta eskua jartzen dio kopetean. Gero, tapakiak kenduaz anka aztertzen dio. Hitzik esan gabe erretiratzen da berriro. zaratiegi sartzen da. Isilunea).

 

ZUMALAKARREGI: Nor dago hor?

ZARATIEGI: Ni naiz, Zaratiegi.

ZUMALAKARREGI: Bilboko berririk baduzu?

ZARATIEGI: Ez. Ez da ezeren berririk.

ZUMALAKARREGI: Izorratu dute.

ZARATIEGI: Zer diozu?

ZUMALAKARREGI: Gerla izorratu dute. Gure ametzak itzali dituzte. (Isilune luzea) Oraigoz itzali dituzte.

 

(Kanpoan kanpai hotzak somatzen dira).

 

ZUMALAKARREGI: Kanpai hotsak?

ZARATIEGI: Bai Jeneral Jauna. Eleizakoak...

 

(Eskuak begietan dituela irtetzen da zaratiegi. pankrazia sartzen da. Kandela pare bat dakar eskuan eta mahain ttipiaren gainean jartzen ditu, zapi txuri batekin mahaina estali ondoren. “Mantilla” bat darama buruan eta faltriketik errosario ateratzen du ohearen alboan belauneko jarriaz. Kanpai hotsak entzuten dira beti ere).

 

ZUMALAKARREGI: Non dira alabak?

PANKRAZIA: Badakizu, Elizondon gelditu ziren.

ZUMALAKARREGI: Ez ditut gehiago ikusiko. Kasik ez naute ezagutzen.

PANKRAZIA: Ezagutzen zaitue bai eta asko maite zaitue... salbu dira han. Sagestibeltza arduratzen da horretaz.

 

(zaratiegi sartzen da).

 

ZARATIEGI: Hemen dira.

 

(medikua, petrikiloa eta hiru soldadu sartzen dira eszenara. Belauneko jartzen dira ohe inguruan. Beren atzetik soldadu bat dator eskila joaz kasurako eleiz jantziaz orniturik. Mahain ttipian kutxatxo jartzen du Apezak. etxeberria sartu denean txapelak kendu dituzte gizonak).

 

ZUMALAKARREGI: (etxeberriari)

            Hemen zara zu ere?

 

(etxeberriak ez dio erantzuten eta eleizakoak emateari ekiten dio zeremoniale guztiarekin. “Amen” eta latinezko hitz laburrak guztiak errepikatzen dituzte. Eszenako argi guztia ohean konzentraturik dago. Bukatzean, honela dio etxeberriak).

 

ETXEBERRIA: Zerurako bidean zaude Zumalakarregi...

ZUMALAKARREGI: (Zakar)

            Etxeberria!

ETXEBERRIA: Zer?

ZUMALAKARREGI: Nola dijoaz gauzak Bilbon?

ETXEBERRIA: Ahaztu zaitez gauza horietaz. Ardura zaitez zure arimaz.

ZUMALAKARREGI: Ez nindeke ahaztu. Gerla hau nire arima bezain nirea dut.

ETXEBERRIA: Ardura zaitez zure arimaz soilik.

ZUMALAKARREGI: Zu eta zure antzekoen erruz galduko da gerla hau.

 

(Asperenka hasten da zumalakarregi. Oinazea du. pankrazia zapi batekin sikatzen dio kopeta. zaratiegi, keinuaz irten dadila eskatzen dio etxeberriari. zumalakarregi bedeinkatu ondoren badoa etxeberria buru-makur eta geldo. medikua ere badoa. Beste guztiak ohearen albo batetan jartzen dira).

 

ZUMALAKARREGI: Denbora asko ez dut. (Isilunea) Zaratiegi... testamentua egin behar dut.

ZARATIEGI: Zuk esan... Nik idatziko dut eta hemen daudenak izanen dira lekuko.

 

(Papera eta luma hartuaz zumalakarregiren hitzak idatziko ditu).

 

ZUMALAKARREGI: Mundu honetan uzten ditudan gauzarik maiteenak nire emaztea eta hiru alabak dira, beraiei uzten dizkiet nire ondasun apurrak. Hiru zaldi eta mando bat, hiru pistola pare eta ezpata bat... ehizeko eskopeta eta Lord Elliot jaunak erregulatu zidan katalejua besterik ez dut mundu honetan. Nire diruak hamalau ontzakourre dira... (Isilunea) besterik ez dut.

 

(Isilunea. pankraziaren negarzotinak bakarrik entzuten dira).

 

ZARATIEGI: Ez Zumalakarregi. Abere batzuk eta eskopeta bat baino gehiago uzten diguzu Tomas. Zure borrokaren exemplua uzten diguzu.

ZUMALAKARREGI: Galdua dudan borroka...

ZARATIEGI: Zuk erein duzun azia gure Euskal Herrian ernalduko da. (zumalakarregik nekez hitzegiten du. Inoiz, estulak eta asperenak bere hitzak ebakitzen dituztelarik).

ZUMALAKARREGI: Etorriko dira, bai, besteak. Jaioko dira euskaldunak gure arimen terrala urratuko dutenak. Loratuko da ametsa eta mugituko dira gure erroak. Adourretik Ebroraino jakingo dute guztiek etorria dela garaia... heldua dela sasoia... herri bat osatzeko. Somatzen dut heriotzea baina halaber etorkizuna. Egun latzak iraganen dituzute... isuriko duzute elkarren odola eta otsoen antzera ibiliko dira aita eta semea. Ez dute jakingo zergatik. Ez da ezer esnaurtuko. Erditze gogorra izanen da. (Estul saio latza).

PANKRAZIA: Tomas! Tomas!

 

(Kopeta freskatzen dio pankraziak).

 

ZUMALAKARREGI: Erditze gogorra izanen da baina sabela lehertzean lurriņa bezala jasoko da terrala. Zori berri batek eragingo dio herri zahar honi... Beranduegi da neretzat... eta goizegi herri honentzat. Ni banoa baina etorriko dira besteak.

 

(zumalakarregi hilotz dago jadanik. zaratiegi auspez jartzen da bere gainean eta belarria bihotzean ezarririk egonen da instante batean. Gero, oso astiro begiak hersten dizkio aurpegia eskuarekin estaliaz. Guztiak zaratiegirengan dituzte begiak. Eszenaren erdirantz pauso batzuk ibili ondoren astiro eta grabe dio).

 

ZARATIEGI: Tomas Zumalakarregi hil da.

 

(guztiak belauneko jartzen dira eta bat-batean erortzen da ohiala).

 

fina