Errenta
Ramon Agirre
Errenta
Ramon Agirre
Kutxa, 1994

 

Bigarren ekitaldia

 

(teo ohean eserita dago. Bere alboan, poltsa batzuk, maleta bat eta telebista ditu. Irtetzear dago. Kojin bat du eskuartean. Leihoa itxita dago eta eszenategia mesanotxeko lanparak argiztatzen du apalki. Telefonoari begiratzen dio behin eta berriz eta hartu egiten du. Azkenik kojina ohe-buruan jarri eta eseri egiten da. Sakonki arnas hartu, telefonoa deseseki eta markatzen du)

 

teo: Hola! Lola? Bai hola, Lola ote dagoen... bai, zera... lagun baten partetik... Lola? Teo naiz. Zer bizimodu daramazu?... Bai, noski, ez da hainbeste denbora pasa, zera nahi nuen... ez, bai, bai, oso garbi geratu zen, oso garbi, zerbait esan nahi duzunean ez zara adarretatik ibiltzen, ez horixe! Ondo egiten duzu gainera, ez da batere komenigarri izaten. Pentsa adarra apurtu eta jo-ta lurrera! A ze bizkarrekoa, ja, ja!... bai, ah! Lanpetuta zaudela, bai pentsatzen dut, zera... apartamentua bolada baterako uztea erabaki dudala esan nahi nizun, hemendik pasatzea pentsatzen bazenuen edo... ez zaizula burutik pasa ere egin... hobe, ba, errentan jartzera noa-ta udarako. eta zure trasteak kaja batean sartuta dauzkat... ez dakit, jubilatu senar-emazte bat edo, udatiarren bat, enteratuko naiz. Horrela probetxu haundiagoa aterako diet oporrei eta bide batez xox batzuk aterako ditut. Bidaiaren bat egingo dut agian... Diputazioa? Buruan dabilkit baina ia erabakia daukat. Ez dut uste berriz itzuliko naizenik. Benetan. Honaino nago Aldundi madarikatuaz. Ez dut funtzionario senik, bestelako anbizioak ditut. Beti pentsatu izan dut ez dugula daukagunarekin konformatu behar eta saiatu behar dugula.... bai, egitekoak dituzula, beno, utziko zaitut ba, ongi izan Lola, hitzegingo dugu aurrerago, musu bat, aio Lola. (Eseki eta lurrean uzten du telefonoa, ohearen alboan. Geldirik mantentzen da zenbait segunduz, denbora pasatzen utziz, erlojuari begiratu, hartu eta markatu egiten du). Hola! Lola? (Haserre) Bai! Hola! Lolarekin hitzegin nahi dut! Lolarekin! (Berekiko) Belga eta gainera gorra!... Ah! Zer moduz, Lola? Ez, itxoin! Zera esan nahi nizun bakarrik, bueno ba, edateari uztea erabaki dudala, akabo! benetan! Gainera, egunetik egunera kalte haundiagoa egiten dit. Aurkituko dut beste moduren bat penak itotzeko, ja, ja, beno egia esan ezin sinistu dut oraindik zu hemen, zera, esan nahi dut... Lola! Lola! (Aurikularra eskuan duela geratzen da une batez eta eseki egiten du. Kojina bularraren kontra hestutuz... bere estudio maiteari azken begirada eman eta amoroski uzten du kojina. Mesanotxeko lanpara itzali, poltsak hartu eta irteten da. Off-ean zintz egiten du ozenki. Telefonoak jotzen du. Barrura sartzen da korrika eta telefonoa hartu) Bai?... bai, ni naiz... ze ajentzi? Ah, bai! Ajentzia... bai kontratua sinatzera?... bai, nahi duzuen orduan, ez dut beste zereginik... hamaiketan? ongi... neska bat?... Marta zer? ...Zertan aritzen da?... ez, ez, ezer ez, bale ba, hamaiketan ajentzian, ezta? ... bai, geroarte. (Eskegitzen du. Aluzinatuta dago. Eskailerara irten eta poltsatako batekin itzultzen da. Diska batzuk atera eta tokataren ondoan uzten ditu besteekin batera. Teatro-maskarak atera eta paretan zintzilikatzen ditu berriz. Aldaketarekin gustora, poltsa eta telebista jaso eta kanpora doa).