8 Olivetti poetiko
Antzerkiola Imaginarioa
8 Olivetti poetiko
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
8 Olivetti poetiko
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

Agurra

 

Antzerkiola Imaginarioa

 

            Agur usaina hartzen diogu hitzaurre honi. Behinola Bilbon kokaturiko FTI-Antzerkiola Imaginarioa izandakoaren agurra. Guggenheim museoa inauguratu zen egunean jaio eta 2007. urtean desagertzear dagoen utopia baten agurra. Bitxiak dira bizitzaren meandroak —esaten zuen Yuri Samek— Bilboko museo erraldoiari eta letra larriz idatziriko Kultura Ofizialari erantzuteko asmoz sortu ziren Mina Espazioa eta bertan jaiotako Antzerkiola Imaginarioa eta, hamar urte beranduago, Guggenheim museoak ateak zabaldu dizkio Yuri Sam. Otoitza antzezlanari. Gure kontraesan honeketa beste batzuek, nekeak eta desenkantuak eraman gaituzte, besteak beste, amaiera honetara. Horra hor autokritika. Euskal Herriko antzerkiaren egoera tamalgarriaren erantzuleek egin dezatela berea.

            Argitarapen hauetan, irakurleak Antzerkiola Imaginarioaren lau testu dramatiko baino ez ditu aurkituko. Ez dago bi liburu hauetan antzezlanik. Ez daude liburu hauetan hitz herdoilduak besterik. Ez dugu sekulan pentsatu gure lanen abiapuntu eta helburua testua zenik. Antzerkia egiteko erraminta dramatiko guztien elkarlana aldarrikatu dugu hasieratik, bai sormen prozesuan eta bai emanaldietan. Akotazioak, esaterako, minimoak dira eta argitarapen honetarako propio idatzi ditugu, Antzerkiola Imaginarioa sortu eta hamar urte pasa ostean. Aktoreak, musika, argiak, jantziak, eszenografia, atrezzoa, publikoa kendu eta geratzen diren antzerkiaren errautsak baino ez dira testuok. Hala ere, beste erraminta dramatiko guztiak bezala, bihotz-begiekin sortuak izan dira hitz hauek eta publikoaren esku geratzen da —publikoa irakurle-demiurgo bilakatuta— hitzoi bizitza emateko aukera. Irakurketarako lagungarria izan daitekeelakoan, hona hemen ohar txiki bat: zeharka baino ez ditu aurkituko irakurleak protagonista eta antagonistetan oinarrituriko konflikto dramatiko klasikoak. Pertsonaia bakoitzaren baitan kokatu izan ditugu beti borroka sutsuenak, norberaren burua delakoan gutariko bakoitzaren etsairik zitalena. Kasu gehienetan, testuotan Fausto eta Mefistofeles, Atarrabi eta Mikelats pertsonaia berdina dira.

            Kaosaren eta ezetzaren estetikak gidatu zuen gure lana hasieran. Garai hartan ikusten genuen antzerki eta espektakuluen aurkako ezetza. Antzerkiaren topiko, formula, estereotipo eta konkorren kontrako orroa. Ez genekien orduan ikusten genuen hura txarra edo ona zen, ez baikenuen epaiketa estetiko orokorrik egiten, baina hori guztia ez zen guk bilatzen genuena. Guk beste zerbait esan nahi genuen, oraindik ez genekien ondo zer esan, baina Nietzscheren lehoia bezala, ezetzean aurkitu genuen hitza eta izana. Hasierako premisa bakarra zen: obraren elementu guztiak originalak izan behar zuten. Bilboko Mina Espazioan biltzen ginenok sortu behar genituen erraminta dramatiko guztiak. Abiapuntu honekin eta Ander Lipus eta Aitor Agirianoren gidaritzapean sortu ziren FTI-Antzerkiola Imaginarioa eta gure lehenbiziko antzezlana: 8 Olivetti Poetiko. Antzerkia bera antzerkirako gai bihurtuz, 8 Olivetti Poetikoetan garai hartan genekien guztia esan eta egin genuen. Ez zen oholtzatik kanpo gure buru eta bihotz hustuen arrastorik geratu. Geneukan guzti-guztia eman genion publikoari. Portu hartara iristeko bidean, aktore eta lagun bat jan kideren baten edo besteren osasun mentala, hainbat diru eta gauzak lehenbiziko aldiz egiteko pribilegioa galdu genituen. Birjintasuna. Bilboko udaletxeak, ordura arte gure egoitza izandako Mina Espazioa itxi zuen, gure orro jaioberrien zarata legez kanpokoa zela argudiatuz. Jaiotza zoragarria izan zen, hala ere.

            Gerraostea latza izan zen, galtzaileentzat beti baita latza gerraostea, baina bageneukan egurrezko baltsa-pirata bat eta utopia (ezleku) urrun batera heltzeko ametsa. Eta garrantzitsuena: nahieran ginen naufragoak. Orduan, ekaitza baretu ostean bildu genituen indar eta hondakinekin, hainbeste lan txiki eta handi egin genituen han eta hemen; bakarrizketak, instalazioak, emanaldi esperimentalak eta abar. Eta astiro-astiro, gorputz, arima eta sakelak atondu ostean, Mundopolski heldu zen. Kasandraren begitazio baten antzera, utopia eta desenkantuaren arteko talka eraman genuen oholtza gainera eta, urte batzuk beranduago, gure baitan gailenduz joan den borrokaren nondik norakoak aurreratu. Oraindik ere nabigatzea posible zela sentitu genuen. Eta zetorrena zetorrela, gure oihalik gabeko bandera piratari eusteko kemena lortu.

