Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
[aurkibidea]

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

(Egunsentia. Gelako erlojuan zazpi t’erdiak. peru eta maria sartzen dira. peru, bidaiarako jantzita. maria, etxebarruko jantzietan.)

 

PERU: Ongi, andretxo, zaitu zaitez ni kanpoan nagoen bitartean... Entzun? Itzulia egun paren bat barru eginen dugu.

MARIA: Zaude lasai, Peru. Ongi aurkitzen naiz.

PERU: Egun osoan etxean egongo ahal zara?

MARIA: Jakina ba! Lasai-lasai josten egonen naiz. Zaude trankil.

PERU: Zin egiten ahal didazu ez diozula inori aterik irekiko?

MARIA: Aterik ireki ez?... Zer ba?

PERU: Zuk esazu; zin egiten ahal didazu?

MARIA: Tira ba, horrek lasai uzten bazaitu... Zin dagizut!

PERU: Mila esker, Maria!... Beno, berandu egingo zaigu. Non dago hori? Xebaxtian! Xebaxtian!!

XEBAXTIAN: (Begiak igurtziz.) Zer gertatzen da?

PERU: Zer gertatzen den?... Ez ahal dakik?

MARIA: Ez ahal duk ikusten berandu dela, zozo arraioa?

XEBAXTIAN: Berandu? Oilarrak oraindik kantatu ahal du ba? Zakurra eta oiloak ere isilik daude...

MARIA: Zer oilo eta zer zakur! Alfer arraioa! Tira azkar, ekar ezak sukaldean dagoen zakotea... Azkar! (xebaxtian badoa.)

PERU: Ez ezazu horrela erabil, emakumea... Oraindik gaztetxo da.

MARIA: Gaztetxo ederra dago hori... Egunen batean jipoi on bat emango diot. Ikusten nago azkenean berandu egingo zaizuela!

PERU: Zaude lasai. Oraindik ez dira zortzirak.

XEBAXTIAN: (Saskiarekin.) Hemen nago.

PERU: Beno, Maria, bagoaz. Zaindu zaitez, e?

MARIA: Jakina ba... Jakina ba...

PERU: (Besarkatzen du.) Bihar arte! Ongi izan...

MARIA: (Aspertua.) Bai, gizona, bai...

PERU: (Badoala.) Agur... Agur!

MARIA: Agur... (peru eta xebaxtian joan dira.) Ufff! uste nuen ez zutela sekulan aldegingo. Xebaxtian horrek apropos egiten duela dirudi. Nere onetatik ateratzen nau. Beldur naiz zerbaiten susmorik ote duen edo... Baina joan dira behintzat, eta azkenean libre nago. Bi egunetarako libre... Eta gaur gauerako! (Kantuz:)

                        “Lagongon Maria gongon

                        xibiri biri gongon

                        Bitoria, Bitoria, xibiri biri gongon.”

 

(Kantaren ondoren, agertokia ilunpean geratu da. Berriro argitzean, lehengo egoera berdina. Bitartean zonbait denbora pasa da. maria harat-hunat ikusten dugu.)

 

MARIA: Tira ba, etxea txukuntzera noa. Bestela, sendagile jaun ospetsua agertzen denean zerritoki bat bezala egonen da. Gure sendagile jauna!... (Gela txukuntzen hasten da.) Horrela hobeki dago... Orain sukaldea txukundu beharko dut... (Irtetzen da. Une batez agertokia hutsik dago. maria kantari entzuten da. Handik laster, bandeja batean gosaria dakarrela sartzen da.) Hau usai goxoa. Gosetua nago. Dirudienez, alaitasunak gosea irekitzen du. (Jaten du.) Zein soineko jantziko ote dut? Ez dakit berdea ala koadroduna jarri. Probatu egin beharko ditut. Xehetasunek garrantzi handia dute. (Gosaltzen amaitzen du, eta ontziak sukaldera daramatzi. Itzultzen da.) Orain orraztu... Atsegingarri aurkituko ote nau? Ile askearekin ala bilduarekin?... Ba, berdin zaio! (Esertzen da eta liburu bat hartzen du.) Ongi berandu dator! (Kantuz:)

                        “Begira nago begira

                        goiko kamiņu barrira

                        noiz etorriko ote den

                        maitea neure herrira.”

