Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
[aurkibidea]

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

(Goizeko zortzirak. Ezkilak entzuten dira. xebaxtian gela garbitzera sartzen da.)

 

XEBAXTIAN: Hau logalia! Hau ez da bizimodua. Monagillo bat baino goizago jeiki behar! Goizeko zortzirak... (Garbiketan.) Hau zerrikeria! A zer nolako parranda bota zuten bart arratsean. Etxekoandreak atzo ez zedukan, nonbait, buruko minik... (Botila hutsak begiratuz.) Zurruta ere gogotik egin zuten, alajainkua! Gaur izango ditek ondorenik. Etxekoandrea ondoezik badago, ez nau berehala harrapatuko! Banoa nonbaitera, istiluak hasi baino lehen; zerriak zaintzera bada ere! (Leihotik begiratuz.) Eguraldi zikin hau!... Euria jo ta ke. Eskerrak gaur hamaikak alde arte etxe hontan ez dela inor ohetik jeikiko...

MARIA: (Bat-batean sartuz.) Zer ari haiz marmarizoka? Buka ezak azkar, eta mahaia txukundu, berehala behar diat eta. (Irtetzen da.)

XEBAXTIAN: To! Hauek gauzak ikusi behar ditugunak! Ohetik erori egin ote da? Asunto honek usai txarra dik, eta ni, bada ez bada ere, baniak hemendik usu, arraio. (Mahaia garbitu, gauzak bildu eta irtetzera doa. maria sartzen da.)

MARIA: Oraindik hemen?

XEBAXTIAN: Banoa, banoa, arraioa!

MARIA: Kanpora, azkar! (Botatzen du. Bakarka geratzen da. Leihotik begira dago.) Zeinen gauza ederra! Euria oso gauza atsegina da parranda baten ondoren. Sendagiletxo hori tipo alaia da. Txoraturik dadukat. Zer nolako begirada sutsuak botatzen dizkidan! (Irrifarrez.) Tira, denbora aprobetxa dezagun, horretarako jeiki naiz eta hain goiz. Xebaxtian haren etxera biali behar dut, errezetaren bila... Bi hitz jartzea ez legoke gaizki. (Esertzen da, papera eta luma hartu, eta idazten du.) Nola hasi ninteke?... “Sendagile jauna”... Buff, zeinen aldrebesa! “Bihotzeko Anastasio...” Anastasio, hori izen ridikuloa! Nola hasi nezake?... Ea horrela... “Nere sendagile maitea”... Horrela hobeto dago! (Idazten jarraitzen da.) “Lehengo eguneko errezeta eskatu nahi nizuke”... (Pentsatuz geratzen da... Gero, bat-batean.) Hau asmakizuna, jauna! Jakina ba!... Nola ez zait lehenago bururatu? (Azkar idazten du, bitartean irri eginaz. Idazten ari dela, xebaxtianek burua agertzen du, eta etxekoandreari harrituta begiratzen dio. Hau sarrerako ateari sorbalda emanik dago, eta ezin lezake morroia ikus. xebaxtian berriz ezkutatu egiten da... eskutitza amaitzean, berekila irakurtzen du.) “Nere sendagile maitea. Xebaxtian hor bialtzen dizut, atzo esan bezala errezeta eman dizaiozun. Zer moduz bart arratseko parranda? Buruko minik ba ahal duzu? Ni sekulan baino hobekiako nago, eta izugarrizko ideia bat bururatu zait. Hona hemen... Nere ustez, errezeta hori egiterakoan hemen inguruan aurkitu ezin litekeen botikaren bat agindu behar zenduke. Egin dezagun kontu... ez Iruinen, ez inguru hauetan aurki ezin litekeen zerbait. Pentsa ezazu, hori horrela izanez gero, zer nolako bentaja. Gasteizen sendagile eta petrekilo ospetsuak omen daude: han bakarrik aurki litekeen botikaren bat agindu ezazu zure errezetan, eta horrela Peruk botika horren bila joan beharko luke... eta ni etxean bakar-bakarrik geratuko nintzake. Zer derizkiozu? Ez ote zaizu ideia ona iruditzen? Edo... agian ez ote litzaizuke neri bakarka bisitatxo bat egitea gustatuko? Nork daki! Gizonekin sekulan ezin liteke gauza garbirik jakin!...” (Azken gauza hauek esaten ari dela, xebaxtianek berriro ere burua agertu egin du, eta harriturik entzuten du.) Zer nolako ideia bitxia bururatu zaidan! Hau da asmakizun fiņa! Berehala bidali behar diot eskutitz hau Mendigarai adiskideari... (xebaxtianek burua azkar ezkutatzen du. mariak bere eskutitza sobre batean sartzen du. Gero deika.) Xebaxtian! Xebaxtian!

