Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
[aurkibidea]

 

3. BIZITZEN IKASTEN

 

(Agertokian ate bat baino ez dago. Erdi ilunpean agertuko da espazio osoa. Urrunean, musika entzungo da. Atea irekitzen den bakoitzean, musika askoz ere ozenago entzungo da, eta argia sartuko da bertatik. Atetik urrun, kalea argiztatzen duen farolaren moduan, argifoku batek, esparru zehatz bat argiztatuko du. Antzeko beste foku batek, atearen aurrea argiztatuko du. Argiztatutako espazio hauetan kokatuko dira aktoreak hitz egiten dutenean).

(Halako batean, atea irekiko da eta bertatik, hamazortzi urte inguruko joanes aterako da, belarriak estalita dituela. Atea itxiko du, eta musika berriro urrun entzungo da. Arnasa sakon hartuko du, lasaitasuna sentituz. Argiztatutako urruneko gunera joango da. Han, gerri bueltan lotuta daukan jertsea janzteari ekingo dio.

Segidan, atea irekiko da berriro ere. mikel aterako da, mikel gaztea. Bizi-bizi dator, saltoka. Atea irekita utziko du. joanes ikusi eta berarengana abiatuko da. Hitz egiten hasiko zaio, baina joanesek, dantzalekutik datorren musika dela eta, ez dio ezer entzungo).

 

MIKEL: Joanes! Zer egiten duk hemen? (Barrez).

JOANES: Zer esaten ari haiz?

MIKEL: Zer?

 

(joanes, ateraino hurbildu, eta itxi egingo du. Berriro, argiztatutako urruneko gunera hurbilduko da).

 

JOANES: Zer nahi duk, Mikel?

MIKEL: Hire bila etorri nauk, txo. (Eskuak bizi astinduz).

JOANES: Ondo nagok hemen.

MIKEL: Baita zera ere! Hire urtebetetzea ospatzera etorri gaituk, eta hi hemen kanpoan lelo moduan... Goazemak!

JOANES: Ezetz ba, Mikel. Nigatik, ez genian nire urtebetetzea ospatuko.

MIKEL: Zer esaten ari haiz? Hamazortzi urte handi bete dituk eta! Ikusiko duk zer nolako festa antolatuko dugun nire urtebetetze egunean! Hilabete baino ez duk falta. A ze gaua pasatuko duguna! Iufiiii!! (Saltoka).

JOANES: Imajina zezakeat, bai. Segi iezaiok barrura, arnasa hartu beharra zeukaat eta.

MIKEL: Ezetz ba, Joanes. Utzi hitzak hire paranoiak biharko, eta gaurkoz behintzat, portatu adi besteok bezala. Zer demontre...

JOANES: Astelehenean lanean hasi behar diat, eta argi egon nahi diat. (Aitzakiaren bat bilatu nahian).

MIKEL: (Barrez). Ja! Ja! Ja! Zer esaten ari haiz? Ez duk ba pentsatuko, noria batean bueltaka ibiltzeak sekulako ahalegina eskatzen duenik, ezta?

 

(mikel, atearen ondoko argigunearen, eta joanes dagoen argigunearen artean mugitzen hasiko da, bizi-bizi. Gorputza gora eta behera, alde batera eta bestera mugituz , noriaren mugimenduak imitatuz).

 

JOANES: (Adiskidearen jardunak ez dio batere graziarik egiten). Utzi nazak bakean!

MIKEL: (Hurbilduz). Akaso gezurra esan al diat, Joanestxo?

JOANES: Hara, txiki-txikitatik gaituk lagunak, eta betidanik iruditu zaik hiri barregarria noriaren kontu hori. Nazkatuta nagok, Mikel. Niretzako garrantzitsua den heinean, nire laguna haizen partetik, hiretzako ere izan beharko likek. Eta ez baduk, gutxienez, errespeta nazak.

MIKEL: Et, et, et... Ez adi horren serio jarri, motel. Adarra jotzen ari ninduan.

JOANES: Horregatik, Mikel, horregatik.

MIKEL: Hi, hire adiskide bakarra nauk, eta ederki zakiat nolakoa haizen.

JOANES: (Serio). A bai? Nolakoa nauk ba?

 

(Isilunea).

 

JOANES: Ondo ezagutzen banauk, zertara zetorrek isilune hori? Arraroa naizela datorkik burura, baina ez haiz hori esatera ausartzen. Ez al duk hala?

MIKEL: (Serio jarriko da une batez). Lasaitu adi, ados? Nik, bazekiat nolakoa haizen, eta bai, arraroa haiz, eta nik esan gabe ere badakik hori heuk. Baina hemen, denok zeukaagu zerbait besteengandik desberdintzen gaituena, eta ez diagu bizitza osoa horri begira pasatzen. Hala duk, eta kito. Hik, jendea, gupida sentitzeraino makaltzen duk hire ukitu transzendentala dela eta. Jendeak ez hau ulertzen, eta hala ere, beti kontu beraren bueltan jarduten duk, besteez pentsatu gabe.

