Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Euskaltzaindia , 2004
Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Euskaltzaindia , 2004
[aurkibidea]

 

7. AGERRALDIA

 

(Iluna dago etxola. Kanpotik zarata batzuk iristen zaizkigu nahas-mahasean: emakume batzuen ahots aztoratuak, oihuak, ihesean dabilen bateren baten pausu presatuak... denetatik nahasten da harrabots horretan. Ibilgailu baten motorraren hotsa entzuten da bat-batean. Etxolaren ondoan gelditu dela dirudi. Ate joka hasten da norbait kanpotik, gogorki jo ere. Argi ņimiņo bat pizten da barruan).

 

ALABA: Ama... atean jotzen ari dira... (Itzalen artean, neskatoaren burua ikusten dugu amari begira) Ama, esnatu!, ate joka ari direla... Kazetariak izango dira, ama... laguntza ekartzeko bueltatuko zirela esan dute. Ea, ama, esnatu... (neskatoak, amaren besoa hartuz, astindu txiki bat ematen dio. emakumeak ez du inongo mugimendurik egiten, hala ere).

 

(Atean areagotu egiten dira kolpeak, tartean ostikadak izan daitezke batzuk entzuten dira).

 

ALABA: Mugitu, ba, ama... Ez al duzu entzuten?... Badator laguntza!

GUARDIA: (Kanpotik, oihuka) Ireki ezazue atea, edo nik bota egin beharko dut!

ALABA: ...Ama... Zergatik zaude hain hotz?... (Izua nabaritzen zaio ahotsean) Ama, hor al zaude?

 

(Ostikada jo eta bultza, lurrera botatzen dute atea kanpotik. Bultzadaren poderioz, ia erdiraino sartzen da petrolio enpresaren guardia bat, pistola gerrian eta makila luze bat eskuan duelarik. Irekita geratu den baotik eguneko argia sartzen da, barrukoa argituz. emakumea ikusten dugu kamainan, zurrun-zurruna, hildakoak bezala. Bere ondoan, negarrez ari da neskatoa).

 

GUARDIA: Ea! Non dago? (Zakarki) Hobe duzue ezkutuka ez ibili!

ALABA: Laguntzeko al zatoz? (Nahastuta dago neskatoa, ez da konturatu guardia bat dela) Bai, hemen dago (Bere amaz ari da) ...Edo, ez dakit... agian ez dago jadanik.

 

(Bere burua lekuz kanpo sentitzen du guardiak bat-batean, etxolan topatu duena ez da berak espero zuena. Kirats sarkor bat dago airean. Kamainara hurbildu eta begietara begiratzen dio emakumeari. Gero, beso bat hartuz, airean altxatzen du. Harria bailitzan erortzen da libre uzten duenean. Izter aldean soinekoa apur bat jasotzean, zauria ikusten du. Sudurra estali eta atzera egiten du berehala, nazka keinu bat aurpegian).

 

GUARDIA: Puag! Hau kiratsa!

ALABA: Lagundu, mesedez. (Negarrari eutsiz)

GUARDIA: Laguntzeko? Ni ez naiz ehorzlea... (Bizkar ematen dio neskatoaren begirada errukarriari aurre ez egiteko) Ni petrolio enpresako guardia bat naiz, eta gaur goizeko lapurretan aritu direnen atzetik ari naiz. Larrutik ordaindu beharko dute sortu dituzten galerak, bai horixe, bide okerretik abiatzeko zorian dauden guztiek ongi ikus eta ikas dezaten. (Bere lanaz pozik dagoela dirudi) Etxola honetako emakumea lan horretan ibilia dela esan digute hain zuzen...

ALABA: Nork esan dizue hori?

GUARDIA: Nork? Nork esango, ba? Aurretik harrapatu ditugun morroiek, noski ...bigarrenean galdetu diegunean.

ALABA: Bigarrenean?

GUARDIA: Bai, bigarrenean... Lehenengoan isilik geratzen dira eta, ba, hori... bigarrenean behar du izan. Tx! Baina zientifikoki galdetuta, ez pentsa, Europan bertan bezala!

ALABA: Zientifikoki?

GUARDIA: Bai horixe! Tentsioa eta pultsua aurretik hartuta, boltajea bakoitzaren adina, pisu eta altueraren arabera egokituta... ongi zehaztutako kolpeak eta ez gehiago... (Ez harrotasunez ez damututa kontatzen du, aseptiko-aseptiko keinua. Bere atzetik, neskatoa negarrez hasten da berriro. Bueltatu egiten da gizona, keinua bigundu zaio) Zer nahi duzu, ba? Nire lana da, besterik ez dut eta.

ALABA: (Negar zotinka) Gaixorik nago eta ezin dut hemendik mugitu.

GUARDIA: Eta zer egin dezaket nik? (Alde egingo duela dirudi, ateraino hurbiltzen da. Kanpora begiratzen du) Nire zain daude lagunak. (Zalantzan dago, atera edo ez atera. neskatoaz errukitzen dela dirudi. Bai, geratuko dela ematen du azkenean. Atea lurretik jaso eta, ahal duen moduan, bere tokian jartzen du, kanpoko begiradetatik babesteko edo).

GUARDIA: Tira, lagunduko zaitut... Auzokoek hildakoari azken agurra egiteko etortzen direnerako txukundu egin beharko duzu hau (Gorpua beilarako prestaketari ekiten dio. Inguruan bilatu, eskoba hartu eta lurzorua eskobatzen du eszenatokiaren erdialdean. Bazterrak arakatuta, eta alfonbra moduko bat aurkitu eta lurrean zabaltzen du. Azkar mugitzen da, presa izango balu bezala. Kamainara hurbiltzen da).

ALABA: Zertan ari zara?

GUARDIA: Ez duzu ikusten? Gorpua prestatzen ari naiz azken agurra egiteko (Sorbaldetatik hartu eta gorpua altxatzeko keinua egiten du).

ALABA: Utzi bakean nire ama, nire ondoan nahi dut (Dituen indar apurrekin estutzen da amaren gorpuaren kontra). Besterik ez daukat munduan...

GUARDIA: Baina ez duzu ulertzen?... (Hildakoa utzi, eta, beharrezkoa den indarra baino gehiago erabili gabe, neskatoa apartatzen du. Negarrez hasten da umea) Zer nahi duzu, ba? Zu ere zizareen bazka bihurtzea? (Alfonbra mugitzean azpian zegoen panpina agerian geratu da. Gizonak ikusi eta neskatoari ematen dio, kontsolatzeko asmoz. Zikin-zikina dago panpina, zahartua, besoak ere falta zaizkio) Hartu, umetxoa, hartu eta honi estutu.

ALABA: Ez nauzu engainatuko! (Ahal duen urrutien jaurtitzen du) Hau ez da nire ama, hau panpina da. Zer uste duzu? Jolasa eta errealitatea bereizten ez dakidala?

