Armiarmategian (isil-mihisilka)
Pablo Barrio
Armiarmategian (isil-mihisilka)
Pablo Barrio
Artezblai, 2009
Armiarmategian (isil-mihisilka)
Pablo Barrio
Artezblai, 2009
[aurkibidea]

Aurkibidea

Hitzaurrea

1

3

4

5

Aurkibidea

Hitzaurrea

1

3

4

5

 

—2—

 

ALPONTXO: Xinaurria lotzen da goizetik lanari...

 

alpontxo masaiatuta, bazterrean, armiarmek heltzen diote kontakizunaren hariari.

 

2. ARMIARMA: (Rosalitoren plantan) Eta gaua iristen denerako ez du ez gogorik ez nahirik.

 

1. ARMIARMA: Ondoko belarriluzeek ez zuten Rosalito lotsarazten.

            Aurrezki kutxako ilaran zein auzoko betiko kafetegian

            ahots bete hots egiten zuen aldarri emakumeak:

            izarapeko kontuak mintzagai.

 

2. ARMIARMA: Lana du ni baino maiteago senarrak.

 

1. ARMIARMA: Jakinaren gainean

            auzoko guztiak zeuden:

            egunondoko menajeak egiten zituztela gauero

            Rosalitok

            lanak

            eta Alpontxok, senarrak.

            Hiru maitale eta inor ez bero.

 

2. ARMIARMA: Lana beti tartean! Ez dakit zurekin edo zure lanarekin ezkondu ote nintzen

            horixe dut korapilo.

 

ALPONTXO: Baina, Rosalito

            ez dira lanarekin txantxetan ibiltzeko garaiak.

 

1. ARMIARMA: Eta

            zuhumingaka

            indarrak biltzeari ekiten zion

            hurrengo egunean lanaldira modu onean agertze aldera.

 

            Halakoxea zen bera.

 

ALPONTXO: Ea betidanik ezagutzen nuen Alpontxo?

            Hori galdera xelebrea!

            Neu naiz Alpontxo!

 

            Baina, tira

            azkenerako

            inork ez du inor ezagutzen, ezta?

            Ezta geure burua ere ez dugu inoiz ezagutzen.

            Ez nik neurea behintzat.

            Horrexegatik hain zuzen

            ulertzen?

            horrexegatik

            ez dakit betidanik ezagutzen nuen

            edo ez nuen ezagutzen.

 

1. ARMIARMA: Guztien laguna

            etsairik ez zuen herrian Alpontxok.

 

            Eskola utzi zuenetik lanari lotua beti.

 

ALPONTXO: Lanari lotua, bai

            beste kalterik ez nuen egin

            aukera izan nuen garaian.

 

1. ARMIARMA: Ez zaharra oraindik

            sendoa zuen soina

            lerdentsua eskeletoa.

 

2. ARMIARMA: Uso izandako irria baina

            ezpainetatik hegan eginda

            lausotua zitzaion azkenean:

            obsoletotzat zeukan bere burua.

 

ALPONTXO: Damu naiz orain.

 

1. ARMIARMA: Hasiera batean, hariak tindatzeko makina izan

            zuen ardura Ehundegian.

            Lanean hasi berria zela ekarri zuten

            modernoena garai hartan.

 

2. ARMIARMA: Lotsagorritu gabe, hari atera zitzaizkion kolore

            guztiak urte askotan.

 

ALPONTXO: Ikusten? Hauxe duzu nire lorategia.

 

1. ARMIARMA: Tailerreko hondoko gelatxora solaskidea eraman

            apalategiko atea ireki...

            eta hantxe zuen sortua bere udaberria:

            hari sortatxoak izanik ere

            lore txikitxoak ematen zituzten

            bakoitza bere kutxatxoan sailkatua

            bakoitza bere datarekin

            ortzadarraren mapetako nondik bildua eta guzti.

            Infragorri eskualdekoen falta sumatzen zen bakarrik.