JOANES: (Bere laguna horren serio sumatuta, harrituta). Ezin diat ekidin. Ez duk pentsatzeko era, izatekoa baizik, bizitzekoa.

MIKEL: Eta zer?

JOANES: Ni ez nauk inori pena ematen sekula saiatu izan.

MIKEL: Hara, txikia hintzela, grazia egiten huen. Hire hitz egiteko modu hori, esaten hituen aldrebes... kontu horiek... Bai, grazia egiten huen. Baina heltzen joan haizen neurrian, kezka baino ez duk sortu hire inguruan.

JOANES: Zer diok?

MIKEL: Hire gurasoak, zer? Ikusten al duk nola dauden? Ez esan ezetz, itsua haizela pentsatuko diat eta. Neronek ere ikusi zezakeat eta! Pentsa! Zeinek, eta nik! Ja! Jarri al haiz pentsatzen zergatik dauden horrela?

JOANES: Mikel, beren arazoak izango ditiztek...

MIKEL: Joanes, mesedez...

JOANES: Bueno, hi, denok ez gaituk berdinak.

MIKEL: Horretan hirekin ados, baina hemen biziko baldin bahaiz, gainontzeko guztiokin batera, badakik hik, bide gehiegi ez dituala izango aukeratzeko. Ez hik, ezta beste inork. Alegia, berdintsu bizi eta sentitu, edo jokatu beharko dugula.

JOANES: Zergatik? (Ezin ulertuta).

MIKEL: Hala egiten ez baduk, arrarotzat ez, erotzat hartuko hautelako, demontre! (Lagunari ulertu arazi nahian).

 

(mikel, deseroso sentitzen hasia dago. Eskua patrikan sartu, eta joanesen ondora joango da).

 

MIKEL: (Eskuan daukana lagunari erakutsiz). Begira ezak hau, Joanes. Etorri adi nirekin barrura eta hemendik apur bat emango diat. Bidaia zoragarri bat eskaintzen ari nauk, txo!!

JOANES: (Eskuan kolpatuz). Alde egin ezak hemendik!

MIKEL: Kristoren bidaia eskaini, eta alde egiteko?

JOANES: Nik ez diat zerrikeria horren beharrik bidaiatzeko Hik, jada, besterik ez huen behar...

MIKEL: Zer, aste buruko kontua baino ez duk... Kontrolpean zeukaat eta gainera, animatu baino ez hau egingo, kalterik batere ez.

JOANES: Utzi nazak bakean. Bazekiat bai, zerk ematen dian hiri halako berba jarioa. Ederra hago hi, niri aholkuak emateko.

MIKEL: Gaurkoz nahikoa hitz egin diagu. Goazen!

 

(mikelek, besotik tiraka ate ondoraino eramango du. joanes, kexu da).

 

JOANES: Mikel, hau hire festa baino ez duk.

MIKEL: Ja! Hire urtebetetzean, nire festa! Suhiltzaileen kamioi hura oparituko diat. Gogoan al duk?

JOANES: Txikitan oparitu nian hura? Mikel, mesedez... (Irribarrea aterako zaio). “Nile kamioia, nile kamioia!!” (Txikitako mikelen hizkera imitatuz, r-ak beharrean, l-ak esanez).

MIKEL: Zer? Ikusten nola ezagutzen haudan? Bazekiat zerk egiten dian grazia... (Atea irekiko du, eta joanes bultzaka barrura sartuko du, musika ozen entzuten den bitartean).

 

(Berehala, joanes aterako da berriro, jertsea kenduz, arnasestuka, korrika baletor bezala. Atearen ondoko argigunean geratuko da).

 

JOANES: Mikel madarikatua! Eta egia dio gainera: neure adiskide bakarra...

 

(Isilune labur baten ostean, atea irekiko da eta segidan itxi. Neska gazte bat agertuko da, izaro).

 

IZARO: (joanes ikusita). Epa.

JOANES: Epa.

 

(Isilunea egingo da. Bata besteren ondoan badaude ere, ez diote elkarri begiratu ere egingo hasiera batean. Gerora, beren begiradak gurutzatzen hasiko dira, erabateko egoera deserosoa sortuz. biei, irribarrea aterako zaie).

 

IZARO: Ederki...

JOANES: Bai...

 

(Isilunea).

 

IZARO: Hor barruko iskanbilatik ihesi?

JOANES: Lagunagandik ihesi.

IZARO: Hi al hintzen jende artean korrika pasatu den hori?

JOANES: Ikusi egin naun, ala?

IZARO: Ziztu bizian pasatu haiz eta!