GUARDIA: Zure amak baino bero handiagoa emango dizu orain panpina horrek. (Gorpua sorbaldetatik berriro hartu, arrastaka eraman eta alfonbratxoaren gainean jartzen du txukun-txukun. Buruaren bi alboetara ontzi bana jarri, eta paretatik zintzilik zeuden belar usaintsu batzuk hartu eta sua ematen die bertan. Ke txiki bat altxa eta usain gozo bat zabaltzen da etxolan) Ez duzu hor nonbait izararen bat izango, ezta? (neskatoak erantzun ez, izararen bila hasten da. Halako batean, txoko batean arakatu, eta, bilatzen zuen izara, bertan aurkitzen du. Beste zera bat ere aurkitzen du hala ere: traste zahar batzuen artean ezkutatuta, petrolioz betetako bidoia ateratzen du) Hara! Begira hau! Hona hemen egindako delituaren froga! Zure ama lapurra zen, ez didazu orain ukatuko.

 

(neskatoak kamainan buelta eman eta ez du erantzuten. Bere lana jarraitzen du guardiak, izara zabaldu eta emakumearen gorpua estaltzen du txukun-txukun, aurpegia bakarrik utzita agerian. Gero, inguruan begiratu, eta paretan zintzilik dauden amuletoak hartu eta gorpuaren oinetara jartzen ditu, errespetuz).

 

GUARDIA: Gustukoa duzu nola geratu den? (Buelta eman eta gizonak prestatutakoa begiratzen du neskatoak inongo inpresiorik azaldu gabe, bere pentsamenduetan sartuta egongo balitz bezala).

ALABA: (gizonari erantzun arren bere buruarekin hizketan ari dela dirudi) Badakizu? Arbasoak gure barruan bizi direla esaten zuen amak; arbasoak, eta ondorengoak ere bai, denak, gure baitan. Orain, bera hil ondoren, nigan bizitzen dira nire ama eta beste guztiak... (Zertaz ari den ulertu gabe begiratzen dio gizonak) Eta egia da, berak ez zuen inoiz gezurrik esaten, nire amaren ahots gozoa sentitzen dut oraindik belarrietan, haren laztanak ferekatzen dit kopeta... Hala ere... Hala ere laster hil egin behar dut nik ere, eta orduan, zer? Egongo al da gu guztiok beregan bizitzeko hartuko gaituen norbait? (gizonari begiratzen dio bat-batean) Zugan bizi gaitezke, adibidez?

GUARDIA: Ez, ez, ez... Ez nauzu ni nahastu behar! (Ezer ulertu gabe, baina badaezpada) ...Bakarrik bizi naiz ni petrolio konpainian ordaintzen didaten soldatatxoarekin, umetxoa, eta ez dut bestelako nahasmendurik nahi. Nire soldatatxoarekin... eta, tira (Begi keinu pikaro batez lagunduta) ...nire aldetik bilatzen ditudan aparteko diru sarrera batzuekin.

ALABA: (Begirada guardiarengandik urrundu eta ikusleengan finkatuz) Orduan... Orduan, hemendik atera eta segituan ahaztuko zara nitaz, ezta? ...Bai, badakit, haizeak kea eramaten duen bezala eramango du zure eguneroko bizimodu arruntak hemen ikusitako guztia... Eta, berriro ere, ikusitakoa ez da ikasitakoa bihurtuko, zoritxarrez...

GUARDIA: Aizu, neska... ez pentsa erotuta nagoenik: nigan ez dago beste inor! Falta nuena, psikiatrikora eramateko moduan egongo nintzateke orduan! Ez, ez... Ni, badaezpada, niretzako bakarrik bizi naiz... Eta ez dut nigan inor hartzeko inongo asmorik, ezta pentsatu ere!

 

(Kamainan buelta eman eta bizkarra ematen dio neskatoak. Klaxon baten deia iristen da kanpotik, guardiarentzako abisua izango da).

 

GUARDIA: Tira... alde egin behar dut, deika ari dira lankideak. Sentitzen dut zurea, neskatxa, baina nik ezin dut gehiago egin (Alde egiteko egiten du, atea kendu eta lurrera botatzen du berriro. Irtetear dagoela, gelditu egiten da bat-batean, atzera egin, eta petrolioz betetako bidoia hartzen du) Zera... zure amak jadanik ez du beharko eta nik aprobetxatuko dut. Badakizu, aparteko diru sarrerak... (Atera egiten da. Ibilgailua nola urruntzen den entzuten dugu).

 

(Bakarrik geratzen da umea, amaren gorpua ondoan duela, publikoari bizkarra emanda kamainan. Ia inor konturatu gabe, dardarka hasi da neskatoa, modu apalean hasieran, nabarmenkiago gero. Negarra izan daiteke dar-dar horien iturria, auskalo, baditu arrazoi nahikoak horretarako. Negarra izatekotan negar isila da, inongo lanturik ez baita entzuten. Hara, begira, bueltatu egin da. Publikoari begira hartu du postura. Ez, ez dago negarrez, ederki ikus daiteke orain: hasierako hotzikara berberak dira, sukarrak sortutakoak).

 

ALABA: O, ama, esnatu dira berriro... matxinsaltoak sentitzen ditut nire barruan... eta zu ez zaude jadanik hemen beraiei ipuin bat kontatzeko. Tira..., eta niri ere kontatzeko, ez dizut ukatuko... Ze, lehen bai, gezur txiki bat esan dizut lehen; ez nuela ipuina nahi esan dizut, amatxo, ni entzuteko irrikan egon arren, bai. Badakizu, loari beldurra nion orduan eta horregatik. Baina orain... zer axola du horrek: inongo beldurrik ez daukat orain. Pena bai, ordea... Pena eta tristura. Tristura handia, ama, dena desberdina izan zitekeelako... Hain erraza litzateke dena desberdina izatea!

 

(Hotzikarak astintzen du eta eten bat egin behar du dardara pasa bitartean, hizketan jarraitzen du gero)

 

            Bai, ama, zure ezpainetatik entzun nahi nuke ipuinaren bukaera. Ea matxinsaltoek, belardi guztiak jan ondoren, ahuntzak eta ahuntzak zaintzen zituztenak desagertu ondoren, ea matxinsaltoek beraien artean elkar jan ote zuten, ama, matxinsaltoen leinua bera ere desagertu arte... Edo, alderantziz, ama, euri gozoko ekaitz bat altxatu, eta lurrak eta zeruak betirako matxinsaltoz garbitu zituen belar berriari tokia egiteko...

 

(Isilik geratzen da).

 

            Baina, tira, agian matxinsaltoen istorioa bukatu gabe dago oraindik, eta, orduan, nola kontatu amaiera, ezta? ...Ez du inporta, amatxo, ahal duzun guztia egin duzu zuk (Beste isilune bat. Oso nabarmena zaio nekea aurpegian) Gainera, oso nekatuta nago ni, nekatuegia ipuinak entzuteko... Horrela utziko dugu ipuina, ba, orduan... bukatzeke... (Kamainan buelta eman berriro eta bizkarra ematen dio publikoari).

