Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Euskaltzaindia , 2004
Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Euskaltzaindia , 2004
[aurkibidea]

 

2. AGERRALDIA

 

(Aurreko etxola berean. ama iturritik bueltatzen da. Negar zotinka aurkitzen du neskatoa).

 

AMA: Zer duzu, ba, umea? (neskatoarengana hurbiltzen da. Gero, txarrotik ura hartu katilu batean eta edateko ematen dio. Besteak edaten duen bitartean emakumeak sudurra hurbildu eta, egiten duen keinua ikusita, umeari kiratsa dariola pentsa daiteke. Arropa altxa eta kaka eginda dagoela ikusten du. Kanpoko ateraino joan eta zirrikitu bat irekitzen du, giroa arintzeko edo).

ALABA: Handia naiz, ama, eta ez nuen nahi. (Erdi negarrez eta lotsatuta). Eskapatu egin zait...

AMA: Lasai, badakit, oso neska handia zara zu, ederki dakit nik hori, eta ez da zure kulpa izan... Sukarraren kulpa izan da, maitea. Lasai, oraintxe bertan garbituko dizut. (Txarrotik konketa bat bete eta ipurdia garbitzen dio maitasunez). Ikusten, zer ondo orain? Dena garbi-garbia.

 

(Etxola ondotik pasatzen diren bizpahiru ibilgailuen zarata iristen da kanpotik. Bat-bateko balaztadak entzuten dira gero ez oso urrutian, baita zalaparta eta oihuak ere segituan).

 

ALABA: Zer gertatzen da?

AMA: Ez dakit. (Ateraino hurbildu eta irekitako zirrikitutik begiratzen du). Petrolio enpresako gizonak dira. Bi kamioitatik jaitsi dira... pistolak eta makilak dituzte eskuetan... Norbaiten bila ariko dira ziurrenik.

 

(Konketaren ur zikina kanpora bota eta atea ixten du. Gero, trapu batekin garbitu ondoren, txarroan ekarritako urarekin konketa berriro bete eta aulki batean esertzen da; alabari bizkar emanda eseri ere, honek ezer ikusi ahal ez izateko).

 

ALABA: Eta zergatik?

AMA: Zergatik, zer?

 

(Umeak ez ikusteko moduan beti, soinekoa jasotzen du. Erredura baten zauria ikusten zaio izterrean. Tentu handiz hasten da garbitzen. Aurpegia uzkurtuta, nabariak zaizkio minaren ziztadak zauria ukitzen duen bakoitzean. Min-oihu txikienik ere ez zaio eskapatzen, hala ere).

 

ALABA: Zergatik ari dira norbaiten bila?

AMA: Ez dakit, umea. Oliobidean istripu bat gertatu omen dela entzun dut. (Gertatutakoari garrantzi handirik eman gabe kontatzen dio). Diotenez, pikatxoiak eta palak hartuta, lagun multzo handi bat abiatu da gauez oliobidea zulatzeko asmoz. Isilean aritu dira gau osoan, inor konturatu gabe, eta, eguna argitzear zegoela, beraien helburua lortu dute azkenean. Saltoka eta geldiezina sortu da petrolioa orduan; eta jendeak, di-da batean, azkar asko bete ditu eramandako ontzi guztiak, baita auzokoari abisatu ere, noski... Asko izan omen dira oliobideraino hurbildu direnak. (Isilune txiki bat egiten du) Orduan gertatu omen da dena... Su txinpartaren bat piztu nonbait eta leherketa gertatu da. Izugarria izan da, bat-batean sugarrak altxa eta zerua gorritu da. Korrika hasi dira denak ihesean, garrasika, itsutuak, erotuak... (Ahotsa larritu egiten zaio. Eszena begien aurrean izango balu bezala kontatzen du). Azkarragoa izan da sutearen atzaparra hala ere, jendea baino askoz azkarragoa... konturatu orduko sugarrak soinean itsatsita baitzeramatzaten askok eta askok. Hildakoak gertatu omen dira, eta zauritu ugari ere bai.

ALABA: Ba al dago hemendik sutea ikusterik? Gustatuko litzaidake, ama... hain da ederra sugarrei begira egotea...

AMA: Lehoia ere ederra da, ene maitea, baina, ederra izanik ere, ederragoak diren orein-kumetxoak lasai asko akabatu egiten ditu... Alde egin ezazu beti suaren atzaparretatik. (Min-ziztada batek urratzen dio aurpegia, zauriaren gordinenean garbitzean. Barrurako ezkutatzen du, hala ere, min-oihua, neskatoa ez konturatzeko). Ez, neska, ez dago hemendik sutea ikusterik... lurretik altxatzen den ke zutabe beltza baino ez da ikusten.

ALABA: Ondo begiratu duzu?