XEBAXTIAN: (Gogaitua agertzen da.) Zer dugu?

MARIA: Nola “zer dugu”? Zer erantzuteko era duk hori? Etxekoandreari nolatan mintzatu behar zaio?

XEBAXTIAN: (Oso zeremonialki.) Etxekoandreak zer agintzen dit?...

MARIA: Broma gutxi, eta haiek onak. Tok, eta hoa azkar Mendigarai sendagilearen etxera. Sobre hau eman behar diok, eta erantzunaren zai geratzen haizela esan. Nere botiken errezeta emango dik. Tira, azkar!

XEBAXTIAN: Orain sendagilearen etxeraino joan behar ahal dut? Euri-zaparra honen azpian zeharo blai geratuko naiz!

MARIA: Hago isilik, gizona; euri tanta batzuk besterik ez dituk eta.

XEBAXTIAN: Nola euri tanta batzuk? Izugarrizko euritea ari du eta!

MARIA: Ezetz, ba, ezetz!... Laster eguzkia aterako duk.

XEBAXTIAN: Gainera nik orain nagusiari lagundu behar diot.

MARIA: Nagusia oraindik ohean zegok. Buruko mina zedukak. Lukainkak kalte egin zioan.

XEBAXTIAN: (Irrifarrez.) Lukainkak ala ardoak?

MARIA: Hago isilik, lotsagabea! Hiri zer axola zaik hori guztia? Aski diagu, eta aski, behin eta betirako! Alde azkar, oraintxe bertan, agindutakoa betetzera, bestela nagusiak bizkarra ongi berotuko dik.

XEBAXTIAN: Banoa, banoa... (Sobrea hartzerakoan bere atzaparretan zimurtzen du.)

MARIA: Kontuz ibili hadi, astoa! Sobrea zimurtzen ari haiz ta...

XEBAXTIAN: Hori ere ba ahal dugu ba!

MARIA: Alde azkar! Eta badakik, errezetaren zai egon behar duk. Entzun?

XEBAXTIAN: Bai, bai, bai! (Aterki handi bat hartu eta badoa.)

MARIA: (Atetik deituz.) Adizak, Xebaxtian! Herrira heltzean hoa seroraren etxera eta Maria Elizegiren partetik esaiok Urdiaingo ama birjinari kandela bat pizteko!... (Atea hesten du. Gero kantuz:)

                        “Urdiaingo Andra Maria guzitan seinale,

                        pribilijioak gordetzen dirade,

                        zazpi giltzen artean daude.

                        Hala ere haietatikan bida gureak dirade.

                        San Pedro zeru altuko giltzaren jabea

                        goizean mezea ta arratsean saldea.”

 

(Farrez doa. Agertokia hutsik geratzen da, eta ondoren peru sartzen da.)

 

PERU: Hau astakeria! Laster bazkal-ordua, eta ni oraindik ohean. Hau desastre lotsagarria! Izan ere, bart arratsean ederra harrapatu genduen. Soldaduzka bukatu nuenetik ez dut atzo hainbeste ardo sekulan edan. Mariak zer esango ote du? Haserre egongo da... Hau buruko mina! Badirudi berrehun kiloko harria gainean daramadala... Etxe hontako jendea non sartu ote da? Ukuilora buelta bat eman beharko dut, ea Xebaxtianek gauzak txukundu ote dituen. (Oinetakoak jantziz.) Euria ari duela dirudi... Hau kankarra daramat! Beste hogei urtetan ardoa edaterik ez dut pentsatzen. Kalte egiten dit, eta gainera triste jartzen nau. (Kantuz:)

                        “Ai, ardua, ai, ardua!