            Ea, pentsa dezagun pixka bat. Zer nolako harrera egin behar diot? Ez ote da komeni hasieran hozki agertzea?... Hotzegi ere ezin ager ninteke, jakina. Beste arrazoiak aparte utzita, Mendigarai horrek diru pixka bat badu, eta ongi zaitzea komeni zait... Ea behingoz bizimodu aspergarri hontatik ateratzen naizen! (Urratsak entzuten dira.) Bera ote da?... (Leihotik begiratzen du.) Hala dirudi! (Lehengo lekuan berriro eseriz. Norbaitek kanpoko atea jotzen du.)

SENDAGILEA: (Kanpotik.) Egun on!

MARIA: Norda?...

SENDAGILEA: Ni naiz, Mendigarai...

MARIA: (Irekiz.) Aurrera, Mendigarai, aurrera. Ez zindudan hain goiz espero.

SENDAGILEA: (Kamuztua.) Benetan ahal diozu?

MARIA: Bazkal garaian etorriko zinela uste nuen. Baina horrela hobe, mintzatzeko denbora gehiago edukiko dugu.

SENDAGILEA: Ez dirudi nere bisita asko gustatu zaizunik...

MARIA: Zergatik diozu horrelakorik?

SENDAGILEA: Ez dakit ba... Beste era bateko harrera espero nuen.

MARIA: Nahi baduzu herriko sakristauari kanpaiak jotzea eskatuko diot.

SENDAGILEA: (Muzindua.) Horra ba... Emazteen gorabeherak!... (Zalantzatxo baten ondoren.) Begira, Maria, bazkaritarako oilasko eder bat ekarri dizut, eta zuretzat erregalotxo hau. (Kutxa ttipi bat eskaintzen dio.)

MARIA: (Aurpegiz aldatuz.) O! Nola bururatu zaizu? Ez zenedukan ezer ekarri beharrik... (Kutxa irekitzen du.) Koilare bat!! Koilare zoragarri bat! (Bi musu ematen dizkio.) Mila esker, Mendigarai! Sekulan ez dut hain bitxi ederrik eduki...

SENDAGILEA: (Liluratua.) Ba, ba!... Ez da hainbeste...

MARIA: Nola ezetz?... Baietz ba, benetan diozut ez dudala sekulan hain gauza politik eduki. (Koilarea behin eta berriz begiratzen du.) Ez dakizu azken urte hauetan nola aspertu naizen!...

SENDAGILEA: Izan ere, nola ezkondu zinen Perurekin?

MARIA: Zer nahi duzu ba! Neure aita mikeletea zen, eta zazpi senide ginen... Zenbat gose pasa dugun neronek bakarrik dakit... Eta horrela, egun batetan, Peru agertu zen. Berarekin ezkonduz guztia konponduko zela pentsatzen nuen... Eta orain hemen naukazu.

 

 

SENDAGILEA: (Bere laguna suspertu nahiz.) Tira. Maria, gaur ez dezagun burutapen tristerik erabil. Gaur alai egoteko elkartu gara, eta libre gaude! (Kantuz:)

                        “Senarra dizut ponpoi eta

                        ene sendatzeko uren xerka.

                        Sekulan ez baledi jin

                        kirie kirie a la maison. Kirie eleison.”

MARIA: (Jarraituz:)

                        “Lagongon Maria gongon

                        xibiri biri gongon.

                        Bitoria Bitoria

                        xibiri biri gongon.”

BIOK: (Kantuz:)

                        “Lari lari lari lari, lari sentalari,

                        arratsetan mozkor eta

                        goizetan egarri.”

MARIA: Zer moduz ote dago Zizario Belarmin? Hori da izen bitxia, hori!

SENDAGILEA: Nola bururatu zitzaizun Gasteizako bidaia hori? Deabru bat zara!

MARIA: (Jostakor.) Eta uste ahal duzu Gasteizko belar horiek nere gaitza sendatuko dutenik?

SENDAGILEA: Ez dakit ba... ez dakit ba... Ea, pultso hori! Berrogei, esazu berrogei...

MARIA: (sendagilea liluratuz, jostaketan.) Be - rro - gei! Be - rro - gei! Ja, ja!

SENDAGILEA: Ea, eztul hori... Egizu eztul! Ufff! Txarto, txarto. Oso gaizki zaude.

BIOK: (Kantuz:)

MARIA:

                        “Jaun Barbera, hilen ote niz?

SENDAGILEA:

                        Oi, Maria, hori ez dakit...