AMA: Bai, umetxoa, bai.

ALABA: Begira ezazu berriro, mesedez.

 

(Garbiketa bukatu eta, konketa eskuetan, ateraino joaten da. Gero eta nabarmenagoa da duen ibiltzeko zailtasuna. Aurrekoan bezala, zirrikitu bat besterik ez du irekitzen, begiratzeko nahikoa. Kanpoko zaratak eta iskanbilak entzuten dira berriro. Konketakoa kalera bota eta zirrikitutik begira geratzen da apur batez).

 

ALABA: Sugarrak ikusten dira?

AMA: Ezetz!

ALABA: Zer ikusten da, ba?

AMA: Petrolio enpresaren guardiak ari dira batetik bestera.

ALABA: A!... Agian zaurituak laguntzeko eta sendatzeko etorri dira. (Isilik geratzen da momentu batez, pentsakor agian). Batek daki, ama, nire sukarra sendatzeko botikaren bat ekarriko digute agian.

AMA: Ez, umetxo... jendearen atzetik ari dira horiek. Oliobidea zulatu dutenak harrapatu nahi dituzte. (Oihuak harrotu, emakume ahotsak entzuten dira kanpoan, negar eta aieneka). Sasikume aluak! Gazte bat arrastaka eraman eta kamioiaren atoian sartu dute... eta, begira, bidoi baten petrolioa lurrean husten ari da guardia bat, barrezka... Emakumeek kamioia inguratu eta... Ai ene! Makilak hartu dituzte koldar horiek emakumeen kontra... Eta fusilak, fusilak ere bai! (Tiro-hots solte batzuk entzuten dira oihuen gainetik). Airera egin dute tiro sasikume horiek!... (Atea ixten du. Kanpoko zarata moteldu egiten da.)

 

(Ekarri duen bidoia eskuetan hartu eta ingurura begiratzen du, bidoia ezkutatzeko tokiren baten bila edo. Zalantzan dago. Txoko batean saiatzen du gordetzen, baina ezin. Beste batean probatzen du gero. Traste zahar batzuen atzean ezkutatzen du azkenean).

 

ALABA: Ama, ura nahi dut.

AMA: (Txarrotik hartu eta ematen dio. Gogo biziz edaten du neskatoak, baita kontrako eztarrira joan ere). Lasai, umetxoa, nahi duzun guztia emango dizut.

ALABA: (Bukatzen duenean). Besoetan hartu, mesedez, hotzak nago. (Hotzikarak astintzen dio berriro). Matxinsaltoak bueltatu dira, ama, barruan dauzkat. Geldirik egoteko esaten diet nik baina ez didate kasurik egiten, beraiekin joatea nahi dute... Baina nik zurekin nahiago dut.

AMA: (Kamainan eseri eta besoetan hartzen du). Busti-bustita zaude, neska. Izerditan (Kopeta lehortzen dio, baita bularra eta besoak ere).

ALABA: Noski, matxinsaltoek pixa besterik ez dute egiten!

AMA: Nola pixa? (neskatoak zer esan nahi duen ulertu gabe).

ALABA: Matxinsaltoen pixa da, ama, ez izerdia!... Milaka matxinsalto ditut ene barruan saltoka. Eta salto egiten duten bakoitzean pixa egiten dute. Horregatik nago busti-bustita. (Sorpresazko irriņo bat sortzen da amaren aurpegian neskatoaren ateraldia entzutean) Bai, halaxe da, ama, nik badakit, ez begiratu horrela!

AMA: Hara! Hau ederra! Matxinsalto pixatiak zeureak!

ALABA: Eta zergatik ez? Horiek ere animaliak dira, ezta? Eta animalia guztiok egiten dugu pixa.

AMA: Bai, baina horiek intsektuak dira eta intsektuek ez dute pixa egiten... Ez dut uste behintzat.

ALABA: Ba, nik baietz uste dut. Eta nire gainean, gainera!

AMA: Tira, umetxo, lasaitu zaitez. (Aurpegia laztantzen dio). Ipuin bat kontatuko dizut loarazteko.

ALABA: Ezetz, ama, lehen esan dizut, ez dut lorik egin nahi.

AMA: Tira, matxinsaltoei kontatuko diet orduan, ea gelditu eta loak hartzen dituen behingoz. Gutxienez, lotan dauden bitartean ez dute pixa egingo!

ALABA: Horixe izan duzun ideia polita, ama, matxinsaltoei kontatu! Adi-adi entzungo dut nik ere.

AMA: (Matxinsalto amak matxinsalto kumei dei egingo zien moduan egiten du berak ere). Zatozte hona, zatozte! Zatozte nire alabatxoaren barruan zaudeten matxinsalto pixati guztiak! Utzi momentu batez saltoka ibiltzeari, eta entzun adi-adi oraintxe bertan guztion onerako kontatuko dizuedan ipuin polit hau!

