Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Euskaltzaindia , 2004
Ama, hor al zaude?
Pablo Barrio
Euskaltzaindia , 2004
[aurkibidea]

 

6. AGERRALDIA

 

(Ipurtargia pizten da. Itzal artean, aurreko agerraldian ikusi ditugun etxola barruko silueta berberak agertzen zaizkigu berriro. Kamainan ama eta alaba daude etzanda, aurrekoan utzi ditugun bezala. Bat-batean, hurbildu eta etxola ondoan gelditzen den ibilgailu baten hotsa sumatzen dugu. Motorra isildu eta ate-danbatekoak entzuten dira berehala, norbait jaitsi dela dirudi. Isilune txiki baten ondoren, kolpe sendo batzuk entzuten ditugu atean. Ate joka ari dira kanpotik).

 

ALABA: Ama, esnatu... Petrolio enpresako guardak izango dira agian...

AMA: ...

ALABA: Esnatzeko ama...

AMA: Zer?...

 

(Argiak pizten dira. Burua non daukan ez dakiela, agondu egiten da emakumea kamainaren ertzean. Momentu batez, berriro etzan egingo dela ematen du. Baina ez, asko kostata ere zutik jartzen da. Balentria handiegia da hori berarentzat hala ere eta berehala esertzen da berriro. Zorabioak hartua dauka. Ate joka ari dira kanpoan. Lurrean dagoen makila bat hartu eta, horretan lagunduta, ahalegin berri bat egiten du).

 

ALABA: Zer duzu ama?

AMA: Ez, ez da ezer... apur bat zorabiatuta nago bakarrik...

 

(Zutik jarrita, atea irekitzera abiatzen da, makilak lagunduta beti. Atea ireki eta peto laranjekin jantzita dauden bi lagun sartzen dira barrura. press irakur daiteke petoetan. Aurretik sartu dena kazetaria da, zuria, eta, haren mugitzeko modu eta portaerak ikusita, erraz antzematen da bera dela erabakiak hartzen dituena. Bigarren morroia beltza da, kamera lepoan, kazetariaren sarrera grabatzen ari da)

 

KAZETARIA: (kameralariari) Moztu. Nahikoa da momentuz. (emakumea eta neskatoaz erreparatu gabe, etxolatik paseatzen da, bertan dagoen guztia aztertuz)

AMA: Aizu, nor zara zu horrela sartzeko. (Makilak lagunduta beti, protesta egiten du emakumeak)

KAZETARIA: (kameralariari) Tira, egun on bat izango dugula dirudi. (Nahiz eta seriotasuna ez galdu, pozik dagoela nabaritzen zaio. Begirada profesionalaz aztertzen du etxolaren espazioa eta argia, baita bertan sakabanatuak dauden eguneroko gauzak ere.Airea ere aztertu nahiko balu bezala hartzen du arnasa, modu sakonean). Usaindu, bai, usaindu egiten da hemen...

KAMERALARIA: Usaindu? Usaindu zer? (Kamera lurrean utziz)

KAZETARIA: Txo, kazetari on bat izateko gauza asko ikasi behar dituzu oraindik... (Arnasa hartzen du berriro) Herioa lanean ari da hemen... Haren kiratsa airean dabil, ez duzu nabaritzen? (kameralariari zuzenduta, emakumeak ez entzuteko moduan esaten dio. Erlojua begiratzen du gero) Goazen, motel, has gaitezen lanean! Zoaz furgonetara eta zuzenean emititzekoak ekarri, konexioa egiteko dena muntatu eta adi egon. Eguerdiko albistegian sartu behar dut hau. Tira, mugi azkar!

 

(Agindutakoa betetzeko ateratzen da kameralaria).

 

AMA: Baina, baina... aizue, zer egiten duzue hemen? Nork eman dizue baimena? (Barruan ez dituen indarrak atereaz)

ALABA: Ama...

KAZETARIA: Lasai, emakumea, zuek laguntzera etorri gara hona, mundu guztian ikus dezaten hemen gertatzen dena. (Hizkuntzagatik ulertuko ez duelakoan edo, mantso-mantso hitz egiten dio emakumeari, ongi ahoskatuz, keinu eta esku mugimendu nabarmenez lagunduta) Ulertzen duzu?

