Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
[aurkibidea]

 

13

1633. URTEKO UZTAILAK 22.
GALILEO GALILEIK ATZERA EGITEN DU
INKISIZIOAREN AURREAN LURRAREN MUGIMENDUARI BURUZKO TEORIAREN GAINEAN

 

 

Ekainean izan zen, edozein modutara ere

Eta guztiontzat garrantzitsua izan zen.

Iluntasunean,

Arrazoia esnatu da azkenean

Eta egun oso bat itxaroten du geure atean.

 

 

 

Erroman, Florentziako enbaxadorearen jauregian. GALILEOREN IKASLEAK berrien zain daude. MONJE TXIKIA eta FEDERZONI jokoan ari dira, mugimendu zabalak eginez, xake joko berrian. Bazter batean, VIRGINIAk, belauniko, agurmaria otoitz egiten du.

 

MONJE TXIKIA: Aita Sainduak ez du bere aurrean hartu. Amaitu ziren eztabaida zientifikoak.

FEDERZONI: Bere azken itxaropena zen. Egia zen aspaldiko urte hartan Erroman esan ziona, oraindik Barberini kardinala zelarik: behar zaitugu. Orain badute.

ANDREA: Hil egingo dute. Ez du “Discorsi”-ak idazten bukatuko.

FEDERZONI: (Zeharka begiratzen du.) Hori uste duzu?

ANDREA: Sekula ere ez du hitza jango. (Isilunea.)

MONJE TXIKIA: Gauez, logale dagoenean norbera, garrantzirik gabeko gogoetatan setatzen da. Bart adibidez, ezin nion pentsatzeari utzi, ez zuela Veneziako Errepublika utzl behar.

ANDREA: Han ezin zuen bere liburua idatzi.

FEDERZONI: Eta Florentzian ezin zuen argitaratu.

 

(Isilunea.)

 

MONJE TXIKIA: Pentsatu nuen baita ere ea bere harritxoa utzi ote zioten, beti zorrotxoan daraman hori. Gauzak frogatzeko bere harritxo hori.

FEDERZONI: Daramaten tokira, zorrotxorik gabe joaten da.

ANDREA: (Oihuka) Ez dira ausartuko! Eta egingo balute ere, ez luke bere hitza jango. “Egia ezagutzen ez duena artaburu hutsa da. Baina ezagutu eta gezur deitzen duena, gaizkilea da!”

FEDERZONI: Nik ere ez dut sinesten, eta ez nuke bizirik jarraitu nahi berak hori egingo balu, baina indarra haiena da.

ANDREA: Ez da dena indarrez lortzen.

FEDERZONI: Beharbada ez.

MONJE TXIKIA: (Ahopeka.) Hogeita hiru egun daramatza ziegan. Atzo izan zen galdeketa nagusia. Eta gaur entzutegia da. (ANDREA entzuten ari denez, ozenki.) Aspaldian, bisita egin nionean, Agindua baino bi egun beranduago, han aurrean jezarri ginen eta lorategiko eguzki-ordulariaren ondoko Priapo jainko txikia erakutsi zidan, hemendik ikus dezakezue, bere lana Horatioren poema batekin konparatuz, zeinetan ere ezin baita ezertxo ere aldatu. Egia bilatzera behartzen duen bere edertasun zentzuaz hitz egin zuen. Eta honako goiburu hau aipatu zuen: “Flieme et aestate, e prope et procul, usque dum vivam et ultra”. Eta egiari buruz ari zen.

ANDREA: (MONJE TXIKIAri.) Esan diezu zer egiten zuen Collegium Romanum-ean bere anteojua aztertzen zuten bitartean? (MONJE TXIKIAk ezetz egiten du buruaz.) Betiko jarreraz jarraitu zuen. Eskuak ipurmasailetan jarri, sabela atera eta esan zuen: jaunok, zentzudun izan zaitezten eskatzen dizuet. (Barreka GALILEOren itxurak eginez.)