JOANES: Adiskideak derrigortuta sartu naun, eta nik, jada, nahikoa dinat gaurkoz.

IZARO: Fresko zegok. (Jaka jantziz).

JOANES: Bai, Neroni ere jertsea jantzi eta kendu nabilen. (Zer esan ez dakiela, lotsatuta).

 

(Isilunea).

 

IZARO: Neskatan ala? (Irribarrez).

JOANES: (Erabat moztuta). E? Ni? Ez, ez, ez...

IZARO: Lasai, e! Zerbait esate aldera esan diat. Ez huke arraroa izango, ez?

JOANES: Ezetz? Bai, neska. Ez zaidan burutik pasa ere egin.

IZARO: Ezetz? Bakarra izango haiz. Mutilok, behin adin bat ezkero, besterik ez zenutela buruan hitz egiten egon gaituk afaritan lagunak, eta, begira! Asmatu ez.

JOANES: Ez, ez duzue asmatu.

 

(Isilunea).

 

IZARO: Ondo zegok. Ez diat asmatu. Ea hik asmatzen duan.

JOANES: Asmatu, zer? (izarori lehen aldiz begietara begiratuz).

IZARO: Zer egiten dudan hemen, esate baterako.

JOANES: Ia. Ulertzen dinat. Motzegia naun, eta zerbait esate aldera berbetan ari haiz.

IZARO: (mutilaren erreakzioaz harrituta, irribarrez). Bueno... izan litekek.

JOANES: (Pentsakor). Ea. Lagunekin afaltzera joan haiz eta gero, dantzalekura etorri zarete dantzara. (Asmatu duenaren esperoan, erantzunaren zain).

IZARO: Ez didak ezer berria esan! Hori, neronek esan diat.

JOANES: Ba hori, hik esandakoari atxiki natzaion.

IZARO: Nekatu adi pixka bat...

JOANES: Eta asmatzen ez badinat?

IZARO: Izotza puskatze aldera ari gaituk behintzat...

 

(joanes, oinez ibiltzen hasiko da, urruneko argiguneraino. Han, pentsakor geratuko da. izaro, poliki-poliki hurbilduko zaio, eta ondoan jarri. joanesek, pentsakor jarraituko du, eta bat-batean, oihu egingo du, izarori sekulako sustoa emanez).

 

JOANES: Bazekinat!

IZARO: Ai ama! (Sustoa hartuz).

JOANES: (Ipuin bat kontatzen ari balitzaio bezala). Adiskideekin afaltzera joan haiz. Konforme. Gero, zinera joateko asmoa bazenuten ere, zuek ikusi nahi zenuten filmerako sarrerarik ez, eta kaian buelta eta erdi eman eta gero, mutil koadrila batekin topo egin duzue eta zerbait hartzera gonbidatu zaituztete...

IZARO: (Moztuz). Ja! Zer diok?

JOANES: (izarori jaramonik egin gabe). Tabernak itxi dituzte, eta artean, zuek, etxera joateko gogorik ez, eta irekita dagoen dantzaleku bakarrera etortzea erabaki duzue, mutil koadrila eta guzti.

IZARO: (Barrez). Ja! Ja! Irudimena badaukak, edo alkoholak garunak berpiztu ditik.

JOANES: Alkohola izango dun. Garagardo bat edan dinat, eta hori izango dun. (Lotsatuta).

IZARO: Bakarra? Ez duk orduan garagardoa, ez, ez. Adar jotzaile ederra eginda hago hi! (Irribarrez). Niri, ez zaidak garagardoa gustatzen.

JOANES: Ez, e? (Zer esan ez dakiela).

IZARO: Zerbait gozoa nahiago.

JOANES: (Eskuak patrikan sartuta). Mendazko txikle bat bazaukanat, nahi badun... (Eskainiz).

IZARO: Edariaz ari ninduan, baina bai, eskertuko diat. (Txiklea hartuz). Ez zaidak gehiegi gustatzen, gauez, txiklearekin ibiltzea dantzaleku honen inguruan, baina bueno...

JOANES: Um? Ia. Gauez kariesak, gehiago erasaten din, ezta?

IZARO: Kariesak ez, mutiko, gameluek. (Barrez). Barregarria haiz gero!

JOANES: (Pentsakor). Gameluek? Hemen? Noiz?

IZARO: (Urrunera seinalatuz). Ikusten al duk han bidearen beste aldean dagoen hura? Hura gamelu bat duk.

JOANES: Hura? (Harrituta). Gizon bat dela esango niken ba...

IZARO: (joanesi begira, harrituta). Ze izen duk?

JOANES: Joanes.

IZARO: Izaro. Urte askoan. Orain, esaidak: Benetan ez dakiala zer den gamelu bat?

JOANES: Desertuko animalia horietako bat, ez?