            Urteak pasa eta puntarik gabeko itsasoari ertzak, erpinak, tontorrak eta zuloak aurkitu genizkion. Antzerkiaren labirintoan sartu ginen. Guk, erdi-Dedalo, erdi-Ikaro, erdi-Minotauro, labirinto hura eraiki zuten maisuen oinatzak jarraitu nahi genituen. Labirintotik ateratzeko baino, labirintoan erabat galtzeko nahi genituen labirintoaren planoak ezagutu. Bidaiak, irakurketak, ikerketak eta esperimentuak heldu ziren, eta bildutako guztiarekin gure lengoaia dramatikoa bilatzen jarraitu genuen; labirintoaren handitasunaz liluraturik, antzerkia sakratua izan zitekeela, izan behar zuela ulertuz. Erritual bat baino ez genuen egin nahi. Horrela heldu ginen Yuri Sam. Otoitza egitera. Lan honekin heldu ziren sariak, eta Euskal Herrian apenas emanaldiren bat edo beste egiten genuen bitartean, Argentinara joan ginen, eta Estatu Batuetara, eta Egiptora, eta Iranera, eta publikoak eta kritikak ederto hartzen gintuzten, baina, berriro ere, etxean ez zegoen, antza, erritual baten beharrik. Paperak, zenbakiak, balantzeak, inprimakiak eta kooperatiba-batzarrak ugalduz joan ziren, baita nekea eta desenkantua ere.

            Berriro ere gure kezka, obsesio eta borrokekin fidelak izateko konpromezuak eraginda, gure lanetan gu ginena besterik ez kontatzeko ahaleginean, desenkantuaren estetika horretan murgildu eta absurduaren sentimendua arakatzen hasi ginen. Haitza berriro ere mendian gora eraman genuen, bidean, lantzean behin, Sisifo zoriontsua izan zitekeela imajinatuz. Absurduaren komedia triste bat atera zitzaigun, ezinbestean: Au revoir, triunfadoreak. Gure barruko hipopotamoak onartu eta uxatzeko lan izugarria egin genuen, lehertu arte egin genuen lan. Ez ginen bada publikoarekin gezurretan ibiliko.

            Hauexek dira irakurleak liburu hauetan aurkituko dituen lau testu dramatikoak, alegia, Antzerkiola Imaginarioak egindako formatu handiko lau antzezlanak kronologikoki ordenatuak. Beste hainbat obra txiki, bakarrizketa, saio esperimental edo ekintza dramatiko utzi ditugu argitarapen honetatik kanpo, baina lau testu hauek gure ibilbidea modu egokian islatzeko nahiko zirela uste izan dugu. Antzerkia antzokietara eramatea ez da, hala ere, gure asmo eta ahalegin bakarra izan. Tartean, han-hemenka, FTI-Antzerkiola Imaginarioak zabalik izan ditu, hasiera-hasieratik, beste borroka xume edo handi batzuk. Antzerkia herriari bueltatzeko borrokan ibili gara, Euskal Herriko nahiz atzerriko hainbat kale, frontoi, zein plazatan antzerki-ekintzak gauzatuz herri horietako biztanleekin elkarlanean, hainbat urtetan gauzaturiko Ritos. Gure azken lurzatia proiektuan. Era berean, formakuntzan eta ikerketa lanetan aritu gara buru-belarri tailerrak eta topaguneak antolatuz, bai nazioarteko irakasle zein ikasleak bilduz Orduņa eta Berrizeko nazioarteko stage-tan, eta bai Euskal antzerkigintza eta euskarazko lengoaia dramatikoak ikertzeko eta interpretatzeko adel topaguneetan (ArteDrama Euskal Laborategia), Aulestian.

            Ez dugu beti egin behar genuena egin, eta askotan ez ditugu nahi izan ditugun gauzak ere lortu. Ahalegin antzu zein oker ugari egin ditugu eta ez dugu beti gure hitz eta ekintzekin asmatu. Hala ere, ona zein txarra, gu ez garen deus ere ez dugu sekulan egin. Askotan esan dugu ez genuela erabateko hipopotamoak izan nahi. Ez genuela antzerkia egiten enpresa bat aurrera ateratzeko soilik. Ez genuela nahi antzerkian jarraitu inertzia hutsagatik. Ez genuela gure ontzi pirata titaniozko trasatlantiko bihurtu nahi. Ez genuela nahi, laostia, eta ez dugu egingo. Horregatik dauka hitzaurre honek agur usaina: agurra delako. Eta heriotzaren ostean bizitzarik badago, han egongo gara gu, metamorfosiaren ostean kantari.

            Uzten badigute behintzat.

            Antzerkiolako taldekide guztien partez, mila esker eta gora bihotzak!