Su-emailleak, Max Frisch
Egan, 1/6-1966

 

LENENGO ATALA

 

(Tellatupeko ganbaran Willi, bakarrik, ari-mataza askatzen ari da moda berriko doñu bat txistu-joaz. Bat batean musika isiltzen du ta beatz bat txistuz bustirik tellatu leiatillatik ateratzen du zer nolako aizea dabillen jakiteko. Jan-gela ta egon lekuan Biedermann, Babette eta Ana sartzen dira. Gizonezkoak abrigoa ta esku-zorroa alki gañean uzten ditu. Zigarro purua erretzen dator.)

 

BIEDERMANN: Nik diodana egizu!

BABETTE: Antzara? Ata bat?...

BIEDERMANN: Bai ata bat.

 

(Korbata kentzen du baiñan zigarroa beti aoan dualarik.)

 

BABETTE: Zergatik kendu duzu korbata?

BIEDERMANN: (Korbata eskura emanez.) Onela obe dalako. (Tellatupekoak aitatuaz.) Entzun zazu, Babette. Bi piztitxar oriek salatzen ba ditut, aurrez aurre, etsai amorratuak bezela jarriko zaizkit. Eta zer irabaziko dut orrekin? Poxpolo bat aski gure etxea kiskaltzeko. Zer irabazten dut orrekin? Aitzitik, gora igo ta bazkaltzeko deia egiten ba diet... ta deia onartzen ba didate...

BABETTE: Orduan, zer?

BIEDERMANN: Adiskide egingo gerala.

 

(Zamarra kendu ta Babette'ri eskuratuaz. Bijoa.)

 

BABETTE: Ba dakizu, Ana. Gaur gauean ezin atera ziñezke zure, adiskidekin. Afaldarrak ditugu. Jarri zazu maia lau lagunentzat.

 

(Tellatupeko ganbaran Willi eraberriko doñua abesten ari da. Biedermann ate joka.)

 

WILLI: Aurrera! (Abestutzen darrai eta ez da iñor sartzen.) Aurrera! (Biedermann makutsik sartzen da zigarro purua eskuan daramakila.) Egun on! Biedermann jauna!

BIEDERMANN: Zure baimenarekin.

WILLI: Ondo lo egin al duzu?...

BIEDERMANN: Izugarri gaizki, eskerrik asko!

WILLI: Nik ere alatsu. Egoaize madarikatua bait dabil!

 

(Bere lanean diardu.)

 

BIEDERMANN: Ez zaitut zure lanean galerazi nai.

WILLI: Jaikoarengatik!, zure etxean ba zeunde bezela, gizona!

BIEDERMANN: Bear bada ezgaraiz natorkizu, baiñan... (Usoen urruma entzun bedi.) Beste gure laguna nun dugu?

WILLI: Joxe?... Lanean... zakurra ez bestena! Ez zuan joan nai gosaldu gabe, alaz guztiz txirbil billa bidali dut. Aitzen?

BIEDERMANN: Txirbil billa?

WILLI: Txirbillak txinparta txiki bat aski dute zera...

 

(Biedermann parregiñez kortesiz bezela.)

 

BIEDERMANN: Nik esan nai nizun, Eisering jauna!

WILLI: «Willi» dei zaidazu soil-soilik. Berriz ere etxetik bota nai al gaituzu?

BIEDERMANN: Gau erdian —ba-dakizu—, gau erdian, ez bait dut gau guzian begirik itxi; ba gau erdian gogoratu zitzaidan goi ortan ez zendutela komunik... Ez garbitzeko urik. Ez bait nuen loarrazteko pastillarik.

WILLI: Ez kezkarik izan, tellatua bertan dago.

BIEDERMANN: Neri ez zait ajolarik. Ori zuen egitekoa da, nai duzuten bezela... Baiñan gau guzian buruan gogorapena ezin kendu izan dut. Gañera, arpegia garbituko naiko zendutela... edo ta dutxa bat artu. Nola nai, konfiantza osoan nere bañu-gelaz balia ziñezteke Ana'ri toalla batzuek jartzeko agindu diot.

WILLI: (Zerbait ezin arkiturik dabillela.) Nun jarri ote dit?

BIEDERMANN: Zer ala?

WILLI: Txiskeroa. (Berriz an eta emen arakatuaz.) Ez zazula bañu kontu ortaz ardurarik izan, Biedermann jauna. Kartzelan ere, badakizu?, kartzelan ere ez genduen bañurik izaten.

BIEDERMANN: Kartzelan?

WILLI: Bai! ez al dizu Joxe'k esan kartzelan egona naizela?

BIEDERMANN: Ez.

WILLI: Ez dizula ezer esan?

BIEDERMANN: Ezer ez!