IZARO: Bai, eta droga saltzailea ere bai.

JOANES: Ostia! (Eskuarekin ahoa estaliz. Lehenago jabetu ez izanaz lotsatuta).

IZARO: (Barrez). Ahoa erabateko mugimenduan badarabilkik, eta ur botila bat eskuan hartuta, laster etorriko zaizkik zelatan. Gaur egun, egarriak ito beharrean egonda ere, ur botila bat ez eskatuta hobe. Susmo txarra pizten duk, ulertzen?

JOANES: (Lotsatuta). Hasieratik ulertu dinat, baina ez naun berehalakoan jabetu. A ze hanka sartzea!

IZARO: Ez daukak zertan lotsatu behar. Hori ez badakik, hire alde!

 

(Dantzalekuko atea ireki, eta mikel agertuko da).

 

MIKEL: (Biengana hurbilduz). Joanes! Epa... Konpainia daukak eta! Ez al didak hire laguna aurkeztu behar?

JOANES: (Eskuarekin, disimuluz, alde egiteko keinua eginez)Mikel! Joan adi barrura, demontre!

MIKEL: Bale, baleeee! Ondo zagok! (Barrura joango da berriro).

IZARO: Hori al duk hire polizia?

JOANES: Horrek ematen duen beroa...

IZARO: Itxura denez, horrek bazekik gameluen berri...

JOANES: Horrek? Haizea zeukan galanta.

 

(Isilune luze xamar baten ostean...).

 

JOANES: Zer egin nahi dun?

IZARO: Orain? (joanesi begira).

JOANES: Hire bizitzarekin, esan nahi ninan.

IZARO: Hara motel! Ordu hauetan, eta ezagutzen ez duan bati, ez zaizkiok gisa horretako galderak egiten! (Irribarrez).

JOANES: (Lotsatuta). A, ez, e?

IZARO: Ez ba! Ea zerbait hartu nahi al dudan, kondoirik ba al daukadan eta horrelakoak galdetzen dituk!

JOANES: Zer esaten ari haiz?! (Eskuak burura eramanda).

IZARO: (Barrez lehertu beharrean). Eta hala egin izan bahu, kalabazak emango nizkian, eta ihesi joan.

JOANES: Orduan?

IZARO: Bitxia haiz gero. Benetan jakin nahi al duk, zer egin nahi dudan nire bizitzarekin?

JOANES: Bestela ez ninan galdetuko.

IZARO: Hara. Ez zekiat neronek ere! Ezkondu egingo nauk, eta umeak izan. Edo hori uste diat behintzat! Mundu guztiak horixe egiten dik, beraz, ni ez nauk desberdina izango. Orain, ikasi egingo diat, badakik, unibertsitatean, eta umeak etorri aurretik eta ondoren, lana egingo diat. Zer iruditzen?

JOANES: Arrunta. Bueno, zera esan ninan... (Esan duenaz damututa). Hori dena ondo dagoela, baina hori baino gehiago ere eskatuko dion bizitzari...

IZARO: Gutxi iruditzen al zaik, senar on bat bilatu, eta diru zorroa beteta edukitzea?

JOANES: Ametsei buruz ari nindunan...

IZARO: Baita ni ere, Joanes. (Irribarrez). Ez duk ba pentsatuko, senar ona topatzearena ametsa ez denik... Eta hik, nola ikusten duk heure burua?

JOANES: Nik? Aita moduan.

IZARO: Joņo! Senar moduan ere bai orduan, ez?

JOANES: Aita moduan. (Azpimarratuz).

 

(izaro barrez lehertzen hasiko da, joanes, harrituta, begira geratuko zaiola. Jarraian izarok, ezustean, kolpe batez joanesi eutsi, eta musu luze bat emango dio ezpainetan, joanesen harridurarako).

 

IZARO: Ja! Ja! Ja! (Irribarrez, pozik). Nire umearen aita, Joanes?

JOANES: (Hitz egin ezinda, ezpainak ukituz). Ni, hi...hire ume... umearen aita?

IZARO: Goazen hemendik! Hango etxe haren bueltan, ezagutzen diat zoko ilun bat...

JOANES: (Erreakzionatu ezinda). Han? Non? Zerta... zertarako?

IZARO: Zertarako, zertarako...! Senar-emazteetan jolasteko! Goazemak!! (Eskutik heldu, eta arrastaka eramango du).

 

(Berehala, berriro dantzalekuko atea irekiko da, eta mikel agertuko da).

 

MIKEL: (Alde guztietara begira). Joanes? Joanes? (Inon ez dagoela jabetuta). Biak falta dituk gainera! Diosss! Apaiz usain eta guzti, ligatu egin dik mutilak, eta besteok hemen, saiatuta ere, kale! (Barrez, berriro dantzalekura sartu, eta atea itxiko du).