Errenta
Ramon Agirre
Errenta
Ramon Agirre
Kutxa, 1994

 

Lehen ekitaldia

 

Estudioa: Egon-lo-gela, erdian ohe zabal bat duelarik eta mostradore batek berezirik sukaldea. Aldetara ate bana, eskilara eta bainura zabaltzen direnak, eta atzekaldean patiora ematen duen leihoa. Altzari bat, musika ekipoa eta disko batzuk dituena eta mahaitxo bat telefonoarentzat. Posterren bat paretetan, muskuluak lantzeko tentsoreak eta leku agerian teatro-maskara pare bat. Ohearen oinetan kolorezko kojin batzuk.

 

(lola maletak egiten ari da. Beranduxeago teo sartzen da lanetik bueltan. Erosketarako poltsa bat dakar esku batean eta whisky botila bestean).

 

teo: Gaur bertan hotsegingo dut ea zerraila konpontzen didaten... Zer ari zara?

lola: Zuk zer uste duzu?

teo: Bazoaz?

lola: Bingo!

teo: Nora?

lola: Koliflora usairik ez dagoen edonora.

teo: Koliflora? Baina, astebete da ez dugula...

lola: Etxe honetan beti dago koliflora usaia.

teo: (Usaituz) Ez nuen ba igarri... (Gauzak mostradorean utzi eta leihoa ixtera doa, lolak maletak egiten darrai. teok isilik begiratzen dio) Berarekin al zoaz? Belgarekin?

lola: (Bere egitekoak utzi gabe) Bai.

teo: Europear Merkatu Bakarrerako ekonomi finantza aholkularia, ezta? Zer izen du? (lolak hitzik esan gabe begiratzen dio) Bai, badakit nik aurkeztu nizula, ez duzu gogorarazi beharrik. Ez dut sekula gustokoa izan tipo hori. Ez dut ezer girien kontra baina elementu hori ez da oso normala.

lola: Ez dut uste egokiena zarenik pertsona bat normala den ala ez juzgatzeko. Ez da zu bezalakoa noski, bere zorionerako.

teo: Hasiera-hasieratik fartsante hutsa iruditu zaitzaidan. Apustu ez dela ez aholkulari, ez finantziero, ez europear, ez aztarrenik ere. Hitzegiten ere ez daki eta! Eta ni ez naiz razista, baina izorratu egiten naute den-dena dakiten lerdo horiek.

lola: Bizitzen daki. Bizitzen. Ba al dakizu zer den hori?

teo: Sonatzeit.

lola: Zer jakingo duzu zuk. Beti hor zaude eta...

teo: Badakit, bai. Hilargian. Gaur ez dut joaterik izan, lana nuen eta. (Whisky bat jartzera doa).

lola: Ez zara zure inguruan gertatzen denaz enteratu ere egiten.

teo: Hobe ez enteratzea batzutan.

lola: Noski. Hobe da bizitza osoa historia fantastikoak asmatzen pasatzea, errealitateari aurre egin gabe. Ume-moko bat izango zara beti.

teo: Horrek ere sonatzeit.

lola: Bi hilabete daramazu zerraila hondatuta. Ez dakit nola ez diren oraindik lapurtzera sartu.

teo: Ez zaie nonbait koliflora usaia gustatzen.

lola: Oso farregarria. Ez dut ezagutu zu baino elementu motelagorik. Eseri eta gauzak eginda nork emango zain egoten zara.

teo: Finantzieroak, aldiz, ez du bururik hausten. Nahi duena, erosi eta kitto, ez da?

lola: Aizak, Teo!

teo: Barkatu, ez nuen hori esan nahi...

lola: Eskerrak baden oraindik emakumeak tratatzen dakienik. Asteburu batean atentzio gehiago izan du, zuk hiru urtean baino.

teo: Sumatu beharra nuen. Frantsesez hitz egiten duen belga bat! A ze babua izan naizen. “Aparteman txiki bat daukat elurretan. Tres joli”. Ongi eskiatzen al du? Kuņa dotore bat, bere kotxezarrean afaritara eramaten zaitu eta zu errendituta bere oinetara.

lola: Ez ezazu txorakeriarik esan!

teo: (Samur) Lola, nik...

lola: Zuk, zer? Maite nauzula? Maitasuna ibiliz erakusten da. Eta zu etzara mugitu ezagutu zintudanetik. Eta ez ezazu larrututako arkume-aurpegia jarri. Ezin dut aguantatu. Gainera, ezin dut bizi soldata mixerable baten truke bizitza osoa lehertu beharrean lanean pasatzeko prest dagoen batekin

teo: Ez dut kolperik jotzen eta...

lola: Ba al dakizu zenbat irabazten duen berak?

teo: Behar adina daukat.