            Lan eskerga.

            Gustura egina.

            Lehenengo egokitze-planarekin batera, bulegoko kontu eta

            errutinara baztertu zuten arte.

 

            Bitartean

            urte horien guztien bitartean

            zimeldu egin zen Rosalito.

            Koloregabetu.

            Pixkanaka eta jelosiarik gabe, baina zimeldu egin zen

            egunero pixka bat.

 

2. ARMIARMA: Lekuren batean

            norbaitek

            lore bat mozten duenean

            bizirik dagoen pertsona bat hiltzen da beste nonbait.

            Halakoxea da Herioa

            hori du bere sekretua.

            Hori bere koartada.

            Halaxe esan zion behin Rosalitok.

 

1. ARMIARMA: Emakumearen barne idorduretan bihotz-zokor

            gogorrak zulatzen zituen etsipenaren tantatxoak?

 

2. ARMIARMA: Harizko loretxoak zerraldatzean baina, orduan zer?

            Orduan ez da ezer gertatzen, ala?

 

1. ARMIARMA: Senarrak hari sortatxo bat bere kutxatxoan bildu bakoitzean

            erbesteratua sumatzen zuen bere burua emazteak?

            Mundutik bestalderatzeko gogoren batek kolpatzen zion

            gogoa gogorren?

 

            Neguko goiz batean

            ordua baino lehen esnatu zen Alpontxo.

            Hotz esnatu ere.

            Burko gaineko hutsuneek egin zioten abisu:

            ez bata ez bestea

            ez lana ez Rosalito ez zeuden bere ondoan.

            Alde eginak ziren biak.

            Bakarrik zegoen munduan.

            Labanaz moztu eta deskorapilatua zuen bere burua azkenean

            emazteak?

            Lanagatik konpartitzen zuen ohea senarrarekin?

            Batek zekien.

            Gauza ziurrik bazegoen hala ere:

            ez zuen lanak emaztea gozatu eta lapurtu.

            Horretan badu lanak alibi:

            ez dizkio inori adarrak jartzen

            ezin da esan engainatzailea denik.

 

            Beste inorenak ez ziren arrazoiak zituen lanak alde egiteko:

            Ehundegiak

            habia itxi

            eta beste nonbaitera egina zuen hegada.

 

ALPONTXO: Merkatuaren lehiak

            —Adam Smith-en garaitik orapronobiska errepikatuta

            zera eskatzen du besteak beste:

            produkzio-faktoreak mugitzeko trabarik ez da egon behar inon.

            Horrela agintzen du Libertateak.

            Horrela etekina maximizatzeko beharrak:

            sarrera marjinala berdin kostu marjinala.

            Horretaz ezer ez dakienak

            ezer ez daki.

            Ezer ez.

            Piperrik ere ez.

 

1. ARMIARMA: Eta pozik-lasai denak hala ere.

 

ALPONTXO: Behin lana lekualdatuta

            zoaz orain deslekualdatzera.

 

2. ARMIARMA: Horrelako zer edo zer pentsatu zuen Alpontxok.

 

ALPONTXO: Zer esanik ez, nire denboraren erdia egin eta gero...

 

2. ARMIARMA: Gizonaren bizitzaren isurialde batean gertatua zen hura guztia.

 

1. ARMIARMA: Bestera igaro zen orduan

            garagardoarenera.

            Bitsa desagertutakoan hark ematen baitzion bizia.

            Ez zuen tabernatan denbora galtzen hala ere

            asteburuetan bakarrik.

            Lanegunetan

            lanegunetakoei zegokiena:

            goizean betiko moduan altxa

            eta

            etxe ondoko supermerkatura zetorren garagardo-kamioiari

            kaxa bat hartuta

            Ehundegirainoko tartea egiten zuen oinez

            errepide handiko bazterbidetik.

            Bertan eguna eman

            eta iluntze aldera itzultzen zen

            kaxa hutsik.

