Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
Joanes, itxaropenaren semea
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia / BBK, 2007
[aurkibidea]

 

4. AMILDEGIAN BEHERA

 

(joanes eta izaro sartuko dira. joanes jada, hogeita lau urte inguruko gizon gaztea da. izaro, bere neska laguna. Agerraldiaren lehen zati honetan, agertokian zehar oinez arituko dira berriketan, tarteka geldituz).

 

JOANES: Lorerik ederrena lotsatuko dun hi ikustean, laztana.

IZARO: Zer?

JOANES: Mendiko loreek erreberentzia eginen dutela hi pasatzean.

IZARO: Loreak, Joanes? Egiten duen haize hotz honekin, lorerik ez diagu usaindu ere egingo.

JOANES: Udaberriko lehen loreak, hi ikuste soilarekin ernalduko ditun.

IZARO: Joanes, haize hotza egiten dik... Ez al geniake, mendi buelta, berotzen hasten denerako utzi behar?

JOANES: Hire bizitzako arratsalderik politena eskaini nahi dinat, eta hi, hotzaz kexu! Berotuko haut, neska! (Gerritik gogor helduz).

IZARO: (Maltzurki). Nola egingo duk hori, pottoko?

JOANES: Hitzik egin gabe, Izaro.

IZARO: Um?

JOANES: Mendiari kontatuko zionagu gure sekretutxoa, hitzik egin gabe. Hark ulertuko zigun.

IZARO: A ze komunikatzeko modu misteriotsua... (Iseka eginez).

JOANES: Ikusten? Hik ederki ulertu didan.

IZARO: Hi ulertuko hauen kristaurik ba ote zegok!

JOANES: Hik ere ez, ala?

IZARO: Horrexek egiten hau berezi, hire berezitasunak.

JOANES: Eta orain, esango didan, berezitasun berezia dela nirea, alde izatekotan. Aurka izanez gero, agonia bera baino okerragoa dela, eroa. Baietz?

IZARO: Heuk ere badakik hori, Joanes. Adiskide moduan nahiago haut, aurkari baino.

JOANES: Ez iezadan horrelakorik esan. Hori entzuten dinadan bakoitzean, gure urteetako harreman hau ez dela benetakoa pentsatzen dinat; aurkari moduan ez nahi izate horregatik hagoela nirekin.

IZARO: Inozo halakoa! (Buruan maitekiro kolpatuz). Maite haudalako nagok hirekin. Ez beste ezergatik. Duela sei urte, dantzaleku atari hartan, hasiera batean, adarra jotzen ari hintzela pentsatu nian. Gero, mundu honetan ez zegoela hi adina kategoriako adarjotzailerik pentsatu nian, eta segidan, bat-batean, adarra jotzea zer zen ere ez zekien gizaki bakarra hintzela sumatu nian. Orduan eman nian musu hura, gogoratzen? Kupidoren ziztada sentitu nian, eta hori, ez duk egunero jasotzen den oparia. Beraz, maite haudalako nagok hirekin.

JOANES: Diruagatik ez behintzat! (Barrez).

IZARO: Aizak! Nork esan dik hiri, noria frogatzaileak ez direla aberasten?

JOANES: Etorri adi astelehenean noriara nirekin, eta nik esango dinat, aberasteko moduko ofizioa al den nirea.

IZARO: Heuk aukeratu duk behintzat...

JOANES: Ezin dun imajinatu ere egin zein zoriontsu naizen noriaren barruan... (Gorantz begira, begi dirdiratsuekin).

IZARO: (Iseka eginez). Bai, imajinatzen haut. Bueltaka eta bueltaka... (Burua mugituz noria bezala). Urrunera begira, hire jakin ezak zer nolako pentsamenduetan murgilduta.