ALABA: Egin kasu nire amari. (Eskutxoak begien aurrean jarri eta, horrela hobeto ulertuko dutelakoan, haiei begira hitz egiten die umeak barruko matxinsaltoei). Zuek ezagutzen ez dituzuen gauza asko ezagutzen baititu berak. Pentsa, ni txikia nintzenean, estranjerian ibilitakoa da nire ama! (Gauza handia izango bailitzan esaten du).

AMA: (alabak esandakoari kasu egin gabe, matxinsaltoei egiten die amak). Hurbil zaitezte denak, matxinsalto lagunak, neskatxa honen aitonaren aitonari bere aitonaren aitonak kontatutakoak entzuteko.

ALABA: Aizu, ama (Eteten du neskatoak), zera... zuk ezagutu al zenuen?

AMA: Ezagutu? Nor?

ALABA: Ba, hori... aiton horien guztien arteko zaharrena!

AMA: Ikusi, zu orain ikusten zaitudan bezala, ez, ez nuen horrela inoiz ikusi, ene maitea. Aspaldi-aspaldian joan baizen bera bere ondorengoen memorian bizitzera; ni jaio baino askoz gehiago. Baina ezagutu ezagutzen dut, jakina. Eta horrexegatik ezagutzen dut hain zuzen: nire memorian bizi delako.

ALABA: Zure memorian?

AMA: Bai, nire memorian. Eta zuk ere ezagutu dezakezu nahi baduzu, zure gogoaren atea irekitzen badiozu zugan ere biziko da.

ALABA: A!...

AMA: (Kontaketa jarraituz) Zatozte, matxinsalto maiteak! Zatozte nire ondora ipuin benetako hau entzutera, zuek ere jakin ditzazuen horrela aspaldian gertatutakoak! (neskatoaren eskuak hartu eta atzamarren puntekin laztantzen ditu samurki. Alabaren eskuekin hizketan ari dela ematen du, larruazalaren azpian saltoka ari diren matxinsaltoekin, alegia). Bai, ederki sentitzen zaituztet, hemen, ene umetxoaren larruazalaren azpian. Zuen saltoak nabaritzen ditut, zuen jolas eta zilipurdiak... Badakit nekaezinak zaretela. Bai, nekaezinak, nire neskatxa ere nekaezina den bezala. Baina adi-adi entzuteko eskatu nahi dizuet orain, geldi geldirik denak, bat-batean ilundu eta gaua izango bailitzan; eta gu, hemen, su baten inguruan bilduak, aspaldiko ipuinak entzuteko egongo bagina bezala. Tira, aspaldiko ipuinak... edota betirako egiak agian, auskalo! Ze, ipuinak, aspalditik datozenean batez ere, egiaren anaia bikiak izaten dira askotan, eta ez da erraza horregatik ipuin eta egien artean bereiztea... Baina, aizue, zer axola du horrek guztiak orain guretzat. Zatozte, matxinsaltoak! Zatozte kontatu behar dizuedana formal-formal entzutera! Ipuin jakingarria izango da zuentzat, eta nire alabatxo ederra alaituko dugu horrela aldi berean.

ALABA: (Hotzikara batek astintzen dio). Ez dakit ba, ama, kasu handiegirik egiten dizuten...

AMA: Aitonaren aitonari haren aitonaren aitonak kontatu zionaren arabera, eguzkiak eta ilargiak zuten garai haietan zeru aldea gobernatzeko ardura...

ALABA: A!... Gaur egunean bezala orduan.

AMA: Isilduko ez al zara, ba! (Haserre itxuran, baina samurtasunez).

ALABA: Barkatu ama...

AMA: (Ipuinarekin jarraitzen du)... Eguzkiak eta ilargiak gobernatzen zituzten zeruko kontuak, bai; eta, lurreko arazoak konpontzeko, lurrekoen artean moldatzen ziren ahal zuten moduan. Eta horrela bizi ziren gizon eta emakume haiek, naturak agintzen duen bezala: oso gauza gutxiren jabe, eta oso gauza gutxiren menpe; pozik batzuetan, Triste bestetan... eta askotan, ez bata ez beste.

            Ahuntz taldetxoaren zaintza eta lurraren fruituen bilketa zituzten ardura nagusiak, eta ehizan ibiltzen ziren noizbehinka; listo, gehiagoko beharra ez baitzuten sentitzen garai hartan. Hortik aparte, hitz-aspertu amaiezinetan ematen zuten denbora gehiena. Edo jolasean. Edo izarrei begira... Eta nahikoa zitzaien horrela euren buruekin nolabaiteko bakean bizitzeko.