 

(Lotan geratu dela ematen du, nahiz eta aldizka halako ikara batek bere gorputza astindu. Bakar-bakarrik dago, bere amaren gorpuaren ondoan. Munduak neskato hau ahaztu duela dirudi. Eulitzarrak dira hemen gertatzen denaren jakitun bakarrak, ikusi ez arren, ederki entzuten da haien hegadak sortzen duen zurrumurrua. Asko dira, bai, gorpuari azken bisita egiteko etorritakoak. Baina itxaron, motor baten zarata entzuten da. Bai, ibilgailu bat hurbiltzen ari da. Ate ondoan gelditu dela dirudi. Ate-danbateko bat entzuten da gero. Motorra ez da itzali hala ere).

 

KAZETARIA: Hemen gaude berriro! (kazetaria sartzen da, press peto laranja soinean jantzita) Antibiotiko batzuk lortu ditut zuretzat emakumea! (Lotan dagoela ustean, emakumearengana hurbiltzen da) Gure hemengo lana bukatu da, baina alde egin baino lehen... (Zur eta lur gelditzen da emakumearen gorpua ikusi eta hilda dagoela konturatzen denean) Aitaren... (Gorpuarengana makurtu eta eulitzarrak uxatzen ditu. neskatoarengana hurbiltzen da gero, bizirik dagoela ikusten du pozik) Eskerrak... (Zutik jartzen da eta pausu pare bat ematen du, pentsakor. Erlojua begiratzen du) Azkar! Itzali motorra eta prestatu dena! (Ibilgailuan geratu den lankideari). Telemaratoiarekin konexioa lortu behar duzu kosta ahala kosta! Bertan txikituko zaitut bestela! (Kanpora ateratzen da).

 

(Motorra itzaltzen da. Aurreko konexioan erabili dituzten traste guztiak furgonetatik ekarri eta muntatu egiten dituzte berriro bien artean. Bitartean, horrenbeste mugimenduk ohartarazita agian, neskatoa bueltatu eta begira ari da, begiak txiki-txikiak eta bizitasun gabekoak).

 

KAZETARIA: Probatu monitorea ea seinalea ongi jasotzen dugun... (Hala egiten du kameralariak. Bai monitorean bai atzeko paretako proiekzioan Telemaratoi bateko aurkezleen irudia agertzen da, hitz jarioka). Primeran! Orain gurea sartzea falta da bakarrik!

KAMERALARIA: Lasai, konexioa lortuko dut beraiekin (Ateratzen dira biak).

 

(Monitorea piztuta geratu da eta aurkezleen jarioa entzuten dugu. Bi dira, neska eta mutila, nor baino nor ponpoxoagoa. Bien artean tartekatzen dira itxurazko inprobisazioan. Tartean, publikoa agertzen da irudietan).

 

1. AURKEZLEA: ...behin eta berriz errepikatu arren ez gara honetan aspertuko, jaun-andreok.

2. AURKEZLEA: Eta ez pentsa geurea papagaioaren leloa denik...

1. AURKEZLEA: Inolaz ere! Hau gure konpromisoa da, horixe bera da! Gure konpromisoa miseria gorrian bizi diren gizon eta emakumeekin, eskolarik ez duten umetxoekin edota botiken eskasia pairatzen duten gaixoekin.

2. AURKEZLEA: Eta hori da telesaio honen bidez bidali nahi dizuegun mezua: ez dugula etsi behar pobreziaren kontrako borroka honetan, ezin dugula gure solidaritatearen garrantziaz ahaztu.

1. AURKEZLEA: Ezin dugula tonto-tonto begira geratu, labur esanda.

2. AURKEZLEA: Horixe.

1. AURKEZLEA: Gogoratu nola guretzat gauza txikiak direnak izugarri handiak direla ezer ez dutenentzat.

2. AURKEZLEA: Adibidez: kafe baten truke ordaintzen dugunarekin jaio berri baten astebeteko gosea asetzen dela mundu honetako toki askotan...

1. AURKEZLEA: ...Edo zine sarrera baten prezioan hamar umeentzako txertoak ziurtatzen ditugula...

2. AURKEZLEA: Horregatik, hain zuzen, gogoarazi nahi dizuegu, bai areto honetan bertan gure Solidaritatearen Galaren ikusle zaretenoi, eta bai zuen etxeetan telebistaren bidez jarraitzen gaituzuenoi, zuen laguntzaren beharra.

1. AURKEZLEA: Zera beharra, premia larria! Hil ala biziko premia larria askotan.

2. AURKEZLEA: Halaxe da, bai. Eta egoera horren kontra borrokatzeko ireki dugu, hain zuzen, pantailan duzuen kontu hori (bbvaren anagrama handi baten ondoan kontu baten zenbakia agertzen da), momentu honetatik bertatik eta datorren astean zehar irekita egongo dena zuen laguntzak jasotzeko.

1. AURKEZLEA: Baina, tira, gure amonak esaten zuen bezala, hobe biharko ez utzi oraintxe bertan egin daitekeena... Ba, horixe bera egiteko aukera eman nahi dizuegu. Hartu oraintxe bertan zuen telefonoak eta deitu azkar asko pantailan dituzuen telefono zenbakietara zuen laguntza emateko, (Telefonicaren anagrama baten azpian telefono zenbaki batzuk agertzen dira oraingoan), gure lankideek jasoko dute zuen dirulaguntza.

2. AURKEZLEA: Eta ez ahaztu, ekitaldi hau bukatu baino lehen deitzen dutenen artean sari bat zozkatuko dugu bbvari esker.

1. AURKEZLEA: Sei mila euro jaun-andreak! Sei mila eurotako ezarpen bat bbvako inbertsio fondo etiko batean!

2. AURKEZLEA: Inbertsio fondo etiko batean, ...edo, horrela nahiago baduzue, inbertsio fondo solidario batean! Zuen aukeran!

1. AURKEZLEA: Gure ikusleek jakingo dutenez, inbertsio fondo etikoen kasuan zikin edo kaltegarri diren industriak diskriminatzen dira. Horrela, armagintza arloan, edota giza eskubideak, osasun publikoa eta ingurumena urratzen dituzten ekoizpenetan ehuneko jakin batetik gorako etekinak dituzten enpresetan ez da inongo inbertsiorik egiten. Bakarrik ekoizpen garbia eta gizarte ardura agertzen duten enpresetara bideratzen dira inbertsioak fondo etiko hauen kasuan.

2. AURKEZLEA: Inbertsio fondo solidarioetan, aldiz, nonahi egiten dira inbertsioak, baina lortutako etekinetatik zati bat gkeetara bideratzen da.

1. AURKEZLEA: Ba, hori da aukera jaun-andreok, hartu telefonoa eta deitu zuen laguntza emateko. Sei mila eurotako ezarpena horietako fondo batean zurea izan daiteke bbvari esker!

