25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
EHAZE, 2021
25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
EHAZE, 2021
[aurkibidea]

 

8 begi

 

 

8 begi antzezlana
2010eko maiatzaren 20an estreinatu zen,
Bilbon, Euskaltzaindiak duen aretoan,
Bilboki jardunaldietan.

 

 

Lantaldea

 

Testua: Galder Perez eta
Karl Valentinen testuen moldaketak

Antzezleak: Ane Zabala eta Galder Perez

Zuzendaria: Kerra Gabikagogeaskoa

Argiak: Ales Perez

Jantziak: Maxa Ostolozaga

Espazioa: Asierito

Betaurrekoak: Tokio Toki Bat

Teknikariak: Axi & Ales (The Kuņaus)

Kartela: Gontzal Gutierrez

 

 

 

(luli eta ander turuta jotzen sartuko dira. Betaurrekoak jantzita datoz. Betaurreko jolasa egingo dute, parasolak bailiran. Jolasa bukatutakoan ikusleengandik ezkutatuko dira. Haien ezkutalekutik belarri batzuk agertuko dira, antzezlan osoan zehar presente eta eskegita geratuko diren belarriak.)

 

LULI PATATAX: Belarriak argi eduki. Hastera goaz!

ANDER BAKON: Hastera goaz. Belarriak ireki, hortaz!

LULI PATATAX: Lasai, entzuleak.

ANDER BAKON: Entzuleak, lasai.

LULI PATATAX: Ongi etorri, entzule!

ANDER BAKON: Entzule, ongi etorri!

LULI PATATAX (burua ateraz): Ongi etorri, ikusleak!

ANDER BAKON (burua ateraz): Ikusleak?

LULI PATATAX: Ikusleak, bai...

ANDER BAKON: Ikusleak: ikuskizuna ikustera etorri diren begiratzaileak!

LULI PATATAX: Ikuskizuna?

ANDER BAKON: Ikuskizuna, bai...

LULI PATATAX: Ikuskizuna: ikusteko emankizuna, begiratzeko gertakizuna.

 

(Ikusleei bizkarra eman eta ahapeka arituko dira bien artean. Erabakia hartuta, buelta eman eta energiaz solastatuko dira.)

 

ANDER BAKON: So egin eta mira ezazu, ikusi eta begira ezazu!

LULI PATATAX: E! Ikusi bai, baina ukitu ez.

ANDER BAKON: Ukitu ez eta begiratu bai?

LULI PATATAX: Bai, eta bi begik baino gehiago ikusten dute lauk.

ANDER BAKON: Eta geure kasuan, zortzik!

LULI PATATAX: Begiak zortzi!

ANDER BAKON: Hori da, zortzi begi! Momentu bakar batez bada ere, ikusleok, egin dezagun gogoeta, gogoeta xumea. Gaur eguneko gauza eta zera guztiak ikusiak izateko egiten dira. xxi. mende ikusgarri eta ikusezin honetan ikusgarritasuna itzel baloratzen da.

LULI PATATAX: Hortaz, dena da ikuskizuna?

ANDER BAKON: Ikusten duzun moduaren arabera, noski.

LULI PATATAX: Egia da!

BIAK (kantari): Egia da, egia da, neuk ikusi dudalako. Egia da, egia da, porque lo he visto yo... (Hatz luzea ikusleei)

LULI PATATAX: Baita zera ere!

ANDER BAKON: Nork dio ikusi duen hori benetakoa dela?

LULI PATATAX: Eta ondo begiratu ez badu?

ANDER BAKON: Edota zera horri oker so egin baldin badio?

LULI PATATAX: Gauza guztiak ikusten diren modukoak dira, ala ez dira?

ANDER BAKON: Goitik ala behetik begiratzea oso gauza ezberdina da.

LULI PATATAX: Ez da kontu bera bizitza arrosa kolorekoa edo beltza ikustea.

ANDER BAKON: Eta, zer esanik ez, zerbait ikusi eta ez ikustearen arteko aldea nabarmena da oso.

LULI PATATAX: Horregatik, guk zortzi begi dauzkagu!

ANDER BAKON: Munduari begiratzeko zortzi begi.

LULI PATATAX: Eta zuek? Zenbat begi daukazue?

ANDER BAKON: Begi bakar batez ikusten al duzue dena?

LULI PATATAX: Gauza guztiak berdin ikusten al dituzue beti?

ANDER BAKON: Orain da garaia. Alda ezazue bizitzari begiratzeko modua!

LULI PATATAX: Altxa begiak! Mundua ikusteko modu berria sortzea da denontzako mesedea.

ANDER BAKON: Norberak bere unibertso propioa sortu, eta kito!

LULI PATATAX: Jendartetik alde egiteko modua artaldeari begiratzeko maneran dago!

ANDER BAKON: Bizitza ikusteko modua aldatzea posible da!

LULI PATATAX: Alda dezagun munduari begiratzeko modua!

 

(Desagertu eta agertuko dira.

Txotxongiloen antzera azalduko dira, luli betaurreko alaiekin eta ander betaurreko ilunekin.)

 

ANDER BAKON: Ai... Dena ilunago ikusten dut orain.

LULI PATATAX: Gauzak beltz eta gris ikusten dituzu... Hortaz, pertsona ezkorra al zara? Begi-iluna?

ANDER BAKON: Eta zu? Baikorra? Begi-alaia?

LULI PATATAX: Bai.

ANDER BAKON: Horrek zer esan nahi du, arrosa kolorekoa ikusten duzula dena?

LULI PATATAX: Bai, den-dena.

ANDER BAKON: Arrosak berak ere arrosa ikusten dituzu?

LULI PATATAX: Bai! Baina zuk ere arrosa kolorez ikusiko dituzu.

ANDER BAKON: Bai. Baina arrosa kolorez ikusten dudan gauza bakarra da.

LULI PATATAX: Eta mundua, nola ikusten duzu?

ANDER BAKON: Kolore bakoa. Irratietan jartzen duten abestiek kontrakoa badiote ere, kolorgea da mundua.