WILLI: Ark ere berea besterik ez du esaten. Orrelakoa dugu arraio hori! Nik al dut errua bera umetan zorigabea izan ba zan? Zu aur denboran zoritxarrekoa izan al ziñan, Biedermann jauna? Ni ez bada! Karrera estudiatu nai izan ba'nu, nere aitak Juezarena zuen gogoko.

 

(Tellatuko leiatillatik usoai dei egiñez Grr! Grr! Grr! Biedermann'ek berriz zigarro-purua piztuaz.)

 

BIEDERMANN: Eisering jauna, zin egiten dizut gau guzian ez dudala lo apurrik egin! Esaidazu, arren, argi ta garbi: benetan bidoi orietan gasolinarik ba al dago?

WILLI: Baiñan, gizona, guregan konfiantzarik ba al duzu, bai ala ez?

BIEDERMANN: Nik galdera besterik ez dizutet egiten.

WILLI: Nortzuek gerala uste duzu zuk? Garbi esanda.

BIEDERMANN: Nik ere umore ona zer dan ba-dakit, baiñan alako brometan ari zerate!

WILLI: Biziak beartzen gaitu, Biedermann jauna!

BIEDERMANN: Nola? Zer?

WILLI: Broma «kamuflajetzat» artzea ez dago gaizki. Ori bera gerta oi da biotzberakeria dala-ta. Joxe'ren eskola da: aur zala ikazkiñekin mendian; gero umezurtz etxean, aurra umezurtz, zirkoa, abar eta abar! «Kamuflaje» onena, ordea, egia esatea da. Beti egia. Baiñan gauza pitxia! Ez dizu iñortxok sinisten!

 

(Aldameneko egon gelara Ana'k Kuliski'ren alarguna, beltzez jantzirik sar arazten du.)

 

ANA: Eser zaite. (Eser bedi.) Baiñan oartu bear dizut Kuliski'ren alarguna ba zera, alperrik etorri zerala. Biedermann jaunak ez du ezer nai zurekin... Ala esan dit. (Alarguna jekitzen da alkitik.) Eseri zaite, eseri. (Berriz eser bedi.) Baiñan ez amets zororik eginl

 

(Ana bijoa. Tellatupeko ganbaran Willi bere lanean diardu; Biedermann zutik zigarroa erreaz.)

 

WILLI: Nun sartu zaigu Joxe hori? Txirbil batzuek biltzea ez da ain gauza zailla. Ez al zuten arrapatuko.

BIEDERMANN: Arrapatu?

WILLI: Atzaparra bota! Obeto ba derizkiozu! (Biedermann'ek par egiten du.) Zergatik par egiten duzu?

BIEDERMANN: Barka zaidazu! Onela mintzatzen entzuten dizudanean, Eisenring jauna, beste mundutik ote zatozen nago. Arrapatu! Liluragarria da. Beste mundukoa! Emengo gure giro ontan gaitz bait da iñori atzaparra botatzea.

WILLI: Jakiña!, zuen artean iñork ez baitu txirbillik ostutzen. Ortan dago maillen ezberdintasuna.

BIEDERMANN: A zer nolako zorakeria!

WILLI: Ez duzu esan naiko...

BIEDERMANN: Nik ez dut maillen-ezberdintasunean sinisten. Ortaz jabetu ziñala pentsatzen nuen. Ez. Ni ez nazu atzeratu orietako bat. Bai zera! Ain zuzen, beeko maillakoen artean, mailleen ezberdintasunaz mintzatzea mingarri zait. Ez al gaituzu bada, guziok, aberats eta pobre, Egille Beraren ume? Ta erdiko-mailla? Erdiko maillakoak, berdin! Orok bat, zu eta ni ez al gaituzu ezur eta mamizkoak? Onenean, zuk ere zigarro-puruak erreko dituzu. (Puruak eskeintzen dizkio ta Willi'k buruaz ezezkoa egiten dio.) Ez uste izan nik berdintasunaren kasketa dudanik. Hori ez! Beti izan dira, argalak batzuek eta besteak indartsu, Jainkoa'ri eskerrak! Zergatik alkarri eskua luzatu ez? Borondate on pizka bat, jainko bedeikatua! Idealismo pizka bat, zera... pizka bat... eta guziok aberats eta pobre lasatasun eta pakea izango genituke. Ez al duzu orrela uste?

WILLI: Bada garbi itzegin bear ba dizut, Biedermann jauna...

BIEDERMANN: Hori eskatzen dizut, bada, argi ta garbi esatea...

WILLI: Ez al zera asarretuko?

BIEDERMANN: Zenbat eta argiago obe.

WILLI: Orduan. Itzul-inguruka ibilli gabe: zigarroa erretzeari utzi zaiozu. (Purua itzali bezaio. Biedermann izutzen dalarik.) Ni ez nazu nor zuri ezer galerazteko, Biedermann jauna, zu, zere etxean bait zaude, baiñan egizu kontu...