            Halako batean, ordea, erdi saltoka erdi arrastaka, iparraldeko bidexketatik matxinsalto bat iritsi zen herrixkara. Hura bitxikeria! Halakorik inoiz ikusi gabeak izanik, sua bailitzan zabaldu zen berria herrixkan, bai horixe! Eta, horrela, hitz-aspertuan ari zirenak, hizketa utzi eta hara joan ziren korrika, “Zera hura” ikustera; eta gauza bera egin zuten beste zereginen batean ari ziren gainontzeko guztiak, esku artean zutena utzi eta matxinsaltoarengana joan ziren kofradian. “Iparraldetik etorritako bisitari hura” bertatik bertara ikusteagatik. Tira, ikusteagatik, eta txutxu-mutxuan aritzeko gero primerako jeneroa eskuratzearren, noski, ez dago zertan ukatzerik; han beste dibertimendurik ez baitzegoen eta hura bezalako aukera ez zen alferrik galdu behar.

            Eta hantxe bildu ziren gure arbasoak, zaharrak eta gazteak, gizenak eta flakoak, arrak ala emeak izan, begiak zabal-zabal denak, zomorroaren inguruan. “Zera... galdu egin naiz”, esan zien orduan matxinsaltoak bere hizkera arraroan.

ALABA: (Etenaz berriro) A, bai, zu estranjerian egon zinen bitartean gauza bera gertatu zitzaidan niri amonaren herrixkan bizi nintzen aldian. Tira, orduan ez zen matxinsalto bat izan, ez, rally bateko motorista bat izan zen. “Zera... galdu egin naiz” esan zuen berak ere, eta “Gasolinarik gabe geratu naiz”, gehitu zuen gero... Ama, ezetz matxinsaltoak “Gasolinarik gabe geratu naiz” esan?

AMA: Aizu, neskatxa (Ezpainetan irriņoa duela, errieta txiki-txiki bat egiten dio). Behin eta berriz eteten badidazu matxinsaltoek aspertu eta alde egingo dute saltoka ...eta ez pentsa gero hain erraz lokartuko direnik!

ALABA: Adooos...

AMA: (Ipuinaren kontaketa jarraitzen du). Ez, matxinsaltoak ez zuen “gasolinarik gabe geratu naiz” esan; zergatik esango zuen, ba, matxinsaltoek gasolinarik edaten ez badute? ...Ez. Antzeko gauza bat esan zuen hala ere, “Goseak nago”, horixe esan zuen gizajoak, eta berehalako pena handia hartu zuten orduan han bildutako guztiek hori entzutean. Hain handia, ze, hantxe bertan jarri ziren orduan denak, pentsa eta pentsa jo eta ke, ea zer egin zezaketen. “Nola lagun dezakegu?” elkar galdetzen zuten, “hain urria da matxinsaltoetaz guk dakiguna!”. “Zurikerietan ez ibili gero! Egia esateko, urria baino, ezertxo ere ez dakigu guk matxinsaltoetaz. Tutik ez. Zero, alegia”. “Eta nola jakingo genuen, ba? Hau bezalako bisitaririk ez da sarritan ikusten gure lurralde honetan!”. “Sarritan? Nola, sarritan? Ikusten dugun lehena da eta!”... Eta horrela aritu ziren denak, zer egin ez zekitela.

            “Nik badakit”, esan zuen bat-batean ahuntzak zaintzen zituen mutikoak matxinsaltoa ikusi eta berehala. Herrixkatik ez oso urruti zegoen belardi batean ahuntzekin lanean ari zela, hainbeste jende bilduta ikustean, bere zeregina utzi, eta korrika iritsi berria zen bera ere zer arraio gertatzen zen jakiteko asmoz. “Nik badakit”, esan zuen ikusi eta berehala. “Umetxo halakoa! Zer jakingo du honek”, umea zela eta, horrela gutxietsi zuten guztiek. “Bueltatu, bueltatu zaitez ahuntzekin, mesedez. Eskapatu egingo dira bestela, eta gero zer?”. “Bai horixe, lehoiek jango dituzte gero!”. “Ai, umetxo hauek! Ez dakite isilik egoten eta!”, bai, bat etorri ziren diagnostikoan han bildutako guztiak.

            Guztiak... isil isilik begira zegoen azal zimurreko agure txikitxo bat izan ezik. Herrixkako zaharrena zen hura. Ez zen azkarrena izango agian, baina bai eskarmentu handiena zuena bertakoen artean; eta errespetu handia zioten guztiek horregatik. “Guk baino gutxiago ez du jakingo honek!” esan zien herrixkako zaharrenak, gertatzen ari zenaz apur bat pentsatu eta gero, “Utz diezaiogun probatzen”.