 

ALPONTXO: Rosalito, hemen nago...

 

2. ARMIARMA: Atea irekitzearekin batera

            horrela esaten zuen.

 

            Rosalito ez zegoen baina.

 

            Hustutako garagardoak

            negar bihurtzen zitzaizkion.

 

ALPONTXO: Bai

            lan eta lan

            beste kalterik ez nuen egin

            aukera izan nuen garaian.

 

1. ARMIARMA: Eguraldiak busti aldera egiten zuenean tailerraren

            barruan bilatzen zuen aterpe

            atetzarraren ondoan

            zeruari adi.

            Tartean-tartean

            begiak itxi

            botilatxoari apur bat kendu

            eta oraindik asmatzeke dauden kolore berriez tindatzen zituen

            euri-hariak:

            bertako estoldetan barrena lamina finik baleude

            Alpontxori esker jantziko zituzten elegante soinekorik ederrenak...

 

            Lehengo negu hura igaro

            eta udaberria etorri zen gero.

 

ALPONTXO: Askoz gehiago nahiago dut udaberria, noski.

            Loreek lotsa galtzeko garaia.

 

2. ARMIARMA: Ehundegi Zaharreko aparkalekuko karelean eseri

            eta bere baitan biltzen zen

            hurbileko zelaitxoa zelatan.

 

ALPONTXO: Ezin konparatu hemen

            lore-arteko biziera duzu hau, motel!

 

1. ARMIARMA: Bertako basaliliak

            bertako lili-bitxiak...

            Han ematen zuen denbora gehiena, egunak aurrera egin bitartean.

            Erleen inbidian?

            Baliteke.

            Baina ez dut uste.

            Lantzean behin, dena dela

            kareletik erlearena egin

            eta lorez-lore egiten zuen txango.

            Lurrean etzan

            eta txutxu-mutxuka hasten zitzaien:

            lore-lorea bera ere ordurako

            den-dena ulertzen zuten elkar.

            Onerako...

            edo txarrerako.

            Haserretu egiten baitzen batzuetan Alpontxo.

 

ALPONTXO: Nola ez, bada?

            Jilipollas-eta-jilipollas baino ez didate esaten, bada, askotan?

            Dio! Labana atera

            eta ris-ras! egiteko agintzen dit amorruak horrelakoetan!

 

1. ARMIARMA: Hitzetik ekintzetara hatzik mugitu ez hala ere:

            behin ere ez zuen lore bat moztu

 

            Rosalitoren hitzak gogoan

            “Lekuren batean norbaitek...”

            hor nonbait baten bat hiltzeko beldurrez agian?

            Rosalito bera klak! egiteko beldurrez, esate baterako?

            Eta norbera bada klakatzen dena?

            Kasuren bat ez da faltako, ezta?

            Moztu

            eta, aka!

            bertan hotz.

            Zurrumurrua behintzat herrian zabaldu zen, ez pentsa.

            Aste eta erdi-edo faltako zen Sanjoanetarako.

            Garagardo-banatzaileak eman zuen abisu.

 

2. ARMIARMA: Gaur ez da agertu.

 

1. ARMIARMA: Bat etorri ziren harekin errepide nagusiko gasolindegiko morroiak.

            Ezetz

            ez zutela ikusi

            ez handik pasatzen

            ez eta errepidearen bestaldeko Ehundegi Zaharreko inguruetan, beste askotan bezala.

            Eta gauza bera hurrengo eta hurrengo egunetan.

            Udaltzain bi

            aritu ziren arrastoren bila ofizioz.

            Haien bueltan

            “eualdi eerra”-ren aitzakian

            erretiratu endredatzaile andana asper-bizioz.

            Han eta hemen miaka koadrila osoa.

            Paseo ugari bai

            alferrikako lana ere bai.

            Aparkalekuko karelean eseri eta kearena egina zuen nonbait

            Alpontxok:

            bere baitan

            kiribildu kiribildu kiribildu

            eta

            konturatzerako

            erotu eta bere burua galdu egingo zuela gizajoak.