2. AURKEZLEA: A! Eta ez ahaztu, guretzat ezer gutxi suposatzen duen laguntza hori, oso laguntza handia da beraientzat.

1. AURKEZLEA: (Galaren beste atal batera pasatzeko etenalditxo bat egiten dute. Hitz jarioaren tonua aldatu egiten da). Eta orain, gure Enkante Solidarioarekin jarraituz, sorpresa bat daukagu zuentzat, jaun-andreok.

2. AURKEZLEA: Bai, hala da. Tourrean denok ezagutzen eta miresten dugun ospe handiko txirrindulari batek erabilitako jantzietako bat jarriko dugu errematean.

1. AURKEZLEA: Eta ez edonolako jantzia gainera, ez horixe! Oso jantzi berezi-berezia baita.

2. AURKEZLEA: Halaxe da lagunok, jantzi ezinbestekoena izan baitu hau denok buruan ditugun garaipen horiek eskuratzeko; are gehiago oraindik, lasai asko esan daiteke oraintxe bertan erakutsiko dizuegun jantzi honen faltan ezinezkoa izango litzatekeela garaipen horiek guztiak lortzea!

1. AURKEZLEA: Bai jaun-andreok, buruan duzuen horretaz ari gara hain zuzen: Tourrean izerdiz bustitako kulote dotore hau!! Saltsa eta guzti, jaun-andreok, saltsa eta guzti, zuen eskuetara joateko prest!

2. AURKEZLEA: Eta horretarako, gogoratu: programan zehar zuen pantailan hainbatetan agertu diren gure telefonoetara deitu eta zuen eskaintza egin. (Berriro agertzen dira telefono zenbakiak) Ea nork handiagoa!

1. AURKEZLEA: Bitartean, jaun-andreok, kulote honen jabeari paso eman behar diogu, txalo beroa berarentzat. Gurekin... (Eta bla bla bla jarraitzen dute monitorean).

 

(kazetaria sartzen da. press idatzita zuen petoa kendu du eta eskuan dakarren beste bat janzten du orain, zuria da eta mugarik gabeko berriemaileak irakurtzen da bertan. neskatoarengana hurbiltzen da).

 

KAZETARIA: Ikusiko duzu, umea, prime-timean sartuko dugu zurea. Aita-ama pontekoak bilatuko ditugu zuretzat! (Burua laztandu eta maitekiro hitz egiten dio. Ulertu gabe begiratzen dio neskatoak, txiki-txikiak begiak; berdin zaio hura guztia) Konfiantza izan behar duzu, neska, salbatuko zaitugu eta! A, eta egin ezazu barre txiki bat, eder-ederra, gehiago maitatuko zaituzte horrela.

 

(kameralaria sartzen da. Orain arte bezala, press idatzita duen petoa darama jantzita).

 

KAMERALARIA: Dena prest gure aldetik. Beraiek eman behar digute paso orain, berehala egingo dutela esan didate. (Kamera lepoan hartu eta azken prestaketak egiten ditu)

KAZETARIA: Oso ondo. Ongi gogoratu orain (Filmaketarako aginduak ematen dizkio), ni umearen aurrean jarriko naiz, paso ematen digutenean nire gerritik gorako plano bat hartu eta mantendu pixka bat; gero, gorpua erdian dagoela, etxolaren plano orokor bat hartu; hurbildu zaitez gero pixkanaka, gorpuaren lehen plano bat hartu amuleto eta ontziekin eta mantendu hamar segundo edo; gehiago hurbildu orduan, gorpuaren aurpegia lehen planoan eduki arte, mantendu hor, eta, nik seinalea egiten dizudanean, umetxoarengana pasa; eta hor gauza bera, hasieran kamaina osoa hartu eta hurbildu gero bera lehen planoan eduki arte. Ados?

KAMERALARIA: Eskasa da hemengo argia baina, tira, moldatuko naiz.

 

(Fokatze egokienak bilatzeko probak egiten ditu kameralariak. Mikrofonoa hartuz, neskatoarengana hurbiltzen da kazetaria).

 

KAZETARIA: Ura nahi al duzu?

 

(Baietz egiten du neskatoak buruarekin, hitz egitea lan handiegia bailitzan. Ura hartu eta eman egiten dio kazetariak, baita zapi batekin izerdia lehortu ere. Bitartean marmarra ez da agortzen monitorean).

 

1. AURKEZLEA: ...eta kopuru horretan ematen diogu errematea kulotearen enkanteari, jaun-andreok, 650 eurotan. Hau poza!

2. AURKEZLEA: Bai, poza handia dudarik gabe, batez ere 650 eurokin zenbat gauza egin daitezken pentsatzen badugu.

1. AURKEZLEA: Egia esateko, jaun-andreok, zaila zaigu guri, munduaren zati honetan bizitzeko suertea dugunoi; ze, hori da, hain zuzen, egoera hobekien deskribatzen duen hitza, suertea, suerte handia gainera; ba, zaila zaigu asmatzen, hemen, demokrazia batean bizitzeko suertea dugunoi, zenbat behar asetzeko aukera izango duten guretzat gehiegi suposatzen ez duten 650 euro horiekin.

2. AURKEZLEA: Halaxe da, eta adibide bat nahi baduzue, anbulatorio bateko xiringen hornidura lau hilabetetarako ziurtatzen da diru kopuru horrekin adibidez.

1. AURKEZLEA: Edo berrogeita hamar ikasleentzako urte osoko eskola-materialak!

2. AURKEZLEA: Edo... Baina barkatu, jaun-andreok, hauek dira zuzenean aritzeak ematen dituen sorpresak. Momentu honetan kontroletik esaten digutenez, konexio berezi bat egiteko aukera daukagu Afrikan dagoen Mugarik Gabeko Berriemaileen gobernuz kanpoko erakundearen ordezkari batekin.

1. AURKEZLEA: Halaxe da, bai, hango errealitate gordinenaren berri jasotzeko moduan egongo gara berehala, zuzen-zuzenean, jaun-andreok, kontinente horretako bene-benetako errealitatea zuen aurrean eta inongo bitartekaririk gabe. Bai?... Dena prest?... Bai?... Bai, gabon...

KAZETARIA: Gabon Afrikako txoko honetatik (Monitorean agertzen da) Ongi iristen da seinalea?

1. AURKEZLEA: Bai, oso ongi, lagunok. Tira, kontatu mesedez gure ikus-entzuleentzako zein da zuen deiaren arrazoia. Ze, uste dut gainera zuek, Mugarik Gabeko Berriemaileek, beste gobernuz kanpoko erakunde batzuekin elkarlanean, aurrera eramaten duzuen proposamen interesgarri bat luzatu nahi diguzuela, ezta? Guk geuk guztiz txalogarria irizten dugun ekimena, jakina; baina, tira, ez dut nik ezer aurreratu nahi, zuk zeuk hartu hitza eta esplikatu...

