Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

I. EKINTZA
Hipopotamo eta triunfadoreak

 

Eszenatokiaren erdialdean egurrezko egitura lau bat dago: Zentroa. Zentro honen gainean eta inguruetan gauzatuko dira ekintzak. Errepresentazioaren ildoa zentroan gertatzen diren ekintzetan gauzatuko da batez ere. Zentroaren inguruari ausentzia deituko diogu. Eszenatokira igo ondoren eta kontrakoa esan ezean, pertsonai guztiak eszenatokian egongo dira, baina errepresentazioan zehar eta momentu bakoitzean euren ekintzek duten protagonismoaren arabera, zentrotik edo ausentziatik mugituko dira.

Hasieran, pertsonaia guztiak, kapitaina izan ezik, eszenatokiaren aurrean daude, behean, publikoaren maila berdinean.

 

 

1. ESZENA
Melville kapitaina eta bere untzia

 

kapitaina agertzen da ausentzian eskuan soka bat oratuz. Sokaren muturrean paperezko itsasontzi bat dago, azken hau zentroan igota. kapitainak eszenatokia zeharkatzen du ontzitxoarekin.

 

 

2. ESZENA
Hipopotamo eta triunfadoreak.

 

OFF AHOTSA (KONTALARIA): Mago handi batek esan zuen, garai berri hauetako arriskurik handiena hipotamo bihurtzea dela, animalia geldoa, pisutsua eta patxadazalea. Baina benetazko poetekin ez dago arriskurik, zuek eta guk ez bezala, eurek ez dute inoiz hipopotamo epel eta axolagabe bihurtu nahi izango, ez diote sekula begirik kenduko beste mago harek esandakoari, alegia, bizitzaren sugar hutsari.

OFF AHOTSA (BALA-GIZONA): Horixe da niri gertatzen zaidana.

OFF AHOTSA (NIHILISTA): Nik ordea ez dut sekulan sugar hori sentitu.

OFF AHOTSA (MADAME): Ni erabat pizten nau bizitzak, bizitza garretan.

OFF AHOTSA (KONTALARIA): Hemen eta orain entzuten eta ikusten hasi zareten hauek, dudarik gabe, benetazko poetak dira, asmo eta gogo berdintsuak dauzkaten poetak: euren buruaz beste egin nahi dute metamorfosi beldurgarria jasan baino lehen. Euren patuak azkeneko zubia izan behar du nahitanahiez, suizidiorako amildegi perfektua: Bluesborough Southampton Mc Intyre Madison Bridge-a. Hildakoen Zubia. ^Prest al zaudete?

OFF AHOTSA (BALA-GIZONA): Bai, noski.

OFF AHOTSA (MADAME): Bai, laztana.

OFF AHOTSA (NIHILISTA): Ba bai, hala bedi.

OFF AHOTSA (KONTALARIA-KAPITAINA): Tira, hor dago, hiru poeta eta patu bakarra: Hildakoen zubia. Hara doaz bizitzaren hiru ekilibrista hauek, hiltzeko prest eta gertu ezdeusaren kaioletan bizi baino lehen. ĦBon voyage, triunfadoreak! Itsasora gaitezke, kapitaina? Kapitaina? Kapitaina!

 

 

3. ESZENA
Kapitainak bere etxea uzten du

 

Kartel bat ikusten da, “Hilen Zubia 100 metrora” esaten duena.

kapitaina ausentziatik desagertzen da.