            Sinetsi ez arren, horrela idatzi zuten

            kiribildu kiribildu kiribildu

            hitzez hitz

            argiketa orriko laukitxoan.

 

            Handik aurrera

            oroitzapenik eza.

            Horixe hain zuzen

            ahazteko ahalmena ekarri zuen mundura denborak

            bizitza errazte aldera:

            urteak etorri urteak ez joan

            —egutegiak ez du gezurrik esaten horretan—

            oso noizean behin baino ez zen aitatzen Alpontxoren izena

            jendearen solasaldietan.

 

2. ARMIARMA: “Emigratu egingo zuen”

            “Bai, hilerri batera-edo”

            “Edo hilauzo batera, aizu, batek daki”

            “Pena

            txar partetik ez zuen gauza handirik hark...”

 

1. ARMIARMA: Ez herrian bertan

            gasolindegian gertatu zen berpizkundea.

 

            Oinez itzuli zen mundura

            bide-bazterretik etorrita

            katu erdiaren pausoan

            eskerrak makila bat zuela biderako laguntza.

            Ilunabarra sartua

            gasolindegiko errotuluetako argiak piztuak ziren jadanik.

            Motxila zahar bat lepotik zintzilik

            poltsa pare bat eskuan

            hura ikusi eta zerura sekulan ez zuela egingo egin zitekeen

            apustu:

            semetzat hartuko zuen jainkorik ez da oraindik sortu.

 

            Gasolindegira hurbildu

            eta handik alde egiteko esan zioten bertako morroiek.

            Ez zuten ezagutu.

            Alpontxo ez zen harritu.

 

ALPONTXO: Motiborik al dago?

            Oso berriztaberriztaberriztagarria den hornidura duzue hori

            morroiarena, alegia.

            Ondo asko hartzen dut nik gainera, ez pentsa

            jende gehiago ezagutzen da horrela!

 

2. ARMIARMA: Ezpainetan halako irrio lauso-bihurri-imio

            batez esan zuen.

            Garagardoa?

            Txantxarako joera emai azkenean?

 

ALPONTXO: Aizue, ze kristo eta ze kristo ondoko!

            Ni?

            Aurreraezbidean aurrena, ulertzen?

 

1. ARMIARMA: Ingurumariari begira egin zion bere buruari harrera.

            Herrimina?

            Erritu?

            Tira, ez dago bidaiaririk horrela jokatzen ez duenik

            are gehiago egindako bidaia etxezulora bada.

            Errepidearen bestaldera jo zuen lehen-lehenik

            han

            ez oso urruti

            Ehundegi izandako eraikinaren aldera.

            Ea zutik ote zegoen.

            Ea

            zoritzarrean

            zeinek daki

            drakula edo deabru berriren batek hartua zuen bertan ostatu

            berriro.

            Ea...

 

            Sufre usainik ez al zegoen airean?...

 

            Pabiloi zaharren arrastorik ez zuen kausitu.

 

ALPONTXO: Baliteke begiko gaizto batek mendean hartu lekua

            eta mundua

            hor

            bertan behera

            amildu?

 

1. ARMIARMA: Amildu edo ez amildu

            ilun zegoen erantzuteko.

            Eta

            errepidetik pasatzen ziren ibilgailuen argiek

            hain azkar

            hain bizkor

            hain iheskor

            ez zioten gauza handirik argitu.

            Atzera egin zuen badaezpada.

            Bazegoen gainera gauza gehiago ikusterik.

            Gauza berririk esan nahi da

            hantxe bertan

            gasolindegiaren ondo-ondoan.

            Klub bat.

            Neoizko argi gorri-arrosek hogeita lau orduak dir-dir

            dir-dir

            dir-dir...

            Kanpotik heldutako haragiak erabiltzen ziren bertan

            haragiak har...agirigabeak gehienak.

