Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
[aurkibidea]

 

2

GALILEOK AURKIKUNTZA BERRI BAT
EMATEN DIO ERREPUBLIKARI

 

 

Ez da handia gizon handiak

egiten duen guztia

Eta Galileori laket zaio janaria.

Entzun ezazue orain, egonarria osoro bilduz

Egia osoa teleskopioari buruz.

 

 

 

Veneziako armategi handia portuaren ondoan. Aholkulariak DOGO-Aren agintepean. Alde batera, SAGREDO, GALILEOren laguna, eta VIRGINIA GALILEI, hamabost urtekoa, belusezko kuxin baten gainean luzeran hirurogei bat zentimetrotako narru gorrizko kutxatila daramala. Taula baten gainean, GALILEO. Bere atzean, katalejuaren oinarria, FEDERZONI lente leuntzailearen ardurapean.

 

GALILEO: Gorentasun, jaunok! Paduako zuen Unibertsitateko matematika irakasle legez eta, hemen Venezian, zuen Armategi Handiaren zuzendari legez, beti hartu dut nire betebehartzat, irakaskuntza lan gorena ez ezik, Veneziako Errepublikarentzat asmakizun erabilgarri bidez irabazi apartak lortzea. Zor dudan poztasun eta apaltasunez, guztiz tresna berria aurkeztu eta eman diezazueket gaurko egunean, nire ikuspegi luzeko anteojua, edo teleskopioa, mundu osoan ospetsua den zuen Armategi Handian egina, printzipio kristau eta zientifikorik gorenenak jarraituz sortua eta zuen zerbitzari sutsu honek hamazazpi urtetan pazientziaz eginiko ikerkuntza lanaren ondorio. (GALILEOk taula utzi eta SAGREDOren ondoan jartzen da. Txaloak. GALILEOk gur egiten du. Ahopeka, SAGREDOri) Hau denbora galtzea!

SAGREDO: (Ahopeka.) Harakinari ordaindu ahal izango diozu, lagun.

GALILEO: Bai, horrek dirua ekarriko die. (Gur egiten du berriro.)

IDAZKARIA: (Taulara igoz.) Gorentasuna, jaunok! Berriz ere osatuko da veneziar idazkiz loriaren orria Arteen Liburu Handian. (Txalo adeitsuak.) Munduan ospetsu den jakintsu batek eskainiko dizue, zuei bakarrik, merkataritzarako onura handia duen tutua, egin dezazuen eta merkatura dezazuen on deritzozuen eran. (Txalo gogorragoak.) Pentsatu duzue, agian, tresna honen bidez, guda garaian arerioaren ontzi mota eta kopurua ezagutzeko beta izango dugula, berak gureak ezagutu baino ordu bi arinago, eta horrela, bere indarra ezagutuz, jazarpena, erasoa ala ihesa erabaki dezakegula? (Txalo beroak.) Eta orain, Gorentasun, Signoria Handia, Galilei jaunak bere asmakizun den tresna hau, bere gaitasunaren lekuko hau, bere alaba xarmangarriaren eskuetatik har dezazun erregutzen dizu.

 

(Musika. VIRGINIA aurreratu egiten da, gur egiten du eta anteojua ematen dio IDAZKARIAri, honek FEDERZONIri eman diezaion. FEDERZONIri oinarriaren gainean jarri eta lotu egiten du. DOGO-A eta AHOLKULARIAK taula gainera igo eta tututik begira hasten dira.)

 

GALILEO: (Ahopeka.) Ez dizut agintzen maskarada hau jasateko gai izango naizenik. Dirua erruz emango dien zirtzileria lortu dutela uste dute hauek, baina askoz ere gehiago da. Atzo Ilargirantz zuzendu nuen tutua.

SAGREDO: Eta zer ikusi zenuen?

GALILEO: Ez duela berezko argirik.

SAGREDO: Zer?

AHOLKULARIA: Santa Rositako gotorlekuak ikus ditzaket, Galilei jauna... Itsasontzi horretan jaten ari dira. Arrain errea. Jangura egin zait.

GALILEO: Benetan esaten dizut. Astronomiak ez du milaka urtetan aurrera egin anteojurik ez zuelako.

AHOLKULARIA: Galilei jauna!

SAGREDO: Hitz egiten ari zaizkizu.

AHOLKULARIA: Tramankulu honekin ondoegi ikusten da. Etxeko emakumeei esan behar diet bukatu dela terrazan bainua hartzeko ohitura hori.

GALILEO: Badakizu zerez osatzen den Esne Bidea?

SAGREDO: Ez.

GALILEO: Hik badakit.

AHOLKULARIA: Holako batengatik hamar ezkutu eska daitezke, Galilei jauna.

 

(GALILEOk gur egiten du.)

 

VIRGINIA: (LUDOVICO ekartzen du bere AITArengana.) Ludovicok zoriondu nahi zaitu, aita.

LUDOVICO: (Nahasturik.) Zorionak, jauna.

GALILEO: Hobetu egin dut.

LUDOVICO: Bai jauna. kutxatila gorria jarri diozu. Holandan berdea zen.

GALILEO: (SAGREDOganantz itzuliz.) Tramankulu honekin harako teoria jakin bat ez ote daitekeen froga pentsatzen ari naiz.

SAGREDO: Euts iezaiozu.

IDAZKARIA: Zure 500 ezkutuak gauza erabakia da, Galilei.

GALILEO: (Kasurik egin gabe.) Berez, ez naiz fidatzen arinegi ateratako edozein ondorioz.

 

(DOGO-A, gizon lodi eta apala, GALILEOrengana hurbildu eta hitz egiten saiatzen da, duintasun traketsaz.)

 

IDAZKARIA: Galilei jauna, Berorren Gorentasuna, Dogo-a.

 

(DOGOAk GALILEOren eskua estutzen du.)

 

GALILEO: Egia da, bostehun ezkutuak! Pozik dago, Gorentasun?

DOGOA: Zoritxarrez, Errepublikan aitzakia bat behar izaten dugu beti gure zinegotzientzat, gure jakintsuei nolabait ordaindu ahal izateko.

IDAZKARIA: Beste alde batetik, non egongo litzateke, bestela, eragingarria?

DOGOA: (Irribarrez.) Aitzakia behar dugu.

 

(Dogoak eta IDAZKARIAk aholkulariengana daramate GALILEO, eta inguratu egiten dute. VIRGINIA eta LUDOVICO urrunduz doaz, astiro.)

 

VIRGINIA: Ondo egin al dut?

LUDOVICO: Niri oso ondo iruditu zait.

VIRGINIA: Zer gertatzen zaizu?

LUDOVICO: Ezer ez. Kutxa berde batek balio bera izango zukeen agian.

VIRGINIA: Uste dut denak daudela oso pozik nire aitarekin.

LUDOVICO: Eta nik uste dut zerbait ulertzen hasi naizela Zientziaz.