 

(kazetariak agindutakoa betetzen du kameralariak. Atzean neskatoaren kamaina duelarik, monitorean agertzen da kazetaria, mikrofonoa eskuan).

 

KAZETARIA: Bai, eskerrik asko, lagunok. Eta eskerrik asko, aurretik, hau bezalako Solidaritatearen Gala bikain honetan parte hartzeko eskaintzen diguzuen aukeragatik. (Tomo dramatikoagoan) Bai, halaxe da, Afrikako txoko honetatik zuekin premiaz betetako konexio hau egiteko arrazoia ez da makala, ez horixe. Etsigarria da askotan kazetarion lana, batetik bestera ero moduan, handi-mandien ibilerak direla, geoestrategia dela, arazo ekonomikoak direla... mundua aldatuko duen albistearen atzetik beti. Gure lanbidearen patua da hori. Eta, zurrunbilo honetan harrapatuta, alboan uzten ditugu benetako garrantzia dituzten albisteak; albiste humanoak, gizon eta emakume konkretuen bizitza eta heriotzarekin lotuak dauden albisteak, batez ere heriotza eta sufrimendua jasaten duten gizon eta emakume horiek pobre eta baztertuak baldin badira. Hori da kazetariok geure buruari egin behar diogun kritika sakona. Azaleko hutsalkeriak bazterrean utzi, eta benetako sufrimendu eta egoera lazgarri horien lekuko izan behar dugu kazetariok. Eta ez bakarrik lekuko, baita sufrimenduak konpontzeko bitartekariak ere. Horixe da hain zuzen etxola honetara bultzatu gaituen xedea (kazetariaren irudia alboan utzi eta etxola barrukoaren irudiak agertzen dira bai monitorean bai atzeko paretan, emakumearen gorpua erdian datzala) Hauxe da, jaun-andreok, gaixo zegoen emakume honentzako botikak ekartzeko etorri garenean aurkitu duguna. Badakit irudi mingarriak direla, halaxe baita beti heriotza, mingarria eta krudela. Baina, batez ere, tranparik gabeko irudiak direla esan behar dizuet, inongo makilajerik ez dutenak. Ez dira morboa sortzeko aurretik prestatutako irudiak, batzuetan gerta daiteken moduan. Ez. Errealitatea, benebenetakoa, aurkezten dizuegu, zin egiten dizuet, guk hona iristean aurkitu dugun moduan: gorpua lurrean izara batez estalia, ofrenda batzuk ondoan, azken agurra egiteko dena prest, auzoko lagun errukiberaren batek atondua, seguru asko (Kamera hurbildu eta egindako deskripzioaren jarraipena egiten du. Lehen planoan, hildakoaren aurpegia agertzen da. Etenaldi bat egiten du kazetariak irudien indarra azpimarratzeko. Jarraitu egiten du gero) Hala ere, jaun-andreok, errealitatea pantailan agertzen dena baino askoz zabalagoa da. Eta ez hori bakarrik, zoritxarrez, askoz lazgarriagoa ere askotan, hemen, ondoko kamaina honetan ikus daiteken moduan (neskatoa agertzen da orain irudietan, kamainan etzanda, begiak erdi itxita, tristura handi bat dario aurpegiari) Hemen ikusten duzuena hildakoaren alaba da. Gaixorik dago bera ere, sukarrak hartuta (Etenaldi bat egiten du. Hozkirriak astintzen du neskatoa) Zuen esku dago, jaun-andreok (Publikoari egiten dio zuzen-zuzenean hemendik aurrera), zuen esku dago ume honen eta hau bezalako beste ume askoren bizitza salbatzea. Horretarako egin behar duzuena ez da zaila. Konpromiso bat hartu eta sakrifizio txiki bat besterik ez da egin behar. Sakrifizioa baitago, dudarik gabe, benetan pena merezi duten gauza guztien oinarrian. Baina zin egiten dizuet, jaun-andreok, sakrifizio txiki horren ordainean hartuko duzuen poza ez da edonolakoa izango, ez horixe. Ez da, inolaz ere, momentuko poztasuna ase eta gero ahaztu egiten diren lasaigarri arin horietako bat. Ez lagunok, hori baino askoz sakonagoa da, bizitza guztirako satisfazioa ematen duten barruko atsegin baketsu horietakoa bat da, egunero-egunero hazten dena, etxeko baratzean plantatzen den arbola bezala, gero zutik eta sendo irauten duena (Etenaldi txiki bat) Ni, eta ez Mugarik Gabeko Berriemaileen izenean bakarrik, baizik eta gurekin besoz beso ari diren beste gobernuz kanpoko erakundeen izenean ere, konpromiso txiki eta eder horietako bat proposatzera natorkizue momentu honetan.

            Hemendik, Afrikaren bihotz honetatik bertatik, neskatxa hau zuen alaba besoetako bezala hartzea proposatzen dizuet. Ume honen aita-ama pontekoak izan, jaun-andreok. Hori konpromiso zintzo eta emankorra! Hauxe baita, hain zuzen, lehen aipatutako erakundeen artean aurrera eramaten dugun laguntza-programa garrantzitsuenetako bat. Programa honen bidez, eta aita-ama pontekoek egiten duten ekarpenari esker, jakina, ume honek, eta hau bezalako beste askok eta askok, mantenua eta osasuna ziurtatuta izango dute koskortu arte, baita eskola ere (neskatoarengana hurbiltzen da eta mikrofonoa luzatzen dio) Esadazu, laztana, baietz gustatuko litzaizukeela asko maitatuko zaituzten aita-ama pontekoak edukitzea, e? Haien alaba besoetakoa izan eta, horrela, zure sukar hau sendatu ahal izateko, ezta? Eta, sendatu ondoren, eskolara joan ahal izateko handia izan arte, e?

 

(Begiak apur bat irekita begiratzen dio neskatoak, ez du ezer esaten, hala ere. Oso makalduta dagoela dirudi, eta hala jasotzen da irudietan).

 

KAZETARIA: Ikusten duzuenez, gaixotasunak hartuta dago umea (Publikoari begira berriro, zuzen-zuzenean eta egoeraren larritasuna adierazten duen tonuan) Azkar ibili jaun-andreok, ume hau besoetakoa hartu, berandu izan daiteke bestela.

1. AURKEZLEA: (Serio eta modu nahiko dramatikoan) Izugarriak, jaun-andreok, izugarri eta beldurgarriak jasotzen ari garen irudi eta testigantzak. Bihotz gogorrenak apurtzeko modukoak dudarik gabe, zer esan ez dakizula uzten zaituzten horietakoak.

2. AURKEZLEA: Egia esateko oilo ipurdiaren azala jarri zaigu hemen, Solidaritatearen Gala honen partaide garen guztioi, eta ziur gauza bera gertatzen zaizuela zuei, momentu honetan zuen etxeetan telebistari begira zaudeten ikusleei.