 

(Isilunea.)

 

ANDREA: (VIRGINIAgatik.) Otoitz egiten ari da atzera egin dezan.

FEDERZONI: Utz iezaiozu. Burua galduta du berarekin mintzatu zirenetik. Bere aitorlea etorrarazi dute Florentziatik.

 

(Florentziako Duke Gorenaren jauregian zegoen URLIA sartzen da.)

 

URLIA: Galilei jauna laster izango da hemen, ohe bat behar izango du agian.

FEDERZONI: Askatu dute?

URLIA: Galilei jaunak bostetan, Inkisizioaren batzar batean, atzera egin dezan itxaroten da. San Markoko kanpai handia joko dute eta jendaurrean aldarrikatuko dira bere atzera egitearen zehazkizunak.

ANDREA: Ez dut sinesten.

URLIA: Kaleetako jendetza dela eta, jauregiaren atzealdeko lorategiko atetik ekarriko dute Galilei jauna.

ANDREA: (Ozenki bat-batean.) Ilargia Lur bat da eta ez du berezko argirik. Eta Venusek ere ez du berezko argirik, eta Lurra bezalakoa da eta Eguzkiaren inguruan dabil biraka. Eta izar finkoen mailan dagoen baina inongo kasketean finko ez dagoen Jupiter astroaren inguruan, lau ilargi dabiltza biraka. Eta Eguzkia da munduaren erdigunea eta geldi dago bere lekuan, eta Lurra ez da erdigunea eta ez dago geldi. Eta bera izan zen hori erakutsi ziguna.

MONJE TXIKIA: Eta Indarrez ezin daiteke ikusezin egin ikusi den zerbait.

FEDERZONI: (Lorategiko eguzki-ordularia begiratzen du.) Bostak.

 

(VIRGINIAk ozenkiago otoitz egiten du.)

 

ANDREA: Ezin dut gehiago itxaron! Egiaren lepoa mozten ari dira!

 

(Belarriak estaltzen ditu eta MONJE TXIKIAk beste horrenbeste egiten du, Baina kanpaiak ez du jotzen. Apur bat beranduago, VIRGINIAren otoitzaren murmurioa baino entzuten ez den unean, FEDERZONIk buruari eragiten dio ezetz eginez. Besteek eskuei jausten uzten diete.)

 

FEDERZONI: (Ahots zakarrez.) Ezer ere ez. Bostak eta hiru minutu dira.

ANDREA: Eutsi egiten du.

MONJE TXIKIA: Ez du atzerarik egiten!

FEDERZONI: Ez Jainkoak lagun!

 

(Besarkatu egiten dute elkar. Oso zoriontsu.)

 

ANDREA: Horrek esan nahi du indarra ez dela nahikoa! Ezin da dena lortu! Esan nahi du zentzugabekeria gaindi daitekeela, ez dela zauri-ezina! Esan nahi du gizonak ez diola heriotzari beldur!

FEDERZONI: Orain hasten da benetan jakituriaren aroa. Bere jaiotza ordua da. Pentsa ezazue atzera egin balu!

MONJE TXIKIA: Nik ez nuen esaten, baina oso arduratuta nengoen. Fede gutxiko gizona!

ANDREA: Nik ordea, banekien.

FEDERZONI: Egunsentian berriro ere gau egingo balitz bezala izango litzateke.

ANDREA: Mendiak ura direla esan balu bezala.

MONJE TXIKIA: (Belaunikatu egiten da negarrez.) Eskerrik asko, jauna.

ANDREA: Gaur dena da desberdina! Gizonak, izaki oinazetu horrek, burua jaso eta esaten du: bizi naiteke. Baten bat altxatu eta “ezetz” esateaz irabazten da hori guztia!

 

(Une honetan San Markoko kanpaia joka hasten da. Harriturik geratzen dira guztiak.)