                        Egiten duzuia kakarik?

MARIA:

                        Bai, jauna, terrina beterik

SENDAGILEA:

                        Par ma fua! Konten niz:

                        ez zira hilen hontarik.”

MARIA: (Pixka bat lotsaturik.) Tira, sendagile... Burutik zaude.

SENDAGILEA: Adizu, Maria, ezin ahal genezake lehengo gauean Peruk atera zuen ardo bikain hartatik ttantta bat edan? Hura ardoa, rediez!

MARIA: Baliteke bodegan zerbait aurkitzea. Lagunduko ahal didazu?

SENDAGILEA: Lagundu? Bai eta munduaren azken puntara joan behar balitz ere. (Elkarri eskutik hartuta biok kantari doaz... Handik laster, atea irekitzen da.. xebaxtianek burua agertzen du. Bere nagusiari sartzeko keinua egiten dio. peru barrura sartzen da. biok isilka mintzo.)

XEBAXTIAN: Ikusten, nagusi, nola sendagilea hemen dagoen? Esaten nizun nik...

PERU: Eta zer? Horrek zer ikusteko zeukak? Litekeena duk nere emaztea berriro ondoezik egotea. Edo litekeena duk, bai eta ere, Mendigarai, hemendik pasa denean, bixita bat egitera sartua izatea...

XEBAXTIAN: Litekeena da, jakina, litekeena da. Baina...

PERU: Bodegako eskaileretan gora urratsak nabaitzen ditiat. Zer egingo diagu?

XEBAXTIAN: Gorde zaitez, nagusi jauna, eta zer gertatzen den entzun. Ni kanpoan egonen naiz, ate atzean.

PERU: Ez, ez... Ez diat nahi... Nahiago niake ez ikusi.

XEBAXTIAN: Ez ikusteaz zer irabazten duzu?... Hobe duzu gauzak segurutik jakitea!

PERU: Eta jakiteaz zer irabazten duk?

XEBAXTIAN: Gutxienez horixe: egia jakitea.

PERU: Egia. Zertarako diat egia, egia horrek nere bizimodua desegingo badu?... (Urratsak hurbilago.)

XEBAXTIAN: Hor! Hor! (Kutxa erakusten dio.) Sar zaitez hor, eta geldi-geldirik egon! (Sartzen laguntzen dio, eta gero tapa hesten du. Korrika irtetzen da. maria eta sendagilea ardo botilekin sartzen dira.)

SENDAGILEA: Zerua... Hau zerua da! Nafarroako ardoa bezalakorik munduan ez dago. Gora Nafarroa... Gora Santxo Azkarra... Gora Foruak!

MARIA: Edan gabe bete ahal zara?... (Bilatuz.) Sakakortxoa non ote dago... (Tresnaren bila dabil. Kutxaren gainera begiratzen du; azkenik, lurrean aurkitzen du.) Hemen dago... Ireki ezazu botila bat, Mendigarai.

SENDAGILEA: (Irekitzen du.) Zer nolako usai gozoa! Zure osasunerako! (Basoak betetzen ditu.) Tori, Maria, egin dezagun brindisa...

MARIA: Zeren ohorez?

SENDAGILEA: Zure edertasun paregabearen ohorez!

MARIA: O! O! Ez da makala...

SENDAGILEA: Beno; bion osasunerako esan beharko.

MARIA: Eta neure senartxoaren osasunerako; Gasteizen egun eder bat igaro dezan...

SENDAGILEA: Eta Zizario Belarminen osasunerako...

MARIA: Eta munduko petrekilo guztien osasunerako!

SENDAGILEA: Hori, hori! Txin-txin!... (Brindis bakoitzean zurrut egiten dute.)

MARIA: Eta orain dantza gaitezen. Dantzatzen ba ahal dakizu, sendagile?

SENDAGILEA: Dantzatzen? Askorik ez. Zahartu naiz gauza horietarako... Bada hamar urte ez dudala dantzatu.

MARIA: Hamar urte? Ez da broma! Baina berdin zaio, nik erakutsiko dizut.