BIEDERMANN: Bai gizona antzematen diot!

WILLI: (Makurturik.) Emen dago!

 

(Lurretik zerbait jaso, ta garbitu ondoren sakalean sartzen du moda berriko doñu bat txistu joaz.)

 

BIEDERMANN: Baiñan zer egiten ari zera, gizona? Jaso dezun puska zer dan jakin nai nuke?

WILLI: Txiskeroa!

BIEDERMANN: Eh?...

WILLI: Eta onoko au metxa...

BIEDERMANN: Eh?...

WILLI: Orain, Joxe'k dionez obeak ba omen dira, baiñan estrajeritik datozenak. Ez genezake ortan pentsa. Gerrako gai guziak izugarri garesti dituzu; beti gaiñ-gañekoak.

BIEDERMANN: Metxaz al diozu. Metxa...

WILLI: Bai metxa-pizkarria! (Eman bezaio muturra.) Neurtzen lagunduko ba zenida.

BIEDERMANN: (Metxa-soka eskuan arturik.) Ez emen txantxetan ari!

WILLI: Instant bat besterik ez! (Berriz moda berriko doñua txistuz joaz.) Eskerrik asko! Millesker!

BIEDERMANN: (Izerditan, par egiñez.) Ez, Willi, ez! Ez zindezke onela besterik gabe nerekin jostatu. Nerekin ez! Jendearen uste onean uste geiegi duzu. Bai, geiegi! Zuri itzegiten entzunda ez naiz arritzen iñoiz kartzelan sartzen ba zaituzte. Jende guziak ez bait du nik bezelako umore onik. Ez adiskide! Ez da gauza arrunta.

WILLI: Orretarako jende aproposa arkitzen jakin bear!

BIEDERMANN: Nere lagunartean ba dituzu batzuek. Gizonen ontarteaz zerbait entzun orduko, bereala Sodoma ta Gomorraz gogoratzen diranak.

WILLI: (Ardura gabe.) Orratx. Begira zeñen ederki!

BIEDERMANN: Nik bonberoen gastuak ordaintzeko orrenbesteko bat ematen dut illero, gero.

WILLI: (Metxa lagata.) Umorerik ez duan jendea ardalla sortzen danean erabat galdurik arkitzen da. Animo beraz, kompañeo! (Biedermann izerdi patsetan bidoi gañean eseri bedi.) Zer gertatzen zaizu? Zuri-zuri gelditu zera. (Sorbaldetatik eutsiaz.) Ba dakit zer dan. Usaia!: gasolina usaia, alegia! Ez bait zaude oiturik. Leiatilla irikiko dizut! (Iriki beza.)

BIEDERMANN: Eskerrik asko!

 

(Ana'k eskallera burutik otsegiñez.)

 

ANA: Biedermann jauna! Biedermann jauna!

WILLI: Berriz poliziakoak!?

ANA: Biedermann jauna!

BIEDERMANN: Ba noa! (Isillago.) Eisenring jauna, antzara, ate-jakia gustatzen al zaizu?

WILLI: Ate-jakia?

BIEDERMANN: Bai, atekia?

WILLI: Gustatzen al zaidan? Neri? Nola jarria dagon ikusi bear?

BIEDERMANN: Jerez saltsetan... gaztaiña egosiekin...

WILLI: Laranjak sartzen ba dizkiotzu ere!

BIEDERMANN: Bai, zuek gogokoena duzuten eran. Nere andreak eta nik batez ere, nerekiko nion, gustatzen ba zaizute eta batere zuek beartu gabe, atsegin ba zaizute, noski, aditzen?... afaldu zenezatekela gurekin; zuk, Joxe'k. Lagun artean ez al da ala?...

WILLI: Noiz? Gaur?

BIEDERMANN: Biarko utzi nai ba duzute?

WILLI: Ez dut uste biar emen izango geranik; gaur bai ordea, pozik, atsegin aundiz, gañera.

BIEDERMANN: Orduan... zazpietan?

 

(Ana'k berriz eskallera burutik otsegiñez.)

 

ANA: Biedermann jauna!

BIEDERMANN: (Willi'ri eskua emanez.) Ontzat artzen al duzu?

WILLI: Konporme!

 

(Bidermann irtetzera doa ta atean geldituaz buruaz egiten du agurra kopetillunez bidoi ta metxari begiraturik.)

 

BIEDERMANN: Konporme!

 

(Irtetzen da ta Willi'k bere lanean diardu txistu joaz. Bonberoak aurreruntz datoz, sua itzaltzera ba lijoaz antzera. Ontan ganbaran soñu bat entzun dala ta gelditzen dira zer dan jakin nairik.)