JOANES: Hori baino gehiago dun. Pentsa ezan. Uneoro, toki desberdinean nagon noria baten barruan. Orain hemen, gero harantzago, ondoren gorago eta gero beherago. Bitartean, milaka kontu igarotzen zaizkidan burutik. Film bat ikusten ariko banintz bezala dun. Milaka kontu eta milaka sentsazio. Azkar-azkar, eta igoaldi bakoitzeko, desberdina dun. (kontatzen ari dena, keinuez azalduz, bizitzen ariko balitz bezala). Ez zekinat nola azaldu; barru-barruko zerbait dun. Han goian hagoenean, txoria bezala sentitzen dun heure burua; eta beheratzean, sekula gehiago igoko ez haizen beldurra sentitzen dun, beti, azkena, azken aldia izango bazunan bezala. Baina gero, bat-batean, goian haiz berriro! (Eskuak jasota). Sentsazio horrexek betetzen nain gehien. Itxaropenerako bidaia bezala dun, sekulan bukatzen ez denaren ideia.

IZARO: Hara, hik hori oso modu berezian bizi izatea ulertu zezakeat, baina ez diat ulertzen zergatik sentitzen duan behar hori, gora eta behera ibiltzeko beharra. Gainontzeko gizakiok ere bazauzkagu gure kezkak, makalaldiak... Noriako bidaia bat ordaintzearekin arazoa konponduta egongo balitz, gizakia, askoz ere zoriontsuago izango lukek, eta ez duk hala.

JOANES: Hori, “nire” bidea dun. Bakoitzak bere nahi eta desioetatik tira egiten din bizitza honetan. Ni, hiri tiraka ari naun, zoriontsu sentitzen naizelako hirekin. Nire nahien zati garrantzitsu bat hirekin asetzen dinat, eta hik hireak nirekin, edo hori pentsatu nahi dinat behintzat. (izarori ulertu arazi nahian, mugimendu ugari erabiliz)Hirekikoa ordea, konpartitua dun, bioi dagokigun kontu bat. Eta amore eman behar izaten dinagu, baietz? Baina noriarena, nire dun, nirea baino ez. Egoistagoa nahi badun, niretzako bakarrik.

IZARO: Berezia haiz benetan.

JOANES: Bueno, eta hori zer dun, ona edo txarra?

IZARO: Ona izango ote duk!

JOANES: Nire aitak ez zion ba hori. Ni, saiatzen naun berarekin arrunta izaten, badakin, noriaren kontua aipatu gabe bizitzen, baina berak ez nain ulertzen.

IZARO: Noriarena bakarrik izango balitz... (Bere buruari, ahopean). Bueno, sekretutxo bat kontatuko diat. Elkarrekin ateratzen hasi gintuanetik, hire aita askoz ere lasaiago zegok.

JOANES: A bai? Ba gaur, afaria zeukan ba bere adiskide Gorkarekin.

IZARO: Eta?

JOANES: Aspaldi, apustu bat egin zinaten.

IZARO: Zein apustu?

JOANES: Pentsa ezan! Gorkak, hogei urte betetzerako ni “normaldu” baietz, eta aitak, ezetz!

IZARO: Jesus! Argi zegok, edozeren inguruan apustu egitea posible dela! Aitari afaria ordaintzea tokatu zaiok orduan...

JOANES: Ez ba! Gorka dun afaria ordaintzekoa!

IZARO: Orduan, hire aitarentzat, hi... (Esaldia amaitu gabe utzita).

JOANES: Horixe bera! Ederki ulertu dun!

IZARO: Hire aitak ez zeukak erremediorik.

JOANES: Aitarentzat, nik ez zeukanat erremediorik.

IZARO: Eta hik, nola dakik hori?

JOANES: Erremedioarena?

IZARO: Ez, Joanes, apustuarena.

JOANES: Amak esan zidan.

IZARO: Zergatik baina? Hiretzako ez zuan kontu atsegina izango...

JOANES: Ez ba. Niri ez zaidan axola. Ohituta nagon. Badakin hik, ama nire arteko harremana, oso ona dun. Berak, niri esanda lasaiago dagoela esan zidan, eta ondo iruditu zaidan. Ikusten? Amaren bidea hori dun. Niri buruzko kontuek min ematen diotenean, kontatu egiten zizkidan, bere noria bilatu din, noria konpartitua, bi kabitzen garenekoa.