            Eta denen artean luze-luze eztabaidatu ondoren zaharrenari kasu egitea erabaki zuten, eta probatzen utziko ziotela mutilari. Hau entzun eta segituan hasi zen lanean mutikoa. Lurrean makurtu, matxinsaltoa esku ahurrean hartu eta “Goazen!” esanda, korrika abiatu zen. Eta hara joan ziren denak, gazte, heldu eta zaharrak, gizen eta flakoak, arrak eta emeak, denak mutikoaren atzetik, ahuntz saldoa zegoen belardirako bidean.

            Hara iritsi zirenean, ahuntzak bildu eta horrela hitz egin zien mutilak, “Entzun! Entzun ezazue esan behar dizuedana, ahuntz lagunak”. Eta adi-adi begiratu zioten han bildutako guztiek, entzuteko prest, ahuntzak izan ala gizakiak izan. “Espero gabe sortu zaigun egoeraz pixka bat pentsatu eta gero, zera bururatu zait konponbide egoki bat emateko. Nire ustez, daukaguna beharraren arabera banatu behar dugu, ene maiteak. Horrela, behar larriena duenari eman behar zaio aurrena, eta bigarrenari gero, eta hurrengoari ondoren; guztion beharrak ahal den modu onenean asetzeko”. “Beee...” eta “Beee...”, erantzun zuten ahuntzek. (Publikoari begira jarraitzen du hemendik aurrera) Oso erantzun iluna zela pentsatuko duzue, ene matxinsalto maiteak. Baina ez ahaztu nola, garai haietan, bakoitzak berezko hizkera eta ohiturak izan arren, animalia guztiak elkar ulertzeko gauza zirela; horregatik, ahuntzen hitz totel koitadu haiek entzun, eta berehala konprenitu zuten han bildutakoek: “Beee... beerorrek justu eta egokiena deritzona egingo dugu, zaintzaile jauna. Hemengoa ez den zomorro hori goseak badago, eta beee... beere... beeharra gurea baino handiagoa bada, ba, jan dezala bee... beerak aurrena orduan”.

            Bai, egia benetakoa da orduko animalia guztiak elkar ulertzeko gauza zirela; eta istorio honetan bertan aurki daiteke horren froga: han bildutakoek ulertua zuten huraxe, ba, horixe-horixe bera egin zuten ahuntzek mutikoak matxinsaltoa lurrean utzi zuenean... apur bat apartatu... eta txoko zabal bat utzi zioten matxinsaltoari, berak nahi zuena libre jateko. “Sabanako belar gozoenak dituzu hemengoak”, xuxurlatu zion mutilak matxinsaltoari. “Bee...”, egin zuten ahuntzek, beraien artean barrezka hau entzutean, “Beee... beerorrek probatu al ditu akaso, zaintzaile jauna, bee... beenetan bee... beelar gozoenak direla esan ahal izateko?”

            Probatu gabe zituen hango belarrak, jakina, baina arrazoia izango zuen mutilak, hala ere. Gozo eta samurrenak izango bailiran jan baitzituen matxinsaltoak behintzat, indarrak berritu arte. “Horixe bera, ba, horixe esaten nuen nik, hemengo belarretara ekarri behar genuela!”, mutikoak izan ezik, han bildutako beste guztiek esan zioten elkarri, pozaren pozez, hura ikustean. “Eskerrik asko”, eskertu zien matxinsaltoak, “oso jende jatorra zarete zuek, eta ez dakit hau nola eskertu”. “O! Lasai, gizalegezkoa dena ez da ordaindu behar gurean” erantzun zioten, eta bere lurralderako bidea aurkitzeko argibide guztiak eman zizkioten gero. “Sekulan ez zaituztet ahaztuko”, hunkitu zen matxinsaltoa abiatzeko momentua iritsi zenean. “Agur, eta goraintziak etxekoei”, agurtu zioten gure arbasoek, pozik eta negar malkotan.

            Eta, egindakoaz harro, herrixkara bueltatu ziren gero; denek ikusitakoa elkar kontatzen, denek entzundakoa elkar errepikatzen. Eta memorian idatzita gorde zuten hura guztia, idazteko beste modurik ez baitzuten ezagutzen garai haietan.

ALABA: Nik idazten badakit, ama, zuk irakatsi zenidan... (Azkenean loguraren sarean harrapatuta egongo balitz bezala hitz egiten du. Logurarenean... edo sukar bortitzarenean agian).

AMA: Halaxe da, umea, nik irakatsi eta zuk azkar ikasi. (Burua laztantzen dio emeki-emeki, lokumatik ateratzeko beldurrez edo. Ipuinaren kontaketarekin jarraitzen du gero, leunagoa ahotsa) Bere betiko martxa jarraitu zuen bizitzak gero herrixkan. Eta gertatutakoa ahaztu ez arren, gero eta gutxiagotan aipatzen zuten matxinsaltoaren pasadizoa, eguneroko zereginen indarra oso handia baita pasatako kontuak lausotzen.