AMA: Ederki ezagutzen dut zuen “mundu guztia”, eta ez dut itsu horien aurrean inongo ikuskizunik egin nahi. Alde hemendik! (Amorruz)

KAZETARIA: Gaixo zaude, emakumea, eta laguntza behar duzue (Esaten duenaz sinestuta seguruenik, inongo tolesik gabe hitz egiten dio emakumeari).

ALABA: Ama, zer gertatzen da?...

AMA: (Burua jiratu eta neskatoa ikustean apaldu egiten zaio amorrua) Bai... botikak behar ditugu... (Azkar pentsatuz) Botikak ematen badizkidazue nahi duzuena egiteko utziko dizuet.

 

(kameralaria sartzen da, kaxa eta aparailuz kargatuta. Lurrean uzten du tresneria guztia).

 

KAZETARIA: (emakumeak hizkuntza ongi menderatu arren, kazetariak aurreko hizkera mantsoa mantenduko du uneoro emakumearekin hitz egiten duenean) Zoritxarrez, gu kazetariak gara, emakumea, eta ez dugu gainean botikarik eramaten. Ikusten? (Lurrean utzitako kaxa batzuk ireki eta erakusten dio, material teknikoa besterik ez dago han) Gure lanerako behar dugun tresneria da hau, baina botikarik ez daukagu. Guk hitza eta irudiekin borrokatzen dugu gauzak hobetu eta zuek botikak edukitzeko.

AMA: Ja! Hitza eta irudiak! (Irri izpirik ez ezpainetan, zorrotz esan du) Eta orain estanpatxo polit bat emango didazu, ezta? Otoitz bat alde batean eta Kristo, gurutze batetik zintzilika, bestean, ezta? Nirea baino min handiagoa sufritzen, gizajoa, ea horrela nire sufrimendu txiki honetaz lotsatu eta gutxiago kexatzen naizen... Estanpatxoak! Horiek besterik ez dira zuen hitz eta irudiak! Ba, jakin nahi ez baduzue ere, sufrimenduetan hasiberri bat baino ez zen zuen Kristo hori!...

KAZETARIA: Zuk ez duzu ulertzen, andrea... (emakumearengana hurbiltzen da adeitsu)

AMA: Zuk irakatsi orduan, mesedez! Baina orain bai, mantso-mantso hitz egin, ulertzeko beharko dut eta! (Ahal duen tonu desafiatzaileenean egiten dio aurre, gorputz osoa dardaraz, amorruagatik, eta ahuldadeagatik) Hitza eta irudiak! Hara berria, eta estanpatxoaren trikimailua! ...Akats bakarra dago, gizona: botika hori aspaldian probatuta daukagu lur hauetan, eta ederki dakigu ez duela ezer sendatzen.

KAZETARIA: Lasaitu zaitez, emakumea, oso gaixorik zaude eta (Besoetatik helduz, laztan samur bat egiten dio kopetan lasaitzeko asmoz).

AMA: Hitzaren eta borondateen jabeak zarete zuek, kazetariak, bai, aspaldiko apaizak bezala. Lehen sotana eta orain petoa, hori da diferentzia bakarra. (Alde egiteko keinua egiten du baina indarra falta zaio. kazetariak lagunduta aulkian esertzen da, arnasestuka. Kameralariak txarrotik ura hartu eta eskaintzen dio emakumeari, baita neskatoari ere).

KAZETARIA: Lasai, emakumea, lasai zaitez (Samurtasunez)... Gainera ni ez naiz sinestuna. (Erlojua begiratzen du) Aitaren! Berandu gabiltza! Azkar, prestatu konexioa edo ez gara eguerdiko albistegian sartuko.

 

(Kaxetan gordetako tresneria atera eta muntatu egiten dute bien artean, bateriak, kableak, irudiak emititzeko ekipo eta antenak...).

 

KAMERALARIA: Eta monitorea? Non jarriko dut?

KAZETARIA: (Lekua aztertu ondoren) Hor... jarri hor. (Kasualitatez, ikusleek ondo ikusteko leku on bat aukeratu du. Agindutakoa bete eta bertan jartzen du kameralariak) Ondo, oso ondo... Listo, ezta?

KAMERALARIA: Bai, hemengoa bai... Furgonetan konektatzea falta da bakarrik ...eta probatu gero.

KAZETARIA: Mugi, ba! Edo ez gara “prime-time”ean sartuko!