1. AURKEZLEA: Ez dira hauek aho zabalik geratzeko momentuak, hala ere, jaun-andreok; justu kontrakoa gertatu behar da, hain zuzen, zerbait egiteko momentuak izan behar dira hauek.

2. AURKEZLEA: Hala da, ezin dugu gizaki baten sufrimenduaren aurrean geldirik egon; are gehiago gizaki hori ume bat baldin bada, ezin dugu neskatxa horren begiradaren aurrean amore eman.

1. AURKEZLEA: Ekintzetara pasatzeko momentua da, jaun-andreok, neska hori salbatu egin behar dugu. Neska hori eta antzeko egoeratan dauden ume guztiak, bai horixe.

2. AURKEZLEA: Eta hori, etxeko sofatik mugitu gabe egin dezakezue!

1. AURKEZLEA: Horretarako, pantailan behin eta berriro agertu diren telefono horietako batera deitu eta “Nik ume horren aita-ponte edo ama-ponte izan nahi dut” esan beharko duzue bakarrik; listo, dei hori bezain erraza da ume baten bizitza salbatzea... (Berriro agertzen da Telefonicaren anagrama telefono zenbaki batzuen ondoan. aurkezleak agertzen dira gero, beste goxotasun batez aurpegian eta tonu arinagoan) Eta orain, une egokia izan daiteke publizitateari paso emateko!

2. AURKEZLEA: Bai, baina aurretik, Mugarik Gabeko Berriemaileen ordezkariari eskertu behar diogu zuzen-zuzenean bidali digun testigantza lazgarri hori lortzeko egin behar izan dituen lan eta esfortzu guztiak. Eskerrik asko zuri, eta, besterik ez, suerte izan dezazuen esku artean dituzuen egitasmo guztiak aurrera eraman ahal izateko...

KAZETARIA: (kazetariaren irudia ikusten dugu monitorean) Eskerrak zuei, bai, eman diguzuen aukeragatik.

 

(kazetaria utzi eta neskatoarengana enfokatzen du kameralariak, lehen plano bat lortu arte; mugimendu bera egiten du gero gorpuarekin. Bukatzeko, urrundu eta ama eta umea batera hartzen duen planoa ikusten da, horrela, telemaratoiaren karatula sartu eta iragarkiak hasi arte)

 

KAZETARIA: Yupiii... Lortu dugu! (Kamera itzali, mikrofonoa lurrean utzi, eskuak airean elkar jotzen dituzte). Ederki! Hau marka! (Pozik daude) Tira, hemengoa egina dago guretzat. Hau dena jaso eta ospa egin behar dugu, lan asko dugu oraindik egiteko.

KAMERALARIA: Eta umea?

KAZETARIA: (Serio jartzen da) Momentuz ezin dugu gehiago egin. Amarentzako botikak erosi ditudan tokian ospitalea gainezka dagoela esan didate. Ez dute onartuko.

KAMERALARIA: Eta bakarrik utziko dugu?

KAZETARIA: (Zalantza egiten du) Zer lortuko dugu gu hemen geratuta? Ez, lana zain dugu. (Bere burua konbentzitu nahi duela dirudi) Amaren gorpua atondu duten auzokoek zainduko dute momentuz. Laguntza iristen denean hiriburutik bideratuko dugu...

 

(Monitorea deskonektatu eta jaso egiten dute. Fardelak bildu eta furgonetara eramaten dituzte bien artean. Prest dago dena alde egiteko. Furgonetaren motorra entzuten da martxan jartzen denean. kazetaria sartzen da azken aldiz eta neskatoaren ondoan makurtzen da, ezin jakin hau kontziente ote dagoen).

 

KAZETARIA: Aizu, neskatxa, entzuten nauzu? (neskatoak ez du inongo keinurik egiten) Alde egin behar dugu guk orain, baina lasai, laster bueltatuko gara eta guraso moduko batzuen laguntza ekarriko dizugu zuretzako (Maitekiro hitz eginez, ia belarrira) Bai, handik, Europatik, umea, eta ez zaizu ezer faltako orduan. Eskolara joango zara, eta panpina berri eta politago bat bidaliko dizute, ikusiko duzu! (Burua laztantzen dio. Erantzunik ez dago ordea) Tira... laster arte (Altxatu eta alde egitekoa egiten du gizonak. Ateraino iritsita atzera egiten du hala ere, neskatoa bakarrik utzita alde egiteak bidegabekeria baten konplize egingo balu bezala) Ura nahi duzu? (Zer esan ez dakiela galdetu egin dio azkenean. Ez du ematen neskatoa kontziente dagoenik. gizonak izerdia kentzen dio. Erabilitako zapia lurrera bota eta alde egiten du gero, azkar, zerbaiten ihesean bezala).

 

(amaren gorpua ondoan duela, bakarrik geratzen da umea. Ez dakigu oraindik bizirik ote dagoen, edo... Ez, hotzikara txiki batek astindu berri du, hotzikarek ere indarra galdu dutela ematen du hala ere. Eroritako atearen baotik sartzen den argitasuna gero eta ahulagoa da, gaua iristear dagoela adierazten du horrek. Gaua bakarrik etorri edota gau guztien amaren konpainian etorriko ote den, hori da barruan geratzen zaigun zalantza. Itzalak eszenatokia hartzen du pixkanaka-pixkanaka, iluntasuna oholtzaren jabe bihurtu arte. Neskatoari zuzenduta dagoen argi txuri xume bat geratzen da bakarrik, zenbat iraungo duen inork ez dakiena, dar-dar egiten baitu argitxoak; dar-dar txikia, gauean izarrek egiten duten moduan; dar-dar isila... batzuetan, inork konturatu gabe, betirako itzaltzen diren izar horien moduan. Isil-isilik dago dena.

Bat-batean, isiltasuna urratuz, sakelako baten txistua entzuten da publikoaren artean. Soinu alaia, benetan, sakelako horrena. Bigarren aldiz entzuten denean, malguki batek bultzatuta bezala altxatzen da neskatoa kamainan. Eszenatokia argitu egiten da).