                        gizonaren inganiua.

                        Biga-bostetan galerazi deitak

                        gauko lua,

                        bai eta bibaramunian

                        lanialako gogua...”

            Zergatik ote nago gaur hain triste?... Tira, banoa, ea hor zehar norbait ote dabilen. (Irtetzera doa, baina une hortantxe, ura dariola, xebaxtian sartzen da; aurpegi maltzurra dakar.) Arraioa! Nondik hator hi?

XEBAXTIAN: Ni? Herritik!

PERU: Herritik? Eta nork bialdu hau herrira?

XEBAXTIAN: Etxekoandreak.

PERU: Mariak? Zer gertatzen da ba.

XEBAXTIAN: Gertatu, gertatu... zerbait bai, baina ez da deusik gertatzen.

PERU: Zer? Zer duk gertatzen den baina gertatzen ez den hori? Zer nahasketa dituk horiek? Jakin ahal liteke non egon haizen?

XEBAXTIAN: Mendigarai sendagilearen etxean.

PERU: Sendagilearen etxean? (Urduri.) Nere emaztea gaixo ahal zegok ba?

XEBAXTIAN: Ez, ez jauna. Ez da hori.

PERU: Zer duk ba gertatzen dena?

XEBAXTIAN: Ba, ezer ez. Etxekoandreak sendagilearen etxera bidali nau errezetaren bila.

PERU: Izan ere, egia duk! Ahaztuta nengoan... Tira ba!

XEBAXTIAN: Seroraren etxera ere bidali nau, ama birjinari kandela bat piztu dizaion eskatzera.

PERU: Kandela bat? Osasuna eskatzeko izango duk. Emakumeen kontuak... Errezeta hor ahal daukak?

XEBAXTIAN: Hemen daukat, bai. Eta hortaz gainera, sendagileak zuretzat idatzitako paper bat ere bai.

PERU: Zerbait txarrik gertatzen ote duk?

XEBAXTIAN: (Maltzur.) Zerbait txarra, bai... Nahiko txarra!

PERU: Zer esaten ari haiz hor ahapeka? Tira, ekatzak paper hori.

XEBAXTIAN: Tori. (Ateratzen du, eta ematen dio.)

PERU: (Irakurriz.) Tira ba! Dirudienez ez dago deus txarrik... Uste nuen ba... (Berriz irakurriz.) Paper hau sendagile jaunak idatzi ahal du?

XEBAXTIAN: Bai jauna, nere aurrean. Eta farrez jardun da.

PERU: Farrez? Zer dela eta?

XEBAXTIAN: (Adierazkor.) Arkakusoren batek kozka egingo zion.

PERU: (Ipurdian ostikoz jotzen du.) Hago isilik, tunante alena! (Lehengo papera berriz irakurriz.)

XEBAXTIAN: (Bitartean emeki kantatuz:)

                        “Madama Elizegi ohean dago eri

                        nor du serbitzari?

                        Musiu delako hori, tra-la-la...”

PERU: (Entzun egin du.) Lotsagabe arraioa! Zer ari haiz kantatzen?

XEBAXTIAN: Ni?... Ezer ez, ezer ez.

PERU: Hik badarabilkik buruan zerbait. Aspertua natxeok txorakerietaz! Zer kantatzen ari hintzen? Kanta ezak berriz berehala! (morroiari zintzurretik heltzen dio. xebaxtianek, orain beldurti, lehengo kanta bera kantatzen dio.) Lotsagarri zikina! (Beste ipurtzuloko bat ematen dio.) Nork erakutsi dik kanta txepel hori?

XEBAXTIAN: Barkatu, jauna... Nik ez nuen ezer txarrik esan nahi.

PERU: Etxetik botako haut, atorrante zikiņa! Alde nere bistatik! Ospa ukuilura! Eta bihar goizerako zamariak prest eduki itzak. Bihar goizean goiz Gasteiza lagundu behar nauk; biaje luze bat zedukagu.