LULI PATATAX: Zergatik? Ez al deritzozu bizitza ederra dela?

ANDER BAKON: Ez. Atsegina dela? Bai zera! Jaiotzen garenetik desatsegina da. Erditzea atsegina dela uste duzu ala? Galdetu egiozu emagin bati.

LULI PATATAX: Atsegina, atsegina, ez dakit.... Baina horrela da, aizu!

ANDER BAKON: “Horrela da” hori ere desatsegina suertatzen zait. Nire ustez, horrela ez izateak atsegina izan beharko luke.

LULI PATATAX: Baina horrela ez balitz, zu ez zinateke munduan egongo.

ANDER BAKON: Egia da, eta hori oso atsegina litzateke!

LULI PATATAX: Denek zu bezala pentsatuko balute, ez legoke inor munduan.

ANDER BAKON: Hain zuzen ere, hortaz ari nintzen, bada, horixe bera litzateke atsegina.

LULI PATATAX: Norentzat?

ANDER BAKON: Munduan egotera behartuta gauden gizakiontzat.

LULI PATATAX: Munduan egon ez diren gizakiek ezin dute atsegina eta desatsegina bereiztu.

ANDER BAKON: Horregatik atsegina litzateke gizaki horiek munduan egon ez izana.

LULI PATATAX: Zer esan nahi duzu?

 

(Ezkutatu eta agertu.

Betaurrekoak aldatu dituzte, lulik ilunak eta anderrek alaiak, eta kanpora ateratzen dira.)

 

LULI PATATAX: Ai... Oso ilun ikusten dut dena orain...

ANDER BAKON: Gauzak beltz eta gris ikusten dituzu... Hortaz, pertsona ezkorra al zara? Begi-iluna?

LULI PATATAX: Eta zu? Baikorra? Begi-alaia?

ANDER BAKON: Bai.

LULI PATATAX: Horrek zer esan nahi du, arrosa kolorekoa ikusten duzula dena?

ANDER BAKON: Bai, den-dena.

LULI PATATAX: Arrosak berak ere arrosa ikusten dituzu?

ANDER BAKON: Bai! Baina zuk ere arrosa kolorez ikusiko dituzu.

LULI PATATAX: Bai. Baina arrosa kolorez ikusten dudan gauza bakarra dira.

ANDER BAKON: Eta mundua, nola ikusten duzu?

LULI PATATAX: Kolore bakoa. Irratietan jartzen duten abestiek kontrakoa badiote ere, kolorgea da mundua.

ANDER BAKON: Zergatik? Ez al deritzozu bizitza ederra dela?

LULI PATATAX: Ez. Atsegina dela? Bai zera! Jaiotzen garenetik desatsegina da. Erditzea atsegina dela uste duzu ala? Galde egiozu emagin bati.

ANDER BAKON: Atsegina, atsegina, ez dakit.... Baina horrela da, aizu!

LULI PATATAX: “Horrela da” hori ere desatsegina suertatzen zait. Nire ustez, horrela ez izateak atsegina izan beharko luke.

ANDER BAKON: Baina horrela ez balitz, zu ez zinateke munduan egongo.

LULI PATATAX: Egia da, eta hori oso atsegina litzateke!

ANDER BAKON: Denek zu bezala pentsatuko balute, ez legoke inor munduan.

LULI PATATAX: Hain zuzen ere, hortaz ari nintzen, bada, horixe bera litzateke atsegina.

ANDER BAKON: Norentzat?

LULI PATATAX: Munduan egotera behartuta gauden gizakiontzat.

ANDER BAKON: Munduan egon ez diren gizakiek ezin dute atsegina eta desatsegina bereiztu.

LULI PATATAX: Horregatik atsegina litzateke gizaki horiek munduan egon ez izana.

ANDER BAKON: Zer esan nahi duzu?

 

(Desagertu eta agertu.

Betaurreko gorriak eta berdeak hartuta irteten dira.)

 

LULI PATATAX (Ikusleei betaurrekoak eskainiz): Bizitzari begiratzeko modua aldatu nahi?

ANDER BAKON: Arrosa, beltza, laranja... e! edo zuri, berde eta gorri!

 

(Txistuarekin, betaurrekoen aurresku dantza.)

 

LULI PATATAX: Euskaldunok begiratzearen afera honi garrantzi handia eman izan diogu beti. Gogoko dugun horri begiko esaten diogu. Begiko mutila, begiko neska, begiko.

ANDER BAKON: Begiko lekua, begiko txokoa, begiko bazterra, begiko.

LULI PATATAX: Tokio, begiko tokia!

ANDER BAKON: Bai, Tokio, toki bat! Baina eder ala itsusi, segun eta zein begik ikusi. (Atzera begira) Arigato gosaimas.

LULI PATATAX: Hori da, baina atzetik datorrena ikusteko, atzean begia behar da!

ANDER BAKON: Horretarako ere euskaldunok, badugu irtenbidea: antiojoak!

LULI PATATAX: Antiojoak, bai!

ANDER BAKON: Bai, antiojoak!

LULI PATATAX: Aizu! Ojo, zer zen?

ANDER BAKON: Ez dakit, ni nahiko flojo...

LULI PATATAX: Flojo. flojo?

ANDER BAKON: Zer?

LULI PATATAX: Ea kakalarri zaren.

ANDER BAKON: Ni?

LULI PATATAX: Flojo esan duzunez.

ANDER BAKON: Ez, ez. Hizkuntza kontuetan, flojo.

LULI PATATAX: A! Zertara dator orain hori, bada?

ANDER BAKON: Zuk galdetu didazu zer den ojo!

LULI PATATAX: A, bai. Ojo. A! Begia omen da.

ANDER BAKON: Begia?

LULI PATATAX (interesante): Begia, bai!

ANDER BAKON: Zortzi-ojo!

LULI PATATAX: Eta anti?

ANDER BAKON: Anti zortzi-ojo! Ez, ez! Zortzi ojo anti! Ez, ez...

