Aitaren larrua
Tripak Kolektiboa
Aitaren larrua
Tripak Kolektiboa
Eztena, 2018
Aitaren larrua
Tripak Kolektiboa
Eztena, 2018
[aurkibidea]

 

Aitaren larruari buruz

 

            Familia baten argazkia agertu zen. Hor hasi zen bilaketa. Desmond Guinness eta bere seme-alabena: Patrick eta Marina. Haien begi urdinak eta espresioak harrapatu gintuen eta haiei buruz hitz egiten hasi ginen. Hasierako momentutik argi zegoen bakoitza nor ginen: Maite Desmond, Mayi Patrick, Marina Marina. Bageneukan pertsonaia, eta handik gutxira pertsonaiak bezain garrantzitsua izango zen elementua aurkitu genuen: behi larru bat.

 

Argazkia: Slim Arons (Guinness Family, 1963)

 

            Maite dugu istorioak elkarrekin asmatzea, besteen bizitzak imajinatzea eta hortik mundu bereziak sortzea. Ametsen mundu horri lurra ematea izan da gehien kostatu zaiguna. Iluntasunetik ibiliko bagina bezala sortu genuen Aitaren Larrua. Lantaldea begioker dabil gauzak ukituz eta asmatuz. Baina bada argi dugun gauza bat: funtzionatzen duenean ados gaude.

            Ados egoteko momentua heldu baino lehen ordea, borroka ezberdinekin topo egiten genuen, beldurrekin, mugitu behar diren gauzak ezin mugitzearekin. Behin, horrelako momentu batean, gure lagun Oier deitu genuen eta gure egonkortasunetik brutalki atera gintuen. Larrua hartu eta bere ohiko formatik atera zuen, eta gu berarekin batera.

            Aita bat, gure esperientziatik datorren aita bat irudikatu eta berrasmatu genuen. Gure aita estatua bat da, begiokerra, emakumea, hegazti bat, kamionero bat, bakarti bat, zomorro bat. Eta haren semeak makinak, zaldiak, unikornioak, pop dantzariak, txoniak, hiltzaileak, errito baten paluak.

            Aitaren Larrua barrutik mila istorioz josita dagoen zetazko zapi bat da, ulertzen ditugun eta ulertzen ez ditugun irudiz eraikitako frisoa. Espero dugu ikusi zutenek gure munduan murgildu eta gure bihotz bulkadak entzun izana, guk bertan gure bihotza eta tripak utzi baikenituen.