            Denbora pasa zen. Eta ilargiak zahartu eta berritzeko aukera ugari izan zituen denbora horretan, eta denak aprobetxatu zituen puntual inoiz gauari kale egin gabe. Baina egun batean, ohikoa zuen moduan, ahuntzekin abiatua zen mutikoa korrika bueltatu zen herrixkara... “Lagunak ekarri ditu”, oihukatzen zuen, “lagunak ekarri ditu matxinsaltoak!...”. Hura entzun eta azkar bizi-bizian abiatu ziren berehala herrixkako lagun guztiak hura ikustera. Ez, ez zuen gezurrik esaten mutikoak. Han, ahuntzen begirada harrituen aurrean, matxinsalto mordo bat ari zen belardiaren erdi-erdian ostatua hartuta, jan eta jan, beraientzat belar samurrenak aukeratuz.

            “Jakina, gurea bezalako belarrik ez dago munduan!”, esan zuten gure arbasoek, harro-harro, elkarri begira. “Gainera...”, harri baten gainean igotzeko aprobetxatu zuen herrixkako aztiak, “badakizue, harroputzarena ez da nire estiloa eta horregatik ez nizuen ezer esan; baina nik aurreko matxinsaltoari bere etxera bueltatzeko bidea erakutsi nionean... bai, badakit ez nauzuela sinetsiko, bai, baina nik nire azti-botereak dantzan jarri eta, bere etxera bueltatzeko bidea erakustearekin batera, ba, handik hona berriro etortzeko bidea ere erakutsi nion aldi berean!”, horrela esan zien, paparra puztuta, bere pulpitotik. Eta ezetz esan zioten beste guztiek orduan, hura ergelkeri galanta zela, eta barre egin zioten. “Ikusten? Sinesgabeak halakoak!... Banekien, bai, ez nuen besterik espero; berdin zait baina”, erantzun zien aztiak lore minduaren planta hartuz. Haiek izan ziren, haiek, bertan bildutakoek egin zizkioten barre eta trufak! “Bai, bai, barre egin ezazue! Baina, zuek sinestu nahi edo ez, berezko abildadea daukat nik hori... zera, gauzak zehatz eta txukun esplikatzearena, alegia”. Hura sortu zen orduan iskanbila! Han hasi ziren denak, norgehiagoka eta elkarri hitza kenduz, norberaren abileziak goratzeko eta besteenak gutxiesteko... Bitartean, isil-isilik eta belar gozotik burua altxatu gabe, nahi zuten guztia jan zuten matxinsaltoek. Ederra hartu zuten betekada! Eta, gauzak horrela, tripa beteta, eta jadanik gehiago ezin zutenean etorriak ziren bidetik alde egin zuten, potolo-potolo, agur ere esan gabe. Herrixkako jendeak orduan espero ez arren, joan etorri gehiagoren hasiera baino ez zen izan hura, hala ere. Bai, halaxe gertatu zen. Ez zuen denbora asko pasa behar izan matxinsaltoak sabanara berriro bueltatzeko, kopuru askoz handiago batean bueltatu ere, noski; eta, ondorioz, belar kantitate askoz handiago jan zuten, etorritako matxinsalto kopuruaren proportzioan... Gauza bera errepikatu zen bueltatu ziren hurrengoetan. Gero eta gehiago etortzen ziren, eta gero eta gehiago jan, gero eta gehiago etorri, gero eta gehiago jan. Eta beti horrela. Non eta katearen hasiera eta bukaera non zegoen jakitea ezinezkoa bihurtu arte: ea gero eta belar gehiago jaten zuten, gero eta matxinsalto gehiago etortzen zirelako ...edo gero eta matxinsalto gehiago etortzen ziren, gero eta belar gehiago jaten zutelako...

            Totel-totel, bai, baina ahuntzak izan ziren aurrenekoak egoera haren arriskuez konturatzen. “Beee...”, beeka hasi ziren inguruotako belardi eta bazterrak matxinsalto alfonbra batez estaliak agertu ziren egun batean. “Beee...”, esan zioten mutikoari, aitonaren aitonari kontatu zion aitonaren aitona izango zen mutikoari, “Beerorrek ez du beerorrena dena ondo zaintzen, zaintzaile jauna”. Eta arrazoia zuten, bai horixe... Ez bakarrik belar gozo eta zuztar bigunekoak, erdipurdikoak ere mauka-mauka jaten baitzituzten matxinsaltoek... zuztar iharrekoak mesprezatu gabe. Kontuak atera hortik. “Beee... beerorrek asmatu beeharko du, baina matxinsalto hauek dena jaten badute... zer arraio jan beharko dugu guk, zaintzaile jauna?”.