LULI PATATAX: Anti, anti, zer da?

ANDER BAKON: A..., anti.

LULI PATATAX: Kontra! Hori da! Kontra da!

ANDER BAKON: Nor da kontra?

LULI PATATAX: Anti, anti kontra da. Aurka, anti.

ANDER BAKON: A... Alde ez dagoena da anti.

LULI PATATAX: Antiterrorista!

ANDER BAKON: Anticonstitucionalista!

LULI PATATAX: Antifrankista!

ANDER BAKON: Antifadista!

LULI PATATAX: Antikristo!

ANDER BAKON: Anti.sorgailu!

LULI PATATAX: Antisozial!

ANDER BAKON: Anti.biotiko! Antigona! Eta Antillak!

LULI PATATAX: Antiron txaparrotia!

ANDER BAKON: Anti-Frankoren bigotia!!!

LULI PATATAX: Baina gu ez gara biboteez hitz egitera etorri. Betaurrekoez baizik, antiojoak dira gure gaurko gaia.

ANDER BAKON: Aizu eta antiojoak orduan, begiaren aurkakoak dira?

LULI PATATAX: Hori da! Herri honetakoak beti handi bezain anti!

ANDER BAKON: Anti..., ja, euskaldun begirada. Geure begiek beti kontra begiratzen dute, hortaz.

LULI PATATAX: Kontra-kontra, ez... Beste aldeko begiruneaz esango genuke.

ANDER BAKON: Beste aldekoa?

LULI PATATAX: Between-ekoa, bai.

 

(Desagertu eta agertu.

Moustache betaurrekoekin turismoan arituko dira.)

 

ANDER BAKON: Hi!

LULI PATATAX: Aupa...

ANDER BAKON: Hello.

LULI PATATAX: Hola!

ANDER BAKON: Very nice, yeah...

LULI PATATAX: Beri?

ANDER BAKON: Very, very, very nice.

LULI PATATAX: A, Beri...

ANDER BAKON: Oh, yeahhhh!

LULI PATATAX: Luli naiz.

ANDER BAKON: Lully?

LULI PATATAX: Luli, Luli, Luli naiz.

ANDER BAKON: Oh...

LULI PATATAX: Oh, yeah.

ANDER BAKON: And, where are you from?

LULI PATATAX: Basque country.

ANDER BAKON: Basque country? Basque...?

LULI PATATAX: Yes, between Spain and France.

ANDER BAKON: Oh, Spain? Ole, ole. Una paella!

LULI PATATAX: No, no, between, between, Spain and France.

ANDER BAKON: Oh, from France! Carla Bruni!

LULI PATATAX: No! No, no, no. Between! I am from Betweenland!

 

(Desagertu eta agertu.

Balkoitik begira biak betaurreko neutroak jarrita.)

 

ANDER BAKON: Tartean dagoen hori beste aldean dago beti!

LULI PATATAX: Hori da antiojoaren teoria. Horrela ikusi nahi izanez gero, behintzat.

ANDER BAKON: Ja. Aizu, aizu, baina betaurrekoak, orduan?

LULI PATATAX: Horiek ere, gu bezala, anti, kontra! Beta aurrekoa? Kar-kar! Alfa da aurrean doana eta ez beta!

ANDER BAKON: Alfa eta beta! Ez dugu galtzeko betarik!

 

(Desagertu eta agertu.

Betaurreko erraldoi jantzita azalduko dira.)

 

ANDER BAKON: Gaur zuekin egingo dugu... 8 begi esperimentua!

LULI PATATAX: Optikaren legeak behar duen eskarmentua!

ANDER BAKON: Errealitatea den bezalakoa ikusteko fundamentua!

LULI PATATAX: Bizitzaren ikuspegi berriaz gozatzeko mandamentua!

ANDER BAKON: Mundua behar bezala ikusi arte ez dezala inork idatzi bere testamentua!

LULI PATATAX: Betaurrekoek soilik osatzen dute gure kargamentua!

ANDER BAKON: 8 begi, zuen begia betetzeko behar duzuen alimentua!

LULI PATATAX: 8 begi, bizitza ulertzeko ezinbesteko elementua!

ANDER BAKON: 8 begi!

LULI PATATAX: Zuei ere iritsi zaizuelako...

BIAK: Momentuaaaa!!!

 

(Ikusleetako batzuk betaurrekoak jantzi gabe daudela konturatzen dira. Haserre eta amorruz gerturatuko dira haiengana.)

 

LULI PATATAX (publikoarekin haserre): Ze fundamentu eskasa!

ANDER BAKON: Begira! Nik honi esaten diot begiramendu eza!

LULI PATATAX: Begirune falta izugarria!

ANDER BAKON: Hamaika ikusteko jaioak gara!

LULI PATATAX: Betaurrekorik gabe etorri zarete zuetako batzuk!

ANDER BAKON: Horrela ez dago mundua aldatzerik. Hau da hau, atsekabea. Ez genuen zuengandik hau espero...

LULI PATATAX: Tristeak! Dena beti berdin ikusten jarraitu nahi duzue, ala?

ANDER BAKON: Lehenengo ikus-ikasgaia. Betaurrekoak lortu. (Desagertu eta agertu. Denda batean agertuko dira, luli saltzaileak betaurreko horiak ditu, ander bezeroak, betaurrekorik ez.)

LULI PATATAX: Egunon!

ANDER BAKON: Halan ekarri.

LULI PATATAX: Zertan lagun zaitzaket?

ANDER BAKON: Betaurreko batzuk nahi ditut, arren.

LULI PATATAX: Ze motatako betaurrekoak?

ANDER BAKON: Janzteko betaurrekoak!

LULI PATATAX: Noski, betaurreko guztiak janzteko dira beti.

ANDER BAKON: Ez beti. Lotarako, adibidez, erantzi ohi dira.

LULI PATATAX: A,jakina, baina ez zara lotan egongo beti.

ANDER BAKON: Ez, ez. Noizean behin eta gauez soilik.