XEBAXTIAN: Hori ez, nagusi jauna, hori ez!

PERU: (Harrituta.) Hori ezetz? Eta zergatik ez?

XEBAXTIAN: Ba... ba... ezin litekelako!!

PERU: Broma gutxi eta haiek onak, zintzurra bihurtzea nahi ez baduk! Bihar goizeko zortziretan Gasteiza abiatzen gaituk, eta ez nadila hiri itxoin beharrean aurki... Botika batzuren bila joan behar diagu. Hona zer dioen sendagile Mendigarai nere adiskideak. (Irakurriz.) “Peru, adiskide maitea, atzo agindu bezala, hona hemen zure emazteak behar dituen sendagaien errezeta. Esan nizun zure emaztearen eritasuna ez dela oraingoz gauza grabea; hala ere, eta berehalatik zaintzen ez badugu, geroagora izan liteke. Zure emaztea sendatzeko sendagairik hoberenak belar egosi batzuk dira; horiez, hilabete barru zeharo sendatua legoke, mintxuri eta oinazerik gabe. Baina, zoritxarrez, belar horiek ez daduzkat nik, eta ez dut uste hemen inguruetako sendagileek izango dituztenik. Horregatik, nere ustez, hoberena, Gasteiza heltzea zenduke. Han, Tellerigile deitzen den karrikan, nik ezagutzen dut Zizario Belarmin deitzen den petrekilo bat. Esaiozu nere partetik zoazela, eta hor errezetan ipinitako belar horiek emateko. Ez dizu garesti kobratuko; gizon ona da, eta nere aspaldiko laguna. Belar horiez, zihur nago, zure emaztea berehala sendatuko dugula; baina tratamendua atzeratzen badugu, ez dakit zer gerta litekeen. Lagun bezala mintzatzen natzaizu; nere iritzia hori da. Pentsatzen dut zure emaztea sendatzeko ahalegin osoa egingo duzula. Beste gabe, zure lagun, Anastasio Mendigarai.” (Hau guztia entzun duelarik, xebaxtianek mila aurpegi jarri ditu: harritua, izutua, irrifartsua, etabar.) Ikusten? Bihar goizean goiz atera behar diagu. Mariari esatera noa. Hik bazkaria presta ezak.

XEBAXTIAN: Barkatu, Peru jauna, baina...

PERU: Orain zer gertatzen duk?

XEBAXTIAN: (Zeharo erabakia.) Nik badakit mukizu bat naizela, eta gauza hauetaz tutik ere ez dudala ulertzen, baina...

PERU: Zer diskurso dituk horiek?

XEBAXTIAN: Gainera ni morroi bat besterik ez naiz, eta ez nuke horrelako istiluetan sartu behar, baina...

PERU: Utzi bazter batera inguru-minguruak, eta esazak behingoz zer gertatzen den!

XEBAXTIAN: Ba... Egia esan... ez dakit nola hasi.

PERU: (Kezkatua eta arreta jarriz.) Zerbait grabea gertatzen ahal duk, Xebaxtian?

XEBAXTIAN: (Errespeto handiz.) Ba... begira jauna... Zu ez ahal zara ezertaz konturatu?

PERU: Ezertaz? Zer duk ezertaz hori?

XEBAXTIAN: Zeure emaztearen gauza hortaz.

PERU: Nere emaztearen gauza hortaz? Itxoin, atea istera niak. (Isten du.) Mintza hadi klarki: zer gertatzen zeiok nere emazteari?

XEBAXTIAN: Ba... sendagilea... eta Gasteiza joateko asmo hori... eta belarrak... eta...

PERU: Hi erotu egin haiz, edo erotu egin nahi nauk! Nere emaztea, sendagilea, belarrak... Gasteizako bidaia. Eta zer, zer duk gertatzen gauza guzti horiekin? Mintza hadi, mesedez!

XEBAXTIAN: Nik... nik ez dut ezer asmatu. Nik ikusi dudana eta gaur goizean etxekoandreari entzun diodana besterik ez dakit.

PERU: (morroia astinduz.) Zer entzun diok hik etxekoandreari?