 

ALABA: Satelitea! (Begiak zabal-zabalik, goiko alderantz seinalatzen du neskatoak eskuarekin, zeru hipotetiko baten alderantz) Bai, satelitea, hor al zaude? Hemen, hemen nago ni! (Besoekin egiten du agur-agur, zeruari begira beti, kamainan eserita. amaren gorpuari begiratzen dio gero). Ez... Hemen gaude gu! Badakizu, arbaso guztiak gure barruan bizirik eramaten ditugu guk (Sateliteari esplikatzen dio eta adi-adi geratzen da, satelitearen erantzunaren zain edo) Bai, ama, ez jarri aurpegi hori, den-dena ikusten du sateliteak, eta den-dena egin dezake, han, goian dagoena. Ikusiko duzu nola helikoptero bat bidaliko duen, mediku eta erizain batekin barruan, ni sendatzeko (amaren gorpuarekin ari da hizketan, nahiz eta agur-agur egiteari ez utzi) Goi-goikoak dena jakiten du, ama, eta dena du posible, bai horixe (Guztiz sinestuta esaten dio, gora begira beti) Hemen gaude, satelite! Gutaz ez ahaztu! (Inongo erantzunik ez, ordea. Besoak jaitsi eta gorpuari begiratzen dio, etsita) Bai... Arrazoia zenuen, ama, beti bezala... sateliteak ez dira guretzat eginak (Etsipenaz. Isilik geratzen da gero momentu batez, lurrari begira) Ezin ditugu ikusten baina hor daude, goi-goian, zeruan bueltaka, guri begira beti. Ea okerren bat egiten dugun edo, eta egindako okerren zerrendan apuntatzeko orduan zuzentze aldera gero. Gure onerako beti, noski. Bai, hala da, ama, nik badakit. Adibidez, oliobideren bat zulatzearen tentazioan erori zarela edo, ba hori gaizki egindako bat da eta, taka!, momentuan apuntatzen dute... eta garaiz damutu eta konfesatu egin behar duzu orduan, eta ezarriko dizuten penitentzia xuxen bete, okerrago izango baita bestela zuretzat. (amarekin hizketan dagoela ematen du) Ez, ez ditut sateliteak inoiz ikusi baina ziur hegal handiak dituztela, zuri-zuriak eta ederrak, txorienak bezala... zeruan ibiltzeko gaizki bestela! (Isilik geratzen da apur batean) Aizu, ama, arrak ala emeak dira? (amaren gorpuari galdetuz) Nola zeintzuk? Sateliteak eta, noski! (Isilik geratzen da amaren erantzuna entzuteko) A, orduan ez bata eta ez bestea... (Erantzuna jaso ondoren) Ez, ez nuen uste horrela zenik. Badakizu, hemen, sabanan, arra izan behar duzu, edo bestela emea, ez dago beste aukera. Baina, noski, hor zeruetan...

 

(Isilune bat)

 

            Dena dela..., ez dakit zergatik esaten ditudan nik orain tontakeria hauek guztiak (Goibeldu zaio ahotsa) Zer axola zaizkit niri sateliteak... edo... zer axola zaizkit aita-ama pontekoak... inor ez baita etorriko ni salbatzera. Zer eta ni salbatzera! Ni! Ume gaixoa! “Ze pena, hain txikia eta bakarrik munduan!”, esaten zuen petoaren tipo horrek, “Tira, salbatu behar dugu, mundu guztiko umetxoen ordezkaria izango bailitzan, bai horixe!”... Hau nazka! Eta besteak, zer? (Modu gordinean publikoari begira) Telebistan agertzen ez diren umeak, zer? Horiek ez al dira salbatu behar? Ikusten ez direnak ez dira existitzen akaso? Eta aspaldian ume izateari utzi zioten aguretxoak, zer? Ez zaizkizue horiek inporta? Akaso plantazio eta meategietan zuentzako lanean osasuna eta bizia galtzen duten gizon eta emakume horiek ez dituzue salbaziorako ekimenetan kontuan hartu behar? Ez? Botikak bizitzak salbatzeko ekoizten dituzuela uste al duzue benetan?... Bai zera! Sentimenduak sentimentalkeriekin nahastuko duzue agian, bai, baina, ezta txiripaz ere, karterarekin! (Estutu egin zaio arnasa. Galderen tonuak gora egin duen neurrian gero eta nabarmenagoa da neskatoaren nekadura). Lasai, ama, zer axola du orain apur bat gehiago nekatzeagatik nire bizitza ordu laurden batez laburtzen bada. (amarekin hizketan egongo balitz bezala. Arnasa hartzen du sakon indarrak berritzeko. Publikoari zuzentzen zaio berriro) Lasai, ez gaituzue salbatu behar, nahikoa zaigu gu esplotatzeari uzten badiozue, nahikoa dugu geure buruaren jabe izaten ez eragoztea, nahikoa... (Hotzikara batek astindu eta eten egin behar du. Errekuperatu egiten da, eta amaren gorpuarekin hizketan jarraitzen du) Entzun duzu gizon horrek esan duena, ama? Aita-ponte batzuk, edo ama-ponte batzuk, edo ez dakit zer demontre bilatu behar duela niretzat!... Zer dira ama eta aita-ponte horiek, ama? (Isilik geratzen da gorpuaren erantzunaren zain) A! Hori al da? Nire mantenurako behar diren gastuak bere gain hartuko dituzten guraso batzuk?... A, bai, ulertzen dut orduan; aurten kotxe eta telebista berria erosi beharrean, kotxe eta ume baten gastuak hartuko dituzte bere gain, ezta? Ez dago gaizki, ez, batez ere aurrera begira telebistarena baino mantenu gutxiago beharko duen ni bezalako umea baldin bada. (Isilik geratzen da) Badakizu zer esaten dizudan, ama? Nigatik bada, apur bat gehiago gastatu eta tximu bat eros dezatela!... Gainera, ez dakit eskolara joateko horren behar handia ote dudan, ederki baitakit irakurtzen nik, ama, zuk irakatsia (Eta, frogatzeko edo, kazetariaren petoan idatzita zegoena errepikatzen du, zailtasunez errepikatu ere, agian ez baitaki berak uste duen bezain ongi irakurtzen). Mu-ga-rik ga-be-ko zera... ze-rri-e-ma-i-le-ak, horixe jartzen zuen petoan! Ikusten nola irakurtzen badakidan?... Tira, ados, zer edo zer hobetzeko badaukat oraindik... (Isilune bat) Zer? Zer esan duzu? (Adi gorpuari) Zeinek? Novartis izeneko enpresa farmazeutiko handiak ehunka haur besoetako dituela India aldean?... Ez, ez dira lotsagabekerietan alperrak horiek, inolaz ere! Botikak garesti saldu eta lortutako dirutzarekin itxurakeria merke egin! Hori negozioa hori! (Isilune. amari adi) Kapitalaren leloa dela mugarik gabekoaren hori, eta barre egiten diozula?... Nori, eta zuri esan behar dizute hori, ezta? Mugetatik kanpo jarri zintuztenari!... Zer?... Bai, ama, ez dut ahaztuko lezioa. Berandu da jadanik niretzat, baina ez, ez dut lezio hori ahaztuko. Eskutik doazela beti kapitala eta karitatea, eskuineko eta ezkerreko oinak doazen bezala, batek emandako pausuak berekin dakar bestea. Kapitalak emandako pausuak berekin dakar karitatearen beharra, eta ezkerreko oin honetan finkatutako menpekotasunaren gainean ematen du hurrengo pausua kapitalak. Horrela dabil mundua, bai, eta horregatik dira biak mugarik gabekoak, Erdi Aroko konkistatzaile eta fraideak bezala, geroko kolonizatzaile eta misiolariak bezala... Ba, bide beretik oraingo multinazional eta gobernuz kanpoko erakunde zibilizatuak! Izatezko bikoteak, ezta, ama? Polizia gaizto eta polizia txintxoa bezala... Bai, zuk hala esaten baduzu ez dut nik dudatan jarriko, ama, nik baino gehiago dakizu eta (Isildu eta etzan egiten da, publiko aldera begira. Nabarmena zaio nekadura. Hitz egiteko beharra dauka, hala ere) Ikusi al dituzu, ama?... Nola, zer ikusi? Ba, horiek, pantailan agertu diren horiek... areto horretan zegoen publiko hori... (Aretoko publikoari begira dago, jakina) Zera galdetu nahi dizut... horiek guztiak, ama... horiek ez dira gaiztoak, ezta?... (amaren erantzunaren zain geratzen da) Bai, hala uste nuen nik, batzuen batzuk kenduta, ezjakinak dira gehienak... Hori da okerrena, ezta, ama? Arriskutsuenak direla esan nahi dut... Haien bizimodua zeren gain eraikitzen den ezagutu ere ez badute egiten, nola arraio egingo diote aurre egoerari, ezta?... Bai, banuen nik susmo hori... Horregatik, konpondu, zer arraio konpon daiteke horiekin?... Ezjakintasuna dute gordeleku. Ezjakintasun erosoa. Erraza dute horregatik negar txikitxo bat bota zure gorpuaren irudia pantailan agertzen denean, eta, segituan, kalera irtendakoan, ondoko tabernan kafetxo bat lasai-lasai hartu eta bakoitza bere kotxean etxera bueltatzea, ezta? Gure artean oliobiderik ez balego bezala...