SENDAGILEA: (Zalantzan.) Ez dakit ba... ez dakit ba... Beno, ea, egin dezagun froga... (mariak “vals” baten doinua tarareatzen du. Berehala, sakonetik musika bat entzuten da. Hasieran geldi, emeki; gero eta azkarrago. sendagileak, oso baldar, ahal duena egiten du. Saltoka, ostikoka, estrapuzoka dabil... Gorritzen dira, arnas-larritzen dira, eta azkenean zeharo nekatuta bukatzen dute. maria alfonbraren gainean esertzen da... sendagilea, kutxaren gainean.)

MARIA: Sekulan ez nuen pentsatuko hain aldrebesa zinenik...

SENDAGILEA: Ez naiz hain aldrebesa... Ikusiko duzu...

MARIA: Zer da ikusiko dudana?...

SENDAGILEA: A! Ikusiko duzuna! (mariarengana hurbildu nahi du. Hau salto batean farrez altxatzen da.)

MARIA: Berandutzen ari zaigu... Oilaskoa labean sartzera noa, gorri-gorri jar dadin... (Badoa. sendagilea bakarrik gelditzen da.)

SENDAGILEA: Emakume honek nere onetatik atera egingo nau! Izan ere... ez da broma! Hau emakumea! Dantza egin erazi dit... Nori, eta neri... Buff!

MARIA: (Sartuz.) Zer, Mendigarai? Goserik ba ahal dugu?

SENDAGILEA: Gosea ez dakit, baina egarria bai behintzat... Dantza horrek zintzurra legor utzi dit... Hori txorabioa!

MARIA: Ba! Hori entrenamendu falta da. Ez didazu esango hain zahartua zaudenik.

SENDAGILEA: Zahartua? Zahartua ni? Ez eta inondik ere. Bigarren gaztearoan, sekulan baino hobeto... Ikusiko duzu.

MARIA: “Ikusiko duzu”, “ikusiko duzu”... Ez dakit zer ikusi beharko dugun. (sendagilea berriro hurbiltzen zaio.) Geldi! Ja, ja!... Oilategira noa, arrautza batzuen bila; berehala nator...

SENDAGILEA: Hau emakumea! Arraioa! Eskatzen didan guzti-guztia kunplituko diot... Nola ez! Buff! Edan dezagun beste ttantta bat.

MARIA: (Berriro sartzen da. Mantalean arrautzak dakartzi.) Begira zer nolako arraultza ederrak... Zer deritzaizu?

SENDAGILEA: Zu bai ederra, zu!

MARIA: (Arraultzak sukaldera daramatzi. Handik kantari dator. Kantuz eta dantzaz:)

                        “Peru gurea Londresen

                        zingulun-larrak ekartzen...

                        Hura handikan etorri arte

                        gu biok dantza gitezen.

                        Ai, hori egia! Zingulun-zangulun Maria.”

SENDAGILEA:

                        Kaponak daude erretzen

                        oilaskoak mutiltzen.

                        Ez din hark asko orai pentsatzen

                        hemen garenik dantzatzen.

                        Ai, hori egia! Ira-jira-bil, Maria.”

MARIA: Sukaldera noa; berehala nator... (Ateratzen da. Handik pixka batera urratsak nabaitzen dira. sendagilea atearen atzean gordetzen da, bueltakoan maria besarkatzeko asmoz. Atea irekitzen da... sendagileak xebaxtian besarkatzen du. Sustoaz, bazterreko sila batean eserita geratzen da.)

SENDAGILEA: Hi!... Zer egiten duk hik hemen?

XEBAXTIAN: Nik? (Adarra joaz.) Egon!

SENDAGILEA: Baina ez hintzen ba Gasteiza aldegina?

XEBAXTIAN: Eta zer? Itzuli naiz!

SENDAGILEA: Eta hire nagusia?... Peru?...

XEBAXTIAN: Peru? Gasteizko bidean egongo da, noski.

SENDAGILEA: (Lasaituz.) Eta... hi nola ez hago berarekin?

XEBAXTIAN: (Ausarki.) Eta zuk? Zuk zer egiten duzu hemen?

SENDAGILEA: (Dintasuna gorde nahiz.) Nik? Zera egingo diat! Hire etxekoandrea gaixotu egin duk, eta zaintzera etorri nauk.

XEBAXTIAN: Zaintzera, e?... Extekoandrea zaintzera beraz...

SENDAGILEA: Bai, jauna! Zer irrifarre lotsagabe duk hori?

XEBAXTIAN: (Tematua.) Hau oilasko usai goxoa! Arraioa! Tratamendu ona jarri diozu, dirudienez... (Ohartuz.) Eta nere nagusiaren ardoa... Arraioa! Arraioa!