LULI PATATAX: Egunero gauez esan nahiko duzu.

ANDER BAKON: Ez, ez... Nik nahi dudana janzteko betaurrekoak dira!

LULI PATATAX: Betaurreko guztiak janzteko dira, bai. Tira! Karratuak ala borobilak nahi dituzu?

ANDER BAKON: Beltzak.

LULI PATATAX: Formaz galdezka ari nintzen.

ANDER BAKON: Kolorerik gabeko forma.

LULI PATATAX: Modelo klasikoa esan nahiko duzu. Ondo... Modelo klasiko asko daukagu, eta kolore anitzetakoak.

ANDER BAKON: Kolore anitzetakoak? Bo, ba, orduan, koloretsua, ortzadarraren modukoa.

LULI PATATAX: Ortzadarraren modukoa? Halakoak Gabon zaharrean edo inauterietan eramaten dira soilik.

ANDER BAKON: Baina nik ez ditut eraman nahi, nik jantzi nahi ditut.

LULI PATATAX: Ortzadarraren moduko betaurrekoekin jendeak barre egingo lizuke.

ANDER BAKON: Nik ez dut jendeak nitaz barre egiterik nahi.

LULI PATATAX: Orduan, mesedez, erabakiko al duzu ze betaurreko mota nahi duzun!

ANDER BAKON: Betaurreko berriak.

LULI PATATAX: Ondo da, ze betaurreko berriak baino ez dauzkagu hemen.

ANDER BAKON: Ederto, bada, emadazu pare bat, hortaz.

LULI PATATAX: Bai, baina zein motatakoak?

ANDER BAKON: Gizonentzako betaurrekoak.

LULI PATATAX: Bistan da.

ANDER BAKON: Esan dizut ez dudala jendeak nitaz barre egiterik nahi.

LULI PATATAX: Modelo ezberdinak erakutsiko dizkizut.

ANDER BAKON: Nola “modelo ezberdinak”? Nik pare bat nahi dut, aurpegi bakarra daukat, aizu!

LULI PATATAX: Oso zaila da zuri laguntzea. Betaurreko berriak nahi dituzu, ados, baina... bestelako ezaugarririk?

ANDER BAKON: Elefante batentzako modukoak.

LULI PATATAX (harrituta): Baina... handi izango dituzu, orduan.

ANDER BAKON: Bai, baina eroso.

LULI PATATAX (oso harrituta): Horrek ez dauka zentzurik.

ANDER BAKON: Nola ezetz?

LULI PATATAX (urduritzen hasia): Horrela da, eta ez dauka bueltarik, eta kito.

ANDER BAKON: Ez dauka bueltarik? Tamalgarria! Ikusten dut ohitura zaharrei lotua eta modernitatetik at bizi zarela!

LULI PATATAX (urduritxo): Ze zerikusi dute betaurrekoen tamainak eta garai modernoak?

ANDER BAKON: Itzela. Gizakion buruen tamaina ez da beti berdina izan, etengabe aldatuz joan da, orain ere moldatuz doa eta etorkizunean aldatzen joango da.

LULI PATATAX (oso urduri): Bai, barrutik, ezta? Baina kanpotik, ez! Tira, beno, e, zera, gure aferaz aldentzen ari gara.

ANDER BAKON: Dimentsio historikoa duen aferaz ari gara, aizu!

LULI PATATAX (haserre): Dimentsioa, noski, baina ez historikoa, zure buruaren tamainakoa baizik.

ANDER BAKON: Begira ezazu, nik esan nahi nizun gauza bakarra zera da: antzinako garai loriatsu haietan zenbait pentsalarik gaur egunekook ez dugun burua zeukaten, besterik ez.

LULI PATATAX (oso haserre): Huskeria galanta! Noski baietz, gizateria existitzen denetik gizaki bakoitzak berezko burua izan du. Eta batzuek oso gogorra, gainera! Baina gu ez ginen buruen ezaugarriez ari, tamainaz baizik. Beraz, utzi aholkua ematen. Eraman betaurreko elastikoak: erosoak, merkeak, politak eta modernoak dira.

ANDER BAKON: Izugarri atsegin dut zuk niri aholku ematea, zu baitzara aditua. Eta betaurreko horiek modernoak direla diozu?

LULI PATATAX (sekulako errietan): Zer demontre dakit nik zer den moderno eta zer ez!? Badira aspalditik itsuak izan arren betaurrekorik ez daramaten izaki estrabaganteak, hori modernoa dela uste dutelako.

ANDER BAKON: A, betaurrekorik ez eramatea moderno dela?

LULI PATATAX: Baiiiii!!!

ANDER BAKON: Kasu horretan, ez dut batere erosiko. Egun ona izan eta ikusi arte!

LULI PATATAX: Bejondeizula!!!

 

(Desagertu eta agertu.

Balkoian biak betaurreko neutroak jantzita.)

 

LULI PATATAX: Eta horrela geratu zen koitadua. Triste. Munduari zuzen begiratzeko betaurrekorik gabe.

ANDER BAKON: Eta ez dago munduari begiratzeko betaurrekorik gabe ibiltzea baino gauza tristeagorik.

LULI PATATAX (maitemintzen hasita): Optika batean izan nuen lehenengo esperientzia ez dut sekula ahaztuko. Erakusleiho ikusgarria zeukan. Aspaldi zen begia jota niola antiojoz betetako museo horri.

ANDER BAKON (elkarri eman behar dioten musua moztuz): Kontuz, begia bete jende etorri da gu ikustera...

LULI PATATAX: O, bai, begiratzera eta ikastera, noski. Ondo egin dute, ze beste batzuek asko ikusi eta gutxi ikasi.

ANDER BAKON: Ez dago ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik!

LULI PATATAX (mehatxuka bezala): Hara, nork eta zuk hori diozu?

ANDER BAKON (ikaraz): Zer duzu? Begiak bihurritzen ari zaizkizu.

LULI PATATAX (gogor): Ikusi-makusi!