 

(Kable sorta bat hartu eta ateratzen da kameralaria, konexioa egitera. Bitartean, bere kamainatik, egin duten instalazioari begira dago neskatoa).

 

ALABA: Ama, begira, satelitea! (Instalazioa seinalatuz) Handia izan behar du honek gainera! (Harriduraz begiratzen du) Lasai, ama, helikopteroak etorriko dira agian botikak ekartzera. (Ama lasaitu nahian agian, edo ume baten xalotasunaz, auskalo. Aulkian eserita, amak ez du keinurik egiten)

KAMERALARIA: (Kanpotik) Dena listo hemen. Badoa konexioa... (Esan eta izan, eguerdiko albistegiko esataria ikusten dugu monitorean, eguneko albiste eta erreportaje zerrenda aurkezten) Zer moduz jasotzen da seinalea?

KAZETARIA: (Ozenki eta monitoreari begira) Jaso, bai, jaso egiten da, baina ez al da hau hobetzerik?

KAMERALARIA: Itxoin. (Isilune bat, botoiren bat sakatu eta larako bat sartu edo ateratzeko nahikoa) Ea orain...

 

(Magia kontua izango da, edo sateliteen sorginkeriaren bat, batek daki, baina agertokiko atzeko paretaren gainean proiektatuak ikusten ditugu orain monitoreko irudiak)

 

KAZETARIA: Primeran! Zorionak! ...Zatoz ba, hartu kamera eta prest egon.

KAMERALARIA: (kameralaria sartu eta kamera hartzen du lepoan) Zuzenean sartzeko prest egoteko abisatu didate.

KAZETARIA: Oso ongi. (Mikrofono bat hartu eta aulkian eserita dagoen emakumearengana hurbiltzen da. Bitartean eguneko albisteak ari dira bata bestearen ondoren). Entzun, emakumea, pobreziak bultzatuta, hemengo jende talde batek eragindako izugarrizko leherketa bat gertatu dela oliobidean jakin izan dugu, eta horren berri ematera etorri gara hona. (Betiko modu adeitsu eta mantsoan hitz eginez) Badakigu hildako dezente eta zauritu asko egon direla, baina hara bertaratu garenean militarrek hartuta zegoen dena eta ez digute irudirik hartzen utzi, ulertzen? (Baietz egiten du emakumeak buruarekin) Oso ongi, emakumea... (Bere ondoan makurtuta, burua laztantzen dio lasaitzeko) Begira, guk hemengo egoeraren berri zabaldu nahi dugu mundura, baina horretarako zure laguntza behar dugu denuntzia egin ahal izateko, ulertzen? Zure testigantza behar dugu mundu guztiak jakin dezan... (Isilik emakumea) Etxola honetan bizi den emakumea leherketaren lekuan ikusi dutela esan digute kalean... (Estatua bailitzan, emakumeak ez du inongo keinurik egiten) Lasai, ez du hori inork jakin behar, ez gaude hemen zu salatzeko... Baina hitz batzuk behar ditugu zuei lagundu ahal izateko, hitz batzuk mesedez... (Samurtasunez eskatzen dio, hatz puntekin masailean laztantzen dion bitartean) Edo... begira, oso nekatuta bazaude eta hala nahiago baduzu, zuk ez duzu ezer esan beharko... nik esango dut zure partez...

 

(Aurpegia urrutiratzen dio emakumeak, gizonaren laztana saihesteko edo. Airean geratzen da kazetariaren eskua, eta bertan mantentzen da momentu batez, nora hegan ez dakien txoritxoaren moduan. Emakumearen zauritutako izterraren gainean pausatzen du azkenean leun-leunki).

 

AMA: Aiii!!... (Minak kuzkurtuta, garrasi lazgarri bat entzuten da).

ALABA: Ama!! (Kamainatik salto egin nahi duela dirudi. Indarrik ez dauka, ordea, eta ertzean eserita geratzen da) Zer duzu ama?...

 

(kazetariak burua altxatzeko laguntzen dio emakumeari, min bizi eta gaizto baten haginkada nabaria du honek aurpegian. Ez du negarrik egiten, hala ere).

 

KAZETARIA: Zer duzu emakume?

 

(Izterrean zer daukan ikusteko soinekoa jasotzen du kazetariak, astiro-astiro, mina ez egitearren. Ez jasotzeko keinua egiten dio emakumeak, eta besoarekin bultza gizona apartatzeko. Indarrik ez du baina, gajoak. Zornea dariola, zauria agerian geratzen da. neskatoak den-dena ikusten du).