IZARO: Eta hik berari?

JOANES: Alderantziz. Nik, mina ekiditearren, on egiten dioten kontuak baino ez zizkionat kontatzen.

IZARO: (joanes musukatuz). Aiiii... (Irribarrez). Goazemak, izoztuta geratu baino lehen.

JOANES: Gutxi geratzen zaigun, polita. Baina hor aurrean, argi ibili behar dinagu. Ondo begiratu oina non jartzen dunan. Amildegi bat zegon, handi xamarra. Beraz, ni abiatuko naun aurretik, biok batera ez baikaitun lur zatian kabitzen. Hiru metro baino ez ditun kontuz igaro beharrekoak. Eskua luzatuko dinat gero, eta kito.

IZARO: (Kezkaz). Joanes, beharrezkoa al duk hortik igarotzea? Hementxe buelta hartuta ere... (Buelta emanez).

JOANES: (Besotik helduta, tiraka). Ezetz ba, Izaro. Erraza dun, milaka aldiz pasatu naun pasabide honetatik eta merezi din. Herria zoragarria ikusten dun han goitik. (Mendi punta seinalatuz).

IZARO: Altueretan ibiltzeko daukaan ohitura hori...

JOANES: Banihonan, e? Itxoin hor eta eskua luzatuko dinat beste aldetik.

 

(Agertokiaren erdian geratuko dira. joanes, izaro atzean utzita, oreka mantentzen ariko balitz bezala besoak luzatuta, poliki-poliki amildegi gaineko pasabidea zeharkatzen hasiko balitz bezala oinez hasiko da, kontu handiz. Eta halako batean, oinak irrist egin, eta erori egingo da, bi besoez helduta, pasabidean zintzilik geratuko dela. (Honako zati hau antzezteko, baliabide desberdinak erabili daitezke. Agertokiak ahalbidetuz gero, bertan zintzilikatuz, edo bestela, agertokian bertan, altuera bat jarri, non goian izaro egongo den, eta bertatik zintzilik, joanes).

 

IZARO: Joanes! Baina... (Korrika batean, tentuz, joanesek egindako bidea eginez). Zer demontre egin duk? (Bere besoekin joanesi helduz).

JOANES: Irrist, laztana. (Oso lasai, irribarrez).

IZARO: Ez ezak irribarrerik egin! Hau, oso larria duk! (Oso urduri).

JOANES: Ez zegon ezer larririk bizitza honetan.

IZARO: Hara Joanes! Utzi itzak sakontasunak gerorako, eta esnatu adi!

JOANES: Lasai, maitea. Baikorrak izatean zetzan jokoa.

IZARO: Hau ez duk jokoa! Hau ez duk noria! Hemen, ez zegok bigarren aukerarik!

JOANES: Ezetz? (Irribarrez). Milaka aukera...

IZARO: Isildu hadi, Joanes! Jarri oinak harriaren kontra, eta hiru kontatzean, egin indarra gorantz.

JOANES: Indarra, Izaro? Hi maitatzen joan zaizkidan indar guztiak.

IZARO: Indarrik ez baldin badaukak, jarri ezak gogoa, eta hiru kontatzean gorantz altxatuko haut.

JOANES: Hirekiko gogoak, beste gogo guztiak galtzera eraman nain.

IZARO: (Belaunikatuta, besoak geroz eta tiratuagoak dituela). Ez izan txoroa, Joanes!

JOANES: Txoratuta naukan ordea!

IZARO: Hau oso serioa duk, Joanes. Egia guztiak ez dizkiat esan nahi, txorakeri guztiak bat-batean joango baitzaizkik. Beraz, zenbatzen hasiko nauk, eta hi, adi egon, maitea.

JOANES: Ez zaidan ondo iruditzen, maitea. Nik ez dinat sekula gezurrik esan. (joanesen eskuak izoztuta daude, indarra falta zaie).