ANDER BAKON: Zer ikusi?

LULI PATATAX: Ikusi, ikusi, gauza bat a-z hasten dena.

ANDER BAKON: A-z...?

LULI PATATAX: Hori esan dut, bai!

ANDER BAKON: Aretoa!

LULI PATATAX: Ez!!!

ANDER BAKON: Argiak?

LULI PATATAX: Ez, ez eta ez!!!

ANDER BAKON (ikusleak seinalatuz): Astoak?

LULI PATATAX: Horiek astoak dira, bai, baina ez neukan hori buruan.

ANDER BAKON: Ba, ez dakit zer den.

LULI PATATAX: Aulkia!

ANDER BAKON: O, bai, aulkia, astoen ipurdia gordetzeko kabia.

LULI PATATAX: Hemengo beste aulki hau. (Eszenatoki bertako aulkia seinalatzen du) Hori! Jesarri hadi! Eta orain bai,jolasean arituko gara.

 

(ander bakon urduri jesarriko da.)

 

ANDER BAKON: Eta zertara jolastu behar gara? Ikusi-makusi?

LULI PATATAX: Ez!!! Zuk ikusi eta ni nagusi!

ANDER BAKON: Jo...

LULI PATATAX: Haika mutil,jeiki hadi, argia den mira hadi.

ANDER BAKON: Bai, nagusia, argia da, gure oilarra kanpoan da. Kakarakaaaaa...!

LULI PATATAX: Haika mutil,jeiki hadi, surik baden mira hadi.

ANDER BAKON: Bai, nagusia, sua bada, gure katua beroa da. Mixinoooooo.

LULI PATATAX: Haika mutil, jeiki hadi kanpoan zer den mira hadi.

ANDER BAKON: Bai, nagusia, edurra da, lurra xuriz estali da.

LULI PATATAX: Haika mutil, jeiki hadi zer oinon den mira hadi.

ANDER BAKON: Bai, nagusia, egia da, mutiltxo hau nekatu da!

 

(Zutik jartzen da.)

 

            Hainbeste mira hadi, mira hadi, begiratu dezala berak! (Aulkian bueltan eseriz) Mirariren bat ikusi nahi du, ala? Ez al da bera nagusia? Mira dezala berak, bere interesa bada!

LULI PATATAX (“Culovaso” betaurrekoak jantzita dator): Begiradez ari garela, honetaz baliatuta, pertsonen psikoanalisia egin daitekeela pentsatzen ari naiz. (Bere burua aurkeztuz) Simona Goiz.

ANDER BAKON (beste aldera begira, lotsaz): Ander Bakon...

LULI PATATAX: Dindangolo-golo-golo?

ANDER BAKON: Dindango-didango...

LULI PATATAX: Dindangolo-golo-golo?

ANDER BAKON: Dindango-didango!

LULI PATATAX: Ea, horrelaxea, horrelaxea.

ANDER BAKON: E-a-o...

LULI PATATAX: Ea, horrelaxea, horrelaxea.

ANDER BAKON: E-a-o!

LULI PATATAX: Xaliguali, xaliguali, xaligauli?

ANDER BAKON: Txunbai, txunbai, txunbai!

LULI PATATAX: Candy, Candy?

ANDER BAKON (negar eztanda batean): Ohhhh, Candy, Candy...!!!

LULI PATATAX: Hitz egiten duzun horrekin hitz egiten diozunean beste aldera begiratzen badu?

ANDER BAKON: Zer?

LULI PATATAX: Malo! Beste aldera begiratzen duen hori... malo!

ANDER BAKON: Ez al ginen beste aldekoak gu, ala?

LULI PATATAX: Ba, bai, baginen, bagara eta izango gara.

ANDER BAKON: Orduan?

LULI PATATAX: Salbuespen ospetsua da hau, legea sortzeko ezinbesteko salbuespen hura.

ANDER BAKON: Legea, bai. Lege guztiak bere tranpia...

LULI PATATAX: Noski, begi guztiek ez dutelako berdin ikusten.

ANDER BAKON: Eta begi guztiek ez dute egun bakar batean negar egiten.

LULI PATATAX: Bihotzak eta begiak beti pozik eduki behar dira!

ANDER BAKON (negar eztanda berria): Bai, baina egunak begi asko ditu!

LULI PATATAX: Zertarako? Haietako bat bera ere ikusteko gai ez bagara?

ANDER BAKON: Nola ezetz?

LULI PATATAX: Zuk badaezpada ere begirik ez itxi. Kerra gure txakurrak bezala, begiak zabalik dituela lo egiten du. Eta guk, gizaki arruntok, ez! Ala, biba iluntasuna! Begiak itxita lo egin eta kito! Horrela ezer ikusterik ez dago! Ez dago mundua aldatzerik.

ANDER BAKON: Baina gauak begirik ez badu, zertarako gureak ireki?

LULI PATATAX: Itxitako begirik gabeko gau gehiagorik ez duzu nahi, hortaz?

ANDER BAKON: Ez. Nik amets egitea gustukoa dut.

LULI PATATAX: Egin ezazu amets begiak irekita dituzula.

ANDER BAKON: O! Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua!

LULI PATATAX: Lasai, gaua ilunago, ba, goiza argiago!

ANDER BAKON: Ez, ez, nik iluntasuna nahi dut! Amets egiteko iluntasuna! Jolasteko iluntasuna. Bidaiatzeko iluntasuna! Dantzatzeko iluntasuna! Eta izarrak berak ikusteko iluntasuna!

LULI PATATAX (begien estalkiak eskainiko dizkio): Jantzi ezazu hau, bada.

ANDER BAKON: Nik bakarrik jantzi behar dut?

LULI PATATAX: Hara, mutiko azkarra baina koldarra. Tira, neuk ere jantziko dut.

 

(Biak begietako estalkiekin biak, ilunpean galduta, ezin ikusirik daude.)

 

LULI PATATAX: Non zaude?

ANDER BAKON: Hemen.

