Errenta
Ramon Agirre
Errenta
Ramon Agirre
Kutxa, 1994

 

Hirugarren ekitaldia

 

Estudio bera. Marta ohe gainean eserita dago etxeko arropa jantzita. Bere alboan zenbait liburu eta gizonezko arropa batzuk (praka eta korbata adibidez). Estudioan kartoizko kajaren bat geratzen da artean zabaldu gabe. Instalatu berria da. Bainuko atea erdi irekia dago eta argia piztuta.

 

marta: (Bainurantz hizketan) Badakizu? Seguru nengoen hau gertatuko zela. Uste dut zeozer biziki desiratzen denean gertatu egiten dela azkenik. Asteak, hilabeteak neramatzan ustekabeko enkontru baten zain eta atzo hiriko kale guztiak ibili behar banituen ere zu aurkitzera deliberatuta irten nintzen. (Prakak hartu eta laztanduz) Ez dakizu zenbateraino desiratu dudan une hau. Maite zaitut, John. (Zalantzan da eta alboan duen liburua kontsultatzen du) Ez. Maite zaitut, Jim. (Irakurtzen jarraitzen du) Gauaz zure bila ibiltzen nintzen... (Telefonoak hots egiten du. hartu egiten du) Bai? Esan!... bai!... (Ez dute erantzuten eta eseki egiten du) Gauez nere ohean bilatzen zintudan eta zure ausentzia infinitoa besterik ez nuen aurkitzen. (Atsekabezko keinua egiten du). Eskribitu egin behar du hori kristauak! (Irakurketa bolumena apalduz doa mekanikoki egiteraino) Burukoari besarkatuta esnatzen nintzen, zure antza haundiagoa hartuz zihoan burukoari korapilatuta eta... (Ez du testoak konbentzitzen, beste bat bilatu eta Romeo eta Julietarena aurkitzen du. Eta irakurtzen). Zin egidazu maite nauzula eta Capuleto izateari utziko diot (Liburua utzi egiten du) oh Romeo! Benetan maite banauzu aldarrika ezazu bihotzez; edota pentsatzen baduzu arinegia naizela (teoren burua agertzen da ate atzetik) axolakabe eta musker bihurtuko naiz (Alkandoraren botoi bat askatu eta seduzitzaile tankerak hartzen ditu) eta areago saiatuko zara ni maitemintzen. (teo jada estudio barnean da. Bere jazkera itxurosoak lehengoarekin kontraste egiten du. Ardo botila bat darama eskuan). Zure izena errefusatu eta zu ez zaren izen horren ordez, har nazazu ni oso-osorik (geroz eta sartuago situazioan) har nazazu ni oso-osorik! Oso-osorik! Oso... ah! Zein zara? Zer nahi duzu? Nola sartu zara hemen?

teo: Barkatu, ez... ezin nuen botila zabaldu eta nola iristekoak diren...

marta: Zein da iristekoa?

teo: Zera, ni goian bizi naiz eta ez dut sakakortxorik. Ba al duzue sakakortxorik? (martak ez du tutik ulertzen eta teok keinuz adierazten dio).

marta: Ez dakit. Egon, sukaldean begiratuko dut. (Mostradoreko kajoiak zabaltzen hasten da barrukaldetik) Ez dela uste dut...

teo: Ezkerreko kajoian begira ezazu. (martak aurkitu. Harriturik begiratzen dio) Sakakortxoa ezkerrean egoten da ia beti.

marta: (Sakarkotxoa eman eta prakak eta korbata biltzen ditu) Eramazu nahi baduzu. Itzuliko didazu.

teo: Hobe dut botila deskortxatzea. Horrela ez zaitut gehiago molestatuko.

marta: Nahi duzun bezala.

 

(teo ohe gainean eseri eta deskortxatzeari ekiten dio. marta irteteko prestatzen ari da. Telefonoak jotzen du. Haserre desesekitzen du. Ez dute erantzuten. Esekitzen du).

 

teo: Ondo dago apartamentu hau, ezta?

marta: Estudio bat da, egia esan. Instalatu berria naiz. Uda-aldirako hartu dut errentan.

teo: Oporrak?

marta: Ez zehazki. Lan pare bat dut hemen inguruan eta ez dut gehiegi mugitzeko gogorik. Halere ez dakit asko aguantatuko dudan zulo honetan. Leku haundiagoa beharko nuke. Lanaren ondoren gustora sentituko zaren leku bat beharrezkoa da. Gehixeago ordaindu behar baduzu ere, onerako izaten da. Eta egia esan, hau kutre xamarra da. Ezagun da jabea ez dela garbi-zale amorratua. Diputazioan lan egiten duen tipo bat dela uste dut. Ez nau batere harritzen. Eta ez dute nahikoa irabazten nonbait, ba negozioa egin nahi dute uda hemen pasa beharra duen jendearen kontura.