XEBAXTIAN: Berak... bakarrik zegoela uste zuen, baina ni atearen atzean nengoen. Sendagileari idatzi dio, eta papera eramateko agindu dit.

PERU: Hori bazekiat! Errezetaren bila bidali hau.

XEBAXTIAN: Hori, hori!

PERU: Nola “hori, hori”? Baina hi erotu egin ahal haiz?

XEBAXTIAN: Ez, nagusi jauna! Berak honako hau idatzi dio sendagileari: “Ez ahal litzaizuke gustatuko nere senarra Gasteizen dagoen bitartean neri bakarka bixita bat egitea?”

PERU: (Zuri-zuri.) Berriz! Esaidak berriz hori! Gezurretan ari bahaiz akabatu egingo haut. Zin egiten diat!

XEBAXTIAN: (Bere nagusia horrela ikustean zeharo ikaratua.) Nik... baina nik ez nizun horrelako disgustorik eman nahi.

PERU: Hori guztia hik asmatu duk, dohakabea!

XEBAXTIAN: (Negarti.) Ez nazazu jo! Ez nazazu jo!

PERU: Guztia hik asmatu duk, ez da?

XEBAXTIAN: Ez... ez... ez jauna! Nik entzun egin diot! Eta gero farre egin du.

PERU: (Zeharo txunditua, ximistak jo balu bezala.) Ezin liteke izan... Nola izango da ba hori horrela? Mendigarai, nere adiskidea... eta nere emaztea! Baina nola zekien honek Gasteizeko bidaiaren berri? Esplikazioren bat nonbait egon behar du, jakina baietz! (Lasaituago, morroiari.) Tira, tira, lasai hadi. Eta ahaztu ezak istilu hau guztia... Zerbait gaizki ulertuko huan. (Gero eta lasaitzenago.) Tira, mutil, goazen bazkaltzera. Berotu ezak bazkaria eta esaiok nere emazteari mahaira etortzeko. xebaxtian badoa, eta peru bakarrik geratzen da, pentsakor.) Ikaratu egin naiz... Tonto arraioa! Mutil-kozkor horrek burua historioz betea daduka; hegoak moztu beharko dizkiot... Eta nere emazteari... esplikazio bat eskatu.

MARIA: (Sartuz.) Kaixo, Peru! Goiz guztian elkar ikusi gabe! Ongi lo egin ahal duzu?

PERU: Oso ongi. Nahiz eta barda ardo asko xamar edan...

MARIA: (Agerraldi guztian oso xarmanki.) Noizpehinka horrelako bat ongi dago... Gaur ongi aurkitzen ahal zara? Oso kolore txuria dadukazu.

PERU: Ez da ezer, ongi nago... Adizu, Maria, lehentxeago Xebaxtian herritik itzuli da. Enkargu bat ekarri du neretzat sendagilearen partetik.

MARIA: (Ezjakin papera eginaz.) Errezetaren bat, agian?

PERU: Bai; baina errezeta berezi xamarra. Gasteizen bakarrik topa nitzakeen belar batzuen errezeta...

MARIA: Gasteizen?

PERU: (Zerbait jakin nahian.) Zuk ez ahal zenekien ezer ere Gasteizkoari buruz?

MARIA: Nik?... Ez! Nik nola jakin nezakeen horrelakorik?

PERU: Ez, ez... Xebaxtian txorakeria batzu esaten jardun zait; zuk lehen Gasteiz aipatu ote duzun edo...

MARIA: (Berekila.) Ume alua! (Disimulatzen.) Nik Gasteiz?... A, izan liteke! Bai, baietz uste dut... (Garrantzia kendu nahiz.) Ez ahal zara oroitzen bart gauean sendagileak Gasteizko petrekilo bat nola aipatu zuen?...

PERU: (Esplikazioa zoriontsu onartuz.) Horrelakorik aipatu ahal zuen? Ez nintzen oroitzen!

MARIA: (Broma eginaz.) Nola oroituko zara ba, Perutxo! Barda harrapatu zenduen mokoiloarekin!...