LULI PATATAX: Non?

ANDER BAKON: Hemen.

LULI PATATAX: Ez zaitut ikusten.

ANDER BAKON: Ba, hemen nago.

LULI PATATAX: Entzun, entzuten dizut, baina ikusi, ordea, ez.

ANDER BAKON: Noski, iluntasunean ezin da ezertxo ere ikusi-eta.

LULI PATATAX: Eta zergatik, ordea, iluntasunean entzun egiten da?

ANDER BAKON: Zergatik diozu hori? Entzuten al didazu, bada?

LULI PATATAX: Horixe entzuten dizudala.

ANDER BAKON: Baina nola dakizu entzuten duzun hura neu naizela eta ez beste inor?

LULI PATATAX: Hemen beste inor ez dagoelako, ziurrenik.

ANDER BAKON: Ziurtasun osoz al dakizu hori?

LULI PATATAX: Horixe bada ziurtasun osoa dudana, ze, bestela, zutaz gain beste norbait entzungo nuke.

ANDER BAKON: Hitz egiten ez dudanean ere entzuten al didazu?

LULI PATATAX: Ez dakit. Ez ezazu berbarik egin eta entzuten ote dizudan ikusiko dugu.

ANDER BAKON: Ikusi?

LULI PATATAX: Entzun!

ANDER BAKON: Aaa...!

LULI PATATAX: Tira, ba.

ANDER BAKON: Zer?

LULI PATATAX: Ekin!

ANDER BAKON: O, bai!

LULI PATATAX: Ixo!

ANDER BAKON: Noski. (Ahapeka) Erne, orain ez naiz ezer esaten ari. (Ozen) Entzun al duzu esan ez dudan hori?

LULI PATATAX: Primeran. Eta gero zera esaten entzun dizut: entzun al duzu esan ez dudan hori?

ANDER BAKON: Hori entzun duzu?

LULI PATATAX: Bai.

ANDER BAKON: Eta aurrekoa ez?

LULI PATATAX: Aurrekoa?

ANDER BAKON: Bai, hitz egin ez dudanekoa.

LULI PATATAX: Entzun, entzun egin dut baina ez dut ezer aditu.

ANDER BAKON: E, aizu, ederra da ez entzutera jolastea!

LULI PATATAX: Ondo dago, bai.

ANDER BAKON: Itzela!

LULI PATATAX: Ikusmenarekin demostrazioa egingo dugu orain! Ez iezadazu begiratu eta ikusten ote zaitudan probatuko dut.

ANDER BAKON: Ados. Orain ez dut begiratuko. Kito, ez dut begiratu. Ikusi al nauzu?

LULI PATATAX: Ez!

ANDER BAKON: Ziur ikusi ez nauzula?

LULI PATATAX: Ziur! Ez dut ikusi nola ez nauzun begiratu.

ANDER BAKON: Nola? Ez nauzu ikusi?

LULI PATATAX: Ez!

ANDER BAKON: Baina nora begira zeunden?

LULI PATATAX: Inora ez.

ANDER BAKON: Eta zergatik zaude inora begiratu barik?

LULI PATATAX: Nora begiratu behar nuen?

ANDER BAKON: Niri begiratu behar zenidan.

LULI PATATAX: Iluntasunean ezin zaitut begiratu.

ANDER BAKON: Zergatik ez?

LULI PATATAX: Zuk jakin ez badakizu hori, nola jakingo dut nik, bada, zu bezain sinplea banaiz?

ANDER BAKON: Sinplea?

LULI PATATAX: Sinplea, bai.

ANDER BAKON: Nor, ni?

LULI PATATAX: Eta ni.

ANDER BAKON: Eta zu?

LULI PATATAX: Eta ni. Esaten ari garenak sinplekeriak ez dira, ala?

ANDER BAKON: Ez dira sinplekeriak.

LULI PATATAX: Zer dira, bada, sinplekeria sinpleak?

ANDER BAKON: Ez. Sinplekeria sinplea zera litzateke, adibidez: nik zuri esango banizu, “estali itzazu begiak eta begira ezazu ea usaintzen nauzun.”

LULI PATATAX: Hori litzateke beraz sinplekeria sinplea?

ANDER BAKON: Bai, hori sinplekeria sinplea litzateke.

LULI PATATAX: Gu bai sinpleak, sinplekeria sinplea zer den jakin ez izatea ere.

ANDER BAKON: Ba, bai.

LULI PATATAX: Ikusi duzu?

ANDER BAKON: Zer?

LULI PATATAX: Entzun duzuna.

ANDER BAKON: Sinplekeria?

LULI PATATAX: Ze sinplea!

ANDER BAKON: Hori bai sinplekeria sinplea!

LULI PATATAX: Ikusi duzu?

ANDER BAKON: Zer?

 

(Biak begietako estalkia kenduz.)

 

BIAK: Oso sinplea!!!

 

(Desagertu eta agertu.

Betaurreko karratuak jantzita aterako dira.)

 

LULI PATATAX: Eta zuentzat ere sinplea da, ikusleok! Koldarkeria albo batera utzi eta munduari beste modu batez begiratzeko betaurrekoak jantzi!

ANDER BAKON: Begiak jantzi, jaun-andreok.

LULI PATATAX: Begiak altxa, gazte eta zahar!

ANDER BAKON: Begiak luzatu, langabetu eta jubilatu!

LULI PATATAX: Ez pentsa, ikusleok, gure gaurko sinposioa berba eta berba soilik izango denik.

ANDER BAKON: Ez horixe! Begiratzearen jakituria zabala da!

LULI PATATAX: Begiak zenbat eta gehiago ikusi, are eta gehiago nahi du. Beraz, zuek denok, dagoeneko asko ikusi duzuenez gero, asko eta asko nahi izango duzue.

ANDER BAKON: Begia noraino, gogoa haraino. Zuen begiak honaino iritsi dira. Beraz, etor dadila zuen gogoa orain! Bai, bai... Guk, begiratzearen jakituria hedatzeko asmotan, zuekin egin nahi dugu gure saiakera.