            Bai, lasaigarria dute ezjakintasun hori, horrela ez zaie zapuztuko beren buruekiko duten kontzientzia ona. “Oi, zein txintxoak garen!” pentsatuko dute ziur aski, butaka dotore horietan eserita daudela, “Hemen, munduan dauden baztertutako guztien alde”... Bai, ama, arrazoia duzu... Ezjakin interesatuak baino ez dira horiek... (Begiak ixten ditu neskatoak, eta arnasa hartzen du sakon, airea agortzear egongo balitz bezala. neskatoari zuzenduta dagoen argi txuri xumeak argitzen du bakarrik) Hil egin behar dut, ama... ordua iritsi da... nire denbora agortu da...

 

(Arnasa baretu bat-batean eta isilik geratzen da. Argitxoak dar-dar egiten du modu nabarmenean. Isiltasuna luzatzen da. Hilda dago agian).

 

ALABA: Nahikoa da, ama! Ez dut nahi, ez dut hil nahi, ama! (Kamainan eseri da supituki neskatoa. Eta, hau aldaketa, guztiz sano dagoen neskato baten itxura guztiak ditu. Ez zaio inongo gaixotasunaren aztarnarik nabaritzen, are kontrakoa, sasoian dagoela dirudi. Sasoian eta amorratuta) Aspertu egiten nau honek! Hau baino teatro txarragorik ez dago munduan! (Jiratu eta kamainaren azpikoetan, txuleta moduan erabiltzeko edo, ezkutatuta zuen gidoiaren koadernoa eskuetan hartu eta bertako solte batzuk irakurtzen ditu modu mekanikoan, publikoari begira) “Bai, ama, ezjakin interesatuak, Hil egin behar dut, ama, Ordua iritsi da, Nire denbora agortu da”... Pikutara hau guztia! (Koadernoari orri batzuk kendu eta lurrera botatzen ditu), “Ama, zergatik zaude hain hotz? Ama, hor al zaude?”... Pikutara denak! (Orri gehiago botatzen ditu) “O, ama, esnatu dira berriro, matxinsaltoak sentitzen ditut ene barruan”... Zaborretara matxinsaltoak! Zaborretara dena! (Lurrera botatzen du koadernoa) Aspertuta nago. Ez dut beste batek asmatutakoa gehiago errepikatu nahi! Nik nahi dudana esan eta egingo dut bakarrik, ama. Zutik jarriko naiz adibidez (Halaxe egiten du) Niri ez baitit inork esan behar noiz altxa eta noiz etzan behar dudan! Banaiz ni gauza erabakitzeko! ...Nagiak ateratzeko gogoa ere banuen, gainera..., denbora guztia hor etzanda eman eta gero... (amaren gorpuarengana bueltatzen da, bere ondoan makurtu eta burua laztantzen dio) Baina, guztiaren gainetik, ama, ez dut nire paperak eskatzen duena egingo! Ez horixe! Ni ez naiz hilko! Ez dut hil nahi, eta ez dut egingo... Kalera aterako naiz, eta pertsona bezala biziko naiz bertan (Musu bat ematen dio gorpuari azken agurra bailitzan. Zutik jartzen da gero, propagandaz betetako kamiseta zaharra kendu, lurrera bota, eta besaulki-patio aldera egiten du, bertatik kalera ateratzeko asmoz. Erabakitasun handiz, mugitu arren tristura nabaritzen zaio aurpegian. Patiorako eskaileretara iritsi baino lehen gelditu egiten da bat-batean. Atzera egiten du gorpuarengana) Ama, berpiztu egin behar duzu! (Sorbaldetatik astinduz, lotan dagoenari egiten zaion bezala astintzen dio neskatoak gorpuari) Berpiztu zaitez, ama, berpiztu. Berpiztu eta zatoz kalera nirekin. Entzuten didazu? Berpiztu eta goazen, ama, historia ez da hemen bukatu behar!

 

(Begiak ireki eta burua altxa egiten du amak. Nekoso omen zaie gorpuei berpiztea eta alabak lagundu egin behar dio lurrean esertzen. Inguruan dituen gauza guztiei begira geratzen da, begiak zabal-zabal, inguruko guztiak berriak izango bailiran... edo bera jaio berria bailitzan. alabari begiratzen dio aurrena, aurpegia serio-serio, emoziorik gabea; ezer adieraztekotan, harridura besterik ez duen adierazten aurpegia. Gero, burua jiratuz, etxolako gauza guztiei erreparatzen die, bakoitzari merezi duen atentzioa emanez. Publikoari begiratzen dio azkenean, serio-serio.

alabak lagunduta, zutik jartzen da ama, eta, esku batean makila eta bestea alabaren lepoan, itsua eta itsu-gidaria bezala, kalerako bidean jartzen dira biak. Patiorako eskailerak jaitsi, eta, patioko argiteria dagoeneko piztua, erdiko korridoretik barrena ateratzen dira biak aretotik. Bukatu da hau. Aretozainek ateak zabal-zabal irekitzen dituzte eta publikoa ateratzen da. Txalo arrastorik sumatzen bada, eta kasu horretan bakarrik, ez, ez da txalo egiteko, proiektatuko da atzeko paretan).