teo: Etzazu uste hainbeste irabazten dutenik.

marta: Eta iragarkian ez dute gezurra besterik esaten. “Eguzkitsua oso” zioen. Ikustazu. Plaiara joan beharrik gabe beztu naiteke. (teok botila zabaldu nahian darrai) Eta ez du labadorarik ere.

teo: Labanderia bat bada hemen inguruan, oso ondo dagoena.

marta: Iragarkiak “erabat ekipatua” esaten zuen. A ze muturra tipoak duena!

teo: Bueno, badakizu ze pasatzen den ajentziekin.

marta: Ezidazula aipatu. Putre koadrila! Ea etxejabea inguratzen den eta falta direnak jartzen dizkidan. (Estudioari begira) Eguzkitsua oso! Atzo lau zita egin genituen ajentzian eta tipoa ez zen agertu. Intsolazioak jota egongo da.

teo: Seguru, ja, ja, Bah!, baina bikote batentzat ez dago hain gaizki. Eta gauzak daudenean daudela ez dut uste ezer hobeagorik aurkituko duzunik, hileko 90.000gatik.

marta: Zuk hori bera ordaintzen al duzu?

teo: Ez, bueno, nik egia esan... kaka!

marta: Ze pasatzen da?

teo: Kortxoa puskatu zait.

marta: Tira! Ba ez dut uzteko botilarik. Atzo arratsaldean heldu nintzen eta ez dut erosketarik egiteko denbora izan.

teo: Baditeke puntadun kutxilo batekin ateratzea.

marta: (Nekatuxea jada) Begiratzera noa ba ote den bakarren bat.

teo: Eskuineko kajoian. (martak harrituago begiratzen dio). Normala! Sakakortxoaren bestaldean. (martak kutxiloa ematen dio). Eskerrik asko.

marta: Eramazu, itzuliko didazu. Irten beharra daukat.

teo: Lanera?

marta: Lan baterako elkarrizketa.

teo: Ez zarela geldik egoten, alegia.

marta: Bueno, ez da gauza segurua. Entsaiatzen ari nintzen sartu zarenean.

teo: Ah! Bakarrik al zaude? Norbaitekin hizketan ari zinela uste nuen.

marta: Ez. Eske, aktoresa naiz eta eszena bat estudiatzen ari nintzen. Bakarka hizketan harrapatzea korte bat izaten da.

teo: Imajinatzen dut. Akaso balioko dizut nik entsaiatzeko. Nork daki ez ote dagoen zineko izar bat nere baitan? je, je. Nolakoa da zure “partenairea”.

marta: Gidoian dioenez altua eta itxura onekoa.

teo: Ya! Ea honekin ateratzen den... (martak prestatzen darrai) Teatroa egiten duzu beraz.

marta: Teatro, zine, edozer. Ez dira garai hauek ezer mespretxatzeko modukoak.

teo: Eta ze gustatzen zaizu gehiago, teatroa ala zinea? (martak arnas estu egiten du) Ah! Bai. Presaka zabiltzala.

marta: (Irteteko prest) Zu ere bai, ezta?

teo: Ni? Ah, bai! Arraioa, kortxo batek atera nahi ez duenean... Ahaztu baino lehen, ateko manila gorantza jarri beharra dago, bestela, ez da ondo ixten. neri garai bateko zerrailak gustatzen zaizkit, baina badakizu, antzinako trasteak zahar xamar geratzen dira denboraren poderioz... (martak begiratzen dio eta teo Pernandokeriaren neurriaz jabetzen da) Ea orain... (Telefonoa entzuten da. martak hartu)

marta: Bai?... bai... ah, Juan, zer moduz? Entsaiatzen ari nintzen hain zuzen... bai... ah... noski... besteari eman diote... bai, badakit zuzendariaren kuttuna dela, bai, bai, tira ba, hurrengo batean izango da... ez, ez, benetan... badakit bai... eskerrik asko Juan, aio. (Eseki eta une batez telefono ondoan geratzen da leher egiten duen arte) Mekaguen zinea eta...

teo: Hobe teatroa, ezta?