LULI PATATAX: Ikusi dezagun. Horretarako boluntarioa behar dugu.

 

(lulik publikoko norbait igoko du. anderrek betaurreko bereziak aterako dizkio.)

 

LULI PATATAX: Zu zara gaurko pribilegiatua, beraz.

 

(Goian dagoenean izena galdetu, agurtu, jesarrarazi eta lau dimentsiotako betaurrekoak jantziko dizkiote.)

 

ANDER BAKON: Ez da soilik begiratzearen jakiturian iraultza gertatuko.

LULI PATATAX: Antzerkia bera ere eraldatuko dugu gaur!

ANDER BAKON: Zuen begien aurrean primizia mundiala.

LULI PATATAX: Antzerki tetradimentsionala!

ANDER BAKON: Lau dimentsiotako antzerkia, bai! Hemen goian ez zaudetenok, begiak parrez, bai, baina bihotza negarrez izango duzue! Inbidiak jota. Ikusi, bestela.

 

(Lau dimentsiotako antzerkia egiten dute. Ur azpian ibiltzeko betaurrekoekin arrantzan hasi eta, espazioan hegan, E.T.rekin topo egingo dute.

Bukatutakoan, eszenatokian eserita dagoen ikuslearengana gerturatuko dira.)

 

ANDER BAKON: Zelan pasatu duzu? Flipatzen, e?

LULI PATATAX: Esperientzia izugarria, ezta?

ANDER BAKON: Hemen denon arteko inbidia sortu duzu.

LULI PATATAX: Txalo bero bat Jose Mari-rentzat! / Txalo bero bat Mari Jose-rentzat!

 

(Ikuslea badoa eszenatokitik.)

 

LULI PATATAX: Lau dimentsiotan bizitza ederragoa da. Ander! E! Ander, bizitza ederragoa ez ote da lau dimentsiotan?

ANDER BAKON: Aizu, ez ditut nire betaurrekoak aurkitzen. Non dauden ba al dakizu?

LULI PATATAX: Lehen hortxe ikusi ditut.

ANDER BAKON: Lehen! Duela minutu gutxi erabili ditut...

LULI PATATAX: A, baliteke... Baina lehen hortxe zeuden.

ANDER BAKON: Bo, nahikoa dugu, lehen hortxe zeudela jakiteak zertarako balio dit, bada?

LULI PATATAX: Hortxe pare bat aldiz utzi dituzulako esan dizut.

ANDER BAKON: Pare bat aldiz? Askotan utzi ditut hantxe bertan, baina oraintxe bertan non dauden jakin nahiko nuke.

LULI PATATAX: Nik ez dakit oraintxe bertan non dauden, baina lekuren batean egon beharko dira.

ANDER BAKON: Lekuren batean! Noski, lekuren batean egongo dira, baina non dago leku hori?

LULI PATATAX: Zer dakit nik, bada! Hala ere, beste tokiren batean ere egon daitezke.

ANDER BAKON: Beste tokiren batean? Beste tokiren bat eta lekuren bat gauza bera dira.

LULI PATATAX: Bo, nahikoa dugu. Beste tokia, aldi berean, beste leku hura eta beste leku hori izan daiteke.

ANDER BAKON: Hori horrela da, egia.

LULI PATATAX: Betaurrekoak direla-eta matraka berbera beti eman beharra ere!

ANDER BAKON: Beti-beti ez. Askotan bai, baina beti ez!

LULI PATATAX: Hurrengo aldian ondo begiratu betaurrekoak non uzten dituzun, eta horrela, non dauden jakingo duzu.

ANDER BAKON: Baita zera ere! Ez da kontu makala, gero.

LULI PATATAX: Ez da, ez.

ANDER BAKON: Baina non utzi ditudan jakingo banu ere, ez lidake ezertarako balioko.

LULI PATATAX: Zergatik?

ANDER BAKON: Ezin baititut ikusi. Betaurrekorik gabe ez dut ezertxo ere ikusten!

LULI PATATAX: Hurrengo baterako, hortaz, badakizu: bila itzazu beste betaurreko batzuk galdu dituzunak aurkitzeko, eta kito!

ANDER BAKON: Ba, bai. Ederto pentsatuta dago hori, ez da kontu merkea.

LULI PATATAX: Eskerrik asko.

ANDER BAKON: U... baina oso aukera garestia da!

LULI PATATAX: Merkea ez dela esan duzu, bada!

ANDER BAKON: Hori, bada. Urtero mila betaurreko dozena pare galtzen dut eta hori gertatzen den aldi bakoitzerako betaurreko pare berria behar badut, betaurreko pare merkeenak ehun eta berrogeita hamar euro balio duela kontuan harturik, betaurreko pareetan soilik berrogeita hamar mila euro gastatuko nituzke.

LULI PATATAX: Asto galanta! Eta zertarako demontre behar duzu horrenbeste betaurreko pare?

ANDER BAKON: Aldi bakoitzerako pare-parea bai, behintzat.

LULI PATATAX: A ze parea...

ANDER BAKON: Imajina ezazu urruneko parea galdu dudala eta hain daude urrun, ezen hurbilekoekin ikustea ezinezkoa den.

LULI PATATAX: Hurbilekoak jantzi beharko orduan eta urrunekoak dauden lekura hurbilduz gero, hurbilekoekin urrunekoak ikusiko dituzu.

ANDER BAKON: Baina urrunekoak non dauden jakin ez badakit?

LULI PATATAX: Zuk utzitako lekuan egongo dira.

ANDER BAKON: Hori da kontua, ez dut gogoratzen!

LULI PATATAX: Bo, nahikoa da!!! Nik zer dakit! Hara, betaurrekoen zorroan izango dira!

ANDER BAKON: O! Baliteke, bai. Hantxe egongo dira, hori da...

LULI PATATAX: Hori da...

ANDER BAKON: Pasa egidazu zorroa.

LULI PATATAX: Non dago, baina, zorroa?