 

ALPONTXO: Hobe horrela

            merkataritza aske-askea:

            kontratua ez da errenta.

            Garai bateko jornalariek

            herriko plazan goizero-goizero ikasitako gaia

            berriro indarrean.

            Etorkizunaren eredu.

            Libertate puta hori.

 

1. ARMIARMA: Motxila eta poltsak farola baten orpoan utzita

            hara abiatu zen Alpontxo.

 

ALPONTXO: Iturritxo goxoren bat ez da faltako hor, ezta?

 

1. ARMIARMA: Falta edo ez falta

            ez zuen berak handik edango.

            Merkataritza arloko arrazoiak tartean zirela

            —errepide bazterreko negozioa zenez

            ibilgailuz jantzita egin behar zuen bertarainoko bidea bezeroak:

            hautsez kargatutako espartin zarpailez ez omen zuen berdin

            balio—

            atetik sartu

            eta arropak astindu nahikoa hartuta bota zuen kalera

            bertako kontramaisuak.

 

ALPONTXO: Arraio demonio!

            Garagardo kontutan ni baino bezero grinatsuagorik gutxi, e!

 

1. ARMIARMA: Hautsa gainetik kendu

            piura konpondu

            eta...

            demonio arraio

            sufre usaina ezin zuen aldendu!

 

2. ARMIARMA: (Sherezaderen plantan) Zatoz hona, zangar hori

            astindu gozoa eman behar baitizut nik.

            Merke-merke gainera.

 

1. ARMIARMA: Sufre...

            ala deabru-heste-barruko perfumea?

            Ai ene

            zer zen hura?!

            Zein zen hura?!

            Infernutik bertatik azaldutako aingeru eroria?

            Ilun-itzalpean zegoen aldetik agertua zen behintzat.

 

            Beste motako astinaldi batek iraulia zuen gizonaren barrena ordea.

 

ALPONTXO: Rosalito?

 

2. ARMIARMA: Sherezade dut grazia, gizona...

 

1. ARMIARMA: Basamortu lurraldeetatik etorria

            haren edertasuna ez zen inongo kanonetan kabitzen

            haren biribiltasun guztiak kortseetan

            justu-justu.

 

2. ARMIARMA: Zure esanetara

            ezti

            eta merke-merke.

 

1. ARMIARMA: Hain zen merke

            ezen

            diruz ordaintzekoa ez zen ia.

 

ALPONTXO: A...

            Sherezade orduan...

            Goazen.

 

1. ARMIARMA: Emakume guztiak ziren Rosalito?

            Sultan ikusi zuen bere burua lehenengo aldiz?

            Sutan desioa?

            Ez du orain axola.

            Errepidea gurutzatu eta isilean egin zuten ilunpetan barrena

            elkar sostengatuz

            bata bestearengan bermea aurkituz

            bideko zuloek eta sasiak horretara behartuta.

            Itsu-itsuan biluztu ziren

            itsuarena baitute maitaleek eredu eta inbidia:

            nork du bere esku, bestela, jostalagun berria kausitzen

            ederrena beti

            enkontru bakoitzean?

            Itsuaren imajinazioan

            biluztean

            hark jartzen dizkio amorantearen gorputzari formak eta paisaiak

            hark jartzen muino-haranak eta urmael garden bi aurpegiari

            hark kolorea ile-adatsari

            irrioari intentzioa...

            Hark.

            Begi itzalitakoaren jabeak.

 

            Modu horretan biluztu-jantzi ziren, beraz.

            Aurrez-aurre.

            Lotsak ez zuen lekurik:

            bere-bereak zituen neurrigabeko ugaritasunak barreiatu zituen

            emakumeak

            berezko eskasiak eta ezak laburbildu gizonak.

            Eta gerokoa, gero.

            Ozeanoan murgiltzen denaren moduan murgildu zen Alpontxo

            emakumearen olatuetan barrena

            kapitain hasieran

            naufrago amaitzean.