XEBAXTIAN: (Sartuz.) Hona hemen bazkaria. (peruri.) Etxekoandrearen aginduz, porru-salda, bart arratseko lanbroak txukatzeko.

PERU: Oso ideia ona, bai jauna! (Esertzen dira.) Adi ezak, Xebaxtian, emaztearekin mintzatu nauk eta dena ongi zegok. Beraz, bihar goizean goiz hi eta ni Gasteiza goazik.

XEBAXTIAN: Biok? Eta abereak nork zaindu behar ditu?

PERU: Burdinsoroko Alfontxori abisatuko zioat.

XEBAXTIAN: Baina... gu biok... Eta etxekoandreari zerbait gertatzen bazaio?

MARIA: (Haserre.) Neri ez zaidak ezertxo ere gertatuko, babo arraioa!

PERU: Egia da... agian Xebaxtianek arrazoi duke. Etxean bakarrik zaudela zerbait gerta lizazuke!

MARIA: Ez zaitez zozoa izan, gizontxo. Zerbait gertatu ezkero hauzoko edozeini laguntza eskatuko nioke. Gainera ongi aurkitzen naiz, eta ez zait ezertxo ere gertatuko... Zuri morroiak neri baino askoz ere zerbitzu hobea egingo dizu.

PERU: Bai, hortan arrazoi duzu. Baina zu bakarrik uzteko beldur naiz...

MARIA: Baina, Peru, ez zaitez txepela izan. Txanogorritxu naizela uste ahal duzu ala? Ni etxean lasai-lasai egongo naiz, bordatzen eta irakurtzen. Ez zait ezer txarrik gertatuko. Zuri berriz, hemendik Gasteiza edozer gauza gerta lizazuke. Eguraldi txarra dago, eta bideak lohitsu egongo dira... Bakarrik abiatzen bazara beldurra pasako dut!

PERU: (Kilikatua.) Noiztik axola zaizu hainbeste zure senarraren osasuna?

MARIA: Ez ezazu horrelakorik esan! Gauza bat da noizpehinka senar-emazteen artean istiluren bat edukitzea, eta beste gauza zeharo desberdina ni zutaz ez kezkatzea.

PERU: (Gustora.) Beno ba... Tira! Xebaxtian nerekin eramango dut.

MARIA: Jakina ba! (Musu bat ematen dio.) Tira, goazen bazkaltzen hastera, hontaz gero bazkaria hoztuko zen ta... A, itxoin mesedez! Pastillak neure gelan ahaztu zaizkit.

PERU: Ekarriko dizkizut...

MARIA: Ez dituzu aurkituko. Berehala nator. (Irtetzen da.)

PERU: (morroiari.) Tira ba, guztia entzun duk. Konbenzitu ahal haiz orain, buru?

XEBAXTIAN: Ba ni... egia esan...

PERU: Oraindik horrekin jarraitzen ahal duk?

XEBAXTIAN: Baina, nagusi jauna, ez ote zara konturatzen bera gezurretan ari zaizula? Berak gu biok alde egitea nahi du, etxean bakarrik geratzeko.

PERU: Xebaxtian! Atzaparren artean puskatuko haut!

XEBAXTIAN: Beno, jauna, isiltzen naiz; bestela berak entzun egingo dit. Baina zergatik ez duzu froga bat egiten?

PERU: Froga bat?...

XEBAXTIAN: Bai, jauna; hemen zelatatzeko zerbait asma zazu. Apostu bat jokatuko dizut: nik arrazoi balin badut, mando zuria erregalatu behar didazu...

PERU: Alajaina! Ez duk hik gutxi eskatzen. Eta arrazoirik ez baduk?

XEBAXTIAN: Arrazoirik ez balin badut, nitaz nahi duzuna egin ezazu. Zer... Bale? (Urratsak entzuten dira.)

PERU: Ixo! Hago orain isilik! Bihar bidean goazela erabakiko diagu. Baina sinets hakidak gezurretan ari bahaiz kristoren jipoia hartuko dukala... Sinets ezak, egitan ari nauk eta. Zin egiten diat!

 

(maria sartzen da. Bazkaltzen hasten dira.)