SENDAGILEA: Hire etxekoandrea bizkortzeko botilatxo bat ireki behar izan diagu. Erdi-txorabiatua zegoan eta...

XEBAXTIAN: Txorabiatua? Emozioaz ez zen ba izango?

SENDAGILEA: Adizak!... Baina, zer ari haiz esaten?...

            Errak! Nola itzuli haiz? Eta nagusia... non zegok?

XEBAXTIAN: (Kantatuz eta dantzatuz, sendagilearen parodia eginaz:)

                        “Nagusia Bitorian, plazako ostatu berrian.

                        Larrugorrian osorik sartu zait saski erdian.

                        Ai, hori egia! Ira-jira-bil, Maria!”

SENDAGILEA: Saski? Zer saski? Eta hik nola dakik kanta hori?

XEBAXTIAN: Belarriak eta begiak erne ibiliz gero, gauza asko ikus eta entzun liteke... (maria imitatuz, faltsetezko abotsaz.) “Peru gurea Londresen”...

SENDAGILEA: (Zuri-zuri gelditzen da.) Orduan... hik dena dakik! Errak, zer dakik?...

XEBAXTIAN: (Lasai eta gaizto.) Nik dakidana dakit... eta ez dakidana, ez dakit.

SENDAGILEA: (Erabakia harturik.) Begira, mintza gaitezen gizonetik gizonera. Hik hemendik aurrera ezer ez dakik. Ez duk ezertxo ere ikusi. Ez duk ezertxo entzun. Ulertzen ahal didak? Eta hire isiltasunaren truke... (Diru poltsa bat ateratzen du.) Zilarrezko diru hauen txintxina entzuten ahal duk?... Zer deritzaik!...

XEBAXTIAN: Zenbat diru emango zenidake?

SENDAGILEA: Ongi iruditzen ahal zaizkik zilarrezko ehun duro?

XEBAXTIAN: Ehun duro besterik ez?

SENDAGILEA: Zenbat ba?... Berrehun? Hirurehun?... (xebaxtian isilik.) Zenbat behar duk! Esazak, mesedez!... (Zeharo kezkatua eta bere onetik aterea.) Mila duro!! Aski ahal dituk mila duro?...

XEBAXTIAN: Ongi dago. Baina oraintxe bertan.

SENDAGILEA: Oraintxe bertan ezingo diat eman! Hemen ez zedukat hainbeste diru!... To orain hau, eta bihar bertan falta dena osatuko diat! (Poltsa luzatzen dio.) Badakik tratua zer den, entzun? Hitzik ere ez!

XEBAXTIAN: Bai, bai; lasai! Nik ez dut hitz bakar bat ere esango... (Kutxaren ondora doa, eta tapa jasotzen du. peru irtetzen da... sendagilea beldurrez gogortua eta espantuak hartua geratzen da.)

PERU: Kaixo, lagun... Hitz bat ere ez ahal didak esan behar?

XEBAXTIAN: Nik... (Ez da hitz bakar bat esateko gauza.)

PERU: Zer egiten duzu hor tente? Fantasmak ikusi ahal dituzu? Hobe zenduke bai zuk ni ikusi baino fantasmak ikusi... Baina ez, ni naiz; eta ez fantasma, hezur eta haragizko gizona baizik. (Haserretzen doa.) Hemen nago, bai! Peru ber-bera! Eta bizirik, bizi-bizirik! Urde zikina... Lagun txar eta sendagile txepela... Lapurra! Zerri arraioa!... Bertan akabatuko haut! (Beregana doa. xebaxtian tartean jartzen da. Mendigarai zoko batean erdi-eroria dago.)

XEBAXTIAN: Nagusi! Nagusi!...

PERU: (Baretuz eta hozki.) Arrazoi duk, mutil. Ez dik akabatzerik merezi... Nazka ematen didak, Mendigarai.

SENDAGILEA: (Abots ari batez.) Ez da hainbesteraino, Peru... Ongi pentsatzen jarrita, nik ez dizut ezer lapurtu. Bati eskaintzen diotena hartzea ez da lapurreta.

PERU: Eta oraindik horrela mintzatzera ausartzen ahal zara? Zoaz, zoaz nere etxetik. Alde egin ezazu behin betirako... Eta herritik ere bai... alde egin ezazu herri hontatik, bestela nik nere neurriak hartuko ditut. Kanpora!...