 

VIRGINIA: (Altxatuz.) San Markoko kanpaia! Ez dute kondenatu!

 

(Kalean atabalaria entzuten da GALILEOren aitortza irakurriz.)

 

ATABALARIAREN AHOTSA: “Nik, Galileo Galilei, Matematika eta Fisika irakasle Florentzian, uko egiten diot erakutsi izan dudanari: Eguzkia munduaren erdigunea dela eta geldi dagoela bere tokian, eta Lurra ez dela erdigunea eta ez dagoela geldi. Uko egiten diot eta madarikatu egiten ditut eta gaitzetsi, bihotz zintzoaz eta gezurrik gabeko fedeaz, hutsegite eta sineskeria horiek, baita beste edozein hutsegite eta Eliza Sainduaren aurkako iritziak.”

 

(Iluntzen ari da. Eskenatokia berriro argitzen denean, kanpaia joka ari da oraindik, baina gero isildu egiten da. VIRGINIA irten egin da. GALILEOREN IKASLEAK bertan daude oraindik.)

 

FEDERZONI: Inoiz ez zizun egiaz zure lanagatik ordaindu. Ezin izan zenituen fraka batzuk ere erosi, ezta zeure kabuz argitaratu ere. Eta onartu egiten zenuen “zientziaren alde lan egiten zenuelako”!

ANDREA: (Ozenki.) Errukiorra heroirik ez duen herria!

 

(GALILEO sartu da, guztiz aldaturik epaiketaren ondorioz, ia ezezagun egiten delarik. ANDREAk esan duena entzun du. Une batzuetan ongi-etorriaren zain da atean. Ez denez holakorik gertatzen, bere ikasleek itzuri egiten diotelako, aurreratu egiten da astiro eta ziurtasunik gabe bere ikusmen ahulduagatik, aulkitxo bat aurkitu eta jezarri arte.)

 

            Ez dut ikusi nahi. Doala.

FEDERZONI: Lasaitu zaitez.

ANDREA: (GALILEOri oihuka.) Ardo zahagi halako hori! Marraskilo jale alena! Zeure larru maitea gorde duzu? (Jezarri egiten da.) Gaizki nago.

GALILEO: (Lasai.) Emaiozue edalontzi bete ur!

 

(MONJE TXIKIA kanpora ateratzen da ANDREArentzako uraren bila. Besteak ez dira arduratzen bere aulkitxoan entzuten geratu den GALILEOz. Urrutian, ATABALARIAren ahotsa entzuten da berriro.)

 

ANDREA: Berriro zutituko naiz apurtxo bat laguntzen badidazue.

 

(Ateraino laguntzen dute. Une horretan, GALILEO hitz egiten hasten da.)

 

GALILEO: Ez. Errukiorra heroiak behar dituen herria.

 

(Irakurketa antzoki oihalaren aurrean.)

 

            “Ez al da begi-bistakoa hiru edo lau kanatako garaieratik jausten den zaldiak hankak apur ditzakeela, zakur batek inolako minik izango ez duen artean, ezta katu batek, zortzi edo hamar kanatako garaieratik jausita ere, edo kilkerrak dorre batetik, edo Ilargitik jausiko litzatekeen inurriak? Eta pizti txikiak bere neurrian handiak baino indartsuago eta sendoago diren bezala, landare txikiek ere hobeto irauten dute: berrehun kana garaiera duen haritzak ezin izango lituzke eutsi haritza txiki baten neurriarekiko lagineko adarrak, eta Izadiak ezin du hogei zaldi bezain zaldi handia egin, ezta gizon bat baino hamar aldiz handiago den erraldoia, ez baditu atal guztien laginak aldatzen, batez ere hezurrenak, bere adinako neurriari dagokiona baino askoz gehiago indartu behar lirateke hauek... Makina handi eta txikiek gogortasun bera dutela adierazten duen iritzi orokor hori beraz, okerra da.”

Galileo, “Discorsi”