 

ALABA: Ama!! (Negarrez hasten da neskatoa, amarengana hurbildu nahi eta ezinean).

KAZETARIA: Zornea... (kameralariari) Ikusten? Usaindu egiten zela esan dizut... Airean zegoen usain gaizto hori...

KAMERALARIA: Zer egingo dugu?

KAZETARIA: ...Hartu kamera eta adi konexioari.

 

(Holaxe egiten dute, kamera eta mikrofonoa hartu eta probak egiten dituzte. Monitorean, albistegiko esatariak hurrengo konexioaren aurkezpena egiten du).

 

TELEBISTAKO ESATARIA: ...Eta orain, azken orduko albiste bat dakarkizuegu. Eguerdiko albistegi honen hasieran informatu dizuegunez, izugarrizko leherketa gertatu da gaur Afrika aldean. Dirudienez, hango petrolio hobietatik iparralderantz doan oliobide batean gertatu omen da ezbeharra, bertako jende multzo batek oliobidea zulatu eta petrolioa lapurtzen saiatu denean. Azken berrien arabera hamazazpi hildako gertatu dira gutxienez, eta zauritu ugari, eztandaren ondorioz... (Barruko lineatik pasatzen diote abisua esatariari). Bai... bai... ederki... Oraintxe bertan kontroletik esaten didatenez, ia denboraz kanpo bagaude ere, handik iristen diren lehenengo irudiak jasotzeko egoeran gaudela momentu honetan, zuzen zuzenean, gure korrespontsalaren bitartez... Bai? Aurrera ba, lagunak, konta iezaguzue, mesedez, zer gertatu den eta zein den hango egoera momentu honetan.

 

(kameralariak grabatuta, kazetariaren lehen planoa agertzen da irudietan, mikrofonoa eskuan duela).

 

KAZETARIA: Bai? Ondo iristen da seinalea? (Distantzia dela eta, konexioaren zehar bizpahiru segundoetako atzerapen txiki bat dago mezua bidaltzen denetik jaso arte. kazetariak hitz egiten duenean nabaritzen dugu hau bereziki, zuzeneko eta monitorean agertzen denaren artean atzerapen txiki bat dago eta).

TELEBISTAKO ESATARIA: Bai, bai, problemarik gabe, aurrera.

KAZETARIA: Bai, lagunak, halaxe da, hemen gaude, leherketa gertatu den lekutik oso gertu dagoen auzo batean. Ezer baino lehen, eztanda gertatu den oliobidean bertan egoten saiatu arren, guztiz ezinezkoa gertatu zaigula esan behar dizuegu. Eginahalak eta bi egin ditugu, baina denak alferrik, hemengo gobernuko poliziak ez baitigu utzi bertara hurbiltzen segurtasun arrazoiak, ustel arrazoiak gure ustez, direla medio. Leherketari dagokionez, eraso terroristaren aukera baztertzen ez bada ere, istripuarena da hemen indar handiena hartzen duen susmoa. Dirudienez, zuek aurreratu duzuen bezala, gaueko iluntasuna aprobetxatuz, lagun mordo bat hurbildu da oliobidera, azpiegitura hori zulatu eta petrolioa lapurtzeko asmoz. Horretan zeudela, eta ezagutzen ez diren arrazoiengatik, txinpartaren bat edo agian, oliobideak sua hartu eta eztanda egin du egunsenti aldera, sekulako sarraskia probokatuz. Kaltetuen kopuruari dagokionez, hemen, iturri ofizialetan, eta hori azpimarratu behar da, ofizialak direla, hemen aipatzen den kopurua hemeretzi hildakorena da dagoeneko, baina ez ahaztu kopuru askoz handiagoak maneiatzen direla beste iturri batzuetan. Dena dela, eta aurrekoa izugarria izanik, beldurgarriena momentu honetan zaurituen kopurua izan daiteke, kalkulatzeko zaila, benetan, ze, hauetako asko eta asko ospitalera joan beharrean ezkutatu egin baitira, poliziaren atzaparretan ez erortzearren. Hau da, hain zuzen, gure ondoan dagoen emakume honen kasua (kazetaria alboan utzi eta emakumearengana zuzentzen da kamera. emakumearen aurpegi minduaren lehen plano bat ikusten da monitorean. Monitorean, eta atzeko paretaren gaineko proiekzioan, jakina. Negarrez dagoen neskatoaren irudia hartzen du gero) Denbora badago galderaren bat egingo genioke, posible al da?