            Emakumeak, berriz

            bai operan bai bizitzan dohain askotako neskame zaildua

            berak eskobatu lur gaineko oholtza antzezpenari ekin baino

            lehen

            berak

            oioioioibanatorbanator! aiaiaiai

            kantatu azken aria...

            eta berak azkar-azkar altxa kanpamendua

            ezdebaldeko festa bukatutakoan.

 

ALPONTXO: Sherezade...

 

1. ARMIARMA: Alde egina zuen baina.

            Mila gauetako lanak

            gau bakar batean bete nahi al zituen gizonak?

            Ez du axola.

            Sultan izan edo Alpontxo izan

            gizontxo azken batean

            ez zuen emakumearen atzetik egin.

            Alderantziz.

            Nola edo hala piurak konpondu eta ilunpe aldera eraman

            zituen bere pausoak

            fabrika zaharraren aldera

            tutik ez ikusi arren

            hantxe sumatzen baitzuen eraikina.

            Sasiak hartuta zegoen aparkalekuko karela aurreratu zitzaion,

            baina, oztopo egitera

            eta hantxe gelditu zen

            zutik

            gaua baino ilunagoa zen biltegiaren siluetari so.

 

            Ez zen handik aurrera ausartzen?

            Zulo beltzaren beldur al zen?

 

ALPONTXO: Zulo beltzak?

            Lasai.

            Horrelako asko omen daude unibertsoan

            baina otzanak baino otzanagoak dituzu

            sekulan ez diote inori kalte egin.

 

1. ARMIARMA: Katu erdiak

            katu ezak baino begi ausard.Jtsuagoa dauka beti.

            Irrioa ere halakoxea.

 

ALPONTXO: Gainera

            loteriak inoiz harrapatu ez

            eta... ez naiz ni izango zulo horiek lehenengoa harrapatzen, ezta?

 

1. ARMIARMA: Mingaina burua baino azkarragoa

            alkoholaren inertziaz botako zuen galdera.

            Berehala apaldu zitzaion irrioa hala ere

            erantzuna baiezkoa izango zelakoan seguru asko.

 

ALPONTXO: “Noski

            zu lehenengoa

            nor bada bestela?”

 

1. ARMIARMA: Mantso baina

            buruak xuxurla ekarriko zion belarrira.

 

            Gauak tindua galdu nonbait

            gizonaren kopeta egin zen ilundu:

            tonuen kontserbazioaren legeak ez du salbuespenik onartzen.

 

ALPONTXO: Ez, ez da hori

            bost axola niri lehenengoa edo azkena izatea.

            Zulo nahikoa daramat nik barruan.

 

1. ARMIARMA: Isilik geratu zen une batez

            pabiloi zaharretik soa aldendu gabe.

 

ALPONTXO: Rosalito...?

 

1. ARMIARMA: Orduan...

            hori al zen kontua?

            Horregatik zen itzulia?

            Gaizki egileak

            gaizki egindako lekura egiten du beti?

            Gaizkilea dugu, beraz

            Orhiko txoria?

 

            Erabileraren erabileraz begietarako zuzeneko bidea itsututa

            negar bihurtzerik ez zeukan garagardoak barneko alanbiketik

            barrena pasatuta egin behar izan zuen kanporakoa.

            Epel eta luze bota zuen alkohola.

            Jolasean ere une batetik aurrera.

            Zipriztinaka.

            Erromako katedrala

            eta praka barrenak ere

            bedeinka

            eta berbedeinka.

 

            Horrela izan zen lehengo aldi hartan.

            Beste gau asko izan zituzten gero Sherezadek eta Alpontxok.

            Zenbat?

            Ehun?

            Mila gau?

            Gehiago.

            Hamaika.

 

ARMIARMAK: (biak batera, ezin haserreago, alpontxori gaizki begira) Eta guztietan errepikatu zuten protokolo berbera!!!

 

Ilun.