 

WILLI: Atera inteke, sasi-jakintsu! (Bidoi artetik gizon berri bat agertzen da: intelektual dalakoa betaurreko ta guzti.) Entzun duk: Joxe ta biok afaltzera konbidatuta gaitxiok. Ik zai gelditu bearko duk iñor sartu ez dedin ta gutxiago zigarroa erretzen, aldez aurretik, aditzen? (Jakintsuak betaurrekoak garbi bitza.) Nere buruari galdeegiten zioat zer arraio egitera etorri aizen gure artera. Noiz eta sua, txinpartak, garrak eta gañerako oiu, ke, istillu, jendearen deadarra, zakurren zaunka ta errautsa maite ez ba dituk. (Jakintsua'k betaurrekoak bere lekuan jarri bitza, ben ben. Willi parrez asten dalarik.) Ik mundua obetzea nai al duk? (Txistuari ekiten dio berriro lagunari so egiteke.) Ba-dakit zuek intelektualok gorrotagarri zatzaizkidate. Lenago esan izan diat: zuekin ez goatxiok iñora, gauzak ez dik batere grazirik. Guzia goian lañotan, idealismo ta utopi giroan jartzen bait duzute. Traizioa duk ori. Ta ez dik batere grazirik.

 

(Lanean eta txistuka diardu. Koro-sailla aldamenetik erdiruntz abiatzen da.)

 

KORO-SAILLA: Gertu gaude! Bomba-mangak emen dauzkagu txukun eta garbi Reglamentua'k agintzen duanez.

BURUZAGIAK: Zoritxarrez, ordea, aize indartsua dabil.

KORO-SAILLA: Egoaize beldurgarria! Baiñan gure eginbearra zer dan guziok dakigu, jakin. Mangak emen dauzkagu txukun eta garbi neurri onean.

BURUZAGIAK: Eta erregaioko iturriak?

KORO-SAILLA: Eginbearra zer dan guztiok dakigu, jakin.

BURUZAGIAK: Gertu gaude, orduan!

 

(Bonbero-sailla aldamen batera baztertzen da zer nai zai. Sar bedi Babette, eskuan antzera bat daramakila. Ondoren intelektuala.)

 

BABETTE: Bai, jauna, bai! Ba-dakit... baiñan nere senarra. (Intelektuala itza eten nairik.) Esan didazu, baita, baita! Presako gauza dala, adieraziko diot. (Intelektuala'ren aldamenetik bereziaz ezenarioko aurreko aldera doa.) Egazti hau maniatzera noa ea goiko birigarro oriek limurtzen ote ditugun. (Kanpai otsa entzun bedi.) Kanpai dandara oriek! Ez dakit zergatik, dandara oriek azkenekoak izango diran susmua artzen dut. Gure iriko azken kanpai otsak!!

BIEDERMANN'EN ABOTSA: Babette! Babette!

BABETTE: Nik ez dakit, jaunak, nere senarrak beti arrazoi duanik, baiñan berak esan dit: Ajolakabe alenak ez bestenak dituzu ta etsai izateko txarrak. Ala izanik, kaxo motel! gure ille-lozioa: Gureak egin du!

BIEDERMANN'EN ABOTSA: Babette! Ez al zatoz?

BABETTE: Nere senarra ondotxo ezagutzen dut. Beti bat da: onegia! On puska!

 

(Babette ba doa. Koro-sailla oartzen da an aurrean intelektuala dutela agiri bat irakurtzen ari dana. )

 

KORO-SAILLA: Nor dugu hori?

BURUZAGIAK: Bidoietan gasolinarik ikusten ez duan norbait! Betaurrekoak daramazkin etxe oneko semea. Horrek ideiak ikusten ditu: Ideiak besterik ez!

KORO-SAILLA: Zer nai astakeri egiteko gertu dago orduan!

BURUZAGIAK: Alaxen da, ezen, esaten duanez, azken onak bide guziak justifikatzen bait ditu.

KORO-SAILLA: Azken onak bide guziak zuzendu, alegia?

BURUZAGIAK: Dirudienez.

INTELEKTUALA: Arratsalde on!

 

(Itz xalo auek ekitaldi bizian jartzen ditu koro-saillekoak.)

 

BURUZAGIAK: Eutsi ur-mangai! Ekin! Eskalleruntz!

 

(Bonberoak beren lekuetara antxitxinka doaz.)

 

KORO-SAILLA: Gertu gaude! Gertu!

BURUZAGIAK: (Antzezleku aurrera joanez publiko jendeari mintzatuaz.) Gabon jaun andreok! Zaudete trankil! Gerturik gaude!

 

(Musika ta illunpea.)

 

Su-emailleak, Max Frisch
Egan, 1/6-1966