TELEBISTAKO ESATARIA: (Off-ean) Bai, bai, aurrera.

 

(Kamera jaitsi eta kazetariaren eskua ikusten da emakumearen soinekoa jasotzen zauria erakusteko. Lehen planoan agertzen da zauria irudietan).

 

KAZETARIA: (Mantso hitz eginez) Aizu, emakumea, esplikatuko al zeniguke zer gertatu den? Nola gertatu zaizu zauri hau?

 

(Isilik geratzen da emakumea. Kamerak haren aurpegi hermetikoa erakusten du, eta zauria gero)

 

KAZETARIA: Ikusten duzuenez, lagunak, shockaren menpe dago oraindik gajoa...

TELEBISTAKO ESATARIA: (kazetariaren jarduna etenaz) Bai, barkatu, baina galdera bat egin nahi dizugu hemendik. Eta zera da, zuk lurralde horietan korrespontsal lana eginez bizpahiru urte pasa ondoren, eta horrek ematen dizun ezagutza kontutan hartuta, esaguzu, nola da posible, gauden xxi. mende honetan, horrelakoak gertatzea?

KAZETARIA: (Monitorean agertzen da) Bai, hala da, galdera bera egiten diogu denok gure buruari, ezta?, ea nola den posible gu biok milaka kilometroetara bananduta egon arren hemen hizketan egotea, eta, aldi berean, horrelako... ez dakit nola esan, holako egoera tamalgarriak gertatzea (Lozorro batetik irtengo balitz bezala, gizonarengana bueltatzen du begirada emakumeak) Are gehiago hau bezalako herrialde aberats batez hitz egiten badugu, ze, eta ez dugu hori ahaztu behar, petrolio hodiak aparte, ugariak dira herri honek dituen baliabideak, hor daude kobre eta beste mineraletako meategiak adibidez, edota kafe-sail handiak, aberastasun horietako batzuk aipatzearren...

AMA: (Indarrak bildu eta zutik jarri da emakumea eta, kazetariaren mikrofonora hurbilduz, eten egiten dio. Ohitura faltagatik edo, kamerari begiratu beharrean publikoari begiratzen dio) Hori... kafearena adibidez... noizbait pentsatu al duzue zuek hartzen dituzuen kafez betetako poltsatxo horiexek aire tropikalaz beteta egongo balira zuentzako kostua ia-ia berdina izango zela? Bai... pentsatu al duzue noizbait horretaz? (Eta loro bat bailitzan, monitoreak dena errepikatzen du bizpahiru segundotako atzerapenaz).

KAZETARIA: (emakumearengandik mikrofonoa apur bat apartatu eta horren erabilera errekuperatzen du, fintasunez, ezer gertatu ez balitz bezala) Dudarik gabe egoera honen eragile nagusietako bat, eta diagnostiko honetan ganorako analista politiko guztiak bat datoz, lurralde hauetako gobernu ustelduek aurrera daramatzaten politikak lirateke garapenaren oztopo nagusia. Dakizuenez, ustelkeria guztiz zabaldua dago hemengo administrazioaren arlo guztietan, eta izugarrizko traba suposatzen du horrek. Ustelkeria horren adibidetako bat, bat bakarrik aipatzearren, kanpotik jasotzen diren laguntzekin zer gertatzen den besterik ez dugu ikusi behar, bidean nola galtzen diren, alegia... Lehengaien ustiaketa eta banaketan gertatzen diren soborno edo azpi-ordainketak ahaztu gabe...

AMA: (Aurrekoan bezala, mikrofonora hurbildu eta eteten du) Hori... ustelkeriarena adibidez... (Interferentziak sortzen dira monitorean, irudia txartu eta soinua galdu egiten da) Ustelak egoteko, usteltzaileak ere beharko dute, ez duzue uste? Hau da, politiko batzuk diru zikinak poltsikoratzeko, diru zikineko ordainketak egiten dituztenak ere egon beharko dute, ezta?... Umekerietan ez ibili, mesedez! Txotxongiloaren hariak ikusten ez badira ere, badaude eszenatokiaren atzeko aldean hari horiek mugitzen dituzten eskuak... Esku zuriak, hain zuzen! Zuen enpresa eta kapitalenak, zuen banku eta espekulatzaileenak. Zuek zarete usteltzaileak eta zuek ustelkeriari ateratzen dizkiozuen etekin handienak! ...Horixe da egia bakarra: benetako errealitatea eszenatokitik kanpo dago beti... eta hau ez dakienak ezer ez daki... edo ez du jakin nahi.