IZARO: Uneoroko egiaz ari nauk! (Arnasa sakon hartuz). Hemen goitik, gauzak, hor behetik baino argiago ikusten dituk. Egin iezadak kasu!

JOANES: A bai? Ederragoa al haiz hor goitik begiratuz gero?

IZARO: Ederragoa izango nauk ondoan banaukak. Hortik, nire burua eta zerua baino ez dituk ikusten. Etorri adi, eta begi-bista zabalagoa eskainiko diat.

JOANES: Berdin dun. Hire burua eta zerua baino ez dizkinat ikusten hemendik, eta ederra sumatzen haut. Egon adi une batez, argazki kamera aterako dinat eta motxilatik.

IZARO: (Mina hartzerainoko indarrez eutsiz joanesen esku zurbilei). Ez! Ez! Ez adi mugitu ere egin, mesedez. Joanes, gorputzeko odol guztia buruan pilatua zeukaat, besoetako indarrak joanak dituk, beraz, hiru kontatzean... (Ahultzen hasita).

JOANES: Ai, Izaro, Izaro... Holakoetan burua hotz izatea komeni dun ba... Ez zaidan zilegi iruditzen maitemindu izanaz damutzearena..

IZARO: Baina... (Egoeraz jabetu ezinda). Ni ez nauk damutzen maitemindu izanaz!! Mendira etorri izanaz damutzen hasi nauk ordea! (Pazientzia ez du galdu nahi).

JOANES: Damutu, damutu... Elkarrekin hasterako esan behar huen maitemintzearen ajeak jasateko gai ez hintzela. Ez zaidan hire jarrera batere maitabera iruditzen.

IZARO: Hi ez hago ondo! Ikusten al duk zein egoeratan hagoen? Ikusten al duk? (Ezin du gehiago jasan eta oihuka).

JOANES: Ez, ez nagon ondo. Ikusi ez diat ezer egiten, eta pena bakarra dinat, lehenago ez ikusi izana. Beste kontu bat ere bai, niri ez oihurik egin, mesedez...

IZARO: Lagundu egin nahi diat hire bizitzako une txarrenetik onik atera nahi haut, eta hire laguntza ezinbestekoa diat. Esan diat...

JOANES: (Moztu). Bai, bai, bai. Esan didan ez naunala maite, damutua hagoela, burua hotz mantentzeko gai ez haizela eta hori guztia gutxi balitz, ez dun nahi, nik, logelako mahaitxoan, hire argazkirik jartzerik. Laguntzeko eskatzen al didan gainera? Hik daukan aurpegia... Ausartagoa hintzela uste ninan, benetan.

IZARO: Ez haiz benetan ariko... Ezin diat sinetsi. Joanes, esnatu hadi!

JOANES: Gezurretan ari naizela esan nahi al dun?

IZARO: Hire alde nagok, edo zer uste duk? Egoera larriak besteengandik bereizi behar dituk!! Hau duk horietako bat!

JOANES: Hau, noria dun, laztana. Noria zirraragarria.

IZARO: (Zer esan ez dakiela). Ezagutzen al duk Romeo eta Julietaren istorioa? Ezagutzen al duk? (Oihuka, negarrez hasteko zorian). Ni nauk hire Julieta!!

JOANES: Julieta? (Oihuka, barre eroaz). Ja! Ja! Hark guztia eman zinan bere maitearengatik. Hura hilko zunan gosez bere maitearengatik. Ni ez naun hire Romeo, Izaro.

IZARO: (Erabat etsituta, malkoa dariola). Mesedez, Joanes...

JOANES: Ez Julieta, ez. Ez gintunan jaio bata bestearentzako.

IZARO: Joanes, Joanes... Hiru kontatuko dizkiat... (Negarrez).