            Bai, gure bihotz oneko arbasoak konturatu ez arren, egia gordina zen hura. Eta ondorioak handik lasterrera hasi ziren nabaritzen. Ahuntzak zimeldu eta esnez ondo betetako errapeak hustu zitzaizkien pixkanaka-pixkanaka, larru eta hezurretan geratu arte. Koitaduak, salda egiteko ere balio ez zutela, azkar hil ziren denak. Gauzak horrela, matxinsaltoek bertako belar guztia jan ondoren potolo-potolo alde egin zutenean, gosea geratu zen orduan herrixkan afaltzera. Eta hurrengo egunean gosea egon zen gonbidatu bazkaltzeko garaian. Eta hurrengoetan ere bai... eta hurrengoen hurrengoetan, ene maitea... Apopilo geratu zen gosea... Apopilo geratu... Apopilo... (Gero eta ahots apalagoz errepikatzen dio amak, lotan dagoen jakin nahian edo).

ALABA: Mmm... (Baietz egiten du buruarekin. Dardara apalduta, loaren eskuetan dagoela dirudi).

AMA: Eguerdi batean hala ere... “Hara! Zer da hau? Gaua iristear dagoela ematen du!”, dar-dar egin zuten askok eta askok herrixkan bat-batean, inoiz entzun gabeko murmurio ozen batek etxoletako itzalpetik atera zituenean. Goi-goian zegoen eguzkia, eta, gurean ohikoa den bezala, bero sapak hartua zuen zeru urdinaren azpian zegoen guztia... Iparraldera begiratu zuten gure arbasoek, handik baitzetorren zurrunbilo hura. Iparraldera begiratu, eta... hura ikara gaiztoa sentitu zutena! “Gaua iristear dagoela ematen du”, oihu egin zuten ahozabalik... eta, bai, bazuten beldur hori sentitzeko arrazoi nahikorik. Handik, iparraldetik, ortzi-mugaren mutur batetik bestera ilunduta, milioika matxinsaltoz osatutako hodei gaizto bat zabaltzen zen sabanaren gainean. Matxinsalto goseti eta aseezinak. Saltoka hurbiltzen ziren, edo hegaka, edo arrastaka, ez zuen horrek axola. Jatea zen kontua, bidean aurkitzen zuten guztia jatea, horixe baitzen matxinsalto-hodei gaizto ilun hark zeukan helburu bakarra: jatea, jatea besterik ez. Jatea, mugarik gabe.

            Azkar asko zabaldu zen matxinsalto-hodei hura sabanan barrena, eta, konturatu baino lehen, hantxe bertan desagertu zen zeru ertzeko marra erabat estalia iluntasun haren azpian. Gauza bera gertatu zen gero betidanik ezagunak zituzten hurbileko beste paisaia guztiekin, pixkanaka-pixkanaka, desagertuz joan ziren denak. “Laster iritsiko da gurera!”, laguntza eske edo egin zuen oihu baten batek. Inork ez zion erantzun, denek pentsatzen baitzuten gauza bera. Gero eta ozenagoa zen zurrunbiloa, gero eta ilunagoa zerua... gero eta hurbilago geldiezina zirudien hura. “Ai, lagunok! Zer ari da gertatzen hemen? Gaua iristear al dago?... Edo mundua bukatzear?”, elkar galdetzen zuten. “Ez dakit mundua bukatzear dagoen, lagunok...”, hitz egin zien herrixkako zaharrenak orduan, “...baina gure lurreko denbora bai, azkenetan dago hori”.

            Matxinsaltoak herrixkako atarira iritsi zirenerako eguzkiak ilargia zirudien, zurbil eta ahuldua, horren handi eta sendoa baitzen matxinsalto-hodei hura. “Beraiekin hitz egin behar dugu”, proposatu zuen ahuntzak zaintzen ibilitako mutikoak; ahuntz guztiak aspaldian hilda zeudenez, inongo zereginik ez zeukana ordurako. “...Horrela, guztion artean hitz eginda, irtenbide bat bilatzeko edo”. Eta baietz, matxinsaltoekin hitz egitea arrazoizkoa izango zela onartu zuten gure arbasoek, eta haiengana joan ziren denak kofradian. “Zuek sabanako belar eta landare guztiak jaten jarraitzen baduzue ez da inor bizirik geratuko hemen”, azaldu zieten matxinsaltoei, “Ahuntzak hil diren bezala hilko gara guztiok”. “Alfer batzuk zarete zuek!”, erantzun zuten berehala matxinsalto askok eta askok, jateari bizkarra eman gabe, “Alfer galantak... Hobe lan gehiago egingo bazenute!”. “Ai, koitaduak...”, penatu egin ziren bihotz oneko beste matxinsalto asko eta asko, bihotza kuzkurtuta, baina jateari utzi gabe hauek ere; hori bai, jaten zituzten ehun belar hostoetatik zero eta koska uzten zuten hauek jan gabe, karitatez edo. Matxinsalto gehienek, ordea, ez zuten ezertaz konturatu nahi. Eta ez ziren ezertaz konturatu, noski. “Zer egin dezaket nik bakarrik gainera?”, pentsatuko zuten azken hauetako gehienek, jan eta jan.