TELEBISTAKO ESATARIA: Barkatu, lagunak... (Irudia errekuperatzen da monitorean, baita soinua ere) Barkatu... baina konpondu ezinezko interferentziak ditugu eta eten egin behar dugu zuekin mantendu dugun konexio hau. Eskerrik asko lagunak, gure denbora gainditua dugu gainera, eta, honenbestez, amaiera eman behar dugu gure albistegiari... (Ikus-entzuleei oraingoan) Baina, bukatu baino lehen, ez ahaztu: tarte bat eskaini iragarkiei, eta berehala jarraituko dugu gure gaurko programazio bereziarekin. Ze, dakizuenez, egun berezia da gaur guretzat. Prest ditugu dagoeneko gure lankideak, bai hemen estudioetan eta bai gure Solidaritateren Gala egingo den aretoan, gure Telemaratoiari hasiera emateko. Ekitaldi hau luzatuko den hamabi ordu luzeetan zehar mota guztietako ikuskizun eta sorpresak izango dituzue; baina, batez ere, eta hori da azken finean gure helburua, munduan zehar egoera larrienetan daudenei elkartasun mezu bat bidaltzeko aukera eskainiko dizuegu zuen deiak eta dirulaguntzak jasotzeko prestatu ditugun telefonoen bidez. Ez alde egin! Jende asko dago zure laguntzaren zain! (Amaierako kareta sartu eta iragarkiak hasten dira, Repsol enpresarena izan daiteke lehenengoa adibidez).

KAZETARIA: Moztu! (Mikrofonoa jaso eta kameralariari aginduz) Tira, bukatu da gure lana hemen. Jaso monitorea eta traste guztiak eta sartu furgonetan.

 

(Hala egiten dute bien artean, erabilitako tresneria bere kaxa eta zorroetan gordetzen dute berriro. Bitartean, ezer esan gabe, aulkian esertzen da berriro emakumea. Burua makurtu eta eskuen artean ezkutatzen du. Negar egingo duela pentsa daiteke, baina ez, lehorra dago iturria aspaldian. Isilik geratzen da. kameralariak fardel batzuk gainean hartu eta furgonetara eramaten ditu).

 

AMA: Arren... (Burua altxa eta erreguz) Botikak behar ditugu...

KAZETARIA: (Monitorea bere zorroan gordetzen duen bitartean) Sentitzen dut, emakumea, baina guk ez dauzkagu zuek behar dituzuen botikak. Larrialditarako botikina besterik ez daramagu furgonetan...

 

(kameralaria sartu eta geratzen ziren kaxak bien artean ateratzen dituzte. Bakarrik gelditzen dira emakumea eta neskatoa. Kanpoan, furgonetaren motorraren zarata entzuten dugu martxan jartzen denean. Furgonetaren ate baten danbatekoa entzuten da gero, ez bigarrena. kazetaria sartzen da berriro, poltsatxo bat dakar eskuan).

 

KAZETARIA: Hartu botika hauek, emakumea, daukagun guztia da... Zauriak desinfektatzeko eta benda batzuk, eta analgesikoren bat... on egingo dizue minaren kontra. Tira, eguzki-erreduren kontrako pomada batzuk baditugu, baina ez dut uste... (Poltsatxoa luzatzen dio, emakumeak, ordea, ez du hartzeko keinurik egiten. Haren oinetara uzten du orduan) Guk alde egin behar dugu orain, baina zin egiten dizut bueltatuko garela laguntza ekartzera. (Ateratzen da. Furgoneta nola urruntzen den entzuten dugu gero. Etxolan, kazetariak utzitakoa hartu eta aztertu egiten du emakumeak).

