Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

IV. EKINTZA
Kutxa kuttunak

 

 

1. ESZENA
Untzia bainuontzia da

 

bala-gizona sartzen da zentroan bainuontzi bat bultzatuz. Barruan, bala-neska dago.

 

BALA-GIZONA: Fifteen men on the Dead Man’s Chest

            Rum, rum, rum and a bottle of rum!

            Sixteen men on the Dead Man’s Chest

            Rum, rum, rum and a bottle of rum!

            Seventeen men on the Dead Man’s Chest

            Rum, rum, rum and a bottle of rum!

BALA-NESKA: Itsaskirria itsas zabalean! Zabalak eta lodiak popara, ekilibristak brankara! Haizea alde, popatik haizeak! Trapezistak masta nagusira! Belak betean! Lurra haizebetik! Adurra haizaldetik! Itsasoa gora, itsaskia ahora!

BALA-GIZONA: Goazen portura, ea aurkitzen dugun sirenatxoren bat masta nagusia tentetzeko, Santa Barbara lehertarazi baino lehen!

BALA-NESKA: Periskopioa gora!

BALA-GIZONA: Goazen patapalo!

BALA-NESKA: Goazen bizarbeltz!

 

Badoaz pirataren kanta abesten.

 

 

2. ESZENA
Bainua

 

madame sartzen da zentroan. bala-gizonak ekarritako bainuontzia dago erdian. Pentsio baldar batera heldu dira baniju eta madame.

 

MADAME: Ai Bani, luzeegia egiten ari zait bidaia agoniko hau, eta gainera zuk pentsio baldarrenetara ekartzen nauzu... ui, begira, jakuzi bat, ai, burukomina daukat, ba al duzu gelocatil bat?

 

madame bainuontzian sartzen da eta banijuk madameren azala igurzten du. madame buruhezur batekin dabil jolasean.

 

            Arraskau, benga, arraskau... zein xarmangarria naizen, Marilyn bezalakoa naiz, ez, hobe Juana de Arko bezalakoa, ez, ez, ez, Frida Khalo bezalakoa naiz, baina bi bekainekin... etzazu gogor igurtzi, Bani!, gastatu behar nauzula, baina noski klasea barrutik doa, hori ez da inoiz gastatzen, nahiz eta gogor igurtzi.

 

Bainuontzian, banijuk buruhezurra igurzten duen bitartean.

 

            Nire gela arrosazko izara arrosen gainean, hiru dozena arrosa arrosa botako ditut, eta egurrezko trabuko loredun batekin, nire buruaz beste egingo dut.

 

banijuk argazki bat ateratzen dio.

 

            Ze Juana eta ze demonio, hemen nago ni, Madame Faneka, uretatik ateratzen Venus jaioberri bat bezala... Baniju!, zetazko toaila, eztaltzazu nire marmorezko azal zuri eta lehuna, orbelak udazkenaren azala eztaltzen duen bezala, azala-bezala, errima kontsonantea (baniju ez dago jadanik) ai, zein hitzontzia naizen, zugatik izango balitz, Baniju! Nola aspertzen naizen zurekin, nik esan eta nik entzun, zein bikote ederra egiten dugun, Bony and Clide bezalakoak gara, edo Ying eta Yang, edo Ortega eta Cassete...

 

madame ere badoa.

 

 

3. ESZENA
Nihilismoaren biblia

 

nihilistak euren kantu izpiritualak egiteko prestatzen dira eskolan baleude bezala, nihilista 1 irakaslea eta bestea ikaslea.

 

OFF AHOTSA (NIHILISTA): Ez dut bizitzan sinesten heriotzan ere sinisten ez dudan bezala, eta alderantziz, hau da, ez bata ez bestea, ez gatz ez ur, ez ardi ez axuri, ez pika ez bele, ez hauts ez errauts, ez erdu ez merdu. Eta nik nire bidea jarraitzen dut axolagabe, jarraitzeko erabakia hartuta, bai, baina erabakitako erabakia guztiz ondo erabakita dagoen jakin gabe...

NIHILISTA 1: Ixo! Guzti hau nik azalduko dut askoz hobeto...

OFF AHOTSA (NIHILISTA): Barkatu.

NIHILISTA 1: (ahotsari) Barkatuta zaude.

 

nihilista 1-ek zigarro batpizten du, nihilista 2-k eskola prestatzen duen bitartean.