ANDER BAKON: Zorroa? Betaurrekoekin egongo da!

LULI PATATAX: Betaurrekoak ez dira dagokien zorroan gordeta egoten beti.

ANDER BAKON: Bai, beti-beti, han daude beti, baldin eta jantzita ez badaramatzat.

LULI PATATAX: Jantzita zer, zorroa?

ANDER BAKON: Ez, betaurrekoak!

LULI PATATAX: Arrazoi duzu. Errepara iezaiozu zeure buruari.

ANDER BAKON: Nola...?

LULI PATATAX: Begiratzeko zeure buru gainera.

ANDER BAKON: Ezin dut horren gora ikusi!

LULI PATATAX: Ba, orduan, ukitu, hortxe daude-eta!

ANDER BAKON: O, bai! Hemen daude. (Buruan zeuzkan betaurrekoak janzten ditu)

LULI PATATAX: Ikusten?

ANDER BAKON: Bai, orain bai, ikusten dut.

LULI PATATAX: Zorionekoa, bada!

ANDER BAKON: Ez pentsa, edozein kasutan, hau da hau pena!

LULI PATATAX: Pena, zergatik?

ANDER BAKON: Zorroa. Ez dagoelako.

 

(Desagertu eta agertu.

Betaurreko borobilak jantzita agertuko dira.)

 

LULI PATATAX: Ikusezin ez garen bitartean gauzak ikusteko modua aldatu beharko dugu, lagunok.

ANDER BAKON: Hori bai, ikusezin izatea itzela litzateke!

LULI PATATAX: Ikusgaitza ederra, bai!

ANDER BAKON: Vatikanora joan eta inork ikusi gabe Aita Santuari koskorrekoa eman.

LULI PATATAX: Banku batean sartu eta altxor guztia eraman!

ANDER BAKON: Ikaragarria, Bonnie!

LULI PATATAX: Ikusgarria, Clyde!

ANDER BAKON: Ikusezinak ez gara, baina!

LULI PATATAX: Ui! Ikusezina beharrean, okerrago izan behar da ezinikusia izatea.

ANDER BAKON: Aita Santua bezala?

LULI PATATAX: Esate baterako.

ANDER BAKON: Badaezpada ere, guk ez dugu ezinikusiak garela esango.

LULI PATATAX: Mundua nahi dugun modura ikus dezakegula, bai ordea!

 

(Atzamarrekin betaurrekoak sortuko dituzte.)

 

ANDER BAKON: Eta zuek?

LULI PATATAX: Zuek ere ez al duzue mundua beste modu batera ikusi nahi?

ANDER BAKON: Oso erraza da. Horrela begiratzerik baino ez dago.

LULI PATATAX: Egin ezazue proba! Tira! Alda ezazue begiratzeko modua.

ANDER BAKON: Eman, oso erraza da! Denon eskuetan daude begirada aldatzeko antiojoak.

LULI PATATAX: Ez izan koldarrak! Jantzi zuen betaurrekoak.

 

(Ikusleek atzamarrekin begiak egiten dituztenean luli patatax eta ander bakonek ikusten duten guztiarekin argazkia egingo dute.)

 

ANDER BAKON: Ikusi duzue? Ez da horren zaila!

LULI PATATAX: Horrela oso erraz botako diozue begia maite duzuen horri!

ANDER BAKON: Eta, gainera, bide batez, begiak beteko dituzue.

LULI PATATAX: Eta norbaitek kontrakoa esaten dizuela?

ANDER BAKON: Norbaitek esaten badizue optikaren legea zein den badakiela.

LULI PATATAX: ...eta horrekin aurka egin nahi badizue, ba, zuek esan...

ANDER BAKON: A, ba, begia izango da!

LULI PATATAX: Egia, begia?

ANDER BAKON: Begia, egia?

LULI PATATAX: Zenbat egi, hainbat begi?

ANDER BAKON: Zenbat begi, hainbat egi?

LULI PATATAX: Zenbat egi? Zenbat begi?

ANDER BAKON: Zortzi... Zortzi begi! Zortzi begi!! Zortzi begi!!!

LULI PATATAX: Zortzi begi! Optikaren legeak behar duen eskarmentua!

ANDER BAKON: Errealitatea den bezalakoa ikusteko fundamentua!

LULI PATATAX: Bizitzaren ikuspegi berriaz gozatzeko mandamentua!

ANDER BAKON: Mundua behar bezala ikusi arte ez dezala inork idatzi bere testamentua!

LULI PATATAX: Betaurrekoek soilik osatu dute gure kargamentua!

ANDER BAKON: 8 begi, zuen begia betetzeko behar duzuen alimentua!

LULI PATATAX: 8 begi, bizitza ulertzeko ezinbesteko elementua!

ANDER BAKON: 8 begi!

LULI PATATAX: Zuei ere iritsi zaizuelako...

BIAK: Momentuaaaa!!!

LULI PATATAX: Egia, begia?

ANDER BAKON: Begia, egia?

BIAK (kantuan): Egia da, egia da, neuk ikusi dodalako. Egia da, egia da porque lo he visto yo. (“Cortemangas” bana egiten dute)

 

(Desagertu eta turuta musika off-ean.

luli patatax eta ander bakon belarri erraldoiak aterata dantzan erakutsiko dituzte musika amaitu arte. Ezkutalekutik aterako dira ikusleengana, belarriak eskuetan.)

 

LULI PATATAX: Belarriak?

ANDER BAKON: Eta belarriak?

LULI PATATAX: Belarriak zertarako?

ANDER BAKON: Zertarako belarriak?

LULI PATATAX: Ezinbestekoak!

ANDER BAKON: Behar-beharrezkoak...

LULI PATATAX: Belarriak betaurrekoei eusteko sortu ziren!!!

ANDER BAKON: Zorionekoak zuek, bada!

 

(Betaurrekoen dantza egiten dute.

Bizkarra emanez agurtu, erreberentzia egin eta eskuekin betaurrekoak egiten dituzte.)