AMA: Bendak... (Gogogabetasun keinu bat egin, eta albo batera botatzen du paketea gero) Betadine... (Begiratu, eta bota egiten du hau ere) Nolotil... (Gogogabetasuna berriro, eskuetan gordetzen du, hala ere. Gero, makilak lagunduta, zutik jartzen da. Txarrora joan, ura hartu, eta bi pastilla ahoratzen ditu; gero, neskatoarengana hurbildu eta beste bi ematen dizkio) Hartu, maitea, mina sendatuko dizu honek.

 

(Etzan egiten da gero kamainan, neskatoaren ondoan. Isilik geratzen dira biak).

 

ALABA: Ama...

AMA: Zer?... (Nekea nabaritzen zaio ahotsean)

ALABA: Ama, ispiluren bat al daukagu?

AMA: Bai, badakizu baietz...

ALABA: Ekarriko didazu, mesedez?

AMA: Zertarako behar duzu ispilu bat?

ALABA: Ez... zera... ea benetan munstro bat naizela jakin nahi dut.

AMA: Munstro bat?... Nondik atera duzu hori?

ALABA: Ez... hor, irudietan ikusi dut nire burua... eta munstro batena iruditu zait, begiak irtenda eta itsusi-itsusia...

AMA: Telebistan ez da benetako errealitatea agertzen, maitea.

ALABA: Eta ispiluetan?

AMA: Ispiluetan? Ispiluetan azalekoa bakarrik... Baina ez izan beldur, ez zara munstro bat.

ALABA: Ez dakit ba... (Isilik geratzen da momentu batez, hausnarketan edo. Galdezka hasten du berriro baina) Eta, munstroen etxeetan, ispilurik izango dutela uste al duzu, ama?

AMA: Nola izango dute ba? Munstroek ez dute bere burua ikusi nahi...

ALABA: Eskerrak orduan...

AMA: Zergatik esaten duzu hori?

ALABA: Bai, gurean ispilu bat badaukagunez, ba orduan ez gara munstro batzuk izango. (Isilik geratzen da. Zerbait esan nahi duela dirudi baina ez du asmatzen) Ama... zera... (Zalantzati. Zer gertatzen zaio aktoresari? Bere paperean esan behar zuena ahaztu zaio agian? Hala dirudi) Zera... (Ez du asmatzen. Kamainan bueltatu eta, publikoari bizkarra emanda, disimuluz, kamainaren azpikoetan zer edo zer bilatzen ari dela ematen du. Zer da entzuten den hots hori? Paper-hotsak al dira? Koaderno baten orriak pasatzean sortzen diren hotsak? Bere papera ahaztu eta gidoiari begira ari da? Ezin ziurtatu baina hala ematen du, berak ezkutatzen saiatu arren, publikoak koaderno zuri antzeko bat erdi ikusi ahal izan du instant batez. Gidoia izan daiteke. Bat-batean, koadernoa itxi eta azkar-azkar ezkutatzen du berriro, lehenengora bueltatzeko. Ezer gertatu ez balitz bezala, zalantza izpirik ez ahotsean, bere paperean jarraitzen du). Ama, ispilurik ez badute, zer daukate, ba, munstroek bere burua ezagutzeko?

AMA: Munstroak ez du bere burua munstrotzat hartzen...

ALABA: Orduan?

AMA: Bere burua edertzeko telebista daukate jarrita etxeko toki printzipalean, berak ezkutatzen die errealitatea. “Telebista, telebista, esaguzu, zeintzuk dira hemen etikoenak?”, galdetzen diote munstroek. “Bai, zuek, zuek zarete ederrenak. Nor, ba, bestela?”, erantzuten die pantailak, eta pozik geratzen dira, eta beregan uzten dute bere konfiantza osoa...

            Pentsa, ene maitea, eguraldiaren berri jakiteko ere, leihotik begiratu beharrean, telebistara begiratzen dute... atera kontuak hortik. (Arnasa hartu behar du jarraitu baino lehen) Baina oso nekatuta nago, laztana, indarrik gabe, eta ezin dut orain ispilua ekarri. Deskantsatu egin behar dut orain, laztana... deskantsu luze bat behar dut.

ALABA: Ez du axola, ama, ez du axola. (amaren kontra estutzen du bere burua) Egin ezazu lo orain, ama, lo lasai bat... eta eskerrik asko egin duzun guztiarengatik.

 

(neskatoa amaren bularraren gainean burua jarrita, lotan geratzen dira biak, ama eta alaba. Deskantsua ez eragozteko, argiak itzaltzen dira).