 

            Ba tira, nork bere bidea jarraitzen duela axolagabe, jarraitzeko erabakia hartuta, bai, baina erabakitako erabakia guztiz ondo erabakita dagoen jakin gabe, ez izokinen antzera, korrontearen kontra eta errekan gora, baizik eta alga baten antzera, hildakoen zubira etabar, baina esfortzu handirik gabe, makal eta bigun samar, baina orduan jendeak zure hutsa eta zure zuloak arduragabe izatearekin nahasten ditu, eta ez dira gauza bera, eta ona da jendeak zu errespetatzea, duintasun pittin bat ezinbestekoa da, eta orduan, arduragabekeria duinagoa izan dadin, irakurtzeko erabakia hartzen da, eta irakurri ostean ez gara jada arduragabeak baizik eta nihilistak, hots, hau da, asko irakurri duen arduragabea ez da jada arduragabe arduragabea soilik, baizik eta asko irakurri duen arduragabea, hau da, nihilista. Baina horretarako, ezinbestekoa da ganoraz erretzea, Parisen bizitzea sasoi batez eta irakurtzea L’etre et le neant, Izatea eta Ezereza, Jean-Paul Sartrerena. Prest al dago leloa?

NIHILISTA 2: (Tente eta ukabila gora) Nihilismo aintza zuri, nihilismo gora beti!

NIHILISTA 1: Eseri. Hasiko gara, lehenengo kanta izpirituala, “ezerezaren kontzepzio dialektikoa”: “arazo honetan murgildu nahi badugu, beharrezkoa da lehenbizi aitortzea ezin diogula ezerezari nihilizatzeko ahalmena egotzi. Zeren eta, nihilizatu aditza ezerezari izatearen itxura erabat kentzeko sortu den arren, aitortu behar dugu bakarrik izatea nihilizatu daitekela, ezen, nolabait ere, nihilizatzeko ezinbestekoa baita izatea”.

NIHILISTA 2: Baina ezereza ez da. Berataz mintza gaitezke izatearen itxura bat daukalako soilik, mailegatutako izate bat, lehenago antzeman dugun bezala. Ezereza ez da, galdu naiz, a bai, ezereza “izandakoa da”, ezereza ez da nihilizatzen, ezereza koma baldin eta...

NIHILISTA 1: Ez, ez, ez, komak ez dira irakurri behar: ezereza ez da nihilizatzen, ezereza baldin eta... jarraitu.

NIHILISTA 2: Ezereza koma baldin eta ezereza, nihilizatzen da. Ondorioz, izate bat ere existitu behar du —bere-bereko izatea ez dena— zeinek ezereza nihilizatzeko ahalmena eduki beharko duen, ezereza bere berezko izatearekin jasan ahal izatekoa, beren berezko existentziatik etengabe zabaltzeko ahalmena, alegia.

NIHILISTA 1: Ba al dakizu zer esan nahi duen “beren berezko existentzia”? Idea putarik ez, ezta? Paragrafo hau oso korapilatsua da zuretzako, hobe da bestetik hastea, argiagoa da eta gauza gehiago esaten ditu.

NIHILISTA 2: Niri bost, baina niri hau gustatzen zait.

NIHILISTA 1: Beno, goazen beste paragrafora, bere titulua da “ezerezaren jatorria”. Komeni da atzera begirada bat botatzea eta ibilitako bidea gogoratzea. Planteatu dugu tatatata punpunpun, eta gero galdera honetara itzuliz, tirarara, giza jokabide mota ere galdetu dugu. Zure txanda.

NIHILISTA 2: Aitortu behar izan dugu beraz: ezeztapena existituko ez balitzake ezin izango litzateke...

NIHILISTA 1: Ez, ez, ez, existituko ez balitz, ezin izango litzateke...

NIHILISTA 2: Existituko ez balitzake, ezin izango litzateke orokorrean galderarik egin, eta zehazki izatearen galdera. Baina ezeztapen hori bera, hurbilagotik, ikusita ezerezera, eraman gaitu, bere jatorri eta oinarria legez. Benga, eman zuk.

NIHILISTA 1: Munduan ezeztapena izateko, eta beraz, izateari buruz galdetu ahal izateko, beharrezkoa da ezereza modu batean edo bestean ematea. Orduan konturatu gara tatatatatatapunpunpunpun, ezin izango litzateke tatatatatattapunpunpun izatea etenda legoke. Jarraitu.