lola: Nik ez ba. Eta aspertu egiten nau hiri honek. Zuk telebista piztearekin nahikoa duzu. Lelotuta geratuko zara hainbeste telebistarekin.

teo: Nora joan nahi duzu?

lola: Berdin zait. Baina ito beharrean nago hemen. Hurrengo astean Bruselas-a goaz. Ordenadorea erabiltzen dakien norbait behar du.

teo: Ez ezazu esan ordenadore bat erabiltzen ez dakienik. Noizkoa da ba hori! (lola maletak ixten ari da) Eta horrela al zoaz? Derrepente? Zergatik ez dugu hitzegiten pixka batean? Eser zaitez eta zigarro bat erre. Barkatu, ahaztu egin zait uzten ari zarela.

lola: Ez dut uste ezertarako balioko duenik. Bi hizkuntza diferentetan mintzatzen gara. Gainera elkarrekin bazkaltzeko geratu gara, eta nere gauzak bere etxera eramateko. (Mesanotxera doa zerbaiten bila. Kojin arrosa bat biltzen du lurretik, arrotu eta berriz uzten du). Aurrerantzean ez duzu ohea egin beharrik izango, eta zerritoki batean bizi ahal izango duzu. Hori duzu gustoko, ezta?

teo: Oheratu al zara berarekin? Saiatu da, ezta? Ongi asko ezagutzen ditut era horretako tipejuak. Bere korbatatxo eta urrezko erlojuarekin. Oso fina, erabateko gentelmana. Aulkia erretiratu zizun restaurantean, ezta? Eskubidean dela uste duen bezain pronto, salto egingo dizu gainera. (Beste whisky bat jartzera doa).

lola: Agian beste batzuk baino hobeto egingo du salto. Nahiago nuke, ni joan ondoren mozkortuko bazina. (Armairura doa azken gauzak jasotzera). Bi pertxa hartuko dizkizut. Zuk ez dituzu erabiltzen eta...

teo: Eraman itzazu denak. neri arropa zimurtua gustatzen zait.

lola: Bai, eta usatua. (Arroparekin dator berriz eta poltsan sartzen du). Zu bezalakorik ez balego rastrokoak gosez akabatuko ziren. Ez dakit nola ez zaren konturatu ez duzula edaderik.... arlote bat egina ibiltzeko.

teo: Arlote, hori berria da.

lola: Ikustekoa izango zara Diputazioan.

teo: Uniformea dut. Gainera bihar oporrak hartuko ditut eta baliteke gehiago ez bueltatzea.

lola: Eta zer egingo duzu? Flauta jo, Woody Allenek bezala?

teo: Aizu, Lola...

lola: Teatroa eskribitu? Horrela hain gustuko duzun farandula munduan sartu ahal izango duzu. Ba, eskribitzera bazoaz hobe duzu bakarrik egotea konzentratu ahal izateko. Akaso inspiratuko zaituen aktoresa bat aurkituko duzu, bohemia gustoko duena. Delako “Hirekin tipula eta ogi” ez doakit neri. (Komunera doa zerbaiten bila).

teo: Eraman ezazu plazentazko txanpua. Neri ez dit eraginik egiten. (lola komunetik itzuli eta azken poltsa ixten du) Eta Informatikako klaseak?

lola: Utzi berri ditut. Gehiago ez itzultzea espero dut.

teo: Nahiago dituzu banakako klaseak. Ederki ordainduko dizu, noski. (lolak ez du erantzuten. Maletak hartzen hasten da) Gosaldu al duzu? Kafe bat nahi? Kaka! Madalenak erostea ahaztu zait.

lola: Nazkatuta naukazu zure madalena madarikatuekin.

teo: Gustoko zenituela uste nuen. (lolak maletak hartu eta aterantz doa). Elkar ikusiko dugu joan aurretik?

lola: Ez dut uste. Eta nahiago dut ez deitzea. Bidaliko dut norbait gainontzeko gauzen bila.

teo: Ez dadila belga etorri. Ez naiz nere buruaren jabe izango eta.

lola: Ondo izan.

teo: Laguntzea nahi?

lola: Asmatuko al zenuke?. (teori maleta bat hartzen uzten dio).

teo: Saia naiteke. Pelikulak ikusiz ikasi nuen, pelikula belgak. (lolak zakarki kentzen dio maleta. Eta badoa. teo atarira begira geratzen da. Itxi egiten du. Lur jota, artean mostradorean zen erosketarako poltsa hartzen du baina ez da ezer egiteko gauza. Telebista piztu eta ohe gainean esertzen da paketea magalean duela. Irudietatik zintzilik geratzen da piskatean. Mantso-mantso, paketea zabaldu, eskua sartu eta koliflora bat ateratzen du. Mantxo-mantxo iluntasuna egiten da).