            Zer esan edo zer egin ez zekitela, ezintasuna nagusitu zen gure arbasoen artean. Bazuten, bai, kezkatzeko motiborik. Motiborik eta ispilurik. “Begira Eguzkia...”, esan zioten elkarri, “...begira zeru hauetako erregea izandakoa. Konparatu haren aurreko distira eta oraingo zurbiltasun makala”. Ez, ez zuten arrazoi falta; matxinsalto-hodei hura zen zeru hartako errege berria, bruum... bruuum... urrumaka aurrera egiten zuena. Motor baten zarata gogorarazten zuen urruma hark; Herioa, aspaldiko sega zaharra bordan utzita, sega-makinarekin lanera atera izan balitz bezala. “Zer egingo dugu orain, gure arrazoiak entzun ere ez badituzte nahi?”, pentsatu zuten orduan gure aurrekoek, etsi-etsi eginda.

            Orduan, ordurako ahuntzik zaintzerik ez zeukan mutikoak, apur bat aurreratu, eta horrela hitz egin zien matxinsaltoei: “Lur honetako apopiloak gara denok, matxinsalto maiteak, zuek eta gu. Gure sabana honetan dauden belar eta landare guztiak jaten badituzue basamortu bihurtuko da laster lurralde hau. Guztion hondamendia izango da hori. Inor ez da salbatuko hemen. Denok hilko gara. Gu lehenago, dudarik gabe, baina zuen desagerpena ere ez da oso urruti ibiliko. Hemengo landaretza txikituta, beste leku batera egingo duzue salto orduan, aseezinak, han triskantza bera errepikatzeko; eta hangoa bukatzean beste toki bat bilatuko duzue ondoren, bertako berdea irentsi arte... mundu osoa basamortu bihurtu arte. Hori gurpil eroa zuena! Gero eta potoloagoak izan, gero eta gosetiago egon!... Jateko guztia agortuta, elkarren artean jaten hasi beharko duzue orduan zuen artean, bata bestearen kontra, borroka latz batean... Zuen arteko azkena munduaren jabe izaten hilko da”.

 

(Isilune bat egiten du amak neskatoaren arnasketan erreparatzeko. Lasaia dirudi. Kopetan jartzen dio eskua. Lo betean dagoela ematen du).

 

            Horrela hitz egin zien mutikoak matxinsaltoei, ene umetxoa... baina alferrikakoak izan ziren hauentzat esandako hitz guztiak... Alferrikakoak, ene laztana... (neskatoa esnatzeko beldurrez egongo bailitzan hitz egiten dio. Lo sakonean dagoela dirudi, hala ere. Orduan, alaba utzi eta kamainatik altxatzen da kontu handiz). Hala ere... (Kamaina ondoan makurturik hitz egiten dio alabari, neskatoa esnatuta egongo balitz bezala. Zapi batekin kopeta lehortzen dio), ahuntz zaintzaile mutiko hark esan zuena, ba, horixe bera da nik orain esan nahi diedana zure barruan saltoka ari diren matxinsaltoei: Aizue, nire umetxoaren barruan zaudeten matxinsalto horiek! Esadazue! Nire umetxoa hiltzen bada, non aurkituko duzue gero aterpe?

 

(Altxa eta etxolako ateraino joaten da. Zirrikitu bat irekiz, kanpora begiratzen du. Ez garrasirik, ez zaratarik, dena lasai dagoela ematen du. Atea itxi eta bidoiaren gordelekura hurbiltzen da. Zarata txikienik ere ez sortzeko kontu handiz ibiliz, bidoia atera eta etxolaren erdian uzten du. Bere inguruan begiratzen du gero zer edo zeren bila. Bertako gauzen artean arakatu ondoren zaku zahar bat aurkitzen du bazter batean. Zakuan sartzen du bidoia. Ateraino joan eta kanpora begiratzen du berriro. Isiltasuna da nagusi. neskatoarengana bueltatu eta hari begira geratzen da instant batez. Lo lasaian dagoela dirudi. Zakua bizkarrean hartuta etxolatik ateratzen da).