SENDAGILEA: (Ausardi pixka bat bildurik.) Gauza gogorrak esaten ari zara, Peru... Gauza gogorregiak...

PERU: Joan zaitez hemendik! Ez duzu oilarratarako balio... Lumak azkarregi bustitzen zaizkizu... Kanpora hemendik! Azkar!! (mendigaraik abrigoa eta sonbreroa hartzen ditu... Begiratzera ausartu gabe, kanpora aldegiten du. peru bazter batera begira dago, malkoak txukatuz. Handik laster, morroiari...) Xebaxtian...

XEBAXTIAN: Nagusi!

PERU: Ez diat nahi negarrez ikus natzaan. Ez diat oroitzapen tristerik nahi. Har hitzak hire tresnak eta itzul hadi baserrira, hire gurasoen etxera. Egun batzu barru diru puska bat bidaliko diat, beste lan bat aurkitu artean bizibidea izan dezaan. Apustua ongi irabazi duk. Baina hoa hemendik, mesedez. Eta ez hakiok sekulan inori hemen gertatutakorik konta... (Kantuz:)

                        “Ene mutiltxo txoria, hik esan eustan egia,

                        medikuarekin dantzatzen zela

                        nere emazte Maria.

                        Ai, hori egia! Hiretzat mando zuria!”

            Agur, Xebaxtian. Ongi izan!...

 

(xebaxtianek tristeki begiratzen dio, burua igurtziz. Azkenik, badoa... Sukaldean kanta bat entzuten da. peruk aurpegi normala jartzeko ahaleginak egiten ditu. maria kantari sartzen da. peru ikustean, ikarak hartuta geratzen da.)

 

MARIA: Zu!...

PERU: (Ezer ez baleki bezala.) Kaixo, Maria!

MARIA: Zu? Zu hemen?

PERU: Bai, ni naiz!... Zerk harritzen zaitu hainbeste?

MARIA: Bakarrik ahal zatoz?

PERU: Jakina ba! Norekin etortzea nahi duzu?

MARIA: (Arropategira begiratuz.) Ez ahal zeunden beste norbaitekin?... Ez ahal duzu inor topatu?...

PERU: Ez... Nor topatu behar nuen ba?

MARIA: (Lasaitzenago, arnasaldi sakon bat boteaz.) Inor ez, inor ez... Sukaldetik norbaiten abotsa entzun nuela iruditu zait... Baina, ekatzu musu bat. (Musu ematen dio.) Zer gertatu zaizue? Nola zatoz hain azkar? Eta Xebaxtian?... (Sofa zabalean esertzen dira.)

PERU: Ba, begira... Bideak oso txarrak topatu ditugu, lokatzez josiak. Izugarrizko euritea ari zitzaigun bide guztian, eta Lakuntzan elurra hasi du... Horregatik, etxera itzultzea erabaki dugu.

MARIA: Ongi egin duzue!... Eta Xebaxtian, non utzi duzu?

 

 

PERU: Xebaxtian bere baserrira bidali dut... Hor esan didatenez, anaia zaharrena gaixorik omen dauka, eta bere laguntza etxean ongi hartuko dutela pentsatu dut. Egun batzuk etxean pasako ditu... Axola ahal zaizu?...

MARIA: Bai, zera! Ongi egin duzu. Balio duenagatik...

PERU: Ez da mutil txarra, Maria, ez da mutil txarra...

            Gaztetxoa oraindik. (Mahai gainera begiratuz.) Baina, zer ikusten dut?... Ardo botila bat ireki ahal duzu?

MARIA: Zer nahi duzu ba! Hain bakarrik sentitzen nintzen eta... animo pixka bat behar nuen zu itzuli arte. (senarrarengana hurbiltzen da, maitekor.) Zu gabe ezin naiz bizi, Perutxo!...

PERU: (Besarkatzen du, urrutira begiratuz.) Benetan, andretxo?

MARIA: (Irrifarre engainagarri batez.) Benetan, gizontxo... (biak han geratzen dira. Teloia poliki-poliki hesten doa. Bitartean, honako kanta hau entzuten da:)

 

                        “Gure oilanda nabarra,

                        kurkubil eta xabala.

                        Oilarra etxean denean

                        zertan joaten da landara?...

                        Ai, hori egia! Ira-jira-bil, Maria!”