NIHILISTA 2: Gehiago? Beharrezkoa da ezereza, ematea izatearen, muinetik bertatik “ezezkotasunak” deitu ditugun errealitate mota partikular hauek antzeman ahal izateko. Negar egiteko gogoa daukat.

NIHILISTA 1: Benga, apur bat gehiago, ia-ia bukatu dugu.

NIHILISTA 2: E... ezin dugu esan ezta ezereza izatearen baztertzailea denik ere: ez dauka berarekin inolako harremanik. Ezin dut gehiago. Orain zuk.

NIHILISTA 1: Hona hemen momentu honetan premia berezi batekin planteatzen zaigun galdera. Adi: Ezin bada ezereza ez izatetik kanpo, ez izatetik abiatuz antzeman, eta, bestalde, ez-izatea izanik, ezin badu bere baitatik nihilizatzeko behar den indarra atera, orduan ezereza, nondik dator? E? Nondik?

NIHILISTA 2: Ez dakit, azkenean ez naiz adi egon.

NIHILISTA 1: Ez duelako esan, horregatik dago paragrafo bat baino gehiago, lehenengoan galdetu eta hurrengoetan erantzuten duelako.

NIHILISTA 2: Eske nik... ez dut ulertzen galdera.

NIHILISTA 1: Klaro, gero irailean negarrak etorriko dira. Galdera da, ezereza, nondik dator?

NIHILISTA 2: Ba... ez dakit.

NIHILISTA 1: Eta nora doa?

NIHILISTA 2: Hara.

 

nihilista 1-ek eta nihilista 2-k norabide ezberdinetara seinalatzen dute eta badoaz.

 

 

4. ESZENA
Bainuontzia dortoka bat da

 

bala-gizona sartzen da bala-neskaren bila kutxa dramatikoa aldatzen duen bitartean. bala-neska taula batzuen atzean dago ezkutaturik.

 

BALA-GIZONA: Txikitxu! Poxpo! Non zaude? Gure ontzia hondoratu egin da!

BALA-NESKA: Hemen nago!

BALA-GIZONA: Begiak itxi eta hiru zenbatuko dut, begiak zabaltzerakoan ikusten ez bazaitut, Maffesoli domadore gorrari deituko diot eta bere lehoien bazka izango zara. Gose direla uste dut.

BALA-NESKA: Ez naute jango, sugandila bat naiz.

BALA-GIZONA: Maffesoliren lehoiek sugandilak ere jaten dituzte. Eta tatxetak, eta txintxetak, eta brokolia, eta baita Maffesoli gixajoaren bi belarriak ere. Banoa! Bat... Bi... Bi t’erdi... bi eta hiru laurden... eta...

 

bala-gizonak bainuontzia hartu eta gainean jartzen du dortokaren oskola bailitzan.

 

BALA-NESKA: Hemen nago! Hemen nago!

BALA-GIZONA: Demonio, sugandila bat!

BALA-NESKA: Demonio, dortoka bat!

BALA-GIZONA: Goseak mehatxatzen duenean, zirkoa oihana izan daiteke.

BALA-NESKA: Arrano-pola!

BALA-GIZONA: Arranoak, bai, eta putreak, eta krokodiloak. Goseak mehatxatzen duenean, zirkoa oihana izan daiteke... Goseak mehatxatzen duenean, zirkoa oihana izan daiteke.

 

bala-gizona badoa aurrekaldetik bainuontzia lepoan hartuta. bala-neska bere atzetik doa.

 

OFF AHOTSA (BALA-GIZONA): Konturatu nintzenerako, nire zirkoa pot eginda zegoen, lehoiek trapezistak jan zituzten, andre bizardunak egun batetik bestera bizarra moztu zuen eta ipotxak hazi egin ziren deabruaren amarruz. Gaur, egun zoragarria da guzti-guztia lehertarazteko. Nik ez dut bizi nahi mundua zirko bat izango ez balitz bezala. Azkenengo tiroa. Pim Pam Pum!, ez agur eta ez adio.

 

 

5. ESZENA
Nihilistak eta ontzia

 

titiriteroak paperezko itsasontzia pasarazten du eszenatokitik. Ontzia pasatu eta nihilistak begira geratzen zaizkio.