JOANES: (Ez dio entzuten). Egia izango dun orduan, Julietarik ez dagoela... Badakin? Aita eta ama, egunero-egunero eztabaidan ikusten nitinan. Ama triste jartzen zunan, eta orduan, nik, aita gizon ona zela esaten nionan. Ba al dakin amak zer esaten zidan orduan? Romeo eta Julietarik ez zela oraindik jaio, eta jaioko zenaren itxaropenik ere ez zuela. Hori dun hemen egia bakarra, Izaro.

IZARO: (Bere buruari). Ez duk hau hire egunik onena. Aurreikusi behar nian... (joanesi). Konforme. Hala duk. joanesekin ezin duela arrazoitu ikusita, eta, bere besoek, gehiago iraungo ez dutela sentituta). Ez nauk Julieta, eta hi ez haiz nire Romeo. Eta gainera, koldar hutsa nauk. Konforme? Joanes... bat, bi...

JOANES: Isilduko al haiz? Aspertu naun hi entzuteaz! Utzi itzan txorakeriak, eta, atera nazan hemendik. (Haserre itxura azaldu nahi arren, irribarrez). Jada, ez zaidan hire burua zeru ilunean argazki ederra iruditzen. Hiru kontatzean, hik tira gora!

IZARO: Baina Joanes... (Erabat harrituta).

JOANES: Bat, bi eta hiru!

 

(izarok, gorantz tiratuko du. Laster, joanes ondoan izango du, galtzak astinduz).

 

JOANES: Listo!

IZARO: (Zer egin ez dakiela). Nola listo, Joanes? (Serio).

JOANES: Hemen nagoela. Goazen!

IZARO: Nola goazen? Hi burutik ondo al hago?

JOANES: Honainoko bide guztian, baietz esaten aritu haiz. Beraz, bai, ez? (Irribarrez, izaro musukatu nahian).

IZARO: (joanesi bultzaka). Barre egiten al duk? Zer nahi huen? Zer lortu nahi huen? (Oso haserre).

JOANES: Txantxetan ari nindunan, bihotza! Ez al dun nabaritu?

IZARO: Txantxetan? Inozo halakoa! Hori ez zuan txantxetako kontua. (Amildegia seinalatuz). Hire azkena izango zuan hor behera... (Oso urduri eta haserre).

JOANES: (izarori heldu nahian). Bikotea izango bagaitun, egoera larrien aurrean nola jokatu ikasi beharko dinagu ba... Goazen, Julieta nirea... Aizan, Romeo eta Julietarena gustatu zaidan...

IZARO: Ni ez noak inora hirekin! Ikasi... Gauza bat ikasi diat: Txantxetan baino arriskutsuagoa haizela benetan. Burutik pasatzea ere entrenatu nahi izatea... (Alde egiten hasiko da).

JOANES: (Erabat harrituta). Txantxetan ariko haiz, ezta? Ikusten? Adarra jo dinat! Ikusi al dun? (Besotik helduta, urduri). Ezetz espero, eta begira! Ikusi al dun? Ezin esango dun orain lehen esandakoa...

IZARO: (Besoa indarrean askatuta). Hik ez dakik errealitatea eta fantasia bereizten; zer den txantxa eta zer benetakoa! (Oihuka, haserre). Eta mundu honetan biziko bahaiz, ikasi egin beharko duk, asko ikasi, Joanes! (Alde egiten hasiko da).

JOANES: Baina nora hoa, Izaro? Mendia beste aldetik dun... Akordatu adi aurreko asteburuaz, Pirinioetako hura, gure goxotasuna, biona! (Konbentzitu nahita).

IZARO: (Buelta emanda). Oker nengoan, oso oker. Biona izan zuan, baina jada, bakoitzarena duk. Nola esaten huen hik? Konpartitua eta banakakoa. Egoistagoa, ez? (joanes imitatuz). Orain badakik! Kontuz igaro ezak pasabidea, ez nauk eta egongo entrenamendurako! (Korrika desagertuko da).

JOANES: (Pasabidea, korrika eta inongo arriskurik gabe igaroaz). Izaro! Izaro! Ez hadi joan! (Negar egiteko zorian). Izaro! Izaro! Barkatu iezadan!! (Korrika desagertuko da).