 

(martak ez daki ze tonutan erantzun)

 

marta: Aizu, nola doa hori?

teo: Ateratzeko puntuan dago.

marta: Tragu bat behar dut.

teo: Hori egina dago. (marta baso pare baten bila doa) Kortxo arraiua! Listo!

marta: Tipo arraiua! Bi baso utzi ditu bakarrik.

teo: Bintzako nahikoa.

marta: Eskerrak ohea utzi duen. Funtzionario nazkagarriak! Hori muturra!

teo: Ya.

marta: (teoren alboan esertzen da. Piska bat edaten du) Uf! Zeozer edan beharra nuen.

teo: (Trago luze bat edaten du) Baita nik ere.

marta: Aizu, nonbaitetik ezagutzen al dugu elkar? Zure aurpegia ezaguna egiten zait.

teo: Bai? Eskilaran topo egingo genuen. Aldamenean bizi gara eta... Gehixeago?

marta: Bueno. (Edaten du) Oso goxoa dago. Lastima ez dudan laguntzekorik ezer.

teo: Okasio haunditakoa (Edaten du).

marta: Aizu, ez zaizu tantarik geratuko lagunentzat.

teo: Bizpahiru kaja dauzkat.

marta: Etzara gaizki bizi!

teo: Ahalegintzen naiz. Gorputza goxatu beharra dago noizean behin. Bestela haserretu eta azkenerako errebelatu egiten zaizu. (Edaten du).

marta: Fijo?

teo: Pixka bat?

marta: Tira, bota. Ez dut gorputzaldi onik eta ez dut gaurkoz istilu gehiago nahi.

teo: Politak dira maskara horiek.

marta: Ez dira nereak. Bertan zeuden. Lastima jateko mokadurik ez dudan.

teo: “Pata negra” puska bat adibidez.

marta: Grisa izanda ere beldur gutxi (biek parre egiten dute txistearekin). Eta, zure lagunak?

teo: Lagunak? Ah, nere lagunak? Mahaia presta dezatela. (Parre egiten dute biek).

marta: Ba, zure aurpegia ezaguna egiten zait, eztakit...

teo: (Urduri jartzen hasia da eta txiste berri bat egiten saiatzen da) Jakina, sakakortxoa eskatzera etorri dena.

marta: Ez, serio (teori begira geratzen da, gogoratu nahian. teo geroz eta urduriago)

teo: Ba neri zure aurpegia etzait batere ezaguna egiten. (Edaten du) Gainera, ez dut sekula telebisioa ikusten.

marta: Sekula ez?

teo: Nahiago izaten dut musika entzun edo irakurri telebisioan jartzen dituzten programa lelo horiek ikusi baino (Edaten du)

marta: Denetik izango da ba.

 

(martak zigarro bat ateratzen du. teok metxeroa atera eta pizten saiatzearekin batera botila bota eta ardoa kojinen gainean isurtzen da)

 

teo: Kaka! Kojinak! (Jaiki eta astindu egiten du kojina marta zipristinduz)

marta: Ez larritu, garbituko ditut gero. Zakar-ontzira botako ditut akaso.

teo: Ez! Hobe... garbitzea.

 

(teo mareatuxea dago. Nahiko lan du berriz esertzen ).

 

marta: Aizu, ondo al zaude?

teo: Primeran! (O.K. keinua egiten du)

marta: Uste dut ez dudala nere bizitzan kojin zatarragorik ikusi. Zulo honetan sartu berria naiz eta dagoeneko begiak min ematen didate. Gorde egingo ditut armairuan, zeozer falta izan ezkero ajentziakoa kobratzeko kapaz da eta. (Ajentziako andrea imitatuz) “Estudioa dagoen bezala utzi behar duzu” Ez dut halako tipa lerdorik ezagutu sekula. Pelikulako interrogatorioa egin zidan . Aktoresa nintzela esan eta zera galdegin zidan, ea seguru ote nengoen errenta ordaindu ahal izango nuen. “Hori ez da zure kontua” esan nion.

teo: (Kaso egin nahian mozkortuta dagoen arren) Oso ondo egin zenuen!

marta: Ba, gero, kontu egiteko esan zidan estudioa ez nezan kontakturako erabili. (teok ez du ulertzen) Badakizu: sauna, masaje, relax, eta...

teo: Jode!

marta: Giltzak aurpegira botatzeko amorrazioari eutsi behar izan nion. (Berriz ere ajentziakoari imitatuz) “jabeak esan digu...” Jabea joan dadila... (teori ardoa kontrako eztarritik joan zaio) Aizu, ez al zaude ondo? Aurpegi txarra duzu.

teo: Gaizki? Ni? (Jaikitzen saiatzen da amerikana astintzeko baina berriz eseri beharra du. Seko mozkorturik dago) Ezin hobeto nago!

marta: Egitan?

teo: Dabuten (Jaikitzen da) Txala bota eta tente berriz.

marta: Bainua...

teo: Badakit non den (Sartzen da bainura. martak hasperen egiten du. Izugarrizko botakada entzuten da. Martak eskuak burura daramatza)